Arrainen hexurrak eta arantza bifidoa

Fernando Rey Escalera

Oso gogoan dut noiz ikasi nuen, lankide bati adituta, arrainek hezurrak dituztela (hexurrak), eta ez arantzak, eta arantza esatea erdaratik heldu zaigun kalko oker bat dela, gaztelaniak espina baitu horretarako. Bihoakio besarkada bat hainbeste erakutsi zidan lankide horri, nahiz eta segur aski ez duen hau irakurriko, osasunez aski pattal baitabil orain. Berriki gogoratu nuen hark kontatutako beste kalko bat, beste alderakoa, bioi grazia handia egiten ziguna: bere semeari, gaztelaniaz, โ€œhoy para comer tenemos pezโ€ aditu zion noizbait, mutikoak ez baitzekien euskaraz arraina erabiltzen badugu ere gaztelaniaz hitz bikotea dugula, adiera zein den: pez edo pescado. Esan dezadan, bidenabar, arrainki (arraiki) hitza bizirik dugula euskaraz jatekoaz ari garela, platerekoaz ari garela. Halaxe aditu diet nik zenbait nafarri.

Bai, arrainek, gainerako ornodunek bezala, hezurdura dute, hau da, hezurrak, eta halaxe azaltzen digu Euskaltzaindiak bere hiztegian, eta garbi uzten du arantza beste zerbait dela:

hezur
1 iz. Ornodunen hezurdura osatzen duten atal gogor eta zurrunetako bakoitza. Ugaztunen, hegaztien, arrainen eta narrastien hezurrak.
3 iz. Arrainen bizkarrezurra. Bisigu baten hezurrean irristatu eta erori da.
arantza
1 iz. Landare batzuetan sortzen diren ziri zorrotzetako bakoitza. Arrosaren arantzak. Arantzaz beteriko sasiak.
2 iz. Zenbait animaliak beren burua babesteko gorputzean dituzten ziri zorrotzetako bakoitza. Itsas trikuen arantzen osagai nagusia kaltzita da.

Kalko oker horri loturik, hots, espina hitzarekin loturik, badago termino bat nire ustez modu desegokian zabaldu dena. Oso aspaldi ohartu nintzen UZEIk hainbeste eta hainbeste aportazio onen artean (zer eginen genuen denok UZEIren lan terminologikoaren laguntza izan ez bagenu? Zer eginen genuke orain ere Euskalterm faltako balitzaigu?) irristada ttiki bat egin zuela Medikuntzako termino bat finkatzerakoan. Barka diezadatela oker baldin banago.

Espina bรญfida esateko, โ€œarantza bifidoaโ€ dago proposatua, 4 eta guzti. Nik men egiten diet beti, ongi merezitako autoritatea baitu UZEIk, baina, kasu honetan, intsumisioa egitera ausartu naiz gaixotasun larri hori aipatu beharra izan dudanetan, ustez eta desegokia dela.

Espina bรญfida hodi neuralaren akats bat da, burmuinaren, bizkarrezurraren edo bizkar muinaren sortzetiko malformazioa. Fetuaren bizkarrezurra, garapen enbrionarioan, ez da erabat ixten, normalean haurdunaldiaren lehenbiziko hilabetean, eta gerrialdeko orno batzuk itxi gabe gelditzen dira, eta ornoek bizkarraldean bi mutur dituzte mutur bat izan beharrean. Horregatik da bifidoa.

Gaixotasunari espina bรญfida esaten zaio gaztelaniaz, eta spina bifida ingelesez, frantsesez eta gure inguruko hizkuntza gehienetan, latinetik hartuta. Izan ere, espina hitz polisemikoa da, eta gaztelaniaz โ€œarantzaโ€ ez ezik, bizkarrezurra ere bada. Horregatik esaten da espinazo, medula espinalโ€ฆ

Horregatik uste dut nik espina, kasu honetan ere, bizkarrezurra dela. Horri egiten dio erreferentzia, eta, horregatik, bizkarrezur bifidoa esan beharko genuke.

Eta, dudarik gabe, jende gehiagori iruditu zaio hala dela. Googlen begiratuz gero, arantza bifidoa 600 bat aldiz ageri da (Wikipediak eta Elhyarrek ere hala diote), baina, harekin batera, bizkarrezur bifidoa ere ikusten ahal dugu, eta ez gutxitan, 394 aldiz (ETBk, Berriak, Zehazki hiztegiak eta beste zenbaitek erabilita).

Gaitzaket

Isabel Etxeberria Ramรญrez

Haundi/handi, urdinskara/urdinkara, atzorako/atzoko, gaurgeroz/gaurgero, ordurarte/ordura arte, sentimentu/sentimendu… Horietan guztietan, lehen aukera ez da hiztegietan jasotzen, edo idazkera okertzat jotzen da; bigarren aukera da, denetan, euskara estandarrerako gomendatzen dena. Bada, lehen idazkera ez gomendatu horiek ugariago ageri dira euskal idazleen liburuetan euskarara egindako itzulpenetan baino. Blog honetan behin baino gehiagotan azaldu dudanez, nire doktorego-tesian euskarara itzulitako literatur testuetako eta euskal idazleek zuzenean euskaraz sortutako literatur testuetako hiztegia konparatzen aritu naiz, eta dela koloreak aztertzen jardun dudanean, dela denbora-adberbioez edo emozioak adierazteko kolokazioez aritu naizenean, idazkera okerreko aldaerak euskal idazleen testuetan euskal itzultzaileenetan baino ugariagoak zirela ikusi dut.

Doktorego-tesi bat ez da elukubrazioetarako lekua. Datuetan behatutakoa jaso ohi da tesietan; egiaztatu ahal izan den hori, alegia. Intuizioak belarrira xuxurlatzen digunak ez du kabidarik izaten zorroztasun zientifikoa gidalerro duten testu generoetan. Eta beraz, lortutako datuak esplika litzaketen arrazoiez hipotesi gisa baino ez ohi da hitz egiten, eta etorkizunean urratu litekeen ikerlerro gisa gehienetan. Ni hanka-puntetan pasatu nintzen arrazoien gainetik nire doktorego-tesian, eta ez nuen ia hipotesirik aurreratu idazleengan antzemandako zabarkeria handiagoa edo itzultzaileen zuzentasunerako joera nabarmenagoa esplikatzeko, nire intuizio horiek tesia ebaluatuko zuen epaimahaiaren aurrean behar bezala defendatu ezin izango nituela iritzita. Baina hemen, lagunarteko foro informalago honetan, gustura egingo dut gogoeta ozenki zuekin.

Harira, beraz. Zergatik ageri dira haundi, ordurarte eta sentimentu gehiagotan idazleen testuetan eta gutxiagotan itzultzaileen testuetan? Lehen kolpean ezagutzarekin lot genezake auzia: idazle gutxiagok dakite, itzultzaileen aldean, sentimentu ez baizik eta sentimendu dela idazkera zuzena. Baina uste dut bat etorriko garela denok onartzean jakin gauza gutxi dakizkigula berez idazleok eta itzultzaileok, eta zer non kontsultatu jakitea dela, oro har, menderatzen dugun artea. Hau da, itzultzaileek ez dute sentimentu gutxiagotan idazten idazkera okerra dela badakitelako, ezpada idazkera zuzena ote den egiaztatzeko ardura idazleek baino gehiagotan hartzen dutelako. Jarrera kontu bat ikusten dut nik hemen, eta ez ezagutza kontu bat. Sinplifikazioak arriskutsuak dira, baina lagun artean gaude-eta jo dezagun parodiara: itzultzaileak โ€”#ezitzultzaileguztiakโ€” txintxo eta arauaren aurrean esanekoago jokatzen ahalegintzen dira, eta idazleak โ€”#ezidazleguztiakโ€” arautik askeago sentitzen dira.

Zer dela eta lotuago vs askeago sentitze hori? Zenbait ideia bururatzen zaizkit niri, denak elkarri lotuak eta elkarren kausa edo ondorio gisa uler daitezkeenak. Hona hemen:

  • Itzultzaileak beste baten testua du esku artean, eta berea balitz baino ardura handiagoz tratatzen du horregatik. โ€œNorberarenean tira, baina besterenean ez dadila nire erruz akatsik egonโ€. Parkean umeekin gaudela, beste guraso batek enkargu bat egitera doala-eta bere haurrari begiratzeko eskatzen digunean bezala: haur hori non zertan ari den zaintzen dugu une oro, geurearekin baino arretatsuago. Itzultzailea subsidiarioa da, eta gehiago eskatzen dio bere buruari: ezin du titularrarenean zuzena zena akastun bihurtu.
  • Sorkuntzak badu jainko izatetik zeozer. Egile garenean aurrez existitzen ez zen zerbait sortzen dugu ezerezetik. Esango nuke โ€”barkatuko ahal didazue psikoanalisia egiteko ahalegin txatxar hauโ€” ahalmen horrek berezi sentiarazten gaituela, mugen eta arauen gainetik gaudela sinestarazten digula. Eta beraz, idazten ari garenean sueltoago-edo jokatzen dugu, erlaxatuago, itzultzen ari garenean ez bezala. Goragoko kezkak izaten ditugu idaztean, eta ez gara huskeriez arduratzen.
  • Idazleak badaki atzetik zuzentzailea edo/eta editorea etorriko dela, berak axolagabe lotu gabe utzitakoak lotzera. Eta erlaxatu egiten da berriro.
  • Itzultzaileak ere badaki atzetik zuzentzailea edo/eta editorea etorriko dela. Baina itzultzaileari maiz zuzentzailea izatea tokatzen zaionez, ondo daki zer non zaindu, eta lanak eginda edo oso aurreratuta entregatzen du testua.

