Duela gutxi irakurri ahal izan genion Berrian Danele Sarriugarteri “Itzulpena eta galera” iritzi artikulua. Honela zioen amaierako parrafoan:
Itzultzailea naizela esaten dudanean maiz aipatzen didate galera. Zehazki, zera galdetzen didate: itzulpenetan ―itzulpenekin― zer galtzen den. Niri, egia esan, irakur dezakedan hizkuntzaren batera itzulita ez daudelako sekula ezagutu ezingo ditudanak, horiexek iruditzen zaizkit gabezia nagusia.
Lerrook aski esanguratsuak dira, artikulu osoa bera bezain. Baina hain hitz gutxitan laburbiltzen du gure jardunaren egoera. Euskarara zer, zenbat eta zergatik ekartzen dugun pentsatzeko aski.
Zer esango dizuet zuei, itzultzaile lagunok, ongi jakinen baituzue gurean itzulpenak oraindik ere baduela halako mamu bat bere gainean. Zailak direla, ez direla fidelak, edo fidelegiak direla, ez dutela jatorrizkoek* duten zera hori… Eta, akaso, poesiarekin bezalaxe gertatzen da: jende batek esaten du ez zaiola gustatzen poesia ez duelako ulertzen. Bada, galdera horiei: egin al duzu benetako ahaleginik gustatzen zaizun eta ulertzen duzun poesia bilatzeko? Alda poesia itzulpena hitzarengatik: egin al duzu benetako ahaleginik gustatzen zaizun eta ulertzen duzun itzulpenik bilatzeko?
Aurrekoan, irakurle taldean, irakurketa proposamenik bazuten galdetu nien kideei, eta batek honela erantzun ―erantzun esan badakioke, izan, berez, beste galdera bat izan baitzen―: Itzulpenak irakurriko ditugu beti? Bada, bai, momentuz, bederen, bai. Izan ere, Iruñean badira beste irakurle talde batzuk, eta gehien-gehienetan itzulpenak ere irakurtzen dituzten arren, hori dira beti: ere bat; kupo bat (eta ez gaizki hartu talde horietako kide eta gidariok!). Asmo jakin batzuekin sortu genuen taldetxoa: irakurketan zaletzea, elkarrekin irakurtzen ikastea eta kanpoko ideiak gurera ekartzea. Zeren euskarazko sorkuntza lanek (nobedadeek bereziki) badituzte oraindik ere plaza gutxi batzuk rodatzeko. Baina ez dakit ni neu ere inoiz iritsiko nintzatekeen beste garai bateko eta beste herrialde bateko idazleen lanak (euskaraz) irakurtzera, ez balitz talde honengatik. Beraz, horra irabazi txiki bat: ni bezalako beste irakurle batzuk ere, aurretik euskaraz irakurtzen zutenak, edo ez, kanpoko pentsamenduei lekutxo bat egiten beren agendetan.
Aurrekoan ere bai, gure itzultzaile batekin aritu nintzen orain arte lanean tokatu zaizkidan itzulpenez: lan gutxi eman didatela, eta zoragarri etorri direla. Bada, egin apustu itzulpen gehiago kaleratzeko!, erantzun zidan berak baikor. Baina hemen irabazietarako tarte gutxi. Ez naiz luzatuko eta ez dizuet jada badakizuen hori esplikatzen hasiko: zaila dela laguntza ekonomikorik gabe itzulpenak publikatzea, eta laguntzarekin denean ere, errentagarritasuna bera ez dagoela bermatuta. Kasurako: Durangon izan berri gara eta ikusi ditugu poltsak nobedadez gainezka, baina esanen nuke itzulpenik ez dela agertu inongo salduenen zerrendetan, eta, inpresio pertsonal bat, oihartzun gutxi izan dutela aurtengo itzulpenek… Bada sintoma, ezta?
Tira, hauek guztiak badakizkizue, eta, agian, ez dizuet ezer berririk ekarri gaurkoan.
Itzulpengintzan ere egoera irabazien eta galeren parametroetan irakurtzeko joera (eta beharra) dugu, baina bistan da itzulpenak irakurtzeko joeran dena dugula irabazteko: itzulgaiak, irakurleak, laguntzak eta salmentak.
Sarritan esaten da, zentzuz, itzultzea dela idazten ikasteko biderik taxuzkoenetako bat. Ez da hainbeste esaten baina editatzetik ere irakaspen ugari jaso ditzake idazle edo itzultzaile gaiak. Munduko Poesia Kaierak bildumako aleak editatzen jardun nuen denboran kontziente naizena baino gehiago ikasi nuen ziur aski, halako ikaste prozesuak isil-gordekoak izaten dira eta. Haatik, gogoan dut itzultzaileekin lanean sortutako zalantza bat baino gehiago, eta haietako bikain batekin gertatuaz idatzi nahiko nuke oraingoan.
Poeta baten kaiera ari ginen editatzen, bada, eta poema batean, zeina espetxeen kontrako eta giza duintasunaren aldeko aldarria baita, poetak erruz erabiltzen zuen, espainieraz, hombre hitza.
Las cárceles se arrastran por la humedad del mundo, van por la tenebrosa vía de los juzgados: buscan a un hombre, buscan a un pueblo, lo persiguen, lo absorben, se lo tragan.
Horrela hasten da poema eta lerro indartsu bat baino gehiago du hombre-rekin bilbatua, adibidez: Ser libre es una cosa que sólo un hombre sabe. Espainieraz dakitenek badute hitzaren polisemiaren berri. DRAEren arabera, hona adierak:
1: Ser animado racional, varón o mujer. El hombre prehistórico. 2: Varón (‖ persona del sexo masculino). 3: Varón que ha llegado a la edad adulta. 4: Varón que tiene las cualidades consideradas masculinas por excelencia. ¡Ese sí que es un hombre! 5: Marido o pareja masculina habitual, con relación al otro miembro de la pareja. 6: Antiguo juego de naipes semejante al tresillo, de origen español, que se extendió por Europa en el siglo XVI. 7: En algunos juegos de naipes, persona que dice que entra y juega contra las demás. 8: U. para indicar sorpresa o asombro, o con un matiz conciliador. ¡Hombre, no te enfades! Hombre, no hay que ponerse así, María.
Adiera sorta osoak du, segurki, nondik aztertua, baina guri, kasu honetan, lehenengo biak interesatzen zaizkigu. Hombre genero maskulinoari erreferentzia egiteko erabiltzen da baina erabili izan da, hedaduraz (horratx genero nagusikeria), giza espezieko banakako guztiei erreferentzia egiteko. Pentsa, lehenengo adiera da oraindik ere!
