Konpentsatzen nau

Lierni Garmendia Arratibel

«Konpentsatzen nau» ala «konpentsatzen dit»? Nik bigarrena erabiltzen baitut ahozkoan, izan ere. Lehena da zuzena, ordea. Hark ni konpentsatzen nauelako, baina ez didalako ezer konpentsatzen.

Hain zuzen, ahozkotasuna eta naturaltasuna dira ikus-entzunezko itzulpenaren helburu nagusietako bat. Agian aurrekoa ez da adibiderik onena, baina bai idatzizkoaren eta ahozkoaren artean dauden ezberdintasunen isla, batean eta bestean, marko informalean behintzat, ezberdin erabiliko nukeen zerbait.

Euskararen eta zehazki euskarazko bikoizketaren kasuan, azpimarratzekoa da helburu ez ezik, erronka ere badirela ahozkotasuna eta naturaltasuna. Bikoizketaren kasua berezia da, idatzizko kanalean ezkutatzen den ahozko testua delako. Zentzuzkoa da pentsatzea, beraz, bikoizketa artifiziala izango dela ahozko testuaren ezaugarriak ezabatzen badira. Hain zuzen, hori da ikus-entzunezko itzultzaileari barkatu ezin zaion akatsetako bat. Halere, ezer gutxi barkatu beharko diogu euskal ikus-entzunezko itzultzaileari, hark ez baitu euskarazko bikoizketari askotan leporatzen zaion artifizialtasunaren errurik. Haren gaitasunetik harago doa hori. Aldiz, ohitura faltari egotzi beharko diogu errua.

Hasieratik, Euskal Telebistak bikoizketarekiko apustua egin zuen, haurrentzako saioen bikoizketaren bitartez euskararen erabilera sustatzeko eta normalizatzeko. Geroztik, asko izan dira euskarara ekarri diren marrazki bizidunak eta animaziozko filmak, bai Euskal Telebistarako eta bai zinemarako, bereziki azken hamarkadetan. Gazteei eta helduei dagokienez, oso gutxi izan dira bikoiztu diren saioak. Ondorioz, ez da harritzekoa euskarazko bikoizketa arrotz egitea. Hain zuzen, nahikoa produktu ez eta gazteak eta helduak euskarara ekarritako horiek kontsumitzen ohituta ez badaude, euskararen naturaltasuna ezinbestekoa izango da ohitura falta hori gainditzeko. Horregatik, elementu linguistikoei ez ezik, elementu pragmatikoei ere erreparatu beharko die itzultzaileak, horiek dira eta naturaltasunaren gakoa.

Ikus-entzunezko testuak zailtasunez josita daude: hitz-jokoak, umorea, erreferentzia kulturalak, etab. Umorearen kasua bereziki interesgarria iruditzen zait, zailtasun bat baino gehiagoren arteko konbinaketa konplexuaren ondorio baita maiz; badira hitz-jokoetan edo erreferentzia kulturaletan oinarritutako txisteak. Baita irudietan oinarritutakoak ere. Beraz, hitzez hitzezko itzulpenak ez du beti funtzionatuko. Orain arte, testu laburrak landu ditugu eskoletan, testu mota ezberdinak aztertzeko eta itzultzeko aukera eskaintzeaz gain, txikikeria guztiak komentatzen ditugulako eta irakasleak posible duelako itzulpen guztiak zuzentzea, besteak beste. Agian hori da konpentsazioa asko landu ez izanaren arrazoia. Aldiz, hiru filmen itzulpenak aztertu ondoren, hau da, hiru testu luzerekin lan egin ondoren, ikusi dut behin baino gehiagotan agertu dela espero nuen itzulpen-estrategia. Ikusi dut, baita ere, konpentsazioa ohikoagoa dela literatur eta ikus-entzunezko testuen itzulpenean, testu ekonomiko, juridiko, zientifiko, tekniko eta abarren itzulpenean baino.

Bigarren multzoan hitzez hitzezko itzulpena nagusitzen den bitartean, literatur eta ikus-entzunezko testuetan testua da garrantzitsuena; testua, eta bere funtzioa; horregatik, umorezko elementu bakoitzaren funtzioa ezagutzeaz gain, jatorri-testuan duten lehentasuna ezagutu beharko dugu.

Esaterako, Ice Age sagaren azterketan ikusi dut umorearen lehentasuna handia den ikus-entzunezko testu batean, hau da, ikus-entzuleari barre eragiteko helburua duen testu batean, txistearen alderdi pragmatikoak garrantzi handiagoa duela alderdi semantikoak baino. Zergatik itzuli hitz-joko batean oinarritutako txiste bat hitzez hitz, xede hizkuntzan barre eragitea lortzen ez badu?

Hemen adibide[1] batzuk:

DINOSAUR 1: So, where’s Eddie?
DINOSAUR 2: He said he was on the verge of an evolutionary breakthrough.
DINOSAUR 1: Really?
EDDIE: I’m flying!
DINOSAUR 2: Some breakthrough.

DINOSAUROA 1: Aizu, non da Eddie?
DINOSAUROA 2: Bilakaeraren zer edo zer aurkitzeko puntu-puntuan zegoela esan dit.
DINOSAUROA 1: Benetan?
EDDIE: Hegan ari naiz!
DINOSAUROA 2: Hori aurkikuntza!

1

Testuingurua: Eszenan, animaliak hegoaldera emigratzen ari dira. Animalia bat, Eddie, malkar baten izkinan dago bere bi lagunak bidean aurrera doazen bitartean, animalia hegalari bilakatu nahi duelako. Bere bi lagunak hizketan ari direla, malkarretik salto egin eta lurrera erortzen da

SID: Well, I’ll just go by myself.
SID: Oh! Sick! Hey, wide body! Kerb it next time!
SID: Oh, jeez! Oh, yuck! Oh!

SID: Ba ni nire kasa joango naiz.
SID: Ai! Kaka! Ei, potzolo! Bazterrean egiten da!
SID: Ai, hau nazka!

2

Testuingurua: Sid nagiak kaka bat zapaltzen du.

SID: My feet are sweating.
DIEGO: Do we need a news flash every time your body does something?
MANNY: Ignore him.
SID: Seriously, my feet are really hot.
MANNY: Tell me that was your stomach.
SID: I’m sure it was just thunder. From underground?
MANNY: Run!

SID: Oinak izerditan ditut.
DIEGO: Zerbait gertatzen zaizun bakoitzean albistea eman behar diguzu?
MANNY: Ez jaramonik egin.
SID: Benetan, oinak sutan ditut.
MANNY: Zure sabela da, ezta?
SID: Seguruenik trumoiak izango ziren, lurpean, ezta?
MANNY: Korri!

3

Testuingurua: Eszenan, Diego, Manny eta Sid bidean aurrera doaz, gizakiak aurkitzeko eta haurtxoa itzultzeko. Izoztutako sumendi baten gainetik pasatzen ari direla, sumendia pizten da eta sua botatzen hasten da.

Hain zuzen, konpentsazioaren bitartez, lehenengo adibidean galdu den umorea bigarren eta hirugarren adibideetan berreskuratu da, hau da, testuaren funtzioa eta umorearen lehentasuna kontuan hartu dira.

Laburbilduz, ezin dugu ahaztu ikus-entzunezko testuak ahozko testuak direla eta ahozkotasunaren ezaugarriak dituztela. Gainera, ikus-entzunezko testu bat itzultzeak dakartzan zailtasunak gehiago dira umorea tartean denean. Horregatik, garrantzitsua da umorezko elementuek testuan duten lehentasuna ezagutzea, horren arabera umorezko elementua modu batean edo bestean itzuliko baitugu, edo egokituko edo konpentsatuko. Hain zuzen, toki batean galdu dugun txiste bat beste toki batean konpentsatzeko aukera oso interesgarria da testuaren funtzioaren ikuspuntutik. Alderdi pragmatikoa alderdi semantikoa baino garrantzitsuagoa den testuetan testuak itzultzen baititugu, ez hitzak.

