Zehaztasun beharrari, esker onez

Gorka Lekaroz Mazizior

Euskararen ibilbidea ikergai dutenek biziki eskertuko lukete aurreko mendeetan idatzitako testuen uzta oparoagoa izatea. Oparotasun eza, ordea, ez dagokio kantitateari bakarrik. Baita, sarritan, izkiriatu zenaren aniztasunari ere.

Zalantzarik gabe, asko zor diete ikertzaileek fede-heziketak eragin zituen testuei. Eliz agintarien jokabidea gehienetan ikuspegi praktiko hutsak gidatu bazuen ere —eta ez euskaltzaletasunak— beharrezko zuten euskara, beste hizkuntzarik ez zekien herria ebanjelizatuko bazuten; eta filologoentzat oso baliagarriak diren lekukotasun idatziak ekarri zituen behar horrek. Edonola ere, begi-bistakoak dira lekukotasun horien mugak: erlijio-lanak doktrinak direnean, erreferentzia-testu berberaren edo bertsuen itzulpenak dira sarritan. Konparaziorako interesgarria izan daiteke hori, baina aniztasunaren aldetik ez da albiste ona: ez dute testu-ondarea asko aberasten. Itzulpen hutsak ez, baizik eta norberaren uztakoak diruditen hango eta hemengo prediku ugari ere heldu zaizkigu, baina ez dute halakoek ere mugarik falta. Esate baterako, erabilitako estilo jasoak haietako hainbat herriko mintzotik urrundu zituelako susmoa; edota eskaintzen duten hiztegia, neurri handi batean, esparru jakin batzuetara mugatua egotea.

Erlijio zereginek eragindako testu-ondarearen mugak agerikoak badira, zer esango dugu agintari zibilek sorturiko euskal idazkiei dagokienez? Aurrekoen aldean halakoak hagitz gutxi direla, hasteko. Badakigu  administrazioak, salbuespenak salbuespen, ez zuela euskarazko izkribuak ekoizteko inolako beharrik sentitu. Ezinbestekoa zen euskara, haatik, notario baten aurrean konpondu beharreko gorabehera gehienetan, agiriren bat eskuratu beharra edo auzi batean deklaratzeko agindua zutenek huraxe baitzuten usu hizkuntza bakarra. Notarioak erdaldunak zirenean, hartara, nahitaezkoa zen itzultzailea; eta euskaldunak izanez gero haiek arduratzen ziren paperean gaztelaniaz idatzi zuten hura euskaldun elebakarrei jakinarazteaz:

…fuele leydo por mi el presente escrivano de verbo aberbum como en ella se contiene y dado entender en lengua bascongada a la dicha Mari Ochoa… (Agurain, 1576)

Pentsaezina zen Aro Modernoan zehar notario batek eskritura euskaraz ematea, ama-hizkuntza izanik ere. Baina hainbat prozesu zibiletan notario-zereginari berari darion zehaztasunak —nork zer adierazi duen hitzez hitz jakinaraztearen garrantziak, alegia— eragin zuen euskararentzako aukeratxoa: inork esandakoa zorrotz bildu beharrak gainerakoan transkribatzailearentzat garrantzi berezirik ez zukeen herri-hizkuntza arretagune bilakaturik, zirrikitu txiki baina ezin interesgarriago hori baliatu dezakegu tarteka erdarazko prozesuen bidez behinolako euskara mintzatura pittin bat hurbiltzeko.

Balio berezia dute, esaterako, herritarren arteko liskarrak eta irainak biltzen dituzten idazkiek. Gutxitan bezala agertzen da halakoetan eguneroko mintzoaren oihartzuna eta elkarrenganako ezinikusiak eragindako esapideen zaporea: apez alaba, apezgoitia, adaburua, ardankopa matela, erroi zaharra, andurra, apo sorgina… XVI. mendeko agirietatik ateratakoak dira horiek guztiak.

Esandakoaren erakusgarri, aipatu mendeari dagozkion Nafarroako bi adibide eder ekarri nahi ditut hona. Tafalla ondoko Puiu herrian, 1596ko igande batez, liskar gogorra izan omen zen Martin Alzorriz eta Juanes Esparzaren artean; odolik ere bai, sastakai eta guzti egin baitzioten eraso elkarri bizilagun biek, eta epaiketa eragin zuten gertakari haiek. Martin Leoz izeneko batek ikusi zuen bi puiutarren arteko borroka eta horren lekukotasuna eman zuen:

…entre otras palabras que entre ellos decian y hablaban, oyo y comprendio este testigo que el dicho Juanes de Esparza, herido, decia al dicho Martin de Alzorriz en bascuence de esta manera: heure bician estuc trataçen falçuquerietan bayçe; que quiere decir: en vuestra vida no tratais sino en falsedad.

Ameskoako Bakedanon, bestalde, hogeita hamar urte lehenago, karta jokoak eragindako beroaldi batek ika-mika latza eragin bide zuen, eta horren ondorioz auzitara eraman zituzten herriko hainbat gizaseme. Pedro de Oyarzun eta Martin Gonzalez izenekoak dira interesgarrienak: gizon noble eta zentzuzkotzat zuten Oyarzun, prozesuan eginiko deskribapenaren arabera, eta Gonzalezek, aldiz, bestearen aurkako borondate txarrak gidaturik jokatu zuela irakur daiteke behin baino gehiagotan. Oyarzunek jokoan iruzur egin izana leporatu zion Gonzalezi, eta ustezko iruzurgileak salatzaileari bota zizkionak kontu handiz jaso zituzten:

..a esto respondio el dicho Martin Gonçalez, yo puedo hablar lo que hablado y ablare aunque topase, dollorr, traidore seme, puta seme, ques deçir, suçio ruin, hijo de traydor, hijo de puta, que es la mas grabe ofensa e ynjuria que de palabra se puede hazer y mal dixo, lehenere beguietan haducat eta guero vada lehen vada ene escuetaric joanen haiz, ques deçir, yo te tengo antes de agora sobre ojos y sea antes y sea despues, tu as de morir en mis manos o por mis manos…

Argi dago agiri hauetan eta antzeko beste askotan funtsezkoa izan zela auzitara eramandakoek elkarri esan zioten hura hitzez hitz ematea. Zehaztasun behar horren faltan nekez iritsiko zitzaigun behinolako euskararen oihartzun xume bezain baliotsua, bere apalean interes handiko bitxi ederra; are interesgarriagoa gaur egun ez dagoelarik —ez Bakedanon, ez Puiun, ez beste leku anitzetan— bertako euskara inoren ezpainetan entzuterik.

Azken hitz bat. Honako hau idazteko, atzoko zehaztasun behar hura bezain ezinbestekoa da gaurko ikertzaile nekaezin asko agiri zaharretan lastoa eta bihia bereizteko egiten ari diren lan handi, isil eta sarritan esker txarrekoa. Ricardo Urrizolari zor diogu Puiuko lekukotasuna; Fernando Maiorak bildu du Bakedanori dagokiona. Mila esker haiei eta ber gisan dabiltzan gainerako guztiei.