Lost in translation

Santi Leoné

Berriki, artean blog honetarako sarreran zer idatzi ez nekiela –eta, entregatzeko data hurbiltzen ari baitzen, larritzen hasia nintzela–, lagun batek erran zidan kazetari ezagun bat mintzaldi bat ematekoa zela Friedrich Dürrenmatt-en Das Versprechen (Promesa) nobelari buruz. Tartetxo bat behar izan genuen, halere, titulua zein zen asmatzeko, eta ez da harritzekoa, zinemako bertsioan izenburu pare bat izan baitu Dürrenmatten lanak. 1958an argitaratua, urte hartan berean bertsio zinematografikoa zuzendu zuen Ladislao Vajda-k (sortzez ungariarra, Espainian ibilia zen Vajda, eta Marcelino pan y vino filmatua zuen 1955ean). Filmaren alemanezko tituluak, ordea –Es geschah am helllichten Tag (Egun argitan gertatu zen)–, ez zuen idazle suitzarraren onespena izan; ez dakigu –tira, nik bederen ez dakit– zer iritzi zuen bertsio espainolaren izenburuaren gainean: El cebo (Amua). Aldaketa ez baita munta gutikoa: alemanezko titulua sentsazionalismo aldera lerratu zen, baina espainolezkoak ikuspuntu aldaketa dakar: jatorrizko Promesak erreferentzia egiten dio Matthei komisario protagonistak haurra galdu berria duen ama bati egiten dion promesari; filmeko Amuak, berriz, hiltzaile pederasta harrapatzeko hark erabiliko duen metodo badaezpadakoa nabarmentzen du. Nobelaren izena –euskaraz– Promesa litzateke, bistan da, baina, euskaraz ari garelarik, nola izendatu beharko genuke filma? Espainian hedaturiko bertsioaren izenburua hartu beharko genuke aintzat, edo alemanezko titulua –bietarik bakar batek ez baitu idazlearen hautua errespetatzen–?

Batzuetan, muturreraino eraman dute idazlearen nahia errespetatzeko asmoa: hor dugu Igelak argitaraturiko Historiarik goibelena, Ford Madox Ford-en maisulana. Jakina den bezala, The good soldier da jatorrizko izenburua, eta halaxe izan da ekarria auzoko erdaretara –El buen soldado, Le bon soldat–; egileak, ordea, The saddest story paratu nahi zion izena bere nobelari, eta azkeneko titulua editoreak idazlearen ironia bat ulertu ez izanaren ondorioa da –Madox Fordek berak aitzin-solasean azaltzen duen bezala–. Nolanahi, guziek dakigu Historiarik goibelena The good soldier dela, eta Igelako erabakia egokia den edo ez alde batera utzita –niri behinik behin ez dit trabarik batere egiten–, aitortu behar da ez dela nahasgarria. Problema bertze bat da.

Problema galbahea da.

Tituluetan egiten diren aldaketak traba izan daitezke komunikazioan: euskaldunek jakin beharko lukete –atzerrian zertaz ari diren ulertzea nahi badute bederen– Von Trapp familiaren zoritxar musikatua kontatzen duen filma The sound of music dela; baina barnera begira ere informazio hori interesgarria izaten ahal da; bertzenaz, baliteke euskaldunak baizik ez den konpainia batean gure gustuak arrunt diferenteak direla pentsatzea, mugaz honaindikoek Irribarreak eta malkoakSonrisas y lágrimas, alegia– maite dutelako, eta mugaz haraindikoek Zorionaren doinua –hau da, La mélodie du bonheur– (The Texas Chainsaw Massacre erabiltzekotan egon naiz adibide gisa –La matanza de Texas / Massacre à la tronçonneuse–, baina errealismo eskasekoa iduritu zait euskaldunak beldurrezko zinemak batzen gaituela pentsatzea).

Euskaraz aritzen garela ere, maiz erdaraz ematen ditugu liburuen eta filmen izenburuak. Euskaraz eman beharko genituzke? Baina, orduan, ez genuke jatorrizko bertsiora jo beharko, erdararen galbahetik pasatu gabe? Ez da beti erraza: nik aiseago euskaratuko nuke Sólo ante el peligro edo Le train sifflera trois fois, High noon baino; edo Con la muerte en los talones edo La mort aux trousses, North by Northwest baino. Muerte entre las flores euskaratzea ez da errazagoa Miller’s crossing gure hizkuntzara ekartzea baino? Jatorrizko bertsiora jotzea da bertze aukera bat (badaezpadako ahoskera erdipurdikoa bada ere), eta hala egiten dugu zenbaitetan, betiere Espainian edo Frantzian titulua jatorrizko bertsioan utzia izan bada. Sofia Coppolaren Lost in translation izan liteke horren adibide bat, eta, bidenabarkoan, gure egoeraren adierazle.

