Itzultzaile lanean ibiltzen garen edo inoiz ibili garen hiru lagunek topo egin genuen nolabaiteko adiskideen bilera zabalago batean. Sexu kontuez mintzatzen hasteko atariko galdera molde hau atera zen noizbait: โEta zein izanen litzateke, orduan, itzultzaileon bekatu kapital nagusia?โ. Zazpiak atera genituen hizpide, izen-abizenak emanez kasu batzuetan, eta adibideren bat ere bai, taldeko besteak aspertu arte. Beranduago, etxerako bidean, eta agian hemengorako artikulu posible baten asmo lausoa buruan, hausnarrean hasi nintzen guztietan zein izan zitekeen gurean larriena: bekaizkeria, abarizia, hantustea, nagia, asekeriaโฆ Ez dut gogoan ondorio argi batera iritsi izana.
Orain, denbora dezente igaro dela, eta entrega eguna gainean dudala, argixeago daukat zein joko nukeen nik itzultzaileen bekatu nagusitzat, ez hainbeste hari zer izen eman. Buruirizkeria? Alferkeria? Duela gutxi ikusi dut halako kasu bat. Argentinako egile batek idatzitako โsalida de baรฑoโ hartu eta โbainutik irteteaโ eman duenarena. Eta, horrek testuinguruan zentzu handirik ez zuen arren, hala utzi zuzentzaileak eta editoreak. Nik ez nuen inoiz espresioa entzunda, baina atzera-bilaketa bat eta Google Images aski izan ziren idazle argentinarrak euskaraz โtxabusinaโ esan nahi zuela asmatzeko.
Natalia Ginzburgek bi tokitan kontatzen du โpoetak dioenez, muntako gauza batzuk bitan esan beharra dagoelakoโ aurrenekoz liburu bat itzultzen hasi zenean Leone senarrak emandako aholkua, nire iritziz inoiz itzultzaile bati eman zaion zorrotzena, ia sadikoa, baina emazteak hitzez hitz bete omen zuena: hitz guzti-guztiak bilatzeko hiztegian, are ezagunak zituenak ere, are etxe ere[1].
Hiztegi mendekotasun gehiegizkoa ere bekatu larria izan daiteke โhortaz ez bide zion ohartarazi Leone Ginzburgek Nataliari, bere kasa ikasiko zuen berakโ, baina argi dago ezen hobekien dakizula uste duzun hizkuntzan ere ez dakizkizunen eremua potentzialki infinitua dela susmatzea bertute handia dela, hain zuzen, hiztegian bilatuta ere, izendatzen asmatzen ez dudan bekatu kapitalaren ifrentzuzkoa.
[1] โLeone mi aveva detto che dovevo cercare tutte le parole nel vocabolario: anche quelle di cui sapevo il significato. Era sempre possibile trovare un termine piรน preciso e migliore. Questa frase la presi alla lettera e cercavo proprio ogni parola, anche maison. (Postfazione, in Marcel Proust, La strada di Swann, 560. or. (Einaudi, 1990). โQuando ebbi finito di tradurre le prime quattro pagine, le diedi da vedere a mio marito, Leone Ginzburg, il quale mi disse che erano tradotte assai male. Allora, lentamente, ricominciai. Mio marito mโaveva spiegato che dovevo cercare ogni parola nel vocabolario, ogni parola, anche quelle di cui sapevo benissimo il significato, perchรฉ poteva, il vocabolario, suggerire una parola piรน precisa e miglioreโ. (Come ho tradotto Proust, in ยซLa Stampaยป, Torino, 1963ko abenduaren 11, 7. or.).
Ez nuen Edorta Matauko ezagutu, baina, haren Gizadiaren oren gorenak itzulpena irakurri nuenetik, noizbait ezagutu nahiko nituzkeen pertsonen nire zerrenda imajinarioan zegoen. Haren heriotzaren berri izan, eta itzulpen hura gainbegiratzen aritu naiz egunotan; miraz, lehen aldiz irakurri nuenean bezala, eta arretatsu, Matauko nire begietan eredugarri zerk bilakatu zuen zehaztu nahian.
Mataukok berak gauza gutxi azaldu zuen Stefan Zweigen liburuaren itzulpen-prozesuaz, edo gutxi dira behintzat komunikabideetan jaso zirenak; aurkezpen-egunean aipatutako hiruzpalau zertzelada baino ez, baina garrantzia zeri ematen zion antzemateko lain. Lehenengo eta behin, asmo-adierazpen orokor bat, Ortzadar gehigarriko elkarrizketa batean Andoni Lopez kazetariari kontatua:
Nik hasieratik neukan garbi. Liburu hau liburu jasoa zen, hizkera jasoa zeukan, eta horri ezin zaio iskin egin itzulpen batean, hizkera jaso hori, prosa kultua itzuli egin behar da. Hori ez dago errazterikโฆ Euskal itzulpengintzak ere badu maila bat edozein hizkuntzaren prosa, prosa jasoa ere, itzultzeko, zalantzarik gabe. Azken mende erdian izugarrizko aurrerapenak eman dira.
Eta Zweigen hizkera kultua itzultzeko bide horretan, bi makulu baliatu zituen Mataukok: lexiko hautaketa oso zaindua eta era berean askea, batetik, eta hitzen soinuarekin jolasteko gustua, bestetik. Lehenengoari dagokionez, honela jaso zuen Xalba Ramirezek Irutxuloko Hitza agerkarian Mataukok liburuaren aurkezpenean esandakoa: โModu โeklektikoanโ aritu dela onartu du itzultzaileak, eta euskara batuak onartzen dituen sinonimo kopuruetan libreki mugitu dela, bere estilo propioa garatuzโ. Hitzen soinuari ematen zion garrantziaren erakusgarri, Berria egunkarian Amaia Jimenez Larrea kazetariak jasotako Mataukoren hitz hauek: โBegiez gain, belarriak ere erabili behar dira itzultzeko orduan, hitzak hotsak baitiraโ.
Modu eklektikoan eta euskara batuaren sinonimoetan libre mugituz aritu zela zioen Mataukok. Bada, haren liburua edozein orrialdetan ireki, eta erraz topatuko ditugu jokamolde horren erakusgarriak. Kontzeptu bat izendatzeko gehienoi burura etorriko litzaigukeen lehen proposamenarekin konformatu ez, eta euskararen ondarean arakatuta bestelako aukerak berreskuratzen eta proposatzen ditu maiz: iturri edo iturburu adierazteko, iturbegi (17. or.); gorroto edo ezinikusi adierazteko, gibelmin (17. or.); pisu edo zama adierazteko, hazta (42. or.); talde adierazteko, aralde (45. or.); olatu adierazteko, baga (102. or.); oturuntza adierazteko, tripa-festa (102. or.); maitasun adierazteko, maitazarre (103. or.); askatzaile adierazteko, jaregile (144. or.)…
โEuskara batuak onartzen dituen sinonimoakโ zioenean, gainera, euskara batu orohartzaile bat bide zuen buruan. Ekialdean orain, mendebaldean gero, Mataukok handik eta hemendik aukeratzen ditu hitzak, dena da batua premisapean. Hiztegietan iparraldeko marka duten utzietsi (16. or.), erroteria (19. or.), oraino (20. or.), nehoiz (102. or.), lotseria (103. or.), kausitu (144. or.) eta beste hainbat baliatzen ditu, esate baterako, baina baita bizkaiera markadun maraztasun (16. or.), gura (19. or.) eta beilegi (140. or.) ere, adibidez. Dotore, oparo, orekatu.
Lexiko hautaketa aberats hori, dena den, ez da apeta berekoi eta bakarzale batek bultzatua. Mataukok oso gogoan du irakurlea, eta ondo neurtzen du zer non sartu, ulermenari traba ez egiteko moduan. Titakatu eta guda-oin hitzak, adibidez, ezezagun samarrak izango zaizkigu askori bakarturik irakurriz gero, baina ez dira batere eragozpen pasarte honetan:
Baso ilunezko olatu eztietan, muinoek titakatzen dute landa zabala. Iturbegiei pol-polka darien oihartzun zilarra hedatzen da gelditasun bakartuan. Pentsalari sortzaileari, urte horietan guztietan azokan, foroan, guda-oineko kanpadenda barruan edo hainbat bidaiatan ibili eta gero, azkenik arima zabal-zabal egin zaio hemen. (17. or.)
Batzuetan irudimen handiz zukutzen du hizkuntza, mezua oso modu bisualean helarazteko. Zer da hots-tutua? Eta zer eskuak uztaitzea? Bada, begira zeinen erraz irudikatzen dugun hemen nola ari den sultana eskuak jartzen bere gudariei oihu egiten dien bitartean:
[Sultana], bere paxaek inguratua, zaldi gainean ur sakonean sartu, tunika busti egin, eta, hots-tutu moduan eskuak uztaiturik, ahots suminean oihuka agindu die beretarrei kristauen itsasontziak kosta ahala kosta hartzeko. (45. or.)
Hiztegi joria ez ezik, hitzen soinua ere garrantzi handikotzat jotzen zuela adierazi zuen Mataukok, gorago ikusi dugun bezala. Itzulpenaren aurkezpen-egunean kontatu zuen ezen, liburuaren izenburua hitzez hitz itzuli izan balu, Gizadiaren izar uneak aterako zitzaiola. Jatorrizko alemanezkoak hoskidetasun bat gordetzen omen du, ordea, eta berak ere gauza bera bilatu nahi izan omen zuen euskarazkoan: Gizadiaren oren gorenak. Izenburuan bakarrik ez; liburuan barna askotan igartzen zaio hitzen soinuarekin jolasteko asmoa. Hemen zerrendatzen ditudan bikote hauek kasualitatearen ondorio izan litezke, noski, baina Mataukoren iritzia ezagututa, litekeena da berariaz bilatutakoak izatea:
Beraz, kanoi sendoagoak lortu behar! Luzeagoak, helmen eta ahalmen handiagokoak, orain arte gerra-lanetan ezaguturikoak baino. (41. or.)
