Hitz bat elipsiaz (bigarrena esan gabe doa)

Karlos del Olmo

Maiztasun handi samarreko baliabidea da elipsia ahozko erabileran; idatzizkoan, berriz, ez ei da hainbeste maneiatzen —itzultzerakoan askoz ere gutxiago—, oso adierazpen baliabide indartsua den arren. Ez da harritzekoa itzulpenetan gutxiagotan agertzea, esplizitatzea izan ohi duelako joera nagusitzat itzulpengintzak, itzultzaileak hartzailea izaten baitu gogo-gogoan, baina agerrarazteko joera horrek testua astundu dezakeenez gero, komenigarria dirudi ahozkoan agertu elipsi modu batzuk aztertzeak, eguneroko itzulpen lanerako balio ote dezaketen erabaki ahal izateko. Adituek azterturiko estrategia, teknika eta prozeduren artean berezko lekua du elipsiak (“ez esate”, “ez aipatze”, “omisio”, “murrizte”, “trinkotze” eta beste izendapen batzuez jantzirik), hortaz, ondorioztatu beharrean geundeke ondo hautemandako itzulpen gertaera dela. Baina itzultzearen aldetik, garrantzizkoena litzateke argitzea elipsietan zein diren euskararen sistemak behartuak (halakoetan itzultzaileak ezin du aukeratu, nahitaez utzi behar ditu esan gabe) eta zeintzuk itzultzaileak aukeratu ditzakeen borondatezko “informazio aldaketak”, Andrew Chesterman-ek 1997an plazaraturiko terminologia erabilita. Elipsi batzuek badute aukeratu beharretik eta gramatika beharkizunetik harago doan beste adar bat ere: baliabide hori ezinbestekoa gertatzen da itzulpen arazoren bat konpondu ahal izateko murrizketa formala edo funtzionala erabili beste biderik ez duenean itzultzaileak edo interpreteak (esaterako, metafora bat elementu ez-metaforiko batez ordeztean). Elipsiaren auzia muntaduna da, batez ere, ikus-entzunezkoak, poesia eta antzezlanak euskaratzean, jatorrizko testuak ezinbestean sasi-ahozkotasun bat sortu behar duelako.

Teoriari gagozkiola, argi apur bat egingo digu Sareko Euskal Gramatikak:

“Eskas den informazioa testuinguruari esker berreskuratzen dugunean, elipsi kontestuala dela esaten da. Hauen interpretazioa bideratzeko, aurreko esaldia (galdera bat nahiz baieztapen bat) kontuan hartzea aski da. Horrela jokatzen dugu geure eguneroko elkarrizketetan. Mekanismo gramatikalei esker berreskuratzen badugu, berriz, elipsi gramatikala izango da. Honako hauetan, adibidez, perpaus oso gisa interpretatzeko, ez dugu testuingurura jo beharrik:

(15)

a) Lotsagarria!
b) Zer? Egonean?
c) Nolako anabasa!

Oraingoan, printzipio gramatikalek laguntzen dute ‘hutsunea’ osatzen, nolabait. Ez dute aldez aurretik esandako edo ulertutzat emandako testuingurua eskatzen:

(16) – Lotsagarria! = (Hori) lotsagarria (da)

Nolako anabasa! modukoak (5c) egitura sintaktiko defektiboak dira (Hernanz: 61). Ez dira, ez, osoak, ez eta ere testuinguruari esker berreskura daitekeen zati eliptiko bat dutenak. Baina esanahi ongi zehaztua dute. Holakoak elipsi gramatikaltzat hartzen badira, horren arrazoia da nolako anabasa predikatu bat dela eta, horrenbestez, beti da posible subjektu bat berreskuratzea. Bestalde, aditz kopulatiboak aditz ‘hutsak’ dira eta, horrenbestez, erraz utz daitezke albora eta berreskuratu ere aise berreskuratzen ahal dira, ‘hutsak’ direlako, hain zuzen. Elipsi gramatikala, hein handi batean, ageri deneko testuingurutik askea da. Goiko (17a), adibidez, edozein esaldiren aurrean eman daitekeen erantzuna izan daiteke:

(17) – Presidentea berea ez denaz jabetu da.
– Lotsagarria!

(18)        – Zer iruditu zaizu epailearen ateraldia?
– Lotsagarria.

Lehenbiziko kasuan elipsi gramatikala dugu, baina bigarrenean, elipsi kontestuala, galdera baten erantzuna baita”.

Ekarritxo honen helbururako, gipuzkera eta goi nafarrera oinarritzat Diego J. de Alzok 1961ean plazaraturiko Estudio sobre el euskera hablado liburutik adibide batzuk hartuko ditugu, gogo eta ariketa eragile.

Adibideak euskara batura aldatuta doaz (jatorrizko puntuazioa aldatu gabe):

1.- Perpaus koordinatuak

1.1.- Izan iragangaitza elipsian

—“Ea nola gabiltzan? Plater handi bat ekarri eta orain falta”.
—“Gure etxean bada patata; hemen berantago noski? Hemen hotzago”.
—“Hara joateko ginen eta euria”.
—“Meza eman dut; jende gutxi”.
—“Nola zaudete jantziz? Hanka gorri nahiko gure etxean”.