Bibliografia

BARAMBONES ZUBIRIA, Josu; ZABALONDO LOIDI, Beatriz: Ikus-entzunezko itzulpena, Udako Euskal Unibertsitatea, Bilbo, 2006.

MARTÍNEZ SIERRA, Juan José: Estudio descriptivo y discursivo de la traducción del humor en textos audiovisuales. El caso de Los Simpson, Universitat Jaume I, Castelló de la Plana, 2004.

ZABALBEASCOA TERRÁN, Patrick: “Translating Jokes for Dubbed Television Situation Comedies”, in The Translator, 2 (1996), 235-257.

ZABALBEASCOA TERRÁN, Patrick: “La traducción del humor en textos audiovisuales”, in Duro, Miguel: La traducción para el doblaje y la subtitulación, Cátedra, Madril, 2001, 251-263.

___________

[1] Adibideak azterketarako sortu dudan datu-basetik atera ditut, eta Ice Age sagako lehenengo filmari dagozkio. Hiru adibideak irudietan oinarritutako txisteak edo txiste paralinguistikoak dira.

Poesia itzultzeaz (II)

Aitor Blanco Leoz

Aurreko sarreran aipatu nuen euskal poesia-itzultzaileek bi modutara jokatu ohi dutela poesia neurtua euskaratzeko orduan. Batzuek edukiari ematen diote lehentasuna eta estilo-baliabideak –bereziki neurria eta hoskidetasuna– alde batera uzten dituzte; besteek, berriz, forma lehenesten dute eta edukia alderdi formal horien baldintzapean erreproduzitzen dute, neurri handiagoan ala txikiagoan.

Gaurkoan, baina, bi itzulbide horietako batean sakondu nahiko nuke, hain zuzen gurean zabalduen dagoen eta zeresan gehien ematen duen horretan: forma lehenesten duen itzulbidean.

Horretarako, errepara diezaiogun lehenik eta behin Antonio Pamies irakasleak poesia neurtuaren itzulpenari dagokionez proposatutako sailkapenari[1]:

  • Hitz lauzko itzulpena
  • Bertso aske bidezko itzulpena
  • Itzulpen metrikoa
    • Metaforismo erritmikoa (jatorrizkoarekiko independentea den metroa)
    • Forma analogikoa (kulturalki baliokidea den metroa)
    • Forma mimetikoa (prosodikoki berdintsua den metroa)

Pamiesen iritziz, hitz lauzko eta bertso aske bidezko itzulpenek kategoria homogeneoak osatzen dituzte, baina forma lehenesten duten poesia-itzulpenak, hots, itzulpen metrikoak, hiru motatakoak izan daitezke. Azpikategoria horietan kontuan hartutakoa itzultzaileak xede-testurako hautatutako formaren izaera eta jatorria dira; izan ere, itzulpenak jatorrizko poemaren eskema metriko berdina jarrai dezake, edo ahapaldi mota horrek jatorrizko kulturan daukan rol berdineko ahapaldi baliokidea bila dezake, edo, betiere, jatorrizkoarekin inolako zerikusirik ez duen forma metriko berria har dezake. Adibide moduan, ikus dezagun jarraian Gabriel Arestik itzulitako pare bat poema:

aitor1

Forma mimetikoko itzulpenaren adibide argia dugu lehenengo hori. Arestik jatorrizko poemaren neurriari eusteari eman dio lehentasuna, eskema metriko berdintsua erabilita –edonola ere, frantseseko sizain coué ahapaldiak ez du silaba kopuru zehatza eskatzen–, eta, aldi berean, edukia oso ongi zaintzea lortu du, zailtasun handikoa bada ere frantsesezko ahapaldiko 22 silabaren edukia euskarazko 26tan ematea, trinkoegia suertatu gabe.

Modu horretan, itzultzaileak jatorrizko kulturan existitzen den forma metriko bat ekartzen du gurera, jatorrizko poesia-sistemaren eta poemaren beraren kutsuari eutsita. Esan daiteke prosodikoki berdintsua den metro baten aurrean gaudela –euskararen prosodiari eta haren mugei buruzko teoria batzuk proposatu diren arren–, baina, gorago esan bezala, bada ere kulturalki baliokidea den metroa erabilita itzultzeko aukera. Hona hemen Arestiren beste adibide bat:

aitor2

Kasu horretan euskal literatur tradizioko neurri-moldeetan oinarritutako itzulpen baten aurrean gaude. Jatorrizko poema cuarteta bidez antolatuta egon arren, Arestik forma analogikoarekin lan egitea erabaki du eta lauko ertaina erabili du espainiar tradizioko ahapaldi horren ordainetan. Oraingoan ere jatorrizkoaren edukiari zintzo eutsita, XV. mendeko gaztelerazko herri-poesian ohikoa izan zen forma horren euskal baliokide kulturala izan zitekeena darabil itzulpenean, eta garaiko hizkera eta grafia imitatzearekin batera efektu analogiko interesgarria lortu duela esan daiteke.

Beraz, eta amaitzeko, ikusi dugu euskal poesia-itzulpengintzan bietara erabili direla itzulpen-forma mimetikoa eta analogikoa. Nahiz eta bataren eta bestearen ekarpena bestelakoa izan, biek ala biek dute helburu xede-testuaren forma itzulpenaren ardatz bilakatzea, betiere edukiari uko egin gabe, eta euskal itzultzaileen jardunak erakutsi digu hori dela gure itzulpengintzan maizen antzematen den jokabidea.

____________

[1] PAMIES, Antonio, 1990, “Métrica y traducción de textos poéticos”, in Margit Raders eta Juan Conesa (arg.), III Encuentros Complutenses en torno a la Traducción, Madril: Editorial Complutense, 197-202.

 

Txoritan (2)

Martin Rezola Clemente

Aurreko artikulua hegoista samarra atera zitzaidanez gero (gaztelaniazko hegazti-izendegiak, Espainiako SEOren zerrendak… gure erdaretako bati begira soilik jardun nintzelako sentipena geratu zitzaidan), ea bigarren hau orekatuagoa ateratzen den, eta hegada altxatu eta Ipar Euskal Herriak ornitonimian eman dituen fruituak aintzat hartzen ditudan. Ez baita gutxi mugaz bestaldeko tradizioari txori kontuetan zor dioguna.

Eskual Herriko Hegaztinak eta Choriak

Jakina denez, alor batzuetan askoz ere tradizio modernoagoa eta aberatsagoa izan du euskarak Iparraldean Hegoaldean baino. Eta hori natur zientzien eremuan ere nabari da. Hor daude, besteak beste, Etxepare medikuaren lanak, Arnaut Abadiarenak eta beste zenbaitenak; direla albaitaritzari buruzkoak, erlazaintza, nekazaritza edo zoologiari buruzkoak. Gaur, bereziki interesatzen zaidan harribitxi bat aipatu nahi nuke: Eskual Herriko Hegaztinak eta Choriak, Louis Dassancek eta Jean Elizaldek Gure Herria aldizkarian 1923ko ekainetik 1925eko maiatzera bitartean argitara emandako artikulu-bildumatxoa (Arnaut Abadiaren Zoo ilogikoa argitaratu zuenean, Kepa Altonagak ez zuen lan hau aipatu, ez dakit oharkabean pasa zitzaiolako ala merezimendu nahikorik ikusi ez ziolako).