Astiro, temaz, baina eutsi ezinekoak, alimaleko kanoiek birrin eta irin egiten dituzte รฑirรฑirazko hozkadekin Bizantzioko harresiak. (42. or.)
Egia da gauean setiatuek zulo horiek adabatzen dituztela gero eta beharrezkoagoak diren oholesiz eta mihise-kanaz, baina, hala ere, ez da gehiago lehengo harresi sendo, ukigabea. (42.-43. or.)
Pasarte honetan, bestalde, nabarmena da r-aren aliterazioa, zer eta kanoi baten probaldia deskribatzen duenean:
Izugarrizko burrunba-hotsez su-orratzak gorrituriko ahoak tu egin duenean harrizko bola ahaltsua eta murrua porrokatu tiro-proba bakar batez, Mehmedek manua eman du laster artilleria oso bat egiteko neurri erraldoi horietan. (41. or.)
Ortzadar gehigarriko elkarrizketan, Mataukok esan zuen euskal itzulpengintzak bazuela edozein hizkuntzaren prosa jasoa emateko maila. Ados nago. Eta horren adibide ezin hobea Matauko bera da. Imajina ezazue itsas borroka indartsu bat, film bateko eszena zirraragarri bat, euskara bizi, zehatz eta adierazkorrean deskribatua. Orain, irakurri eta gozatu:
Orduan zerbait ikaragarria gertatu da. Haizea behingoan gelditu da. Iman batek atxikiak iduri, lau belaontziak guztiz hilik geratu dira itsasoaren erdian, salbabide duketen kaitik harrikada pare batera, eta, bozkariozko basa-garrasi batean, etsaien arraunontzi aldra guztiak erasoari ekin dio lau galeoi herbalduen gainera, lau dorreren antzera higige baitaude uraren gainean iltzatuta. Orein batekin ankerrak izaten diren artzain-txakurrak nola, ontzi txikiak abordatze-kakoez zintzilikatu dira handien alboetan, zurerian aizkora-ukaldi zorrotzak emanez hondorarazteko, talde beti berrituekin katuka igoz aingura-kateetatik, haize-oihalen aurka zuziak eta ilintiak jaurtikiz, irazekitzeko asmoz. Armada turkoaren kapitainak, bipil, beraren bandera-ontzia aurrerarazi du garraio-ontziaren kontra, erasoan hartzeko; dagoeneko bi itsasontziak bata bestearen barruan ahokaturik daude eraztunen gisan. Genoar marinelak, euren karelaren garaiak eta kota-mailek babestuta, hasieran oraindik atzera botatzen ahal dituzte gorantz igotzen direnak, oraindik oldartzaileak uxatzen dituzte kako eta harriekin eta su grekoaz. Baina laster hesialdiari amaiera eman behar zaio. Gehiegi dira gutxi-gutxi batzuen aurka. Genoar itsasontziak galduta daude. (44. or.)
Berandu bada ere, bihoakio hemendik Edorta Mataukori nire miresmenaren aitortza.
Euskaldunok ez dugu Erdi Arorik. Edo bai, nondik begiratzen zaion. Ez, ez naiz kontua ongi azaltzen ari; has dezagun berriz artikulua. Euskaldunok badugu Erdi Aro historikoa, bere errege-erreginekin, bere oinaztar eta ganboarrekin, agramontar eta beaumontarrekin, bere garaipen epikoekin โOrreagakoa, kasuโ eta bere porrot gogoangarriekin โAmaiurkoa, konparazio baterakoโ. Badugu, dudarik gabe, irudimenaren Erdi Aro historiko bat, zein aspalditik borrokagune bihurtu baitzen โnafartasun-espainiartasun esentzialaren jatorria ote, edota euskal estatuaren oinarri atzendu gabeaโ, baina euskaldunok, Textos arcaicos vascosen baimenarekin, salbatu eta guregana ailegatu diren zati eta pasarteei zor zaien begirune guziarekin, ez dugu Erdi Aro literariorik.
Izan dugu sona handiko faltsifikazio bat โAltabizkarko kantuaโ, baditugu nobela historiko batzuk โhala nola Anjel Lertxundiren Otto Petteโ, baita Arturoren legendaren berrinterpretazioren bat ere Joseba Sarrionandiaren eskutik. Baina Euskal Herrian ez dugu izan ez Chaucerrik, ez Boccacciorik, ez Chrรฉtien de Troyesik. Baina makurrena da inor guti saiatu dela eskasia horri konponbidea ematen. Edo, saiatzekotan, ttanttaka, dekamerone ttipika.
Borgesek erran zuen behin ezen, hungarieraz โedo txekiera zen?โ ez bazekien ere, segur zela hungarierak bazuela behar adina lan edonoren literaturzaletasuna asetzeko. Gauza bera erran liteke euskarari buruz? Ez dakit, bada. Bertzeak bertze, Erdi Aroa dugu falta, eta, norbait hutsune hori konpontzen saiatu zelarik, Garay de Monglavek Altabizkarko kantuarekin egin zuen bezala, zer eta genero aspergarrienera jo zuen, epikara alegia.
Aspaldi honetan, noiz ekarri dute azken aldiz euskara 19. mendekoa baino lehenagoko egile baten liburu bat, salbuespen homeriko-egeriarrak salbuespen? Noiz, ordea, bart arratsean publikaturiko eta ez dakit non arrakasta handia erdietsitako liburu bat?
Euskal Herrian ez dugu legenda arturikorik izan; ez dugu ez trobadorerik, ez Minnesรคngerrik izan; ez dugu sagarik izan; are larriagoa, Euskal Herrian ez dugu herensugerik izan. Bi izan dira โJ.R.R. Tolkien dixitโ Ipar Europako literaturaren dragoiak, Fafnir โvolsungarren sagakoaโ eta Beowulfena. Bietariko edozein ezagutu nahi izatera, euskara ez bertze hizkuntza batera jo beharko dugu, hutsune horrek antza inori ez baitio minik ematen. Antzinako mapetan, esploratu gabeko eremu ustez arriskutsuetan, hic sunt dracones idazten omen zen; gure literaturaren eremu zabal batean, berriz, hic non sunt dracones paratu beharko dugu.
Jean Duvoisinen (Ainhoa, 1810 โ Ziburu, 1891) itzulpen-lan jakin baten bila hasi eta berehala konturatu naiz zein gutxi dakigun Mitxelenaren esanetan โeuskal itzultzaileen buruzagi eta erregeโ dukegunaz (Mitxelena 1986 [Berrargit. OC 10, 577]).
Pierra Hariztoi abadeak 1892an โLe Capitaine Duvoisin et ses travauxโ artikuluan Ezpeletan hobiraturik dagoen idazlearen lanak aski zehazki aipatu zituenetik, beste inork ez du eskaini Jean Duvoisin idazle emankorraren lan guztien berri zehatzagorik, eta, euskal itzulpengintzaren historiaren ikuspegitik, bereziki larria iruditzen zait 2026. urtean ez edukitzea Duvoisinen itzulpen-lanen zerrenda fidagarririk. Aitortuko dut nire idatzi honen lehenengo asmoan hain zuzen hori eskaintzea zegoela, baina lanaren tamainak oraingoan ere gainditu nauela. Beste nonbait argitaratu nahi nuke, Demostenes Duvoisinek euskaratuaren edizioarekin batera, Duvoisinen itzulpen-lanen errebisio bibliografiko eguneratua, eta hemen, bitartean, Duvoisinen itzulpen-lan txiki bat hartuko dut, ikusteko zenbat alderditatik izan daitekeen interesgarri haren lanen azterketa.
Har dezagun Urruรฑan 1858an Anton Abadiaren babespean antolaturiko Koplarien Guduetan banaturiko hamalau aipamen-sarietako bat lortu zuenย โSuper flumina Babylonisโ itzulpena. โOihancelhayโ ezizenarekin aurkeztu zen idazlea, baina badakigu Jean Duvoisinen eskuz idatzia dela Anton Abadiaren paperen artean gorde den eskuizkribua (BnF Celtique et basque 164, 151.-152. fotogramak). Euskaraz sorturiko lanak aurkeztea zen ohikoena koplari-gudu horietan, baina latinezko izenburuak erakusten du Duvoisinek ez zuela ezkutatu nahi berak bidalitako lana itzulpena zela. Sarituen zerrendan ere hala agertzen da, โMentions honorablesโ sailean: โtraduction en vers du psaume Super flumina Babylonisโ (BnF Celtique et basque 164, 230. fotograma). Izan ere 137. salmo ezagunaren itzulpena da (Vulgatako 136.a) hemen grafia eta puntuazioa gaurko erara egokiturik emango duguna:
1 Super flumina Babylonis, illic sedimus et flevimus, cum recordaremur Sion. ย 2 In salicibus in medio eius suspendimus citharas nostras. 3 Quia illic rogaverunt nos, qui captivos duxerunt nos, verba cantionum, et, qui affligebant nos, laetitiam: โCantate nobis de canticis Sionโ. 4 Quomodo cantabimus canticum Domini in terra aliena?
