Itzulpenaren argi-ilunak

Iñaki Iñurrieta Labaien

Administrazio-prosa itzulia asko aurreratu da azken 30 urteotan. Uste dut denok gaudela ados horretan; garai batean baino askoz testu irakurgarriagoak ematen dira euskaraz gaur egun. Ahalegin handia egin da testuek korri dezaten, ahalik eta argienak izan daitezen. Hori zen helburua, hori izan da kontsigna nagusia, eta IVAPek ondo markatuta utzi zuen bidea Hizkera argiaren bidetik liburuan (1994).

Ahalegin horretan zorroztu dituzte begia eta luma itzultzaile askok. Irakurle zorrotz izan beharra zegoen jatorrizko testu maiz ilun, lauso, gaizki idatziak interpretatzen asmatzeko eta ondoren, behar izanez gero, testua berrantolatzeko, testu irakurgarriak lortzea helburu. Ahalegin horien guztien ondotik, jatorrizkoa baino prosa argiagoa da askotan euskarazko itzulpena.

Aspaldi ez dela, Administrazioko langile batzuekin kontu hauez ari nintzelarik, ekarri zuen solasak nola izan daitezkeen Administrazioaren zenbait testu hain bihurri idatziak. Eta jakin nuen ezen jatorrizko testuen iluntasun edo lausotasuna ez zaiola beti zor idazlearen zabarkeriari edo estilo txarrari; izan daitezkeela beste arrazoi batzuk.

Arrazoi bat Igone Zabalak behin hemen esandakoa da, noski: ulergaitz izatea berezko helburua dela askorentzat, profesional asko bizi baita Administrazioaren eta herritarren arteko bitartekaritza horri esker.

Beste arrazoi bat honako hau izan daiteke: arau bat egiten denean, errekurritu egingo dutela uste bada, ilun uztea komeni da, legea egin duenak aukeran izan dezan irtenbideren bat errekurtsoaren aurrean. Esate baterako, gobernu zentralak ohiz kanpoko soldata bat ez ordaintzeko araua emana badu eta gobernu autonomoak ohiz kanpoko soldata hori ordaintzeko araua ematen duenean.

Letra ilun uzteko hirugarren arrazoi bat politikoa izan daiteke, politiko hitzaren adiera estuagoan; aurrez aipaturiko arrazoiak ere politikoak baitira, jakina. Esate baterako, zurian beltz jartzen denaren atzean dagoen auzia sakonera politiko handikoa eta oso korapilatsua bada, eta aldi berean irtenbide bat eman behar bazaio nahitaez, eztabaidan diren parte guztiek adostu dezakete gauzak lauso jartzea. Lauso jartze hori bera aurrerapausoa da denentzat, soluzio bat aurkitu beharra nahitaezkoa bada baina hoberik ez badago.

Demagun Estatu-auzi politiko sakon, irtenbide zaileko baten aurrean gaudela, hain dira kontrajarriak batzuen eta besteen helburuak. Oso ikuspegi, interes eta helburu kontrajarriak izanik, hala ere nahitaezkoa da denentzat ataka horretatik itun baten bidez irtetea, egoera hari irtenbide itundu bat ematea. Orduan, testua adosten da halako moldez non testu horrek interpretazio kontrajarri horiek denak ameti litzakeen in potentia. Alegia, letra ilun hori interpretatzeko moduak irekita uzten dira, gero eragile batzuek eta besteek joko-eremu bat izan dezaten gauzak beren interes desberdinen arabera interpretatzeko.

Demokrazia ulertzeko bi modu daude argi-itzaletarako joera horien atzean, iruditzen zait. Bat, plain language edo euskara argiaren bidetik lihoakeena da: gauzak ahalik eta argien eta zehatzen adieraztea da xedea, ahalik eta ulergarrien herritarrentzat, hartara denek jakin dezaten zer egin daitekeen eta zer ez, zertara behartuak diren, zergatik…

Beste interpretazioaren arabera, joko-eremua geroaldi balizko batera atzeratzen da, alde batek, boterea duenak, badakielako, edo uste duelako, geroaldi horretan ere bere alde izango dituela instantzia erabakitzaileak, edo kontrolpean izango dituela; eta beste aldeak, ahulagoak, uste edo espero duelako botere-egoera hori aldatu egin daitekeela gerora, eta abagune hobe bat noiz agertuko zain geratzea komeni zaiola, non interpretazioa aldekoago izango baitu.