Poema irakurrita bistakoa da poetak adiera horretan erabili zuela hitza, hots, gizakiari erreferentzia egiteko, izan gizonezko, emakumezko edo beste genero identitateko. Lehenengo ahapaldiari begiratuz gero argi agertzen da, pertsonifikazioa erabiliz, entitate orokorrez ari dela: gizakia, aberria. Ez, beraz, gizon bati edo gizonei buruz. Itzultzaileak, horregatik, “pertsona” kontzeptua erabiltzea deliberatua zuen. Arestiko beste adibidea erabiltzearren: “Pertsonak soilik daki libre izatea zer den”.
Honaino zentzuzkoa dirudi denak, baina editatzen ari nintzela zerbaitek tarrat egin zidan belarrian. Izan ere, garbi dago poetak ser humano zuela buruan poema idaztean baina hitzera ekartzean hombre kontzeptuaren alde egin zuen, beste alternatiba batzuk eskura zituenean. Persona bera, urrutira joan gabe. Orduan, galdera da, autoreak ez bazuen persona erabili, egoki ari ote da itzultzailea termino hori baliatuta? Pertsona jarri nahi izan balu ez zukeen, bada, persona idatziko?
Hermeneutika klasikoan intentio auctoris (autorearen intentzioa) eta intentio operis (obraren intentzioa) bereizi izan da, eta argi dago literatur lanak aztertzerakoan kontuan izan beharrekoak direla. Gure kasuan, galdera honakoa litzateke: itzultzaileak zer itzuli behar du? Autorearen intentzioa? Obraren intentzioa? Biak (posible al da beti)? Hau da, ontzat ematen badugu poetak hombre hitzaren lehenengo adiera zuela buruan eta bere intentzioa gizaki guztiei erreferentzia egitea zela, logikoa dirudi “pertsona” hitza erabiltzea. Alabaina, poetak buruan zuenaz harago, argudia liteke hombre erabiltzeak (eta beraz, ez beste bat, persona, adibidez) bestelako oihartzun batzuk (generozkoak, besteak beste) ere ekartzen dituela eta obrak hori ere esaten duela. Alegia, itzultzailearen egitekoa ere badela, ahal dela, oihartzun horiek jasotzea.
Beste kontu batekin ere erlazioa du auziak: itzultzaileak zer egin behar du, hizkuntza itzuli edo itzulpen kulturala ere egin behar du? Alderdi kulturala kasu guztietan itzuli behar da? Izan ere, kasu honetan beste kontu eratorri bat da zein tarte utzi behar zaion irakurleari interpretazio kulturala egin dezan, edo zein puntutaraino egin behar duen hori itzultzaileak, jatorrizkoa egungo testuinguru kultural-historikora ekarriz. Hau da, hombre hitzaren erabilera generikoa mantendu behar du itzultzaileak, bere genero karga guztiarekin, eta irakurlearen esku utzi ohartzea garai eta kultura jakin bateko testua dela eta horregatik agertzen dela termino hori horrela (nahiz eta egun, akaso, hozkia eragin)? Edo poetari lagundu behar dio itzultzaileak eta poeta horrek gaur egun hautatuko lukeen hitza imajinatu?
Oihartzunez hitz egin dugu eta ez dute soilik jatorrizko hitzek oihartzun egiten, itzulpenetakoek ere bai, jakina. Gizonkeria ekidin aldera “pertsona” erabilita ere hitz horrek ere baditu beste konnotazio batzuk, genero kontuaz harago, jatorrizkoak ez dituenak. Filosofiaren esparruan, esaterako, ez dira baliokideak pertsona, gizakia, indibiduoa… Beraz, alde horretatik ere galera izango genuke. Jakina da, itzulpena ur jauzi bat kortxo batekin estaltzen saiatzea da; horregatik du halako meritua!
Itzultzaileari planteatu niona izan zen jatorrizko genero karga mantentzen saiatuko nintzatekeela ni eta irakurlearen esku uzten, nahi izanez gero, irakurketa kritikoa. Euskaraz, “gizon” litzateke, berez, ordain argiena. Ez hori bakarrik, Euskaltzaindiaren Hiztegiak bigarren adiera modura dakar terminoaren ulerkera generikoa. Hori bai, kurioski, Euskara Batuaren Eskuliburuak baztertu egiten du erabilera hori: “Gizon, berriz, gizaki arra da, ez generikoa; hitz markatua, beraz.”
Edozein kasutan, tradizioan terminoaren erabilera generikoaren kasu enblematikoa dugu, poesian gainera: Gabriel Aresti. Beti dabil gizona gora, gizona behera: “Ez ezazue tapa / gizonaren ahoa”. Eta abar luze bat. Eta itzulgai zen poeta (Miguel Hernandez, dagoeneko esan dezakegu) primeran kokatzen da Arestiren tradizioan, bion karga soziala aintzat hartuta besteak beste, eta hori ere kontuan hartzekoa iruditzen zitzaidan, poesia itzultzen ari garelarik. “Gizon” hitza gogorregia iruditzera, “gizaki” ere hor zegoen, “giza-“ horrek gordetzen duen jatorri etimologikoarekin: jakina denez, “gizon”etik dator. Bistan da, ez da hain erraza gizonongandik libratzea.
Azkenean, nire gomendioak alferrikakoak izan ziren eta itzultzaile maiteak (Josu Landak, dagoeneko esan dezakegu) bereari eutsi zion. “Pertsona” erabili zuen eta, neurri batean, egungo irakurleari bidea erraztu eta, ziur aski, autoreari laguntzatxoa eman. Zer nahiago, orduan: gizonak, gizakiak, pertsonak? Esana dugu, itzultzea ur jauzi bat kortxo batekin estali nahi izatea da…
Aste honetan hamahiru urte bete dira doktore-tesia aurkeztu nuenetik. Erdaraturiko euskal literatura izan nuen aztergai lan hartan, eta euskal literatur liburuak zer hizkuntzatara eta zer bidetatik itzuli izan diren ikertzen jardun nuen. 2010 arteko datuak bildu nituen harako hartan. Duela gutxi datu eguneratuak bildu eta aztertzen ibili naiz, eta azken hamabost urte hauetan izan den garapenari buruzko gogoeta batzuk ekarri nahiko nituzke gaurkoan.
NorDaNor datu basean euskaratik beste hizkuntzetarako 839 itzulpen zenba daitezke 2010-2024 artean. 1980-2010 bitartean, aldiz, 863 itzulpen. Alegia, azken hamabost urteetan aurreko hogeita hamar urteetan adina ekoitzi da. Euskaratik eta euskarara itzuli dena alderatuz gero, bestalde, ikus liteke bi norabideetako itzulpenen proportzioa desorekatua dela: 2010-2024 bitartean, 3.862 itzulpen egin dira euskarara, hortaz, bost itzulpenetik bat besterik ez da euskaratik beste hizkuntzetara egin. Beste azterketa batzuek erakutsi dutenez, ohiko proportzioa dugu hori hizkuntza gutxituen kasuan.
