Gizon abeslari burusoila

Bakartxo Arrizabalaga Labrousse

Ohiko esana da euskara ez dela sexista, gizakien arteko generoa –politikoki zuzenaren garaiotan «sexua» esatera ausartuko ote?– markatzen ez duelako.

Sexista izatea, hizkuntzen ez, baina hizkuntzen egile eta garatzaile garenon gaitasuna dela kontuan harturik, hizkuntzen gaitasun horretaz erraten dena gizartera ekarririk ulertu behar da, noski. Hartara, euskararen sexista ez izate hori seinalatzen dutenak euskaldunon gaitasun bat ari dira goraipatzen, nonbait, gora gu eta gutarrak!

Dena den, ez gu eta ez haiek, ez gurea, ez eta besteak ere, ez nituzke inolaz ere kalifikatu nahi; jokamolde sexistak, ezagutzen ditugun gizarte orotan gertatzen dira eta, adierazte moldeak desberdinak izanik ere, gizarteon barne-barnean den fenomenoa dugu.

Generoa edo sexua markatzen duten hizkuntzen sexismoa ez da markatzeagatik beragatik adierazten, ez da markatzea bera sexista; markatze moldean agertzen da sexismoa, hau da, markatzerakoan agerira sortzen dira hizkuntzaren egile kolektiboaren –eta banakoaren– ikusmolde sexistak.

Gizakien arteko generoa markatzeak, maiz, emakumeak agerrarazten ditu, nabarmendu gabe, hau da, gizonezkoen parean eta ez emakume gisa nabarmendurik: «La colonelle a ordoné = Le colonel a ordoné», «La reina ha dicho = el rey ha dicho»   Salbu hitz horiei esanahi desberdina ematen bazaie, generoaren arabera, hau da, «rey, reina = erregetza duena» izan ordez, «rey = erregetza duena» eta «reina = erregearen emaztea» egiten bada; hor femeninoaren esanahi bikoitza nahasgarri eta gure gizarteen nahasmenaren adierazle gertatzen da, generoa ez baita hor gauzetan bezalaxe gertatzen (argi da ez direla ber gauza «trabajar el acero» eta «trabajar la acera»).

Euskaraz, aldiz, «Cantatrice» eman nahi eta emakumea desagerraraztearen eta nabarmentzearen arteko ezinbesteko hautua agertzen zaigu.

Bazebilen aspaldi kontakizuntxo bat, non kirurgialari batek semeari ebakuntza egiten ziola kontatzen baitzen, semea lehendik aitagabea zela esana zelarik ere… gauza arraro hura nola posible zen galdetzen zen eta asmakizuna jende gehienentzat asmagaitza izanik ere, euskarazko bertsioan gertatzen zen inguruko bi erdaretan –genero markadunak– baino ilunagoa. Denborak eta medikuntzaren feminizazioak asmagarriagoa eginen zuten, segurki, asmakizun hura –aspaldi ez dut halako probarik egin, baina erranen nuke, egun, asmatzeko anitzez errazago litzatekeela–, hizkuntzen beraien bilakaerari batere kasu egin gabe ere. Abeslariaren kasura etorririk, tituluan bezala jokatuz gero, abeslari dena emakume bihurtzen da, gizon ez bihurtzeko asmotan. Horrek bi maila desberdinetan ezartzen ditu emakumeak eta gizonak, bigarren hauek bi gauza izateko aukera baitute, gizon nola abeslari, eta emakumeak, aldiz, emakume besterik ez, emakume izate horretara bidaliak dira (gara). Hor ikusten da euskaraz ere, neutroa maskulino dela, ez gramatikalki, baina bai ideologikoki, gainerako hizkuntzetan bezala.