Eta bai, egia da maiz nahikoa da erdarazko titulua aipatzea edo hura itzultzea elkarri ulertzeko, eta itzuli ez itzuli dilema hori hedabideetan baizik ez dela problema; baina bada garaia egunerokoan ere gure burua deskolonizatzen hasteko. Diot nik.

Foruzainen alde

Mikel Taberna Irazoki

Aspaldi hartan, testuak gaztelaniatik euskarara aldatzen hasi ginelarik, zenbat buruhauste hitz batzuk itzultzeko: nola erran «estudio (de detalle)», «régimen (laboral, jurídico)», «provisión (de puesto de trabajo)»… Euskaratik hartu edo erdaratik mailegatu? Edo hitz berriak sortu? Modu batera edo bertzera aukera horietako bat bereizi behar genuen; ezin mutu gelditu.

Maiz gertatu zaigu gure lantokian, termino baten ordaina behar eta inon finkaturik ez aurkitzea. Halakoetan, eskura izan dugun informazioa erabili dugu aldiro, hizkuntz arloko autoritateena eta gure gisara ari ziren gainerako itzultzaileena. Horietan oinarriturik, lankide guzion artean hautatu dugu azkenean egokiena iruditu zaigun baliabidea. Nolanahi ere, gisa horretako erabaki bat hartzen genuen bakoitzean, bagenekien ontzi hauskor bat haizearen menturan uzten ari ginela, eta beti zalantza hondar bat gelditzen zen geure baitan, galdera ore batek eragina: balioko ote du eta aisa nabigatuko ote gure letren itsaso uherrean, galernaren batek zolako zolaraino hondoratu gabe? Onartuko ote dute portu guzietan?

Kontu hau etorri zait burutara Estitxu Garaik urte hasieran hementxe berean txertatu zuen artikulua irakurrita: itzulsortu/itzulsortzaile hitz berriak plazara atera zizkigun. Eta haren hitzek Jose Ramon Etxeberriari Anaitasuna aldizkarian irakurri genizkionak (1979ko martxoan!) ekarri zizkidaten orduan: «Garapen hitza promozionatu nahiz».

Etxeberriaren proposamenak arrakasta handia izan zuen. «Garapen/garatu familia» zabaldu da, eta Euskaltzaindiak babesa eman dio. Ikusiko dugu Garairenak ere bertze horrenbertze lortzen duen. Agian ere bai. Ez da beti hala izan, ordea; oroitu: «ingurugiro»…

Nafarroako itzultzaile taldeko lagunok, 1988an lan honetan hasi ginenetik honat, geure erkidegokoak bertze inongoak ez diren hitz batzuendako ordaina aurkitu behar izan dugu geure aldetik. Ez dira aunitz, baina bada bat hemen aipatu nahiko nukeena, dezente zabaldu delako. Horren beharra halako batean sortu zitzaigun, kapelu gorriz jantziriko gizon-emakume batzuk izen eske etorri zitzaizkigunean. Ordena publikoaren hemengo zaintzaile partikularrak ziren (lehendik genituenak aski ez, makil dantzari gehiago!). Galdera zehatza egin ziguten: «Policía foral», agentea eta erakundea, biak, nola erran euskaraz?

Ez ditut gogoan azkenean finkatu genituen izenen sortze-prozesuaren xehetasunak, baina, nolanahi dela, ordaina eman behar izan genuen unetik beretik «foruzain» eta «foruzaingo» erabiltzea erabaki genuen; EAEko «ertzain» eta «ertzaintza» (orduan, ustez, «ertzantza») haien bide bertsutik, baita «udaltzain» eta «udaltzaingo»ren ildotik ere. Bertze haiek bezalaxe, gureak ere neologismoak, hitz berriak. Hogei urte joan izanen dira aisa lehenbiziko aldiz erabiltzen hasirik (zehazki ez dakit, ez baitugu sarbide errazik gure lehenbiziko testuetara iristeko), eta sortuz geroztik beti horrelaxe erabili ditugu bi hitz horiek. Makina bat aldiz tekleatu ditugu gure ordenagailuetan. Gure artean ez da zalantzarik piztu, eta izen horiek barra-barra zabaldu ditugu paraje hauetan, euskarari sartzen utzi dioten toki guzietan.

Eta arrakasta izan ote dute? Hizkuntz arloko autoritateek, erreferentzia gisara ditugun hiztegiek eta erabiltzaileek onartu dituzte?

