Gizon zuzena

Estitxu Irisarri Egia

Urri bukaeran Asha Mahan eta Mónica González González egileen Cuentos hindúes: desde el Índico a los Himalayas liburuko Ontzi arrakalatua kontakizunaren bertsio euskaratua proposatu nizuen. Gaurkoan beste bat dakart. Irakurri nuen lehenengo aldian gustatu egin zitzaidan. Gerora, konturatu naiz nire egoeraren, asalduraren edo drama-mailaren arabera jarrera bat edo beste hartzen dudala irakurtzen dudanean eta gauza bera gertatzen zait baita besteen esanekin ere. Bidetxoa dut egiteko kontakizuneko protagonistaren kontzientzia-mailara iristeko:

India barnealdeko herri batean oso ona eta herriko guztiek maite zuten gizon bat bizi zen. Zoritxarrez, emaztea hil zitzaion urte batzuk lehenago, eta zuten seme bakarra bere kargu geratu zen. Landa-lanetan aritzen zen, eta bere laguntzailerik kuttunena zaldi zuri dotore bat zen. Goiz batean, ohi bezala animaliari jaten ematera ukuilura joan zenean, ihes egin zuela konturatu zen. Berria berehala iritsi zen auzokoen belarrietara, eta etxera joan zitzaizkion zera esatera:

—Baina zeinen zorte txarra izan duzun! Zenuen zaldi bakarrak ihes egin dizu.

—Bai, egia da… Alde egin du —erantzun zuen gizonak.

Gizonak bere nekazal lanen betiko errutinarekin jarraitu zuen. Hala ere, handik egun batzuetara etxetik irtetear zela, sarreran zain bere zaldia zegoela ohartu zen. Baina ez zegoen bakarrik, beste bat ekarri zuten berarekin. Berri onaren aurrean, auzokoak gizonarengana joan ziren, eta esan zioten:

—A ze zortea izan duzun! Zaldia berreskuratu duzu, are gehiago, orain bi dituzu.

—Bai, egia da… —erantzun zuen gizonak.

Orain gizonak bi zaldi zituen, eta, horri esker, denbora gehiago zuen semearekin pasatzeko eta herrixka inguratzen zuten parajeetan zehar zaldian ibiltzeko. Baina, egun batean, semea zalditik erori eta hanka hautsi zuen. Orduan auzokoak gizona ikustera joan ziren, eta esan zioten:

—Zeinen zorte txarra izan duzun! Bigarren zaldi hori etorri izan ez balitz, zure semea ondo zegokeen orain.

—Bai, egia da —erantzun zuen gizonak patxadaz.

Bi aste igaro ziren, gerra hasi zen eta herriko gazte guztiak deitu zituzten armadan sartzeko. Denak, denek maite duten gizonaren semea izan ezik, ohe batean baitzegoen etzanda, hanka bat euskarrian zuela. Oraingoan auzokoek berriro bisitatu zuten gizona eta hauxe esan zioten:

—Bai zorte ona zurea! Zure semea gerratik libratu da.

—Bai, egia da… —erantzun zuen lasaitasunez gizon zuzenak.

Badakigu burua izan daitekeela gure lagunik onena edo etsairik zitalena, baina zeinen zaila den uneoro arretari, kontzientziari eta zuzentasunari eustea, zer esanik ez urteetan zehar bizirik irauteko tresna eta baliabide izan ditugun patroiak gure barren-barrenean iltzatuta ditugunean eta gure babesik handienak direnean!

Jakina da emozioak eta sentimenduak ez ditugula zentsuratu behar, bizi egin behar ditugula; halere, horietan aingura bota eta hortxe geratzea gure kalterako baino ez da. Esanak esan, bakoitzak bere estrategiak, denborak eta beharrak ditu, eta, batzuetan, inpartzialtasuna, justizia eta oreka alboraraztea eragiten digute barneko zurrunbiloek.

Arrautzopila, tortilla, amuarraina

Angel Erro

Arrautzopila eta tortilla

Modu xaloenean arrautza irabiatu eta zartaginean buelta eta buelta prestatutako jakiari euskaraz gutxienez hiru formatan deitu ahal zaio: arrautzopila, tortilla eta omeleta. Eta hala egin dute euskal idazle ezberdinek, bakoitzak bere gustu estetikoei, bere behar narratiboei edo bere unean uneko apetari jarraituz. Arrautzopil darabilte Iñaki Segurolak eta Juan Kruz Igerabidek, esaterako, Gaur ere ez du hiltzeko denborarik egingo eta Hauts bihurtu zineten lanetan, hurrenez hurren. Arrakasta gehiago du tortilla hitzak, Ereduzko prosa gaur webgunean egiaztatu ahal izan dudanez, bertako corpusean, itzulpenak aintzat hartu gabe, 81 aldiz agertzen delako, 28 idazleren eskutik. Horri gehitu behar zaio beste hiru agerpen tortila grafiapean. Omelet aldaerak jarraitzaile gutxiago du: Koldo Izagirre edo Joseba Sarrionandia hartaz baliatzen dira, kasu, Sua nahi, Mr. Churchill? eta Lagun izoztua lanetan.

Itzultzaileek ere beren itzulpen lanetan hiru hitzon artean aukera dezakete. Baina, kasu honetan, haietako baten erabilpenak okerrera eraman dezake, bi jaki ezberdinak nahasita: osagai nagusia arrautza duen ore frijitua, alde batetik, eta, bestetik, arto edo gari irinez egindako talo modukoak, Hego Amerikako sukaldaritzan, eta bereziki Mexikokoan, hain ezagunak direnak. Euskaraz, gaztelaniatik datorren polisemiak kutsatuta, biei tortilla izena ematen ahal zaie.

Truman Capoteren Odol hotzean eleberrian (Igela, 1993), Texasetik Mexikoko muga zeharkatu ondoren “tortilla hotz, oliotsu bat ari zen jaten” protagonistetako bat (jatorrizkoan ere, “he was eating a cold, oily tortilla”). Oscar Wilderen Dorian Grayren erretratua-n (Elkar, 1986), berriz, zerbitzariak jauna hotz ote den galdetzen dio “mahai gainean tortila bat uzten duen bitartean” (edo “putting an omelette on the table”). Tortilla (edo tortila) darabilte euskaraz Gaël Fayek, Dolores Redondok, Jean-Paul Sartrek, Graham Greenek, Dashiell Hammetek, Maxim Gorkik, Jack Kerouacek, Malcolm Lowryk edo John Steinbeckek[1]; eta euskal irakurleak, jatorrizkora jotzerik ez badu, kontestuari-edo jarraituz erabaki beharko du, asmatu nahi badu egile horietatik zeintzuk ari diren mota bateko tortillaz [erantzuna: hasierako seiek] eta zeintzuk besteaz [amaierako hirurek].

Nahasbiderik ez dute itzulpenean erabilitako arrautzopil hitzak, zeina, bide batez, seguruenik horrexegatik euskal idazleengan baino maiztasun handiagoaz agertzen baita euskal itzultzaileengan, eta omelet hitzak.

Tortilla eta amuarraina

Sukalde kontuetatik atera gabe, bada beste erabilera polisemiko nahasgarri bat, oraingoan eremu geografiko eta linguistiko bakarrean ematen dena. Katalanez hitz bera erabiltzen dute arrautzopila zein amuarraina izendatzeko: truita. Sarean begiratu dudan katalanezko hiztegian arrautza irabiatu eta frijituari ematen diote lehentasuna adieretan. Bigarren dator ur gezako arraina. Paradoxikoki, hitzaren jatorrizko adiera bigarren hau delako (latinezko tructa hitzetik datoz katalanazko truita, gaztelaniazko trucha, frantsesezko truite edo italierazko trota). Arrautzekin egindako jakia ere katalanez truita izendatzearenak erabilera metaforiko batean omen du jatorria: gurean tortilla frantsesa deitzen dugun horrek duen itxurak arrain batena gogora dezake eta omeletari paderan eman beharreko itzuliak ere amuarrainek errekan ematen dituzten jauziak ekar ditzake burura.

Ez dakit katalanak nola moldatuko diren bata eta bestea bereizteko tenorean. Testuinguruari kasu eman behar zaio, ez zait besterik otutzen, eta baliteke beti ez asmatzea, testuinguruak laguntzen ez badu.

Orain egun batzuk Madrilgo liburutegi publiko batean Yo no soy Mikel Laboa eleberri grafikoa topatu nuen (Iturriaga, Cano eta Larretxeren Ni ez naiz Mikel Laboa-ren itzulpena). Ezusteak alaituta eta jatorrizkoa irakurria ez nuenez, maileguan hartu nuen. 86. orrialdean Mikel Laboak Marisol Bastida emazteari “necesitamos menos psiquiatras y más somiatruites” esaten dio, biak alabarekin Bartzelonan bizi direla. Jarraian azaltzen dio: “es como dicen en catalán a quienes tienen muchos pájaros en la cabeza…, que sueñan con truchas”. Lau orrialde aurrerago, senar-emazteak korrika doaz eskaileratan gora alaba sehaskan lo lasai ote dagoen ikustera. Hala dago. Lo eta beharbada baita ametsetan ere, buru gainean lau amuarrain dituelako elkarri segika biribilean, mugikari batetik zintzilik.