5 Si oblitus fuero tui, Ierusalem, oblivioni detur dextera mea; 6 adhaereat lingua mea faucibus meis, si non meminero tui, si non praeposuero Ierusalem in capite laetitiae meae.
7 Memor esto, Domine, adversus filios Edom diei Ierusalem; qui dicebant: โExinanite, exinanite usque ad fundamentum in eaโ. ย 8 Filia Babylonis devastans, beatus, qui retribuet tibi retributionem tuam, quam retribuisti nobis; 9 beatus, qui tenebit et allidet parvulos tuos ad petram.
Babiloniako uren bazterrean, minez gare jarri iphuru gainean. Eta han, oi Zion, zutaz orhoitzean, oro eman gare nigar uharretan. ย Gure arrabitak zumeliketarik dilindan hor daude… Beude hor ixilik! Ilkhi gaituztenek gure herritarik galdetzen daukute gure kantetarik. ย Hunat gaituztenek ekharri gathibu entzun nahi dute hango zenbait kantu. Oi bainan guk nola… zer himno sakratu atze-herri hunetan kanta dezakegu? ย Ahanzten bazaitut, Zion onhetsia, hemen ihar bekit eskuin alderdia! Orhoitzen ez banaiz zutaz, oi herria, aho-gainari loth daidala mihia! ย Zutaz, bethi, zutaz nere asmuetan… zurekin gogoa… bihotza zu baithan…! Zutaz kanpo banu irri bat hortzetan, nihon bozten banaiz, hil benedi bertan! ย Orhoit zaite, Jauna, Edomen semeaz, Zion herrausteko egun gogor hartaz, Edom nola zagon izkola-marrumaz: โXahu! Xahu dena, burdin eta suaz!โ ย Babilondar andre gaixtagina, hiri, neri egin gaitza bekian itzuli! Haurra bekiaten bota harriari! Ez hazala nihork izan urrikari!
1. […] Babilonako hibaien bazterretan, han jarri gare eta nigarrari eman, Sionez orhoitzean. 2. Haren erdian sahatsetarik dilindan ezarri ditugu gure musikako tresnak, 3. zeren han, gu gathibu eraman gaituztenek galdegin baitarozkigute gure kantuetako hitzak. Eta gu erakharri gaituztenek erran darokute: kanta dizaguzue Siongo kantiketarik himno bat. 4. Lur atzean nola kantatuko dugu Jaunaren kantika? 5. Ahanzten bazaitut, oi Jerusaleme, ene eskuina ahantzia izan bedi. 6. Ene mihia ene aho-gainari josia geldi bedi, zutaz ez banaiz orhoitzen, ez balin badut Jerusaleme ezartzen ene bozkarioaren hastapentzat. 7. Orhoit zaite, Jauna, Edomen semeez, Jerusalemen xahutzeko egunean. Hekiek zioten: โEzezta, ezezta zazue hortan azken asenturainoโ. 8. Babilonako alaba zorigaixtokoa, dohatsu hiri bihurturen dainana hik guri egin gaizkiak! 9. Dohatsu hartuko dituena hire haur xeheak eta harriaren gainean phorroskatuko dituena!
Bistan da latinezko jatorrizkoari lotuagoa dela bigarrena, baina badirudi koplari-guduetakoa hamabi silabako (sei gehi sei) bertso-lerro errimadunetan sartu beharrak eragin dituela diferentzia nagusiak, โlapurtera hertsiaโ versus โeredu supradialektalaโ binomioak (Kepa Altonagak 2018ko Duvoisin kapitainaren malura liburuan baliaturiko hitzak erabilita) ez baititu azaltzen musikako tresnak / arrabitak, sahatsak / zumelikak, semeez / semeaz… alternantziak. Demostenes Duvoisinek euskaratua editatu dezagunean, ordea, ahaleginduko gara erakusten Altonagaren proposamenak ondo azaltzen duela Bonapartek ezarritako baldintzek zelan kamustu zuten โDuvoisin kapitainaren literatur ezpataren ahalmenaโ (Altonaga, 2018: 17).
Baina zergatik hautatu zuen Duvoisinek โSuper flumina Babylonisโ salmoa poesia-lehiaketarako? Erbestea eta erbesteratzeak sorturiko herrimina gai bizi-biziak zirelako urte haietako Ipar Euskal Herrian, eta hain zuzen 137(136). salmoa zelako erbesteak sorturiko nahigabearen kantu paradigmatiko ospetsuenetarikoa, mendebalde osoko poeten (San Juan de la Cruz, Lord Byron…) eta garai guztietako musika-sortzaileen (Giovanni P. da Palestrina, Boney M…) inspirazio iturri. Izan ere, Israelgo herriak Babilonian pairaturiko erbestealdi eta gatibualdia dago salmoaren oinarrian, herriminez eta zigor eske.
Urruรฑako 1853ko Koplarien Guduaren oinarriak egunkarietan argitaratu zirenez, badakigu gai bakarraren inguruan aurkeztu behar zirela bertsoak: โLes regrets dโun Basque en partance pour Montevideo โMontevideora doan euskaldunaren nahigabeaโโ (Le Mรฉmorial des Pyrรฉnรฉes, 1853-06-11). Izan ere, 19. mendean, eta gehienbat 1835etik aurrera, milaka gazte joan ziren Euskal Herritik Ameriketara, bereziki Uruguaira eta Argentinara, eta bertso sail aberatsa sortu zen emigrazioaren gaiaren inguruan (ikusi, adibidez, Antonio Zavalak Ameriketako bertsoak liburuan eginiko bilduma). Anton Abadiaren babespean antolaturiko lehiaketetan ere urtero aurkeztu ziren gai horren ingurukoak, Angel Goikoetxea Markaidak (1998) โMontebideoko kantuakโ etiketarekin aurkeztu dituenak.
1858ko Koplarien Guduan, Duvoisinen idazlanarekin batera aurkezturiko bertso-sortetako beste bik ere erbesteratuen herri-mina dute mintzagai. Ahapaldi bat baino ez dut hona ekarriko, Joseph Palassie ezpeletarrak aurkezturiko โMontevideoko eskaldunen dolamenakโ sortatik hautatua (gero, 1884-11-16ko Le Pays Basque. Organe catholique et conservateur aldizkarian argitaratua, Jean Duvoisinen kantu-kaieretako baten bidez ezagutzen dugun frantsesezko itzulpenarekin), ondo erakusten duelako โsuper fluminaโ salmoaren paradigmatikotasuna erbesteratuaren samina eta herrimina iradokitzeko:
Bethi auhenka, oi, hau dolore samina! Urthua nago, dena hezur egina. ย ย ย Bortz aldiz egin dut zina, ย ย ย kantatuz super flumina, ย ย ย sekulan ez ahanzteko ย ย ย Eskal Herriko mina.
Baina saminaren eta herriminaren ondoren, salmoko azken bi bertsikuluek zigorraren eta mendekuaren gogoa ere agertzen dute:
Babilondar andre gaixtagina, hiri, neri egin gaitza bekian itzuli! Haurra bekiaten bota harriari! Ez hazala nihork izan urrikari!
Seguruenik errazago ulertzen da Bible Sainduan prosan emaniko bertsioa:
8. Babilonako alaba zorigaixtokoa, dohatsu hiri bihurturen dainana hik guri egin gaizkiak! 9. Dohatsu hartuko dituena hire haur xeheak eta harriaren gainean phorroskatuko dituena!
Joel M. LeMon ikertzailearen 2016ko โViolence against children and girls in the reception history of Psam 137โ artikuluan irakurri dugu interpretazio askotan bukaera hori mozorrotu dutela, edo are kendu (halaxe kantatzen da gaur Ipar Euskal Herriko elizetan, B zikloko urteetan, garizumako laugarren igandean, Jean Marie Diharce โIratzederโ itzultzaile eta poeta bikainaren bertsio neurtu eta errimatua, azken lauko biak kenduta), salmoaren mezua samurtzeko, baina irakurri dugu orobat, beste muturrean, salmo hau erabili dela neska gazteen aurkako indarkeria zilegitzat aurkezteko ere, โBabiloniako alaba zorigaiztokoaโ neskatila ororen irudi legez hartuta.
Niri, nahi gabe, atsekabez eta ezintasunez, Israelgo armadak 21. mendean Gazan porroskatu, xehatu eta leherrarazitako etxeen eta haurren irudiak datozkit burura.
Filosofia Fakultateko Hemiziklora sartu naiz, irten nintzen azken alditik bi hamarkada igaro direla. Han zegoen orduan Fakultateko liburutegia eta hara joaten ginen ikastera. โEserleku horretan jartzen nintzen niโ, esan dit kideak, โni hemen, eskuinaldeanโ, seinalatu diot. Carlos Santamaria liburutegia eraiki zutenean, bertan zentralizatu zituzten fakultateetako liburutegi guztiak eta, ordutik, Hemizikloa soilik ekitaldi berezietarako irekitzen dute. Hogei urte, beraz, behialako garaien usaina duen aretora sartzen ez nintzela, eta oroipen proustiar moduko batek erasan nau kolpetik. Berdin-berdin dago, hain berdin ezen ez dugun gaur egun ezinbestekoak omen ditugun entxufeetako bakar bat ere aurkitzen. Apalategiak, ordea, ezberdin daude. Liburuak Santamariara eraman zituztenean, haien ordez Pentsamenduaren Klasikoak bildumako alez bete zuten apalategia. Antza, bere garaian liburuon erosketa zabal bat egin zuten (nork erosiko zituen liburu horiek, ez bazen Filosofia Fakultateak?), eta liburu bakoitzeko ale mordoa dago, inoiz agertzen ez den balizko irakurle koitadu baten esperoan.