Berriak bere estilo liburuko hiztegian sartu ditu, eta Zehazkin ere bildu dituzte («foru polizia» eta «foru poliziako»rekin batera). Horietaz gainera, Ertzaintzaren hiztegian ere aurkitu ditut.

Ordea, Euskaltzaindiak ez ditu Hiztegi Batuan txertatu; Euskaltermen ez daude (harrigarria iruditzen zait aipatu ere ez egitea; bertzerik litzateke ponderazio kontua…); Elhuyar, 5000 eta Labayru hiztegietan ez dira ageri; EITBko HIKEAn ere ez ditut ikusi…

Horietan guzietan ez dira falta «ertzain/ertzaintza», «udaltzain/udaltzaingo», «miñoi», «mikelete», ..

Guk «sorturiko» hitz horiek badute nolabaiteko babesa (aldeko gutiago izanagatik, aldezleak adierazgarriak eta garrantzitsuak dira), baina, hala ere, badut kezka pizar bat zer gertatuko den haiekin etorkizunean.

Gure «kaskogorriak», zain, euskarazko izena bedeinkatuko ote dieten, eta guk, berriz, ez dakit ez ote dugun berriz ere manifestazioan atera beharko, joan den larunbatean bezalaxe: «Hemen gaude… foruzainen alde!».

Jakinaren gainean egon zaitezten eta behar diren ondorioak izan ditzan.

P.D. Aipatu ditudan eragileez gainera, joan den urteko urrian prentsan irakurri genuen berri bat ere akuilu izan dut gaurko hau idazteko

Sagarra martxoak 25 de marzo manzana

Karlos Cid Abasolo

Lehenengo eta behin, ohartarazi behar dut testu hau otsailean argitaratu nuenaren segida dela. Hortaz, baldin eta hark norbait gogaitu bazuen (oso litekeena da), honako hau irakurtzea baino zeregin mamitsuagotan jardutea aholkatzen diot.

Otsailean «euskarazko testua + marra bertikala + erdarazko testua» motako elebitasun txatxua ekarri nuen hizpidera, Asier Larrinagaren testu bat oinarritzat harturik. Oraingoan, hori baino are txatxuagoa den elebitasun mota batez arituko naiz: euskarak eta erdarak hitz (edo zenbaki) bat edo gehiago partekatzen dituztenekoa.

Ekonomia linguistikoan oinarritutako joera hori kale-errotulazioan atzeman daiteke. Honatx nongoa den esan beharrik ez dagoen kale-errotulu bat.

algortako etorbidea

Erdaldunek hori irakurtzen dutenean, zer ulertuko dute? Bi aukera daude:

– Etorbidearen izena «Algortako» dela.

– Etorbidearen izena «Algortako etorbidea» dela.

Eta bi aukeretako bakar bat ere ez da zuzena. Errotulua diseinatu zuenak pentsatuko zuen bi letra mota nahasiz arazoa konpondurik zegoela, baina oker zebilen erabat.

Eta dena… latorri puska bat ez erostearren, errotulu baten ordez bi egon zitezen, hizkuntza banatan.

Mota askotako karteletan aurkitzen ditugu horrelako zentzugabekeriak. Gehienetan, ekitaldi baten eguna eta ordua, zenbakitan adieraziak, partekatzen dituzte bi hizkuntzek.

 ekainak 29

Hori larria da. Eta are larriagoa Euskal Herriko hiririk handieneko udalak diru publikoz argitaratutako testuetan halako astakeriak egiten direnean, hizkuntza-ezjakintza ikaragarria erakutsiz. Honatx adibide bat: aurtengo aratusteetako kartela hautatzeko lehiaketaren deialdia. Parte-hartzaileek bete beharreko bosgarren baldintza hauxe zen, hitzez hitz:

Karteleko testua hau izango da:

BILBAO 2014

ARATUSTEAK/CARNAVALES

Otsailak Febrero 27 – 4 Martxoak Marzo

Benetan zaila da hain hitz gutxitan Hego Euskal Herriko bi hizkuntzei errespetu gutxiago izatea. Lehiaketaren parte-hartzaileek, diru-goseak hartaraturik, zintzo-zintzo bete zuten bosgarren baldintza. Ze erremedio. Eta hona hemen kartel irabazlea, hizkuntza krimena eta guzti:

bilbao2014

Honek guztiak bide ematen dit neure aurreko testuen hitz gakoa hona ere ekartzeko: simulakroa.