Testuok irakurrita, hiru gauza azpimarratuko nituzke:

  • Oso ongi dokumentatutako lana da: liburuetako aipamenak, han-hemen bildutako datuak, adituei egindako galderak… denetarik du.
  • Hamaikatxo istorio, esaera zahar, ipuin eta pasadizo jasotzen ditu. Oso estilo egokian idatzita dago; atseginez irakurtzen da. Niretzat, plazer handi bat izan da[1].
  • Ikusten da egileek estandarraren kezka eta beharra sentitu zutela. Baina, aldi berean, esan behar da ezen, hainbeste izenen aurrean, irakurlea zorabiatu egiten dela: batzuetan izen ugari daude hegazti bera izendatzeko, eta, beste batzuetan, izen bakar bat espezie ezberdinak izendatzeko.

Bide-urratzaile zirela ondo gogoan zuten, eta gerora begira akuilu-lana egiten ari zirelako nahikundea ere nabari zaie:

Lan hunek ez othe dio norbeiti gogoratuko harek ere zerbeit egin behar duela? Eta hola, lan bati bertzea darraikiola, gure Eskuara emeki-emeki aberats ditake. Egunetik egunerat galtzen ari baita, eskerrak Jainkoari bihur ginetzozke, egungo deus guti balio duen lan hunek pindar bat igorririk, Eskuararen alderako sua bihotzetan phizten balitz. Eta hala izanen da agian.

(…)

Ez da dudarik, bertzalde, hainitz eta hainitz izen ez dugula atcheman, ibili ditugun mila urratsen gatik. Agian, gure ondotik, Eskuararen amodioz, norbeitek bilduko ditu eta Eskualdunek eskerrak bihurtzen ahalko diozkate. Holako lanari lotzen dena, ez da lan ttipiari lotzen.

Aranzadi eta UZEI

Handik urte askotara, 1967an, Aranzadi Zientzia Elkartekoak lotu ziren lan horri, eta Peterson-en hegazti-gidako izenak euskaratu zituzten. Gero ere izan dira beste batzuk (Natur Zientziak. Hiztegia, Jakin, 1976); baina mugarri sendoena, zalantzarik gabe, UZEIren BIOLOGIA/1 landare eta animalien izenak. Izendegia izeneko argitalpenak ekarri zuen, 1984an. Niretzat, behintzat, oheburuko kontsulta-liburua izan da urte askoan.

UZEIren lan horrek urrats handi bat ekarri zuen hegaztien euskarazko izendegia normalizatzeko eta zabaltzeko bidean, baina, aurrekoan esan bezala, gaindituta dagoela uste dut, bai orduko izendegia bera, bai haren oinordekoa den Euskalterm datu-basea. Eta ez naiz bakarra hori esaten, egileek berek ere horixe eskatu zuten duela 32 urte:

Arantzadi Zientzia Elkartekoen hegazti-izenen errebisio sistematikoa 17 urte bete ondoren egin den bezala, gure honena ere egin beharko litzateke bost urtean behin edo. (BIOLOGIA/1)

Orduko hartan ez zuten lan makala egin. Hitzaurrean idatzi zuten: «Sarritan bailara batetik bestera aldatzen da izena…». Batzuetan asmatuko zuten, beste batzuetan ez, baina uste dut oso lan baliosa egin zutela. Ni zorretan sentitzen naiz beraiekin.

Orain beste garai bat da, tresna eta informazio gehiago eta hobeak ditugu, eta, Asier Sarasua Aranberrik lehengoan esaten zuen moduan, une egokia izan daiteke berrikusketa-lan serio bati ekiteko. Horregatik poztu naiz Lan Batzorde Ornitologikoa sortzear dagoela irakurri diodanean.

Estandarra eta marketina

Lan teknikoarekin batera, ordea, marketina ondo zaindu behar dela iruditzen zait. Aspalditxotik dakigu, esate baterako, oker genbiltzala eta frantsesez heron eta gaztelaniaz garza deitzen den hegazti-jendeak koartza behar duela gure estandarrean (eta koartzatxo, beraz, garceta eta garcilla mota guztiak), eta ez lertxun (zeina zuhaitz bat baita, Populus tremula), ez lertsun (beste batzuen kurriloa). Baina, hala ere, lehengo irizpide okerra indarrean dabil toki askotan, diodan zuzenketa hori ez delako behar bezala sozializatu. Eta ez da harritzekoa, zeren Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuak eta Euskaltermek esaten dutena esaten dutela, talde ornitologikoen sare, blog eta web-zera guztiek baitute azken hitza, eta horretan ez gabiltza oso fin, ene ustez.

Noizko hegazti-gida on bat?

Agian eskola zaharrekoa naizelako izango da, baina uste dut horretan ez lukeela lan txarra egingo paperezko hegazti-gida on klasiko horietako bat euskaraz izateak. Nik pare bat ditut gogoan (Peterson eta Svensson).

Lehengoan, Asier Larrinagari irakurri nion euskal prosaren ahulezietako bat itzulpen-politikarik eza dela; alegia, premiak eta lehentasunak zehaztu barik ditugula. Hona, bada, lehentasunetako bat.

Ariketa (artikulua amaitzeko)

Zein da limerick honen jatorrizko bertsioa, ingelesez?

Horra gizon xahar bat, bizarduna,
etsita, behin, hau esan zu(e)na:
«Xoxo batek, bi oilok, hiru txinbok, lau mozolok
txoritxook egin dute
ene bizarrean kabi bana».

Beste zenbait iturri:

(Eskerrak eman nahi dizkiot Maider Irizarri datuak biltzen eta iruzkinak egiten eman didan laguntzagatik.)

_______________

[1] Mixel Itzainak esana da, Bidegileak bilduman: « Iduri zait lan hunek merexi lukeela arra publikatua izaitea…», eta ni bat nator.

Lehen eta bigarren termino-sorkuntza

Igone Zabala Unzalu

Termino-sorkuntzaz lan egiten duten adituek lehen termino-sorkuntza eta bigarren termino-sorkuntza bereizten dituzte, Sager-i[1] jarraituz.

Lehen termino-sorkuntza gertatzen da kontzeptu, objektu edo entitate berri bat izendatu behar denean eta ez dagoenean aurrekaririk kontzeptu edo entitate hori izendatzeko. Hortaz, lehen termino-sorkuntza komunikazio-testuinguru jakin batzuetan gertatzen da: ikerketa-laborategietan, diseinu-bulegoetan, kongresu zientifikoetan… Izan ere, estuki lotuta dago jakintzaren garapenarekin: kontzeptu berrien sorkuntzarekin batera gertatzen da, berrikuntza eta aldaketa zientifikoaren ondorio gisa. Horrenbestez, lehen termino-sorkuntza nahikoa espontaneoa izan daiteke, bai eta behin-behinekoa ere, kontzeptuen eboluzioarekin batera denominazioen aldaketa ere gertatu ohi baita.