1991n jarri zen martxan bilduma eta 2010ean argitaratu azkeneko alea, Jean Piaget eta Noam Chomskyren Hizkuntzaren irakaskuntza. Denera, 130 liburu. Errepaso azkar bat eginez, bildumatik irakurri genuen institutuan Platonen haitzuloaren mitoa, handik, jada karreran, Bertrand Russellen Filosofiaren arazoak, Descartesen Metodoari buruzko diskurtsoa eta Humeren Giza ezagutzari buruzko ikerketa. Gehiago ere egongo ziren, orain gogoan ez ditudanak.
Liburuak eskutan hartzen dituzunean, lehen begi kolpean da deigarria zeinen edizio zainduak egin zituzten; zentzu materialean ez ezik itzulpenari zegokionez ere. Berrikusle kualifikatu batek hartzen zuen parte ale bakoitzean, terminologia eta edukia zaintzeko, eta hitzaurregilea tentuz hautatzen zen. Garai bateko egiteko moduaren erakusle da nolabait, gauzak patxada handiagoaz egiten zirenekoa.
Garaiko ahalekin, hori bai. Izan ere, batez ere bildumako hastapeneko itzulpen ugari iraganak jota baitaude, eta zaila da irakurketari ondo eustea. Zorionez, asko garatu da euskal prosa azken hogeita hamar urtean eta bilduma hori da horren testigu pribilegiatu. Horratx euskal itzulpengintzaren eboluzioaren azterketa baterako ikergaia, 130 liburu horien garapenari erreparatzea. Zaila da zehazten euskal itzulpengintzak noiz eman zuen jauzi kualitatiboa eta atzean utzi aspaldiko mantra hori, hots, euskal itzulpenak ez zegoela ulertzerik (eta, beraz, erdarazko bertsioetara jotzen genuen). Baina 1990eko hamarkadaren erditik aurrera gertatu zela esango nuke.
Behin baino gehiagotan aipatu izan du Anjel Lertxundik 1991n Carla nobela argitaratu berritan Juan Garziak honakoa jaulki ziola: โHas dado en la lรญnea de flotaciรณnโ. Flotazio-marran eman zuela, alegia. Zergatik? Seber Altuberen dogma nagusia, galdegaia beti aditzaren ezkerretara joan behar omen delakoa, muturreraino eraman zuen Lertxundik liburu hartan eta, Garziaren arabera, ez zegoen idazkera hori ulertuko zuen Altuberen seme-alabarik. Esaldi luze eta korapilatsuetan, Altuberen lege gotorra izugarrizko oztopoa gertatzen zen, eta testugintza literariorako muga nabaria. Esango nuke 90eko hamarkadan zehar joan zela euskal sintaxia altubismotik pixkanaka libratzen eta geroz eta testu sintaktikoki malgu eta ulerkorragoak ontzen, konplexutasuna gorabehera. Lertxundiren beraren 1994ko Otto Pette da, zentzu horretan, mugarri bat.
Duela gutxi irakurri dut puntako euskal itzultzaile baten 1990. urteko itzulpen bat. Berehala sumatzen diozu testuari behar ez duen karga, hain justu arrazoi sintaktikoak medio. Itzultzaileari berari aipatu nionean, berehala esan zidan: zerotik itzuli beharko nuke berriro liburu hori. Testu baten auzi lexikoak eguneratzea ez da hain kontu arazotsua; aitzitik, auzi sintaktikoak eguneratzeko testua itzulikatu behar duzu maiz eta, horretarako, ia hobe zerotik hastea. Egin kontu Lertxundik Carla eta Otto Pette artean argitaratu zuela Kapitain frakasa eta 2021ean bertsio berridatzia argitaratu zuela, besteak beste auzi sintaktiko horiek konpondu nahian.
Horregatik, Pentsamenduaren Klasikoak bildumako liburu askok berridazketa baten premia dute, ez itzultzaileen gaitasun gabeziagatik, baizik eta egungo euskal prosa askoz ere gihartsuagoa delako 90eko hamarkadaren hasierakoa baino. Zer esanik ez mota horretako testuetarako, hots, ideia artikulatu eta argudiozkoetan; hil ala bizikoa baita hor sintaktikoki txukun itzultzea. Garaiak eman zezakeen onena eman zuen bildumak eta horregatik da ulergaitza zergatik amaitu zen proiektua. Zerrendari begiratzen diozu eta, noski, falta direnek ematen dizute arreta lehenik (esate batera, ia ez da emakumerik zerrendan), baina baita zerrendako zenbatek mereziko luketen itzulpen eguneratu bat. Garai batean argi genuen Michel Montaigne, Platon, Sigmund Freud, Madame Staรซl, Mary Wollstonecraft (azken bi horiek ez daude bilduman) euskaraz eduki arte ezingo genuela taxuzko hizkuntzarik eduki. Gaur egun, ez dakit; esango nuke lehentasun handiagoa ematen diogula sareko azken modako zeratxoak euskaraz egon daitezen. Eta, era berean, akaso ahaztu egin zitzaigun gehitzea autore horiek behin itzulita ez zela aski, behin eta berriro itzuli behar direla euskaraz irakurriko badira, taxuzko hizkuntza bat izango badugu.
Deigarria da proiektua finantziatu zutenen zerrenda: BBV Fundazioa, BBK, Kutxa, Vital Kutxa, EHU eta Deustuko Unibertsitatea. Topikoari jarraitzeko, AHTaren kilometro baten kostuarekin Pentsamenduaren Klasikoko zenbat ale argitaratu liratekeen kalkulatzera nindoala despistatu nau telebistako irudi batek: 1994an ingeniaritzako tesia euskaraz idatzi zuen (atzerakargak zamaturik suposatzen dut) gizon zuria ikusi dut Donald Trumpen graziei barrezka. Portaera fisikoa egoera solidoan, izan ere. Zuri kontuez ari garela, Pentsamenduaren Klasikoak bilduma berpiztea Repsolentzat zuribide aproposa izan zitekeela bururatu zait, 2025ean 1.899 milioi euroko irabaziak izan dituela argitaratu berri den honetan.
Garazi Goldarazena Sanchez eta Leire Lakasta Mugeta
Gaurkoan ere, gure lehen artikuluan egin bezala, efemeride bati eskaini nahi diogu blogean sarrera. Izan ere, bihar 50 urte beteko dira Gasteizko martxoaren 3ko sarraskitik. Urteurren garrantzitsuz beteriko ikasturtea dugu hau, eta artikulurako zer idatzi pentsatzen ibili ginenean ezinbestean martxoaren 3ari buruz mintzatu behar ginela ondorioztatu genuen. Izan ere, Gasteizen gradua ikasten eta ostera bertan bizita, guk ere urtez urte bizi izan dugu 1976 hartan gertatutakoaren memoria eta borroka.
Izan ere, 1976ko martxoaren 3an, Espainiako Trantsizioko agintaritzen eskutik, Zaramaga auzoko eliza batean hainbat hilabetetan izandako borroka prozesuaren harira bilduta zeuden milaka langileren kontra jo zuen Espainiako Poliziak, eta ehunka behargin zauritu eta haietako bost tiroz erail zituzten: Bienvenido Pereda Moral, Francisco Aznar Clemente, Jose Castillo Garcia, Pedro Maria Martinez Ocio eta Romualdo Barroso Chaparro.
Jakin badakigu literatura, kantagintza โfinean, arteaโ bitarteko ezin aproposagoak direla memoria egiteko, borroka egiteko. Are, gurera ekarrita, itzulpengintzak ere ekarpena egin dezakeela uste dugu. Bestela esanda, poesia mailu bada, mailu horrekin kolpatu ahal izateko helduleku da itzulpengintza gure ustez.
1976az geroztik, gertakariok oinarri hartuta hamarnaka kantu sortu dituzte han eta hemengo artistek. Lehena Lluรญs Llachek idatzi zuen egun horren amaieran bertan: Campanades a morts ezaguna. Geroztik hamaika izan dira martxoaren 3ari eskainitako edo gertakariaz hitz egiten duten kantuak. Aurten bertan, 50. urteurrenaren harira, Martxoak 3 elkarteak horiekin bilduma bat osatu du, baita kantu berri bat egin ere: aM3ts berriak. Karmele Jaiok jarri dizkio hitzak; Idoia Asurmendik, ahotsa, musika eta pianoa.
Bilduma oparoa bada ere, guk bi itzulpen bota ditugu faltan zerrendan. Hain justu, azken urteotan bi kantu itzuli dira euskarara martxoaren 3aren karietara, Ekidaren eskutik. Lehenik, 2023an, aipatu Lluรญs Llachek 1976an hildakoen omenez egin zuen kantua euskaratu zuten, eta Hil kanpaiak izenarekin kaleratu. Bigarrenik, berriki, iragan otsailaren 24an, sarraskiaren 50. urteurrenaren harira, Chicho Sรกnchez Ferlosioren Paloma de la paz kantuaren euskarazko moldaketa kaleratu zuten, Bakearen uso, Berun taldearekin batera.
Hemen dituzue bi kantuen euskarazko itzulpenak. Segi dezagun itzulpengintzaren bidez ere memoria eta borroka egiten; mailuak eta heldulekuak sortzen; euskaraz egiten eta euskarara ekartzen.