Sormen edo itzulpen lan batean egileak eta itzultzaileak ez ezik beste esku batzuek ere parte hartzen dute. Hain zuzen ere, tesiaren defentsan epaimahaikideetako batek argitaletxeek honetan guztian duten funtzioaz galdetu zidan. Esango nuke aurretik aipatu ditudan ideiekin lotura estua duela euskal editoreen jokamoldeak:

  • Editoreek erreparo gutxiago izaten dute ziurrenik idazkera okerrak itzultzaileari zuzentzeko idazleari zuzentzeko baino. Azken batean, itzultzailea ez da egile-egilea, testua ez da bere-berea, eta errazago onartuko ditu iradokizunak.
  • Horrek berekin dakar itzultzaileak, zuzenketa gehiago eta gehiagotan egiten zaizkionez, autoexijentzia handiagoz jokatzen ikasten duela, testuak hasieratik txukunago entregatzeko.

Idazkera zuzenak gora eta behera aritu naiz hamar bat paragrafotan, itzultzaileak subsidiarioak eta arauari lotuak direla esan dut, idazleak jainko txiki eta apetatsuen pare jarri ditut… Baina aizue, itzulpenean dena ez da itzalean geratzea eta xuxen jokatzea. Itzulpenak ere badu sortzetik, asmatzetik, haustetik, jolastetik… Tesiaren defentsan beste epaimahaikideetako bat kexu agertu zitzaidan pasarteren batean itzultzaileak otzan edo esanekotzat jo nituelako. Eta arrazoia eman behar diot. Itzultzaileak esanekoak izan ohi dira estandarraren idazkerari dagokionez, baina ederki dakite araua hausten eta sorkari zoragarriak proposatzen egokiera dutenean. Testu honi jarri diodan izenburua da horren adibide. Warsan Shire kenyar poetaren โ€œBackwardsโ€ poema euskaratzean[1] Maialen Berasategik egindako proposamena da gaitzaket. Hementxe, zehazki:

I can make us lovedย ย ย ย ย ย ย  โ†’ย ย ย ย ย ย ย  Egin gaitzaket maitatuak

Ez al da zoragarria?


[1]Munduko Poesia Kaierak bildumak hamar urte bete dituela-eta kaier berezia argitaratuko du aurki Susa argitaletxeak. Kaier horretan, MPK bilduman orain arte aritu diren itzultzaileek beren gustuko poema bana euskaratu dute. Maialen Berasategik Warsan Shire kenyarraren โ€œBackwardsโ€ (โ€œAtzerakaโ€) aukeratu eta itzuli du.

Uda honetan ikasi ditudan kontu batzuk

Itziar Otegi Aranburu

Amaitu da uda, eta udazkena presaka etorri da. Udan zehar ikasi ditudan hitz eta esapide batzuk ekarri nahi ditut hona, zertzelada moduan.

Edizio-distantzia

Uda hasieran Orozkoko baserri batean egokitu nintzen, ilustratzailez inguratuta. Han ari ginen, mahai baten bueltan, bakoitza bere lanean murgilduta eta berriketan, eta batek bota zuen: โ€œDeskuidatzen bagara, itzultzaileek bezala amaituko dugu, eta gure lana makinaren akatsak zuzentzera mugatuko daโ€. Isilik irentsi nuen zimikoa, papererantz are gehiago makurtuta. Zentzu batean, zuzen daude, gure lanaren alderdi (gero eta handiago) bat horretan datza, itzulpen automatikoaren akatsak zuzentzean. Jakin dut goian adierazitako indizea erabiltzen dela itzulpen automatikoaren kalitatea neurtzeko; alegia, zenbat giza esku-hartze behar diren itzulpen automatiko jakin bat giza itzulpena bezain ona izan dadin, eta distantzia hori ahalik eta txikiena izan dadin lanean ari direla.

Ludita

Teknologiaren aurrerapenen kontra dagoen pertsonari esaten omen zaio ludita, eta industria-iraultzaren (lehenengo industria-iraultzaren) garaitik omen dator, artisau ehungileak lanik gabe utziko zituzten makina ehungailuak suntsitzen hasi zirela eta. Kontuz ibili behar da zer esaten duzun teknologiaz; berehala jotzen zaituzte luditatzat.

Determinismo teknologikoa

โ€œErrusiar mendi batean goazelarik, alferrik da atzerantz indarka nekatzea; ez du ezertarako balioโ€, esan zidan beste mahai baten bueltan nire lagun Charlesek, laurogei urteak atzean utzi dituen arren โ€“edo utzi dituelakoโ€“ bizitzari beldurrik gabe begiratzen dionak. Gustatzen zait, metafora, baina ez dakit oso konforme nagoen. Batetik, inork ez dit galdetu errusiar mendira igo nahi dudan edo ez, eta, bestetik, gu denak orain errusiar mendian egotea ez da fenomeno meteorologiko baten ondorio, ez da halabeharrez gertatu, eta iruditzen zait โ€œadimen artifizialarena geldiezina daโ€ esaldian badagoela fatalismo puntu bat, determinismo teknologiko deritzon horren aurrean amore emate bat. David Bayles eta Ted Orlandek Arte y miedo liburuan fatalismoaz ematen duten definizioa datorkit gogora; alegia, beldurraren beste bariante bat dela fatalismoa, patua gure esku egon daitekeen arren gure eskuak patuaren gainean eragiteko ahulegiak izatearen beldurra.

Zentauroak vs ziborgak

Uztailean, Elhuyarko lagunek antolaturiko udako ikastaroan izan nitzen, Itzulpengintza eta teknologia: aurrera eskuz esku, aurrera aurrez aurre. Gauza interesgarri asko entzun nituen han. Besteak beste, askoz hobea dela jarrera proaktiboa hartzea, erreaktiboa baino. Horretan nabil, errusiar mendiari tamaina hartu nahian, beste asko bezalaxe. Genevako Unibertsitatekoek, adibidez, adimen artifizial sortzailearen gainean zer jarrera duten azaldu dute duela gutxi: alde daude, eta gida bat argitaratu dute unibertsitatean adimen artifizial sortzailea arduraz eta egoki erabiltzeko. Hainbat atal ditu gidak, batzuk zinez jakingarriak, batez ere adimen artifizialaren sorreraz eta eboluzioaz eta oinarrizko kontzeptuez โ€“niretzat, cookieak onartzean zer arraio ari naizen onartzen oraindik ere ez dakien honentzat, oso lagungarriaโ€“. Metodologiaren atalean, azaldu dute informazioa nola bildu duten, eta, idazteko orduan, ChatGPT4 erabili dutela laguntza gisa.

Ondo ulertu badut, zentauro-jokabidea litzateke hori: gizakiak lan batzuk egingo lituzke, eta makinak beste batzuk. Bestea ziborg-jokabidea omen da, zeinetan ez baitago bereizterik nork egin duen zer, hain daude fusionaturik gizakia eta makina lan-fluxuan. Oso itxura ona hartzen diot gidari, baina denbora eta patxada beharko nituzke behar bezala aztertu eta iritzi bat eratzeko, eta, nik denbora eta patxada eskatzen ditudan bitartean, hortxe dabil errusiar mendia orduko 300 kilometroko abaila zoroan gora eta behera eta ezker-eskuin inori patxadarik eman gabe. Mafaldaren hartatik, gustura esango nuke nik ere โ€œgeldi ezazue hau; jaitsi egin nahi dutโ€. Iritzi bat eratu artean behintzat.

Kakaztea (enshittification)

Joxe Rojasek azaldu zuen kontzeptu hori ikastaroan. Hemen dago azalduta, baina, labur esateko, plataforma teknologiko handien deriba azaltzen du. Ez dakit egokia den, baina niri, nolabaiteko zabalkuntza semantiko bidez, bestelako kakazte bat ekartzen dit gogora. Konturatu bainaiz ez dela, berez, teknologia jakin bat, edo adimen artifiziala bere horretan, arazoak sortzen dituena โ€“salbuespenak salbuespen, eta utzidazue hor ere zuhurtzia bati eusten momentuzโ€“; baizik eta, teknologia horrekin batera, nolabait gainjarrita, edo, hobeto esanda, azpijarrita, datorren beste zerbait. Ikastaroan, hitzaldietako batzuek ezinegon lauso bat eragin zidaten. Lankide batek lagundu zidan argitzen, kafea hartzen ari ginela esan baitzuen hitzaldi batzuei kutsu โ€œneoliberalaโ€ zeriela. Teknologiari eta adimen artifizialari buruzko diskurtsoan, maiz, bi alderdi nahasten dira: bat teknologiari dagokiona, eta bestea, berriz, mundu-ikuskera bati dagokiona โ€“berezkoa edo hartua, kontzientea edo ezโ€“. Adibidez, hizlari batek bideo umoretsu bat jarri zuen, interpretazio automatikoaren beharra ilustratzeko: Erresuma Batuko ikastetxe bateko zuzendariak guraso bat ekarrarazten du, semearen portaera kaxkarraz hitz egiteko. Etorkinak dira, zuzendariak ez daki aita horren hizkuntza, eta aita ez da ingelesez moldatzen. Semeak egin behar ditu interprete-lanak, beraz. Imajinatuko duzue zer gertatzen denโ€ฆ semeak goitik behera aldatzen ditu zuzendariaren esanak, eta aita poz-pozik irteten da bileratik, semea heroia dela sinetsita. Gauzak zer diren, oso antzeko bideo bat ikusi nuen orain dela urte batzuk, Letren Fakultatean, Interpretazio Sozialaren Oinarriak ikastaroa egin nuenean. Interpretazio sozialaren beharra ilustratzeko jarri zuten bideo hori orduko hartan. Denbora-tarte honetan, automatiko hitzak ordeztu du sozial hitza esaldi horretan.