Bigarren termino-sorkuntza aurretik definitutako kontzeptu bat izendatzeko orduan gertatzen den termino-sorkuntza da. Alegia, bigarren termino-sorkuntzaz hitz egiten dugu badagoenean lehenago aurrekariren bat kontzeptua izendatzeko hizkuntza horretan edo beste hizkuntza batean. Hizkuntza baten barruan, bigarren termino-sorkuntzaz hitz egin daiteke denominazio bat aldatzen denean alor bateko terminologia berrikusten delako, adibidez, terminologia estandarizatzeko ekimen bat aurrera eramaten denean edota kontzeptuen eboluzioak denominazioa ere egokitzea dakarrenean. Hizkuntza arteko testuinguruan, aldiz, bigarren termino-sorkuntza gertatzen da jakintza zientifikoa hizkuntza-komunitate batetik bestera (hizkuntza batetik bestera) transferitzen denean, hain zuzen ere, hizkuntza hartzailean kontzeptu zientifiko berria izendatzeko sortzen den beharragatik. Bigarren termino-sorkuntza bi eratakoa izan daiteke:

  • Espontaneoa: aditu batek edo aditu-talde batek komunikazio-egoera espezializatu bati aurre egiteko, erreferentzia modura erabiltzen duen iturburu-hizkuntzako terminorako hizkuntza hartzaileko ordaina sortzen duenean. Adibidez, unibertsitateko irakasle batek klasea prestatzen duenean eta inon ez duenean aurkitzen behar duen euskarazko terminologia, sortu egin beharko du.
  • Planifikatua: hizkuntzen normalizazio-plangintzetan erakunderen bat sortzen denean alorrez alorreko terminologia sortzeko edota normalizatzeko. Euskararen kasuan, Euskararen Aholku Batzordearen Terminologia Batzordea da terminologia- plangintzaren arduraduna.

Euskarazko termino-sorkuntza, gehienetan, bigarren mailakoa da, salbuespenen bat alde batera utzita. Adibidez, dardarin (dardarina) terminoa euskarazko dardar du oinarri, eta LRRK2 entzima izendatzeko erabiltzen da. Denominazio horren arrazoia da 2004 urtean zenbait ikertzaile euskaldun zituen nazioarteko ikerketa-talde batek PLRRK entzima kodifikatzen duen PARK8 genearen mutazio bat aurkitu zuela. PARK8 genearen mutuazio horrek Parkinson gaixotasuna pairatzeko arriskua areagotzen du, eta Gipuzkoako populazioan oso zabalduta dagoenez, ikertzaileek dardarin(a) terminoa sortu zuten entzima izendatzeko. Termino horren lehen osagaia (dardar) euskarazko hitza da, eta –in(a) atzizkia proteinen izenek partekatzen duten hizkuntzarteko edo nazioarteko atzizkia. Hortaz, lehen termino-sorkuntzan parte hartu ahal izateko, euskaldunok jakintza garatzen den tokietan egon behar gara eta, gainera, nozio berrietarako denominazioetan eragiteko gauza izan behar gara.  Begi-bistakoa da oso gutxitan betetzen direla halako baldintzak.

Bigarren termino-sorkuntza gertatzen denean, aldiz, beste hizkuntza batean existitzen den terminoak baldintzatzen du neurri handian hizkuntza hartzailearen termino-sorkuntza. Egun jakintzaren garapen eta transferentziarako nagusiki erabiltzen den hizkuntza ingelesa delarik, bigarren termino sorkuntza nagusitzen da munduko beste hizkuntzetan, baita espainola bezalako hizkuntza handietan ere. Hori dela eta, azken urteetan terminologia eta itzulpengintza alorreko zenbait aditu terminologia-mendekotasuna ebaluatzeko aztarnen bila hasi dira. Honela definitzen ditu Sánchez Ibáñez-ek[2] terminologia-mendekotasunaren aztarnak:

«Una marca de dependencia terminológica es cualquier pauta o recurrencia en el trasvase de denominaciones especializadas entre dos códigos que ponga de manifiesto una relación de dependencia, una subordinación o una asimetría en uno de esos códigos con respecto al otro».

Sánchez Ibáñezen arabera, terminologia-mendekotasunaren aztarnak hainbat motatakoak izan daitezke. Begi-bistakoena da, zalantzarik gabe, forma-mendekotasuna, alegia, iturri-hizkuntzako unitate terminologikoen osagaiek eta haiek konbinatzeko patroiek hizkuntza-kode batetik besterako transferentzian duten eragina. Baina beste aztarna batzuk ere aztertu ditu Sánchez Ibáñez-ek, adibidez, iturri-hizkuntzan terminoek duten ezarpena. Izan ere,  badago korrelazio bat terminoek erabileran duten ezarpen-mailaren eta erabiltzaileei maila linguistiko eta kognitiboan eragiten dieten ziurtasun ezaren jaitsieraren artean. Ildo horretatik, terminologia-mendekotasunaren markatzat hartzen da beste hizkuntza-kodeetarako transferentzian iturri-hizkuntzan egonkortuen dauden termino-aldakiak nagusitzea.

Terminologia-mendekotasuna agerian uzten duen beste aztarna mota bat dira  hizkuntza hartzailean terminoen ordainak argitzeko erabiltzen diren sekuentzia birformulatzaileak; izan ere, maiz gertatzen da nozio berrien birformulaziorako hizkuntza hartzailean inportatu gabe dauden nozioei erreferentzia egin behar izatea eta, beraz, hizkuntza hartzailean egonkortutako denominaziorik ez dagoenez, iturri-hizkuntzako denominazioetara jo behar izatea.  Bestalde, mendekotasun semantikoaren aztarnatzat hartzen da iturri-hizkuntzan klase kontzeptual jakin batzuk transmititzeko errepikatzen diren patroi semantikoak hizkuntza hartzailearen termino multzo baliokideetan zuzenean kalkatzea. Azkenik, itzulpengintza-mendekotasunaz hitz egiten da badagoenean korrelazio bat erabilitako itzulpen-estrategien eta termino baliokideen menpekotasunaren artean.

Euskara duela hamarkada gutxi batzuk hasi gara egokitzen komunikazio-egoera espezializatuetara eta, beraz, espero izatekoa da terminologia-mendekotasuna handia izatea goian deskribatutako alor guztietan. Nolanahi ere, terminologia-mendekotasun saihestezinak ez gaitu itsutu behar. Ikuspegi diakroniko, dinamiko eta komunikatibotik begiratu behar diogu euskarazko terminologiaren garapenari. Espezializazio maila desberdinetako euskarazko diskurtsoetan terminoen aldaki menpekoagoak eta beregainagoak elkarrekin bizi behar direla abiapuntuko oinarritzat hartu, eta horiek komunikazio espezializatuari egiten dioten ekarpenari erreparatu behar diogu. Menpekoagoak diren aldakiek askotan ziurtasun handiagoa eskaintzen diete erabiltzaileei, erreferentziatzat duten hizkuntzan formaren eta esanahiaren aldetik egonkortutako terminoak izaten baitira baina, beregainagoak diren aldakiak, aldiz, hobeto uztartzen dira, askotan, hiztunen ideologia linguistikoan sakonki errotutako hizkuntza-ereduekin. Ildo honetatik,  terminologiaren normalizazioa ez da oinarritu behar era bateko edo besteko aldakien aldekoek irabazi behar duten borroka batean, erregistro espezializatuen funtzionaltasunari lagunduko dion terminologia-aldakortasunaren harmonizazioan baizik.

______________
[1] SAGER, Juan C. (1990) A Practical Course in Terminology Processing. Amsterdam/Philadelphia: John Benjamins Publishing Company.

[2] SÁNCHEZ IBÁÑEZ, Miguel (2013) Neología y traducción especializada: claves para calibrar la dependencia terminológica español-inglés en el ámbito de la enfermedad de Alzheimer. Doktoretza-tesia. Universidad de Salamanca.

 

Arau iraungia?

