Wentworth Webster (1828-1907), aitzindaria euskarazko literatura ingelesera itzultzen

Gidor Bilbao Telletxea

Georges Hรฉrelle (1848-1935) ikertzailearen lanarekiko miresmenak ilunpean izan du nire bibliotekan, oraintsura arte, Wentworth Webster (1828-1907) euskalariak Zuberoako pastoralei buruz idatzitakoaren argia.

Baina orain Maider Bedaxagar ikertzailea Astiaga (Astyage frantsesezko izenburuan) pastoralaren inguruan idazten ari den doktore-tesian bidelagun izateak lagundu dit eskuizkribuetako testutik agertokira eta antzezpenera dagoen bideaz gogoeta egin beharraz jabetzen, eta pastoral-antzezpenen deskripzio ahalik eta zaharrenak bilatzean berriz ere Websterrengana iritsi naiz.

1864ko ekainaren 20an, Larrainen, Rixart Normandiako Dukia (Richard Sans Peur, Duc de Normandie frantsesezko izenburuan) pastorala taularatu zuen hango gazteriak, eta ikusleen artean izan zen Wentworth Webster.

Websterrek Macmillanโ€™s Magazine aldizkariaren 1865eko urtarrileko zenbakian argitaratu zuen kronika zehatza. Literatura-aldizkari hori hilero argitaratu zen 1859tik 1907ra, eta hala fikzioa nola ez-fikzioa argitaratzen zuen; bai autoreak eta bai irakurleak britainiarrak ziren gehienbat, eta, Websterrek bere lana argitaratu zuen garaian, David Masson eskoziarra zen editorea (1859-1869 tartean). Patri Urkizuk Websterren biografiaren 2. orrialdean dio Websterrek artikulu hori Hurt anderearekin batera sinatu zuela, baina guk ez dugu halakorik ikusi (egia da guk ez dugula aldizkariaren zenbaki soltea aurkitu, eta hainbat zenbaki biltzen dituen liburuki enkoadernatua baino ez dugula kontsultatu ahal izan), eta ez dakigu nor izan litekeen Hurt andere hori (Websterren emaztea Thekla Laura Knipping renaniarra zen).

Kronikaren arabera, antzezpenak zortzi ordu iraun zuen. Websterrek nasai azaltzen du non dagoen Larraine, zer den pastorala, eta pastoral-egunean Larrainen ikusi duen guztia. Eta pastoralaren lehenengo laurdenean agertzen den istorioa kontatzen du, zati batzuk bere hitzetan laburturik, eta beste batzuk hitzez hitz ingelesera itzulirik.

Badakigu, zalantzarik gabe, Websterrek erabili zuen jatorrizkoa orain Baionako Mediatekan dagoen B641026201_Ms. 016 eskuizkribua dela. Euskarazko eskuizkribu horren testu nagusiak 79 bertset ditu Lehen Pheredikian (gogoan izan bertset bakoitzak lau bertso-lerro dituela), 1258 bertset trajeriaren testuan eta 20 bertset Azkhen Pheredikian.

Ingeles-irakurleentzat argitaraturiko artikuluan, Websterrek 33-45, 131-150, 155-175, 193-206, 221-227, 239-248, 257-286 eta 304-317 bertsetak argitaratu zituen ingelesez (guztira 129 bertset), erakusgarri gisa.

Baionako Mediatekan badago, bestalde, artikuluaren eskuzko bertsio bat (Ms. 052_2), Wentworth Websterrek berak idatzia, Hรฉrelleren arabera Macmillanโ€™s Magazine aldizkarian argitaraturikoaren kopia. Zehaztu beharko genuke ez dela kopia zehatza, bertsio bat baizik, gehienean berdina, baina hain zuzen itzulitako testuei dagokionez aski desberdina, literatur aldizkarian argitaraturiko bertset batzuk (33-45) bildu baitira eskuizkribuan, baina baita argitaratu gabeko bertset batzuk ere (46-52 eta 109-129).

Nolanahi ere, itzulpenaren historiarako inportanteagoa da Baionako Mediatekan bertan dagoen beste eskuizkribu bat, hura ere Websterren eskuz idatzia (B641026201_Ms052_1): Pastorale. Richard the Fearless, Duke of Normandy. Eskuizkribu horretan, euskarazko eskuizkribuko 1-52, 84-338 eta 360-384 bertsetak euskaratu dira. Badirudi Webster pastoral osoaren ingelesezko itzulpena egiten edo kopiatzen hasi zela, baina lehenengo laurdena baino ez da iritsi guregana. Gainera, berak interlude deitzen duen Petit-Jean eta Sebadinaren istorioari zegozkion zatiak (53-83 eta 339-359) alboratu eta itzuli gabe utzi zituen: ยซโ€ฆ a broad and not very refined farce, by way of interlude, in mingled Basque and Bรฉarnois patois, which is utterly untranslateable; so exceedingly free-spoken is the genius of the Basque tongueยป (243. or.).

Hortaz, Baionako Mediatekako Rixart Normandiako Dukia (Ms. 016) eskuizkribuko bertset hauen ingelesezko itzulpenak iritsi dira guregana:

  • Baionako Mediatekako Ms 052_01: 1-52, 84-338, 360-384.
  • Baionako Mediatekako Ms 052_02: 33-52, 109-129.
  • Macmillanโ€™s Magazine (January, 1865): 33-45, 131-150, 155-175, 193-206, 221-227, 239-248, 257-286, 304-317.

Websterren itzultzeko modua ikusteko, hona hemen 37-43 bertsetak, euskaraz (Baionako Ms. 016 eskuizkributik neuk editaturik) eta ingelesez (1865eko artikulutik harturik):

Jelki รผnhidia erditi eta RICHARD mintza.
Beha zite hunat,
ene emazte maitia:
haur hunen hazteko
รผnhide zindakea?
 
รœNHIDIA mintza.
Bai, jauna, segรผrki
รผnide nรผzรผ,
haurra hazerazi
plazer badรผzรผ.
 
Hartรผren deretzรผt
nik zure haurra,
eta haziren segรผrki
behar den bezela.
 
Richard.
Eman haurra eta RICHARD mintza.
Atxiki ezadan, arren,
haur hori besuetan,
eta ahal oroz untsa
otoi haz ezan.
 
Gaizto izaiten bada
haur hori naturaz,
untsa gaztiga ezadan
oro egin ahalaz.
 
รœNHIDIA mintza.
Monseigneur, ene adiskidia,
hauxe da haur ederra;
iduri dizรผ ez diela
hirur egun sortรผ dela.
 
Ez dรผt ikusi sekula
nik holako haurrik,
hunen larria bezen
xuri eta trende denik.
 
Paseia.
Enter Nurse. RICH.
List here to me,
my worthy woman;
to bring up this child
perchance, would you be nurse?
 
NURSE.
Yes, my lord, certainly,
I am now nursing,
I will bring up the child
if that be your good pleasure.
 
I will take the child
if you entrust it to me,
and I will tend it
with all fidelity.
 
RICH.
(giving the child).
Take then the child
tenderly in your arms,
and bestow, I pray you,
on it your tender care.
 
If the childโ€™s disposition
should unhappily be bad,
to chastise it severely
I give you all authority.
 
NURSE.
Well, beloved lord,
โ€˜tis a fine infant,
and one would say
โ€˜twere scarce three days old.
 
Never have I seen
an infant like it,
so very white a skin
and withal so tender.

.

Websterrek berak ez du azalpen handirik eman bere itzultze-lanari buruz. Hau da 1865eko artikuluan aurkitu dugun aipu bakarra: ยซโ€ฆ our translation [โ€ฆ] merely aims at giving the meaning, as near as may be, line by lineยป (250. or.).

Nolanahi ere, Wentworth Webster bazegoen orain arte ere euskal itzulpenaren historian, batik bat Basque legends (1877) liburuari esker. Natalia M. Zaรฏkaren 2014ko Approche textologique et comparative du conte traditionnel basque dans les versions bilingues de 1873 ร  1942 : (W. Webster, J.-F. Cerquand, J. Barbier, R.M. de Azkue) liburuan, atal oso bana eskaintzen zaizkie โ€œLa traduction et les compรฉtences linguistiques de Websterโ€ (232-240. or.) eta โ€œLe manuscrit et lโ€™ouvrage Basque Legends publiรฉ en anglaisโ€ (240-251. or.) gaiei. NorDaNor datu-basean eta Euskal Literatura Itzuliaren (ELI) katalogoan ere 1877ko liburu hori agertzen da, oker ez banago, euskaratik ingelesera itzuli eta argitaraturiko lehen literatur testu gisa. Rixart Normandiako Dukia pastoralaren itzulpenarekin, hamabi urte aurreratzen da data hori.

Euskarazko itzulpenak gomendatzen erdaldunei

Angel Erro

I

Katalan, galiziar eta euskal literaturetako ordezkari bana Madrilgo Hizkuntza Eskolan antolatutako mahainguru batean. Niri egokitu zait euskal literatura ordezkatzea-edo. Halakoetan nork bere izenean hitz egiteaz aparte, komunitate oso baten ahoz ere jarduteko ardurak hartu ohi du.