Batez beste urtean 54,6 erdaratutako liburu argitaratu ziren 2000ko hamarkadan, 47,6 2010eko hamarkadan, eta abian dugun 2020ko hamarkadan, aldiz, 52,3. Badirudi jaitsieraren ostean goranzko joera hartua dela berriz. Dena den, azterturiko epealdian eboluzio kronologikoa ez da jarraitua izan; 2010eko hamarkadan krisi ekonomikoak eragin nabarmena izan zuen, bai eta 2020ko pandemiak ere.
2010 arteko datuetan ikusi genuen haur eta gazteei zuzenduriko lanak zirela nagusi erdaratutako liburuen artean. Joera hori bat zetorren euskaraz sorturiko lanekin eta euskararako itzulpenarekin, haietan ere haurrei eta gazteei zuzenduriko lanak baitira nagusi. Alabaina, joera aldaketa bat ikusi dugu azken urteetan; 2010-2024 epean helduentzako literatur lan gehiago itzuli dira haur eta gazteei zuzenduriko lanak baino. Hain zuzen, azken urteetan helduentzako literatur lanek erdaratutako lanen lautik hiru hartzen dituzte. Joera zeharo aldatu da, hortaz. Euskaratutako lanen proportzioarekin alderatuta, bestalde, kontrako joera ikusiko dugu, lautik hiru baitira haur eta gazteentzako liburuak euskaratutako lanen artean.
Generoei dagokienez, berriz, narratiba lanak dira nabarmen nagusi 2010-2024 epealdian ere, eta askoz urriagoak ditugu poesia liburuak, komikiak, saiakera lanak zein antzezlanak. Autore itzulienen artean Bernardo Atxaga, Kirmen Uribe, Harkaitz Cano eta Joseba Sarrionandia aipa litezke helduentzako lanei dagokionez, eta Juan Kruz Igerabide eta Mariasun Landa, bai eta Alaine Agirre eta Leire Bilbao haurrentzako lanetan. Emakume idazleen lanen itzulpen kopurua handitzen joan da azken urteetan, gaztelaniarako itzulpenean batik bat. Itzulgaiei dagokienez, literatura garaikidea itzuli da gehien: XXI. mendeko liburuak izan dira itzulitako lanen erdiak baino gehiago.
Gaztelaniak jarraitzen du xede hizkuntza nagusi izaten, eta itzulpenen ia erdiak hizkuntza horretara egin dira, eta oso urrunetik jarraitzen diote katalanak, ingelesak, galegoak, frantsesak, italierak zein eslovenierak. Esanguratsua iruditu zaigu eslovenieraren igoera aurreko urteetako datuekin alderatuta. Izan ere, xede hizkuntza nagusien artean kokatu da. Horrekin batera, nabarmendu behar da espainiar estatuko hizkuntzetarako itzulpenak esportazio osoaren ia bi heren hartzen duela. Aurreko aldian baino apur bat baxuagoa da proportzioa, dena den. Jaitsiera, batez ere, katalanerako eta galegorako HGL lanetan izan da.
Xede hizkuntza kopuruak gorantz jarraitzen du, eta horrekin batera itzultzaile kopuruak ere bai. Gero eta gehiago dira euskaratik zuzenean beste hizkuntza batzuetara itzultzeko gai diren itzultzaileak, izan ama hizkuntza euskara dutenak, izan helduaroan euskara ikasi dutenak. Aurreko azterketetan baino liburu gehiago topatu dugu zuzenean itzuli izana aitortu dutenak. Dena den, zeharkako itzulpenak ere egin egiten dira eta zenbait kasutan xede hizkuntza jakin batzuetara itzultzeko aukera bakarra izaten da. Zeharkako zenbat itzulpen izan den jakitea oso zaila suertatzen da, aurreko azterketetan ikusi izan dugunez, liburuek gutxitan aitortzen baitute zeharbidez eginak direnik. Dena den, gaur-gaurkoz jarduera onargarria da gurean. Horren erakusgarri, Etxepare-Laboral Kutxa saria bi ediziotan zeharka eginiko itzulpen batek irabazi izana. Edota, euskararako itzulpen norabidean, Literatura Unibertsala bildumarako itzulpen-lehiaketaren oinarrietan aipatzea zeharbidezko itzulpenik izatera, itzultzaileak kasu horretan testu bat baino gehiago kontsultatu beharko lituzkeela.
Itzulpenak non argitaratu diren begiratuta, honakoak izan dira herrialde hartzaile nagusiak, hurrenez hurren: Euskal Herria, Espainia, Katalunia, Galizia, Eslovenia, Italia, Estatu Batuak eta Erresuma Batua. Inondik ere pisu esanguratsua dute Euskal Herrian argitaraturiko itzulpenek, hain zuzen itzulpenen % 30etik gora bertan argitaratu baita. Datuok aztertuta azpimarratzekoa iruditzen zait euskal literatura erdaratzeko lanean diharduten argitaletxeen lana. Izan ere, argitaletxeen zerrenda osatuta euskal argitaletxeak dira euskaratik erdaretara itzuliriko liburu gehien merkaturatzen dituzten argitaletxeak.
Azpimarratzeko azken datua euskal kultura atzerrian ezagutarazteko erakundearen sorrera dugu. Etxepare Euskal Institutua azterturiko epean jarri zen abian eta berebiziko eragina izan du euskal literaturaren atzerriko sustapenean. Etxeparek kudeatzen ditu itzulpenerako dirulaguntzak, laginak itzultzeko laguntzak ere ematen ditu, bidaia-poltsak esleitu, bai eta euskaratik eginiko itzulpen onenari saria eman urtero. Itzultzaileak trebatzeko hainbat ekimen ere lagundu ditu, Itzultzaile berriak programa abian jarrita konparazio batera. Programa horretan parte harturiko itzultzaileei esker hainbat hizkuntzatarako itzulpen kopuruak gora egin du azken urteetan, gorago aipaturiko eslovenierarakoak, esaterako, edo bulgarierarakoak.
Itzulpen trukeen eboluzioari erreparatzeak laguntzen digu ikusten zer harreman dituen euskal literaturak beste hizkuntza batzuekin, zer aldaketa sortzen diren denboran zehar eta zer leku betetzen duen euskal literaturak mundu literaturan. Gertutik aztertzen jarraituko dugu aurrerantzean ere.