Alfontso Mujika

Duela 3 urte pasatxo heldu nion gaiari (Alferrikako bikoiztasunak, 2013-04-15), eta orduan azaldutakoaren parte bati berriro helduko diot orain. «Gaiak agortzen ari zaizkik» esan diot neure buruari aurrena (eta litekeena da hori egia izatea), baina aurrera egitea erabaki dut, datu berriak ditugu eta. Hauxe da, labur, kontua:

Orduan idatzitakoaren parte batek gaia aurkezteko balio du:

1986an, Lexikologi Erizpideak Finkatzeko batzordea (LEF batzordea) hasi zen lanean, eta, lana gogotik egin ondoren, 1992ko otsailean, Hitz Elkartuen osaera eta Idazkera txostena aurkeztu zion Euskaltzaindiari. Lau hilabete geroago, ekainaren 26an, gomendio gisa onartu zuen Euskaltzaindiak: Hitz elkartuen osaera eta idazkera. Euskaltzaindiaren gomendio arauak (1992.06.26). Eta geroago, 1995eko urtarrilaren 27an, arau gisa onartu zen: 25. araua: Hitz elkartuen osaera eta idazkera. Gomendioa zena arau bihurtu zenean, aldaketatxo batzuk egin zizkioten. Gure gaiari dagokionez, letra lodiz eta azpimarratuta jarri dudan esaldia gomendioan zegoen, baina desagertu egin zen arau bilakatu zenean:

  1. Bukaeran >ia< duten hitzak lehen osagai edo mugatzaile gisa dihardutenean, >a< hori kenduta nahiz kendu gabe erabili: biologi azterketa, geologi irakaslea, pedagogi berrikuntza, ortografi arauak, erreferentzi puntua, diplomazi falta, bidai agentzia, Filosofi Fakultatea, Euskal Autonomi Elkartea, edota biologia(-)azterketa, geologia(-)irakaslea, pedagogia(-)berrikuntza, ortografia(-)arauak, e.a. Hala ere, >a< kenduta erabiltzeari ematen zaio lehentasuna.

Orduan, nire iritzia ere eman nuen:

Batetik, bukaeran -ia duten hitzak hitz-elkarte baten lehen osagai direnean, ia inork ez du amaierako -a letra kentzen: biologi azterketa, geologi irakaslea, pedagogi berrikuntza, ortografi arauak, erreferentzi puntua, Zientzi Fakultatea… iraganeko (iragan hurbileko) kontuak dira dagoeneko. Oraindik bidai agentzia batzuk ikusten dira, baina “gipuzkoarkeriatzat” har daitezke. Horiek horrela, Euskaltzaindiak arauaren 1. puntua oso-osorik ezabatuko balu, espanturik gabe pasatuko litzateke.

Orduan egindako baieztapena «ia inork ez du amaierako -a letra kentzen» irudipen hutsa ez dela frogatzeko, datu errealetan funtsatu nahi dut. Horretarako, Egungo Testuen Corpusa (ETC) erabili dut, XXI. mendean argitaratutako testuak bakarrik hartzen dituelako kontuan eta oso handia delako (270 milioi hitz). Eztabaidatu genezake corpus hori orekatua den ala ez, baina hori alde batera utziko dugu orain: oraingo testuak dira; beraz, gaur egungo erabilera islatzen dute, nolabait.

25. arauan ageri diren adibide guztien kontsulta egin dut ETC corpusean. Gainera, adibide batzuen agerraldi kopurua txikia denez, kasu bakoitzean, arauko adibideaz gainera, beste lemekiko konbinazioan agerraldi-kopuruz ugarienak diren lehenengo biak ere hartu ditut. Adibidez, biologi azterketa kasuan hiru kasu posibleak (biologi azterketa, biologia azterketa, biologia-azterketa) kontsultatzeaz gainera, biologia + doktore (biologi doktore, biologia doktore, biologia-doktore) eta biologia + irakasle (biologi irakasle, biologia irakasle, biologia-irakasle) ere kontsultatu ditut, bi lema-konbinazio horiek direlako ETC corpusean ugarienak.

Hauek dira datuak:

taula

Lagin horretan, garbi ageri da bukaeran -ia duten hitzak hitz-elkarte baten lehen osagai direnean amaierako -a letra kentzea oso gutxi erabiltzen dela gaur egun.

Gogoan daukat Elhuyarren ere, araurik ez zegoenean, sistematikoki kentzen zela amaierako a hori; hala ere, joan den mendearen amaieran, aukera hori bazter uztea eta marratxoa erabiltzea erabaki genuen. Eta —buruz ari naiz— uste dut garai bertsuan erabaki zuela EHUk ere antzera jokatzea: adibidez, ordura arte Zientzi Fakultatea zena Zientzia Fakultatea bilakatu zen.

Bada beste datu bat, beste erabilera-datu bat, oso adierazgarria. Nola jokatzen du Euskaltzaindiak orain Hiztegi Batuan?

Erantzuna aski adierazgarria da. -ia amaierako hitzak, hitz-elkarte baten ezkerreko osagaia direnean, marrarik gabeko aukera eta marraduna, biak, ematen dira (halakoak dira kasu gehienak), edo marraduna besterik ez da ageri. Baina azken -a letra kenduta ez da behin ere agertzen. Hau da, aukera hori, arauaren arabera besteak bezain zilegia litzatekeena, sistematikoki baztertu da arau berriagoa den Hiztegi Batuan. Hauek dira kasu guztiak:

  • abemaria-ezkila edo abemaria ezkila
  • autonomia-erkidego edo autonomia erkidego
  • bateria-jotzaile
  • biblia-paper edo biblia paper
  • bidaia-agentzia edo bidaia agentzia
  • bidaia-bulego edo bidaia bulego
  • errabia-belar edo errabia belar
  • ezkabia-belar edo ezkabia belar
  • kontzientzia-eragozle edo kontzientzia eragozle
  • kontzientzia-objektore edo kontzientzia objektore
  • kontzientzia-eragozpen edo kontzientzia eragozpen
  • kontzientzia-objekzio edo kontzientzia objekzio
  • polizia-etxe edo polizia etxe
  • zientzia-fikzio

Euskaltzaindiaren Hiztegian ere ez dago biologi, geologi, pedagogi, ortografi, erreferentzi, zientzi bakar bat ere, ez sarrera edo azpisarreretan, ez definizioetan, ezta adibideetan ere. Eta bai bestelakoak (biologia bereizkuntza, biologia ikerketak, biologia-ezaugarriak, biologia prozesuak; geologia gertakariak, geologia azterketa; pedagogia ikastaldia, pedagogia metodoa; ortografia arauak, ortografia hiztegia, ortografia marka; erreferentzia sistema; erreferentzia puntua; zientzia maila, zientzia alor, zientzia gaiak, zientzia aurrerapena, zientzia ikasketak, zientzia-ikertzailea).

Zer ondorio atera? Batetik, nabarmen ageri da azken urteotan behintzat aski bazter- edo hondar-erabilera dela azken -a hori kentzea. Bestalde, Euskaltzaindiak berak sistematikoki baztertu du aukera hori Hiztegi Batutik, hau da, euskara batuan hitzak eta lexiak nola idatzi behar diren azaltzea helburu duen hiztegi arauemailetik; baita Euskaltzaindiaren hiztegitik ere.

Nik ondorioztatzen dut 1995eko arau hura, 25. araua,  puntu horretan jada ez dagoela indarrean. Eta logikoa iruditzen zait aukera hori indargabetzea: duela 25 urte aski zabaldua zegoen, eta Euskaltzaindiak ez zion bidea itxi nahi izan arauan, baina berariaz kendu zuen arau-proposamenean zegoen aukera hori bultzatzeko iritzia (“>a< kenduta erabiltzeari ematen zaio lehentasuna[1]). Gaur egun, errealitatea bestelakoa da.

Komeniko litzateke Euskaltzaindiak indargabetze hori esplizitatzea eta 25. araua eguneratzea. Eta ez da eguneratzea behar duen arau bakarra, baina gai hori beste egun baterako utziko dugu.

[1] Arau-proposamena prestatu zuen batzordearen izena hau zen: «Lexikologi Erizpideen Finkapenerako Batzordea». Alegia, batzordearen izenean bertan zegoen aukera hori: «lexikologi erizpide».