Azken galderan gutako bakoitzak gure literaturako liburu bat, azkenaldikoa, gomendatzeko eskatu digutenean, hor nabaritu dut gehien nire izenean esklusiboan edo euskaldun guztionean aritzearen arteko talka. Espero izateko galdera izan arren, ez nuen ezer prestatua. Zer erantzun? Egunotan eskuen artean dudan liburua ekarri? Benetan liluratu nauen azkena? Eta nobedadea izateari aspaldi utzi bazion? Azkenaldian irakurleek eta kritikak harrera ona egin dioten izen bat eman, nahiz eta nik leitu ez dudan, edo โ€•larriagoโ€• nahiz eta niri ez ur eta ez ardo iruditu? Hor bildutako gehienek euskal literaturaren ezagutza eskasa izanen dutela kontuan hartuta, hartan murgiltzen hasteko moduko liburu eskuratzen erraza eta erdarara itzuli berria aipatuko dut? Ala aretoan dagoen euskaldunek bakarrik ezagutu ahal izanen duten egile eta liburuaren alde eginen dut, jakinik ere, itzulita izan ez denez, beste guztiak geldituko direla euskal literaturak duen mailari tamaina ezin hartuta?

Azken uneko erabakian, ez bata eta ez bestea: euskarara itzulitako erdal liburu bat gomendatu nuen, oraintxe ez dut gogoratzen zein. Ez dakit horrekin lehenago azaldutako arazoetatik zenbat konpontzen nituen. Esango nuke bat ere ez. Are gehiago, euskal literaturaren ordezkari eskasa nintzela pentsatuko zuten askok.

Agian euskal literaturari gaur egungo itzulpengintzak egiten dion ekarpena goraipatu nahi nuen. Agian guztiok ezagutzeko moduko liburu bat, aldi berean aretoko euskaldunek leitzeko eta euskaraz disfrutatzeko modukoa, plazaratu nahi nuen. Edo agian, sinpleki, nahiago nire garaikidea den lumakiderik (jendaurrean eta onerako) ez aipatu, zeina gure literaturaren marka bihurtzeko puntuan baita.

II

Hizkuntza bakoitzak modu esklusiboan eskain dezakeen plazeraren eremua poesiarena omen da. Irakurleok ez gara hain kontziente jatorrizkoan ez leituta zer galtzen ari garen eleberri bati heltzen diogunean. Hala ere nik deskubritu uste dut beste modu bat ez dakidan hizkuntza batek sorrarazten duen plazer estetikoa atzemateko. Itzulpenek eman dezakete hori. Zehazki, zuk miresten dituzun atzerriko egileek egindako itzulpenek.

Normalean ez ohi dugu jakin bere erdarara zer itzuli duten gure idazle faboritoek; normalean ez dira haien lanen zerrendan aipatzen. Haiek egindako itzulpen horiek irakur genitzake, jakina, haien liburuak ere bere hizkuntzan irakurtzeko gauza garen neurrian. Baina zentzua izanen luke? Natalia Ginzburg italieraz irakurtzeko balentria egin nezake (ez zen italierazko nire lehen liburua izanen), baina berak itzulitako Marcel Prousten Du cรดtรฉ de chez Swann (La strada di Swann izenburuduna) irakurtzeko gai izanen nintzateke? Nekez, alde batetik, oraintsu arte ez dudalako jakin lan horretara emana egon zela bere bizitzako zortzi urtez, baina baita, neure burua gertaerei jarraitzeko gauza naizela pentsatu arren, ez dudalako uste itzulpenaren kalitatea epaitzeko (eta hartaz gozatzeko) aski italiera dakidanik; hots, italieradunentzako ortu zarratua delako hori.

Gauza bera esan nezake, Prousten lanetik atera gabe, portugesari buruz, Manuel Bandeiraren A Prisoneira edo Carlos Drummond de Andraderen O Tempo Redescoberto itzulpenen harira, edo alemanierari buruz, Walter Benjaminen Im Schatten der jungen Mรคdchenย (ร€ lโ€™ombre des jeunes filles en fleurs) dela eta[1].

Pello Lizarraldek, Fernando Reyk eta Irene Hurtado de Saratxok itzuli dute Natalia Ginzburg euskarara, Joseba Sarrionandiak eta Koldo Izagirrek Bandeira eta Drummond de Andrade, eta Walter Benjaminek euskaraz izan dituen itzultzaileen artean Garazi Arrula, Maialen Berasategi, Danele Sarriugarte edo Iรฑaki Segurola daude. Hala ere, ez Lizarraldek ez Reyk, ez Sarrionandiak ez Izagirrek, ez Sarriugartek ez Berasategik sekula ezin izanen dute Denbora galduaren bila-ko liburuki horiek italieratik, portugesetik edo alemanetik itzuli. Ezin itzulizko esperientzia eskaintzen baitute itzulpenek, hain zuzen.

Agian horregatik hasi beharko genuke euskal itzulpenak gomendatzen, euskarazko liburuen berri galdetzen digutenean.


[1]     Walter Benjaminek bai liburu hau, bai Recherche-aren hurrengoa, Guermantes, Franz Hessel lagunarekin batera itzuli zituen. Laugarren liburukia, Sodoma eta Gomorra, berriz, bakarka itzuli omen zuen; eskuizkribua galduta dago zoritxarrez.

Poema argitaragabe bat, mesedez

Castillo Suarez

Tarteka poema argitaragabe bat eskatzen didate. Egun batetik bestera. Esate baterako, antologia baterako, aldizkari baterako, errezitaldi baterako, ekitaldi baterako, edo makurragoa dena, eskela baterako, orduan ezin baitut ezetzik esan eta, gainera, epe motza izaten dudalako egiteko eta ardura handia, batzuetan ez nuelako gertutik ezagutzen hildakoa. Alabaina, niri ez zaizkit poemak hain erraz ateratzen, ez dakit nik enkarguak egiten dituztenak jabetzen diren zer ari diren eskatzen, askotan, gainera, doan. Baina beti dago koska bat gehiago literaturaren unibertsoa deitzen dugun honetan. Nire azkeneko liburua gaztelaniaz argitaratuko da, esan dezagun, argitaletxe izendun batekin. Editoreak, baina, ez du euskarazko berbera argitaratzea nahi, ez du itzulpen hutsa argitaratu nahi. Poema ineditoak nahi ditu. 5 poema argitaragabe gutxienez. Eta jarri naiz poemak idazten, eta zalantza sortu zait zein hizkuntzatan idatzi, gaztelaniaz argitaratuko baitira. Orain arte ez dut inoiz gaztelaniaz idatzi. Eta itzuli ere, inoiz ez dut neure burua itzuli. Argitaratuko diren poemak, gainera, Angel Errok itzuli ditu. Eta hasi naiz poemak idazten, orain idazten ari naizen horren antzekoak. Eta bidali dizkiot Errori, eta berak itzuli. Baina ez naiz konforme geratu. Izan ere, Alaska liburua idatzi nuen duela urte batzuk, eta orain idazten ari naizena oso desberdina da, edo, behintzat, hori iruditzen zait niri. Erroren bertuteetako bat diskrezioa da. Ez du ezer esan, baina bigarren mezu batean beste poema batzuk bidali dizkiodanean egokiagoak direla esan dit, eta itzuli ditu beti bezain fin. Badu idazteak atabikotik zerbait, eta ezin nintzen bueltatu haurtzaroko Alaskara. Ez galdetu zergatik. Baina ariketa literario bat egin eta N1 zaharrean zeuden beste hotel batzuk ekarri ditut gogora eta bihotzera. Eta atera zaizkit 5 poema argitaragabeak. Hotel denak daude itxita. Zabalik geratzen den bakarra Alai da. Gaur bazkaldu dut bertan, pasako jendearen artean. Autobusetan heldu den jendeaz inguratuta, ez dakit nora doana. Eta hotel hipermoderno batetik hartutako boligrafoa hartu eta hitz batzuk apuntatu ditut kaier batean. Neskato beltzaran bat begira daukat.

ERREPIDE NAZIONALAREN IBILBIDE ZAHARRA

Leku Ona hotela
Erabiltzen ez den errepide batetik zoazela munduak errepide berritik aurreratzen zaituela sumatzen duzu. Une batez bide bazterrean geldituz gero esango dizut aspaldi esan nahi dizudana: hortxe dago muga, probintzien artekoa eta egun zoriontsuen eta zoriontsuagoak izanagatik guretako tristeagoak zirenen artekoa. Gera zaitez hor. Ez dakizu zer datorkizun, hurbiltzen ari den autoaren gidaria ezagutuko duzun ala ez. Beharbada poeta hura da. Errezitaldietan gazteena zena beti. Jaka islatzailea jantzita daramazu ikus zaitzan.

Aizkorri hotela
Igerilekurik gabeko hotel batean ezagutu zintudan. Gurasoak bizirik genituen artean. Elkarri zauriak ukitu genizkion eta zin egin, telebistako argia lekuko zela, gure bizitza perfektua izanen zela aurrerantzean. Izan ere, gerra batย  galdu egiten baitugu gogora ekartzen dugun bakoitzean. Eta ez dago leiho hautsi bat baino gauza tristeagorik. Hori eta Salgai afixa zartatu bat. Memoria abandonatutako hoteletan geratzen den altzari bat da, inork etxerako nahi ez duena. Txori bat sartu da behinolako jantokian eta ez daki nola atera bertatik.

Buenos Aires hotela
Mukerra naiz. Ohazal gainean loak hartu nau. Zu gabeko lehendabiziko uda da.ย  Orain badakit hizkuntza bera genuela, baina lengoaia desberdina. Zoriontsuak gineneko harremanak ere gaizki bukatzen direla ikasi dut urteekin: frutarbolen lerro zuzenen asperdura dugula maiteago oihanpeko desordena perfektua baino. Eta bizitza berdin izan daiteke daukazunarekin konformatzea edo zerbait hobea bilatzea. Edo biak aldi berean, zer esanik ez. Horregatik maite dut baikortasuna imitatzen dakien jendea. Maite dut pasoko hotelak bueltatuko ez naizela badakidalako. Joaten uzten duguna gara. Horregatik egoten gara larrialdietako irteerei begira.