Gure irakurle taldean, momentuz behintzat, itzulpenak irakurtzeko apustua egin dugu aurten. Baditugu irakurzale porrokatuak, euskaraz irakurtzen ohituta ez daudenak, edo, are, ohiko irakurleak ez direnak ere. Gutxika, baina ari gara. Orain arte itzulpen berriekin (edo berrituekin) ibili gara eskuartean: Koaderno handia, Emakume izoztua, Familiako lexikoa eta Ene herri txikia. Hasi gara otsailetik aurrerako liburuak aukeratzen eta jo dut, nola ez, Nor da Norrera, baita irakurri nahiko nituzkeenen zerrenda luze horretara. Azkenik badut aukera, edo aitzakia, nondik begiratzen dugun, nire kabuz irakurriko ez nituzkeen liburu batzuei heltzeko. Zeren irakurketara ere iritsi baitzaigu FOMOa (Fear of missing out, zerbait galtzeko beldurra, alegia). Irakurri nahi ditugu nobedadeak, opera primak, euskal literaturako lanak, klasikoak, gomendioak, itzulpenak, kanpoko literaturetako lanak, jatorrizkoak, itzulpenak, poesia, eleberriak, saiakera, hibridoak, esperimentalak, direnak eta ez direnak. Baina hori beste baterako utziko dugu.
Agian gaztea naizelako, berandu irakurzaletu naizelako, edo baliabideak ez direlako egokienak, baina iaz iritsi nintzen Carverrera. Bai, 2024an. Ez dakit zenbatetan jo dudan Susaren webgunera Harkaitz Canok itzulitako poema haietako batzuk errepasatzera. Kontua da badaramadala denboraldi bat Carverren ipuinak irakurtzeko gogoz, eta orain, aukera/aitzakia dudanean, ezin momentu egokiagoa nire zerrendatik haren lanetako bat tatxatzeko.
Katedrala eta Zertaz ari garen maitasunaz ari garenean. Halaxe txibatu dit NdNk. 1993 eta 2003, hurrenez hurren. Uff izan da lehenengo pentsamendua. Susmoa izan dut hasieratik. Baina joan naiz Nafarroako liburutegien sareko katalogora, eta orduan bai, uff egin dut bigarrenez, etsi moduan. Katedrala: 3 ale; liburutegi nagusia, Tafalla eta Leitza. Zertaz ari garen…: 4 ale; Euskarabidea, Noain, Lesaka eta Doneztebe. Klubean gutxi garen arren, ez dira nahiko. Beste bide bat probatzera joan naiz orduan, Katakraken, Elkarren eta Txalapartaren webguneetan: zero patatero. Agortuta, edo agertu ere ez. Azken bala bat baino ez zait okurritu, eta EIZIEko telefonoa markatuta, Aranek erantzun dit. Laguntza eske nabilela, eta ea haiek badakiten alerik geratzen ote den stockean, ea kasualitatez haiek baduten zerbait. Baina keba. Aspaldiko lanak direla, saldu zirela denak eta argitaletxeek ez dutela berritu stocka. «Urrezko Bildumarako apuntatuko dut, badelako falta den horietako bat», Aranek. Eskertuta, baina zapuztuta erantzunarekin.
Egiaz, nahi banu, irakur nezake. Eskatuko nuke auzoko liburutegian Tafallatik edo Doneztebetik ekar diezadaten haren liburuetako bat. Eta, gogoei eutsi ezin badiet, hala egiten bukatu beharko dut. Baina ez da hori kontua. Irakurle taldeak dira, hein batean, literaturaren gaur egungo transmisio bide bakarrak. Pentsamendua sozializatzeko, partekatzeko, bakarrik iritsiko ez ginatekeen toki horietara heltzeko txartelak. Eta, dirudienez, Carverren mundura heltzeko trena orain dela hamarkada batzuk pasa zen. Ni artean jaio gabe nintzenean, edo 6 urte nituenean. Gure irakurle taldeko batzuk euskaldunak ez zirenean. Militantzia politikoa edo porroak nahiago zituztenean.
Jakina, baditugu orain 30 urte ez zituzten beste ehunka aukera. Baliozkoak eta onak gainera. Baina, jo. Bada esanguratsua. Asko dio adibide sinple honek (honekin topo egin baitut, baina jarriko banintz, beste batzuk ere topatuko nituzke) gure hizkuntzaren normalizazio ezaz eta literatur sistemaren egoeraz. Ez naiz jarriko eskatzen argitaletxeei berritu ditzaten Carverren tituluak. Eskatu ez, baina iradoki bai. Ba hori, hamarkada batzuk pasatu direla, bere garaian saldu omen zela, eta agian apustu txiki bat eginda, portada txukun batekin (ejem… guk ez dugu epaitzen liburu bat haren azalarengatik, baina irakurle askok bai)… Ez dakit zer gehiago esan. Horixe ba.
Bonus track edo datu esanguratsu batzuk.
Nafarroako liburutegi publikoen sarean 99 liburutegi daude. Carverren narratibako lanak zazpitan baino ez daude.
Nafarroan, Katedrala 9 lagunek hartu dute liburutegitik 31 urtean. Zertaz ari garen…, 4 lagunek 21 urtean.
EAEko liburutegi publikoen sarean 286 liburutegi daude. Katedrala 145 liburutegitan dago. Zertaz ari garen…, 164 liburutegitan.
EAEn, Katedrala 138 lagunek hartu dute 31 urtean. Zertaz ari garen…, 404 lagunek 21 urtean.
La casa del libro-ko webgunean, bigarren eskuko liburuak erosteko aukera dago. Katedralaren ale batek 20 € balio du, Zertaz ari garen… liburuaren ale batek 190 €.
Agian datuok ere badira berritu ez izanaren arrazoi.
Ukaezina da Twitter guztiz mikaztua dagoela azkenaldian —bueno, barka diezadala Elon Muskek; X dago mikaztua—. Edonola ere, oraindik ere bada eztabaida interesgarriak izateko edo, behintzat, kezkak plazaratzeko eta haiei erantzuten dioten ideiak bistara uzteko tokia. Eta bada, orobat, inspirazio iturri; esaterako, kazetariontzat.
Beñat Sarasolak bota zuen amua, irailaren 27an idatzitako argitalpen batean. Besteak beste, zera zioen: «Sally Rooneyren Intermezzo, adibidez, euskaraz eduki beharko genuke jada». Kasualitatez-edo, ni neu Sally Rooney idazle irlandarrari buruzko erreportaje batean murgildua nintzen ordurako, hark kaleratu berri-berria zuen nobela horren aitzakian —hilaren 24an eman zuen—, eta, beraz, astia hartu nuen Sarasolak zioen horretan arakatzeko. Bilaketa laster bat aski izan zitzaidan ikusteko Rooneyren jatorrizko lana kaleratu zen aste berean eman zituztela, adibidez, frantsesezko itzulpena, gaztelaniazkoa eta baita katalanezkoa ere. Eta, egiari zor, une horretan ez nion gaiari denbora gehiagorik eskaini, baina kaskoan gorde nuen ideia, horri buruz galdetzeko beste inori beste inoiz. Horra deformazio profesionala.
