Traduktologia

Aiora Jaka Irizar

Ez da hitz berria, eta nik ere ez dut gaur deskubritu, baina orain arte ez diot inoiz arreta handiegirik eskaini eta, erabili ere, apenas erabili izan dut nire testuetan. Eta ez dut uste bakarra naizenik: sarean bilaketa azkar bat eginda, aise ohartzen da bat hitz horrek ez duela euskaldunen artean behintzat zabalpen handirik izan. Zergatik ote? Hitz horren “euskal” ordaina badugulako? Hitz horrek izendatzen duen kontzeptua, orain gutxi arte bederen, existitzen ez zelako?

Ingelesezko “translatology” eta frantsesezko “traductologie” hitzak Brian Harris kanadarrak eta Jean-René Ladmiral frantsesak asmatu zituzten 1973an. Brian Harrisek berak modu argi eta laburrean azaltzen duen bezala, hutsune lexiko bat betetzeko asmatu zituzten hitz haiek; hain zuzen ere, itzulpengintza aztertzeaz arduratzen den zientzia edo jakintzagaia izendatzeko. Jakintzagai hori, izan ere, 1970eko hamarkadan jaio zen diziplina akademiko beregain moduan; ordura arte, hizkuntzalaritzaren edota estilistika konparatuaren barruan lantzen zen itzulpengintza. Ordutik aurrera, aldiz, jakintza-alor bereizi moduan hasi zen garatzen, eta beharrezkoa zen hitz berri bat sortzea diziplina berri hura izendatuko zuena.

Frantsesezko “traductologie” neologismoak berehala lortu zuen arrakasta eta hedapena jakintzagai hartan zebiltzan adituen artean, eta badirudi nahiko erraz zabaldu dela beste hizkuntza askotara ere: hortxe dugu, esaterako, gaztelaniazko “traductología”. Ingelesezko “translatology”, aldiz, ez da modu berean zabaldu, garai bertsuan sortutako beste termino batek hartu duelako haren lekua: James S. Holmes ikertzaileak “translation studies” izena proposatu zuen 1970eko hamarkadan gero eta indar handiagoa hartzen hasi zen diziplina hura izendatzeko, lehenik Approaches to Translation Studies aldizkaria sortuz eta ondoren gerora hain sonatua izango zenThe name and nature of translation studies” hitzaldia emanez. Holmesen atzetik etorri ziren André Lefevere eta haren “Translation Studies: The Goal of the Discipline” manifestu ezaguna, Gideon Toury eta haren Descriptive Translation Studies – And Beyond famatua eta beste hainbat eta hainbat lan. Brian Harrisen “translatology” neologismoa, beraz, baztertu samar geratu zen, nahiz eta ez guztiz desagertu.

Eta zer gertatu da gurean? Ez dirudi “traduktologia” hitza euskaldun askok mailegatu duenik. Hitz horren bila sarean egin dudan bilaketaren emaitza ia guztiak Xabier Mendiguren Bereziarturenak dira: 1990eko hamarkadan idatzi zituen hainbat artikulutan darabil Mendigurenek “traduktologia” hitza, aitortzen duen arren oraindik guztiz finkatu gabeko jakintzagaia izanik ez dagoela adostasunik izendapenaren inguruan. Baina Mendigurenen erabilera bakan horiek alde batera utzita, esango nuke gehienok ingelesezko “translation studies” terminoa kalkatu dugula (“cultural studies”, “gender studies” “postcolonial studies” eta antzekoen molde berean sortua) eta “itzulpen ikasketak” erabiltzeari ekin diogula, ziurrenik ere jakintzagai horretan espezializatu garenok gorago aipatutako lan horiek izan ditugulako erreferentzia nagusi. Dena den, susmoa dut “itzulpen ikasketa” terminoa Holmes, Toury, Lefevere eta enparauak ahotan hartzen ditugunean erabiltzen dugula ia soilik, eta gainerakoan “itzulpen” eta erdaraz ordain zehatzik ez duen “itzulpengintza” erabiltzen jarraitzen dugula. Esate baterako, “Susan Bassnett literatura konparatuko irakaslea itzulpengintzaren alorrean espezializatu da” esanda, denok ulertuko dugu aditua dela itzulpenari buruzko ikerketan edo traduktologian.

Beraz, beharbada nahikoa zaigu euskal hitz horiekin, eta ez dugu “traduktologia” erabiltzeko beharrik sentitzen, baina nik behintzat gero eta abantaila gehiago ikusten dizkiot termino horri:

Batetik, esanahi zehatza dauka; Espainian erreferentzia nagusietako den Hurtado Albirren arabera: itzulpengintzaren eta interpretazioaren teoria, deskribapena eta aplikazioa aztertzen dituen diziplina (Traducción y Traductología: Introducción a la traductología, 2001). Ongi desberdinduko litzateke, beraz, “itzulpen” (testu bat beste hizkuntza batean emateko ekintza; beste hizkuntza horretan eginiko testua bera) eta “itzulpengintza” (itzultzailearen lanbidea edo jarduna) hitzetatik. Ingelesei kalkatutako “itzulpen ikasketa” anbiguoagoa iruditzen zait, honelako esaldietan erabiltzeko egokiagoa: “Itzulpen ikasketak egin zituen, eta, gaur egun, itzultzailea da”.

Bestetik, eta aurrekoarekin lotuta, “traduktologia” hitzak eratorpenerako aukera ematen du, eta, hala, esaterako, traduktologian espezializatutako pertsona izendatzeko “traduktologo” izango genuke.

Ez dakit gauzak gehiegi nahastea den, baina gogorarazi nahi nuke hortxe daukagula beste hitz bat, zenbait kasutan oso erabilgarri suerta litekeena…

One Reply to “”

  1. Aupa, Aiora. Nik ere gero eta gehiago erabiltzen dut, arrazoi askorengatik. Aldiz, “Itzulpen ikasketak” (gure EHUko Saileko “Euskal Ikasketak” hori bezala), kirrinkatsu samar gertatzen zait. Ikasleek bai egin ditzakete “itzulpen ikasketak”, baina aztertzaileek egiten dutenari ere hola deituta, ondo al dago? Eta, gure Sailaren izenarekin jarraituz, zer dira “Euskal Ikasketak”? Nik, behintzat, ez daukat hain garbi, motza izan nonbait ni.

    Atsegin dut

Utzi iruzkina