Bi berba…

…herriko berbetan belaunaldi batetik besterako urratsean galtzen ari direnak

Oskar Arana Ibabe

Batek ez daki zergatik, baina beharrezkoak eta arruntak diruditen hitzek ere desagertzera egiten dute, are hizkuntza egunero-egunero lantzen dugunon artean ere, eta beharrezkoa izaten dugu aurreko belaunaldiko norbaitekin jardunean ibiltzea, berriro gure burmuinera agertuko badira, hain arruntak izanik ere. Bitik bat: edo erdarazko beste berbaren batek hartu du haien lekua, eta hartara txirotu egin da gure lexikoa, edo beste euskalki batzuetan erabiliagoak diren beste hitz batzuek hartu dute haien lekua, eta, hartara euskalkia bera (eta euskara bera ere bai, hitz horiek ez baitzeukaten inongo debekurik euskara estandarrera igotzeko) txirotu da. Edo, hirugarrena, ez bata eta ez bestea, euskararen hitz arruntagoek hartu dute haien lekua, behar ez zirelakoan, edo berezitasunik ekartzen ez zutelakoan. Noizbait, ordea, izan zuten berezitasunen bat, ez baitziren ondoren haien lekua hartu zutenen sinonimo bete-beteak, baizik eta adiera berezituagoetarako hitzak.

Bada berba bat misteriotsua, niri hala iruditzen zait, ez ingurukoen artean galdetuta ez hiztegietan begiratuta arrasto handirik bilatu ezin izan diodana. Jakin, ez dakit ezta, aditza izanik, aditz-oina zein duen ere. «IRAN = subir», dio Mujikaren hiztegiak. Baina, adieraz, hori baino zabalagoa du Aramaioko euskaran. «Halako basotik egurrek iraten ibiltzea» egurrok baso hartatik ekartzea da, garraiatzea; edo «patatak kamarara iratea» patatak kamarara jasotzea da. «Bedarrak iraten ibiltzea» ere, halaxe, belarrak kamarara jasotzen ibiltzea… eta, gaur egungo jarduera arruntagoren batekin lotuta, «maletak autora iraten ibiltzea»… Baina, zalantzan nago, ez dut beste inon aurkitu aditz-oin hori jasota. Labayru hiztegian, ordea, adiera hori, bigarrena izan arren, bete-betean dagokion aditz bat dator:

irago (bizk.) 2 dau transportar, acarrear. Bedarra etxera iragoten emon dogu goiz osoa.

Beste arrastorik ez… ezin jakin, idatzian, zein forma dagokion, eta galdu egingo da, beste hitz asko baino merezimendu handiagoarekin galdu ere, agian, baina beste asko baino merezimendu gutxiagorekin, seguru…

Eta, beste berba bat, adjektiboa orain, gure inguruetan oso erabilia, arrunta, ez nahitaez erregistro jasokoa, baina, neurtzera jarrita, gure belaunaldian oharkabean galtzen dabilena, adinekoagoen berbetan bizi-bizirik egon dena: erako. Jasoa dute hiztegiek, baina egunotan suertatu zait niri hitz hori emakume baten ahotan entzutea, eta, pentsatzea, zenbat denbora ez nuela berba hori entzuten, eta are gutxiago erabiltzen… Jakina, nire adineko eskolatuen artean, egoki adjektiboak hartu du berba horren lekua, baina ito eta desagerrarazteraino ia. Eta altzari baten gainean galdetu niolako erabili zuen hitza, fruta gordetzeko armairu txiki bat ikusi niola balkoian, eta ideia ona bururatu zitzaidala, ea nondik zuzendua ote zuen. Halako dendatan, bila eta bila aritu ondoren, «hauxe da erakoa», pentsatu zuela. Lankide bati esan eta hitz horren oparoaz ibili gara, «erara eduki», «era batean bizi»… eta zenbat eta zenbat esapidetan ez ote den erabiltzen. Ahalegina egin beharra orain ez asko hain arruntak eta egunerokoak ziren berbei eusteko, edo erabiltzeko parada izateko. Horixe.

Retolazaren garaia, Retolaza eta Retolaza bezalakoak

Juan Luis Zabala

Jose Antonio Retolaza zenari egindako elkarrizketa baten zatiak entzun nituen duela hamar bat egun Euskadi Irratian, haren heriotzaren albistearekin lotuta. Kili-kili komiki-pertsonaia eta izen bereko aldizkaria sortu zituen Retolazak 60ko hamarkadan, frankismo betean, umeen artean euskara zabaltzea beste helburu eta ametsik gabe, eta gero mila gorabeherari egin behar izan zien aurre, bere pertsonaiaren eta bere aldizkariaren defentsan.