Eta ailegatu zen «beste inoiz» zelako momentu hori: urriaren 17an. Nafarroako Editore Independenteen Elkartearen ekimenez, Datorren itzulpengintza izeneko mahai ingurua izan genuen Iruñeko Laban, eta askotariko gaiez mintzatu zitzaizkigun Aitor Blanco, Eider Beobide eta Ainhoa Mendiluze itzultzaileak. Solasaldiaren hondarrean, galdera honi erantzun behar izan zieten hirurek: «Zer nahi zenukete itzuli? Edo, behintzat, zer nahi zenukete ikusi euskarara itzulita?». Aitortuko dugu: galderak bazuen tranpa puntu bat, jendaurreko solasaldia hasi baino lehenago ere aterea baitzen gai hori solasera, eta esanak baitziren Rooneyren eta besteren zenbait kontu. Edonola ere, euskarara zer itzuli beharko litzatekeen galdetuta, Blancok dudarik egin gabe heldu zion idazle irlandarraren, eta, horrenbestez, best seller-en korapiloari.
Galderari erantzuteko, Blancok gogora ekarri zuen Bartzelonan izana zela berriki, eta kontatu zuen bertan ikusi zituela zenbait erakusleiho best seller-ez josiak. «Gehien-gehienetan, katalanezko edizioak ziren nagusi, eta ondoan izaten zuten, gehienez ere, gaztelaniazko aleren bat». Irudi hark harritu egin zuen Blanco, zioenez. «Harritu ninduen hizkuntza gutxitu —nahiz eta ez den horren gutxitua— batera egindako itzulpenak nolako presentzia zuen liburu dendan. Uste dut denok sumatzen dugula horren falta euskaraz». Erakusleiho hark piztutako hausnarketaren ondorioz, Blancok bilaketa egin du Nor da Nor atariko bilatzailean, eta hona datu batzuk: Ken Follet, Camila Läckberg, Isabel Allende eta Dan Brown idazleek ez dute lanik euskarara ekarrita. «Mendebaldeko kulturan, jendeak batez ere horiek irakurtzen ditu, eta euskaraz ez dute aukerarik», zehaztu zuen itzultzaileak.
Bistan da best seller-en gaia ertz ugariko dela, eta zalantzak pizten ditu sarri, askotarikoak. Besteak beste, Ainhoa Mendiluzek adierazi zuen ez duela argi halako lanak diren euskarara ekarri beharko liratekeenak: «Ez dakit horren helburua zein den. Gure kasuan, gaztelaniazkoei irakurleak kentzea? Gehiago saltzea? Gainera, kontzientziarik ezean, uste dut best seller-ak aterata ere kostatuko litzatekeela irakurleak irabaztea, euskaldun guztiak baitira elebidunak».
Irakurketarako hizkuntza hautuari lotuta, askok eta askotan aditu dugu norbait zera esaten: «Euskarazkoa baino, nik nahiago dut jatorrizkoa irakurri». Baina, sarri, «jatorrizko» deitzen dioten hori ez da jatorrizkoa egiaz, ezpada gaztelaniazko itzulpena.
Solasaldia aditzera joan ziren entzuleen artean ere piztu ziren dudak. Esaterako, aipatu zenean jendeak nekez irakurtzen dituela mundu mailako best seller-ak euskaraz —baita horiek euskaratuak direnetan ere—, baten batek iradoki zuen ea hori ez ote den izanen itzulpen batzuk «berandu» ailegatzen direlako. Kontua da, solasaldian bertan ere nabarmendu zenez, euskal argitaletxeek nekez egin ditzaketela zenbait kontu «garaiz». Blancok berak ere esplikatu zuen hori: «Beste gauza bat baita argitaletxe batek noiz duen posible itzulpena ematea, zer indar duen horretarako; horregatik dut duda hau ez ote den utopikoa». Pentsatzekoa baita argitaletxeak nekez ordaintzen ahalko diola nahi bezain ongi itzultzaileari, baldin eta, gainera, hari eskatuko badio denbora epe estu batean egiteko lana. «Eta are zailagoa da jakinik nekez lortuko dutela diru hori merkatuan errekuperatzea».
Euskal literaturaren arazoak euskararen arazoak direla aditu nion Pamielako editore Lander Majuelori, argitaletxearen 40. urteurrenaren karietara. Eta, diot nik, horiei aurre egiteko soluzio sakonagoak beharko ditugula hortaz, mugatzen ez direnak norbanakoari eskatzera irakur dezala, faborez, euskarazko itzulpena. Ordura arte, baina, —nire ezjakintasun totaletik diot hau— zaila behar du zer bide urratu jakiteak. Best seller-en argitalpenak bultzatzeko behar da egin ahalegina? Piszinako literatura delakoa ere beharko da sustatu? Aireportuko literatura? Autolaguntza liburuak? Dudak ditut.
Hasierara itzulita: Beñat Sarasolaren txioa aipatu dut hasieran, eta akaso komeni da osorik bistaratzea argitalpen hori. Izatez, zera baitzioen Sarasolak: «Sally Rooneyren Intermezzo, adibidez, euskaraz eduki beharko genuke jada. Zenbat diru da, demagun, urtero 10 literatura nobedade euskaraz espainolerako itzulpenarekin batera argitaratzea? Ez bilduma instituzional batean, ohiko argitaletxeetan Jaurlaritzak gastuak ordainduta». Alegia, galdera bat ere bazekarren Sarasolaren mezuak. Hedoi Etxartek erantzun zion, besteak beste, eta, Eusko Jaurlaritzak best seller-ak itzultzeko argitaratutako laguntza aipatu zuen erantzunean. Komeniko da, beraz, laguntza hori xehe leitzea; ikusteko zein argi eta zein itzal dituen.
P.D.: Bide batez, aukera hau baliatuko dut esateko arestian aipatutako Sally Rooney idazlearen bi lan badirela euskaraz: Alberdaniak Jende normala eman zuen 2020an, Irene Aldasorok itzulita, eta idazle beraren Soldata jauna narrazioa ere badago euskaraz, Leire Vargasek itzulia. Irakurgai dago armiarma.eus atarian.
Haundi/handi, urdinskara/urdinkara, atzorako/atzoko, gaurgeroz/gaurgero, ordurarte/ordura arte, sentimentu/sentimendu… Horietan guztietan, lehen aukera ez da hiztegietan jasotzen, edo idazkera okertzat jotzen da; bigarren aukera da, denetan, euskara estandarrerako gomendatzen dena. Bada, lehen idazkera ez gomendatu horiek ugariago ageri dira euskal idazleen liburuetan euskarara egindako itzulpenetan baino. Blog honetan behin baino gehiagotan azaldu dudanez, nire doktorego-tesian euskarara itzulitako literatur testuetako eta euskal idazleek zuzenean euskaraz sortutako literatur testuetako hiztegia konparatzen aritu naiz, eta dela koloreak aztertzen jardun dudanean, dela denbora-adberbioez edo emozioak adierazteko kolokazioez aritu naizenean, idazkera okerreko aldaerak euskal idazleen testuetan euskal itzultzaileenetan baino ugariagoak zirela ikusi dut.