Baina zerekin egiten dute amets katalan ameslariek? Amuarrain ala arrautzopilekin? Dudarik gabe lehen aukera poetikoagoa da (eta hala dela egiaztatzeko aski da aipatu komikiaren irudiak ikustea). Halere, jakin-minak hartaratuta aurkitu dudan onlineko informazioan balantza bigarrenaren alde makurrarazten dela ematen du. “Qui té gana, somia truites” esaeratik eratortzen dute, zeina bere aldetik “qui té gana/fam, somia pa” esaeraren aldaera litzatekeen [hau da, gose denak omeletak amets, edo ogia amets].

Bitxia da benetan zerekin egiten duten amets hizkuntzan hizkuntzako gosetiek. Ogiarekin errumaniarrek, portugesek, poloniarrek edo greziarrek. Ingelesezko goseberak urrunetik aditzen du haragi errearen usaina. Mexikon, berriz, gose denak “piensa en tortillas”, baina ez, jakina, katalanek ustez buruan izan dezaketen berberetan. Hungariako katuek sagua dute amets eta ―gehitu ohi dute― txerriak ezkurra. Hala egiten du euskal urde goseak ere, ezkurra amets. Edo, bestela, ogia amets txakur goseak. Hortik datoz, beraz, eginkizun eta helburu lorrezinak adierazteko, balizko errotekin eta haizezko dorreekin batera, euskaraz aukeran ditugun txakur-ametsak (edo txakurraren gauerdiko ametsak ere).

Lehengora itzulita, arrautzopilaren eta amuarrainaren arteko ezbai honek garai bateko beste irakurketa bat, Josep Plaren Kale estua (Igela, 2017) ekarri dit gogora. Orduko hartan jatorrizkoarekin alderatu gabe leitu banuen ere, katalanez nekien apurrak susmarazi zidan itzultzaileak ataka gaizto horri aurre egin behar izango ziola bi pasartetan: 9 orrialdean: “Afalordua baino ordu erdi lehenago iritsi nintzen ostatura (…). Otordua antxoa ziztrin bat, mortadela-xerra eta eskarola-izpi batzuekin hasi zen; olio kiratsez eginiko tortilla bat eta okela mehe eta katu-belarria bezain larruantzekoarekin jarraitu zuen”. 74.ean, berriz, “Jaki-ontzia atera zuten. Mokadu jan zuten: amuarrain marguldua, sandwich bat”.

Egiaztatu dudanez, Plak bietan pertsonaiei truita janarazten die: “Vaig arribar a la fonda mitja hora abans de l’hora de sopar (…). El repàs s’inicià amb una trista anxova, un tallet de mortadel·la i uns brins d’escarola; seguí una truita elaborada amb oli sentós i un bistec subtil i coriaci com una orella de gat” eta, aurrerago, “Obriren els portaviandes. Menjaren una queixalada: una truita d’una grogor esvaida, un sandvitx”. Nik, hori kolore hitsaren aipamenagatik, hondartzan jateko eramaten errazagoa izateagatik edo nik hotz hartu nahiago izaten dudalako, printzipioz esanen nuke tortilla dela bigarren kasuan ere. Lehendabizikoan, baina, ez nuke eskua olio kirats gainean jarriko.

Nolanahi ere, kasu batean ala bestean (izan tortilla ala tortilla, izan truita ala truita), bitxia da eleberri bateko pertsonaiek zer jaten duten nola aldatu daitekeen hizkuntza batetik, itzulpen batetik, bestera.


[1] Ondoko lanetan, hurrenez hurren: Ene herri txikia (Igela, 2019), Hezurren ondarea (Erein, 2013), Goragalea (Alberdania/Elkar, 2003), Giza faktorea (Ibaizabal, 1997), Maltako belatza (Igela, 1997), Ama (Ibaizabal, 1995), Errepidean (Pasazaite, 2018), Sumendiaren azpian (Alberdania/Elkar, 2008) eta, nola ez, Tortilla Flat (Elkar, 1995). Datu hauek guztiak EHUko Hizkuntzen arteko Corpusa webgunean bildu ditut.

Ustezko influencerren autokonplazentzia

Isabel Etxeberria Ramírez

Itzulpengintza eta Interpretazioko graduan Itzulpengintzaren Teoria ikasgaia ematen dudanean gustura irakatsi ohi dut Itamar Even-Zohar pentsalariaren Polisistemen Teoria. Even-Zoharren ideiak ezagutzen dituenak erraz ulertuko du zergatik: itzulpengintzari gorazarre egiten dio nolabait. Haren arabera, hizkuntza txiki eta gutxietan itzulpengintzak zeresan nabarmena du literatur sistemaren osaeran. Itzulpenen bitartez literatur errepertorioa zabaltzen omen da, teknika eta abangoardiak inportatzen, hizkuntza poetikoa aberasten… Itzulpenak, finean, ideia eta molde berrien eroale dira, eta sorkuntzan aritzen diren bertoko idazleentzat inspirazio-iturri.

Itzulpenak literatur sistemarentzat kanpoko berrikuntzen sarbide diren bezala, itzultzaileentzat autokonplazentziarako iturri dira Even-Zoharren ideiak. Bai inportantea euskal literaturari egiten diogun ekarpena. Gora gu.

Duela gutxi Harkaitz Canok, Iker Sanchok eta hirurok mahai-inguru batean parte hartu genuen Aldecoa Festibalaren barruan, Beñat Sarasolaren gidaritzapean. Mahai-inguruak “Itzultzaileak, ipuingintzaren lurraldean mugalari: Txekhov, Carver eta Munro euskaraz (eta euskaratik harago)” zuen izenburu, eta Cano, Sancho eta hirurok idazle horiek itzuli ditugun heinean geunden han, haien literaturaz eta haien arteko loturez jarduteko. Entzuleen galderen txandan, jaialdiaren antolatzaileak, Iban Zalduak, idazle horiek euskal idazleengan izan duten eraginaz galdetu zigun publikoaren artetik. Eta erantzuten hasi ginenean, errealitatearen dimentsio paralelo batera pasatzen ginela iruditu zitzaidan, han ginen guztion artean inplizituki itun bat sinatu izan bagenu bezala. Egiatik hurbil, baina egiantzeko baino ez.

Azal dezadan. Atzerriko hiru idazlek euskal idazleengan izan duten eraginaz galdetzen ari zitzaizkigun kanpoko idazle horiek euskaratu ditugun itzultzaileoi. Horrela planteatuta eta egoera soziolinguistiko normal batean biziko bagina, balizko eragin horren zubigile gisa erantzuten arituko ginateke, geure itzulpenen bitartez iritsi izan balitzaie bezala euskal idazleei eta oro har irakurleei Txekhov, Carver eta Munroren ahotsa. Eta badakigu ez dela horrela. Edo ez guztiz behintzat. Euskal idazle eta oro har irakurle guztiak elebidunak gara gaur egun, eta euskaraz ez ezik, gaztelaniaz edo/eta frantsesez ere irakurtzen dugu. Ederra da pentsatzea beren unibertso literarioetan hiru idazle horien aztarna jaso duten euskal idazleek euskaraz ezagutu zituztela haien obrak. Baina, hala izan balitz ere —egile horiekiko lehen harremana euskaraz egin izan balute ere, alegia—, uneren batean gaztelaniara edo frantsesera (edo jatorrizko ingelesera, adibidez) salto egin beharko zuten beren irakurketa osatzeko. Txekhoven eta Carverren hiru liburu daude euskaratuta, eta Munroren bi; gaztelaniaz eta frantsesez egile horien obra osoa dugu eskura (eta “eskura” esan dudala baliatuta, gogoan har dezagun Iñigo Satrustegik blog honetan euskararako itzulpenen deskatologazioaz esandakoa). Ondo dakigu denok euskal liburugintzak ez duela gaztelaniazkoaren eta frantsesezkoaren muskulua (ezta katalanezkoarena ere, bide batez).

Labur esanda, kanpoko eraginak euskararen bitartez bai, baina gaztelaniaren eta frantsesaren bitartez ere jasotzen ditugu euskal irakurleok; eta irakurketa-esperientziak hiztunak adina direnez, zenbait irakurleren kasuan (gehienenean esaten ausartuko naiz) proportzio handiagoan iristen zaizkigu bi erdara horietatik euskaratik baino. Euskal itzultzaileak ez gara pentsatu edo nahi bezain influencerrak. Itamar Even-Zoharrek gezurra esan zigun, edo guk, inozook, ez genuen jakin ondo ulertzen. Literatura itzuliak literatur sistema osoa egituratzen zeregin garrantzitsua duelako ideia ez zaio ondo ezkontzen hizkuntza handiago baten ondoan eta mende bizi diren hizkuntza gutxituen kasuari, haietan elebitasunak (diglosiak!) ez diolako itzulpengintzari sarbide nagusia izaten uzten.

