Errespetua da hitza

Juan Garzia Garmendia

Maiatzaren 14an, Pasai San Pedroko Udal Aretoko antzoki koxkorrean nintzen, Godoten esperoanen euskarazko estreinaldian. Alegia, Becketten frantsesezko (eta ingelesezko) obra gailen hori (hogeigarren mendeko maisulan seinalagarrienetariko bat) neuk (Bidasoaldeko antzerki-talde batentzat) aspalditxo euskaratu (ez zen antzeztu), handik pixka batera liburu gisa argitaratu (2001), eta orain (2023) Zurriola Antzerki Eskolak bere gertaleku eta gozatoki naturalera itzulia.

Halaxe gabiltza, hain zuzen, itzulika zoro nahiz zuhurxeagoan, gure zirkuitu sorginduan euskal literatura-hamsterrok. Aritua nintzen ni askoz lehenago ere antzezlan batzuk euskaratzen, kasu horretan taularatu bai baina paperean argitaratu ez zirenak. Orainago, beste esperientzia bat ere egokitu zitzaidan, aski adierazgarria hura ere gure burubide bidegaldu samarrez. DSS2016 ekitaldi potolo(tu)en barnean, enkargua eman zidaten Shakespeareren komedia ospetsu bat itzul nezan, eta hala onlineratu zen (ezen ez papereratu) Uda-gau bateko ametsa. Aldi berean (!), egitasmo be(ra)ren inguruan (!!) eta izenburu —marratxoa gorabehera— berarekin (!!!), liburu berri gisa plazaratu zen, eskuizkribu-gordailu zahar batetik, Uda gau bateko ametsa. Ez, ez da txantxa; eta ez da broma, gero.

Hori nahikoa ez, eta berriak iristen hasi zitzaizkidan bazela asmoa bestelako Uda-gau bateko ametsa arrandioski antzezteko DSS2016 egitasmoaren gailur-gailurreko erakusgarri modura. Kasu honetan, gehiegikeria latza litzateke itzulpen deitzea ekitaldi basa-dotore horri, gastronomiak ere rol nabarmena zuelarik, nola ez, gure turismo-kulturak eskatzen duen moduan. Zori onez edo txarrez, sarrera erosia edukirik ere, ez nintzen egon azkenean ekitaldi hartan (beste itzulpen zahar hura plazaratu izana zor zaionari pasatu nion, hara, txartela, hutsegite-komedia batean bageunde bezala). Nik neuk, aski nuen handik eta hemendik iristen zitzaidan informazioarekin: antzezburu bipilek ez zuten ezer jakin nahi obra euskaratuarekin, edo itzultzaileokin, edo testuarekin berarekin, edo jatorrizko pertsonaiekin, edo, beldur naiz, antzerki isabeldarrekin eta Willekin berarekin ere: berek zekiten hobeto, antza, zer komeni zen.

Tira: airean desegina geratu da guztia, Ametseko kontuak bezala, baina Hamleten Danimarkakoaren antzeko usain bat hor geratu zen Cristina Eneako lorategi-bazkaleku hartan, gaurdaino ere, hau idaztean berritu eta oraindik hor datorkidana sudur-muinetara.

Errespetua da hitza. Zaharkitua oso, terminoa, eta labaina, baina mamitsua kontzeptuz. Errespetua autorearenganako; errespetua ofizioen kontuan; errespetua aurretiko eta albotiko lanekiko; errespetua publikoari benetako kultura helarazteko eta ez jendea edozein entretenigarriz engainatzeko… Errespetua da, bai, hitza.

Eta —gatozen itzuliaren itzulian hasierako hizpide baikorrera—, errespetu bikaina ez ezik, bikaintasun gailena erakutsi ziguten Pasaian zurriolatar antzez-jendeok beren xumetasun itxuratik. Aitor dezadan beldur kizi batekin hurbildu nintzela emanaldira; batez ere, ez nekielako nola funtzionatuko zuen nire itzulpenak bere benetako saltsan, hots, ondo transmitituko ote zen hura antzezleetatik aditzaileetara.

Laster ahaztu nintzen kezka horretaz eta gainerakoez. Testuaz beraz, esan beza bestek zer deritzon, baina ni ezin pozagorik geratu nintzen —eta berdin gustura sumatu inguruko guztiak— han entzunik hura halako indar eta distira bizi jatorraz hats-haragitua. Batek gero guztiz egoki aipatu zuenez, defenditu beharra izaten du taula gainean dena delako testua, eta hara antzezle literalki amateur haiek, harrigarrizko trebetasun landuz defenditu ez ezik, baita ederki eraso ere Becketten nireari, behar zirenak oro gorderik dramaturgia bikainaz hobeturik den-dena.