Puntu horretara heldurik, pentsa liteke hori jada ez dela itzultzailearen egitekoa, hor Artxihermeneutaren alorrean sartzen garela: Hasieran Hitza zen, eta harrezkero Oro da Testu Iruzkin. Edo pentsa liteke itzultzaileak izan behar duela gai horretarako ere; alegia, bere lanabesak neke handiz zorroztera iritsi ondoren, are gehiago zorroztu behar dituela, zertarako eta jatorrizkoaren lausotasun bera zehaztasun osoz emateko.

5 Replies to “Itzulpenaren argi-ilunak”

  1. Analysis ona eta niretzat berria.

    Zelan gauzac izan ahal dira catramilatsu eta complicatu, guehiago ezi behar luquetena baina antza halan da mundua, hangoac gara gu humanoac.

    Atsegin dut

  2. Eskerrik asko, Iñaki, artikuluagatik: oso identifikatuta sentitu nauk nire eguneroko lanarekin, eta, oro har, bat natorrek esandakoarekin.

    Bukaeran zeharka egiten duan galderari dagokionez, zera etorri zaidak burura: anbiguotasuna dela-eta, nik aspaldi irakurri nian itzulpen teoriari buruzko liburuetan (eta nire praktikan ere halaxe aplikatu izan diat urtetan, edo saiatu nauk, behintzat), bi anbiguotasun mota izaten direla –nahi gabe egindakoa eta nahita egindakoa–, eta irtenbide teoriko hauek ere ematen zizkiaten:

    nahi gabeko anbiguotasuna itzultzaileak konpondu egin behar dik, hots, argitu egin behar dik zein esanahi ematen dion lauso dagoen testu zatiari, jatorrizkoaren idazleak ere, konturatu izan balitz, argituko zukeen bezalaxe (argitasuna, askotan, testuingurutik bertatik ateratzen duk, baina, batzuetan, idazleari berari galdetu behar zaiok zer esan nahi duen, nahiz eta zuzenean berari galdetzea ere ez den beti erraza izaten.
    nahita egindakoa, berriz, utzi egin behar dela: idazleak nahita idatzi badu testu batek edo testu zati batek zentzu bat baino gehiago izan ditzan (hor konpon zer arrazoirengatik), orduan, itzultzaileak hori errespetatu egin behar dik, eta anbiguo utzi behar dik xede hizkuntzan ere (hori horrela esatea erraza duk, zeren gehienetan malabarismo handiak egin beharko baititu xede hizkuntzan ere anbiguo uzteko, edo jatorrizkoak adina ulerbide izateko: alde horretatik, askoz zailagoa duk itzulpengintzaren ikuspegitik, anbiguotasun bati xede hizkuntzan ere eustea, desanbiguatzea baino, esanahi zuzena jakinez gero, noski).

    Zailena, hala ere, batzuetan izaten duk, jakitea zein motatakoa den anbiguotasun jakin bat.

    Lehenengo motakoak hik ez dituk hizketa-gai hire artikuluan, baina, bide batez, ez zatorrek gaizki gogoraraztea ugariena izaten dela administrazioko testuetan (administraziokotik kanpo ere bai, baina ez zatorrek harira orain): edozein idazleri gertatzen zaiola berak idatzitakoa berak esan nahi zuena bera dela uste izatea, baina gero ustea ustel gertatzea; alegia, idazkera ez zaintzeagatik beste gauza batzuk ulertzea.

    Bigarrenekoak, berriz, ez dituk, beharbada, besteak bezain ugariak, baina bai nahiko arruntak, eta, gehienak, hik emandako bi arrazoietan sartzen direnak; hirugarrenekoak ere –arrazoi politiko nabarikoak– izaten dituk testuetan, eta berehala antzematen zaiek arrazoi politikoekin erabilitako hizkuntza forma jakin horiei –nire esperientzian, administrazioa kolore politiko batekoa izan edo beste batekoa izan, berdin-berdin; horretan, ez dituk desberdintzen, berehala igartzen zaiek; biei ikusten zaiek belarriaren ertza (Zehazkiren arabera, “se les ve el plumero”: beste esamolde bat itzultzaileon “almazenerako”).