Agian badago arrazoi onik horretarako, naif samarra izango da igual ikastetxeetako hizkuntza-arazoak giza interprete bidez konpon daitezkeenik pentsatzea, baina, halako arrazoibiderik ez zenez egin, batetik besterako bidea, nolabait, ezkutuan geratu zen, izebergaren azpiko aldea bezala.

Bestalde, beharbada batzuek ziborg gisa ikusten gaituzte dagoeneko, oso ondo bereizi gabe entzungailuetatik sartzen zaien ahots hori gizaki batena den edo makinarena, eta horregatik hasi dira batzuk interpreteei eskatzen on call egon daitezela 24/7, eta (kasik) doan lan egin dezatela. Negargarria.

Etorkizunaren kontrako babesa (future-proof)

Teknologiaren eremuan sortu zen future-proof esapidea: nola diseinatu software bat, eboluzio teknologikoaren ondorioz berehala zaharkitua eta baztertua ez geratzeko moduan. Unibertsitate-ikasketen testuinguruan iritsi zait niri: nola diseinatu itzulpengintza eta interpretazioko ikasketak, azkar eta noranzko ezezagunetan aldatzen ari den mundu batean berehala zaharkituta eta baztertuta ez geratzeko moduan. Ez dut erantzunik, baina ez esan esapidea ez denik itzela. Future-proof hitzak, bulletproof edo waterproof hitzen molde berekoa baita, berekin dakar etorkizunaren kontra babestu nahia, balen kontra bezala.

Ikastaroaren amaieran elkarteen ordezkariek esan zituztenetatik atera daitezke gure lan-etorkizunari eusteko ideia batzuk: saretzea, eta gure lanari ikusgaitasuna ematea. APTIC elkarteko ordezkariak kontenedore batzuk erretzeaz hitz egin zuen โ€“metaforikokiโ€“. Nire ustez, erre beharreko lehen kontenedore metaforikoa izenarena da, hizkuntzaren langile garen aldetik. Aditu batzuek argudiatu dute adimen artifiziala ez dela ez adimentsua, ez artifiziala, gizakiaren lan luze metatua dagoela oinarrian. Adimen artifizial sortzaile izenak erabat ezkutatzen du egiaz zer den. Konputazio kognitiboa edo ikaskuntza interaktiboko sistema ikusi ditut sarean, baina, niri neuri, gehiago gustatu zait Lorea Argarateri irakurri diodana: adimen kolektiboa, โ€œguk dakiguna zurrupatu baituโ€.

Gauzei izen egokia ematea, beraz, eta saretzea, eta gure lanari ikusgaitasuna ematea. Horrez gain, ezagutza eta denbora, patxadaz erabaki ahal izateko adimen kolektiboko tresnen aurrean zer jarrera hartu: zer, nola eta zertarako erabili, zer auzi etiko dakartzan erabilera horrek, eta egoki erabiltzeko irizpideak ezarri eta zabaldu. Hori iruditzen zait izan litekeela jarrera proaktibo adimentsu bat hartzea, nork bere eremuan.

Istriputik hiztripu eta beste paronimo batzuk

Anjel Lertxundi

HITZEN ARTEKO ANTZA. Hitz paronimoak, elkarren arteko antza dutenak, egokiak dira hitz-jokoetarako, kontrasterako, irakurleen arreta pizteko: amoratu, amorratu; antza, dantza; ego, hego; labe, gabe. Jokoa ematen dute prosan bezala poesian, bertsolariak abilak dira paronimoen erabileran, eta alditan etekin literario mamitsua ere atera liteke paronimoak bekoz beko jarrita testuinguru egoki batean. Demagun โ€œnerabeen izua auzi bihurriaโ€, Harkaitz Canoren Pozaren erdia poema-liburutik hartutako ahapaldi baten muina, letra etzanaz emana. Horra eskura itzulpenetan galtzen omen den zeraren zera poetikoaren adibide bikaina bi hitz paronimoen eskutik. Nola itzuli beste hizkuntzetara? Hitz paronimoek ere eraman gaitzakete jolasetik eta ateraldietatik literaturaren goien gradura.

Paronimoak aise bihur daitezke itzulpenetako sasiadiskide ere. Noren nagiak edo despisteak ez ditu arrakasta eta arrastaka paronimoak nahastu? Oroitzen naiz, urte asko dira, nola euskal tradizioko ipuin erritmiko baten hitz giltzarria (โ€œaitonak arbia nahi du atera; tira eta tira, eta ezin du ateraโ€ฆ) erbi bihurturik agertu zen haurrentzako liburu-formatuan: aitona arbi bat ateratzen ikusi ordez, erbi baten hanketatik tiraka ageri da argitalpenean. Ilustratzaileak bai baitira itzultzaileak ere beren jardunean, arbi eta erbi nahastu zituenak sasiadiskide batekin egin zuen estropezu, arbi arrunt bat baino erbi apetatsuagoa etxera eramateko asmoz-edo. Bistan da sasiadiskideen zakuan aise kabitzen direla paronimoak ere.

Baina paronimo arrakastatsuenen artean, istriputik jaiotako hiztripua. Distiratsua da eta, batez ere, oso efikaza. Asmazio bat dela esango du norbaitek. Neologismoak onartzen baditugu zergatik ez ditugu onartuko funtzionatzen duten eta gure egin ditugun neoparonimoak? Hiztripuak idatzita funtzionatzen du, ahoz eraginik izango badu ondo indartu beharra dago hiz lehen silaba, eta, hala ere, lanak. Baina testu idatzietan ez du galerarik. Hona โ€“eta onaโ€“ lerroen errepideetan izaten ditugun letra-istripuak izendatzeko. Ez dakit nor izan zen hiztripu hitzaren asmatzailea, baina bide luzea egin du. Ateraldi baten moduan sortu zenak sarrera eta harrera ona izan ditu erabileran. Ulertzen dugu, balio digu, eta ia orain arte letra etzanarekin nabarmendu izan badugu ere hitzaren berexitasuna markatzeko, pixkana-pixkana desagertzen ari da letra etzanaren abisua, eta gaur gero eta gehiagotan ikusten dugu letra biribil edo normalean idatzita, hitz onartuaren bedeinkapen oraindik ez akademikoarekin. Egiten duen zerbitzua handia da, testu idatzietan egiten ditugun hiztripuak ere ugariak izaten baitira. Euskaltzaindiak ez du oraindik jaso, baina hitzak adierazten duena โ€“hitzen arteko istripuaโ€“ efikaza da, kostatuko zaigu hitz egokiago bat bilatzea hiztripuk esaten duenaren ordainetan. Eta, aldi berean, hiztripu bada hiztegiaren osaketan erakusten ari garen grazia eta imajinazioa balioesten dituen opari goren bat ere. Egunen batean, kontuon ondo bidez, Euskaltzaindiak onartuko du.

HIZTEGIAK HILTEGIAK OTE? Mingarria egiten zait bi paronimoak elkarrekin ikustea, hiztegi batek ez baitu deus hiltegitik salbu hiztegiak zer diren ez dakitenentzat. Erabiltzen ez diren hitz isilduak daude bertan, sekula gehiago erabiliko ez direnak dira haietako asko, baina hiztegietako hitzak, baita hilak deitzen ditugun greko edo latineko hitzak ere, ez daude hilak: garai jakinen batez mintzatzen zaizkigu, historiaren ahotsak dira. Esan egiten digute oraindik; beste kontu bat da guk zenbaterainoko arreta jartzen diegun. Nolanahi ere, ezin ebidentzia ukatu: jende askok hitzen hiltegi gisa ikusten ditu hiztegiak, eta horren arrazoia izango da bertan dauden hitz ugari, seguru asko gehienak, ezezagunak egiten zaizkiela. Hilak.

Hiztegietan dauden hitz batzuk haustuta daude aspalditik, loak hartuta, apenas sinets daitekeen arnas-berri daitezkeela ere, horixe egia. Baina batek hiltzat jotzen duen hitz bat bizirik egon daiteke bere auzoaren jardunean. Gurean zirkilu deitzen diogu erratzak, garbiketarako trepetak, lisatzeko taula edo harien kaxak gordetzeko baliatzen dugun gela txikiari. Mahaia edo katilua esatea bezain naturala dugu zirkilu hitza. Ez dut, ordea, hitz hori eta adiera horretan erabiltzen duen inor ezagutzen. Badakit, noski, badaudela. Han-hemengo herri-hiztegiek horixe esaten didate

Hiztegiak, hiltegi? Paronomasiak antza bereko bi hitz edo gehiago jartzen ditu aurrez aurre. Antza dute hotsek, adierek ez, eta hurbiltasun fonetikoak eragindako ondorioak arruntak izan litezke. Ala ez: aipatu ditudan paronomasia apurrek badute beren grazia, hitzez hitzeko esanahia baino harago iristen da egoek eta hegoek elkar topo egiten dutenean. Bi paronimoen dantzak askorako eman dezake. Eta hitz betikoen piurarekin jantzitako hitz berriak ere sor daitezke: halako askok bizitza efimeroa izaten du, baina aldian behin aitapontekorik ez duten hiztripu bezalako pitxiak ere sortzen dira. Hitzak ez dira hots huts. Hitzik ez dago edukirik, esanahirik, definiziorik gabe: ezaguna genuen istripuaren adiera, hiztripuak beste adiera bat erantsi dio, ondo bereizia, akzidenteen munduari.

Ambrose Biercek Deabruaren Hiztegia asmatu zuenean ez zuen, nik dakidala, hitzik asmatu. Asmatu zituenak, hiztegiko definizio deabrutuak dira:

ยซHiztegi, iz. Hizkuntza baten hazkundea galarazi eta gogor eta zurrun bihurtzeko letra arloko tresna. Hiztegi hau, haatik, tresna emankorra daยป. (Itz. Xabier Olarra Lizaso).