Bikaina izan zen saioa: obra hura, dramatizazio, dinamika, espiritu, letra eta zaporea, Samuel Becketten jatorrizko hura zen, gurera ekarria mundu zabal guztira bezala. Errespetua, hara, eta hortik emaitza. Horretarako, aski agertokian zuhaitz bat, argi batzuk, atrezzo minimo bat, eta antzezlanarekin hezurretaraino inplikaturiko jende-talde jator bat.

Halakoek ematen edo berritzen diote bati gogoa bere itzultze-lan bakarti, isil, beti amateur tematian jarraitzeko ekin etsian[1]. Egunotan izan da hurrengo antzezaldia, Donostian, areto zabalago batean. Zirkuitu normal samar batean, miseriazko urritzat jotzekoa litzateke halako bakantasuna, uda osoa tartean: quosque tandem. Etsigarria, baiki, itxaronaldia.


[1] Ez zen aldi bakarra noski gurean baino kanpoan harrera hobea egin zaiena euskal itzulpenei.

Dakitenengandik ikasten

Idoia Santamaría Urkaregi

Liburu txiki bezain interesgarri bat gomendatzera nator gaur hona:

Traducción: dieciocho conferencias nada magistrales y dos discursos de circunstancias.

Ez da berria, 2013koa baizik. Miguel Sáenz da egilea, gaztelaniazko itzultzaile handia (handia? erraldoia).

Itzulpen batekin ezin aurrera egin nenbilela, gogoratu dut ezen, duela urte asko Luxenburgon gaztelaniazko itzultzaile gisa ari nintzelarik, Miguel Sáenz etorri zitzaigula behin hitzaldi bat ematera, eta, haren orduko irudia buruan, apalera jo dut aipaturiko liburuaren bila (gauza ederra da, alafede, prokrastinazioa). Lehenengo egiaztapena: liburua ez da batere zahartu; bizi-bizirik dago.

Izenburuak garbi dioen moduan, Sáenzek han-hemen emandako hitzaldiak eta diskurtsoak biltzen ditu, denak itzulpengintzaren ingurukoak, zein baino zein interesgarriagoa, eta horietako bat, gainera, “Autor y traductor” izenburukoa, Donostian emana, 1993an (liburuan jasotako lehenengo hitzaldia da). Itzuli diren hizkuntzaren literaturaren osagarri direla itzulpenak defendatzen du hor Sáenzek, eta, are, hizkuntzen literaturaren hastapenetan itzulpenak egon ohi direla askotan:

Premisa hori onartuz gero, euskal literatura, adibidez, jatorriz euskaraz idatzitako lanek eta euskarara itzulitako lan guztiek osatuko lukete.

Pellokeria dirudi, baina, tamalez, esan beharreko esaldia da oraindik ere.

Liburuko hurrengo hamazazpi hitzaldietan, itzulpengintzarekin eta literaturarekin lotutako hainbat kontu jorratzen ditu[1]:

  • hitzak itzultzen ditugun edo hitz horiek diotena;
  • egileen eta itzultzaileen arteko harremana;
  • “klasikoen” itzulpena, literatura-itzulpena (“itzultzailea poetaren poeta da, nobelagilearen nobelagilea”);
  • literatura-itzulpenaz bizi daitekeen ala ez (spoilerra: EZ);
  • zertaz jabetu behar duen itzultzaile orok (“itzulpengintza hurbilketa-arte bat da infinitura arte hobetu daitekeena”);
  • itzulpenen kritika eskasa edo kritika falta (Espainian eta herrialde gehienetan);
  • itzultzaileen akatsak;
  • zer esan nahi den hizkuntza “neutro” batera itzuli behar dela esatean;
  • itzultzailearen eta musika-interpretatzailearen arteko paralelismoa (“testu baten aurrean esertzen naizenean —testua atril batean paratzen dut nik gehienetan—, musikari sentitzen naiz, beste batek ondutako musika deszifratzen, neureganatzen eta adierazten saiatzeko prest”);
  • zer den literatura-itzulpena: kopia? jatorrizkoa? bertsioa? interpretazioa? berridazketa? faltsifikazioa? manipulazioa?;
  • zer den literatura unibertsala, halakorik baldin bada;
  • zenbaterainoko garrantzia duen arretaz irakurtzeak (“itzultzean nabarmendu beharrekoa ez da irakurketaren intentsitatea, arreta baizik; itzuli beharrak baldintzatutako irakurketa da itzultzailearena, baina horrek ez du eragozten irakurtzeko plazera; aitzitik, areagotu egiten du”);
  • zer irakats daitekeen eta zer ez itzulpengintzako fakultateetan.