Hil kanpaiak:
Hil-kanpaiak joka gerrarako oihuka hiru seme hilentzat hiru kanpai beltzak. ย Biltzen da herria arrangura da hurbil; hiru pena gehiago memorian eramateko. ย Nork ito malkotan daudenen arrazoia altxor bakar duten gorputz gazte arnasa? ย Hil-kanpaiak joka gerrarako oihuka hiru seme hilentzat hiru kanpai beltzak ย Zabal ene tripa haien deskantsurako, ene baratzetik ekar lore onenak. ย Gizon hauentzat zula nazazue sakon ene gorputzean zizelka haien izenak. ย Ezein ekaitzek ez dezala nahasi burua tenteturik hildakoen loa.
Campanades a morts fan un crit per la guerra dels tres fills que han perdut les tres campanes negres. ย I el poble es recull quan el lament s’acosta, ja sรณn tres penes mรฉs que hem de dur a la memรฒria. ย Campanades a morts per les tres boques closes, ai d’aquell trobador que oblidรฉs les tres notes! ย Qui ha tallat tot l’alรจ d’aquests cossos tan joves, sense cap mรฉs tresor que la raรณ dels que ploren? ย Assassins de raons, de vides, que mai no tingueu repรฒs en cap dels vostres dies i que en la mort us persegueixin les nostres memรฒries. ย Campanades a morts fan un crit per la guerra dels tres fills que han perdut les tres campanes negres. ย Obriu-me el ventre pel seu repรฒs, dels meus jardins porteu les millors flors. ย Per aquests homes caveu-me fons, i en el meu cos hi graveu el seu nom. ย Que cap oratge desvetllรญ el son d’aquells que han mort sense tenir el cap cot.
Bakearen uso:
Gazte arrunta naiz ni Lanaz nazkatua Lanerako bizi naiz, maitia Gaizki pagatua Legeak egin dira Nagusien alde Herriarentzat, baina, maitia Sekula ez daude ย Ezetz, uso zuria, ez Nik ez dut lan egingo, ez Ezetz, uso zuri hori, ezetz Nik ez dut lan egingo ez ย Lan egin beharraz gain Ez omen dut ezer Beharraz dihardute, maitia Eta eskubideak zer? ย Baina lanaren kontra Elkartuko gara Jendearen indarra, maitia Elkartasuna da ย Ezetz, uso zuria, ez Nik ez dut lan egingo, ez Ezetz, uso zuri hori, ezetz Nik ez dut lan egingo ez ย Bakearen kontura Egiten da tiro Askatasun osoa, maitia Eskatu aldiro ย Bakea, aldiz, zu zara Zintzo eta oso Egin hegan gurekin, maitia Bakearen uso Langileena zara, maitia Bakearen uso ย Ezetz, uso zuria, ez Nik ez dut lan egingo, ez Ezetz, uso zuri hori, ezetz Nik ez dut lan egingo ez
Soy un hombre del pueblo Harto de trabajar Mi vida es el trabajo, paloma Pero me pagan mal Las leyes estรกn hechas A favor del patrรณn; La ley no escucha al pueblo, paloma Aunque tenga razรณn ย Que no, que no, paloma, no Que asรญ que no trabajo yo Que no, que no, palomita, que no Que asรญ que no trabajo yo ย El deber del trabajo Dicen que tengo yo De mis deberes hablan, paloma De mis derechos no ย Pero nos uniremos Contra la explotaciรณn; La fuerza de los hombres, paloma Siempre serรก la uniรณn ย Que no, que no, paloma, no Que asรญ que no trabajo yo Que no, que no, palomita, que no Que asรญ que no trabajo yo ย Nos juzgan y condenan En nombre de la paz Cada vez que pedimos, paloma Justicia y libertad ย Pero la paz tรบ eres Y con ellos no estรกs Que vuelas con nosotros, paloma Paloma de la paz ย Que no, que no, paloma, no Que asรญ que no trabajo yo Que no, que no, palomita, que no Que asรญ que no trabajo yo
Hirugarren aldia da gai berak blogerako hizpide ematen didana (eta iduritzen zait ez dela azkena izanen). Aitzinekoetan aipatu bezala, Nafarroako Hezkuntza Departamentuaren Irakurmena hobetzeko planean hartu nuen parte lehengo urtean, ikasle, eta, aurten, berriz, planeko tutorea naiz Nafarroako zenbait ikastetxetan. Aitzineko ikasturtean, eszeptizismo handiz joan nintzen ikastarora. โIrakurketa-planaโ izena bakarrik ailegatu zitzaidan, eta orduan pentsatu nuen dena asmatua zegoela irakurzaletasuna sustatzeari dagokionez. Tira, gero, sorpresa hartu nuen ikusi nuenean ikasleek irakurtzen zutenaren ulermena hobetzeko asmoa zuela planak eta tresna eraginkorrak ematen zizkidala. Alde batetik, egia zen dena asmatua zegoela, eta ohartu nintzen tresna horietako batzuk aplikatzen genituela irakasleok, baina planak egituratuta eta ongi oinarrituta ematen zizkigun. Zenbait estrategia sistematizatzea proposatzen zitzaigun, eta, testu bati heldu behar genion bakoitzean, horiek aktibatu behar genituela gogorarazi. Hasieran, irakasleak paratuko ditu martxan estrategiak, baina espero izatekoa da hortik aitzinera ikasleek, irakaslea eredu hartuta, horiek barneratu eta modu autonomoan eta automatikoan erabiliko dituztela, ia gure laguntzarik gabe. Hala, mundura ateratzen direnean, oharkabean estrategiak aktibatu eta irakurle โtrebeakโ izanen dira.
Zaletasuna bertze kontu bat da, jakina. Baina irakurle trebeak ez bagara eta leitzen ari garena ongi ulertzeko lanak baditugu, nola izanen gara, bada, irakurzaleak? Nola disfrutatuko dugu testu batez, ahalegin ikaragarria egin behar badugu hariari segitzeko? Sufrikario hutsa litzateke, noski. Hala gertatzen zaie gure ikasleei anitzetan. Alferrik tematzen gara haientzat liburu interesgarriak eta erakargarriak bilatzen. Testua bere osotasunean ulertzeko gai ez denak ezin izanen du bere burua istorioan murgildu, protagonistekin gozatu, sufrituโฆ Nahiko lan izanen du guti goiti-beheiti zer gertatzen den ulertzen, eta ez da ailegatuko kontakizun on batek sentiarazten duen horretara. Beraz, ongi etorriak izan daitezela horrelako planak eta estrategiak, gutienez egunerokoan irakurri beharko dituzten testuak uler ditzaten: fakturak, oharrak, jarraibideak, produktuen osagaiak, administrazioen jakinarazpenak, kartelak, idatzizko publizitateaโฆ Testuez inguratuta gaude gehienok. Gure gazteek horiek menperatzea izan behar genuke helburua.
Irakasleok, gure artean, asaldatuta aipatzen dugu, behin eta berriz, gure ikasleek ez dutela irakurtzen ikastetxetik kanpo. Horren harira, lehengoan, denboran gibelera egin, eta pentsatzen hasi nintzen ea egoera oso desberdina ote zen nik nire ikasleen adina nuenean. Nire iduriz, gauzak ez dira horrenbertze aldatu. Oinarrizko Hezkuntzan nintzenean, klasekide gehienek ez zuten agindutako liburuez haratago irakurtzen; eta orduan ere ez zen โguaiโ irakurtzea, โarraroโen kuadrillan ez bazinen, behinik behin (gero ondorioztatu dut hori zela nire kasua). Batxilergoa ikasi nuenez (orduko BUP hura), ikastetxeak aginduta, anitz leitu behar izaten genuen, eta letretako batxilergoa hartuta, zer erranik ez. Etxeko apalategian ditut gaztelaniazko literaturako klasiko gehienak, garai haietan erosiak eta irakurriak. Zailtasun handiko testuak ziren horietako batzuk, On Kixote, errate baterako, eta pentsatzen dut horrek lagundu zigula irakurle trebeagoak izaten. Hala ere, kontrako eztarritik joan zitzaidan bakarren bat (On Kixote bera), ez uste. Egun, lan horien egokitzapen aski politak eskaintzen dizkiegu ikastetxean, baina guk, ikasleei brometan erraten diedan bezala, โanestesiaโrik gabe irakurri behar izaten genituen.
Arestian erran dudanez, orduan ere gutiengo ginen irakurzaleak nerabezaroan. Gure auzoa kanpotik etorritako langileen auzoa zen; oroitzen naiz klasekide baten baino gehiagoren aita edo ama orduan ari zela irakurtzen ikasten. Auzoko ikastetxe publikoan, eskola-porrotaren proportzio handia zegoen eta, horregatik, ikastetxe kontzertatu batera eraman ninduten gurasoek. Han, egoera hobexea zen, baina, handik, oso kopuru ttikia ailegatu zen goi-mailako ikasketak egitera. Batzuk, 8. maila bukatuta, lanean hasten ziren zuzenean; mutil gehienak lanbide heziketa egitera joaten ziren. Gure anaiak, adibidez, justu-justu lortu zuen Oinarrizko Hezkuntzaren titulua eta ez zuen inoiz lanbide heziketa bukatu; ohikoak ziren horrelako egoerak 80ko hamarkadaren bukaeran eta 90ekoaren hasieran gure auzoan. Denbora haietan ez nuen anaia behin ere ikusi liburu bat irakurtzen. Beti iduritzen zaigu aurreko garaiak hobeak izan zirela, baina kasu honetan ez nago ados. Egia da oraingo gaztetxo gehienek ez dutela irakurtzea maite, baina orain dela 30-35 urtekoek, ere ez.
