Au Café Akeita

Iñigo Aranbarri Alberdi

Lantegi bihurtu zait azkenaldian goizeroko kafea.

Esan nahi dut orain ez hainbestera arte ekintza berezko, natural, nekegabea zena politiko bihurtu zaidala, hautu ideologikoa, borrokaldi identitarioa. Eta zer nahi duzue esatea, ez da samurra goiz-goizetik, begiak makarretan dituzula, halako banderak astintzen hastea.

Argitu dezadan bada, eguneroko eginbehar hori dela eta, zerk eragozten didan loa. Eguerditik atzera kafea hutsik hartzeko ohitura dudan arren, esne pixka batekin hartu ohi dut goizekoa, gurean, gazteleratik mailegu hartuta, korta(d)ua deitu izan den hori, alegia. Hizkuntza aldetik, bistan da, inolako martingala ezkuturik ez duen jokabidea bestalde: kaña diogunean bezala, edo marianitoa, edo karajilloa, edo panaxea edo pika edo boka… Halakoz beteta dago, beharrik, barraz bestaldea.

Kontua da beste hitz askok ez bezala, kafe kortauak agerian duela jatorria, abizenak nabarmenago salatzen duela jimenez bat epaitegi aranazale baten aurrean baino. Eskerrak, zorionez, gaztelera pixka bat jakinda, erraz konpon daitekeen itsusikeria estetiko hori. Eta hala sortu zen, txisteekin bezala, ez dakigu non, ez dakigu nork eta noiz, baina bai zergatik, eta halaxe zabaldu lurralde zikindu guztietan ordura arte nekerik gabe erabiltzen zen korta(d)uaren ordain orbangabea: ebakia, ebagia edo moztua.

—Zer dugu?

—Kortaua.

—Ebakia —berehala zuzenketa, adeitsu beti, hori bai.

Sekula ez gorri hotsik egunero huts bera nahita egiten entzunda ere. Aitortu behar dut, horretan behintzat pazientzia handia izan dutela beti nirekin bateko eta besteko tabernariek urte hauetan guztietan. Nik beraiekin izan dezakedana baino handiagoa. Halaxe da, ezen nik, egonarri pixka batez, errepasatu beharko nuke eurekin batera, paper mutur batean, zer diogun nagusiki gazteleraz cortar diogunean. Ea, zer da zuretzat “cortar el café”? : a) moztu, ebaki… “cortar el pelo, la hierba, el chorizo” eta abarrak bezala; b) galdu, garraztu, mindu, baita zoratu ere gurean, esnea tarteko denean, “cortarse la leche”; edo c) nahastu, zerbait erantsi “la fanecetina se utiliza para cortar la cocaína”.

Baina ezin. Barruak agintzen ez didalako ez ditut hamar minutu hartzen kortaua hartzen dudan barra izkina bakoitzean eta galdetzen barrukoari ea hiru adiera horietatik zein den euskaraz esan nahi dugunari dagokiona, hau da, zer egiten dugun kafe hutsari esne xorta bat botatzen diogunean, ondo baitakit erantzuna: “eta orduan zer esan behar dugu, nahastua? Hoa txakurraren salara!”.

Arrazoirik ez zaie falta. Nahastua beldurgarri zatarra da ebakia aratz eta arazorik gabe gizarteratuaren aldean. Gainera, zertan hasi aldatzen azkenaldiko hiztegi nagusien bermea ere hor badago (Elhuyar, Labayru, Zehazki…).

Nik, berriz, ateratzen hasita, gaztelerazko cortadoren nazioarteko arrakasta ateratzea badut neure alde. Ia torero, paella edota sangría bezainbeste esportatu da-eta, antza, ditxozozko asmakaria: cortado italieraz, suedieraz, neederlanderaz zein ingelesez (Ingalaterran ez da horrelakorik, kafea txarra da! oharra nire ikasle Chrisek), kortadas lituanieraz, kortado errusieraz…  Frantsesez, beste bat izan du bidea: café noisette (eta kolesterolaren kontrako kanpaina heldu eta esne-tela erabiltzen ez denetik, baita p’tit crème ere, hainbat bazterretan nuazetak baino esne gehixeagoz). Portugesak ere, polita ematen digu aukera: pingao (pinga, tanta) oso esne gutxirekin, eta garoto, pixka bat gehiagorekin.

Alferrik.

Pazientzia agortuta, zakartzen ere hasi zaizkit, ordea, azkenaldian barraz bestaldekoak:

—Kortaua, mesedez.

—Eta hi irakaslea izango haiz?

Etsi behar nuke. Beranduegi da ezer aldatzen hasteko, joana duk garai hura, txikito. Eman egingo dut. Zer arraio, agintzen dizuet bihar bertan izango dela, kontua ere ez da-eta kikarakoa ozpintzea. Lasai bizi beharra dago, merezi dugu hainbeste. Bai, halaxe egingo dut. Sartuko naiz goizero bezala eguna zabaltzerako Akeita kafetegian, igoko naiz Sartre 68ko barrikadetan nola egurrezko mahai gainera, baztertuko ditut kafekonletxe esneagaz guztiak zapata muturraz, eta Chaplinek The great dictator-en bezala, edo Charles Laughtonek This land is mine-n  edo Orson Wellesek Compulsion-en, azken alegatoari ekingo diot:

“Jaun-andreok, ez dakit aski zabaldua dagoen bezalaxe, erdara asko jakin beharra dagoen egungo euskara ulertzeko; dakidana da erdara motza izanda ere, ez dela zaila euskaldunari oker dabilela sinestarazi eta ordaina saldu eta sartzeko.

Eta orain, egidazu ebaki eder bat, mesedez”.