Nik, nolanahi ere, baikortasun menderaezin baten jabe izaki, uste dut euskal itzulpengintzak baduela bere zeresantxoa. Seinalatzaile gisa, hain zuzen. Euskararako itzulpengintzak linternarena egiten duela iruditzen zait: iluntasunean arreta non jarri erakusten digu nola edo hala. Xaloa bezain harroa naizela pentsatuko duzue agian, baina nire irudiko zenbait egile euskarara itzuli izanak modan-edo jarri ditu euskal irakurleon gure zirkuitu txikian. Eta beste idazle batzuk, zeinak erdal literaturaren panorama ezin beteagoan Wally bat bezala kamuflaturik oharkabean pasatuko litzaizkigukeen, euskarara itzuli direlako hautatu eta irakurri ditugu. Txekhov, Carver eta Munrorekin erraz lotu daitekeen Flannery O’Connor, adibidez, irakurri gabe izango nuen nik beharbada oraindik, Itziar Otegiren itzulpenarengatik ez balitz. Eta zenbat irakurlek ez ote genuen Annie Ernaux ezagutu eta dastatu, nobel saria jaso baino lehenagoko urte haietan, Igela argitaletxearen itzulpenei esker? Irakurgai eta erreferente inportante izango al ziren euskal irakurle askorentzat Natalia Ginzburg, Giani Celati, Alaa al Aswani, Agota Kristof, Jean Echenoz, Mohamed Xukri, Ingeborg Bachmann, Leslie Feinberg, Silvia Federici, Kae Tempest, Adania Xibli, Mohammed el-Kurd… itzultzaileek eta editoreek haiek plazaratzeko lana hartu ez balute?

Badakit, badakit: ustezko eragin hori zenbakietara ekartzen badugu irrigarria da emaitza. Baina autokonplazentzia amiñi bat, neurrian bada, beharrezkoa eta osasungarria izaten zaigu denoi.

Hizkuntzari buruzko lau poema jaso nituen oso denbora gutxian

Castillo Suarez

Behin batean, Euskaltzaindiko bileren ondotik edukitzen dugun bazkarietako batean, euskaltzain berri batek serio bota zuen: puntua eta koma gainbaloratuak daude. Eta barre egin genuen besteok. Nik, ezetz, eta akordura ekarri nuen Unai Maleskiren poema eder hura:

PLANIFIKAZIO ESTRATEGIKOA

1. Puntu eta koma egoki darabilen norbait topatu.
2. Anomalia horretan serio fokuratu.
3. Bortizki maitemindu.
Hori da plana.

Unai Maleski

Esan gabe doa ez dudala inor aurkitu, maitemintzeko bai, baina bortizki maitemintzeko esateko moduan… bada ez. Beharbada Parthenoperen gisakoa naiz ni maitasun kontuetan, eta ihesa dut maite, eta ez geratzea betiko nagoen tokian:

PUNTU ETA KOMA

Puntu eta koma izan nahi nuke,
nola egin dakienak bakarrik erabil nazan.
Geldi dadin, baina ez betiko;

Oihana Arana

Euskaltzaindiko bazkarietan ez dugu bakarrik puntuazioaz hitz egiten, eta, egun horretan, Alfontso Mujika gertu bazegoen ere, maitasunaz hitz egin genuen, edo, hobeki esanda, maitasunaren kontrakoaz. Izan ere, beste euskaltzain baten iritziz ez da gorrotoa maitasunaren beste aldekoa, dezepzioa baizik. Eta desmaitatu hitza hiztegian sartuta dugun ala ez hizketan hasi ginen, baina Miriam Urkia urrun zegoen galdetzeko. Nik Miren Agur Meaberen poema bilatu nuen telefonoan, nahiz eta jakin behin agertzea ez dela nahikoa arrazoi hiztegian sartzeko:

DESKODEA

Urruntasunetik neur dezaket kontzeptu zaharren hedadura
eta lurralde horretan galdutako odolak pisatu.

Aurrizki ezinbestekoen aroan nago,
des-/ez- eta ber-/bir- lexemez inguratuta.
Horien xarmak gidatzen dizkit atzamarrak
errautsen liburu hau eratzean.

Berbak letraz letra marraztean iruditzen zait
meteorito batez erditzear nagoela:
deseraiki, desmaitatu, deslekutu, desintoxikatu.
Hortzak estutu beharra dago
eta erritmoa galdu gabe putz egin
hots horiek benetan mundura ekartzeko:
berpentsatu, birjabetu, birjaio, berrasmatu.
Berba bakoitza untza bat da, baina bere musika dauka.

Azalaren kodeek bete dute sobera iraungitze-data.

Orain aurrizkien lengoaian hartu nahi dut aterpe:
deskode berri hau hautatzen dut iraultzaren beso.

Miren Agur Meabe

Atzizkien lengoaiara egin genuen jauzi, eta nik literaturan egiten ohi dugun tranpetako bat kontatu nien: nola Miriam Reyesen poema bat itzuli dudan, inork eskatu gabe, baina poeta ezagutzeko aukera izango dudala baliatuta, eta atzizkiak erabili ditudan preposizioen ordez.

Atzizkiak ez dira beti doi-doi lotzen.
Gomak izan beharko lituzkete ertzetan,
azpiko izarek bezala,
bere tokian geratzeko
gorputz baten inarrosaldietan.
Nigan pentsatzen duzula esaten duzunean ez duzu nigan pentsatzen;
nitaz pentsatzen duzu, baina urrutitik.

Miriam Reyes
Itzultzailea: Castillo Suárez

Izan ere, maitasun kontuetan, dena da libre editorerik ez dugun bitartean. Eta jatorrizkoan puntua eta koma jartzen ez duen tokian puntu eta koma jartzea ere bai. Puntuazio markak gehitu dizkiot Miriam Reyesekin batera dudan errezitaldi batean irakurtzeko nahi dudalako.

Las preposiciones no siempre se ajustan
deberían tener gomas en las esquinas
como las sábanas bajeras
para aguantar en su sitio
las convulsiones de un cuerpo.
Cuando dices que piensas en mí no piensas en mí
piensas acerca de mí pero desde lejos.

Miriam Reyes

Ni etxera isilik joan nintzen egun horretan, gutako bat gaizkitu egin zelako bazkarian. Eta Parthenope filmean egin nuen igeri berriz, ez nintzelako akordatzen han entzun ote nuen bizitza tentuz pasatu behar dela, metalen detektagailu batetik bezala, ez zitzaidalako iruditzen Bernardo Atxagaren esaldietako bat izan zitekeenik hori.

Hitanoa literaturan (laburbilduz)

Xabier Olarra

Aspaldidanik kezkatuta ibili naiz hitanoak literaturan behar lukeen lekuaz. 2022. eta 2023. urteetan hainbat nobela eta ipuin-bilduma irakurri beharra egokitu zitzaidan. Irakurketa horietan bereziki erreparatu nion haietan egiten zen hitanoaren erabilerari eta oro har pertsonen arteko tratamenduari. Gerora ere jarraitu dut horiek aztertzen eta aurkitu dudana saiatuko naiz ekartzen orri hauetara.

Idazleak, eta narratzaileak bereziki, maiz sartu behar izaten ditu elkarrizketak bere idazlanetan, eta, beraz, erabaki beharko du nola eman hizketa horiek: hitanoz edo tratamendu neutroan (zuka). Baina ez da hori eremu bakarra. Adibidez edonork, bere buruarekin hizketan ari dela, modu batean edo bestean egingo du. Eta poetak ere, norbaiti zuzenean mintzo bazaio, erabaki beharko du zuka, toka ala noka ari. Eta berdin itzultzaileak, esate baterako “Poesía eres tú” itzuli behar badu. Beraz, artikulu honetan gainbegirada bat emango diot kontu horri.

1.- Euskaltzaindiaren 14. araua: Adizki alokutiboak (hikako moldea)

Honako hau dio Euskaltzaindiaren 14. arauak sarrera-oharretan:

1) Lehen-lehenik erran beharra da aditz alokutiboen parte bat baizik ez duela finkatu Euskaltzaindiak, hikako moldeari doakiona, hain zuzen ere. Zukako adizkera alokutiboek, ekialdeko euskalkietan bereziki erabiltzen direnek, batu gabe segitzen dute, beraz, oraino.

2) Euskaltzaindiaren lana adizkeren formaren finkatzea izan da, eta ez da sartu erabilera arazoetan. Jakina denez, korapilo asko ditu erabilerak, bai morfosintaxiaren aldetik, bai eta, are gehiago, gizarteko baliagarritasunaren aldetik ere.

Beraz, hitanoaren adizkiak finkatu besterik ez zuen egin Euskaltzaindiak arau horretan, eta ez da gutxi. Izan ere, geroztik, esan dezakegu ordu arteko anabasa funtsean argitu zela eta gehienok arau horretan dagoenera egokitu garela. Baina ezer ez zuen esan hor erabilerari buruz.

2.- Hitanoa Euskara Batuaren Eskuliburuan

Hala ere, Euskara Batuaren Eskuliburuan ematen da “gaur egungo alokutiboko jarduera molde hedatuenaren berri”. Honako hauek dira hor ematen diren nolabaiteko jarraibideak:

a) Hika mintzatzean, bigarren pertsona ez da ZU, HI baizik: zu etorri zara > hi etorri haiz.

b) Behin hika egitea erabaki bada, ezinbestekoa da hikako alokutiboan aritzea: *Hire laguna etorri da (> Hire laguna etorri dun/duk). Mintzakidearen erreferentziak ageri behar du aditzean: dun (emakumezkoa) / duk (gizonezkoa). Ez da hala gertatzen erregistro neutroan aritzean: *Zure etxera joango gaitun/gaituk (> Zure etxera joango gara).

c) Hika mintzatzean, hi tratamenduari dagokion adizkia erabiltzeaz gain (etorri haiz), 1. eta 3. pertsonetako adizkiak ere aldatu egin behar dira: Hi etorri haiz, baina besteak ere etorri (*dira) ditun/dituk; Hik egin didan/didak, baina haiek ere egin (*didate) zidaten/zidatek. Hik egin dun/duk, baina nik ere egin (*dut) dinat/diat.

d) Menderagailua daramaten aditzek, orain arteko erabileran eta tradizioan, ez dute alokutiborik eramaten:

?Andoni etorri dunala entzun dinat (> Andoni etorri dela entzun dinat (Baina bai: Hik egin dunala entzun dinat [hor ez dago alokutiborik])).