«Zenbat horrelako lehen, orain eta beti, euskararen inguruan!», pentsatu nuen neure artean. Ramon Saizarbitoriaren Aberriaren alde (eta kontra) saiakerako pasarte bat ekarri zidaten gogora Retolaza zenari entzundakoek (Alberdania, 1991, 63. orrialdea):

«Ni neu konbentziturik nago txiki jaio ez banintz –Koldo Izagirreren zentzuan, eta ez da txistea–, ez nuela nobelarik idatzi izango, eta are gutxiago argitaratuko; eta Augustin Zubikarai ez zen goizero lauretan ohetik jaikiko, kontserba-fabrikan lanean sartu aurretik, bi edo hiru orduz idazteko; eta Martin Irizarrek, beste gizon apal baten izena aipatzearren, zeinaren lankide izateaz harro sentitzen naizen, ez zuen txoriei buruzko bere liburua idatziko, edo Larraundiko sendia nobela».

Jose Antonio Retolaza, Augustin Zubikarai, Martin Irizar… Izen-abizen asko aipa liteke horien ondoan. Izen-abizenik ikasi ez diogun beste jende asko ere bai.

Gaur egun, Retolazaren garaian ez bezala, teknikari eta profesional ugari dago euskararen zerbitzurako; edo banpiro ugari euskarari odola xurgatzeko, Xabier Silveiraren ikuspegi dudarik gabe diskutigarri baina ez horregatik baztertu eta ahaztu beharrekoan. Ez genituzke, ordea, euskararen teknikari, profesional eta banpirook Retolazaren garaia, Retolaza eta Retolaza bezalakoak ahaztu behar.

Deurmekaar

Gotzon Egia Goienetxea

Munduaren beste muturrean ez izatera, berripaperetan maizago izango genuen haren aipu. Kasu berezia da berea, hemimeliaren gaitza zekarren jaiotzetik, umetan bi zangoak moztu behar izan zizkioten belaunetik behera, protesi ikusgarriekin lehiatzera behartu zen, lasterka. Ohore neurriz gaindikoa lortzera iritsi zen Oscar Pistorius hegoafrikarra: 2011ko Olinpiar Jokoetan atleta normalekin lehiatu zen, zilarrezko domina bat paparreratzera heldu zen, 400 m txandakako hegoafrikar taldearen partaide.

Hedabideen ospeak apartuta, beltzen nagusigoan zuri gutxi batzuentzat erreserbatutako bizitza zeraman Pretorian: Reeva Steenkamp modelo ezagunarekin bizi zen, gated community esklusibo batean, elkarrizketa, ekintza karitatetsu eta festa dotoreen gurpilean. Dena eten zen arte, 2013ko otsailaren 14eko gauean, Pistoriusek tiroz hil zuenean Steenkamp. Lapurren bat somatu zuela komunean, atea ireki gabe tiro egin zuela… gauza ziur bakarra hilotza.

Epaiketara auzoak deitu dituzte lekuko, gau hartan entzun zutenaz deklaratzera. Beltzik ez dago horien artean, segurki, bai ordea herbeheretar kolonoen oinordeko afrikaans hitz egiten duten zuri aberatsak. Epaiketan interpreteak ezarri dituzte, denek ingelesez jakin arren bakoitzak bere ama hizkuntzan mintzatzerik izan dezan. Hasi da deklaratzen Michelle Burger afrikaansez, etenka, irudiz interpretearen jardunagatik. Hitz batean trabatu dira gauzak. Tiroak entzun ziren gau hartan, deurmekaar zegoela esan du Burgerrek; confused itzuli du ingelesez. Pistoriusen abokatuak horri heldu dio, benetan nahasirik ote zegoen, entzun zuena ongi identifikatzeko gai ote zen une hartan. Ez, nahasirik ez, artega, kezkaturik, goganbehartuta; interpretearen akatsa, ñabardura ongi ez bereiztea.

Thokozile Masipa epaileak arazorik ote duen galdetuta, interpretearen gainetik jartzeko zalantzarik ez du izan:

She is interpreting what I am saying. Some of the words are not what I am saying and then I am correcting in English

Erabaki dezala erantzun dio emakume epaile beltzak: nahi badu, ingelesez egin dezala. Afrikaansez jarraitzea erabaki du Burguerrek.

Interpretearen akatsa haizatu dute Hegoafrikako hedabide ingeles guztiek, aho batez, enegarrengo lost in translation atal bat osatu nahirik.

Hizkuntza aniztasunaren errespetuzko ikuspen eder bat, esango nuke, 11 hizkuntza ofizial dituen Hegoafrika berrian.

Udal hauteskundeak

Bakartxo Arrizabalaga Labrousse

Egun batzuk direla irakurri nion, blog honetan, Maite Imazi, «zuzentarau» hitzaren inguruan ari, hitz aski errotua zela. Niri ere eguneroko hitza zait eta pentsatzen dut blog honetan gabiltzan gehienontzat ere hala izanen dela, administrazioen beharrei loturiko testuekin ibili ohi baikara. Ados naiz, hartara, Maite Imazen ustearekin, nahiz eta, pentsatzen hasita, nire inguruko jende gehienak ez dakien hitz horren berri.