Ulaiar hotela
Haizeak uhinak egiten zituen moztu gabeko belarrarekin. Txakurrek sumatu zuten euria heldu zela guk baino lehenago. Galdu genuena eta inoiz izanen ez genuena ezin bereiziz bizi ginen artean, eta abandonatutako askaltegian geratu ginen aterkirik ez bagenuen ere. Maite ditu euriak geldirik dauden gauzak. Zerbait esan nahi nizun. Aholku on bat eman kristalaren kontra erantsia gera ez zintezen desorientatutako txori bat nola. Ametsek ez gaituzte kolpatzen, ordea.ย  Gainera, amesteko esaten digutenak ez dira gurekin batera egoten gehienetan. Eta esnatu nintzen bat-batean, errepide bazterreko hotel batean gauaren erdian esnatzen den saltzailea bezala. Aukera izan banu, zu izanen nintzatekeen beti izanen duzulako norbait zure zain.

Ongi Etorri hotela
Galbiderantz zuzenean doanari ez zaio erakutsi behar drainatutako urtegi baten hondoan zer dagoen, ez duelako handik atera nahi izango. Baina alferrik da: beti betetzen dira gehien beldurtzen gaituzten mehatxuak, eta gure barrenak arrain inbaditzaileek zein lokatzak buxatuko dituzte. Bizitza da behinola erreka bat izan zen paraje bat, orain selfiak egiteko presagaina dena. Itxi zituzten hoteletako neoiakย  sumatzen dira gure begien hondoan. Gauak geratzeko nahikoa diren hitzak pilatzen zaizkigu eztarrian, urpeko landareriarekin katigatzen direnak. Madarikatuak gara: guretako asmatu zituzten kuretajeak.

ANTIGUA RUTA DE LA CARRETERA NACIONAL

Hotel Leku Ona
Cuando circulas por una carretera abandonada, sientes que el mundo te adelanta por la carretera nueva. Si nos detenemos un momento en el camino, te dirรฉ lo que trato de decirte hace tiempo: ahรญ estรก el lรญmite entre provincias, y tambiรฉn entre los dรญas felices y los que, a pesar de ser igualmente felices, para nosotras fueron mรกs tristes. Quรฉdate ahรญ. Ignoras tu futuro, si vas a conocer o no al conductor del coche que se aproxima. Tal vez sea aquella poeta. La que siempre era la mรกs joven en los recitales. Llevas el chaleco reflectante para que te vea.

Hotel Aizkorri
Te conocรญ en un hotel sin piscina. Nuestros padres todavรญa estaban vivos. Nos palpamos las heridas y juramos, con la luz de la televisiรณn como testigo, que a partir de ese momento nuestra vida serรญa perfecta. Y, efectivamente, perdemos una guerra cada vez que la recordamos. Y no hay nada mรกs triste que una ventana rota. Una ventana rota y un cartel ruinoso de Se vende. La memoria es un mueble en un hotel abandonado, que nadie quiere llevarse a casa. Un pรกjaro se ha colado en el antiguo comedor y no sabe cรณmo salir de allรญ.

Hotel Buenos Aires
Soy obstinada. Me he quedado dormida sobre la colcha. Es el primer verano sin ti.ย  Ahora sรฉ que hablรกbamos el mismo idioma, pero un lenguaje diferente. Con los aรฑos he aprendido que las relaciones en las que fuimos felices tambiรฉn terminan mal: que preferimos el aburrimiento de las lรญneas rectas de los frutales que el desorden perfecto del sotobosque. Y la vida puede consistir en conformarte con lo que tienes o en buscar algo mejor. O ambas cosas al mismo tiempo, faltarรญa mรกs. Por eso me agrada la gente que sabe imitar el optimismo. Me gustan porque sรฉ que no volverรฉ a hoteles de paso. Somos aquello que dejamos marchar. Por eso solemos mirar hacia las salidas de emergencia.

Hotel Ulaiar
El viento provocaba ondas en la hierba sin cortar. Los perros advirtieron que la lluvia habรญa llegado antes que nosotros. Todavรญa vivรญamos sin saber distinguir entre lo que perdimos y lo que nunca tendrรญamos, y nos quedamos en el merendero a pesar de que no tenรญamos paraguas. La lluvia ama las cosas inmรณviles. Querรญa decirte algo. Darte un buen consejo para que no te quedases pegada al cristal como un pรกjaro desorientado. Pero los sueรฑos no nos hieren.ย  Ademรกs, la mayorรญa de las veces no estรกn con nosotras los que nos dicen que soรฑemos. Y de pronto me despertรฉ, como un viajante que se despierta en medio de la noche en un hotel al borde de la carretera. Si hubiera tenido ocasiรณn, habrรญa sido tรบ porque siempre vas a tener alguien que te espere.

Hotel Ongi Etorri
A quien se dirige directamente hacia la perdiciรณn no hay que mostrarle lo que hay en el fondo de un embalse drenado, ya que no querrรก salir de allรญ. Pero es inรบtil: siempre se cumplen las amenazas que mรกs nos asustan, y nuestras entraรฑas serรกn obstruidas por peces invasores y por el barro. La vida es un paraje que en otro tiempo fue un rรญo y ahora es una represa donde hacerse selfis. En el fondo de nuestros ojos se aprecia el neรณn de los hoteles que se cerraron. Las palabras que bastan para detener las noches, las mismas que se encadenan con la vegetaciรณn subacuรกtica, nos golpean en la garganta. Estamos malditas: por nosotras se inventaron los legrados.

Itzulpena: Angel Erro

Itzulpenaz eta (genero) disidentziaz III

Irati Bakaikoa Garcรญa

Aurreko artikuluan, aipatu nuen badirela lupaz begiratzea merezi duten adibideak, itzulpenaren eta transfeminismoaren arteko elkarreraginari erreparatzeko. Ikusi genuen nola Leslie Feinbergek emakumetasuna โ€•beste gauza askoren arteanโ€• zalantzan jarri zuen Mari-mutil handi baten bluesa eleberrian, eta zeinen ekarpen handia jaso genuen haren euskarazko itzulpenarekin. Gaurkoan, fokua pixka bat goratuta, itzulpen prozesu horren haritik tiraka jarraitu nahiko nuke.

1993an, Feinbergek zapalkuntza guztien aurka idatzi zuen jatorrizko Stone Butch Blues; hasiera-hasieratik, eleberriak izandako ibilbideak gorde izan ditu Feinbergen pentsamendu antikapitalista eta transfeminista. Argitalpenetik hogei urtera, Feinbergek, lagun talde baten laguntzaz, Stone Butch Bluesen azken edizioan (2014) aipatzeko moduko hainbat ohar utzi zizkigun, eleberriko kapituluez gain. Horiek, noski, itzulpenean gordetzeko beharra zegoen, oharrek osatutako aparatu horretan guztian badirelako itzultzaileak kontuan eduki beharrekoak:

Sailkapen bitar eta klasikoei aurre egiteko nahia esplizitua da, bai generoari dagozkion emakume/gizon kategoria bitar eta klasikokoen aldetik, baita eleberrien sailkapenaren aldetik ere; izan ere, bere buruari galdetzen dio Stone Butch Blues liburu-dendetako zein apaletan egongo ote den… eleberri historikoa, LGTBIQ+ feminista edo autobiografikoa? Azken horri dagokionez, bere ibilbidearekin antzekotasun asko eduki arren, hainbatetan aipatu zuen ez zela inolaz ere eleberri autobiografikoa.

Bizitzako azken urteetan, gaixoaldiak hizkuntzaren inguruko eztabaidetatik urrun utzi zuen arren, hizkuntzaren erabileraren inguruan hausnartzeko tartea eduki zuen oharrotan. Batetik, โ€œtransexualโ€ hitzaren bilakaeraz mintzo da, eta aipatu, hegazkinek, trenek eta autoek egiten duten moduan, hormonak eta kirurgia diren ibilgailu teknologikoek hamaika lekutara eramaten dituztela pertsonak. Bestetik, izenordainen inguruan ere mintzatu zen, eta adierazi norberaren identitatearen alderdi oso garrantzitsua direla eta haien erabilera konplexua dela, hainbat zapalkuntza gainjarri daitezkeelako.

Hala, itzultzaileei baino ez zien baimenik eman eleberriaren bestelako edizioetan oharrak egiteko, eta ez zuen hitzaurrerik onartzen. Haren esanetan, historikoki, generoaz eta sexu-orientazioaz psikiatriaren eta psikologiaren arlotik idazten zen gehienbat, eta zapalduaren hitzak, ordea, adituen hitzekin bat etorri behar zuten gaixoaren hitzak baino ez zirela. Zentzu horretan, bere eleberriak ahots propioa du; horregatik, ez du irakurlearekin bitartekaritzarik nahi, eta hitzaurrerik ez egiteko eskatu zuen. Esan bezala, soilik itzultzaileei uzten zien prozesuan sortutako hizkuntzarekin lotutako zailtasunak azaltzeko tartea.

Are gehiago, itzulpenetarako hitzarmen bat utzi zuen idatzita, bost baldintza nagusirekin. Lehenik, itzulpenak baimentzen zituen soilik 2014ko edizio hura jatorrizkotzat hartuta. Bigarrenik, xede-argitaletxe orok argi eta garbi adierazi behar du itzulpena argitaratzen ari direla, eta Feinberg dela jatorrizkoaren autorea. Hirugarrenik, itzulpena irabazi asmorik gabe egin behar da ezinbestean, eta inprimatutako bertsioaren prezioa ekoizpen-gastuak estaltzeko ezarri behar da. Laugarrenik eta aipatu bezala, ezin da hitzaurrerik egin, itzultzaileek hizkuntzari dagokionez hartutako erabakiak baino ezin dira aipatu. Azkenik, itzulpena edo haren zati esanguratsu bat bere webgunean publikatzeko eskubidea gordetzen du, doako sarbidea bermatzeko.