?Elkartzen gaitukenean, gogotik egiten diagu barre (> Elkartzen garenean, gogotik egiten diagu barre).

?Esan dik ez duala etorriko (> Esan dik ez
dela etorriko).

Oharra: Halere, mendebaldeko zenbait erabileratan, agertzen dira adizkera alokutiboak baldintza-perpausetan: Gure galdezka inor etortzen baldin badek, esaiok elkar hilda errekan gaudela.

e) Galderetan ere ez da ohikoa izan alokutiboa: ?Egingo al zionagu elkarrizketa bat? (> Egingo al diogu elkarrizketa bat?).

Horko a) eta b) puntuetan esaten denak Pernandoren egien tankera dauka, baina ez dago alferrik esana. Zorrotz begiratuta, aise ohartuko gara maiz aurkitzen direla gaur egungo liburuetan hitanotik neutrora jauzi mortala aise aski egiten duten testuak. Are gehiago, esango nuke belarria hitanora ohitua ez duenak inolako arazorik gabe jarraituko duela irakurtzen holako jauziak egiten dituen testu bat (agian pentsatuz zilegi direla, eta idazlearen esku dagoela alokutiboa ala neutroa aukeratzea nahi duenean eta nahi duen bezala). Denoi gertatu zaigu, seguru aski, testu bat zuka idaztea eta momenturen batean hikara pasatzea erabaki, eta adizki edo izenordain edo bestelako intrusoren batzuk bertan gelditzea. Baina garbi dago EBEk dioenez, behin hika egitea erabakiz gero, ezinbestekoa dela hikako alokutiboan aritzea.

Beste pauso bat emanez, argitzen digute hika aritzean 2. pertsonako adizkia erabiltzeaz gain 1. eta 3. pertsonakoak ere aldatu egiten direla, alegia hori ere ez dela aukerakoa, baizik ezinbestekoa.

Hurrengo bi puntuak, d) eta e), muga morfosintaktikoei buruzkoak dira. Ez da oso belarri-zorrotza izan behar konturatzeko gaurko erabilera (batez ere Gipuzkoan, esango nuke) kaotiko samarra dela. Hala ere, uste dut gehienok ―mintzatuan hala ez egin arren― saihesten dugula menderagailua duten perpausetan hitanoa erabiltzea. Besterik gertatzen da galderazko perpausetan. Hitanoari buruzko artikulu sail honetako batean erakutsi nuen ―hainbat testutako adibideekin― XIX. mendean galderazkoetan hitanoa maiz erabiltzen dela. Eta aipatu nituen XX. mendeko puntako zenbait idazleren adibideak: Lizardi, Lauaxeta eta Orixerenak, besteak beste. Horregatik adierazi nuen artikulu hartan agian bazela garaia Euskaltzaindiak erabilera horri bide ematekoa. Izan ere, nahiz eta ez izan lau katu “bide klasikoari” eusten diogunak, badira beste hainbeste edo gehiago galderetan hitanoari lasai asko bide ematen diotenak (“Beti hala egin diagu-eta” argudioarekin).

Esan daiteke jokalekua eta jokoaren arauak emanak direla. Baina hori oraindik gramatika besterik ez da. Eta horrek ez du dena konpontzen. Noiz, non eta nola edo norekin erabili, ez dago arautua.

3.- Hitanoa eta testuingurua

Sareko Euskal Gramatikan, honako hau diosku Xabier Alberdi adituak:

Bestalde, hizkuntzaren erregistroaren arabera, eta solaskideen arteko harremanean pisuzkoak diren gizarte-aldagai batzuen arabera (adina, sexua, hierarkia…) hautatzen da tratamendua: hitanoa, adibidez, lagunarteko erregistroari dagokio bete-betean; (…)”.

Alberdik dioenez, gizarte-aldagai batzuen arabera (adina, sexua, hierarkia…) hautatzen da tratamendua. Gizarte-aldagai horiek, noski, historikoak dira, eta historian zehar aldatuz joan dira. Esate baterako, nor ez da txundituta gelditu, lehenbiziko aldiz irakurtzean Leizarragaren Testamentu Berrian ageri den aitagurean Jainkoari (letra larriz adierazten den Aitari, alegia) hika egiten zaiola? (“Gure Aita zeruetan haizena, sanktifika bedi hire izena…”).

XX. mendean, adibidez, zenbait tokitan “normala” zen apaizari berorika hitz egitea. Hierarkia horrela adierazten zen, Espainiako soldaduskan koronelari “Usía” eta jeneralari “Vuecencia” (vuestra excelencia) esanez adierazi behar zen bezala. Euskaraz berorika egin beharko geniekeen, baldin Espainiako Armadan euskarak inolako lekurik izan balu. Ez dakit Eusko Gudarosteko batailoietan nola moldatzen ziren (ez dut uste Koronel edo Jeneral asko zegoenik, baina holako zerbait erabili beharko zuten hierarkia markatzeko. Hala ere, esango nuke diosalen kontu hau finkatzea baino arazo larriagoak izan zituztela garai beltz haietan).

Baina, gatozen harira. Xabier Alberdi irakaslearen “Hitanoa non eta nork erabiltzen duen” artikuluan irakurleak nahi adina informazio aurkituko du hitanoaren gaur egungo erabileraz. Sareko Euskal Gramatikan berak dioenez, “lagunarteko erregistroari dagokio bete-betean”. Baina hori baino gehiago ere badela bistan da. Artikulu horretan zehatz aztertzen da familia barruko erabilera, gurasoek beren artean, seme-alabek beren artean zer tratamendu erabiltzen duten, simetria-asimetria kontuak eta abar. Bistan da badirela lege batzuk garaian garaiko ohiturak ezarriak, baina oro har hitanoa erabiltzeak nolabaiteko hurbiltasuna dagoela adierazten du, edo justu kontrakoa: gaitzespena, arbuioa, iraina. Batzuei nekeza egiten zaie norbait iraintzean erregistro neutroa erabiltzea, baina ezin esan hori bitxia denik (are gehiago hitanoa galdua den lekuetan): Hi alu nazkante bat haiz! / Zu nazkagarri bat zara.

4.- Hitanoa eta literatura

Sarreran esan bezala, idazleak edo itzultzaileak erabaki behar izaten du bere idazlanean hitanoa ala erregistro neutroa erabili. Horrela, XX. mendearen hasieran Txomin Agirrek Kresala idatzi zuenean, arrazoi soziolinguistikoak aipatuz, zuka egitea erabaki zuen. Aldiz, Garoa idatzi zuenean, antzeko arrazoiengatik, eta kontuan hartuz Garoa Oñatiko baserri-giroko nobela dela, hitanoa ere erabiltzea erabaki zuen.

Ramon Saizarbitoriak XX. mendearen azken laurdenean 100 metro idatzi zuenean, “bigarren pertsonako nobela” denez, aipatutako bi aukeren artean hautatu beharra zeukan, eta hika egitea erabaki zuen.

Berriki irakurri ditudan XXI. mende-hasiera honetako bi nobela hauetan: Miren Amurizaren Pleibak eta Beñat Sarasolaren Coca-cola bat zurekin, arrazoi literarioak tarteko, jarrera kontrajarria aurkituko dugu. Miren Amurizak Berrizko institutu-giroko nobela idaztean hitanoaren erabilera (norbaitek aholkatu bezala) “kirurgikoa” egitea erabaki du, giro hori ―institutuko bi neskaren arteko gorabeherak― islatu nahi duen nobela errealista bat egitean hori iruditu baitzaio egokiena. Beñat Sarasolak, berriz, Frank O’Hararen eta Vincent Vincent Warrenen arteko elkarrizketak (XX. mendeko Estatu Batuetako bi maitale, poeta bata eta dantzaria bestea) hika irudikatu ditu.

Amorosen arteko solasaldiei gagozkiela, M. Prousten Denbora galduaren bilako lehen liburua itzultzean, noka eman zituen J.A. Arrietak Vinteuil andereñoaren eta haren lagunaren arteko solas morbosoak.

Berdin erabaki behar izan zuen James M. Cainen bi nobelatxo ospetsuenak, Postariak beti bi aldiz deitzen du eta Galbidea euskarara ekarri zituen itzultzaileak. Bi maitaleren arteko elkarrizketak agertzen zaizkigu hor ere. Lehenbiziko kasuan, hitanoa erabiltzea erabaki zuen, eta bigarrenean, berriz, zuka. Bigarren kasuan, nik uste, irakurleari erraztasunak ematearren edo irakurle gehiagorengana iristeko asmoz hartu zuen erabaki hori, kontuan hartuz, besteak beste, nobelaren giroa aurrekoan baino askoz hiritarragoa dela.