Liburuaren bukaera aldera, bi diskurtsoren testua dator: bata, Alemaniako Hizkuntza eta Poesia Akademian 2000. urtean emandakoa, eta bestea, 2002koa, Salamancako Unibertsitatean emandakoa, honoris causa doktore izendatu zutenean. Lehenengoan, itzulpengintzaren definizio eder bat ematen du:

Norbaitek esana da itzultzea dela pertsona apartak diren lagunak izatea eta lagun horiek artean ezezagun zaizkigun beste lagun batzuei —irakurleei— aurkeztu nahi izatea.

Edozein kikiltzeko modukoa da Miguel Sáenzek itzultzaile gisa egin duen ibilbidea. Ingelesetik eta, batik bat, alemanetik itzultzen du gaztelaniara, eta zerrenda luze bezain ikusgarria osatzen dute berak “interpretatutako” autoreek: Rushdie, Conrad, Faulkner, Goethe, Kafka, Bernhard, Grass, Schnitzler, Brecht, Sebald… Berak hainbeste maite dituen austriar autoreek bezala, Sáenzen itzulpenak irakurtzean badirudi bakoitzarentzako doinu egokia interpretatzen dakiela beti; maisuki menderatzen du esaldi eta paragrafo bakoitzaren erritmoa, belarriz itzultzen duela ematen du, partiturarik gabe ia, musikari handienek bezala.

Hemen aipatutako saiakeran jasotako artikuluetan ere nabarmena da musikari itzultzailearen (edo itzultzaile musikariaren) sena. Maisu handien patxadaz eta zehaztasunez mamurtzen du itzulpengintza, eta Sáenzen erudizioak eskutik darama irakurlea, batere ikaratu gabe.

BIBLIOGRAFIA

SÁENZ, M. (2013), Traducción: dieciocho conferencias nada magistrales y dos discursos de circunstancias, Ediciones Universidad de Salamanca, 2013.


[1] Komatxoen arteko aipu guztiak M. Sáenzen liburutik hartuak dira, eta nik itzuli ditut.

Okerreko atea jotzea

Angel Erro

Umberto Ecok itzulpenari (itzulpenari bere zentzu zabalenean) eskainitako liburuaren izena edukiaren sintesi perfektua zen, eta definizio ez txarra ere, itzultzea zertan datzan: Dire quasi la stessa cosa; ‘ia gauza bera esatea’. Gogoak huts egiten ez badit, barruan batez ere ia horren, quasi horren, nolakoa eta norainokoa zehazteari ekiten zion nagusiki.

Erakargarria (eta itzulpenaren zereginaren sintesi ona) suertatu zaidan itzulpenari buruzko beste liburu baten izena aurkitu dut orain gutxi Nafarroako Liburutegi Nagusiko apalen artean: Hablo todas las lenguas, pero en árabe. Arabieraz eta frantsesez idazten duen Abdelfattah Kilito idazle marokoarrarena da. Izenburua gorabehera, frantsesez argitaratu du, itzulpena eta bere herrialdeko literaturaren egoera diglosikoa gai dituzten lehenagoko artikuluak bilduta. Berehala aitortzen du izenburua Kafkaren egunkarietatik hartu duela, non Pragako artista batek horixe esaten zuela idatzita utzi baitzuen: munduko hizkuntza guztietan mintzo zela bera, baina yiddishean.

Interesez irakurri badut ere, gutxitan iruditu zait Kilitok bertan dioena gurera aplikagarria, besteak beste, arabieraren eta frantsesaren arteko harremana ez baita euskararen eta erdararen artekoaren parekoa. Nolabait esateko, hor literario/kulturalki subalternoa den arabiera hegemonikoa da kalean eta egunerokoan, eta frantsesari kontrakoa gertatzen zaio.