Fermintxo Zabaltzak, euskal itzultzaileak, Feinbergek idatzitakoa ezagutu eta gero, denbora librean ekin zion Mari-mutil handi baten bluesa itzultzeari, euskal literatur sisteman eduki horien faltak bultzatuta, baita euskararen aldeko borrokak eta borroka transbollomarikak ere. Eta itzulpen horren ondorio da xede-hizkuntza, kultur sistema eta identitate disidenteen errealitateak aberastu izana.

58 segundo

Eider Beobide Urkizar

Gernikako bonbardaketaren 88. urteurrena da gaur. Behingoagatik egun batzuk lehenago hasi naiz artikulua idazten. Behingoagatik Italiari kontuak eskatu dizkiogu. Edo behintzat saiatu gara.

Egia esan, azken aldian ez dut ia idazten, mantso nabil itzulpenetan eta ez dut gogorik pozik nagoela antzezteko. Irakurtzen behintzat banabil, horrek salbatzen nau. Askotan ez dakit ยซzer moduzยป galderari ere nola erantzun eta korapilatu egiten zaizkit ondo ez nagoela ezkutatzeko aitzakiak.

Gaur ere, ez nuke jakingo zeri buruz idatzi ez balitz Poemas de y por Palestina fanzinea berrirakurri ez banu (esker mila Isabeli Senezerako artikulurako gonbita botatzeagatik). Besteak beste, nire nekea genozidioari ere baitagokio: inpotentziari, sumindurari, haserreari, lur jota dauden (literalki) haur, gaztetxo eta heldu palestinar guztieri.

Gaiaz irakurri eta hitz egin, manifestatu, berriak partekatu, Rifqaren emanaldiren bat egin, palestinarren mezua zabalduโ€ฆ ez zait aski iruditzen. Amaia Astobizak blog honetan bertan zioen ยซEta ezin diot utzi mina sentitzeari, [โ€ฆ] baina begietan gainezka egiten dizuten malkoek ez dute fosforo zuriaren surik itzaltzenยป. Horrenbestez, itzultzea denez nire lan eta pasioa, zer beste egin nezake nik ez bada palestinar poeta eta itzultzaile baten hitzak blog honetara ekarri? Beraz, hona hemen Lena Khalaf Tuffaha-ren poema bikain bat:

Iheserako aginduak

Orain deitu egiten digute,
bonbak bota baino lehen.
Telefonoak jo egin du
eta nire izena dakien norbaitek
deitu eta arabiera perfektuan dio
ยซDavid naizยป.
Eta oraindik buruan burrunbaka ditudan
eztanda sonikoen eta beira hautsien sinfonien nire harridurarekin
pentsatu dut, Ezagutzen al dut Davidik Gazan?
Orain deitu egiten digute esateko
Egin korri.
58 segundo dituzu mezu hau amaitzen denetik.
Hurrengoa zure etxea da.
Gerra-garaiko kortesia
moduko zerbait dela uste dute.
Ez du axola
ez egoteak nora korri egin.
Ez dio ardurarik mugak itxita egoteak
eta zure paperak ezdeusak izateak
eta soilik biziarteko kartzela-zigorrera kondenatzeak
itsasoaren alboko kartzela honetan
eta kalezuloak estuak dira
eta giza bizitza gehiago dago
bata bestearen gainean zanpatuta
munduko edonon baino
Soilik egin korri.
Ez gara zu hiltzen saiatzen ari.
Ez du axola
ezin diguzula deia itzuli esateko
bilatzen gabiltzala diogun jendea ez dagoela zure etxean
ez dagoela inor bertan
zu eta zure haurrak besterik ez
zeinak Argentina animatzen ari diren
aste honetako azken ogi-barra partekatzen
geratzen diren kandelak kontatzen argia joaten bada.
Ez du axola haurrak dituzun.
Leku okerrean bizi zara
eta orain zure txanda da korri egiteko
ezerezerantz.
Ez du axola
58 segundo ez izatea nahikoa denbora
zure ezkontza-albuma aurkitzeko
edo zure semearen manta gogokoena
edo zure alabaren unibertsitateko eskaera-orri ia amaitua
edo zure zapatak
edo denak elkartzeko etxean.
Ez du axola zer zenuen planifikatuta.
Ez du axola nor zaren.
Erakutsi gizakia zarela.
Erakutsi bi hankatan mantentzen zarela.
Egin korri.

Heraklito eta Artamendi UEUn, 1977an

Gidor Bilbao Telletxea

UEUk unibertsitate-jakintzaren komunikazioan 1977az geroztik eginiko ekarpena aztertzean ikusi nuen lehenengoz Euskarianako fitxa katalografikoa: HERAKLITOren ‘Izadiari buruz’ izenburua duen liburuxkaren ale bat, ale ezagun bakarra, HABE Liburutegian.

Azalean, 5. Udako Euskal Unibertsitatearen logotipoa dauka, eta egile-editore gisa edo, โ€œFilosofia Sailaโ€. Barruan, 12 orrialde mekanografiaturen kopia (bistan da Gestetner kopia-paperaren ur-marka), 1977 hartako UEUren beste jakintza-alor batzuetako argitalpenetan ikusi dugun moduan. Lehenengo orrialde mekanografiatuan, berriz ere izenburua: HERAKLITOren โ€œIzadiari buruzโ€. Eta ondoren, beste aurkezpenik gabe, Heraklitoren 126 testu-zatiren euskarazko itzulpenak, bakoitza bere zenbakiarekin, Heraklitoren testu-zatien edizio modernoetan argitaratu ohi diren erara, esan behar baita Izadiari buruz (ฯ€ฮตฯแฝถ ฯ†ฯฯƒฮตฯ‰ฯ‚) Heraklitoren liburu osoaren izenburua litzatekeela, baina zatiak baino ez ditugula ezagutzen, hain zuzen UEUk 1977an euskaraz argitaratu zituen horiek. Edizioen arabera gorabeherak izaten diren arren, hala kopuruan nola zenbakitzean, UEUk edizio horietakoren bat oso-osorik euskaraturik argitaratu zuen.

Itzulpena nolakoa den ikusteko, hona hemen lehenengo zatia, lehenengo grekoz, gero 1977ko itzulpenean, eta azkenik Javier Aguirre Santosek eta Felipe Juaristik 2004an Pentsamenduaren Klasikoak bildumarako eginiko itzulpenean (Filosofo presokratikoak liburukian).

SEXTO ENPIRIKO, Matematikarien kontra VII 132 (22 B 1)
(ฯ„ฮฟแฟฆ ฮดแฝฒ) ฮปฯŒฮณฮฟฯ… ฯ„ฮฟแฟฆฮดสน แผฯŒฮฝฯ„ฮฟฯ‚ (แผ€ฮตแฝถ) แผ€ฮพฯฮฝฮตฯ„ฮฟฮน ฮณฮฏฮณฮฝฮฟฮฝฯ„ฮฑฮน แผ„ฮฝฮธฯฯ‰ฯ€ฮฟฮน ฮบฮฑแฝถ ฯ€ฯฯŒฯƒฮธฮตฮฝ แผข แผ€ฮบฮฟแฟฆฯƒฮฑฮน ฮบฮฑแฝถ แผ€ฮบฮฟฯฯƒฮฑฮฝฯ„ฮตฯ‚ ฯ„แฝธ ฯ€ฯแฟถฯ„ฮฟฮฝยท ฮณฮนฮฝฮฟฮผฮญฮฝฯ‰ฮฝ ฮณแฝฐฯ (ฯ€ฮฌฮฝฯ„ฯ‰ฮฝ) ฮบฮฑฯ„แฝฐ ฯ„แฝธฮฝ ฮปฯŒฮณฮฟฮฝ ฯ„ฯŒฮฝฮดฮต แผ€ฯ€ฮตฮฏฯฮฟฮนฯƒฮนฮฝ แผฮฟฮฏฮบฮฑฯƒฮน, ฯ€ฮตฮนฯฯŽฮผฮตฮฝฮฟฮน ฮบฮฑแฝถ แผฯ€ฮญฯ‰ฮฝ ฮบฮฑแฝถ แผ”ฯฮณฯ‰ฮฝ ฯ„ฮฟฮนฮฟฯฯ„ฯ‰ฮฝ, แฝฮบฮฟฮฏฯ‰ฮฝ แผฮณแฝผ ฮดฮนฮทฮณฮตแฟฆฮผฮฑฮน ฮดฮนฮฑฮนฯฮญฯ‰ฮฝ แผ•ฮบฮฑฯƒฯ„ฮฟฮฝ ฮบฮฑฯ„แฝฐ ฯ†ฯฯƒฮนฮฝ ฮบฮฑแฝถ ฯ†ฯฮฌฮถฯ‰ฮฝ แฝ…ฮบฯ‰ฯ‚ แผ”ฯ‡ฮตฮน. ฯ„ฮฟแฝบฯ‚ ฮดแฝฒ แผ„ฮปฮปฮฟฯ…ฯ‚ แผ€ฮฝฮธฯฯŽฯ€ฮฟฯ…ฯ‚ ฮปฮฑฮฝฮธฮฌฮฝฮตฮน แฝฮบฯŒฯƒฮฑ แผ”ฮณฮตฯฮธฮญฮฝฯ„ฮตฯ‚ ฯ€ฮฟฮนฮฟแฟฆฯƒฮนฮฝ, แฝ…ฮบฯ‰ฯƒฯ€ฮตฯ.

