Irizpide grafikoa, ala fonetikoa?

Xabier Aristegieta Okiñena

Berria egunkariak sarean eskaintzen duen estilo-liburuan honako hau esaten da, Ortotipografia atalean, euskaraz bestelako hizkuntzetako izen bereziak deklinatzeko moduari buruz:

Beste hizkuntzetakoak

›Beste hizkuntzetako izen bereziak deklinatzeko, kontuan hartuko dugu nola idazten diren, ez nola ahoskatzen diren.

Shakespeareren [Shakespearen*]; Voltaireren [Voltairen*]; Googleren [Googleen*]; Greenpeaceren [Greenpeaceen*]

›Bukaerako i grekoa bokala edo erdibokala izan daiteke, baina BERRIAn, deklinatzeko orduan, bokaltzat hartzen dugu beti. Orobat jokatzen dugu bukaerako -w letrarekin:

Derryn [Derryen*]; Kentuckyn [Kentuckyen*]; Midwayn [Midwayen*]; New Jerseyn [New Jerseyen*]; Glasgown [Glasgown*]; Saint Andrewko [Saint Andreweko*]; Wroclawn [Wroclawen*]

›Bukaerako –h letrarekin, honela jokatzen da nagusiki:

Aceheko gatazka; Plysmoutheko [Plymouth?] portua; Ramallaheko erietxea

›Deklinatzean, bukaerako r letra bikoiztu egiten da:

Twitterrek; Kandaharren; Peterrek

Bistan denez, gidalerro horiek jokabide bateratu bat erdiestearen nahiari erantzuten diote, eta alde horretatik goraipagarriak iruditzen zaizkit: kasuko testugileari helduleku zalantzagabe bat eskaintzen diote idazten dabilen hitza deklinatzeko, hitz hori jatorrizko hizkuntzan nola ahoskatzen den jakin beharrik gabe.

Alabaina, erabaki horrek abantailak baino desabantaila gehiago dituela iruditzen zait, eta jarraian nire iritzia arrazoietan oinarritzen saiatuko naiz.

Lehenik eta behin, azpimarragarria da Berriako jarraibide horrek euskal deklinabideari nire ustez ematen dion biraketa ohargarria: beste hizkuntzetako izen bereziak deklinatzeko, “kontuan hartuko dugu nola idazten diren, ez nola ahoskatzen diren”. Alegia, irizpide grafikoa erabiltzen du, eta ez fonetikoa. Eta hortxe ikusten dut nik koska. Koska handia.

Egia da deklinabidea ikasi dugunean betidanik egin izan den bereizketak, hots, “bokalez amaitzen diren hitzak” eta “kontsonantez amaitzen diren hitzak”, ez duela zehazten zeri aplikatua den amaitu hori: idazkerari ala ahoskerari.

Egia da, halaber –bururatzen ez zaidan salbuespenen baten berri ematen ez bazait behintzat–, idatzizkoan kontsonantez amaitzen diren euskal hitzen ahoskera kontsonantez ere amaitzen dela; eta, ustez, gauza bera esan dezakegu –mutatis mutandis– bokalez amaitzen diren euskal hitzez. Hortaz, neurri batean ulergarria da deklinabide-arauek azken hizkia eta azken fonema bat ez etortzeari buruzko aurreikuspenik egin ez izana.

Euskal hitzetan bat baldin badatoz dena delako hitzaren azken hizkiaren eta azken fonemaren bokaltasuna edo kontsonantetasuna, zer ondoriotara iritsi behar dugu? Euskal deklinabideak irizpide grafikoa hartzen duela ardatz, ala fonetikoa?

Nik uste dut ezin dela zalantzan jarri irizpidea fonetikoa dela: bokalak bokal gisa eta kontsonanteak kontsonante gisa taldekatzen dituen irizpidea fonetikoa da; ahoskerari lotua, alegia. Bokalek elkarrekin daukatena ezaugarri fonetiko bat da, kontsonanteetatik bereizten dituena. Eta alderantziz.