Message in a drum: Karmelo Etxegarairen olerki (ezezagun?) bat

Garikoitz Knörr

Oraingoan ere, Twitterreko txio batekin abiatuko dut ekarpentxo hau. Duela hilabete batzuk, tweet misteriotsu eta interesgarri bat bota zuen Xabier Moraza (@xabiermoraza) gasteiztar musikariak, argazki eta guzti: 1948koa omen zen danbolin baten barruan, ezkutaturik, testu bat agertu zen; euskarari buruzko olerki bat, Etxegaray’tar Karmelo batek sinatua. Hona hemen Xabier Morazaren txioa:

danbolin

Honela dio testuak:

MAITE DUGU EUSKERA

Zaŕa dalako
Edeŕa dalako
Gure mendietako
Usainduz usaindurik[1]
Datorkiguelako
Baña batez ere
Gure-gurea dalako
Jakintsuak goraltzen dute
Aspaldian jazo ziren gauzak
Adierazteko ongi datorkielako
Guri ere, oŕetarako
Ondo datorkigu
Baña ala ezpalitz ere
Maite izango genuke Euskera
Gure eŕia, gure anaia,
Gure ama, gure odola,
Maite oi dugun erara.

Etxegaray’tar Karmelo

Hori guztia idazmakinaz dago idatzia; gero, beherago, honako hau ageri da, eskuz:

(EMENTXE IPIÑITA DAGO NIGATIK 1.955’n URTEAN)

Geroago, beste argazki hau bidali zuen Morazak, non «FM 1-XII-1948» irakurtzen baita, danbolinaren barrualdean arkatzez idatzia:

danbolin2

Orduan —egun berean— lerro batzuk idatzi nituen aurkikuntza horri buruz, batez ere olerkia lehenbailehen jaso eta nolabait digitalizatzearren, baina galdera batzuk gelditu zitzaizkidan airean. Berriki lortu ditut erantzunak, Xabier Morazaren eta, batez ere, Aintzane Martinen laguntzari esker. Azken horrek, lehenengo txioa ikusi eta eskuz idatziriko lerroko idazkera beraren aitarena zela esan zuen. Eta bigarren argazkiak zalantza guztiak desagerrarazi zizkion (orduan izenik aipatu ez bazuen ere, duela gutxi harekin kontaktuan jarri naiz, misterioa argi ziezadan): Felix ‘Peli’ Martinen inizialak ziren.

Hona, beraz, azken ikerketatxoaren ondorio edo emaitzak:

Danbolina Jesus Moraza udal-txistulariak (Xabierren aitak) bildu zuen Arabako Aldunditik, eta hura berritzeko prozesuan aurkitu zuten ezustekoa.

Bestalde, orain badakigu, beraz, Peli Martin (1923-2013) —besteak beste— txistulari, euskaltzain urgazle eta Arabako garai bateko Hezkuntza eta Kultura Diputatua zela danbolinaren jabea, eta berak itsatsi (ezkutatu?) zuela hor Karmelo Etxegarairen olerki hura, 1955ean.

Olerkiari dagokionez, Karmelo Etxegarai Korta (1865-1925) historialari eta euskaltzaina izan zen —ia ziurtasun osoz— egilea, horren antzeko olerki ugari idatzi eta argitaratu baitzituen, batik bat Euskal-Erria aldizkarian.

Galderaren bat edo beste gelditzen da argitzeke, hala nola olerkia Peli Martinek berak makinaz idatzi ote zuen ala, aldiz, Etxegarairen eskuizkribu originala ote den, baita testua bera zein urtetakoa den ere. Hala eta guztiz, uste dut lortu dugula buru-hausgarriaren pieza nagusiak argitu eta lotzea, eta, bide batez, Karmelo Etxegarairen olerki —ustez— ezezagun eta argitaragabe baten berri ematea. Eta, azken baina ez hutsen, Peli Martin gasteiztar euskaltzale handia ekarri dugu gogora. Har bitez lerro hauek haren omenaldi xume gisa.

[1]      Beharbada egileak honelako zerbait esan nahi zuen: «gure mendietako usainak usaindurik» (edo halako zerbait; «usainduz usaindurik» horri ez diot zentzu handirik aurkitzen).

Axular Juan de Torresen itzultzaile

Gidor Bilbao

Bolada batean, neu ondo konturatu gabe, erabat konbentzitu nintzen aipu-bilduma, florilegio, polyanthea eta halako aitzinentziklopedia eta erreferentzia-lanak zirela euskal klasikoen jakituria guztiaren iturri; gure klasikoek ez zutela besterik irakurri. Ez nuen horrela formulatzen, baina orduak eta orduak ematen nituen, sistematikoki, gure testu zaharren iturriak halako bigarren mailako lanetan bilatzen, hain zuzen konbentzimendu hori nuelako.

Axularrekin, adibidez, ikerketaren emaitzak erakusten duena baino denbora gehiago eman nuen hark erabili bide zitzakeen erreferentzia-lanak aztertzen. Baina, halako batean, ikusi nuen Axularrek arrasto faltsuak utzi zituela eta aitzinentziklopedia horiek (ere), bere liburuan aipatu arren, ez zituela irakurri; hots, beste norbaiten idatzietatik hartu zituela aipuak, behin baino gehiagotan.

Horietakoa dugu, nire ustez, «Rhodig., lib. 13, c. 3» aipua. Lodovicus Caelius Rhodiginus [Ludovico Ricchieri] filologo jakitun eta irakasleak Lectiones antiquae liburua argitaratu zuen Venezian, 1516an. Ez da zehazki erreferentzia-lana, era diskurtsiboan idatzia baita, baina hasiera-hasierako edizioetatik argitaratu zen gaien eta izenen aurkibide zehatz eta zabalekin; guk erabili dugun edizioan (Basilea, 1542), Index vocum et rerum aurkibideak 30.000 sarrera baino gehiago ditu.

Rhodiginusen liburuan Ziro eta Pantearen istorioa bilatzen badugu (Axularrek 3. kapitulua aipatu arren, 33.a da), ikusiko dugu zaila dela latinezko testu hartatik abiatuta Axularrenera iristea. Baina hara non aurkitzen dugun aipu bera (kasu honetan akatsik gabe: «Rhod., lib. 13, cap. 33») gaztelaniazko liburu batean, hain zuzen Juan de Torres jesuitaren Philosophía moral de príncipes (Burgos, 1596) liburu didaktikoan. “Printzeen ispilu” generoko liburua da, exemplum motako istorioz josia, eta istorio horien artean dago Ziro eta Pantearena (1602ko ediziotik emango dugu):

Torres 781

Saqueando la gente del Rey Ciro los reales de los Assyrios (Xenoph., de Pedia Cyri. lib. 5), entre otras riquezas que hallaron en ellos fue la claríssima Panthea muger de Abradata Rey de los Susos, de cuya castidad haze mención el glorioso S. Hieronymo, escriviendo contra Joviniano (S. Hier., lib. I in Iovin.). Luego pues que fue presa esta señora, dieron muchos noticia a Cyro de su hermosura, en especial un su muy privado Araspas: el qual viendo que el rey no se movía a lo que todos suelen yr con mucho gusto, le dixo: Mírala señor si quiera una vez, porque su belleza es digna que le hagas tanta merced: ca sé por muy cierto se holgará su magestad viendo en la tierra un rostro tan soberano.

Y aun por esto (respondió Cyro) me guardaré más de mirarla (Rhod., lib. 13, cap. 33), porque una vez yré por mi voluntad atrevida, y ciento me llevará la passión de lo que ví, con daño propio y de mis estados. Esta hazaña más que de hombre Gentil, diximos arriba […].