UEU, 1977
1 Lรณgos hau, izan, beti delarik ere, gizonek ez dute ulertzen ez (hartaz) entzun aurretik, ez entzunda gero ere. Gauza guztiak lรณgos honen arabera direlarik ere, ba dirudi zenbait jende ez dela hartaz ohartzen, nahiz eta jende berau halako hitzak eta egintzak esperimentatuz bizi, holakoak baitira nik neure gogaketan darabiltzadanak, bakoitza bere izaeraz berezirik eta nola den adieraziz. Gainerako jendea esnai dabiltzala egindakoez ere ez da ohartzen, lotan egindakoez oroitzen ez diren bezala.

Pentsamenduaren Klasikoak, 2004
1 Beti indarrean bada ere, arrazoi hau ulertzeko ezgai azaltzen dira gizakiak, bai entzun aurretik bai entzundakoan. Izan ere, den-dena arrazoi horren arabera gertatzen bada ere, ezjakinak dirudite, hitzetan eta ekintzetan adituak diren arren, nik horrelako hitz bakoitza eta ekintza bakoitza zehatz-mehatz eta haren izaeraren arabera nolakoa den adierazten dudanean. Baina gainerako gizakiak ez dira ohartzen esna egonik egindakoaz, lo egonik egindakoaz ahazten diren moduan.

Heraklitoren estilo aforistikoa ez da erraza eta, nire ustez, 1977ko itzultzaileak oso ondo asmatu zuen gehienetan. Hona hemen adibide batzuk:

84a Aldatuz hartzen da atseden.

85 Latza, nor bere buruari oldartu beharra; zeure arimaren trruke erosiko baituzu gura duzuna.

87 Gizon kamutsa hitz oroz ohi da txunditzen.

90 Gauza guztiak su bilakatzen dira eta sua gauza oro bilakatzen da: urrea salgai-truke eta salgaia urre-truke bezala.

98 Hades-usaina darie izpirituei.

103 Obuaren zirkunferentziak puntu bera du buru-buztan.

119 Patu gizonarentzat bere izaera. (Patu du gizonak bere izaera).

126 Hotza bero da bilakatzen, beroa hotz, bustia lehor, lehorra busti.

Gutxi batzuetan, esango nuke itzultzailea hiztegiaren zokoren batean ibili dela ordain egokiaren bila. Nik behintzat hiztegia behar izan dut 125. testu-zatiko zadura-badura ulertzeko:

125 Zadura-badura bera ere mindu egiten da, nahastu ezean.

Grekozko jatorrizkoan แฝ ฮบฯ…ฮบฮตแฝผฮฝ da, gaztelaniazko itzulpenetan brebaje, eta, euskarazkoan zadura-badura, OEHren arabera, soilik Larramendiren, Harrieten eta Azkueren hiztegietan eta Orixeren testu batean erabilia.

Baina nor izan zen itzultzailea? Dirudienez, Anton Artamendi Mugerza, dokumentuan bertan haren izenik agertzen ez bada ere. Zorionez, UEUren artxiboan ondo gorde da 1977ko ikastaroei buruzko txostena: ikasleei buruzko estatistikak, irakasle guztien izen-abizenak, jardunaldi guztietako parte-hartzearen datuak, diru-sarrerak eta irteerak, babesle guztien diru-laguntzen kopuruak… eta โ€œVI. Apuntes โ€“ Argitalpenakโ€ atala.

Atal horretan, UEU harro agertzen da bere aitzindari-lanarekin (eta ez da gutxiagorako, 1977an!):

Udako Euskal Unibertsitateak aurrera pausu garrantzitsua eman du bostgarren saio honetan. Irakasleek eman zitzakeen ikastaldi borobilak baino zerbait gehiago egin nahi izan dugu. Horrexetarako, hain zuzen, urtean zehar prestatu ziren gaiak, eta udako ikastaldietarako, Apunte gisa, argitaratuta eman. Euskara hutsean hezurmamitu eta idatzitako 1438 horrialdeok Udako Euskal Unibertsitatearen textugintzaren hasikin ditugu.

Eta berriz ere zorioneko gara, ondoren hau dakarrelako:

Honatx Apunte eta egileen zerrenda:

[…] FILOSOFIA (DIALECTICA)
– HERACLITO: Antton Artamendi. ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย 12 horrialde
– HEGEL: J. Antonio Amutxategi. ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย  8 horrialde
– MAO: Jon Sodupe. ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย  ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย  ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย 15 horrialde

Amutxategi dakarren lekuan, Amutxastegi irakurri behar da (Jose Antonio Amutxastegi Etxabe), jakina, Sodupe dakarren lekuan, Sudupe (Jon Sudupe Martija), eta Antton dakarren lekuan, Anton (Anton โ€•edo Jose Antonioโ€• Artamendi Mugerza). 1977 hartako UEUko Filosofiako ikastaroaren egitarau osoa ere gorde da UEUren artxiboan, eta dokumentu honetan akatsik gabe bildu dira izen guztiak:

V. UDAKO EUSKAL UNIBERTSITATEA

FILOSOFIA
SAILBURU: ANTON ARTAMENDI

PROGRAMA

DIALEKTIKA
1.โˆ’ ย Heraklito (I)
2.โˆ’ ย Heraklito (II)
ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย  Hizlari: ANTON ARTAMENDI

3.โˆ’ ย Platon (I)
4.โˆ’ ย Platon (II)
ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย  Hizlari: ANTON ARTAMENDI

5.โˆ’ ย Descartes – Leibniz (I)
6.โˆ’ ย Descartes – Leibniz (II)
ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย  Hizlari: JESUS MARI LARRAZABAL

7.โˆ’ ย Hegel (I)
8.โˆ’ ย Hegel (II)
ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย  Hizlari: J.A. AMUTXASTEGI

9.โˆ’ ย Lenin (I)
10.โˆ’ ย Lenin (II)
ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย  Hizlari: P. GARMENDIA

11.โˆ’ ย Mao (I)
12.โˆ’ ย Mao (II)
ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย  Hizlari: J. SUDUPE

Ez da nolanahiko egitaraua! Mirestekoa da halako egitaraua apailatu izana, halako izenekin.

Filosofia Sailak 1977ko ikastarorako prestaturiko ikasmaterialetara itzulita, ez dut ezagutzen Jose Antonio Amutxastegik Hegeli buruz idatzitako zortzi orrialdeko liburuxkaren alerik. Jon Sudupek Maori buruz idatzitako hamabost orrialdeak UEUren liburutegian ikus daitezke, Mao: kontradizkzioaren teoriaย izenburuarekin. Eta Anton Artamendik Heraklitori buruz paraturiko hamabi orrialdeak… Heraklitoren Izadiari buruz izeneko liburuxka izan behar dira, hain zuzen Heraklitoren testu-zati guztien euskarazko itzulpena.

Anton Artamendiren biografia osoena Eibarko Udalaren webgunean aurkitu dut, baina nago euskalgintzan (UEUn, adibidez), euskal unibertsitateari buruzko eztabaidan, edo Deustuko Unibertsitatean Euskal Filologiako ikasketak antolatzean eginiko ekarpenak ahaztuta ez ote diren geratu. Egia da Inguman bilduriko Artamendiren aztarnak ia-ia soilik 1975-1979 tartean pilatzen direla, eta, iruzkintzen ari garen Heraklitoren itzulpenaz gain, hark idatziriko lan bakarra aurkitu dudala euskaraz, hain zuzen Jakin aldizkarian 1977an โ€œUnibertsitatea dela etaโ€ argitaraturiko 15 orrialdeko artikulua (Eta kitto Eibarko astekarian 2005-12-16an argitaraturiko elkarrizketaz landa).

Egongo da Anton Artamendik euskalgintzan (eta euskal itzulpengintzan?) egin bide zuen ekarpenaz nik baino gehiago dakienik, nik egunotan ikasi dudana baino ez baitakit… blog honetako iruzkinen txokoa leku egokia izan liteke ekarpenak jasotzeko.

Euskal kanonaz

Manu Lรณpez Gaseni

Hileta-elizkizun batean nengoen, halakoetan egin ohi dudan bezala, hildako laguna gogoan atxiki eta, bide batez, apaizaren sermoian berrikuntza erretorikoren bat agertuko, edo betiko topikoetan ainguratuta iraungo zuen entzun zain. Altxa, eseri, altxa, eseri gimnastikan deseroso ni, iritsi zen, noizbait, literaturaren tartea. โ€œJesukristo gure Jaunaren Ebanjelio Santua, san Joanen araberaโ€. Elizaren ekarpentxoa: ikuspuntu fokalizatua eta biografia-generoa. Eta hura entzun bitarteko pentsakizunak izan ziren idatzi honen ernamuina.

Entresaka handia egin behar izan zuen kristauen elizak Jesukristoren bizitza eta eginei buruz zebiltzan bertsio ugarien artean egokienak aukeratzeko. Eta, hain zuzen ere, iritsi zaizkigun lau bertsioak โ€•Mateo, Marko, Lukas eta Joanenak, benetako egileak haiek izan edo ezโ€• testu โ€œkanonikoakโ€ dira, hau da elizako agintariek ofizialtzat jotakoak. Baina kanonikotasunaren gaineko kontrol zorrotza ez zen testu-hautaketara mugatu, haien itzulpena(k) ere zorrotz begiratu baitzituzten. Ebanjelioak, itun zaharreko testuak ez bezala, grekera โ€œbatuazโ€ idatzi ziren eta, handik mende batzuetara, latinezko bertsioa agindu zioten Jeronimo gerora gure zaindariari (adi, genero-ikuspegia landu, eta itzultzaileen eguna ekainaren 18ra aldatu nahi izanez gero: Jeronimorekin batera, Paula ere itzultzaile ibili omen zen kontu hartan). Itzulpen hori gutxienez mila urtez izan zen baimendutako testu bakarra kristauen jainkoaren hitza eta haren semearen berri ona zabaltzeko, Erreforma deituak tokian tokiko hizkuntzetan hedatzeko atea ireki zuen arte. Beste guztiak, apostatek aldeztutako testu โ€œapokrifoakโ€.