Hala ere, itxaropenerako arrazoiak badaude, ikerketei begiratzen badiegu. Euskal Herrian % 70 inguruk irakurtzen omen dugu gure aisialdian (datua nik ateratakoa da EAEko, Nafarroako eta Iparraldeko ehunekoak elkartuta); ez da kopuru makala. Eta badirudi gora egin duela portzentaje horrek aurreko urteen aldean. Ikerketa horietan aipatzen da 14-25 urte bitarteko taldeak irakurtzen duela guttien, baina, gure garaian ere, hala izanen zen, eta datuek diote orain nire adineko gehienok irakurtzen dugula gure aisialdian (anaiak ere dezente irakurtzen du egun). Beraz, beharbada, nerabezaroari dagokion errebelde izateko beharra gainditzen dutenean, leitzea eskolan inposatzen den gauza bat izateari uzten dionean, batzuk liburuetara hurbilduko dira beren borondatez. Egia da gaur egun badagoela faktore bat orain dela 30 urte ez zegoena: sare sozialak, eta 24 orduz sailak eta filmak eskaintzen dituzten plataformak eta telebista kateak. Nik, dena den, ez dut esperantza galdu nahi.
Oinez ibiltzea gauza sinplea da, arrunta, oharkabean egin ohi dugun zerbait, baina harrigarria da zenbat liburu idatzi diren โeta idazten direnโ ibiltzeaz. โIbiltzearen inguruko literatura azpigenero bat da kasikโ, irakurri dut Euskal Idazleen Elkartearen Hegats aldizkarian. 60. zenbakia oso-osorik gai horri eskainia da, Oier Gillanen zuzendaritzapean. Zerrenda luzea egin liteke ibiltzearen gaiari zuzenean edo zeharka heltzen dioten liburuak biltzen hasita. Nire gustukoenen artean, Frรฉdรฉric Gross-en Marcher: une philosophie, eta Rebeca Solnit-en Wanderlust: A History of Walking. Bietan ere, ibiltzearen eta idaztearen artean dagoen harremana aztertzen da, eta ibiltari handi izandako filosofo eta idazle ugari aipatzen dira, gizonezkoak gehienak. Baudelaire izan omen zen aitzindari, ibiltzeko modu berri bat abiarazi baitzuen, industrializazio garaian zabaldutako hiri handietan barrena alderrai, eskuak poltsikoetan, inguruari beha. Harekin sortu zen flรขneur ibiltaria. Gero etorriko ziren surrealistak, dadaistak, situazionistak, deribaren teoria eta abar. Eta, beranduago, flรขneuse hitza, Lauren Elkin-ek bultzatuta, baina ez aurreko kontzeptuaren femenino simetriko gisa, beste zerbait bezala baizik, Irati Majuelok Hiria gure oinetan liburuan azaltzen duen bezala. Generoak hori ere baldintzatzen baitu, nola, zergatik eta zertarako korritzen ditugun kaleak, eta bideak.
Euskaraz genero femeninoa adierazteko erabiltzen diren hitzen artean, badago mari(-) osagaiaren bidez eraikitako sail bat. Duela gutxi Isabel Etxebarriak blog honetan aipatu zituen, Galletagileak, kondesak eta mari-lotsagabeak artikuluan, eta zehaztu zuen sail horretako hitzek emakumea kalifikatzea dutela helburu.
mari Zenbait izenen edo izenondoren aurrean ezarririk, emakumezkoak erdeinuz izendatzeko erabiltzen den hitza.ย Saila.
Hitz horietako bat hartu nahi nuke hizpide sarrera honetan: mari(-)bideetako, eta, analogiaz, mari(-)kaleetako. Euskaltzaindiaren hiztegian ez da jasotzen, baina bai beste batzuetan, gaur egun erabilera bizirik dagoen seinale, nahiz eta ez egon oso hedatuta.
Orotarikoan:
mari-bideetako, maria bideetako iz. “Mujer pรบblica, ramera (FSeg)”
Orain dela urte batzuk, bai Euskaldunon Egunkaria-n eta bai Berria-ren aurreneko hilabeteetan, sarriago irakur zitekeen, lepazuri,ย maribideetako, neska txiki eta antzeko samur-xanoak baztertuta, puta eta prostituta maileguen aldean euskaldun zitzaigun emagaldu.ย Iรฑigo Aranbarri
Mari, erabilera gaiztoetarako bide da ia beti: mari-zikin, mari-mutil, mari-maistra, mari-ttarttala,ย maria-bideetako… eta baita mari-matraka ere. Iรฑigo Aranbarri
Jijau hiztegian:
iz. prostituta (errepide bazterrean dabilena). Mari-bideetakoa auto batean sartu ta, geroztik inork ez du ikusi. enย streetwalker.
Beatriz Fernandezek Ariadnaren haria liburuan azaltzen du prostituta tabu hitza saihesteko eufemismo gisa erabiltzen dela mari(-)bideetako.
Mari bideetako Arratiako Berbategian ere jasotzen da, baina beste adiera batekin:
iz. Batera eta bestera, bueltaka, sarritan ibilten dan andrazkoa. (J. Undagoitiak jasoa)
Ez du loturarik egiten prostituta hitzarekin, nahiz bai emakumearen โibilerarekinโ, hitzaren bi adieretan, eta irudi luke apur bat hurbilago dagoela hasieran hizpide hartu dugun flรขneuse kontzeptutik.
Flรขneur zein flรขneuse kontzeptuetan bada funtsezkoa den alderdi bat: begiradarena. Flรขneur-a begiratzen duen norbait da, behatzen duen horren kronista, eta, beraz, subjektu. Hain zuzen, hortxe dago koxka, begiradaren subjektu izate horretan, eta ez objektu. Hegats aldizkarian Fiona Songel-en Leer las calles liburuko aipu esanguratsu bat jasotzen da:
Flaneria praktikatzeko betekizunetako bat โikusezinaโ izatea da, eta emakumea, bidegabeki bada ere, jendaurrean โikusi egiten daโ kronista gisa diharduen gizon behatzailearen begietan. Ez da emakumea bere burua erakusten duena, baina jendaurrean bakarrik ez da oharkabean pasatzen. Are, esan liteke flรขneura bera dela flรขneusearen existentzia eragozten duena, emakumeari bere praktikan sartzea eragozten baitio behaketa objektutzat hartzean eta bere burua subjektu behatzaile gisa eraikitzean.
Behatzaile izan ahal izateko, emakumea oharkabean pasatu behar da; adibidez, โkoartadaren batโ duelako. Street Haunting: A London Adventure testuan, kasu, Londreseko kaleetan barrena dabilela ikusitakoa kontatzen du Virginia Woolf-ek, arkatzarentzako minarik gabe geratu izanaren aitzakiaz etxetik atera eta Strandeko saltoki batera doala. Beste aukera bat da begirada hegemoniko kalifikatzaile horretatik at egotea, hark โbazterrekotzatโ irizten diolako, edo, bestela, interesik gabea, Olga Tokarczuk-en Kairรณs ipuineko emakumezko protagonista bezala, zeinak ikusezintasuna eskuratzen baitu adin-ertaineko-emakume bihurtzean.
Karmele Jaiok bere Harrizko Bihotza taupaden alfabetoan sarrera bat eskaini dio flรขneur hitzari. โAzkenaldian asko begiratzen dut zeruraโ, dio; baina nahi baino gutxiago, ez dezaten zorotzat hartu: โBatzuentzat zoroen kontua da espaloiaren erdian zeruari begira geratzea, baina agian erresistentzia modu bat da zoraturik dagoen mundu honi aurre egitekoโ.
Nik ere erresistentzia modu bat proposatu nahi dut, hitz eder bati esanahi zatar bat erauzi eta adiera berri batez janzteko, alfabeto eta hiztegietan sar dadin:
mari(-)bideetako, maria bideetako iz. Inoren begiradatik aske bideak eta kaleak nahieran korritzen dituen emakume beregaina, inguruan duenari so. Sarrera erlazionatuak: mari(-)kaleetako, mari(-)munduko
Joan-Lluรญs Lluรญs idazlearen Balla amb Babel. Contra lโabsolutisme lingรผรญstic liburuaren irakurketak Babelgo mitoaren inguruan izan diren interpretazio antagonikoei buruz hausnartzera eraman nau, airean zintzilik uzten duen galdera honetatik tiraka:
โGaur egun, hizkuntzen aurkako beligerantzia gutxiago izango al litzateke mito hau imajinatu, azaldu eta idatzi ez balitz, edo galdu izan balitz?โ.
Interesgarria iruditu zait Bibliaren mito hau aztertzea, beren burua kristautzat hartu eta kristau zibilizazioaren defentsa sutsua eta irmoa egiten duten eskuin muturreko eta era guztietako inperialismoen buruzagiak (Trump eta Putin barne) eta haien jarraitzaileak aniztasunaren aurka zabaltzen ari diren diskurtsoak ezbaian jartzeko eta berauei aurre egiterakoan beste argudio bat izateko.