Itzultzaile berak Jim Thompsonen 1280 arima nobela itzuli zuenean, hitanoarena beste koxka bat estutuz, senar-emazteak elkarri hika jarri zituen, Euskal Herri osoan XX. mendean lege denaren kontra. Erabaki horren zurigarri aipa daiteke nobelaren giro basatia, senar-emazteek elkarrekiko duten jarrera ez oso adeitsua, eta oro har Estatu Batuetako herrixka eta baserri giroan kokatua izatea, eta hizkuntza-transposizioa egitean nolabait irensgarri gertatzen zaigula erregistro hori.

Aipatutako adibideetan ikusi dugu hitanoa erabili bai ala ez erabakitzerakoan arrazoi literarioak eta soziolinguistikoak izan direla tartean, eta ez nuke bukatu nahi itzulpenean arreta eman beharreko kontu batzuk aipatu gabe.

1.- Hizkuntza bakoitzak ditu bere erregistroak, eta horiek guztiak modu egokian erabiltzea aberasgarria da bai hizkuntzarentzat, bai sortzailearentzat eta bai hartzailearentzat (are erregistro horiek galduan edo galzorian badira).

Esate baterako Altxor uhartea (R.L. Stevenson/ M. Garikano) edo Hamlet (Shakespeare/ Juan Garzia Garmendia) hartzen baditugu, ikusiko dugu modu egokian daudela erabiliak hika, zuka eta berorika (azken hau gaur (ia?) inork erabiltzen ez duen arren).

2.- Tratamenduei dagokienez hizkuntzen arteko korrespondentzia ez da erabatekoa. Horrela ez dago korrespondentziarik euskararen eta gaztelania edo frantsesaren artean: gurasoen eta seme-alaben arteko elkarrizketetan tú, tu erabiltzea normala da erdara horietan, baina euskaraz ez da normala seme-alabak gurasoekin hitanoz aritzea. Beraz, itzultzaileak xede-hizkuntzan normala denera egokitu beharko du.

3.- Tratamenduen kontu honetan itzultzailea analogiaren “legeari” makurtzen zaio. Alegia, itzultzaileak itzulgaian aurkitzen dituen egoerak bere hizkuntzan irudikatzean beretzat eta hartzailearentzat egokiena iruditzen zaiona ematen saiatu beharko du.

4.- Eta azkenik koherentzia eskatu behar zaio itzultzaileari. Pertsonaien arteko elkarrizketetan (arrazoi sendoren bat tartean ez bada, eta izan daiteke) ezin daiteke saltoka ibili, orain hika, orain zuka, pasarte honetan hika eta hurrena zuka. Edo nobela bateko pertsonaiak erabat hitanoan eta pertsonaia horien barne-bakarrizketak neutroan.

Nahi adina luza gaitezke jarraibide moduko horiek modu egokian erabiltzeko aholkuak ematen, baina utz dezadan hemen gehiegi luzatu den artikulu hau. Badirudi Euskaltzaindia hemen agertu ditudan kontuei buruzko arauren bat emateko asmotan dela. Morfosintaxiaren Estandarizazioko batzorde ahaldunduak bi arlotako zalantzak omen ditu hitanoari gagozkiola: erabilera sintaktikoari buruzkoak alde batetik, eta erabilera sozialari, jardun-ingurumariari edo erregistroari buruzkoak bestetik. Beraz, ea argi pixka bat egiten digun idazle eta itzultzaileoi, denon mesederako.

Eskerrik asko, itzultzaileok

Amaia Astobiza Uriarte

Sarrera

Lehengoan etxeko seinak eskutitz bat idatzi behar izan zuen historiako klaserako. Bigarren Mundu Gerra zen, Frantzian zegoen soldadu, eta osabari idazten ari zitzaion lubakietatik bere neba-arreba txikiez galdezka, gurasoek gerraren hasieran galdua baitzuten bizia. Testuingurua buruan zuen, pertsonaiak buruen zituen, eta paper gurata larutuan pausatu beharreko berbak ere buruan dantzan zituen; baina horixe, dantzan eta ez geldirik: harrapaezin. «Ama, “erruki egin” esan daiteke?». Erruki egin, erruki egin. «Ezezkoan nago, baina ez dakit ziur esaten. Begiratu Euskaltzaindiaren Hiztegian, eta hor topatuko duzu zer aditz lotzen diren errukirekin» («Eta esaldia osorik sartzen badut, ondo dagoen esango dit?»; ez, seme, hori ez). Azkenean, erruki egin ez, baizik eta erregu egin zen berak bilatzen zuena. Noizbait nonbait irakurriko zuen, eta buruaren bazterren batean gorde, eta tira hemendik eta tira handik, lortu zuen ezkutalekutik argitara ateratzea, beste hitz eta esamolde eder askorekin batera soldaduaren luman jartzea eta esatea erregu egin behar izan zuela han lubakian papera eta arkatza lortzeko etxera eskutitz bat bidali ahal izateko.

Korapiloa (I): zeren

Garai honetan, zeinetan ari baikaren adimen artifizialarekin gora eta behera eta itzultzaile automatikoak ezker-eskuin, gure lehensemeak erabaki du filologia klasikoa ikasi nahi duela. Ez omen zuen gramatika maite, zeren horiek amaren laneko kontuak baitira, eta ez omen zuen itzultzea gustuko, zeren horiek, berriro ere, amaren ordu txikietako lanak baitira; baina, hara non, berak Antzinaroa du maite beste ezeren gainetik, eta, jakina, garai hartan murgildu ahal izateko, ia ezinbestekoa da orduko hizkuntzak ikastea. Halandaze ba, hortxe dabil orain Batxi2-n, latinetik eta grezieratik euskarara itzultzen eta irailean Madrilerantz jotzeko maleta prestatzen (zeren «ama, Gasteizen ez dago klasiko purua eta historiaren beste garai batzuk ere eman behar dira eta nik horiek ez ditut gustuko eta ez da hori nik egin nahi dudana»). Eta ni ere hementxe nabil ingurukoek irri-erdiz botatako galderari erdi irriz erantzunez, alegia, haiek «Eta gero zer, irakasle?» galdetu eta nik «Bai, irakasle edo abade» erantzun, «zeren apenas dagoen bokaziozko abaderik eta meza latinez ere eman ahal izango du», eta erantsi: «Edo soldadore, zeren burua gustuko bazkaz elikatu ondoren beharbada bestelako lan-ibilbidea abiatu nahi izango baitu».

Azken hori semearen erabakia babestearren esaten dut, jakina, zeren aitortu behar dut kontu honetan amaren harrotasunetik bezainbat dudala amaren kezkatik, eta bai, nik ere pentsatzen dudala «eta gero zer», zeren latinezko eta grezierazko testu guztiak jada itzulita baitaude eta ikerketak ez baitu inoiz dirurik ematen, zeren hezkuntza-sisteman eta gizartean oro har humanitateek hutsaren hurrengo balioa baitute eta zeren gauzak asko ―askoegi― aldatu ezean ikasgelak laster Oteitzarena egiten hasiko baitira. Baina, aizu, gorputzak eta identitateak bezain likido eta bizitzak bezain zaurgarri bihurtu den/dugun/diguten gizarte ……………. (jarri nahi duzuna) honetan, zergatik ez dute gazteek sudur puntan jartzen zaiena ikasiko, ze, total, filologo zein soldadore zein matematikari, berdin-berdin izango dute bizitza prekario samarra eta (ezinbestean) borrokaz betea (bai, matematikariei ere amaituko zaie mauka, adimen artifiziala umotu eta etxetik joaten zaienean).

Korapiloa (II)

Baina ez nentorren hori esatera, edo ez hori bakarrik. Esan nahi nizuena da literaturak ekarri duela lehensemea erabaki irmo eta itzulbiderik gabeko honetara; zehatzago, euskarazko literaturak; eta are zehatzago, euskarara itzulitako literaturak (tira, eta Pirritx eta Porrotxen Irrien lagunak aldizkariak, horrek ere bai). Ume-umetako ipuin koloretsu eta jostagarriei fantasiazko liburuek jarraitu zieten, eta haiei mitologiari buruzkoek, eta haiei historiaren gainekoek eta bestelako irakurgaiek. Ez ditu denak euskaraz irakurri, noski, beste hizkuntza batzuk ere baditugulako eskura eta ―enegarrenez diot― gazteek benetan gustuko eta gertuko eta beren dituzten euskarazko liburuen hutsunea ere oso oteitzarra delako. Baina euskaraz irakurritakoek ekarri dute beste hizkuntzetakoetara, eta, nerabezaroan batzuetan gezurra badirudi ere ―ai nire juaneteak―, euskara eder eta galantezkoa da bere ezagutzaren lehen geruza sendo eta ondo trinkotua.

Amaiera

Nolanahi ere den, ez naiz etorri kexatzera, ezpada literatura-itzultzaileen lana aitortzera. Semeek zuek euskarara itzulitako hitzekin (ere) ikasi dute berbetan, irakurtzen, jolasten, artegatzen, beldurtzen, irrikatzen, idazten, lasaitzen, maitatzen eta barre, salto, negar egiten. Bereziki aipatu nahi dut Suzanne Collins idazle estatubatuarraren Gose jokoak trilogia, Koro Navarrok gozoki itzulia, duela laur urte mugarri bat ezarri zuelako gurean (hori hurrengo baterako). Baina beste liburu asko eta askok ere liluratu gaituzte eta beste hainbat itzultzaile ere izan zaituztegu ondoan. Zuei guztioi, eskerrik asko.