Bierceren hiztegian bezala beste guztietan ere hitzak egon daude. Gizakiak sortuak, denborak ยญยญโ€“denboraren bultzian, guโ€“ hitzen esanahia mantentzen du edo egokitzen edo berritzen, eta esanahiko objektua edo egoera desagertzen denean, hitza ez da desagertzen. Isildu egiten da, isildu egiten dugu.

Huts txiki bat, poz txiki bat

Oskar Arana Ibabe

Aurtengo Aste Santuan, eguraldia euritsu zela eta atseden hartzeko gogoz etxea hautaturik opor-leku, garai bateko giroa ekarri nahi izan nuen neure baitara, eta gure itzultzaile handiaren Iesus Christen Evangelio Saindua S. Luc-en araura delakoa irakurtzera jarri, Leizarragarena, faksimilezko liburuan. Halako batean, XXIII. kapituluan, 26. eta 27. bertsetetan, hauxe irakurri nuen:

ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย  25. Eta larga ciecรฉn mutinationeagatic eta heriotzeagatic presoindeguian eรงarri iรงan cena, ceinen escatu iรงan baitziraden: eta eman ciecรฉn Iesus, nahi lutena leguiten.
ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย  26. Eta hura eramaiten รงutela, harturic Simon Cyreneano landetaric heldu cen-bat, hari crutzea gainean eรงar zieรงotแบฝ Iesusen ondoan eramaiteco.

Pasarte horretan ez da deus txit berezirik, baina ohartu nintzaion hitz bati, eta oker interpretaturik, uste izan nuen aurkikuntza polit eta txiki bat egin nuela, halako poz txiki beranduko bat hauteman nuela, garai batean buru-haustea eman ohi zigun adigai bat dela-eta. Gogoan dut zer lanak izan genituen rural eta campo hitzen ordainak ematen, turismo rural, casa rural eta gisakoak hedatzen ari ziren garaian.

Okerreko interpretazio bat egin nuen uste izanik ezen, ingelesezkoarekin alderaturik, landetarik hori adiera horrekin erabilia zela, hiriaren kontrako kontzeptu gisa. Izan ere, ingelesezkoan begiratu nuen (The New Oxford Annotated Bible, Third Edition, 2001, Oxford University Press), eta hauxe aurkitu:

ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย  25. He released the man they asked for, the one who had been put in prison for insurrection and murder, and he handed Jesus over as they wished.
ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย  26. As they led him away, they seized a man, Simon of Cyrene, who was coming from the country, and they laid the cross on him, and made him carry it behind Jesus.

Gainera, country hitzaren euskarazko adieretan, hauxe aurkitu nuen Morris hiztegian:

country:
5. (hiritik, herritik kanpora)
a. landa; baserri, mendialde, bortu; to go for a walk in the ~ {mendian || bortuan} ibilaldi bat egin
b. [izenen aurrean] ~ bred baserrian hazitako; ~ cousin baserriko lehengusu; ~ life baserriko bizimodu; ~ people baserritarrak

Pentsatu nuen ezen dagoeneko ez zitzaidala hasiera hartan bezain gordintxo gertatuko landa hitzaren adiera hori (guretzat hain konkretua), gerora, gaurko hiztegietan, hain emankorra izan dena. Euskaltzaindiaren Hiztegian:

landa eremu, landa-eremu
iz. Baserri inguruko gune edo eremua, hiriguneari kontrajartzen zaiona.
Industrializazio garaian sortu zen kooperatiba, langileak landa eremuetatik industria-hirietara joan ziren garaian, alegia. Landa eremuetan bizi diren emakume askorentzat ia ezinezkoa da ospitalera garaiz iristea arazoren bat sortzen denean.

landa turismo, landa-turismo
iz. Landa-eremuetan egiten den turismo mota. Landa turismoa bultzatzeko eta hobetzeko. Landa-turismoko etxeak.

landagune
iz. Landa eremuko etxe eta bizilekuen multzo egituratua. Ik. herrigune; hirigune; landa eremu. Herri txikietan eta landaguneetan denek dakite denen berri. Landagunea da Amasa; herrigunea, Villabona; elkarrekin osatzen dute Amasa-Villabona udalerria.

landetxe
iz. Landan eraikitako etxea, bereziki lantzeko lurrez inguratua dena. Ik. basetxe. Landetxe jori bat. Izetako landetxean dago udaldirako.

Gainera, Wikipedian, country hitzaren etimologia xerkatuz, koherentzia hautematen da jatorrizko adiera horren lerrotik, garbi-garbia:

Country:
Etymology: From Middle English contre, contree, contreie, from Old French contree, from Vulgar Latin (terra) contrฤta (โ€œ(land) lying opposite; (land) spread beforeโ€), derived from Latin contra (โ€œagainst, oppositeโ€). Cognate with Scots kintra.

Eta halaber espainieraz (RAE) contrada hitza:

Contrada.
Del b. lat. contrata ‘regiรณn que se extiende delante de uno’.
1. f. desus. Paraje, sitio, lugar.

Baina, itzultzaileak zuhurra izan behar baitu eta interpretazioak beti berretsi eta ziurtatu, Elizen Arteko Biblian ikusi nuen ez zela hori adiera (zabala, abstraktua, hainbeste buru-hauste eman ziguna), ezpaze:

ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย  25. haiek eskatzen zutena โ€”matxinada eta giza hilketagatik kartzelan zegoenaโ€” askatu eta Jesus beren esku utzi zien.
ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย ย  26. Jesus gurutziltzatzera zeramatela, sorotik etxera zihoan bat, Simon Zirenekoa, hartu zuten eta gurutzea leporatu zioten, Jesusen ondotik eraman zezan.

Zapuztu nintzen, zapuztu, baina ez nuen etsi, eta Orotarikoan begiratu ea baliatua ote duen euskarak beste hitzik (gure baserri hain ezagunaz beste) kontzeptu hori emateko, eta, hara, definizioetako testuen artean campo hitzaren bilaketa eginik, zer kausitu:

Larre:
(Opuesto a ‘ciudad’). Campo. Cf. larre-herri.
Gure jaunak larrerat ereman zituela bere haurrak. HU Zez 72.

Edo:

LARRE-LARREAN. En medio del campo, en una zona totalmente rural.
ย Larre-larrean bizi dezu erretore. Ldi IL 40.
LARRE-LARREENEAN. En la zona mรกs rรบstica, rural.
Larre-larreenean billa zazute baserritarrik basaziena. Ldi IL 66.

Eta hara zaputzaldia eztitu, eta aurkikuntza ustezko handiaren lekuan, onddo ttipi polit bat kausitu, noizbait, nonbait, nolabait baliatu nahiko nukeena testuren batean, nahiz eta Euskaltzaindiaren Hiztegian ez izan sarrerarik adiera horrekin (ulertzekoa denezโ€ฆ, Orotarikoan horren agerraldi gutxi izanik. Bada, gainera, Larrekoetxe izeneko auzo bat Lasarte udalerrian, Euskaltzaindiaren EODAk dioenez. Agian ez nahikoa norbaiti casa de campo esateko baliatu ahal dela iradokitzekoโ€ฆ).

Beraz, arratsalde euritsu batean antzinako testuetan barnaturik, sasitza txiki eta estu batean sartu, eta onddo txiki zaporetsu batekin atera.

Horixe izaten baitu euriakโ€ฆ

Biraorikan ez duen hizkuntza garbia?

Enrike Diez de Ultzurrun Sagalร 

Nafarroako administrazioak itzultzaile sare handia antolatu behar izan zuen mendez mende, jende gehiena ez baitzen mintzatzen administrazioak zerabilen hizkuntzan, herritar gehienak euskaldun hutsak baitziren. Eskribauak aritu ziren bitartekari herritarren eta administrazioaren artean auzi, epaiketa eta gisakoetan. Erran nahi baita, jendeak euskaraz errandakoa gaztelaniaz jasotzen zuten eskribauek paperetan, baina tarteka euskarazko hitzak idatzirik, baita esaldiak ere, gure gozamenerako.

Epaiketa eta auzietako paperak Nafarroako Artxibo Nagusian daude gorderik eta, duela hamar bat urtetik hona, euskarazko hitzak dakartzaten izkribu aunitz argitaratu dira, garai bateko euskararen erakusgarri.

Konparazio batera, behin batean, kalapita ederra gertatu zen Barasoaingo kanposantuan, bi familiaren artean, hilobi baten kontura. Epaiketako paperen arabera, Martin Leotzek hauxe erran zion Margarita Lanari (parentesi artean eskribauaren itzulpena):

– Eme txarrak oihuak handi (ruin muger โ€“sicโ€“ grandes voces).

Eta Margaritak erantzun:

– Baita zuek kasta andurrak (malas castas).

Hortik aitzina, sekulakoak eta bi erran zizkioten elkarri, familia bakoitzeko bertze kide batzuek lagundurik.

Honatx Margaritaren alabaren etorria:

– Aho laxoak, fanfarron tzarrak, erroi kasta gaiztoak (bocas flojas, fanfarrones viejos, malas castasโ€ฆ).

Eta Martin Leotzek erantzun:

– Arrano txipiak egin nahi du hain oihu handia nola handiak (la aguila chiquita tan grandes voces quiere dar como la mayor).

Eskribauaren eskuizkribuaren arabera, Margaritak azken hitza bere:

– Kasta gaiztoak, perjuro kumeak, perjuro baten semeak ez dik hemen ortzi (ehortzi) behar.  

Orbaibarko gertakari horretan erabilitako erroi eta andur hitzak (gaiztoa, makurra, zitala) maiz ageri dira mende haietako paperetan. Adibidez, Agoitzen, behin batean, emakume batek bertze bati โ€œandurraโ€ erran, eta erantzun hau jaso zuen: โ€œNi ez naun andurra, nik andurtu ninduenakโ€ฆโ€. Hortaz, aditz bihurturik ere ageri da andurra.

