Supraitzulpenak direla eta

Itziar Diez de Ultzurrun Sagalà

Elizabete Manterola Agirrezabalagak “Autoitzultzeaz gogoetan” izeneko artikulu interesgarri bat argitaratu zuen plaza honetan urriaren hasmentan. Autoitzulpenari buruzko kongresu batean entzundakoak hartu zituen hizpide, eta ikertzaileetako batek autoitzulpenaz eta dibertsitateaz esandakoak nabarmendu: “Autoitzulpenak sustatu dezake dibertsitatea, xede hizkuntzetan argitaratzen diren liburuen artean hizkuntza gutxituetan sortutako lanei lekua egiten baitzaie. Kontrara, autoitzulpenak indarra ken diezaioke dibertsitateari, suprautoitzulpenak (gehien sortzen den autoitzulpen mota) jatorrizko hizkuntzak baztertzen baititu, hein batean behintzat.” Bada, Manterolak bere testuaren bukaeran zioen bezala, “Badu, bai, mamirik gaiak” eta, horregatik, supraautoitzulpenen –eta supraitzulpenen– mami horren ertz bati heldu nahi diot oraingoan, azken urteotan nire inguruan sumatzen ari naizen joera batez mintzatze aldera.

Orain urte gutxi Kirmen Uriberen Lo que mueve el mundo oparitu zidan Madrilen bizi den lagun erdaldun batek. Iruñeko liburu-denda batean erosi zidan. Saltzaileari esan zion euskal egile baten liburu bat oparitu nahi ziola lagun euskaldun bati, aholkatu ziezaiola baten bat. Saltzaileak liburu hori saldu zion eta, gero, liburua oparitarako paper pollit batean biltzen ari zelarik, galdetu zion: “¿Qué te pongo? ¿Felicidades o Zorionak?”.

Orain dela bi urte gure inguruko bi gazte euskaldunek Ibrahima Balderen eta Amets Arzallus Antiaren Hermanito irakurri zuten. Haietako batek liburua bukatutakoan jakin zuen itzulpena zela. Besteak bazekien liburua euskaraz ere eskura zezakeela, baina D eredu batean ikasitako euskara poliki-poliki ahazten ari den saldo handi horretako kidea da bera, eta nahiago izan zuen gaztelaniaz irakurri. Adiskide euskaldun batek Uxue Alberdiren Reverso aholkatu zidan iaz, eta beste batek, Katixa Agirreren Las madres no.

Segur aski ez da fenomeno berri-berria ere, baina garai batean arrazoia argia zela uste izan genuen: oso handia zela euskaraz alfabetatu gabeko euskaldunen kopurua. Segur aski ez da fenomeno berri-berria ere, baina ez dakit ez ote den gero eta ohikoago bihurtzen ari. Lankide bati azaldu diot nire arrangura, eta galdera hau jaurti du airera: Iruñerriko fenomenoa ote? Ezetz uste dudala erantzun diot. Izan ere, iruditzen zait Koldo Bigurik Manterolaren artikuluaren harira blogean idatzi zuen iruzkinean datzala koska, hots, itzulpen horiek ez direla itzulpentzat saltzen eta, hortaz, euskarazko literaturaren inbisibilizazioa eragiten duela horrek, besteak beste. Gainera, uste dut inbisibilizazio horrek areagotu egiten duela euskarazko kulturak duen ikusezintasun orokorra, eta, horren eraginez, euskaraz inoiz baino eskualdekoagoak sentitzen garela orain, eta espainieraz, aldiz, inoiz baino mundukoagoak.

Iñaki Iurrebaso Biterik idatzitako “Euskara nagusi izango duten hiztunen bila” artikulua igorri didate WhatsAppez, eta euskaraz baizik ez dauden –edo behinik behin gaztelaniaz eta frantsesez ez dauden– irakurgaiak eta edukiak behar ditugula bururatu zait.

Badu, bai, mamirik gaiak.

2 Replies to “Supraitzulpenak direla eta”

  1. Eskerrik asko, Itziar, supraitzulpenen gaiari tiraka halako hausnarketak plazaratzeagatik.
    Euskaratik gaztelaniarako itzulpenen ikusgarritasuna dela eta, gakoa liburu horien harreran dagoela esango nuke.
    Zuk aipatu dituzun liburuen paratestuek argi erakusten dute itzulpenak direla. Seix Barralek argitaraturiko Lo que mueve el mundo Gerardo Markuletak itzuli zuela ikus dezake irakurleak liburuan bertan; Blackie Books-ek plazaratutako Hermanitok ere badakar itzultzailearen izenik, Ander Izagirre, eta Reikiavik-ek kaleratutako Reverso. Testimonios de mujeres bertsolaris-ek ere beste horrenbeste: azalean bertan diosku liburua Miren Iriartek itzuli zuela. Aipatu dituzun liburuetan azkena, Las madres no, autoitzulpena izanik, norbaitek pentsatuko du itzulpena itzalean geratuko zela, baina ez, liburu horretako kredituetan ere irakurleak ikusiko du jatorrizko izenburua Amek ez dute dela eta Katixa Agirrek itzuli duela. Hortaz, guztiek erakusten dute argi eta garbi euskaratik gaztelaniara itzuliriko liburuak direla, eta hori hala izanik, ez dakit zenbateraino esan dezakegun ez direla itzulpentzat saltzen. Beste kontu bat da irakurleak zenbateraino erreparatzen ote dion informazio horri.
    Zuk aipatzen dituzun kasu horietan euskal liburuen inbisibilizaziorako joera ikus liteke, bai, baina irakurleen jarrerak bultzatzen du inbisibilizazio hori. Euskarazko jatorrizkoa eta gaztelaniarako itzulpena bi-biak eskura ditugu irakurleok Euskal Herriko liburu-dendetan, eta bata ala bestea zein hautatu, hortxe dago gakoa.
    Gaztelaniaz eta frantsesez ez dauden irakurgaiak izateak lagunduko luke egoera iraultzen? Entzute handiko lanek besterik ez lituzkete ekarriko euskaraz irakurtzera, gaztelaniaz egonez gero gaztelaniazkoa lehenetsiko luketen irakurleak. Halako kasuak orokortzea zail ikusten dut nik.
    Gaur gaurkoz, supraitzulpenak plazaratzeak euskal lanei irakurle berriak izateko aukera eskaintzen die, bai eta itzulia izateak euskarazko lanaren zabalkundeari bultzada ematea ere. Hizkuntza gutxitu batean sorturiko literaturak bere kalitatearen neurgailu ere jotzen du sarri itzulpena, eta bere buruaren biziraupenerako gako ere izan liteke. Zuk aipaturiko adibideetan ikusi dugun moduan, euskarazko jatorrizko liburua eta gaztelaniazko itzulpena irakurle berak izateko lehian egotea jatorrizkoaren kalterako izan liteke.

    Atsegin dut

Utzi iruzkina