Zuzentarau baino are arruntago eginen zaizkizue, oraindik ere, nik goiburuan emanikoak, segurki. Ez fida, haatik.

Hauteskunde garaia heldu zaigu udaberriarekin batera Hendaiara, eta inguruan ditudan bertako euskaldunen buruetan, horrelako garaietako (udaberria eta hauteskundeak, bi biak zorabio iturri) zorabioaz gain, hitzari berari loturiko zorabioa ere dabilkie gogorki. Prentsan irakurtzen dute halako hitza eta haiek ere, beti ikasteko prest, eman nahian tematzen dira, beti leku berean trabatuz, hau da, hautes partearekin ez dute arazorik, hautesle eta hautetsi erran ohi dutenez; «hor ez da problemik» diote… baina horren ondorengoaren bila hiruzpalau aldiz hautes…, hautes…, hautes… entzutearekin …kundeak proposatzen diet, azkenean, nora heldu ez duela, ur ilunetatik ito gabe jalgi nahirik etsi-etsian dabilenari nola, osatzen diet, beraz, hautes…kundeak; hauteskundeak, hauteskundeak pare bat aldiz ahozkatu, buruko txokoren batean atxiki nahian hausnartuz, eta hurrengoan, berriz trabatuko dira leku berean. Bigarren parte hori ez dute batere gogoko, argi da, baina tematzen direnez, segur laster bere egina duten.

Gainera, oraingo hauteskunde horiek udal hauteskundeak ditugu. Besterik ez genuen behar! Udal, momentuz, ez eta entzun ere ez dute egiten; gehitxo zaie kolpe bakar baterako. Bai, guretzat horren eguneroko, horren arrunt, horren duda gabe zaigun hori ez da haienean, orain artean, existitu. Hemen bozak zituzten, herriko bozak; gero haiek bazter utzi eta élections municipales besterik ez zitzaien geratu; orain hirugarren hau sartu zaie aukeran, eta hori bereganatzen saiatzen ari dira su eta ke. Eta kea bada, bai, haien buruetan.

Dagoeneko, zuetako batek baino gehiagok pentsatuko zuen, hara, zergatik ez ote dituzten, beste horren beharrik gabe, herriko bozak jokatzen, halako katramilatan sartu gabe; zentzuzkoa lirudike, bai, horixe, ez balitz haiek élections municipales egiten zituzten bitartean jokalekua aldatu dela eta ekipoa eskas zaiela orain horrelako partida jokatzeko. Inguruan hauteskundeak gora, hauteskundeak behera gabiltza besteok, eta bozak ematen zituzten haiek bozik gabe dira jadanik.

Lehengo batean, foro honetan bertan, euskara batuaren eta euskalkien arteko lehiaren inguruko eztabaidatxo bat ere bazebilen, ez dakit orain zein karitara. Hendaiarrei argi zaie herriko bozak eskas zaizkiela eta beste zelaian ere behar dutela jokatu; hartara jarriak dira, etortzen zaienari zabal besoak; sentituko ote dugu geuk ere, estandarizatu ordez batu beharra?

Basastoa

Eneko Bidegain

Duela zenbait aste nire lankide eta lagun Joxe Aranzabalek galdera zehatz bat egin zidan. Monsieur Lazhar filmaren euskarazko azpitituluak egiten ari zen, eta une batez Balzac-en liburu bat aipatzen zen: La peau de chagrin. Erantzuna ez nekien, baina Joxeri erantzun nahi niolako batetik, eta galderak jakin-mina piztu zidalako bestetik, bilatu nuen.

«Peau de chagrin» esaera baten zatia da frantsesez: «se rétrécir comme une peau de chagrin» esaerak erran nahi du zerbait pixkanaka desegitea, erabat suntsitu arte, adibidez, langileen eskubideak. Nola itzuli esaera bera euskarara? Hori bertzerik da (zergatik ez «izotz zati bat bezala urtu»?), baina has gaitezen hastapenetik.

Zorionez, itxura guztien arabera, esaera Balzac-en liburuaren izenburutik dator, eta ez alderantziz. Beraz lasai bila dezakegu liburuaren itzulpena, esaerari kasu handirik egin gabe. Zailtasuna ez dator «peau» hitzaren itzulpenetik, «larru» erran nahi baitu, dudarik gabe. «Chagrin», ordea «pena» edo «bihotzmina» da euskaraz, eta hori diote hiztegiek. Baina «peau de chagrin» ez daiteke izan «pena larrua»… Beste zerbait erran nahi du.