Erroi ere izugarri erabiltzen zen: โ€œerroi zarraโ€, โ€œerroi adaburu handiaโ€. Eta Aรฑorben, ez dakigu zer gertatu ote zen bi lagunen artean, baina batak bertzeari honakoa bota zion: โ€œerroi mehaka ustela tripa handiaโ€. Eskribauak ez zuen itzulpen zehatzik ekarri, honakoa baizik erdaraz: โ€œarras hitz iraingarriakโ€.

Adaburu hitz hori ere ezin konta ahala aldiz ageri da (cornudo) eta ez dira gutxi gero apezei lotutakoak. โ€œAxeriโ€ eta โ€œaxerikumeโ€, apezen seme-alabei errateko. โ€œApezgoitiaโ€, apezarekin harremanak izan dituen emakumeari errateko.

Gainerakoan, โ€œburuhandiโ€, โ€œzakil erreโ€, โ€œzakil handiโ€, โ€œbragetandiโ€, โ€œsudur makurโ€, โ€œtraidore semeโ€, โ€œazkonlarruโ€, โ€œmairuaโ€, โ€œfrai zikinโ€, โ€œagot zarraโ€, โ€œagot askaziaโ€, โ€œozar likitsaโ€, โ€œerrumes zarโ€, โ€œdoilorraโ€, โ€œdoilor zarraโ€, โ€œollaka txarraโ€โ€ฆ

Edaten zuenari โ€œordiaโ€, โ€œordi zarraโ€ eta gisakoak erraten zizkioten edo, metafora bidez, โ€œardankopa matelaโ€, โ€œardanboteaโ€, โ€œardansaskiaโ€.

Behin batean, Irunberriko jendea Leirera erromerian joan zelarik, sekulako istiluak gertatu ziren monasterioko fraideekin. Orduan, Irunberriko Trinitateko ermitauak, Irunberriko gurutzea zeraman gizonarengana hurbildurik, gurutzeari eusteko makila hartu zion, fraideen kontra jotzeko asmoz: โ€œIndak honat makil hori, nik adituko diat fraideokโ€ (Daca aca ese palo, que yo entendere a estos frailesโ€.

Bukatzeko, Ameskoako gizon batek bertze bati egindako heriotza-mehatxua: โ€œlehen ere begietan hadukat, eta gero bada, lehen bada, ene eskuetarik joanen haizโ€ (โ€œyo te tengo antes de agora sobre ojos y sea antes y sea despues, tu as de morir en mis manos o por mis manos).

Irain horietako aunitz Iruรฑeko karriketan bertan erabili ziren, bai eta Iruรฑerriko eta inguruko herrietan ere, hau da, euskarak XIX. mendean gibelera egindako bazterretan. Arestian erran bezala, aunitz dira eta ezin denak hona ekarri. Batzuk, gainera, egiazki dira itsusiak egungo belarrietarako. Hurrengo batean, agian. 

Udaberriko izokina

Castillo Suarez

Maite dut elurraz idaztea. Beharbada horregatik algoritmoak samiei buruzko artikulu bat ekarri dit hemen aipatzeko. Samiek ba omen dituzte 300 hitz baino gehiago elurrarendako. Areago, ba omen dute hitz bat elur-orein izutuak izendatzeko. Badirudi klima aldaketak ekarriko duela hitz horietako batzuk desagertzea.

Izokina ere desagertzen ari da bertako erreketatik. Izan ere, ozeanoa gero eta beroagoa eta gero eta azidoagoa da. Horregatik debekatu dute izokinen arrantza ibai batzuetan, geratzen diren aleak babesteko. Bertako bati galdetu eta arratza egitera joaten zireneko irteerak faltan sumatzen dituela erantzun du. Orduan izaten zituzten elkarrizketak.

Hitz zaurgarriak klima aldaketarekin oso lotuta daude. Jada ez dago udaberriko izokin goiztiarrik, alegia ibaiko izotza desegin eta berehala agertzen ziren haiek. Izan ere, arrantzaldia laburtu eta atzeratu egin da. Izotzik ez dago ibaietan arrantzan ari direnean. Iraganeko hitza dajiekklinaguolli, udaberriko izokin hitza. Iraganaz hitz egitean erabiltzen da soilik, arrainak ugari zirenean.

Samien jarduera tradizionaletako hizkuntza espezializatuak desagertzen ari dira, esate baterako arrantza eta elur-oreinen artzaintza. Eguraldiaren berri ematekoak ere bai. Alabaina, hitz berriak sortu dira, klima aldaketa aipatzeko, esate baterako.

Erabiltzen ez diren hitzak jaso eta gorde daitezke. Zer gertatzen da, ordea, izan ez diren elkarrizketekin?

Haurra nintzela, osabarekin joaten nintzen arrantzatzera. Orduak pasatzen ziren ezer harrapatu gabe. Ez genuen sakelakorik, ez genuen libururik eramaten. Hizketan aritzen ginen. Tarteka isilik egoten ginen, inguruari erreparatzen. Beti izan naiz isila eta behatzailea.

Lurrarekin eta urarekin dugun loturak ere eratzen ditu hizkuntza komunitateak, ez bakarrik hizkuntzak. Hori dio artikuluan arrantzale gazteenetako batek. Horregatik samiak hitz batekin moldatzen dira elurraren ezaugarri baten berri emateko; guk, ordea, esaldi bat baino gehiago behar ditugu. Izan ere, urtaro osoak ari dira desagertzen samieratik. Hizkuntzek beti erreparatzen diote naturari.

Bidaiatxo lexikografikoa Benita Gorostizurenean

Elixabete Perez Gaztelu

Ezagutu berri dudan Benita Gorostizu Imazek eta utzi duen altxor idatziak merezi duten arreta bidegabe murriztera noa (sarrera hau luzeegia izanik ere), baina blog honetako gaietara egokitzen saiatuko naiz eta batik bat hizkuntza kontu bat ekarriko dut. Zehatz esan, Gorostizuren lexikoian bidaiatxo bat egingo dut, tresna lexikografikoak lagun ditudala, harrigarria gertatu/gertatzen baitzait ยซbeheko koartoanยป eskuz idazten zuen hamabi seme-alabaren ama emakume baserritar honek emana. Emanaren tamainaz hobeki ohartzeko, aurretiaz Benita Gorostizu Imaz kokatuko dut.

Gipuzkoako Goierriko Altzagako Sarasola baserrian sortu (1915-2-12) eta hil zen (1981-9-1). Ez zitzaion oso biziera erraza egokitu: 16 urte zituela umezurztu zen, sei senide gazteago etxean zituela. Urtebete geroago (1932) Antonio Garmendia itsasondoarrarekin ezkondu zen. Benita eta bi seme etxean utzita, 1936ko gerratera joan behar izan zuen senarrak eta eri itzuli zen, bizi osorako eri, eta Benitak eta seme-alabek bizimodua aurrera atera behar izan zuten barazkiak, hurrak, etxean egiten zuten gurinaโ€ฆ azokan saltzen.

ยซBaserri eskolaยป izendatzen duen herri txikiko eskolan ibili zen 12 urte bete arte, eta bertan gaztelaniaz ikasi zuen. 1971n, 56 urte zituela, euskarazko aldizkari batera, Zeruko Argia. Illeroko aldizkingi edergarridunera, ยซEmakumea dala-taยป iritzi artikulua, euskaraz idatzia, bidali zuen, ยซGoierriko emakume batekยป sinatua. 1971ko ekainaren 6an argitaratu zuen Zeruko Argiak, 431. aleko 3. orrialdean. Honela dio Gorostizuk sarreran:

Etxekoa, etxeari lotua, beti gatibu dago gizonezkoaz konparatuta. Horregatik, ongi deritzat hemen jartzea, emakumearen biยญzitza nolakoa izan den; eta guzia doa nik nere senitarte, herriko eta inguruetan ikusi eta entzun eta ezagutu ditudanaz, gutxi gorabehera (SAGI, 208. or.).

Eta honela aurreraxeago:

Ikastolara ere pozik joango litzateke gure neskatxoa. Inoiz bidali izan dute baina baยญdakizue zer erantzun dioten: ยซHorrek, meza-liburua irakurtzen ikastea, aski du. Zerยญtarako emakumeak eskola gehiago?ยป (SABGI, 209. or.).

Eusko Jaurlaritzak BERDINTZEN bilduman argitaratu berri du Sukaldetik agorara. Benita Gorostizu Imaz ยซemakumeak lurralde ilunetikยป irteten (SABGI) ikerlana. Ikertzaile-editoreon azterlana eta Benita Gorostizuren eskuizkribuak โ€”eta aipatu artikulu argitaratuaโ€” biltzen ditu: hiru iritzi-testu, bi gutun, bertso sail bat eta elkarrizketa generoko solas luze bat (140 orrialdekoa).

Helburu pedagogikoa duen elkarrizketa klasikoa da โ€”Duvoisinen Laborantzako liburua edo bi aita semeren soยญlasak laborantzaren gaineanen ildokoaโ€”. Ikertzaile-editoreok Amona-bilobak kontu-kontari: hiru aldeko ikasbidea izena eman diogu. Amonak 8 urteko bilobari ikastearen esperientziaren berri azaltzen dio autuan zehar, hiru iturburuko ezaupideen baturaren garrantzia erakusten diola: eskolan jorratutakoa, bere begi-belarriez errealitateari begira ikasten duena, eta zaharragoen ahotik jasotzen duena. Gorostizurentzat emakumeak ยซlurralde ilunetikยป irteteko baitezpadako tresna da ikastea. Bere idazlanen bitartez horixe erakusten du, eta gu ere abiarazi gaitu (hiztegietan topatu ez dugun) ikasbidaian.