Halere, gogoeta iradokitzaileak daude tarteka. Abdelkebir Khatibi idazleaz eta bere Amour bilingue liburuaz ari denean, esaterako, non bi hizkuntzetan bizi beharra eta bere bizitzatik pasatutako hainbat emakumeren istorioak txirikordatzen baititu, galdera egiten du: “Eta Abdelkebir Khatibi hizkuntza hautatzean okertu izan balitz? Galdera ezohikoa, agian errespetu gutxikoa, dudarik gabe deserosoa. Halako galderarik egiten ahal da, edonola? Eta nork du egiteko gaitasuna? Irakurleek? […] Bada damutu dela aitortu duen idazlerik?”. Idazle bat, zer hizkuntzatan idatziko duen hautatzen duenean, bere patuak zer bide hartuko duen ari da erabakitzen, nor maitatu “aukeratzen” ari denean bezala, baina “idaztea berez hizkuntzaz okertzea balitz, norabidea nahastea, okerreko atea jotzea?”.

“Al-Jahiz-ek, bere Animalien liburua-n, antzeko iritzia azaltzen du elebiduntasunaren inguruan (bitxia da idazle honek elebiduntasunaz hitz egiteko zer eta animaliei buruzko liburu bat aukeratu izana; izaki ez elebidun eta imitatzeko ezgauzak). Zeren elebiduna, Al-Jahizek iradokitzen duenez, bigamoa da: bi hizkuntzak, bi emazte bezala, suhar lehiatuko dira eta, eginahalak eginahal, senarrak ez du lortuko biak guztiz asetzea”.

Elebiduntasuna eta bigamia parekatzea, nik uste, barkakizun zaio IX. mendeko idazle bati. Niri, aldeak alde, konparazioak gogora ekarri dit duela hilabete pare bat irakurle klub baterako berriz irakurritako Ramon Saizarbitoriaren Rossettiren obsesioa. Dagoeneko behin baino gehiagotan irakurria duzun liburu bati ekitean, traman baino, arreta jar dezakezulako alderdi teknikoetan edo sinbolikoetan. Eleberrian, euskal idazlea den Juan Martin protagonistak bi emakume, bata madrildarra, bestea donostiarra, seduzitu nahi ditu testu bera erabilita. Ez al da hori, itzulpena tartean, edozein idazleren nahia? Bi publiko ezberdin erakartzea, geureganatzea? Victoria eta Eugenia ez dira, neurri batean, euskal eta erdal irakurlegoaren ikur?

Irakurketa hori egitea posible egiten duten pista batzuk egon daitezke. Eugenia madrildarrak Babelia bezalako literatur gehigarriek agintzen duten guztia leitzen du, irakurle midcult-agoa da, prototipikoagoa; bera limurtzeko bide onena, literatura ona baino, literatura onaren prestigioa izatearen lerro kurtsi batzuk aski dira. Victoria donostiarra elebiduna da, hobeki moldatzen da gaztelaniaz, baina protagonistarekin ahaleginduko da euskaraz egiten. Exijenteagoa da, kritikoagoa, baina euskararekiko duen lotura afektiboagoa da, kulturazkoa baino. Euskal irakurlegoa hala da edo hala irudikatzen du Saizarbitoriak? Edonola, testu berak eragin berdina izan ahal du bi emakumeengan, bi literatur sistemetan?

Irakurketa hori hankaz gora jartzen didaten gauza asko ere badaude eleberrian, agian, egileak nirea bezalako irakurketa errazak saihesteko asmatuak. Testua, bi emakumeekin erabili beharreko ohartxoa, lehenago idatzi eta erabili du gaztelaniaz Eugeniarekin eta Victoriarekin nahi du berrerabili, eta azken honi zer hizkuntzatan eskainiko dion ez du argi:

“Egiaz duda bakarra zen Eugeniaren testua Victoriari bere hartan bidaliko nion ala euskaratu egingo nuen. Ez zen, ordea, zalantza hala-moduzkoa; zenbat eta gehiago pentsatu, arrazoi gehiago aurkitzen bainuen aukera bakoitzaren alde.

[…] Victoriari gaztelaniaz eta frantsesez mintzo zitzaion bere background kulturala, eta, nolanahi ere, oso gutxi euskaraz; eta horrek garrantzi erabatekoa zuen testu batez gozatu ahal izateko. Hain zuzen ere, Josu Zabaletak dioenez, background kulturala erdaraz osaturik izatea da euskaldun gehienok klasiko unibertsalak euskaraz irakurtzeko dugun zailtasunaren funtsa”.