Bestalde, testuak ez ezik, norbanakoak ere kanonizatu ohi ditu kristauen elizak. Eta, kanon horretan, hilda egotea da ezinbesteko baldintza. Hortik aurrera, mailak daude. Martiri izateko, frogatu egin behar da martiritza, soilik-edo. Dohatsu edo beato izateko, berriz, mirakulu bat egiaztatu behar da. Eta, maila gorenean, santu izatera iristeko, bi mirakulu bermatu behar dira. Marka da, gero!

Honainoko kontakizun aski ezaguna baliatu nahi izan dut literaturan onerako eta txarrerako hainbestetan erabiltzen ditugun โ€œkanonโ€, โ€œkanonikoโ€, โ€œkanonizatuโ€ eta โ€œkanonikotasunโ€ hitzen jatorria nabarmentzeko. Eta, jatorriarekin batera, prozesua ere partekatzen du literaturaren arloko termino homonimoak. Izan ere, literaturan Instituzio izenekoak erabakitzen du, garai eta eremu bakoitzean, zer-nolako autoreak eta testuak (baita arau eta ereduak ere) kanonizatzen diren, Even-Zohar ikertzailearen esanetan. Ez da, beraz, askok uste duten bezala, kalitatea testu literario jakin bat kanonizatuko duena, baizik eta aipatu Instituzioa osatzen duten botere-taldeen unean uneko interesak. Horregatik, elizan ez dakit, baina literaturan eztabaidagarriak dira sarritan kanonak. Gutariko bakoitzak hura kendu eta beste hau jarriko luke haren ordez. Hartarako botererik ez, ordea.

Hauek dira, besteak beste, Instituzioa osatzen duten taldeak eta haien kanonizazio-bideak: akademiak (literaturaren historietara zer egile-obrak pasatzen diren), hezkuntza-erakundeak (curriculumetan, berdin), kultura-erakunde publiko eta pribatuak (han-hemengo sari nazionalak, Nobel saria), kritika (zer obra goretsi, gaitzetsi edo isildu), idazle- eta oro har literatura-elkarteak (Goncourt saria), argitaletxeak (Planeta saria, Bibliothรจque de la Plรฉiade)โ€ฆ Kultura-boterea osatzen duten talde horien helburua da, kanonizatzeari dagokionez, haiek seinalatutako idazle-testu-arau-ereduak babestu eta oroimenean atxikitzea komunitatearen ondare historiko gisa.

Horren arabera, eta gure eremura etorrita, hasteko inguruko literaturetan baino askoz itzulpen gehiago ditugu kanonean, beharra gidari. Joanes Leizarragarenetik hasita, bi aldetatik kanonikoa, Kempis direlakoak sarritan agertzen dira gure literaturaren historietan, eta baita Bonaparteren enkarguz aritu ziren itzultzaileak ere, Duvoisin bereziki. Erlijioa alde batera, euskaratutako literatura didaktikoaren agerpena ere ez da txikia: alegien itzultzaileak (Bizenta eta Juan Antonio Mogel, Juan Mateo Zabala, Iturriaga, Arxu, Goietxe eta beste); berriro ere Agustin Paskual Iturriaga, oraingoan egile, Jolasak dialogo didaktiko partez intraitzuliarekin, hura ere Bonaparteren aginduz: Uriarte, Duvoisin, Intxauspe eta frantses bertsioa. Jada XX. mendean, Orixeren itzulpenen berri eman ohi da; โ€œKulixka sortaโ€ hartako itzulpenak ere baiโ€ฆ

EIZIEk sortutako โ€œLiteratura Unibertsalaโ€ bildumak paragrafo berezi bat merezi du, hura ere kanon bat delako, alde batzuetatik. Batetik, munduko literaturako egileen kanon bat (eta ez hainbeste obrena, egile haien obra ezezagunagoak edo laburragoak hobetsi zirelako, aroan aroan); bigarrenik, hizkuntza- eta literatura-ereduen kanon bat ere bada (alde horretatik, eredu narratiboen kanona da, beste generoetako obrarik apenas dagoelako); eta, hirugarrenik, eta aurrekoaren ondorioz, gaur eguneko euskal itzultzaileen kanon bat ere bai (kalitatez zein itzulpen kopuruz).

Gainerakoan, zentzu hertsiko euskal idazle garaikideei dagokienez, azken-aurreko eta azken literaturaz diharduten monografiko, artikulu eta doktorego-tesietan jasota daude idazle kanonikoen izenak. Kanonizazio literarioa gutxi ez, eta giro akademiko horretan โ€œsantu kulturalakโ€ labela sortu dute, Lauxeta, Aresti eta beste zenbait idazleren mirakuluak nabarmentzeko asmoz. Halarik ere, literaturaren eremuan โ€•zorionezโ€• ez dago hilik egon beharrik kanonean sartzeko, baina ez da ezohikoa gaur agertu eta bihar desagertzea handik, eta alderantziz โ€•halakoak baitira bizien eginakโ€•.

Mesfidantzaz begira dauzkadan irakurleen fabore, gaineratu behar dut badela literatura-kanona ukatzen duenik, gero eta gutxiago, nire ustez, eta bai, ordea, kanon anitz edo multizentrikoen alde dauden akademiko gehiago, historia-, gizarte-, etnia- eta genero-irizpideak oinarri hartuta, ikerketa edo estudio kulturalen arrastoan. Garai batean Harold Bloom zenak erremindutzat jo bazituen ere, haiek ere tokian tokiko Instituzioaren botereak dira eta, alde horretatik, beren kanon propioak ezartzeko moduan daude.

Kanoniko terminoaren sinonimo bat ereduzko denez gero, euskal itzultzaileriak badu zer-non aukeratu ugari, lanbidearen probetxurako. Nire aldetik, eta honenbestez, blog-sarrera honekin amaitzen da literatura-ereduez eta -interferentziaz aritzeko asmotutako hirukoa.

Iturriaga, Moby Dick eta irakaskuntza

Aintzane Ibarzabal Esnaola

Hernaniko kanposantuko kale-kantoi batean Agustin Paskual Iturriagaren (1778-1851) hilobi hondatu eta lizunak jandakoarekin ezustean topo egin ondoren, idazlearen bizitza eta obra irakurtzeari ekin nion. Besteak beste, Klasikoak saileko Jolasak liburua (1842), 1987an berrargitaratu zena.

Patxi Altuna arduratu zen argitalpenaz, eta hitzaurrean Agustin Iturriagaren bizitzaz eta, batez ere, haren idazlearen irakasle lanaz ari zaigu. Iturriaga oso gazterik hasi zen irakasten (1797a baino lehenago). Ikasketak egin ondoren, gainera, eskola bat ireki zuen Hernanin eta irakasle aparta izan zela diote ikerlariek (โ€œzekiena baino gehiago irakasten omen zuenโ€). Dena dela, eskolak ez zuen luze iraun (1823 ingurura arte edo). Ikertzaileen esanetan, Iturriagak salaketak izan zituen, Voltaireren eta entziklopedisten filosofia azalduz, gazteak galbideratzen omen zituelako. Giro horren eraginez, atzerrira joan behar izan zuen 1841ean. Handik urte batzuetara Hernanira itzuli eta han geratu zen hil arte (1851).

Garbi dago garai hartarako oso aurrerakoiak izan zirela haren joera didaktikoak eta hizkuntzari buruzkoak, gaurko ikuspegitik aurrerapen horiek oso urrun ikusten baditugu ere. Euskarari eman zion trataera ere guztiz berritzailea izan zen: ikasleen ama-hizkuntza (euskara) kontuan hartu behar zela zioen, irakaskuntzako gainerako ikasgaietan murgiltzeko.

Liburuaren hitzaurrearen amaieran Altunak dio COUko ikasle aurreratuenek euskalkiak ikasteko irakurgai aproposa izango dela Iturriagaren liburua. Aipamen horrek gogora ekarri dit gaurko Batxilergoko ikasleek euskal idazle klasikoekin duten harremana (aurreratuek eta ez aurreratuek). Batxilergoa, eta azken urtea bereziki, USE/EAU proba gainditzera eta emaitza onak izatera dago bideratua. Hala, euskal literaturak ez du lekurik (ez prestigiorik), are gutxiago euskal idazle klasikoen irakurketak edota testu iruzkinek.

Iturriagaren testuetan, oro har, sumatzen da idazlearen asmo didaktikoa, bai alegietan, elkarrizketetan eta baita hark itzulitako eglogetan ere, baina Jolasak liburuko elkarrizketetako azalpenek beste liburu batera jauzi eginarazi didate.

Irakaskuntzatik erretiroa hartu ondorengo abantailetako bat liburu mardulak irakurtzeko denbora izatea da. Marduletan mardula da Juan Gartziak itzulitako Moby Dick, Herman Melvillek (1819-1891) 1851. urtean argitaratua: Iturriaga hil zen urte berean.

Bi idazleen arteko lotura egitea ez zait zentzugabea iruditu. Garai berekoak dira biak eta testuen zati didaktikoetan, hizkuntzaren erabilerari dagokionean, batak bestearen oihartzuna ekarri dit. Izan ere, mundu iraganaz ari zaizkigu biak, antzinako jarduerez. Landa giroko gaiez elkarrizketak erabiliz Iturriaga; baleaz eta balearen arrantzaz 135 atal eta epilogoa dituen nobela luzean Melville.