Erdaraturiko literaturari begira

Elizabete Manterola Agirrezabalaga

Aste honetan hamahiru urte bete dira doktore-tesia aurkeztu nuenetik. Erdaraturiko euskal literatura izan nuen aztergai lan hartan, eta euskal literatur liburuak zer hizkuntzatara eta zer bidetatik itzuli izan diren ikertzen jardun nuen. 2010 arteko datuak bildu nituen harako hartan. Duela gutxi datu eguneratuak bildu eta aztertzen ibili naiz, eta azken hamabost urte hauetan izan den garapenari buruzko gogoeta batzuk ekarri nahiko nituzke gaurkoan.

NorDaNor datu basean euskaratik beste hizkuntzetarako 839 itzulpen zenba daitezke 2010-2024 artean. 1980-2010 bitartean, aldiz, 863 itzulpen. Alegia, azken hamabost urteetan aurreko hogeita hamar urteetan adina ekoitzi da. Euskaratik eta euskarara itzuli dena alderatuz gero, bestalde, ikus liteke bi norabideetako itzulpenen proportzioa desorekatua dela: 2010-2024 bitartean, 3.862 itzulpen egin dira euskarara, hortaz, bost itzulpenetik bat besterik ez da euskaratik beste hizkuntzetara egin. Beste azterketa batzuek erakutsi dutenez, ohiko proportzioa dugu hori hizkuntza gutxituen kasuan.

Batez beste urtean 54,6 erdaratutako liburu argitaratu ziren 2000ko hamarkadan, 47,6 2010eko hamarkadan, eta abian dugun 2020ko hamarkadan, aldiz, 52,3. Badirudi jaitsieraren ostean goranzko joera hartua dela berriz. Dena den, azterturiko epealdian eboluzio kronologikoa ez da jarraitua izan; 2010eko hamarkadan krisi ekonomikoak eragin nabarmena izan zuen, bai eta 2020ko pandemiak ere.

2010 arteko datuetan ikusi genuen haur eta gazteei zuzenduriko lanak zirela nagusi erdaratutako liburuen artean. Joera hori bat zetorren euskaraz sorturiko lanekin eta euskararako itzulpenarekin, haietan ere haurrei eta gazteei zuzenduriko lanak baitira nagusi. Alabaina, joera aldaketa bat ikusi dugu azken urteetan; 2010-2024 epean helduentzako literatur lan gehiago itzuli dira haur eta gazteei zuzenduriko lanak baino. Hain zuzen, azken urteetan helduentzako literatur lanek erdaratutako lanen lautik hiru hartzen dituzte. Joera zeharo aldatu da, hortaz. Euskaratutako lanen proportzioarekin alderatuta, bestalde, kontrako joera ikusiko dugu, lautik hiru baitira haur eta gazteentzako liburuak euskaratutako lanen artean.

Generoei dagokienez, berriz, narratiba lanak dira nabarmen nagusi 2010-2024 epealdian ere, eta askoz urriagoak ditugu poesia liburuak, komikiak, saiakera lanak zein antzezlanak. Autore itzulienen artean Bernardo Atxaga, Kirmen Uribe, Harkaitz Cano eta Joseba Sarrionandia aipa litezke helduentzako lanei dagokionez, eta Juan Kruz Igerabide eta Mariasun Landa, bai eta Alaine Agirre eta Leire Bilbao haurrentzako lanetan. Emakume idazleen lanen itzulpen kopurua handitzen joan da azken urteetan, gaztelaniarako itzulpenean batik bat. Itzulgaiei dagokienez, literatura garaikidea itzuli da gehien: XXI. mendeko liburuak izan dira itzulitako lanen erdiak baino gehiago.

Gaztelaniak jarraitzen du xede hizkuntza nagusi izaten, eta itzulpenen ia erdiak hizkuntza horretara egin dira, eta oso urrunetik jarraitzen diote katalanak, ingelesak, galegoak, frantsesak, italierak zein eslovenierak. Esanguratsua iruditu zaigu eslovenieraren igoera aurreko urteetako datuekin alderatuta. Izan ere, xede hizkuntza nagusien artean kokatu da. Horrekin batera, nabarmendu behar da espainiar estatuko hizkuntzetarako itzulpenak esportazio osoaren ia bi heren hartzen duela. Aurreko aldian baino apur bat baxuagoa da proportzioa, dena den. Jaitsiera, batez ere, katalanerako eta galegorako HGL lanetan izan da.

Xede hizkuntza kopuruak gorantz jarraitzen du, eta horrekin batera itzultzaile kopuruak ere bai. Gero eta gehiago dira euskaratik zuzenean beste hizkuntza batzuetara itzultzeko gai diren itzultzaileak, izan ama hizkuntza euskara dutenak, izan helduaroan euskara ikasi dutenak. Aurreko azterketetan baino liburu gehiago topatu dugu zuzenean itzuli izana aitortu dutenak. Dena den, zeharkako itzulpenak ere egin egiten dira eta zenbait kasutan xede hizkuntza jakin batzuetara itzultzeko aukera bakarra izaten da. Zeharkako zenbat itzulpen izan den jakitea oso zaila suertatzen da, aurreko azterketetan ikusi izan dugunez, liburuek gutxitan aitortzen baitute zeharbidez eginak direnik. Dena den, gaur-gaurkoz jarduera onargarria da gurean. Horren erakusgarri, Etxepare-Laboral Kutxa saria bi ediziotan zeharka eginiko itzulpen batek irabazi izana. Edota, euskararako itzulpen norabidean, Literatura Unibertsala bildumarako itzulpen-lehiaketaren oinarrietan aipatzea zeharbidezko itzulpenik izatera, itzultzaileak kasu horretan testu bat baino gehiago kontsultatu beharko lituzkeela.

Itzulpenak non argitaratu diren begiratuta, honakoak izan dira herrialde hartzaile nagusiak, hurrenez hurren: Euskal Herria, Espainia, Katalunia, Galizia, Eslovenia, Italia, Estatu Batuak eta Erresuma Batua. Inondik ere pisu esanguratsua dute Euskal Herrian argitaraturiko itzulpenek, hain zuzen itzulpenen % 30etik gora bertan argitaratu baita. Datuok aztertuta azpimarratzekoa iruditzen zait euskal literatura erdaratzeko lanean diharduten argitaletxeen lana. Izan ere, argitaletxeen zerrenda osatuta euskal argitaletxeak dira euskaratik erdaretara itzuliriko liburu gehien merkaturatzen dituzten argitaletxeak.

Azpimarratzeko azken datua euskal kultura atzerrian ezagutarazteko erakundearen sorrera dugu. Etxepare Euskal Institutua azterturiko epean jarri zen abian eta berebiziko eragina izan du euskal literaturaren atzerriko sustapenean. Etxeparek kudeatzen ditu itzulpenerako dirulaguntzak, laginak itzultzeko laguntzak ere ematen ditu, bidaia-poltsak esleitu, bai eta euskaratik eginiko itzulpen onenari saria eman urtero. Itzultzaileak trebatzeko hainbat ekimen ere lagundu ditu, Itzultzaile berriak programa abian jarrita konparazio batera. Programa horretan parte harturiko itzultzaileei esker hainbat hizkuntzatarako itzulpen kopuruak gora egin du azken urteetan, gorago aipaturiko eslovenierarakoak, esaterako, edo bulgarierarakoak.

Itzulpen trukeen eboluzioari erreparatzeak laguntzen digu ikusten zer harreman dituen euskal literaturak beste hizkuntza batzuekin, zer aldaketa sortzen diren denboran zehar eta zer leku betetzen duen euskal literaturak mundu literaturan. Gertutik aztertzen jarraituko dugu aurrerantzean ere.

Nork nori zor

Manu López Gaseni

Aurreko batean euskal hizkera literarioaz idatzi nuen testuaren jarraipena izan nahi du gaurko honek. Jarraipena edo, akaso, hizkera literarioaren beste ikuspegi bat, estilo deritzogun haren azpimultzo bati erreparatzeko.

Euskal itzultzaileok harro-harro darabilgu Anjel Lertxundi totem moduan, gutaz eta gure lanaz ez gutxi idatzi duelako, belarria goxatu digulako, gure jardueratik zenbat ikasi duen xehe-xehe azaldu duelako, idazleek itzultzaileoi zenbat zor diguten behin eta berriz esan duelako.

Idazleek asko ikasi omen dute itzultzaileengandik. Oso ondo. Galtzerdiari buelta eman diezaiogun orain, galdera moduan: Eta itzultzaileek zer/zenbat ikasi dute idazleengandik? (Onar dezagun gaurkoz idazle deitura autore adieran, amaigabeko zehaztasun metalinguistikotan ez galtzeko).