Idazle bat, beraz, pentsarazi dit Ramon Saizarbitoriak bere eleberri horrekin, zer hizkuntzatan idatziko duen hautatzen duenean, bere patuak zer bide hartuko duen ari da erabakitzen, nor maitatu aukeratzen ari denean bezala, baina idaztea/maitatzea berez hizkuntzaz/pertsonaz okertzea balitz, norabidea nahastea, okerreko atea jotzea?

Supraitzulpenak direla eta

Itziar Diez de Ultzurrun Sagalà

Elizabete Manterola Agirrezabalagak “Autoitzultzeaz gogoetan” izeneko artikulu interesgarri bat argitaratu zuen plaza honetan urriaren hasmentan. Autoitzulpenari buruzko kongresu batean entzundakoak hartu zituen hizpide, eta ikertzaileetako batek autoitzulpenaz eta dibertsitateaz esandakoak nabarmendu: “Autoitzulpenak sustatu dezake dibertsitatea, xede hizkuntzetan argitaratzen diren liburuen artean hizkuntza gutxituetan sortutako lanei lekua egiten baitzaie. Kontrara, autoitzulpenak indarra ken diezaioke dibertsitateari, suprautoitzulpenak (gehien sortzen den autoitzulpen mota) jatorrizko hizkuntzak baztertzen baititu, hein batean behintzat.” Bada, Manterolak bere testuaren bukaeran zioen bezala, “Badu, bai, mamirik gaiak” eta, horregatik, supraautoitzulpenen –eta supraitzulpenen– mami horren ertz bati heldu nahi diot oraingoan, azken urteotan nire inguruan sumatzen ari naizen joera batez mintzatze aldera.

Orain urte gutxi Kirmen Uriberen Lo que mueve el mundo oparitu zidan Madrilen bizi den lagun erdaldun batek. Iruñeko liburu-denda batean erosi zidan. Saltzaileari esan zion euskal egile baten liburu bat oparitu nahi ziola lagun euskaldun bati, aholkatu ziezaiola baten bat. Saltzaileak liburu hori saldu zion eta, gero, liburua oparitarako paper pollit batean biltzen ari zelarik, galdetu zion: “¿Qué te pongo? ¿Felicidades o Zorionak?”.

Orain dela bi urte gure inguruko bi gazte euskaldunek Ibrahima Balderen eta Amets Arzallus Antiaren Hermanito irakurri zuten. Haietako batek liburua bukatutakoan jakin zuen itzulpena zela. Besteak bazekien liburua euskaraz ere eskura zezakeela, baina D eredu batean ikasitako euskara poliki-poliki ahazten ari den saldo handi horretako kidea da bera, eta nahiago izan zuen gaztelaniaz irakurri. Adiskide euskaldun batek Uxue Alberdiren Reverso aholkatu zidan iaz, eta beste batek, Katixa Agirreren Las madres no.

Segur aski ez da fenomeno berri-berria ere, baina garai batean arrazoia argia zela uste izan genuen: oso handia zela euskaraz alfabetatu gabeko euskaldunen kopurua. Segur aski ez da fenomeno berri-berria ere, baina ez dakit ez ote den gero eta ohikoago bihurtzen ari. Lankide bati azaldu diot nire arrangura, eta galdera hau jaurti du airera: Iruñerriko fenomenoa ote? Ezetz uste dudala erantzun diot. Izan ere, iruditzen zait Koldo Bigurik Manterolaren artikuluaren harira blogean idatzi zuen iruzkinean datzala koska, hots, itzulpen horiek ez direla itzulpentzat saltzen eta, hortaz, euskarazko literaturaren inbisibilizazioa eragiten duela horrek, besteak beste. Gainera, uste dut inbisibilizazio horrek areagotu egiten duela euskarazko kulturak duen ikusezintasun orokorra, eta, horren eraginez, euskaraz inoiz baino eskualdekoagoak sentitzen garela orain, eta espainieraz, aldiz, inoiz baino mundukoagoak.

Iñaki Iurrebaso Biterik idatzitako “Euskara nagusi izango duten hiztunen bila” artikulua igorri didate WhatsAppez, eta euskaraz baizik ez dauden –edo behinik behin gaztelaniaz eta frantsesez ez dauden– irakurgaiak eta edukiak behar ditugula bururatu zait.

Badu, bai, mamirik gaiak.