Irakaskuntzak ere lekua du bi testuetan. Iturriaga irakasle ospetsua izan zen, elkarrizketen bidez irakatsi nahi izan zien ikasleei, bai hizkuntza eta bai edukia. Eskola maisu izandakoa da Melvilleren pertsonaia ere, Ismael, itsasora marinel gisa abiatzen dena. Irakasle senez ematen dizkigu baleaz eta balearen arrantzaz azalpenak eta argibideak.

Ez da prosaren estiloa (Melvilleren prosa zentzu batean didaktikoa izateaz gain, poetikoa ere bada, aberatsa, sakonaโ€ฆ), ez da forma zehatza ere (elkarrizketa soilak dira Iturriagarenak, paragrafo luze eta korapilatsuak ditu Melvilleren nobelak). Hizkuntzaren kutsu arkaikoak ekarri dit burura bi testuen arteko ahaidetasuna.

LEHENBIZICO JOLASA

Antonio: Basilio lengo eguneco zure jolasac arras jostatu ninduen,

B: Atseguin det jaquitea

(โ€ฆ)

A: Esan zadazu nola eguiten duen obra eder ori.

B: Bada inguma mota bat zuria ta lodia. Onec eguiten dituen arraultcetatic irteten dira ar guztiz chiqui batzuec. Bereala asten dira masust arbolen ostoa jaten. Jaten dijoacen becela dijoaz anditzen. (โ€ฆ) Capuleac ifintcen dira ur iraquiรฑean eta an beratzen dira. Artcen da izpi bat, eta dauden lecutic atera gabe dijoaz ascatcen . Matazuran izpia artuaz, eguiten da mataza, ascatcen dijoan becela.

A: Norc esan icusten diran sedazco jantzi ederrac zor zaizcala ingumari!

B: Capulearen barrenen dauden arrac oso osoro ezcur alea dirudite.

A: Illac, ala biciac daude?

B: Illac gure beguietan, baรฑa uda berrian irteten dira capuletic inguma biurturic.

A: Ori gauzaren miragarria!

B: Bi gauza oietatic zein deritzazu miragarriagoa? Piztea ala inguma biurtzea?

A: Ain arrigarria arquitzen det ar bat inguma biurtcea, non il bat piztea.

B: Eguiaz, arritceco gauza da gaur lurrean arrastaca dabillen arra , bigar egan len zan baรฑo ederragoa icustea. Onen vistan ez da gaitz sinistea pistuco guerala gu ere egunen batean len baรฑo ederragoac. Inguma berri oiec eguiten dituzte arraultzac eta bereala iltzen dira.

A: Cer, orren dembora guchian bicitzen dira?

B: Bai, eta badira abereac oraindic guchiago bicitzen diranac.

A: Ori orrela bada, ez degu cer errencuratu gure biciaren laburtasunaz.

Jolasak, 1842
95 Sotana

Igo bazinate Pequodera balearen hil ondoko disekzio horren une jakin batean, eta aurrera urrats egin gindaxaren ondotik, duda handirik ez dut jakin-min ez txikiz arakatuko zenutela objektu guztiz harrigarri, enigmatiko bat, han ikusiko zenutena luzetara etzanik haizebeko isurbideetan. Ez balearen buru itzeleko zisterna berebizikoa, ez haren beheko baraila gontzetik irtenaren txundigarria, ez haren buztan simetrikoaren miraria, horietarik ezein ez litzaizueke hain harrigarri, nola so erdi bat egitea horrako kono igargaitz horri; kentuckytar bat altu den baino luzeagoa, oinbete inguru diametroz oinarrian, eta hain atxabitxi-beltz nola Ioio, Queequegen idolo ebanozkoa. (โ€ฆ)

Moby Dick, 1851

Amaitzeko, duela gutxi Homeroren Odisea itzulpen argitaratu berriaren aurkezpenean Matias Mujika itzultzaileak azaldu du jatorrizko bertso luze, monotono, ia hipnotikoak itzultzeko Ziburuko Etxeberriren testua erabili duela eredu gisa.

Adierazpen horiek ezin egokiagoak dira hemen azaldutakoa baieztatzeko. Hau da, euskal idazle klasikoak baliabide egokia dira itzulpenetarako eta haien lanak ezagutzea premiazkoa da. Itzultzaileek arrakastaz erabili dituzte euskal idazle klasikoen ereduak zenbait idazle klasikoren lanak itzultzeko (Shakespeareren Sonetoak, Hamlet; P. Chardelos de Laclosen Harreman arriskutsuak, Melvilleren Moby Dick, Margarita Nafarrokoaren Heptamerona edo Homeroren Odisea bera).

Lan horietan itzulpenetatik euskal idazle klasikoetara jauzi egin dezakegu eta euskal idazle klasikoetatik itzulpenetara. Horregatik, ausartuko naiz esatera irakaskuntza orokorrean euskal idazle klasikoen testuei lekua egin behar zaiela[1], etorkizuneko irakurleentzat onuragarria izango delako, jakinda ere oso zaila dela hori helburu guztiz praktikoak, teknologikoak eta merkantilistak nagusi diren giroan.

Orain Iturriagaren aztarnak aurkitzea falta da. Udalak jakinarazi digunez, kanposantuko hilobi lizunak jandakoan ez dirudi gorpuzkirik dagoenik. Ea artxibategiko langileek nonbait aurkitzen dituzten. Bitartean, hor ditugu idazlearen testuak zain.


[1] Ezin egokiagoa Noeren ontzia web orriak euskal testuak lantzeko eskaintzen duen materiala.

Gizon zuzena

Estitxu Irisarri Egia

Urri bukaeran Asha Mahan eta Mรณnica Gonzรกlez Gonzรกlez egileen Cuentos hindรบes: desde el รndico a los Himalayas liburuko Ontzi arrakalatua kontakizunaren bertsio euskaratua proposatu nizuen. Gaurkoan beste bat dakart. Irakurri nuen lehenengo aldian gustatu egin zitzaidan. Gerora, konturatu naiz nire egoeraren, asalduraren edo drama-mailaren arabera jarrera bat edo beste hartzen dudala irakurtzen dudanean eta gauza bera gertatzen zait baita besteen esanekin ere. Bidetxoa dut egiteko kontakizuneko protagonistaren kontzientzia-mailara iristeko:

India barnealdeko herri batean oso ona eta herriko guztiek maite zuten gizon bat bizi zen. Zoritxarrez, emaztea hil zitzaion urte batzuk lehenago, eta zuten seme bakarra bere kargu geratu zen. Landa-lanetan aritzen zen, eta bere laguntzailerik kuttunena zaldi zuri dotore bat zen. Goiz batean, ohi bezala animaliari jaten ematera ukuilura joan zenean, ihes egin zuela konturatu zen. Berria berehala iritsi zen auzokoen belarrietara, eta etxera joan zitzaizkion zera esatera:

โ€”Baina zeinen zorte txarra izan duzun! Zenuen zaldi bakarrak ihes egin dizu.

โ€”Bai, egia da… Alde egin du โ€”erantzun zuen gizonak.

Gizonak bere nekazal lanen betiko errutinarekin jarraitu zuen. Hala ere, handik egun batzuetara etxetik irtetear zela, sarreran zain bere zaldia zegoela ohartu zen. Baina ez zegoen bakarrik, beste bat ekarri zuten berarekin. Berri onaren aurrean, auzokoak gizonarengana joan ziren, eta esan zioten:

โ€”A ze zortea izan duzun! Zaldia berreskuratu duzu, are gehiago, orain bi dituzu.

โ€”Bai, egia da… โ€”erantzun zuen gizonak.

Orain gizonak bi zaldi zituen, eta, horri esker, denbora gehiago zuen semearekin pasatzeko eta herrixka inguratzen zuten parajeetan zehar zaldian ibiltzeko. Baina, egun batean, semea zalditik erori eta hanka hautsi zuen. Orduan auzokoak gizona ikustera joan ziren, eta esan zioten:

โ€”Zeinen zorte txarra izan duzun! Bigarren zaldi hori etorri izan ez balitz, zure semea ondo zegokeen orain.

โ€”Bai, egia da โ€”erantzun zuen gizonak patxadaz.

Bi aste igaro ziren, gerra hasi zen eta herriko gazte guztiak deitu zituzten armadan sartzeko. Denak, denek maite duten gizonaren semea izan ezik, ohe batean baitzegoen etzanda, hanka bat euskarrian zuela. Oraingoan auzokoek berriro bisitatu zuten gizona eta hauxe esan zioten:

โ€”Bai zorte ona zurea! Zure semea gerratik libratu da.

โ€”Bai, egia da… โ€”erantzun zuen lasaitasunez gizon zuzenak.

Badakigu burua izan daitekeela gure lagunik onena edo etsairik zitalena, baina zeinen zaila den uneoro arretari, kontzientziari eta zuzentasunari eustea, zer esanik ez urteetan zehar bizirik irauteko tresna eta baliabide izan ditugun patroiak gure barren-barrenean iltzatuta ditugunean eta gure babesik handienak direnean!

Jakina da emozioak eta sentimenduak ez ditugula zentsuratu behar, bizi egin behar ditugula; halere, horietan aingura bota eta hortxe geratzea gure kalterako baino ez da. Esanak esan, bakoitzak bere estrategiak, denborak eta beharrak ditu, eta, batzuetan, inpartzialtasuna, justizia eta oreka alboraraztea eragiten digute barneko zurrunbiloek.