Sarritan iradoki da itzultzaile literarioa, neurri batean behintzat, idazle edo sortzaile ere izan beharra, segur aski adierazi nahian, hizkuntzaren mekanismoak ondo ezaguturik, ohiko errutina denotatibotik ateratzen gaituzten diskurtso gogo-altxagarriak sortzeko gai izan beharko lukeela, baita bere itzulpenetan ere. Anbiguoa, badakit. Eta, horretarako, ezinbestekoa da literatura-tradizioa ezagutzea. Tradizio klasikoa eta tradizio garaikidea, eta haietan dauden hizkuntza-perlak barkatu, eta hizkuntza-bitxiak, urriagoak, gogoan hartzea.

Eta hemen dago, azkenean, estiloaren kontua. Ez baitira asko estilo edo ahots propio nabarmen bat garatzea lortu duten idazleak. Gutxi batzuk belaunaldi bakoitzean, eta batzuetan ez dira belaunaldi-burutzat hartu ohi direnak, nire iritzian (eta horrek esan nahi du estiloaren aurretik beste ezaugarri asko diratekeela kanonak ezartzeko orduan; baina gai hori, kanonarena, beste baterako utziko dut). Bestalde, estilo baten jabe izatea ez da ona berez, gerta baitaiteke, iritziak iritzi, urliaren estiloa zoragarria izatea, eta sandiarena, berriz, pairaezina.

Zertara datorren hau? Bateko eta besteko hari-muturrak lotuta, irudikatu nahi nuke itzulgaia irakurri eta bere baitan, adibidez, zera esango lukeen itzultzaile bat: Testu honen tankera ikusita, euskaraz primeran geratuko litzateke Koldo Izagirreren estiloan emanda, eta halaxe euskaratuko dut.

Oraindik orain argitaratutako Anjel Lertxundi: idazlea eta obra izeneko azterketa/omenaldi liburuan, zera dio Idoia Santamaríak: “Nik, berriz, itzultzaile gisa, behar-beharrezkoa dut berrogeita hamar urtez estiloa lantzen aritu den idazle baten begirada eta ekarria. Kanpoko ahotsak euskarara ekartzeko, beharrezkoa dut sortzaile horren lana, ikusi eta ikasi behar dut nola erabiltzen duen hizkuntza (…) adierazi nahi duena adierazteko, nik ere tresna hori bera erabili behar baitut aldiro kanpoko ahots eta paisaia berri bat gurera ekartzeko” (Zabalondo & Gurrutxaga, ed., 2024: 130).

Estilo-ereduaren aukera ezin da egin jatorrizko testua kontuan hartu gabe. Ez alferrik, idazle-lanbidetik bereizteko, itzultzailea sarea babes lan egiten duen orekari bat dela dio metafora maiztuak. Idazlea eta itzultzailea, biak sortzaile. Hala ere, estiloari dagokionez, ñabardura garrantzitsu bat egin behar da: Idazleak estilo propio bat bilatu beharko luke, baina itzultzaileak debekatua du estilo propiorik izatea.

Metaforako sarea baldin bada jatorrizko testuaren egitura, pasarte-banaketa, esaldien antolaera, esamoldeak eta hitzak, haiek guztiak euskal estilo baliokide batera aldatu beharko lituzke itzultzaileak, eta horretarako euskal idazleen estiloen katalogoa du eskura. Itzultzaileak eta idazleak, biek dute jauzi bereziki zail batean trapeziotik erortzeko arriskua, baina askoz handiagoa da, noski, idazlearen erorikoa (eta hobe luke estiloz eramatea).

Magialaria ere balia liteke itzultzailearen jarduna irudikatzeko. Hizkuntza bateko berbak erakutsi, zapiaren azpian ostendu, hagaxka magikoaz jo, eta beste hizkuntza batekoak agerrarazi, ikusleen pozerako. Eta magorik arrakastatsuena, trukea nabaritu gabe eta era estilotsuan jokatzen dakiena. Emankorra, zirkuko jarduera-saila; literaturaren inguruko eragile guztiak ere bertan irudika litezke (esleipena, nahieran): lehoi-hezleak, clown jakintsua eta clown memeloak, indartsu bibotedunak, sabeliztuna, su-irenslea… Artearen komedia, zahar ahaltsu, pierrot eta arlekin guztiekin.

Idazlea eta itzultzailea, eta bien artean, estiloa. Hauxe idatzi zuen Anjel Lertxundik Itzuliz usu begiak saiakeran (190. or.): “Edozein hizkuntzatako idazle-belaunaldi bat, baita hizkuntzarik hegemonikoenean ere, ezin da erregistro, gai eta giro guztietara heldu. Are gutxiago euskaraz. Baina idazleok uste duguna baino bide luzeagoa egin dezakegu estiloaren aldetik euskarara ekarritako ispiluetan begiratuta”.

Itzultzaileok balakatuta sentitzen gara Lertxundiren diskurtsoarekin, baina, funtsean, ondo dakigu laudamen horiek, neurri handi batean, estiloaren maisu batek, etorkor, guraso batek bere umeari nola, bigarren graduko testugileei emandako adorea direla.

Eta hau guztia, Böll eta Azpirozen hitzetan esateko, pailazo baten aburuak.

Sagarra manzana

Anjel Lertxundi

I

Angel Erroren azken liburuaren tituluak (Itzulpena-Traducción) itzulpengintzari buruzko saiakera bat iradoki dio liburu-dendan sartu berri den bezeroari. Liburua zabaldu du. Hitzaurre labur baten ostean, hiru aipu. Lehendabizikoa, euskal tradizioko pieza bat: «Sagarra, manzana; ikatza, carbón; mujer, andria; hombre, gizon». Ume kanta erritmiko bat da, bi hizkuntzetako hitzekin osatutako itzulpen xalo, sinple, primitiboa. Hitz arrunten itzulpen-jolas bat.

Bigarren aipua, luzea, W.H. Auden poeta britainiarrarena da; neketsua egin zaio bezeroari, urruti dago sagarra manzanen jostakaritik:

«It is conceivable that a genuine bilingual poet might write what, to him, was the same lyric in two languages, but if someone else were then to make a literal translation of each version into the language of the other, no reader would be able to recognize their connection».

Liburu-dendako bezeroak ez badu Audenen aipua gaizki ulertu: pentsatzekoa da poeta elebidun bat badela gai poema bat bi hizkuntzetan emateko. Baina hirugarren batek bertsio bakoitza itzuliko balu hitzez hitz, ezein irakurle ez litzateke gai izango bien arteko lotura hautemateko.

Liburuaren atariko hirugarren aipua Antonio Casado da Rocha errenteriar filosofo eta poetaren Esku ezkerraz liburutik hartua da (Utriusque Vasconiae, 2011). Aratza da, ez du glosa baten premiarik.

«Zorionekoak laugarren hizkuntza ikasten ari zaretenok,
poesia zer den ikasi baituzue.
Zorionekoak hirugarren hizkuntza ikasten ari zaretenok,
elebidunak baitzarete.
Zorionekoak elebidunok,
mundua izendatzeko bi maneretan partaide baitzarete.
Baina zorigaitza zuei, elebakarrak; zuentzako kalte».

Liburuaren izenburuak ―Itzulpena-Traducción itzulpenari buruzko tratatu baten aurrean gaudela ematen du bete-betean. Baina Errok atarian emandako hiru aipuetako poesiari buruzko erreferentziak dira muina. Eta liburuaren egilea poeta bat da, bezeroak ezagutzen du haren poetika, ezagutzen ditu Erroren esperimentu poetiko batzuk: bi urte eskas dira bezeroak Erroren Poema liburu bat irakurtzeko jarraibideak azpimarrez eta oharrez bete zuela. Beste hiruzpalau urte dira Antonio Casado da Rocharen Ezker eskuaz poema liburua irakurri zuela, eta ganoraz bezain gustuz irakurri zuela Errok idatzitako hitzaurrea ere.

Bezeroak liburua erosi du.

II

Liburuaren izenburuak eta atariko hiru aipuek Angel Erroren lanaren nondik norakoa iradokitzen dute, baita pista lanbrotuak barreiatu ere. Irakurlearen arreta erakartzeko baliabideak dira: Itzulpena-Traducción ez da inondik ere itzulpengintzari buruzko tesi edo ikerlanakademiko bat, ezta kale-baleko saiakera bat ere. Angel Erroren Itzulpena-Traducción testua idazle elebidun baten tractatus poetiko bat da bete-betean, hausnarketa eta aktibitate artistiko bat bi hizkuntzen edo gehiagoren arteko harreman eta zurrunbilo beti berrituen igeriketan, garrantzi betea emanez poesiaren eta itzulpenaren arteko harremanari. Elebitasunari etekin estetikoa atera dion hizkuntza bat izan da euskara tradizionalki (sagarra-manzana da adibiderik xume bitxiena), eta, hortik abiaturik, formula desberdinak baliatuta, oso da interesgarria elebitasunaren kontzientziak estetikan eragin ditzakeen planteamenduez, bide-gurutzeez, lorpenez eta bide berriez hausnartzea.