Historian zehar Babelgo dorrearen mitoaz egin den irakurketarik zabalduenaren arabera, hizkuntza aniztasuna Jainkoak gizakien harrokeria eta botere-gosea zigortzeko ezarritako madarikazio gisa ulertu beharko genuke. Arrazoibide hau politika linguizidak gauzatzeko eta hizkuntzen (eta nazio eta komunitateen) arteko hierarkia markatzeko argudio gisa erabili izan da. Lluรญsek azaltzen duen bezala, hierarkia honen gailurrean hiru hizkuntza leudeke: hebraiera, Adamen, Abrahamen eta Itun Zaharraren hizkuntza zelako (sinesmen honetan datza sionismoaren oinarrietako bat); grekera, Itun Berriaren eta Aristoteles bezalako filosofoena zelako; eta latina, Elizarena eta Bibliaren itzulpen kanonikoarena zelako. Gure ingurune hurbilari dagokionez, latinaren oinordeko diren gaztelania eta frantsesa ere gailur horretatik gertu edo gailurrean bertan kokatu izan dituzte espainiar eta frantziar nazionalismoek.
Bestalde, mitoa erreferentzia ideologiko-diskurtsibo bezala erabili izan da โbesteโ hizkuntzak gutxiesteko, zapaltzeko edo, Gregoire abadeak 1794an Konbentzio Nazionalean aurkeztutako Rapport sur la Nรฉcessitรฉ et les Moyens dโanรฉantir les Patois et dโuniversaliser lโUsage de la Langue franรงaise txostenean proposatu zuen bezala, suntsitzen saiatzeko.
Gogoan dudala, gurean, irakurketa honen guztiz bestelakoa egin zuen lehena Josรฉ Marรญa Sรกnchez Carriรณn โTxepetxโ izan zen, Lengua y pueblo liburu ederraren โLo que pasรณ en Babelโ artikuluan. Bere ustez, Babelgo dorrearen bidez, gizakiak boterea eta handikeria materiala lortu eta erakutsi nahi izan zituen. Yahveren erabakia, baina, ez da zigor bat, zentzurik gabeko ekintza bat ekiditeko neurri terapeutikoa baizik. Ikuspegi linguistikotik, bestalde, hizkuntzak biderkatzea ez da zigorra, poliglotismoaren beharraren justifikazioa baizik. Txepetxek dioenez, argi dago dorrea eraikitzen hasi zirenean Sinaarreko gizon-emakumeek hizkuntza bakarra zutela, Boterearen hizkuntza beti bat eta bera delako. Eta arrisku horretatik babesteko (Bibliako testuaz egiten duen irakurketaren arabera), Yahvek gizakioi hizkuntza aniztasuna eman zigun, gizakien arteko elkartasunera eta batasunera ez delako iristen boteretik (Sinaartarren hizkuntzatik), askatasunetik baizik, hau da, elkarren arteko desberdintasunak onartzetik.
Pentsatzen dut ikuspegi hau edo antzekoa izango zuela gogoan Patxi Baztarrikak bere liburuari Babeli gorazarre izenburu iradokitzailea jarri zionean. Halaxe baitio bertan:
โAuzi honen gakoa, finean, Babel madarikaziotzat hartu ordez bedeinkaziotzat hartzea da, hizkuntza aniztasuna baita gizakioi elkarren artean ulertzeko bidea ematen diguna. Hizkuntza aniztasuna gizarte modernoen osagai den neurrian, hizkuntza aniztasunaren kudeaketa bihurtu da gizarte demokratikoen osasunaren neurgailu funtsezkoenetako batโ.
Mendebaldeko kulturaren oinarrian dagoen Biblian bertan, ordea, badira hizkuntza aniztasunaren aldeko irakurketa indartzen eta arrazoitzen duten pasarteak. Gogora dezagun, esate baterako, Itun Berriak dioenez, apostoluei hizkuntzen dohaina eman zitzaiela:
โDenak Izpiritu Santuaz bete ziren eta hizkuntza arrotzez hitz egiten hasi, bakoitza Izpirituak eragiten zion eranโ. (Eg. 2,4)
Edo Paulok korintoarrei esandako hitz hauek:
โHainbeste eta hainbeste hizkuntza bada munduan eta denek dute zentzuaโ. (1 Ko. 14,10)
Babelgo dorrearen mitoak, eta Bibliak berak, beraz, hizkuntzen ugaritasuna defendatzen dute. Eta aintzat harturik beren burua kristautzat hartzen duten mugimendu eta buruzagi askok hizkuntza gutxituen aurka zabaltzen ari diren mezuak eta aurrera daramatzaten politikak, oso egokia iruditu zait Lluรญsek ironia puntu dotore batez planteatzen duen galdera hau: โHizkuntza aniztasuna jazartzen halako grina jarri izan duten, eta oraindik jartzen duten, Espainiako nazionalkatolizismoaren heroiek, azken batean, ez al dute Jainkoa samintzen? Eta karia horretara, ez lukete mende gehiago pasa beharko purgatorioan, edo zuzenean infernura joango lirateke? Aitortu behar dut, hala balitz, interesgarriagoa irudituko litzaidakeela beste mundu baten ikuspegi kristauaโ.
Pentsamenduen eta ohituren uniformitatearen aurkako borrokan, eta gizakien arteko harreman berdinzaleak garatze bidean, hizkuntza aniztasunaren aldeko jarrera hori praktikara eramaterakoan, itzulpengintza eta itzultzaileak funtsezkoak eta ezinbestekoak bihurtzen dira. Haien lana, zentzu honetan, bada elkarbizitzaren eta aniztasunaren aldeko eta supremazismoen aurkako lana. Izan ere, Souleymane Bachir Diagnek De langue ร langue. Lโhospitalitรฉ de la traduction liburuan dioen bezala, โItzulpen lana hizkuntza menpekotasunaren ondorioei emandako erantzunetako bat daโ.
Babelgo dorrearen mitoa, beraz, hizkuntza gutxituen alde, aniztasunaren defentsan eta itzultzaileen lanaren aintzatespena indartzeko erabil genezake.
Abenduko zubian Maspalomasera joan nintzen, neguko hotzetik ihesean, baina, batez ere, neure txikian, euskal zinema sustatzera[1]. Bertara iritsi eta berehala ohartu naiz ez dudala maletara sartu oporralditxorako gordea nuen liburua. Larritu naiz. Gehienetan libururen bat edo beste eramaten dut ondoan, baina hondartzan ezinbestekoa dut. Zaharra dut sakelakoa, gainera, eta ezin dut eskuan luze erabili bateriak egun osoan iraunen badit. Inguruan bilatu arren, ez dut liburu denda edo kioskorik gertu lokalizatu. Lehen egunean, beraz, moldatu behar izan naiz hondartzan dagoen ikustekoarekin.
Bigarren egunerako, nire lagunak apalategi bat aurkitu du hotelaren harrera lekuan erdi ezkutaturik, non pilatzen diren aurreko bezeroek utzitako liburuak. Gogoberoturik, hurbildu naiz zer aurkituko. Liburu gehien-gehienak hainbat hizkuntza germanikotan idatzita daude, harritu nau ingelesez liburu gehiago ez egoteak, frantsesez liburu pare bat dago, eta espainolez beste pare bat: Alejo Carpentierren El siglo de las luces eleberriaren ale merke eta zatar argitaratua eta, bestetik, โbegitartea argitu zaitโ Miren Amurizak 2019an plazaratutako Basa eleberriaren gaztelaniazko itzulpena, 2021ean Consonni argitaletxean agertutakoa, Miren Agur Meabek itzulita. Horixe hartu dut, jakina. โEuskaldun batena izanen zenโ, esan diot lagunari, hura eskuan agertu natzaionean. Haren erantzunak pentsakor utzi nau: โHobe hala ez balitzโ, edo โEz dago zertanโ. Ez ditut hitz zehatzak gogoan. Edonola, hortik 5 zenbakidun txiringitora โlehengo zazpigarreneraโ bidean gaudela, horixe izan dut buruan bueltaka. Norentzat itzultzen dugu? Norentzat itzultzen dugu euskal itzultzaileok, batez ere euskaratik erdarara aritzen garenean?[2]
Nire buruari egindako galderari erantzun nahian laster etorri zaizkit liburu honetan topatutakoak โedo liburu honetan topatutakoek pentsarazitakoakโ laguntzera.
Esanen nuke itzultzaile guztiok galdera hori inkontzientetik maila kontzientera igaro izan dugula inoiz, erabaki zehatz baten aurrean, irakurle inplizitua bata izan ala bestea, edo nongoa irudikatzen dugun, konponbidea ezberdina denean. Erdaratik euskararakoetan adostasun handiagoa egon daiteke beharbada (euskaldungo irakurzalea homogeneoagoa datekeen heinean)[3]. Beste norabidean galduago gaudelakoan nago.
Espektro zabaleko erantzuerak eman daitezke, naski. Dena delako erdarafonia osoarentzat lanean ari zarela irudika dezakezu (gaztelaniaren kasuan 500 milioitik gora hiztun, etorkizunekoak aintzat hartu gabe). Baina zentzuzkoa dirudi balizko hartzaileak murrizteak. Noraino? Hor dago gakoa. Argitaletxearen irismena irizpide har daiteke. Norberaren nora nahia ere ezin da gutxietsi: burua non kokatua duzun. Nik inoiz, itzuli beharreko egilea bizirik baldin badago eta elebiduna baldin bada bereziki, pentsatu izan dut berarentzat ari naizela itzultzen esklusiban, hark zer iritziko[4]. Guztiarekin ere, esanen nuke aukera sorta handia bi multzo nagusitan banatzen ahal direla: Euskal Herriko erdaldunentzat ari zaren ala atzerriko erdaldunentzat. Bateko ala besteko froga harria, niretzat, ama hitza nola ematen den: madre, mamรก, ama (amรก?)โฆ Erabakia ez da neutroa, jatorrizkoan euskaraz aritzen den (edo guk euskaraz irakurtzen diogun) pertsonaia, bat-batean, gaztelaniaz diharduen (edo euskaraz jardutea erabaki duen) euskotar bihurtu dugu, berez euskalduna izan ala euskara dekoratiboa darabilen erdalduna.