Ekin diezaiogun, bada, Gorostizuren lexikoiko bidaia lexikografikoari.

Galderagile, arotzola (tailerra). Ez ditugu topatu eskuztatu ditugun hiztegietan. Galderagile gardena da; ez dio Gorostizuk argibiderik erantsi. Bigarrenari, berriz, informazio lexikoa alboratu dio. Geroago mintzatuko gara baliabide honezaz:

Eta, amona, arotzola edo tailerrik ez al zen izaten haiei eginarazteko? (SABGI, 160. or.)

Ixilkari izena darabil ezkutuko gauza adierazteko. OEHk hitza jasotzen du, baina pertsona adierazteko. Gorostizuren ixilkari OEHko ixilkairen baliokidea da.

baina euren artean gordetzen omen zuten ixilkaria, alegia, noiz egiten zituzten gari eta beste haziak ez omen zioten inori agertu nahi izaten (SABGI, 98. or.).

Egunkari (kalendarioa, egutegia). Ez dugu topatu adiera honetako egunkaririk.

begiratu nuen hor daukagun egunkari edo kalendario horretan eta justu zeuden lau igande eguberri aurretik (SABG, 118. or.).

Erabilera handiko hitza da egunkaria euskal testuetan: Egungo testuen corpusak (ETC) 77.970ย agerraldi jasotzen ditu. Lexikoaren behatokiaren corpusak (LBC) ere 21.322 agerraldi ditu. Kopuru handi hori, hala ere, hitzaren formari โ€”lema horretako formeiโ€” dagokio.

Hizkuntzen arteko corpusean (HAC) egunkari hitzaย 125ย liburutan eta 1.403ย adibidetan dago. Egutegi + calendario itzulkideak batean 22ย liburutan, 34ย adibidetan daude, eta egunkari + calendarioren adibiderik ez dago bat ere.

Alegia, Larramendiren egunariren gertukoagoa da Gorostizuren egunkari denboraren poderioz erabat nagusitu den egutegi ยซneologismoยปarena baino.

Esankai, esangai. Ipuina, istorioa, esaera adierazteko darabil Gorostizuk esankai.

โ€”Ene, ene, amona, hori da adarra poliki jotzea, gizon bizkorra izango zen inondik ere.
โ€”Bai, inolaz ere, hala dirudi esankai edo ipui (edo ez dakit nola deitu baino) horrek (SABGI, 100. or.).

Esangai[1], berriz, bi adiera horietarako ez ezik, โ€˜esanahiaโ€™ adierazteko ere badarabil. Azken adiera hau ere ez dago hiztegietan jasoa. Hona pasarte berean (SABGI, 173. or.) bi adieren erakusgarri bana:

โ€”Hara eta, badauka gainera bere esangai [โ€˜esaeraโ€™] kutsua horrek, e, amona? Ene! mutilak! baยญzutela horrelako gaiak konpontzeko edo antolatzeko, dohain berezia batzuen batzuek.
โ€”Bai horixe, badira hamaika hala moduzko, edo antzeko.
โ€”Eta… bestea zera, dirua patrikaran hartzeko hori, amona?
โ€”Hori ere aurki ulertuko duzu ze esangai [โ€˜esanahiโ€™] daraman edo ze adierazi nahi duen. Esaera hau da kukuarena:
ย ย ย ย ย ย Kukua etorri, gosea etorri.
ย ย ย ย ย ย Kukua joan, gosea joan.

Zuzementu ere ez dut inon topatu. Konponketa edo adierazi nahi du testuinguru honetan:

Baina gizona, gizona, noiz hartu behar duzu ordubeteko astia bederen etxeko gauzak zuzentzeko? Uraren txorro edo kanil hori hor dago jarioarekin aspalditxoan eta orain berriz kristala puskatuta… hor zabiltza kale guziko etxekoandreei zuzementuak egiten, eta etxean hola egon behar (SABGI, 121. or.).

OEHk zuzemen jasotzen du, baina diligencia, preparativo, medida etaย “Aderezo”ย Lar. adierak dituela.

Litekeena da zuzementua zuzendu (โ€˜konponduโ€™) aditzetik eratorritako izena izatea.

Egurasketa. Izen eratorri hau ere ez dut topatu euskal hiztegietan, itzulgai moduan behinik behin.

eta badakizu honelakoei lehen ere udarako eguraldi onak hoยญbeki etorriko zitzaizkien euren joan-etorri eta egurasketan ibiltzeko (SABGI, 130. or.).

Egurastu aditza jasoa dago hiztegietan, aireztatzea, haizeberritzea adiera duela. Egurastu izena ere bai, paseoa adierazteko[2]. Gorostizuren egurasketa XX. mendeko corpus estatistikoan topatu dut, Administrazioko testu batean (1984ko โ€œKondaira-Lurraldeei Buruzko legea / Ley de Territorios Histรณricos), gaztelaniazko esparcimientoren baliokide[3]. HABEren aldizkarian (1988, 137 alea, 30. or.) ere ikusi dugu: โ€œAIREZTAPEN. – Egurasketa, haizeberritzeaโ€.

Baina โ€˜paseoaโ€™ adiera duela Azkueren hiztegi batean besterik ez dut ikusi. Ez 1906ko Diccionario vasco-espaรฑol-francรฉs sonatuan, 1918ko Diccionario de bolsillo Vasco-Espaรฑol y Espaรฑol-Vascon baizik, baina, esan bezala, gaztelaniako paseo itzulgaiaren ordain moduan, ez euskal sarrerako lema moduan[4].

PASEO, 1ยบ acciรณn de pasear, egurasketa, ibilketa; 2ยบ lugar para pasearse, egurastegi (neol. *). Paseo cubierto, egipe. (Azkue, 1918).

Gorostizuren lexikoian murgiltzeak euskal hiztegi-corpusetan bidaiatxoa egitera eraman nau. Ez dakit zein hiztegi izango zituen eskura idazten aritu zenean (1981ean hil zen), ezta hizketan zenbaterainoko etorria zuen, baina bere testuek erakusten dute baliabide lexikoak erabiltzen bazekiela. Horietako bat da euskal literaturan tradizio handia eta aspaldikoa (Mendiburu, Lizardiโ€ฆ) duen uztardura lexikoena: mailegu itxurakoa, landugabea, ยซgarbiaยป, ulergaitzaโ€ฆ eta argiagoa (edo landuagoaโ€ฆ) bide dena juntatuta edo alboratuta eratua. Ahozko lexikoa testura eramateko bitartekoa ere bada, eta Gorostizuk bizi bide zuen kezka estilistikoaren seinalea. Eta oraingo hiztegietako elikagaia ere bai.

berogailu edo estufa; oroimenez (memoriz); akeita (kapea); opor edo bakazioak; egunkari edo kalendariorik; aldizkari edo rebistaren; agertzen, hau da, esplikatzen; agerpen edo esplikazio; gertatzen (preparatzen); erakusleku edo eskaparate; bazkalยญgainerako, hau da postrerako; leka edo baina izeneko; tiรฑtiรฑgorri edo tomateei; arotzola edo tailer; zerga edo inpuesto biltzaile… Begirapen edo errespetu, aholku edo kontseju; armarri edo ezkutuโ€ฆ. eskursio eta txangoaldi; esยญkursio edo egun pasa; kolonia edo udako atsedenleku; errespetu edo begiยญruneaโ€ฆ piszina edo putzu; eguraldiaren antzeman zale edo astronomoโ€ฆ esanahia edo muina; adina edo garaia; gogo eraginarazi edo piztu; abere edo ganadu maitaleโ€ฆ

Benita Gorostizuk desio zuen emakumeak ยซlurralde ilunetik lurralde argiraยป irtetea eta horretako ezinbestekoa iruditzen zitzaion hiru ardatzeko ezaupideaz jabetzea. Berak gauzatutakoaren lagin bat besterik ez dut ekarri erakusgarri. Bestela ere ekartzea merezi zuen, merezi du, baina emakumeen egunean argitaratzekoa zela jakinda, are egokiago iritzi diot Benita Gorostizu Imaz lurralde argi honetara gaur plazaratzeari.


[1] OEHk esangai hiztegi-sarreran jaso du errefrauaren, esaeraren adiera. ยซ3. +esankai.
Refrรกn. Euskal esankai zarrak / diona, Mari Juan, / gure portunak nola / etorri ala juan. (1887). RArt Auspoa 227, 102. Orrezaz gaรฑera ezarritakoa da, kuku etorrerari esankai ori […]. Ara ta badauka gaรฑea bere esangai kutsua orrek, e? (ms. de Benita Gorostizu (1915-1981)ยป. (Letra lodia gurea). Sukaldetik agoraraโ€ฆ argitaratu baino lehen eskuetaratu genien adibidea.

[2] egurastu2 iz. Egurastea, airea edo haizea hartzea. Egurastu bat hartzeko aitzakiarekin (EH).

[3] Bidenabar, OEHko โ€œdefinizioetanโ€ esparcimiento galdetuta, egurastaldiegurastu-aldi dakar.

[4] Aditza bai: Egurastu. Orearse, paserse.