Demagun lehendabiziko poema; ezker orrialdekoak Ispilua du izena, Espejo du eskuinekoak. Bi poemen abiapuntua eta muina ―argia eta irudiak islatzen dituen kristal-klasearen efektu bisuala― berdinak dira bi hizkuntzetan, baina desberdina da poetak atera dien etekina hizkuntza batean zein bestean. Ispilua gaztelaniaz emana dago; Espejo, euskaraz. Gaztelaniazko testua zorrotz trinkoa da; euskarazkoa, aldiz, konkretuagoa. Irakurleak gai berari buruzko bi poema desberdin irakurri ditu, euskaraz bata, gaztelaniaz bestea. Gozamen poetikoa jasotzeaz gainera, ondorio bat baino gehiago atera dezake elebitasunaren talaiatik, itzulpengintzaren errealitate desberdinetatik, hizkuntza ahulenaren flakietatik, hizkuntza nagusiaren estetikak hizkuntza menostuetan eragiten duen diglosiatik, Errok hainbat poemetan jariatzen duen ironiatik. Bi poemek berdina zuten muina, baina desberdina da emaitza, bi poemen arteko antza ez dago sortutako testuetan, haien abiapuntuan baizik: poetaren intuizio bakarra bi testu desberdinetan emantzipatu da.

Hurrengo bi orrialdeetan ere, halatsu: ezker orriko poemak Caos personal du izena, Kaosaren eragina eskuinekoak. Humus beretik sortuak eta giro berdintsukoak dira bi hizkuntzetan emandako bi poemak. Hurbil daude elkarrengandik.

Gainerako poema bikoitzak ere ezker-eskuin doaz parez pare, gai interesgarri bat ardatz hartuta ―bakardadea, heriotza, sufrimendua, maitasuna, galera, ustekabea…―, baina bi hizkuntzetan eta garapen desberdinekin. Bi orri, bi poema. Salbuespen bat kenduta, ordea, liburuaren nahiko hasieran: ezkerreko orrian Nada izenburua daraman poema Patria, verdad, arte, poesía hitzekin hasten da eta lau lerro ditu; euskarazko bertsioak, ordea, bi orri oso hartzen ditu eta hamalau silabako berrogeita lau bertso-lerro, eta Aberria, egia, ertia, poesia du izena. Luzeran oso desberdinak izateaz gainera ―liburuaren diseinu beti bera eteteraino―, edukiek ez dute elkarren ageriko antzik. Erroren bapateko sorpresa horietako bat da ironiaren eskutik, irakurlea errutinatik ateratzera beharturik izenburuetatik hasita: Nada dio batek, Aberria, egia, ertia, poesia besteak.

Hortik aurrera, pixkanaka-pixkanaka, ezker-eskuineko orrialdeetan dauden bi poemak urruntzen joango dira, ez beti eta ez erabat, elkarrengandik; urrundu edo desberdindu egingo dira izenburuak, urrundu edukiak ere, eta luzerak, eta keinuak, baina askotan dago elkarren arteko loturaren bat: gaia, tonua, giroa, ironia, memoria literarioarekin lotutako espresioren bat…

Eta III

Material guztia hiru atal nagusitan banatua dago. Itzulpena izenekoan, euskaraz daude ezkerreko orrian, gaztelaniaz eskuinekoan. Traducción izenekoan, alderantziz: gaztelaniaz lehendabizi, euskaraz gero. Hirugarren atalean, berriro euskaraz lehendabizi eta gazteleraz gero, baina izenburuak beste hizkuntza batzuetan daude, elebitasunetik aniztasunera garamatzate italierak, latinak, frantsesak, portugesak, ingelesak, beste kultura batzuetako leihoak zabalduz…

Nekez imajina daiteke itzulpenik gabeko mundurik. Nekez imajina daiteke poeta euskaldun berrien esperientzia estetikorik gabeko (Gabriel Aresti, Mari Luz Esteban, Angel Erro, Antonio Casado da Rocha…) euskal lurralde poetikorik.

Poetak atzerrieraz

Angel Erro

Lagun artista batek azkenaldian zoratuta omen daukan poeta albaniar edo montenegroar bat gomendatu dit, bulgariarra beharbada. Nik berehala ondorioztatu dut haren obra leitzeko gomendatzen ari zitzaidala, zehazkiago berak irakurriko zion poema liburu zehatza. Ohar mentala hartu nuen, gauzak gogoratzeko eta berandu gabe ahanzteko bide ekologikoena baita. Bere unean egiaztatu nuenez, poeta atzerritar horrek ez du libururik euskaraz, eta gaztelaniaz bakarra dauka. Beraz, nire laguna itzulpen bat aholkatzen ari zitzaidan berez.

Ez ohi dugu kontuan hartzen: egileen izena metodo sailkatzaile hutsa da, haren obra osatzen duten liburu guztiak azpian erraz hartzeko erabiltzen duguna; liburu horien itzulpen guztiak ere barnean hartzen dituela ahantzi ohi dugu.

*

W. H. Audenek ingelesezko poetak (hots, ingelesezko poeten obra; hots, ingelesezko poeten obra osatzen duten liburuak) baino irakurtzen ez zituela –hots, itzulitakorik ez– sinetsita nengoen, baina gaizki gogoratuko nuen, ez baitut aipu zehatza inon aurkitu. Edonola, horrelakorik nekez esan ahal izanen luke euskal poeta batek, oso unibertso poetiko estua duelako salaketa bereganatu nahiko ez balu behintzat.

Audenek idatzitakoen artean aurkitu dudan gertukoena Kavafisen poemen (ingelesezko) itzulpen baterako idatzitako testuan dago, poeta alexandriarrak berarengan izandako eragina hizpide:

Greziera modernoaren oinarrizko ezagutzarik ere ez dudanez gero, Kavafisen lana ingelesezko eta frantsesezko itzulpenen bidez baino ez dut jaso ahal izan. Horrek harritu eta neurri batean txunditu egiten nau. Poesia idazten duten guztiek bezala, beti pentsatu izan dut prosaren eta poesiaren arteko funtsezko aldea dela prosa itzuli ahal dela, eta poesia, berriz, ez. Baina norbaitek itzulpenetan baino irakurri ez duen poeta baten eragina jaso ahal badu, sinesmen hori berraztertu beharra dago.

Aurrerago, ematen du itzulgarritasuna poesia mota jakin batera mugatzen duela: “Nekez itzuli ahal izanen da poeta guztiz liriko bat, solasean gabe kantuan aritzen den bat”. Kavafis itzulpenean eragozpenik gabe irakurri ahal izatea, beti zerbait galduko dugula onartuta ere (“hiztegian zein sintaxian egiten duen greziera garbizale eta demotikoaren arteko nahastura”), poesia molde gehienbat narratiboaren ondorioa litzateke nolabait.

Seguruenik hitz hauetatik ondorioztatuko nuen, nire gogoan hitz biribilagoekin gogoratzen banuen ere, Audenek jatorriz ingelesez sortzen duten egileen poesia baino ez zuela irakurtzen. Agian hizkuntza hegemoniko batean aritzen den batek esan ahal lukeen adierazpentzat nituelako funtsean.

Zorionez besteok ezin dugu holakorik esan.

*

Zorionez? Ezin dugu?

Orain gutxi Susa argitaletxeko Munduko Poesia Kaierak bildumaren 50. zenbakia ospatzeko, hildako poeten lana baino ez euskaratzeko irizpideari aurka egin eta oraindik hil gabeko poeten antologia txiki bat atera da, zeinean 39 itzultzailek parte hartu duten (dugun), bakoitzak bere gustuko poeta (baten poema) bat hautatu eta euskaraz emanda. Alea jaso dudanean arreta deitu dit gaztelaniaz jarduten duten poetek bertan duten presentzia altuak. Nik neuk kopuru hori handiagotzen dut itzultzeko aukeratu dudan poetarekin. Beraz, ez nuke nahi hau inolako gaitzespentzat ulertaraztea nahi. Barruan darabilzkigun mekanismoen nolakoa ulertzeko saiakera hutsa da. Eta gutaz zerbait esaten du, ez derrigorrez txarra.

MPKrena bezalako eskaintza datorrenean, gustuko poema jakin bat eskaintzearekin batera, egile bat(ekiko dugun lotura edo eragina) aldarrikatzeko aukera moduan ere hartu ohi dugu, ahal bada ze irakurle fin garen jendaurrean erakusteko aukera emanen diguna. Beste norbaiten lan labur bat euskaraz emateko aukerarekin batera geure burua saldu ahal badugu, hainbat hobe. Gauza bera egiten dute, ez pentsa, beste norbaiten lanaren hitzaurrea idazteko eskatzen dioten idazleek ere.

Beste garai batean bataz besteko euskal egileak (bere erdara partikularretik) ahalik eta hizkuntza urrunagoan –albanieraz, montenegroeraz edo bulgarieraz, esaterako– idazten duen poeta bilatuko/aholkatuko lukeelako susmo agian oinarririk gabeak hartu nau. Susako Askoren artean bildumak erakusten du ez dela hala. Hautatutako poemen heren bat, hain zuzen, 39tik 13, itzultzaileek “berezkoa” duten erdaratik itzuli dute (dugu): 12 gaztelaniatik, 1 frantsesetik.

Agian beste paradigma batean gaude. Zorionez. Dagoeneko ez diogu geure erdarei ezikusia egiten, existitzen ez direlako fikzioarekin euskarari (edo geure buruari) mesede egiten diogulakoan. Audenez ere oroitu naiz, Audenen ustezko errezeloez. Ez poesia itzuli daitekeen (jakina baita baietz). Bizitza aldatu(ko) digun poeta atzerrieraz irakurtzerik ote dugun. Nire lagun artistak argi dauka baietz. Nik ere bai, suposatzen dut.