Trésor de la Langue Française webgunera jo nuen «chagrin» hitzaren beste adiera baten bila, eta «larrugintza» atalean azaltzen du mando, asto edo zaldi larruazalarekin egiten den larru pikortsu bat dela, askotan luxuzko moltsak-eta egiteko erabiltzen dena. «Une peau de chagrin» erraten zaio larru latz bati ere, baina hiztegi honen arabera, Balzac-en liburuaren izena asto larruaren ideiatik dator. Baina larru mota horren ezaugarria da erraz desegiten dela, eta hortik dator hasieran aipatutako esaera bera ere.

Erabaki bat hartu baino lehen, eleberri hori beste hizkuntzetan nola den begiratu nuen. Espainolezko bertsioak «larru latz» hautatzera bultzatuko gintuzke, La piel de zapa izenburuko «zapa» hitzak «f. Piel áspera de algunos peces selacios, como la lija», erran nahi baitu. Ingelesez bi aukera daude: The Magic Skin eta The Wild Ass’s Skin. «Larru magikoa» hautatuz, guztiz beste bide batetik joango ginateke. Bigarrenak, ordea, «asto basaren larrua» erran nahi du, eta hor hurbiltzen gara jatorrira.

Ideiak garbiago edukitzeko asmoz, nolaerran.org hiztegiaren egileengana jo nuen. Beñat Oihartzabalen argibideak heldu zitzaizkidan: «chagrin» hitza turkieratik omen dator, eta «basasto» erran nahi du. Gomendio horiei segituz, Joxe Aranzabalek Balzac-en liburuari Basasto larrua izenburua eman dio.

Blas de Oterok Gabriel Arestiren heriotzean

m. a. elustondo

Gizaldi eta
gizaldietan defenditu zenuen etxea,
gure aberri txikia
belar eta odolezkoa,
anaia eta maisua,
begira Meliri malenkoniazko ilargi baten antza hartzen
entzun
Nerea
Guria
Andere Bihotzen kriskitina,
Gabriel, euskal poesiaren iraultza,
isildu, isildu beraren hilobi ondoan,
zelatan dabil norbait zuk baztertu zenuen gurutze bat hartuta,
gure gizaldietako etxeak bizirik iraungo du zure berban,
gure etxean segitzen duzu.

(Blas de Otero, Madril, 1975eko iraila)

Iritziz aldatu da? Iritziz aldatu du? Iritzia aldatu du?

Aiora Jaka Irizar

Aspalditik izan dut zalantza hori, nola demontre eman behar den euskaraz gaztelaniazko «ha cambiado de opinión». Azken asteetan prentsan eta bestelako irakurgaietan aurkitu ditudan antzeko hiru adibidek behingoz gaiari heltzera eta ikerketatxo bat egitera bultzatu naute:

Bi lagun horietako bat gandorrarekin orrazten zen, larruzko txupa beltzaz janzten zuen, eta lider bat zen institutuan. (Idurre Eskisabel, Berria 2014-03-12)

Beraz, aipatu eleberri humoretsuan liburuen bidez protagonista guztiak eraldatzen dute izaeraz eta aldartez (idazleak bere misoginia gainditzen du, haren arrebak etxeko giro itogarria garaitzen du eta aurkitzen duen maitaleak, liburuak saltzeaz aparte, literatura idaztera pasatzea deliberatzen du…). (Fito Rodriguez, Irakurketa dela-eta, Erroteta, 2012)

Joana Ocaña aktoreak Erikarena egiten du; sexuz aldatu den emakumea da (Adrian Garcia, Berria 2014-03-09)

Lehenengo bi adibideek belarriko mina eragin zidaten, nik txupa beltzaz janzten zen edo txupa beltza janzten zuen esango bainuke inolako zalantzarik gabe lehenengoan, eta izaeraz eta aldartez eraldatzen dira bigarrenean.

Iritziz aldatu esamoldearekin, baina, gauzak ez ditut hain argi. Badakit «aldatu» aditza iragankorra nahiz iragangaitza izan daitekeela, baina hau bezala instrumentalez osatutako egitura batean, modu iragankorrean ala iragangaitzean jokatu behar da? Ala ez du instrumentalik behar, absolutiboa baizik, osagarri zuzen moduan? Susmoa dut iritziz aldatu du ez ote zaigun gaztelaniazko egituraren kalko bidez sartu: ha cambiado de opinión > iritziz aldatu du, BAINA (se) ha cambiado de casa > etxez aldatu da.