1.2.- Izan iragankorra elipsian

—“Elizan izan naiz; han burua bestetan”.
—“Gaztean bertzelakoa nintzen; gaztean nik afizioa dantzara”.
—“Gizon hori bakarrik bizi da; gizonak bakarrik ez otordu, ez garbitasun”.
—“Lehen janak hartzen nituen; orain denak debekatuak”.
—“Ogi gutxi duzu? Gutxi, ogia”.

 1.3.- Izan beti elipsian “ari izan, behar izan, beldur izan, ezin izan, gogo izan, maite izan, min izan, pena izan, uste izan, zor izan” lokuzioetan

—“Anaia non da?; Lanean ari”.
—“Lanean ariko da”
—“Ez zen etorri eta nik joan behar”.
—“Hemen ez da plateretan jana banatzen; bakoitzak ontzitik hartu behar”.
—“Uraldeak, hala behar edo, dena hondatu zuen”.
—“Etorri zen. Beharko”.
—“Ez zen joan; hara joateko beldur”.
—“Ez dute atera irekiko. Beldur”
—“Ez nion eskribitu; huts egin ote nuen beldur(ra)”
—“Tiroa bota nuen; beldurra kalte egin nuela”.
—“Laguntzen hasi zen eta ezin”.
—“Patata erein dut; orain indibaba gogo” (erein ere elipsian).
—“Ez dio joaten utzi nahi; asko maite”.
—“Nere alaba andre harengana joan da; maiteko du”.
—“Iloba joan zaigu; amatxik pena handiago berak baino”.
—“Lagun ona zen; hura uztea pena”.
—“Zer duzu?; elizan elizkizun ederra eta pena handia ezin joana”.
—“Etortzeko esan nion; berak ez nahi”.
—“Etorri nahiko du”.
—“Etxean egon nahiagoko du”.
—“Elizan izan zara?, nik arrosarioaren poza eta ezin joan esatera”.
—“Meza laguntzen noiz nola atzendu nintzen; behartuko ez nintzala uste”.
—“Zerura joanen zara. Hala uste; ikusi behar handia”.
—“Galdu duzu; nik ustea irabaziko zenuela”.
—“Anaia ez da etorri; aitak usteko du etorri dela”.
—“Pobreak ginen, lau mila pezeta zor, ez eskola pixka bat; Ameriketara joan nintzen”.

1.4.- Beste batzuk

—“Askoko du”.
—“Askiko du”.
—“Hobeko du”.
—“Nondik duzu bost pezetako hori? Bilatu egina”.
—“Zer izan duzu?” Hanka-min egona”.
—“Mutil ona da; hala behar du”.
—“Etxe handia dugu; handiago behar luke”.
—“Goizean beste batera joango naiz; elizkizuna arratsaldeko seietan beharko da”.
—“Bat edo batek etorri behar du eta etortzekotan apaiza beharko da”.
—“Tomate egosia ez dut nahi; freskoa, tomatea” (izan eta behar elidituta).
—“Baratzera joaten naiz eta beti atea, beti atea… Ezta gelditzen” (ari izan osorik elidituta, itxuraz).

1.5.- Egin elipsian

—“Hasi zen artzanora, bati kosk, besteari atzeman, halako hura zauritu”.
—“Lan gogorra eman diozu; hori ezin du”.
—“Ongi nabil; jaietan ez etxetik atera, ez lanik”

1.6.- Eman elipsian

—“Ez zuen behin ere dotrina uzten; hark beti dotrina”.

1.7.- Egon elipsian

—“Gaizki zegoen, eztul eta karkaxa”.
—“Amari dirua hartu eta anaiari eman nion; ondo egin ote nuen kezka”.

1.7.- Esan elipsian

—“Galdetu zidan joanen nintzen; nik baietz”.
—“Aitak etxea zuen; guk saltzeko; berak ezetz, urtea ia bere horretan”.

1.8.- Hartu edo irabazi elipsian

—“Urri bizi gara; batetik hau, bestetik hura; ondo osatzen gara”.

1.9.- Ekarri elipsian

—“Bakailaorik ez dute ekarri, legatza eta lupina eta”

1.10.- -tzen aditz izena, laguntzailea elipsian

—“Etxea egiten hasi eta lur txarra atera da; ezin zimendurik egin; behera joan eta behera joan, lurrik aurkitzen ez”.
—“Mutila ohatzean aurkitu nuen, ez iruditzen hil behar zuenik”.
—“Mutikoa ere mutiko bizkorra da; orain tokatzen kintak”.
—“Itsasoak kalteak egiten ditu; lehen puska bat kendu zioten eta itsasoak kentzen zaiona berriz harrapatzen”

Hurrengo batean beste elipsi batzuk aurkeztu behar ditugun arren, dagoeneko gogoeta egiten hasteko moduan gaude elipsiaren ondorio sintaktiko-gramatikal, semantiko eta pragmatikoez; azken buruan, itzultzean kontua delako, Chestermanen terminologia erabilita, jatorrizkoaren osagairen “aldatzea”; bestela esanda, “aldaketa” datza teknika eta prozedura guztien oinarrian. Eta non du muga mudatu behar horrek? Zerk behartzen du itzultzailea arestiko zerrendan agertzen diren moduko elipsiak ez egitera? Bestalde, zein prozesu kognitibo abiatzen da itzultzailearen, interpretearen edo zuzentzailearen baitan elipsiaren alde ala aurka egitean? Eta, zertan esanik ez, beste kontu garrantziko bat: zenbateraino jo dezake harrera kritikoak akastzat elipsia? Mamitsua eta goxoa, gogoetagaia.

Utzi iruzkina