Euskararen lexiko akademikoa

Igone Zabala Unzalu

Lexiko akademikoaren zerrendek testu akademikoen hiztegi-elementu bereizgarriak biltzen dituzte: hizkuntza baten maiztasun handieneko lexikoan ageri ez diren edo testu akademikoetan maiztasun bereizgarriaz erabiltzen diren hiztegi-elementuak. Hortaz, lexiko-zerrenda akademikoak diziplina artekoak izaten dira, eta diziplina bakoitzaren berariazko terminoak alde batera uzten dituzte[1]. Hasiera batean, halako zerrendak biltzeko helburua izan zen hizkuntzen helburu akademikoetarako irakaskuntzarako ikastaroak eta materialak prestatzea, baina berrikiago, testu akademikoen idazketarako laguntza-tresnak elikatzeko ere osatzen ari dira horrelako zerrendak[2]. HARTAvas proiektuan[3], euskarazko lexiko akademikoa erauzi dugu, kolokazio akademikoak identifikatzeko, eta idazketa akademikoari laguntzeko HARTA/TAILA tresna elikatzeko. Lortu dugun lexiko akademikoaren zerrenda oso baliagarri gertatu zaigu baita EHUko gradu guztietan eskaintzen diren euskarazko komunikazio akademiko-profesionaleko irakasgaietarako eta irakasleei eskaintzen zaizkien mintegietarako.

Lexiko akademiko esaten zaio edozein diziplinatako testu akademikoetan maiztasun bereizgarriaz erabiltzen den lexikoari. Hortaz, lexiko espezializatu edo terminologiatik bereizten da, terminoak diziplina bateko kontzeptu espezializatuak adierazteko erabiltzen diren hiztegi-elementu espezializatuak baitira. Euskarazko lexiko akademikoa erauzteko, HARTAeus corpus akademikoaren (3.484.162 hitz)[4] lemen maiztasunak alderatu ditugu Dabilena corpus orokorrean[5] (300.217.903 hitz) duten maiztasunarekin. Corpusaren lau domeinu nagusietan[6] eta testuen % 20 baino gehiagotan ageri diren hautagaiei corpusen arteko alderaketak egiteko erabiltzen den log-likelihood neurria aplikatu diegu. Ondoren, eskuz aukeratu ditugu lexiko akademikoaren zerrendarako errelebantetzat har daitezkeen elementuak. Horrela lortu dugu 846 elementuko zerrenda: 365 izen, 246 aditz, 182 adjektibo eta 53 adberbio.

Zerrenda horretako elementu gehienak inolako arazorik gabe erabiltzen dituzte egunero ikasleek eta irakasleek testu akademikoetan, baina badira etengabe nahasteak eta erroreak eragiten dituzten elementuak ere. Izenen artean, aipamen berezia behar du #pausu izenak. Izan ere, 670 agerraldi ditu corpusean, baina ez โ€˜atsedenโ€™ adierazteko, urrats (540 agerraldi) izenaren sinonimoa den pauso (632 agerraldi) erabili nahian baizik. Maiztasun handiz erabiltzen diren eta oso maiz oker erabilita agertzen diren beste izen batzuk dira froga eta proba. Zehaztasunari begira, garrantzitsua da bi izen horien esanahiak egokiro bereiztea, baina maiz ikusten eta entzuten da froga izena proba behar den testuinguruan. Antzera gertatzen da hazkuntza izenaren kasuan: โ€˜kultiboโ€™ esan nahi badu ere, hazkunde edo haziera behar den testuinguruetan aurkitzen da oso maiz. Askotan nahastuta aurkitu ohi diren beste izen batzuk dira ikasketa โ‰  ikerketa โ‰  ikerkuntza; kantitate โ‰  kopuru โ‰  zenbaki; sorkuntza โ‰  sorrera eta zehaztasun โ‰  xehetasun.

A itsatsiak ere errore ugari eragiten ditu. Nabarmentzeko modukoak dira garrantzi, antz eta hipotesi izenak, a itsatsirik ez badute ere askotan a itsatsia balute bezala erabilita ikusten baitira (*garrantzia handia). Maiztasun handiz erabiltzen diren a itsatsidun zenbait izen, aldiz, a gabe erabiltzen dira askotan (*emaitz esanguratsuak). Horien artean aipagarrienak dira abantaila, desabantaila, emaitza, gabezia eta ordena. Bestalde, luzera izena *luzeera idatzita ikus daiteke maiz.

Adjektiboen artean, aipatzeko modukoak dira maiztasun handiz nahasten diren hauek: adierazgarri / esanguratsu; bera / berdin; eskas / urri; jakin / konkretu / zehatz / mugatu. Aditzen hautapen egokia egitea ere funtsezkoa da diskurtso akademikoa egokiro garatzeko, eta luze aritu gintezke aditzen erabilerari buruz, baina maiz nahastu ohi diren aditzen adibide batzuk baino ez ditugu emango: baimendu / ahalbidetu; baieztatu/ frogatu; behatu / ikusi; bereizi / desberdindu; burutu / egin; ekidin / saihestu; bilatu / aurkitu.

Hiztegi-elementu batzuk ezin dira okertzat hartu, baina desegokitzat har daitezke estilo zaindua eskatzen duten testu akademikoetarako. Aipatzeko modukoak dira hausnartu, hausnarketa, topatu, kontsideratu, suposatzen du eta ematen dira modukoak. Egokiagoak dira testu akademikoetarako, hurrenez hurren, gogoeta egin, gogoeta, aurkitu, -tzat hartu, dakar / eskatzen du eta gertatzen dira modukoak.

Erregistro akademikoez ari garenean, hiztegi-elementuen hautapena ez ezik, funtsezko aztergaia da hiztegi-elementu akademiko horiek testu akademikoetan ematen dituzten kolokazioak[7]. Kolokazioen finkapenaren atzean dago erabilera-maiztasun handia, azkenean diskurtso-komunitate baten norma bihurtzera eramaten dituena. Nolanahi ere, zenbaitetan diskurtso-komunitate akademikoetan erabilera-maiztasun handia duten konbinazioak ez dira hiztegietan edo estilo-liburuetan kodifikatuta ageri direnak. Adibidez, zenbait estilo-libururen eta hiztegiren arabera, urrats izena egin aditzarekin kolokatzen da (urratsak egin). HARTAeus corpusean, aldiz, urratsak eman eta pausoak eman konbinazioek baino ez dute gainditzen kolokaziotzat hartzeko langa. Erabileraren erabileraz finkatzen doazen joera idiosinkratikotzat har daitezke horiek, eta ez dirudi justifikatuta dagoenik testu akademikoetan urratsak egin kolokazioaren aldeko borroka sutsua egitea.

Ildo beretik, aipatu beharrekoa da izen akademikoekin konbinatzen diren zenbait aditzen erregimena, bereziki, jarraitu aditzarena[8]. Jarraitu aditzarekin kolokazioak osatzen dituzten izen akademikoetako batzuk dira pauso, protokolo, irizpide, prozedura, eredu, eskema, ordena eta egitura. Hiztegien arabera, datiboa hartzen du jarraitu aditzaren osagarriak (ereduari jarraitu diogu) baina corpus akademikoetan datiboa daramaten adibide bakan batzuk aurki badaitezke ere, kolokazioak erauzteko teknikak erabiliz, izen akademikoa absolutiboan duten kolokazioak baino ez dira azaleratzen (eredua jarraitu dugu).


[1] Coxhead, Averil. 2000. A new academic word list. TESOL Quartely 34 (2). 213-238.
Drouin, Patrick. 2007. Identification automatique du lexique scientifique transdisciplinaire. Revue Franรงaise de Linguistique Appliquรฉ. 12 (2). 45-64.
Granger, Sylviane & Magali Paquot. 2015. Electronic lexicography goas local: Desing and structures of a need-driven online academic writing aid. Lexicographica: International Annual for Lexicography. 31 (1). 118-141.
Garcรญa Salido, Marcos. 2021. Compliling an Academic Vocabulary List of Spanish. DOI:10.13140/RG.2.2.27681.33123

[2] Frankenberg-Garcia, Ana, Robert Lew, Jonathan C. Roberts, Geranti Paul Rees & Nirwan Sharma. 2018. Developing a writing assistant to help EAP writers with collocations in real time. ReCALL. 31 (1). 23-39.
Garcรญa Salido, Marcos, Marcos Garcรญa, Milka Villayandre & Margarita Alonso-Ramos. 2018. A Lexical Tool for Academic Writing in Spanish Based on Expert and Novice Corpora. In Proceedings of the Eleventh International Conference on Language Resources and Evaluation, 260-265.

[3] Ministerio de Ciencia e Innovaciรณn erakundeak 2019ko deialdian finantziatuko Coruรฑako Unibertsitateko eta UPV/EHUko ikerketa-talde biren arteko proiektu koordinatua: PID2019-109683GB-C21 eta PID2019-109683GB-C22.

[4] HARTAeus corpusa Garaterm corpusean integratuta dago, eta kontsulta publikoetarako zabalik dago, bilaketa-interfaze aurreratuan, โ€œNonโ€ botoia sakatuta, eta โ€œHARTAeusโ€ aukeratuta. HARTA/TAILA tresnan ere badago corpusean bilaketak egiteko aukera.

[5] Lexiko akademikoa erauzteko kontraste-corpus modura erabili dugun Dabilena corpusa Elhuyarrek garatu du, eta Internetetik hartutako testuez osatuta dago.

[6] HARTAeus corpusak lau eremu nagusi ditu: Arteak eta Humanitateak, Biologia eta Osasun Zientziak, Gizarte Zientziak eta Zientzia Fisikoak.

[7] Kolokazio esaten zaie harreman sintaktikoa duten hitz-bikoteen konbinazioei. Konbinazio asimetrikoak direla esan daiteke bikotekideetako baten (oinarriaren base) hautapena haren esanahiaren arabera era askean egiten bada ere bestearen (kolokatuaren collocate) hautapena oinarriak murrizten duelako.

[8] Jarraiki aditza ez dugu kontuan hartu, askoz ere gutxiago erabiltzen baita testu akademikoetan, eta ez duelako gainditu lexiko akademikoaren zerrendetan sartzeko langa.