Doktorego-tesi bat ez da elukubrazioetarako lekua. Datuetan behatutakoa jaso ohi da tesietan; egiaztatu ahal izan den hori, alegia. Intuizioak belarrira xuxurlatzen digunak ez du kabidarik izaten zorroztasun zientifikoa gidalerro duten testu generoetan. Eta beraz, lortutako datuak esplika litzaketen arrazoiez hipotesi gisa baino ez ohi da hitz egiten, eta etorkizunean urratu litekeen ikerlerro gisa gehienetan. Ni hanka-puntetan pasatu nintzen arrazoien gainetik nire doktorego-tesian, eta ez nuen ia hipotesirik aurreratu idazleengan antzemandako zabarkeria handiagoa edo itzultzaileen zuzentasunerako joera nabarmenagoa esplikatzeko, nire intuizio horiek tesia ebaluatuko zuen epaimahaiaren aurrean behar bezala defendatu ezin izango nituela iritzita. Baina hemen, lagunarteko foro informalago honetan, gustura egingo dut gogoeta ozenki zuekin.
Harira, beraz. Zergatik ageri dira haundi, ordurarte eta sentimentu gehiagotan idazleen testuetan eta gutxiagotan itzultzaileen testuetan? Lehen kolpean ezagutzarekin lot genezake auzia: idazle gutxiagok dakite, itzultzaileen aldean, sentimentu ez baizik eta sentimendu dela idazkera zuzena. Baina uste dut bat etorriko garela denok onartzean jakin gauza gutxi dakizkigula berez idazleok eta itzultzaileok, eta zer non kontsultatu jakitea dela, oro har, menderatzen dugun artea. Hau da, itzultzaileek ez dute sentimentu gutxiagotan idazten idazkera okerra dela badakitelako, ezpada idazkera zuzena ote den egiaztatzeko ardura idazleek baino gehiagotan hartzen dutelako. Jarrera kontu bat ikusten dut nik hemen, eta ez ezagutza kontu bat. Sinplifikazioak arriskutsuak dira, baina lagun artean gaude-eta jo dezagun parodiara: itzultzaileak —#ezitzultzaileguztiak— txintxo eta arauaren aurrean esanekoago jokatzen ahalegintzen dira, eta idazleak —#ezidazleguztiak— arautik askeago sentitzen dira.
Zer dela eta lotuago vs askeago sentitze hori? Zenbait ideia bururatzen zaizkit niri, denak elkarri lotuak eta elkarren kausa edo ondorio gisa uler daitezkeenak. Hona hemen:
Itzultzaileak beste baten testua du esku artean, eta berea balitz baino ardura handiagoz tratatzen du horregatik. “Norberarenean tira, baina besterenean ez dadila nire erruz akatsik egon”. Parkean umeekin gaudela, beste guraso batek enkargu bat egitera doala-eta bere haurrari begiratzeko eskatzen digunean bezala: haur hori non zertan ari den zaintzen dugu une oro, geurearekin baino arretatsuago. Itzultzailea subsidiarioa da, eta gehiago eskatzen dio bere buruari: ezin du titularrarenean zuzena zena akastun bihurtu.
Sorkuntzak badu jainko izatetik zeozer. Egile garenean aurrez existitzen ez zen zerbait sortzen dugu ezerezetik. Esango nuke —barkatuko ahal didazue psikoanalisia egiteko ahalegin txatxar hau— ahalmen horrek berezi sentiarazten gaituela, mugen eta arauen gainetik gaudela sinestarazten digula. Eta beraz, idazten ari garenean sueltoago-edo jokatzen dugu, erlaxatuago, itzultzen ari garenean ez bezala. Goragoko kezkak izaten ditugu idaztean, eta ez gara huskeriez arduratzen.
Idazleak badaki atzetik zuzentzailea edo/eta editorea etorriko dela, berak axolagabe lotu gabe utzitakoak lotzera. Eta erlaxatu egiten da berriro.
Itzultzaileak ere badaki atzetik zuzentzailea edo/eta editorea etorriko dela. Baina itzultzaileari maiz zuzentzailea izatea tokatzen zaionez, ondo daki zer non zaindu, eta lanak eginda edo oso aurreratuta entregatzen du testua.
Sormen edo itzulpen lan batean egileak eta itzultzaileak ez ezik beste esku batzuek ere parte hartzen dute. Hain zuzen ere, tesiaren defentsan epaimahaikideetako batek argitaletxeek honetan guztian duten funtzioaz galdetu zidan. Esango nuke aurretik aipatu ditudan ideiekin lotura estua duela euskal editoreen jokamoldeak:
Editoreek erreparo gutxiago izaten dute ziurrenik idazkera okerrak itzultzaileari zuzentzeko idazleari zuzentzeko baino. Azken batean, itzultzailea ez da egile-egilea, testua ez da bere-berea, eta errazago onartuko ditu iradokizunak.
Horrek berekin dakar itzultzaileak, zuzenketa gehiago eta gehiagotan egiten zaizkionez, autoexijentzia handiagoz jokatzen ikasten duela, testuak hasieratik txukunago entregatzeko.
Idazkera zuzenak gora eta behera aritu naiz hamar bat paragrafotan, itzultzaileak subsidiarioak eta arauari lotuak direla esan dut, idazleak jainko txiki eta apetatsuen pare jarri ditut… Baina aizue, itzulpenean dena ez da itzalean geratzea eta xuxen jokatzea. Itzulpenak ere badu sortzetik, asmatzetik, haustetik, jolastetik… Tesiaren defentsan beste epaimahaikideetako bat kexu agertu zitzaidan pasarteren batean itzultzaileak otzan edo esanekotzat jo nituelako. Eta arrazoia eman behar diot. Itzultzaileak esanekoak izan ohi dira estandarraren idazkerari dagokionez, baina ederki dakite araua hausten eta sorkari zoragarriak proposatzen egokiera dutenean. Testu honi jarri diodan izenburua da horren adibide. Warsan Shire kenyar poetaren “Backwards” poema euskaratzean[1] Maialen Berasategik egindako proposamena da gaitzaket. Hementxe, zehazki:
I can make us loved → Egin gaitzaket maitatuak
Ez al da zoragarria?
