Connie Fiferen bi poema

Aiora Jaka Irizar

Badira zenbait hilabete Kanada iparraldeko hizkuntza eta literatura indigenen inguruan idazten dudala. Kanadako jatorrizko herriek bizirik irauteko eta beren hizkuntza eta kultura mantentzeko dituzten zailtasunez aritu izan naiz batez ere, nahiz eta tamalez etorkizunari buruzko ikuspegi nahiko ezkorra eman dudan gehienetan. Gaurkoan, emakume cri baten poema pare bat dakarkizuet. Uste dut oso modu argi, zehatz eta ederrean erakusten dituela cri herriak jasan dituen eta jasaten dituen zapalkuntza, umiliazio eta erasoak.

Connie Fife Kanadako Saskatchewan probintzian jaio zen. Bost bat urte zituela, ministro anglikano baten familiak adoptatu zuen, eta, hamar urterekin, Ingalaterrara eta Fiji uharteetara joan zen bizitzera. Eliza anglikanoaren hezkuntza jaso zuen. Hemezortzi urterekin itzuli zen Kanadara, eta, geroztik, idazketan eta emakume indigenen aldeko borrokan murgilduta ibili da. Gaur egun Vancouverren bizi da, bere semearekin. Interesgarria da berak argitaratutako The Colour of Resistance antologiaren sarreran hizkuntza eta literatura indigenei buruz esaten duena:

Ahozkoa nahiz irudizkoa izan, literatura indigena beti existitu izan da Ameriketan. Gu geure jatorrietatik bereizteko eginahalak eginahal, gure oroimen kolektiboak bere horretan dirau. Europar idazleek, edozein izanik ere autoreak nahiz beren idazketa-gaitasunak, ez dute inolaz ere lortu gure hitzen atzeko funtsa adieraztea; ez dute lortu guk hizkuntzan aurkitzen dugun bizitza paperera eramatea. Hauxe da gure borroka, idazle natibo garen heinean, bizitza ematea zer den berez dakigun emakume garen heinean: batzuetan bizigabea den hizkuntza bat bizitzara ekartzea.

Hona hemen, bada, euskaratu ditudan Connie Fiferen bi poemak:

Komunikazio-klasea

zuen hezkuntza-sisteman ikasteari uzten badiot
ez ezazue pentsa
lurrazaletik desagertu eta
beste galera estatistiko bat baizik ez naizenik.
ekintza horrek lotsarazi egingo zaituzte eta
ondotxo dakit nik zer sentitzen den
lotsagorritzen harrapatzen zaituztenean.
bihar, berriro ere, zuen eskola horietako batean
erdi lo aurkitzen ez banauzue
ez ezazue uste kontsulta-liburutegi batean
desagertu naizenik
apaletako paper orrien artean…
irudika nazazue aitzitik guztiz esna goizaldeko 3retan
lauki zuri hutsen gainera tinta botatzen
zuen hizkuntzaz
aldaketarako formula unibertsal bat sortzen.

Ronnie, inoiz ez zinatelako esan zergatik

hogeita zortzi urte ditun
entzutea
ulertzea den
adin bat
baina gau ilun
honetan arrazismoaren
atzaparretan
kateatuta hago
kondenatu hauen sistema
judizialak aretoak
utzi eta kanpora
ateratzen baititu bere
ziega txiki barrotedunak
gizon zuriak txakur gosetien
gisan usnan dabiltzan kaleetara

errudunik aurkitu ez eta
gelditutako
errugabearekin
konformatzen ditun
haien ikerketaz
galdetzen dun
eta
guretzat gordetako
begiratu berezi horiek
jasotzen ditun soilik
oraindik ere borrokatzen ari direla
uste duten mendebaldeko
gerra inoiz galdu ez genuela
sinesten dugunontzat gordetako soak
guztiz suntsitzen ez gaituzten artean
gutako inor ez zagon
susmoz kanpo

oraingoan hi
eraman haute
polizia-etxera eta
altzairuzko oztopoen atzean
giltzaperatu biharamun
goizean askatu hautenean
zilegi zain azkenik
hire krimena ezagutzea
beltzarana indiarra lesbiana emakumea
izatearen errudun haiz
kriminala haiz
izatez zeren
ez baitun
hire erruan sinesten
haiek bezala
ez baitun aitorpenik sinatuko
aitzitik zin egingo
borrokatuko haizela hire isiltasuna
eta balizko heriotza
desiratzen dituen sistema
baten kontra nahiz eta
utziko dinaten garrasi egiten
baldin eta hiltzen bahaiz

ausartzen haiz zementu hotzezko
espaloietan barrena ibiltzen
bakarrik gau sakonean
amona-aitonek
utzi zinaten
kontinente honetan edonon
egoteko eskubidea
dunalako uste osoan
are okerrago
edonon eta edonoiz
ibiltzen haiz

hire azala ez dun zuria
eta harro
hagoela dion
indiarra izateaz
are harroago
emakumeekiko hire maitasunaz
eta beraz eguzkirantz jasota
daraman beti burua
bizkarra zuzen
lege ororen aurka
begirik jaitsi gabe
jende zuriaren
behakoen aurrean
kikilduta geratu gabe
litxar eta alkoholikoen
mozkorraldietarako zoko ilunetan

bi eraso eta
lapurreta bat
leporatu dizkinate
baina lehenik
polizia-autoaren aurka
jaurti haute
eskuburdinez lotuta
duintasuna lapurtu
nahi dinatenean ere
berriz dion
borrokatuko
haizela

Iturriak:

Armstrong, Jeannette C. & Grauer, Lally (arg.) (2001). Native Poetry in Canada – A Contemporary Anthology, Peterborough: Broadview Press.

Moses, Daniel David & Goldie, Terry (arg.) (2005). An Anthology of Canadian Native Literature in English, Don Mills: Oxford University Press.

One Reply to “”

Utzi iruzkina