Euskalkiak itzulpenetan

Isabel Etxeberria Ramรญrez

Itzulpenetako hizkeraren bereizgarriez ikertzen aritu direnek itzulpenetako estandarizazio edo neutralizaziorako joeraz hitz egin izan dute. Hipotesi horren arabera, itzultzaileek xede-hizkuntzaren erabilera estandarrerantz hurbiltzeko joera izaten dute, eta ondorioz itzulpenetako hizkera testu ez-itzulietakoa baino arauari lotuagoa izaten da. Arauari lotze hori, adibidez, erregistro neutroa lehenesten delako gertatzen da (batez ere behe erregistroko hitzak edo esapideak saihesten dira), edo hiperzuzentasunaren ondorioz (jatorrizko testuko akatsak zuzenduta ageri dira itzulpenetan), edo aldaera diatopikoak edo dialektalak baztertu eta aldaera estandarraren alde egiten delako.

Azken horri dagokionez, hau da, aldaera dialektalak testu itzulietan testu ez-itzulietan baino urriagoak izateari dagokionez, zenbait ikerketa interesgarri egin dira nazioartean. Olohanek (2003, 2004), adibidez, ingelesaren aldaera dialektalen presentzia txikiagoa aurkitu zuen ingelesera itzulitako testuetan ingelesez sortutakoetan baino, eta Corpas Pastorrek (2018) antzeko joera bat hauteman zuen espainolaren kasuan. Eta euskaraz? Galdetuko baligute ea non esperoko genituzkeen euskalkietakotzat jotzen diren hitz gehiago, euskarara itzulitako testuetan ala euskal idazleek idatzitakoetan, zer erantzungo genuke?

Blog honetan lehenago inoiz aipatu dudan bezala, euskarara itzulitako testuetako hizkeraren bereizgarriak aztertzen jardun dut nire doktorego-tesian, eta horretarako euskarara itzulitako literatur testuetako hiztegia eta euskaraz sortutako testuetakoa konparatu dut. Nire lehen helburuen artean ez zegoen euskalkiek testuotan zer presentzia duten aztertzea. Baina han eta hemen datuak biltzen hasi, eta bidera atera zait gaia. Eta datuak oso esanguratsuak dira. Adibide bat ekarriko dizuet hona.

Nire ikerlanean, besteak beste, koloreen eremu semantikoa aztertu dut. Blog honetan lehenago ere mintzatu naiz koloreez, eta oraingoan ere multzo hori baliatuko dut adibide gisa. Erabili dudan corpusa gutxi gorabehera Egungo Testuen Corpuseko literatura atala da: 2001 eta 2019 bitartean argitaratutako 1.149 liburu (451 itzulpen eta euskaraz sortutako 698 lan). Hiztegiak eta bestelako lan espezializatu batzuk kontsultatuta, koloreak euskaraz izendatzeko dauden hitzen zerrenda osatu nuen: guztira 120 termino. Ondoren, testu itzulietan eta testu ez-itzulietan hitz horietatik zein erabiltzen ziren begiratu nuen, baita zenbat aldiz erabiltzen ziren ere. 120 termino horietatik batzuk euskalki-markarekin jasota daude hiztegietan: blu eta gorrail hitzek, adibidez, iparraldeko marka daramate; xuri hitzak, iparraldekoa eta nafarrerakoa; azul hitzak, hegoaldekoa; laru eta beilegi hitzek, bizkaierakoa. Txuri eta baltz hitzak ez dira jasotzen Euskaltzaindiaren Hiztegian, bainaย uste dut bat etorriko garela denok txuri erdialdeko euskararekin eta baltz mendebaldekoarekin lotuta.

Lehen aurreratu dudan bezala, datuak argigarriak dira. Taula honetan, hitz horietako bakoitza zenbat aldiz ageri den jaso dut:

Testu ez-itzulietanTestu itzulietan
azul10117
baltz942
beilegi11148
blu890
gorrail368
laru5429
txuri807234
xuri851304

Datuak, noski, eskuzko garbiketa baten ondorio dira: azul hitzaren agerraldi asko Divisiรณn Azul izenari zegozkion, adibidez. Ikusten denez, hitz guztiak nabarmen gehiago erabiltzen dira euskal idazleen testuetan itzultzaileenetan baino. Itzulpenetan euskara estandarrekoak ez diren erabilerak saihestu egiten dira. Euskarako datuak, beraz, bat datoz beste hizkuntza batzuetan lortu diren emaitzekin: euskaraz ere estandarizaziorako joera bat nabari da itzulpenetan, itzulpen ez diren testuen aldean. Aldaera dialektalak urriagoak dira euskarara itzulitako testuetan euskaraz sortutakoetan baino.

Baina zenbakiak hotzak dira. Haien atzean dauden izen-abizenak aztertzen baditugu, beste irakurketa batzuk ere egin daitezke. Ez ditut hona ekarriko hitz horiek erabiltzen dituzten idazleen eta itzultzaileen izen-abizenak, testu hau sobera ez luzatzeko; baina inork jakin-mina balu, eska dezala lasai (iruzkin gisa erants nitzake). Hona hemen, bada, zenbakiez haragoko zenbait gogoeta:

1) Hitz horiek kasuan kasuko euskalkietako idazle/itzultzaileek bakarrik erabiltzen al dituzte? Egia da hitz horien agerraldien parte handi bat dena delako euskalkiko idazle/itzultzaileei zor zaiela, baina badira beste jatorri batzuetako lumak ere. Bizkaierakotzat jotzen den beilegi, adibidez, Xabier Amurizak, Urtzi Urrutikoetxeak, Joseba Sarrionandiak, Unai Elorriagak eta Sonia Gonzalezek erabiltzen dute, besteak beste, idazleen artean, eta Xabier Amurizak eta Iรฑigo Roquek, itzultzaileen artean. Baina mendebaldekoak ez direnen lumetan ere ageri da: Eider Rodriguez, Lander Garro, Harkaitz Cano edo Bernardo Atxaga, adibidez, idazleen artean, eta Joxe Austin Arrieta, Xabier Olarra edo Itziar Diez de Ultzurrun, itzultzaileen artean.

2) Alde handiarekin ez bada ere, badirudi norberarena ez den euskalkira jotzeko tentazioa handixeagoa dela itzultzaileen artean idazleen artean baino. Beilegi, laru eta gorrail, adibidez, beren euskalkikoa ez duten itzultzaile nahikotxotan ageri da; euskalki horretakoak ez diren idazleen artean ere ageri da, baina proportzio apalagoan.

3) Iparraldeko hitzen kasuan, agerraldi kopurua testu ez-itzulietan nabarmen handiagoa izatea Iparraldeko idazleen kopuruari zor zaio neurri handi batean. Egia da xuri (nafarrerakotzat ere jotzen dena) Hegoaldeko idazle nahikotxoren testuetan ere ageri dela, baina blu eta gorrail hitzen agerraldi gehienak Iparraldeko idazleei dagozkie. Testu ez-itzulien egileen artean Iparraldeko idazle nahikotxo daude: Michel Oronoz, Xipri Arbelbide, Bea Salaberri, Piarres Trounday, Ramuntxo Etxeberri, Daniel Landart, Txomin Peillen, Itxaro Borda, Pierre Mestrot, Mixel Thikoipe, Filipe Bidart, Katixa Dolhare-Zaldunbide…. Iparraldeko itzultzaileak, berriz, oso gutxi dira: Marzel Etxehandi, Jean Baptiste Orpustan, Elena Touyarou eta Piarres Xarriton. Horrek esplikatuko luke zergatik Iparraldeko hitzak nabarmen gehiago ageri diren testu ez-itzulietan (Iparraldeko idazle zerrenda luze samar batek idatzitako testuetan, hain zuzen), testu itzulietan baino (itzulpen guztien artean oso gutxi izanik Iparraldeko itzultzaileek eginak).

4) Emakumeak uzkurragoak dira euskalkietako hitzak erabiltzeko. Edo gutxiago ausartzen dira. Oso gutxi dira hitz hauek erabiltzen dituzten emakumezkoak. Noski, idazleen eta itzultzaileen artean gutxiengo dira emakumeak bestela ere. Baina, hala ere, hitzok erabiltzen animatzen diren emakumeak proportzioan are gutxiago dira. Azal dezagun. Gure corpuseko euskarazko 698 liburuak idatzi dituzten idazleen artean % 25 inguru dira emakumezkoak; 451 itzulpenak euskaratu dituzten itzultzaileen artean, aldiz, % 29 inguru. Bada, euskalkietako gure hitz guztien kasuan, hitzok erabili dituzten lumen artean % 25 eta % 29 baino gutxiago dira sistematikoki emakumezkoen lumak. Hau da, emakume idazleak eta itzultzaileak gizonak baino gutxiago dira, baina gainera hitzok erabiltzen dituzten emakume idazleak eta itzultzaileak gizon idazleak eta itzultzaileak baino are gutxiago dira. Eta oraingo honetan ez da alderik nabari idazleen eta itzultzaileen artean. Proportzio bertsuan uzten dituzte erabili gabe euskalkietako hitzak emakume idazleek eta emakume itzultzaileek.

Niri neuri, itzultzailea (eta emakumea) naizen neurrian, zer pentsatua ematen didate datu hauek. Beharbada itzultzaileen artean polimaitasun dialektala bultzatzeko kontzientziazio-kanpainaren bat abiatu beharko genuke.

Corpas Pastor, Gloria (2018). Laughing one’s head off in Spanish subtitles: a corpus-based study on diatopic variation and its consequences for translation. In Mogorrรณn Huerta, P. eta Albaladejo-Martรญnez, A. (ed.) Fraseologรญa, Diatopรญa y Traducciรณn / Phraseology, Diatopic Variation and Translation (32-71). John Benjamins.

Olohan, Maeve (2003). How frequent are the contractions? A study of contracted forms in the Translational English Corpus. Target, 15, 59-89.

Olohan, Maeve (2004). Introducing Corpora in Translation Studies. Routledge.