[1]Munduko Poesia Kaierak bildumak hamar urte bete dituela-eta kaier berezia argitaratuko du aurki Susa argitaletxeak. Kaier horretan, MPK bilduman orain arte aritu diren itzultzaileek beren gustuko poema bana euskaratu dute. Maialen Berasategik Warsan Shire kenyarraren “Backwards” (“Atzeraka”) aukeratu eta itzuli du.
Itzulpengintza zubiekin alderatzen dugu maiz. Zubiak bi aldeetan daudenak harremanetan jartzeko dira eraikitzen, onuragarritzat hartzen ditugu, eta gustuko dugu itzultzaileak zubigileak garela esatea, eta sinestea. Eta izan, hala da, baina zubiak ez dira beti asmo onez eraikitzen, edo ez behintzat zubiaren bi aldeetan daudenen mesede.
Zubiak, adibidez, oso lagungarriak izan daitezke ibaiaren beste aldekoak mendean hartu nahi dituzten erasotzaileendako. Administrazio kolonial britaniarrean, itzulpenak berebiziko zeregina bete zuen, erruz baliatu baitzen tokian tokiko biztanleei buruzko datuak biltzeko eta agintari kolonialen eta mendean hartutakoen arteko komunikazioa errazteko.
Kolonizatuen mitologia, literatur lanak eta ahozko kontakizunak ez dira soilik jakin-minaren, ezagutzaren eta bakezko asmoen amoreagatik itzuli, azpiratuak hobeki ezagutzeko eta modu eraginkorrago batean menderatzeko baizik.
Itzulpenek orobat balio izan dute besteak eta besteen hizkuntzak exotizatzeko (batzuetan, itzultzaileek, nahita edo nahi gabe, besteen kultur sistemak oker ulertu dituztelako); edo, aitzitik, desberdintasunak txikitzeko edota hutsaltzeko.
Eta, horrez gain, itzulpena oso garrantzitsua izan da metropoliaren ohiturak, balioak eta erlijioa hedatzeko, eta, hortaz, administrazio koloniala errazago ezartzeko.
Itzulpena boteretsuenen alde erabiltzen den baliabide bat izan daiteke edo, aitzitik, botere gutxiago dutenen ahotsak entzunarazteko eta zabaltzeko tresna.
Palestinar literaturako sei liburu[1] itzuli dira aurten euskarara, eta haietako bi «Itzulpena borroka da» izenburuko saio batean aurkeztu zituzten joan den astean. Zubi horiek igarotzeko irrikaz nago.
Euskal literatur eremuan dauzkagun itzulpen fluxuak aztertzen aritu naiz azkenaldian, itzulpen joeren garapena zer nolakoa izaten ari den ikusteko batetik, eta literatur trukeetan parte hartzen duten eragileek betetzen duten rola ezagutzeko bestetik. Gai horri tiraka, literatur sustapenaz eta esportazioaz arituko naiz oraingoan.
Edozein kulturatan, sustapena eta hedapena ezinbestekoak dira literatura bat bere hizkuntzaren mugetatik kanpo ezagutarazteko. Literatura-sistemaren biziraupenerako nahitaezkoak direla ere esan liteke, bi norabideetan egiten diren kultur trukeek aberastu eta aldarazi egiten baitute literatura bat. Itzulpena tresna ezinbestekoa da literatura gutxitu baten zabalkunderako; alabaina, erdaretarako itzulpenak egin eta ezagutaraziko badira, bultzada bat beharko dute. Heilbronen eta Sapiroren arabera (2016), itzulpen gehien-gehienak hizkuntza nagusi edo hiper-nagusietatik egiten dira, eta hizkuntza periferikoek, aldiz, gutxi esportatzen dute. Asimetria horiei aurre egiteko, ohikoa izaten da gobernuek haien herrialdeetako kultura-ekoizpena atzerrian sustatzeko erakunde espezifikoak sortzea, baita itzulpenak sustatzeko politikak bultzatzea ere.
Bai Euskal Herri mailan bai estatu mailan, erakunde publikoek eskaintzen dituzte euskal literatura atzerriratzeko laguntzak. Dena den, Montero Küpperrek (2016), Castrok eta Linaresek (2022) eta nik neronek beste nonbait (2021) ondorioztatu dugun moduan, erkidego mailako erakundeak dira batik bat hizkuntza gutxituetako kultur esportazioa finantzatzen dutenak, eta estatu mailako erakundeek batez ere gaztelaniaz sorturiko lanen itzulpena sustatzen dute. Frantzian ere Centre National du Livrek (CNL) eskaintzen ditu laguntzak Frantzian sorturiko literatura lanak esportatzeko, baina oraingoz ez da euskaraz idatzitako lanik itzuli laguntza horien bitartez.
Euskara eta euskal kultura eta sorkuntza nazioarte mailan sustatu eta ezagutzera emateko helburuz sortu zen Etxepare Euskal Institutua 2007an. Etxeparek egitasmo ugari ditu euskal literatura gure mugetatik kanpo sustatzeko, konparazio batera, itzulpenerako dirulaguntzak, testu laginak ingelesera edo frantsesera itzultzeko dirulaguntzak, Etxepare-Laboral Kutxa itzulpen saria eta euskal sortzaileak nazioarteratzeko bidaia-poltsak. Horietaz gain, itzultzaileen trebakuntza ere bultzatu du, Idazlea itzultzaileen lantegian egitasmoa sustatuz, zein Itzultzaile berriak programa abian jarrita. Urteotan ibilbidetxo bat egin du Etxeparek euskal literatura atzerrian sustatzeko ahaleginean.
Erakundeen bultzadaz gain, euskal literatura atzerrian ezagutzera emateko itzultzaileek rol baliotsua betetzen dute, ez bakarrik literatur lanen itzultzaile gisa, baita beren kulturetako preskriptore gisa ere; izan ere, askotan, liburuek xede kulturan izan dezaketen interesa neurtuko dute, bai eta zer lan itzuliko den hautatu, jatorrizko lanak ulertu ezin dituzten argitaratzaileei haien egokitasuna iradoki, eta itzulpenak argitaratu ondoren promozioan lagundu. Gero eta itzultzaile gehiago da euskaratik itzulpenak egiteko gai, eta haien lana sarritan ez da itzulpena egitera mugatzen.