Bestalde, dakigunez, euskal deklinabidean –e eta –r bezalako hizki epentetikoak agertzen zaizkigu:

gizon (NORK, mugagabea): gizonEk

etxe (NOREN, mugagabea): etxeRen

Eta epentesia fenomeno fonetiko bat da. Honela definitzen baitu epentesia Ibon Sarasolaren Euskal Hiztegiak: “hitz baten barnean etimologiari ez dagokion fonema baten agerkera” (letra etzana nirea da). Eta Espainiar Hizkuntzaren Errege Akademiak honela dio epéntesis-i buruz: “1. Figura de dicción que consiste en añadir algún sonido dentro de un vocablo” (etzanak, nireak). Eta fonetika/fonologiari dagokien laburdura jasotzen du hasieran.

Ez dut beharrik ikusten euskal deklinabidearen errotze fonetikoan gehiago sakontzeko. Mugatu nahi dut seinalatuta uztera Berriako deklinabide-gidalerro horrek salbuespen nabarmen bat txertatzen duela euskal deklinabidean.

Salbuespena salbuespen, argudia liteke –eta argudio horrek ere badu bere garrantzia– arau horrek uxatu egiten duela, gorago aditzera eman dugunez, egunkariko testuetan zeharreko inkoherentzien arriskua, testugile ezberdinek hitz bat bera deklinakizun hartzen dutenean horren ahoskerari buruz izan lezaketen informazio edo jakintza ezberdinaren ondorioz eman ahalko lizkioketen deklinatze halaber ezberdinen eskutikoa.

Horrela, ba, Berriako arauari jarraituz jokabide bateratu bat lortzen da, bai. Baina zer prezioren truke?

  • Kontuan hartu behar da Berriak gomendatzen duen jokabidea ez dela ahoskera ezezaguneko hitzak –eta horiexek soilik– deklinatzen lagunduko digun itsumutil halako bat, baizik eta sistematikoki aplikatu beharrekoa den jokabide bat; alegia, baita kasuko hitzaren ahoskera arras ezaguna dugunean eta, ikuspegi fonetikotik, Berriaren arauak dioenaz bestela deklinatu beharko genukeela dakigunean ere (barkatu “ikuspegi fonetikotik deklinatu” espresioari pleonasmo-kutsua aurkitzen badiozue).

Adibideak:

Apple (NORK): Applek (Berriaren arabera), Apple-ek (irizpide fonetikoaren arabera)

Google (NORI): Googleri (Berriaren arabera), Google-i (irizpide fonetikoaren arabera)

Le Monde Diplomatique (NOREN): Le Monde Diplomatiqueren (Berriaren arabera), Le Monde Diplomatique-en (irizpide fonetikoaren arabera)

Cambridge (NORI): Cambridgeri (Berriaren arabera), Cambridge-i (irizpide fonetikoaren arabera)

Annie Ernaux (NOREN): Annie Ernauxen (Berriaren arabera), Annie Ernaux-ren (irizpide fonetikoaren arabera)

Horrela, ba, ahozkotik idatzizkorako norabidean, nire ustez anomalia diren horiek eginarazten ditu (marratxoa erabiltzearen gaiaz ez naiz arituko, ez baitut artikulu hau gehiegi luzatu nahi; dena den, ez dut aukera galduko marratxoaren zeharo alde agertzeko: izen arrotzekin, izugarri laguntzen du berehalakoan argitzen noraino iristen den izena eta non hasten den kasu-marka).

  • Baina goiko horrek bigarren parte bat ere badauka; izan ere, kontrako norabidean, hots, idatzizko hori ozenki irakurtzerakoan, bitatik bat :
    • Edo kasuko hitz arrotza gaizki ahoskatzera behartzen du (esate baterako, “Appleren”eko –r hori ahoskatzeko, /aple/ esan behar dugu, eta ez /apel/). Edo, bestela,
    • Beste biraketa bat eginarazten du, baina ez, oraingoan, euskal deklinabidearen fonetikotasunean, baizik eta euskarazko ahoskatze-arauetan, -r mutu dei genezakeena bezalakoak aurkeztuz, soilik horrela uler baitaiteke “Appleren” /apelen/ irakurtzea, edo “Diplomatiqueren”, /diplomatiken/.

Benetan: ez dakit bi aukera horietatik zein gustatzen zaidan gutxiago.

Esango nuke informazio-hutsune bat ez dagokion esparrutik gainditu nahi izatetik sortzen dela korapiloa.