Arrautzopila, tortilla, amuarraina

Angel Erro

Arrautzopila eta tortilla

Modu xaloenean arrautza irabiatu eta zartaginean buelta eta buelta prestatutako jakiari euskaraz gutxienez hiru formatan deitu ahal zaio: arrautzopila, tortilla eta omeleta. Eta hala egin dute euskal idazle ezberdinek, bakoitzak bere gustu estetikoei, bere behar narratiboei edo bere unean uneko apetari jarraituz. Arrautzopil darabilte Iรฑaki Segurolak eta Juan Kruz Igerabidek, esaterako, Gaur ere ez du hiltzeko denborarik egingo eta Hauts bihurtu zineten lanetan, hurrenez hurren. Arrakasta gehiago du tortilla hitzak, Ereduzko prosa gaur webgunean egiaztatu ahal izan dudanez, bertako corpusean, itzulpenak aintzat hartu gabe, 81 aldiz agertzen delako, 28 idazleren eskutik. Horri gehitu behar zaio beste hiru agerpen tortila grafiapean. Omelet aldaerak jarraitzaile gutxiago du: Koldo Izagirre edo Joseba Sarrionandia hartaz baliatzen dira, kasu, Sua nahi, Mr. Churchill? eta Lagun izoztua lanetan.

Itzultzaileek ere beren itzulpen lanetan hiru hitzon artean aukera dezakete. Baina, kasu honetan, haietako baten erabilpenak okerrera eraman dezake, bi jaki ezberdinak nahasita: osagai nagusia arrautza duen ore frijitua, alde batetik, eta, bestetik, arto edo gari irinez egindako talo modukoak, Hego Amerikako sukaldaritzan, eta bereziki Mexikokoan, hain ezagunak direnak. Euskaraz, gaztelaniatik datorren polisemiak kutsatuta, biei tortilla izena ematen ahal zaie.

Truman Capoteren Odol hotzean eleberrian (Igela, 1993), Texasetik Mexikoko muga zeharkatu ondoren โ€œtortilla hotz, oliotsu bat ari zen jatenโ€ protagonistetako bat (jatorrizkoan ere, โ€œhe was eating a cold, oily tortillaโ€). Oscar Wilderen Dorian Grayren erretratua-n (Elkar, 1986), berriz, zerbitzariak jauna hotz ote den galdetzen dio โ€œmahai gainean tortila bat uzten duen bitarteanโ€ (edo โ€œputting an omelette on the tableโ€). Tortilla (edo tortila) darabilte euskaraz Gaรซl Fayek, Dolores Redondok, Jean-Paul Sartrek, Graham Greenek, Dashiell Hammetek, Maxim Gorkik, Jack Kerouacek, Malcolm Lowryk edo John Steinbeckek[1]; eta euskal irakurleak, jatorrizkora jotzerik ez badu, kontestuari-edo jarraituz erabaki beharko du, asmatu nahi badu egile horietatik zeintzuk ari diren mota bateko tortillaz [erantzuna: hasierako seiek] eta zeintzuk besteaz [amaierako hirurek].

Nahasbiderik ez dute itzulpenean erabilitako arrautzopil hitzak, zeina, bide batez, seguruenik horrexegatik euskal idazleengan baino maiztasun handiagoaz agertzen baita euskal itzultzaileengan, eta omelet hitzak.

Tortilla eta amuarraina

Sukalde kontuetatik atera gabe, bada beste erabilera polisemiko nahasgarri bat, oraingoan eremu geografiko eta linguistiko bakarrean ematen dena. Katalanez hitz bera erabiltzen dute arrautzopila zein amuarraina izendatzeko: truita. Sarean begiratu dudan katalanezko hiztegian arrautza irabiatu eta frijituari ematen diote lehentasuna adieretan. Bigarren dator ur gezako arraina. Paradoxikoki, hitzaren jatorrizko adiera bigarren hau delako (latinezko tructa hitzetik datoz katalanazko truita, gaztelaniazko trucha, frantsesezko truite edo italierazko trota). Arrautzekin egindako jakia ere katalanez truita izendatzearenak erabilera metaforiko batean omen du jatorria: gurean tortilla frantsesa deitzen dugun horrek duen itxurak arrain batena gogora dezake eta omeletari paderan eman beharreko itzuliak ere amuarrainek errekan ematen dituzten jauziak ekar ditzake burura.

Ez dakit katalanak nola moldatuko diren bata eta bestea bereizteko tenorean. Testuinguruari kasu eman behar zaio, ez zait besterik otutzen, eta baliteke beti ez asmatzea, testuinguruak laguntzen ez badu.

Orain egun batzuk Madrilgo liburutegi publiko batean Yo no soy Mikel Laboa eleberri grafikoa topatu nuen (Iturriaga, Cano eta Larretxeren Ni ez naiz Mikel Laboa-ren itzulpena). Ezusteak alaituta eta jatorrizkoa irakurria ez nuenez, maileguan hartu nuen. 86. orrialdean Mikel Laboak Marisol Bastida emazteari โ€œnecesitamos menos psiquiatras y mรกs somiatruitesโ€ esaten dio, biak alabarekin Bartzelonan bizi direla. Jarraian azaltzen dio: โ€œes como dicen en catalรกn a quienes tienen muchos pรกjaros en la cabezaโ€ฆ, que sueรฑan con truchasโ€. Lau orrialde aurrerago, senar-emazteak korrika doaz eskaileratan gora alaba sehaskan lo lasai ote dagoen ikustera. Hala dago. Lo eta beharbada baita ametsetan ere, buru gainean lau amuarrain dituelako elkarri segika biribilean, mugikari batetik zintzilik.

Baina zerekin egiten dute amets katalan ameslariek? Amuarrain ala arrautzopilekin? Dudarik gabe lehen aukera poetikoagoa da (eta hala dela egiaztatzeko aski da aipatu komikiaren irudiak ikustea). Halere, jakin-minak hartaratuta aurkitu dudan onlineko informazioan balantza bigarrenaren alde makurrarazten dela ematen du. โ€œQui tรฉ gana, somia truitesโ€ esaeratik eratortzen dute, zeina bere aldetik โ€œqui tรฉ gana/fam, somia paโ€ esaeraren aldaera litzatekeen [hau da, gose denak omeletak amets, edo ogia amets].

Bitxia da benetan zerekin egiten duten amets hizkuntzan hizkuntzako gosetiek. Ogiarekin errumaniarrek, portugesek, poloniarrek edo greziarrek. Ingelesezko goseberak urrunetik aditzen du haragi errearen usaina. Mexikon, berriz, gose denak โ€œpiensa en tortillasโ€, baina ez, jakina, katalanek ustez buruan izan dezaketen berberetan. Hungariako katuek sagua dute amets eta โ€•gehitu ohi duteโ€• txerriak ezkurra. Hala egiten du euskal urde goseak ere, ezkurra amets. Edo, bestela, ogia amets txakur goseak. Hortik datoz, beraz, eginkizun eta helburu lorrezinak adierazteko, balizko errotekin eta haizezko dorreekin batera, euskaraz aukeran ditugun txakur-ametsak (edo txakurraren gauerdiko ametsak ere).

Lehengora itzulita, arrautzopilaren eta amuarrainaren arteko ezbai honek garai bateko beste irakurketa bat, Josep Plaren Kale estua (Igela, 2017) ekarri dit gogora. Orduko hartan jatorrizkoarekin alderatu gabe leitu banuen ere, katalanez nekien apurrak susmarazi zidan itzultzaileak ataka gaizto horri aurre egin behar izango ziola bi pasartetan: 9 orrialdean: โ€œAfalordua baino ordu erdi lehenago iritsi nintzen ostatura (โ€ฆ). Otordua antxoa ziztrin bat, mortadela-xerra eta eskarola-izpi batzuekin hasi zen; olio kiratsez eginiko tortilla bat eta okela mehe eta katu-belarria bezain larruantzekoarekin jarraitu zuenโ€. 74.ean, berriz, โ€œJaki-ontzia atera zuten. Mokadu jan zuten: amuarrain marguldua, sandwich batโ€.

Egiaztatu dudanez, Plak bietan pertsonaiei truita janarazten die: โ€œVaig arribar a la fonda mitja hora abans de lโ€™hora de sopar (โ€ฆ). El repร s sโ€™iniciร  amb una trista anxova, un tallet de mortadelยทla i uns brins dโ€™escarola; seguรญ una truita elaborada amb oli sentรณs i un bistec subtil i coriaci com una orella de gatโ€ eta, aurrerago, โ€œObriren els portaviandes. Menjaren una queixalada: una truita dโ€™una grogor esvaida, un sandvitxโ€. Nik, hori kolore hitsaren aipamenagatik, hondartzan jateko eramaten errazagoa izateagatik edo nik hotz hartu nahiago izaten dudalako, printzipioz esanen nuke tortilla dela bigarren kasuan ere. Lehendabizikoan, baina, ez nuke eskua olio kirats gainean jarriko.

Nolanahi ere, kasu batean ala bestean (izan tortilla ala tortilla, izan truita ala truita), bitxia da eleberri bateko pertsonaiek zer jaten duten nola aldatu daitekeen hizkuntza batetik, itzulpen batetik, bestera.


[1] Ondoko lanetan, hurrenez hurren: Ene herri txikia (Igela, 2019), Hezurren ondarea (Erein, 2013), Goragalea (Alberdania/Elkar, 2003), Giza faktorea (Ibaizabal, 1997), Maltako belatza (Igela, 1997), Ama (Ibaizabal, 1995), Errepidean (Pasazaite, 2018), Sumendiaren azpian (Alberdania/Elkar, 2008) eta, nola ez, Tortilla Flat (Elkar, 1995). Datu hauek guztiak EHUko Hizkuntzen arteko Corpusa webgunean bildu ditut.