Consonniko liburuak โitzul gaitezen hondartzaraโ hausnar honetan harrapatu nau eta, behin irakurtzen hasita, egiaztatu dut ez dudala nire orain arteko eskemak erraz aplikatzerik. Bertan, esaterako, euskarazko ama ama da erdarazkoan, are osaba ere osaba (โEscucha, amaโฆ โla abordaโ. Tenemos que hablar sobre osabaโ, 65. or.). Baina ezin da berez esan Euskal Herritik kanpoko irakurleengan pentsatua ez dagoenik, alde batetik, edizioak glosario bat dakarrelako testuko euskarazko hitzen gaineko azalpena emanez (haien artean, ama eta osaba, jakina, baina baita txoko[5] ere), eta, bestetik, argitaletxea gure mugetatik kanpo erruz zabaltzen delako. Bakarrik ikustea dago, nik non topatu dudan alde batea utzita, liburu honek zenbat iruzkin lortu dituen Goodreads edo Babelio irakurleen plataformetan, besteak beste; gehienak erdaraz, zer esanik ez. Haietako batzuek itzulpenaren hizkuntza eta estiloa goraipatzen dute:
โExcelente tambiรฉn la traducciรณn, que sin poder entender el texto original, usa un lenguaje riquรญsimo, sin caer nunca en lo pretencioso (โฆ)โ. Juanma Moriches.
โLa traducciรณ molt bรฉ fetaโ. Nรบria.
โPrimero de todo: GRANDE LA TRADUCCIรN. LA TRADUCTORA HA HECHO UN TRABAJO INCREIBLEโ. Catastroleer.
Einaudi argitaletxean, Giulio Einaudi argitalariaren beraren ardurapean, Scrittori tradutti da scrittori (Idazleek itzulitako idazleak) izeneko bilduma elebiduna[6] sortu zen 1983an; izenak berak ongi adierazten du proiektua zertan zetzan. Miren Agur Meaberen itzulpen lan hau ezingo da bilduma horretan sartu, 2000an bertan behera utzi baitzuten. Baina, zalantzarik (eta lotsarik) gabe, idazle batek egindako itzulpena da. Meabek hizkuntzarekin duen trebetasuna maiz izan da goraipatua. Bereziki dut gogoan Hasier Etxeberria zenak, Kristalezko begia liburuaren harira, esandakoa: โJoria da oso Meaberen prosa, hitz ezezagunez hornitua (garramu, karan, zarakar, ekortu, muker, tuntuxโฆ) eta baita aspaldi entzun gabekoekin ere (parpail, lasta, saroiโฆ). Damu naiz liburuaren hastapenetik den-denak ez apuntatu izana, denek ala denek baitakarte halako edertasun lexikal sinestezin bat: irakurketaren ulermenik ez dute eragozten, baina urre pinportaz betetzen dituzte orrialdeak. Iduri du Meabek erabiliko ez balitu, betirako galduta geratuko liratekeela hitz eder guztiok: ataza, zedendu, iruntzi, tril eginโฆโ. Berehala erreparatu diot erronka bera jarri diola bere buruari erdaraz ere, horrek atrebentziaren bat hartzera eraman badu ere. Adibide gutxi batzuk bildu ditut:
Basa (Consonni, 2021)
Basa (Elkar, 2019)
Karmele friega mientras Sabina atiende al informativo con la gata gris en su regazo. ยกMisintxu! (โฆ). Siempre se dirige por el mismo nombre a los michos de la casa. Por mucho que los nietos se empeรฑen en bautizarlos con apodos particulares, ella recurre a una nomenclatura genรฉrica para distinguir a los hijuelos (sic) de cada camada, salvo en el caso de los perros y de sus propios pequeรฑos: la especie en sรญ y su rasgo mรกs destacado. De ahรญ el burro bizco y gallo rubio, la oveja calva y la vaca pintaโฆ (39. or.)
Karmele harrikoa egiten eta Sabina, katu nabarra altzoan duela, albistegiari adi. Misiรฑo! (…). Halaxe zuzendu izan baitzaie etxeko katu denei; lantzean biloba bat deitura partikularrak ipintzearekin tematu arren, izendapen sistema generikoa erabili izan du beti jaiotza batetik gorako sabelaldietako kumeak bereizteko (txakurrak eta seme-alabak salbu): animaliaren deitura gehi ezaugarririk nabarmenena. Hortik katu nabarra eta oilo zuria, ardi herrena eta behi pinttanoa… (29. or.)
Ya en el prado, se baja las bragas con premura y, al acuclillarse sobre el rocรญo, siente el cosquilleo de la hierba en la vulva, las salpicaduras en los tobillos, el efluvio de su orina en el aire. Un placer ancestral de animal libre, indรณmito, salvaje. Y estรก sacudiรฉndose las รบltimas gotas cuando ve al perro perseguir un corzo (48. or.)
Kuleroa arrapataka jaitsi eta garotzan makurtu orduko igarri ditu aluan belar punten kilimak; zipriztinak orkatiletan, lurruna, hustasunaโฆ Plazera. Eta azken tantatxoak astinduta zutuntzear dagoela, non begiztatu duen txakurra orkatz baten atzetik arin-arinka (38. or.)
Le limpia el bajo vientre, las ingles, la entrepierna (โฆ). Le embute un calzoncillo (51. or.)
Garbitu dio hankartea (โฆ). Galtzontziloak jarri dizkio (41. or.)
Y se fue hasta la tejavana (56. or.)
Eta etxolarantz abiatu zen (45. or.)
ยฟTonterรญas dices? โle da un puรฑetazo a la mesaโ. Si pudieseis, me pondrรญais no un timbre, sino un cencerro para controlarme. Pero yo no soy una cabra aรฑosa, despistada en los riscos. Yo soy vuestra madre. ยฟMe oyes? (66. or.)
Lelokeriak esan duzu? โjo du ukabilarekin mahaianโ. Tinbrea ez eze, arrena ere ipiniko zenidakete zuek kontrolpean edukitzeko! Baina ni ez naiz sasiko ahuntz zaharra! Ni zuen ama naiz! Entzun duzu? (56. or.)
Norentzat itzultzen dugun galderari ematen ahal zaizkion erantzun posibleen artean ahaztu zait โnorberarentzatโ proposatzea. Ausarkeria litzateke esatea idazle ez duen hizkuntzan Meabe izan litekeen idazlea ezagutu edo barrundatzeko irrikak gidatu duela itzulpena? Arrosa koloreko liburua etzaulkian utzi eta uretara abiatzen ari naizela, hori dut pentsuan, ez ote dudan nik ere, batez ere gaztelaniara itzuli ditudan poema liburuen bidez, gauza bera egin nahi izan. Eta ez dakit harrotzen nauen.
Hortik egun batzuetara, lagunak harrapatu nau Basa maletara sartzen. Kargu hartu dit hurrengo bezero behartsu batentzat ez uzteagatik apalean. โApaltasuna erakutsi dit liburuak, eta gorde nahi dutโ, esan behar nion, baina, horren ordez, โartikulu baterako balia dezakedala uste dutโ bota diot. Etsi du, baita galtzontzillo zikinen artean El siglo de las luces ezkutatzen ikusi nauenean ere.
[1] Bigarren aukera Bizkaiko mojen komentu bat zen, Los domingos filmagatik, baina ez zegoen tokirik, hain indartsu jo du azken boladan sukar erlijiosoak.
[2] Nago blog honetan gehiago begiratzen diogula euskararen eta erdara baten arteko itzulpenen norabideetako bati. Besteak ere eskatzen du, agian beste izen bat beharko lukeen arren, euskal itzultzaile bat.
[3] Besterik ezean, amona inplizitura jo dezakegu beti; horrela deitzen diot nik maiz topatu dudan itzulpen aholku aski zabaldu bati. Lehenengoz adiskide bati aditu nion: Itzulpen enpresa batean tarte batez lan egin zuen, eta, zerbait euskaraz nola eman dudatan ibiliz gero, bertako arduradunak beti esaten omen zien โpentsatu hau nola esango lukeen zure amonakโ, itzulgaia denik eta teknikoena izanda ere eta, jakina, norberaren amonak euskaraz ote zekien galdetu gabe. Cf. https://www.berria.eus/iritzia/jira/amona-inplizitua_1017808_102.html
[4] Esperientziak erakutsi didanez, jarrera zentzuzkoena da, batez ere zuzenketa faserik tartean badago; bestela, berak atzera botako baitizkit โbere erdaranโ ez dauden hitz, aditz, esamoldeak, nahiz eta nirean bai egon edo literatur erabilpen zabala eduki.
[5] Azken kasu hau bitxia da oso, gero ikusi ahal izan dudanez, Amurizak soziedade mailegua erabiltzen baitu jatorrizkoan (โSoziedade batean harrapatzen nauzu, lankide baten urtebetetzeaโฆโ (57. or.) : โMe pilllas en el txoko. Es el cumpleaรฑos de un colegaโฆโ (67. or.).
[6] Dena den, bildumak izan zituen 82 liburuetatik 12 hirueledunak izan ziren, itzultzaile-idazlea italieraduna ez zenean. Kasu, Paul Valรฉryk egindako Virgilioren Bukoliken frantsezko bertsioari, jatorrizkoaz gain, italierazko itzulpena ere gehitzen zaio.