Ez dut ukatzen hitz baten ahoskera ez jakitea problema bat dela hura deklinatzerakoan (nahiz eta gaur egun, Internet bitartez, horrelako zalantza asko eta asko argitzeko modu bikaina eskueran daukagun). Baina iruditzen zait Berriako arau horrek irtenbide faltsu bat ematen diola problemari. Ziurgabetasunaren problemari aterabide-edo bat ematen dio, bai, baina euskararen deklinabidearen eta ahoskeraren nolakotasuna ukitzen duten ondorio sakonagoak ekartzen ditu, azaltzen saiatu naizenez (azken batean, hitz bera modu ezberdinetan deklinatuta ikusteak islatzen duena da haren ahoskerari buruzko uste ezberdinak daudela, ez besterik).

Berriakoa bezalako konbentzioen bitartez nire ustez ebatzi ezinekoak diren kontu gehiago ere badago, dena den.

Hitz bat nola ahoskatzen den ez baita testugileak dakienaz harago egon daitekeen gauza bakarra. Hipotesi bezala plantea daiteke gerta dakiokeela izen berezi bat bizidun bati ala bizigabe bati ote dagokion ez jakitea. Eta horrek ere eragina du deklinabidean, dakigunez. Baina ez luke zentzu handirik izango irizpide grafiko batean oinarrituz kasuko izenari biziduntasuna edo bizigabetasuna esleitzeak.

Litekeenago den adibide bat aipatzearren: gerta dakiguke, era berean, gizonezko ala emakumezko izen berezia ote den ez dakigun izen atzerritar batekin toka ala noka erabili ez dakigula suertatzea. Eta sexua, noski, ez diogu ezarriko aurretiaz finkatutako irizpide orokor baten arabera: nola edo hala ikertu beharrean egongo gara. Dena den, problema hau askoz ere larrikiago pairatzen dute euskarak ez bezala pertsona-izenordainetan edo adjektibo nahiz partizipioetan genero-bereizketa egiten duten gure inguruko hizkuntzek. Torunn, Torkel edo Guro bezalako eskandinaviar izenekin topo egitean, ez nioke inori gomendatuko ezein konbentzioren araberako sexu-esleipenik egiterik… ondorio gutxienez ere komikoak saihestu nahi baditu.

Biziduntasun/bizigabetasuna. Generoa. Jatorrizko ahoskera. Nire ustez, kontu muntadunegiak, konbentzio bidez aurrefinkatzeko.

Jaki-edariak

Xabier Aristegieta Okiñena

Ingelesezko hitzen nonahiko agerpena dela-eta zabalduta daukagu kezka, ez soilik euskaldunon artean, baizik eta ingelesa ez diren gainerako hizkuntzen hiztunen artean ere. Modernotasunaren arlo guztietatik datorkigu ingelesezko hitz-uholdea: zientzia-ikerketa, informatika, sare sozialetako ohitura eta jokabideak izendatzeko hitz berriak, hedabideetakoak, eta abar.

Ez dut zalantzarik asaldura hori justifikatuta egongo dela kasu batzuetan, baina ez, nire ustez, salatzen diren guztietan; eta uste dut ingelesari aitortu beharko geniokeela bera izan daitekeela ez soilik gaur egungo mailegu-emaile handiena, baizik eta, ziurrenik, mailegu-hartzaile handienetako bat ere (ezaugarri hau askotan aipatzen da ingelesezko hitz-altxorrari buruzko azterlanetan).

Uda honetan, herrialde ingelesdun batean nintzela, kafetegi batean sartu eta arbel batean klarionez idatzitako zerrenda honekin egin nuen topo:

Espresso
Latte
Cappuccino
Americano
Mocha
Macchiato

Ez zen kafetegi italiar bat, baizik eta estilo zehaztugabeko establezimendu estandar horietako bat. Italierazko hitzen erabilera ez zen inolako tematizazio-keinu bat, baizik eta bertakoek kafe-mota ezberdinei deitzeko daukaten izendatze-era arruntaren isla. Jatetxe askotako menuetan ere (ingelesezko menuetan, esan nahi dut) jalapeño, enchilada, quesadilla eta abar aipatzen ziren.