Axularren istorio hau, beste asko bezala, Torresenetik euskaratua da, gure ustez. Epaitu zeuek:

Ax 393-394 (Blanca Urgellen 2015eko ediziotik hartua)

Ziroren soldaduek, hartu zituztenean asirioen jendeak eta onak, ediren zuten bertze presoen artean Pantea ederra, errege Abradaten emaztea. Eta eman zioten berehala aditzera errege Zirori, emazte haren edertasuna nolakoa eta zein abantailatua zen. Baina, zeren erregek ez aditu iduri egiten baitzuen, lehiatu zeikan bere adiskide mamietarik bat, treben zeikana, Arraspas zeritzan bat, erraitera: “Errege, ezta egundaino lurraren gainean hain emazte ederrik sorthu; merezi du hain bertze ohore eman diazozun; merezi du behin ikhus dezazun; eta prometatzen deratzut, ezen baldin behin ikhusten baduzu, eztuzula bigarrenean gonbidatzailerik beharko, zerori egonen zarela errana” (Rhodig. lib. 13, c. 3).

Orduan ihardetsi zioen erregek hala erraile hari: “Bada, arrazoin horren beronengatik eztut ikhusi nahi. Zeren, baldin behin libreki ikhusten badut, beldur naiz bigarreneko gathiba nadin, eta neure desira desordenatuak behar eztena eragin diazadan”. Errepuesta eder haur eman zuen errege jentil hark. Zeren baitziakien zenbat kalte egiten zuen gauza debekuaren ikhusteak.

Gure ustez, Juan de Torres Axularren iturri gisa onartzen badugu, Axularren idazteko eta itzultzeko estrategiak hobeto ezagutzeko bidea zabaltzen zaigu.

Connie Fiferen beste poema bat

Aiora Jaka Irizar

Aurreko hilabetean Connie Fife poeta criaren bi poema euskaratu eta eskaini nizkizuen; emakume beraren beste poema bat dakarkizuet oraingo honetan. Ameriketako indigenei —eta Fife bezala guraso zuri baten eta indigena baten arteko elkarketatik sortutako mestizoei— deitzeko zuriek erabiltzen dituzten gutxiespenezko hitzen inguruko poema da. On egin!

izendapena

arraza erdi

arraza erdi

squaw[1]

mini ha ha printzesa[2]

nire hezurren artean harrapatutako ahotsak

giltzaduren artean biratzen eta bihurdikatzen zaizkit

hainbeste urte igaro ondoren beleak indarrez elikatzen nauela

kanporantz bultzatzen ditut itota hiltzearen beldurrez

arraza erdi

odol erdi

squaw

mini ha ha printzesa

bi esku sartu ditut nire poltsikoetan

bat marroia bestea zuria (biak maskurtuak)

zeremonietako kantetako hitzak atera ditut

esku-ahurrean biraraziz

haien aurpegiak aztertuz (eta nirea berraztertuz)

arraza erdi

odol erdi

squaw

mini ha ha printzesa

abesti batzuk nituen eztarrian lo

nire eskola-urteetan zehar

historia-liburuek bortxatu nahi ninduten bakoitzean

arraza erdi

odol erdi

squaw

mini ha ha printzesa

uda oso bat eman nuen mozkortuta

inoiz egon gabeko leku batera itzultzeko asmo irmoaz

nire korridoreetan barrena bidaiatuz

poema itsusi baten atzaparretan harrapatuta

arraza erdi

odol erdi

squaw

mini ha ha printzesa

helen betty osborne[3] hil zutenak libre geratu ziren

hiltzaileek gobernatutako herrialde batean bizi naiz

normala negarrari ematea hogeita hamar urte bete nituenean

oraindik ere ez zait axola nire aita frantsesa izatea

arraza erdi

odol erdi

squaw

mini ha ha printzesa

jaio nintzen lekuan dinosauroak entzun daitezke oraindik

mantso-mantso munduaren beste alderantz mugitzen

urtean behin haien lorratza usnatzera itzultzen naiz

oraindik argi ikus daiteke errepide eta hirien artean

arraza erdi

odol erdi

squaw

mini ha ha printzesa

margotutako luma bat daramat nire kastore-larruzko kapelan

neure buruari barre egitea gogorarazteko

lagunek desengainua hartzen dute usoa dela esaten diedanean

heroikeriak aspergarriak dira eta sakratutasuna ohikotasunean datza

arraza erdi

odol erdi

squaw

mini ha ha printzesa

ez dut tipi batean bizi nahi

ez nire apartamentua epela denean

berogailu eta kafe eho berriaren usain eta guzti

nahiago dut herriko hotel batean ostatu hartu nor naizen gogoratzeko

arraza erdi

odol erdi

squaw

mini ha ha printzesa

nire hezurren artean harrapatutako ahotsak

oihuka hasten dira poema berri bakoitzean

bai baitakite bizirik jarraituko dudala

haiek hil ondoren ere

____________

[1] squaw: Ameriketako emakume indigenei deitzeko ingelesez erabiltzen den gutxiespenezko hitza. Hizkuntza algonkinei mailegatutako hitza da, nahiz eta jatorrizko hizkuntzetan “emakume” esan nahi duen soilik, konnotazio negatiborik gabe —ni bizi naizen herriko criek, adibidez, honela esaten dute “emakume”: ᐃᔅᐧᑳᐤ (iskwaau)— (itzultzailearen oharra).

[2] Princess Mini Ha-Ha: Minnie Devereaux, txeiene herriko aktore kanadarra; XX. mende hasieran hainbat filmetan hartu zuen parte, Ameriketako indigenen irudi oso negatibo eta estereotipatua emanez beti (i.o.).

[3] Helen Betty Osborne: 1973an bahitu eta hil zuten 19 urteko emakume cria. Informazio xeheagoa hemen (i.o.).

Hankaz gora (I)

Estitxu Irisarri Egia

Gaur beste baten hitzak ekarriko ditut (tamalez, gaurkotasun faltarik ez duten hitzak), esan nahi dudana ondo eta argi esanda baitu Eduardo Galeanok Patas Arriba: La escuela del mundo al revés[1] patas arribaliburuan:

Alice itzuliko balitz

Orain dela ehun eta hogeita hamar urte, lurralde miresgarria bisitatu ondoren, Alice ispilu batean sartu zen, mundua alderantziz ikusteko. Alice egunotan birjaioko balitz, ez luke inolako ispilurik zeharkatu beharko: nahikoa izango luke leihora gerturatzea.

Ereduarekin hezten

Alderantzizko munduko eskola hezkuntza-instituziorik demokratikoena da. Ez du onarpen-azterketarik eskatzen, ez du matrikularik kobratzen eta doan eskaintzen ditu ikastaroak, guztiei eta leku guztietan, zeruan bezala lurrean ere: zerbaitegatik da gizateriaren historian lehenengo aldiz botere unibertsala bereganatu duen sistemaren alaba.

Alderantzizko munduko eskolan, berunak flotatzen ikasten du eta kortxoak hondoratzen.

Arrakastaren ereduak

Alderantzizko munduak alderantziz saritzen du: zintzotasuna gaitzesten, lana zigortzen, eskrupulu falta saritzen eta kanibalismoa elikatzen du. Bertako irakasleek natura kalumniatzen dute: bidegabekeria, diote, lege naturala da. Milton Friedman, irakasleriaren kiderik prestigiotsuena, «langabeziaren tasa naturalaz» mintzo da. Lege naturalari jarraituz, Richard Herrnsteinek eta Charles Murrayk beltzak eskala sozialaren beherengo harmailetan daudela ziurtatzen dute. Bere negozioen arrakasta azaltzeko, John D. Rockefellerrek naturak gaitasun handiagoa dutenak saritzen dituela eta gauzaezak zigortzen dituela esaten zuen; eta mende bat baino gehiagoren ostean, munduaren jabe askok Charles Darwinek bere liburuak beraiei loria iragartzeko idatzi zituela sinesten jarraitzen dute.