Ereduzko Prosa Gaur corpusera jo dut bilaketa bat egitera, ea gure ereduek zer darabilten ikustera, eta denetatik topatu dut; adibide batzuk baino ez ditut emango hemen:

IRITZIZ ALDATU DU

Sethe buruz behera jartzen hasi baina iritziz aldatu zuen. (Maitea, Toni Morrison / Anton Garikano, Alberdania, 2004)

Baina litekeena da hemendik zortzi egunera idaztea, iritziz aldatu duela eta beste baterako uzteko. (Goragalea, Jean Paul Sartre / Monika Etxebarria, Alberdania-Elkar, 2003)

Kopetan muxu eman zidan, eta iritziz aldatzen banuen bera han egongo zela esan. (Eta handik gutxira gaur, Eider Rodriguez, Susa, 2004)

IRITZIZ ALDATU DA

Eta esaten badiot iritziz aldatu naizela berriro? (Brooklyngo erokeriak, Paul Auster / Oskar Arana, Alberdania, 2006)

-Orain hori erraiten duk, baina neure bizitza kontatuko banik, iritziz aldatuko hintzateke, beharbada… (Lur bat haratago, Joan Mari Irigoien, Elkar, 2000)

Ziztu bizian errepidea berriro zeharkatu, bulegora presaka igo, inorentzat ez zegoela oihuka esan idazkariari, telefonoa hartu eta etxeko zenbaki osoa ia markatua zuenean, iritziz aldatu zen. (Harry Potter eta Azkabango presoa, J.K. Rowling / Iñaki Mendiguren, Elkar, 2002)

IRITZIA ALDATU DU

Ez zuen iritzia aldatuko, ezta? (Eraztunen Jauna III, J.R.R. Tolkien / Agustin Otsoa, Txalaparta, 2004)

Lehen akigarria iruditzen nintzaion, eta bera ere bai niri; orain nik iritzia aldatu dut, baina aldatu ote du berak ere? (Anne Franken egunkaria, Anne Frank / Josu Zabaleta, Erein, 2004)

Jontxuk bazekien, ustez, eta azken orduan iritzia aldatu zuen. (Errautsen distira, Xabier Mendiguren Elizegi, Elkar, 2002)

Bilaketa horrek ezer gutxi argitu dit erabili beharreko formaren inguruan. Beraz, halakoetan sarritan egin ohi dudanez, Patxi Petrirenaren Morfosintaxiaren inguruko zalantza eta argibideak liburura jo dut, eta hantxe topatu dut azalpen labur bezain zehatza (184. or.):

«Arropak aldatu ditut» ez ezik, «arropaz aldatu naiz» ere esaten da. Honako hauetan, ordea, oso zalantzakoa da instrumentala; absolutiboa, berriz, segurua:

(1.001)     a. *Bidasoa taldeak atezainez aldatu beharko du.

              b. Bidasoa taldeak atezaina aldatu beharko du.

(1.002)     a. *Jarreraz aldatzen badu, lortuko du.

              b. Jarrera aldatzen badu, lortuko du.

(1.003)     a. ▪ Iritziz aldatu da. («*Iritziz aldatu du», okerra)

              b. Iritzia aldatu du.

Orotariko Euskal Hiztegian ere argi ikusten da «aldatu» aditza instrumentalarekin erabiltzean iragangaitzean jokatu izan dela tradizioan:

(Con instr.). Cambiar(se) (de). “Changer de robe ou de lieu. Lekuz aldatu zara” SP (v. lekualdatu, tokialdatu). “Eskuz aldatu (Sal), mudar de dueño” A EY III 257 (v. eskualdatu). “Etxez aldatu dira (V-gip, G-azp, AN-gip, B, BN-arb), bizitzez kanbitu dire (AN-5vill), lekuz aldatu ziren (BN-lab), artzainak bazkatokiz aldatu ziren (BN-ciz)” Gte Erd 10.

Aurrerago ematen diren adibideen artean ere, iragangaitzean daude ia denak. «Iritziz aldatu» esamoldea ere ageri da adibideen artean, iragangaitzean hau ere:

Ez bait naiz gehiegi gai honetan iritziz aldatu. MEIG VIII 53.

Argitu ditut, beraz, hasierako zalantzak: iritziz aldatu naiz esango dut hemendik aurrera (eta etxez aldatu naiz, arropaz aldatu naiz, sexuz aldatu naiz, izaeraz aldatu naiz…), eta ez iritziz aldatu dut (bigarren aukera hori osagarri zuzena dagoen kasuetarako gordeko nuke: amak iritziz aldatu (aldarazi) zuen alaba); edota, instrumentala alde batera utzita, iritzia aldatu dut, besterik gabe.