Ugari dira euskal literatura beste hainbat hizkuntzatan eskuragarri izan dadin lanean dihardutenak eta lan horien zabalkundean parte hartzen dutenak: itzultzaileak, idazleak, editoreak, kultur ekoizpena sustatzen duten erakundeak, literatur agenteak. Azken horiek ekarri nahi nituzke hizpidera. Itzulpen-eskubideak saldu eta literatur lanen zein autoreen sustapena kudeatzeko ardura dute literatur agenteek. Euskal Herrian tradizio gutxi izan du literatur agentearen figurak. 90eko hamarkadan, Ikeder literatur agentzia sortu zen, Euskal Herriko lehenengo literatur agentzia. Bernardo Atxaga, Anjel Lertxundi zein Kirmen Uribe idazleak ordezkatu zituen, besteren artean. Duela zenbait urte amaitu zuen bere jarduna Ikederrek, baina literatur agentearen figurak garrantzia hartu du azken urteetan euskal literaturan, eta gero eta idazle gehiagok du agente bat. Esaterako, Ute Körnerrek ordezkatzen ditu Bernardo Atxaga, Mariasun Landa eta Xabier Etxeberria; Casanovas & Lynchek, Kirmen Uribe; Ella Sher agenteak ordezkatzen ditu Katixa Agirre, Uxue Alberdi, Oihane Amantegi, Irati Elorrieta, Karmele Jaio, Hasier Larretxea eta Nerea Loiola; SalmaiaLitek, berriz, Eider Rodriguez, Harkaitz Cano eta Amets Arzallus; Mertin Wittek, Unai Elorriaga. Zerrenda horri erreparatuta, bada datu deigarri bat: Euskal Herritik kanpokoak dira aipatu agente guztiak. Euskal Herrian literatur agenterik ez egoteak beste nonbaiteko profesionalak bilatzera bultzatzen ditu euskal idazleak. Galdera ugari sortzen ditu egoera horrek. Esaterako: euskal sistemaz kanpoko eragileak izanik euskal literatur lanen eskubideak kudeatzen dituztenak egun, jatorrizko literaturaren zer nolako ezagutza dute agente horiek? Gaztelaniazko itzulpenaren bitartekaritza ezinbestekoa da lan baten eskubideak beste hizkuntza batzuetara saltzeko? Zein hizkuntzatako bertsioa hartzen da iturri gisa itzulpenerako? Galderak galdera, ahuldade bat erakusten du gabezia horrek, hizkuntza gutxituak hizkuntza nagusiagoetako literatur sistemen menpeko izan beharra literatur lanen eskubideak kudeatzeko.
Aipaturiko iturriak
Castro, Olga eta Linares, Laura. 2022. Translating the literatures of stateless cultures in Spain: translation grants and institutional support at the Frankfurt Book Fair. Perspectives 30(5). 792-810.
Heilbron, Johan eta Sapiro, Gisèle. 2016. Translation: Economic and Sociological Perspectives. In Ginsburgh, Victor eta Weber, Shlomo (edk.), The Palgrave Handbook of Economics and Language, 373-402. London: Palgrave MacMillan.
Manterola, Elizabete. 2021. Euskal literatura itzuliari buruzko gogoeta. In Ayerbe, Mikel (ed.) Euskal ediziogintzaren hastapen ikerketak, 65-95. Bilbo: Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU).
Montero Küpper, Silvia. 2016. Políticas para la traducción de textos literarios. In Galanes, Iolanda; Luna, Ana; Montero, Silvia; Fernández, Áurea (edk.), La traducción literaria. Nuevas investigaciones, 53-72. Granada: Comares.
Elizabete Manterola Agirrezabalagak “Autoitzultzeaz gogoetan” izeneko artikulu interesgarri bat argitaratu zuen plaza honetan urriaren hasmentan. Autoitzulpenari buruzko kongresu batean entzundakoak hartu zituen hizpide, eta ikertzaileetako batek autoitzulpenaz eta dibertsitateaz esandakoak nabarmendu: “Autoitzulpenak sustatu dezake dibertsitatea, xede hizkuntzetan argitaratzen diren liburuen artean hizkuntza gutxituetan sortutako lanei lekua egiten baitzaie. Kontrara, autoitzulpenak indarra ken diezaioke dibertsitateari, suprautoitzulpenak (gehien sortzen den autoitzulpen mota) jatorrizko hizkuntzak baztertzen baititu, hein batean behintzat.” Bada, Manterolak bere testuaren bukaeran zioen bezala, “Badu, bai, mamirik gaiak” eta, horregatik, supraautoitzulpenen –eta supraitzulpenen– mami horren ertz bati heldu nahi diot oraingoan, azken urteotan nire inguruan sumatzen ari naizen joera batez mintzatze aldera.
Orain urte gutxi Kirmen Uriberen Lo que mueve el mundo oparitu zidan Madrilen bizi den lagun erdaldun batek. Iruñeko liburu-denda batean erosi zidan. Saltzaileari esan zion euskal egile baten liburu bat oparitu nahi ziola lagun euskaldun bati, aholkatu ziezaiola baten bat. Saltzaileak liburu hori saldu zion eta, gero, liburua oparitarako paper pollit batean biltzen ari zelarik, galdetu zion: “¿Qué te pongo? ¿Felicidades o Zorionak?”.
Orain dela bi urte gure inguruko bi gazte euskaldunek Ibrahima Balderen eta Amets Arzallus Antiaren Hermanito irakurri zuten. Haietako batek liburua bukatutakoan jakin zuen itzulpena zela. Besteak bazekien liburua euskaraz ere eskura zezakeela, baina D eredu batean ikasitako euskara poliki-poliki ahazten ari den saldo handi horretako kidea da bera, eta nahiago izan zuen gaztelaniaz irakurri. Adiskide euskaldun batek Uxue Alberdiren Reverso aholkatu zidan iaz, eta beste batek, Katixa Agirreren Las madres no.
Segur aski ez da fenomeno berri-berria ere, baina garai batean arrazoia argia zela uste izan genuen: oso handia zela euskaraz alfabetatu gabeko euskaldunen kopurua. Segur aski ez da fenomeno berri-berria ere, baina ez dakit ez ote den gero eta ohikoago bihurtzen ari. Lankide bati azaldu diot nire arrangura, eta galdera hau jaurti du airera: Iruñerriko fenomenoa ote? Ezetz uste dudala erantzun diot. Izan ere, iruditzen zait Koldo Bigurik Manterolaren artikuluaren harira blogean idatzi zuen iruzkinean datzala koska, hots, itzulpen horiek ez direla itzulpentzat saltzen eta, hortaz, euskarazko literaturaren inbisibilizazioa eragiten duela horrek, besteak beste. Gainera, uste dut inbisibilizazio horrek areagotu egiten duela euskarazko kulturak duen ikusezintasun orokorra, eta, horren eraginez, euskaraz inoiz baino eskualdekoagoak sentitzen garela orain, eta espainieraz, aldiz, inoiz baino mundukoagoak.
Iñaki Iurrebaso Biterik idatzitako “Euskara nagusi izango duten hiztunen bila” artikulua igorri didate WhatsAppez, eta euskaraz baizik ez dauden –edo behinik behin gaztelaniaz eta frantsesez ez dauden– irakurgaiak eta edukiak behar ditugula bururatu zait.