    Horrelakoetan, noski, nik ez diat dudarik, itzultzaileak errespetatu egin behar duela idazlearen ideologia politikoa, nahiz eta berearen guztiz kontrakoa izan (etxeko paretak pintatzen dituen pintore batek, esaterako, ez ziok uko egiten bere ideologia politikokoa ez den bezero batek eskatutako lanari).

    Bukatzeko, hauxe azpimarratu nahi nikek: aipatutako bi motetako anbiguotasunak daudela aitortu arren, biek ez dutela pisu bera estatistikoki (eta ez diat inolako estatistikarik egin; eskarmentuak esaten zidak, garbi, hala dela). Alegia, arriskutsua dela bi motakoak existitzen direlako biak maila berean jartzea kopuruaren oharra egin gabe, bestela errealitatea desitxuratzen ari garelako: mota batekoei zoom-a jartzen zieagu, eta beste motakoen tamaina berean gelditzen dituk.

    Atsegin dut

    1. Eskerrik asko, Iñaki. Ados dioan guztiarekin. Hire erantzuna irakurrita, konturatzen nauk Administrazioko itzultzaile zaretenontzat kontu arruntak direla nik esandakoak. Ni administrazio-testuekin askoz gutxiago jarduna izanik, pixka bat harrituta geratu ninduan hor aipatzen ditudan lausotasun-arrazoien berri izan nuenean –Erramuni ere gertatu bide zaion bezala, haren erantzunetik ulertzen dudanez–, eta nire harridura horren ondorio izan duk artikulua.
      Erabat ados, noski, anbiguotasun berariazkoa errespetatu behar delako horrekin. Horixe iruditzen zaidak zaila, hala ere: hizkuntza batean egundoko kalkuluak egin ondoren adostutako testu bat, non koma, termino, interpretazio posible guztiak azken muturreraino zaindu baitira, nola arraio eman beste hizkuntza batean, non terminologia-arazoak dauden, fraseologia egin gabe dagoen, arlo semantikoek beste antolaera, hedadura eta muga batzuk dituzten… Lausotasun hori zehatz erreproduzitzea zirkulu karratua edo koadro biribila egitea bezalakoa iruditzen zaidak, eta horixe adierazi nahi izan diat azken batean.

      Atsegin dut

  3. Iruditzen zait bi kontu ezberdin nahasten dituzula: irakurgarritasuna eta lausotasuna.
    Nire ustez, irakurgarritasunak zerikusia du testua irakurtzean galduta ez gelditzearekin; hau da, esaldien egitura eta esaldiko elementuen arteko lotura sintaktikoak identifikatzearekin. Horretan, aurrerapausoak eman dira, baina esango nuke oraindik gauza dezente daudela hobetzeko.
    Lausotasuna zehaztasuna bezain komunikazio-helburu zilegia –eta, ia, hori bezain ohikoa– delakoan nago.
    Eta ez dut uste itzultzailearen zeregina inola ere denik jatorrizko testu batean dagoen X lausotasun-maila deuseztatzea eta itzulpenean testu horri gauza zehatzagoak esanaraztea, hori per se ona balitz bezala.
    Nire iritziz, testu bat ulergarria izateak ez du esan nahi zehatza izen behar duenik, baizik eta irakurleari ez diola oztoporik jarri behar bere edukia atzitzeko, duen zehaztasunaren nahiz lausotasunaren neurri osoan.

    Atsegin dut

    1. Eskerrik asko zuri ere, Xabier. Ez nago ados zure lehen esaldiarekin. Beste guztiekin bai, noski. “Irakurgarri” hitza bi aldiz erabili dut, lehen bi paragrafoetan. Hortik aurrera, artikulua beste zerbaitez ari da.

      Atsegin dut

Utzi iruzkina