Isileko lan ezinbestekoak – Eva Forest

Bego Montorio Uribarren

Zazpi atedun Tebas hura, nork eraiki zuen?(…) Erregeek garraiatu ote zituzten harritzar handiok?… Halako galderak sortu omen zitzaizkion Bertold Brecht-i (edo, hobe esanda, historia liburua irakurtzen ari zen langile bati), eta ez dira galdera alferrekoak, jende askoren lana, esfortzua, ekina… behar baitira gero historia liburuetan agertuko diren gutxi horiek posible egiteko. Bai, ezinbestekoa da lagun asko eta askoren lana, sarritxo ahazteko joera badugu ere.

Hala gertatzen da letra larriz idazten dugun Historia horretan, eta hala gainerako historia txikiagoetan ere, euskal kultura eta euskal itzulpengintzaren historian bezalaxe: ez ikusteaz gain, ahaztu egiten dugu pertsona eta data seinalatu horien atzetik, azpitik, itzalean, beste jende multzo handi baten lan isila dagoela. Isila bezain nahitaezkoa.

Horregatik erreibindikatu nahi dut gaurkoan Eva Foresten figura euskal kultura eta itzulpengintzan: gure historia txikian toki bat merezi duelako, eta begirunea eta esker ona agertu nahi diedalako, bere bitartez, aurrera egiten lagundu duten langile (gehienontzat) anonimo horiei guztiei.

Proiektu eta ekimen ugari bultzatu zituen Eva Forestek, eta horietako bat Hiru argitaletxea da –salbuespenen bat gorabehera gaztelaniaz publikatzen duen argitaletxea, baina euskal kulturari eta itzulpengintzari ekarpen aipagarria egin diona. Hiru 1990. urtean sortu zen, eta 1991n ekin zion euskal idazleak gaztelaniaz argitaratzeari, “Milia Lasturko” bilduman; zeregin horretarako diru laguntzarik ez zegoen garaian, euskal idazleak gure hizkuntzaren mugetatik kanpo orain baino are ikusezinagoak zirenean.

Ilusioz eta indarrez ekin zion Evak proiektuari –eta harekin batera Marilena, Eva alaba, …–, han-hemenka galdetuz, zer obrek merezi zuten bilatuz eta banaketa-sare nagusietatik kanpoko bideak jorratuz, idazle ezagunekin batera hasberriei leku eginez… Hamalau liburu argitaratu ziren “Milia Lasturko” bilduman, eta han erdaratu ziren lehen aldiz Joseba Sarrionandia, Edorta Jimenez, Itxaro Borda, Juan Luis Zabala… Gero, “Ficciones” sailaren barruan jarraitu zuen euskal idazleak erdaraz argitaratzen: Harkaitz Cano, Jon Alonso, Pablo Sastre…

Zenbakitan, ez dira kopuru handiak, baina gurea zenbaki txikien mundua da; adibidez, 1990 eta 1995 bitartean, helduen narratibako 16 liburu argitaratu ziren gaztelaniara itzulirik, eta horien laurdena Hiruk plazaratu zituen.

Gaur egun egoera ez da orduko berdina –zorionez!; apur bat aurrera egin dugula esango nuke–, baina orduan egindako urratsik gabe, nekez helduko ginatekeen gauden tokira. Horregatik nire esker ona Evari eta aipatu gabe geratu diren gainerako guztiei.

Eta eskerrik asko handi eta berezia Evari, itzulpenak eta itzultzaileak begirunez tratatzen zituen editorea izateagatik. Lan duina, baldintza duinetan; hori eskaintzen zuen, hori eskatzen zuen Eva Forest editoreak.

Ez naiz orain Bretchek egindako sailkapen hartan sartuko (badira egun batez borrokatzen direnak, eta horiek onak dira; beste batzuk urtebetez borrokatzen dira, eta horiek hobeak dira…), ez dut horrelakorik behar Eva Foresten ekarpena aldarrikatzeko.

Utzi iruzkina