Gaitasun handiagoa dutenen biziraupena? Bidea zabaltzeko eta bizirauteko gaitasun erabilgarriena, killing instincta, hiltzaile-sena giza bertutea da enpresa handiek enpresa txikien digestioa egiteko eta herrialde indartsuek herrialde ahulak irensteko balio duenean, baina basakeria da lanik gabeko edozein gizajo janari bila eskuan labana duela irteten denean. Patologia antisozialak erasandakoak (behartsuek berezko duten zorotasuna eta arriskua duten gaixoak), arrakasta sozialaren osasun oneko ereduetan inspiratzen dira. Hutsaren hurrengoko gaizkileek dakitena begirada altxatuta ikasten dute, behetik, tontorretaraino; garaileen adibideak aztertzen dituzte eta, nola hala, merituak imitatzeko ahal dutena egiten dute. Baina «izorratuak beti egongo dira izorratuta», on Emilio Azcarragak, telebista mexikarraren jaun eta jabe izan zenak esan ohi zuen bezala. Banku bat husten duen bankari batek bere ahaleginaren fruituaz bakean gozatzeko duen aukera proportzionalki zuzena da banku bat lapurtu duen lapur batek kartzelan edo hilerrian bukatzeko duen probabilitatearekin alderatuta.

Gaizkile batek ordaindu gabeko zor bategatik hiltzen badu, exekuzioari kontu-doiketa deitzen zaio; eta doitze-plana deitzen zaio zorpetutako lurralde baten exekuzioari, teknokrazia internazionalak likidatzea erabakitzen duenean. Gaizkile finantzarioek lurraldeak bahitzen dituzte, eta kozinatu egiten dituzte erreskatea ordaintzen ez badute: konparatzen bada, harrokeriak Drakulak eguzkipean baino kalte gutxiago egiten du. Mundu-ekonomia krimen antolatuaren adierazpen eraginkorrena da. Moneta kontrolatzen duten erakunde internazionalek, komertzioak eta kredituak terrorismoa egiten dute lurralde behartsuen kontra, eta lurralde guztietako behartsuen kontra, bonba-jaurtitzaile onena barregarri uzten duen hoztasun profesionalarekin eta zigorgabetasunarekin.

(…)

[1] Galeano, E., (1999), Patas Arriba: La escuela del mundo al revés. Madril: Siglo XXI, 2-6. or.

 

Izan?

Iñaki Segurola

Harrigarri xamarra egiten zait aspalditxotik izan aditza edo aditz-ustekoa. Forma hutsari gagozkiola, nola uztartzen dira paradigma bakarrean naiz, gara eta da bezalako formak? Zenbat zakutako adabakiak bildu dira hor ezinezko batasun bat antzeztera? Hartzen dugu beste «antzeko» aditz bat, eta zer aurkitzen dugu? Nabil-dabil-gabiltza, nago-dago-gaude (< *gagode) eta gainerakoetan zentzuzko itxura bat du gauzak, izan-en paradigman inondik ere ez baitago holakorik. Eta esan beharra dago, harriduraren aringarri, beste hizkuntza askotako «izan aditzari» orobatsu gertatzen zaiola: gure munduko hizkuntza ezagunena aitatzeagatik, nolatan batu dira sail bakarrean, be, am, are eta is? Zerk bultzatu ditu paradigma bakarra osatzera? Sasipoetikoki esanik: zer dago hor azpian: esan nahi bat, esan behar bat edo esan ezin bat?

Geurera gatozela, naiz eta gara moduko formak jatorrian batu ditzakeen esplikazio bat bilatzen saia gaitezke, baina nork sinetsiko du da adizkian izan partizipioa (edo beste edozein partizipio) dagoela? Ez: badirudi da seinalagarri hutsa dela, «gertukoaren seinalagarria» edo: alde batetik, De Rijk-en «Nunc» vasconice artikulu ederrean erakutsi zitzaigunez, orain ustezko maileguaren balioa zukeen antzinagoko da– (dan, danik, dara) elementuarekin berdindu liteke, eta –gehitzen dut nik– baita agian pertsona gertukoenaren (lehenengoaren) marketako batekin ere (duda-, zaida-).

Horri gehitu beharra dago hirugarren pertsonaren status berezia. Benvenistek erakutsi zuen «hirugarren persona» deitzen den hori ez-pertsona dela berez. Arrazoi asko daude hala pentsatzeko, eta horietako bat da izan aditz ustezko honetan ere ikusten den koska formala: singularretik atera gabe, bateko naiz-haiz eta besteko da oso sail banatakoak dira, inondik ere. Jakina da, bestalde, zehazki hitzeginda, ez dagoela hirugarren pertsonako izenordainik: naiz, nago eta abarri ni dagokio, haiz/hago-ri hi, gara/gaude-ri gu, eta dena hola, baina da, dira eta besteri zer dagokio?: di edo/eta du? Ez noski. Eskolan edo didaktikan ustezko izan horren paradigma honelatsu adierazten da: ni naiz, hi haiz (edo zu zara), hura da… nik uste dela era usatuena, baina garai batean eta zenbait ingurutan bera da ere erabili izan zen eginkizun didaktiko horietan. Eta ez hura eta ez bera dira berez izenordain pertsonalak; eskolan eta didaktikan egokitutako paradigma-betegarriak besterik ez dira. Horrezaz gainera, nabarmendu beharra dago joskera in-pertsonaletarako erabili diren adizkiak «hirugarren pertsona» deitzen den sail horretakoak direla eskuarki, eta horren adibiderik esanguratsuena eguraldiaren berri emateko esaldietan dago: ari-rik ez dagoen hizkeretan euria da esanez adierazten da euria ari duela[1].

Esanahiari gagozkiola, berriz, ez dut uste oker haundirik egiten dugunik izan hori kasik esanahirik gabea dela badiogu. Funtsean kopula edo lotura gramatikal hutsa da, izan ere, delako izan aditz harrigarri hau, eta hizkuntza askotan egon ere ez dago holakorik batere, eta izan-en ustezko adizki hauen ordez hizketako eten ttiki bat genuke hizkuntza horietan. Eta begira nola letrakuntzan eta kulturan aditz txit garrantzizko bilakatua dagoen aspalditxodanik, hainbesteraino non ia umeek ere bai baitakite hemen asuntoa dela to be or not to be. Bai: hizkuntza askotako eten edo ixilune ttiki baten parekoa den lotura xume bati (gurean da forman ikusi dugu hobekienik soiltasun hori) esanahi sublimeetan sublimeena erantsi zaio; ia deus esan nahi ez zuenari ia dena esanarazi zaio (izateak den-a oso berea du); seinalagarri batetik jakingarri oso eta beteena jaio da: izana, izatea, Orixeren izatena eta zer ez? Grekoz bezala, euskaraz ere aditzak izen-itxura har lezake, artikulua ere lot dakioke, eta horrek irudipena sorrarazten digu gauza bati buruz ari garela hizketan, guk izendatu baino lehen «hor» zegokeena norbaitek izendatu zain.

Izan aditza: hizkuntzan ia ezereza; letrakuntzan… that is the question. Nekez aurkituko da koska edo jauzi haundiagorik.

[1] Eta, jakina, ari du diogunean ere, «ari duena» hirugarren pertsona da, hots, inor ez, edo, nahiago bada, gramatiko arabiarren erara adierazirik, al-γā‘ibu ‘ez dagoena’ (Benvenisten arabera).