Etenaldi malapartatua

Bego Montorio Uribarren

Ordenagailu aurrean esaldi batekin trabaturik, ez atzera eta ez aurrera nabilela ikusita, etenaldi labur bat egitea erabaki dut. Bost minutu, ez gehiago, agindu diot neure buruari, pour mes changer les idées, frantsesek esan ohi duten moduan.

Nagiak atera, nabigatzailea zabaldu, eta, hara non jardunaldi gastronomiko batzuen berri aurkitu dudan; egitarauaren barruan, menu bereziak zenbait jatetxetan, abenduaren 15era arte. Debagoienan gainera, guretik ez oso urrun. Ez da plan txarra, pentsatu dut, eta zer jaki goxo dastatzeko aukera neukakeen begiratzeari ekin diot, tripa-zorriak dantzan eta arestiko esaldi makurra ia guztiz ahaztuta:

Onddo txigorkia tenperatura baxuan sukaldatutako gorringoarekin irakurri dut lehen jatetxeko menuan, eta sukaldaritza “modernoa” garaiko joeren kontra ari dela baieztatu dut behin berriro ere; gauzak ahalik eta laburren, ia batere zehaztasunik gabe esateko ohitura nagusitzen ari den honetan, menuetako izenburuak gero eta luzeagoak dira, gero eta ñabardura gehiagorekin hornitutakoak. Onddo txigorkia gorringoarekin –ez arrautza osoarekin, gorringoarekin bakarrik–, eta ez edonola egindakoa, tenperatura baxuan baizik. Jendearen dastamen-papilak aktibatzeko modu bat ote? Baliteke.

Irakurtzen jarraitu, eta “erara” esamoldearen erabilera (niretzat bitxi) batek eman dit arreta: Sorbetea cava erara. Esateko modu xelebrea izan ala ez, cava txorrota duen sorbetea delakoan, aurrera egin dut; nire kalterako, zinez diotsuet, non-sense espiral eroan abiatu bainaiz. Beste menu batean, Entrekota piperbeltz berde erara eskaintzen dute. Piperbeltz berdea? Piperbeltz (berde) erara? Ez dakit. Niri ez galdetu.

Hurrengo jatetxe batek Garaiko onddo nahaski pastela berakatz freskoarekin iragartzen du. Onddo–nahaski–pastela izen errenkadak zurturik, otu zait ondo berakatz potoloa behar zuela, bakarraz moldatu behar bazuten. Eta gero, Odolki kurruskari krepea eta kipula melatua pikilo berde saltsarekin etorri da (seguru odolkia dela kurruskaria?), eta haren atzean Labean egindako legatz garondoa baratxuri eta pipermin gorriz eginiko olio errearekin. “Legatz garondo” horrek, “baratxuri eta pipermin gorriz eginiko olioa”z batera, azken zartakoa eman dit, bete-betean.

Nahikoa da! –esan dut, haserre puntu batez–. Begiratu azkar bat Debagoienera hurbiltzeko autobusak noiz diren, eta lanera!

Sartu naiz Bizkaibus-eko webgunera, eta sartu banaiz, sartu naiz! Etorriko ibilbidea kontsultatu behar nuela ikusi dudanean, hondoa jo dut.

Hau marka! Burua arindu beharrean, lanerako adorerik gabe nago orain, ezin esaldia taxuz formulatu. Eta gainera, goseak amorratzen. Banoa ezkaratzera, ea porru-patata sinple batzuk atontzeko gauza naizen.

Utzi iruzkina