Zer esanik ez, jaki eta edariez ari garela, frantsesezko sukaldaritza/ostalaritzatik zuzenean eta beren horretan hartutako hitzei dagokienez: sautéed (infinitiboa to sauté izaki), crème brûlée, hors-d’oeuvre, entrée, bouillabaisse, “three courses from the à la carte menu”… eta abar (frantsesezko azentu guztiekin idatzita).

Japoniako sukaldaritzak ere makina bat hitz eskaintzen ditu. Iaz, ingelesezko beste menu batean, naturaltasun osoz txertatuta agertzen ziren honakoak:

“The sushi menu includes varieties of nigiri sushi, sashimi, uramaki, futomaki, hosomaki…”

Kasu horietan guztietan, hitzak inolako ingeles itzulpenik eta esanahi-azalpenik gabe erabiltzen ziren. Ingelesezko eskubide osozko hitz bezala.

Italiar sukaldaritzak ere hitz-samalda barreiatu du, hala ingelesdunen nola geure artean. Esate baterako, zenbat aldiz ez ote garen eztabaidetan murgildu maccheroni, spaghetti, tagliatelle, rigatoni, penne, ravioli, tortellini, fettuccine, pappardelle eta gainerakoen artean dauden antzekotasunak edo aldeak argitu nahian! Hots, kasuko jakiari dagokion hitz zehatza erabili nahian. Ez digu balio guztia “pasta” delako ideia hutsak. Ez, ez: hitz zehatza ongi erabiltzen jakin nahi izaten dugu.

Berdin gertatzen da garai batean hain exotikoak iruditzen zitzaizkigun eta gaur egun aski etxeratuak (edo, behintzat, jatetxeetaratuak) ditugun zenbait fruiturekin. Kiwia, adibidez. Papaia, adibidez. Mangoa, txinatar litxiak

Nire irudipena da hizkuntza bakoitzeko hiztunok oharturik edo oharkabeki barneratuta daukagula aski absurdoa litzatekeela bilatzen ibiltzea, horrelako hitz bakoitzerako, tokian tokiko hizkuntz ordainak, aurretiaz finkatuta dagoen ordain zehatzik ez daukagunean; gehienez ere, “egokitu-edo” egiten dugu haien ortografia –ez beti oso modu koherentean, esango nuke; baina kontu hori beste artikulu baterako bezainbesteko gaia litzateke–. Jaki-edari kontuetan nahiko unibertsala dirudi beste hizkuntza batekoak diren hitzekiko abegikortasun horrek.

Bidenabar: euskal hitzek ere, gaztelaniazko menuetan behinik behin, harrera ona izaten dute: las kokotxas, el marmitako, los hongos beltza(s), el talo, la intxaursaltsa…

Eta euskararen esparruaren barrenean ere, gogoko izaten dugu jaki bakoitzari bere izena ematea, eta ez soilik osagaiak deskribatzen dituen izendapen bat (nahiz eta horretara ere jotzen dugun): pantxineta ez da “almendra eta kremazko tarta”; errusiar pastela ez da “merenge egosizko pastela”; Tolosako xaxuak ez dira “gorringozko gozagarriak”; Azpeitiko inazioek ere beren izena daukate. Egia esateko, izen berezidun gozoki ugari daukagu: merlitoiak, carolinak, jesuitak, Bergarako rellenoak (haientzat euskarazko izenik ez dut inoiz aditu), Bilbo aldeko forofogoitia xelebreak… nazioarteko klasiko diren Sacher tarta, Tatin tarta…

Ogia erostera joaten zara eta aukeran daukazu baguettea, ciapatta/ciabatta/txapata –askotariko agerpen ortografikoekin–, sopakoa, espainiar ogia, alemaniar ogia, erromatar ogia, pitta ogia

Oharmenari pixka bat eraginez, konturatzen gara oso ezagunak zaizkigun jakiak izendatzeko maileguak zenbateraino dauzkagun gure eguneroko hiztegian naturaltasun osoz sartuta: croissant, brioche, vol-au-vent/volovan/boloban (esan bezala, egokitzapen ortografikoaren gaia ez dut gaur jorratuko), chatka/txatka/txaka, kabiar… aspaldidaniko polboroiak, gâteau basque, pudding eta plum cake, modernoagoak zaizkigun brownie, tiramisù, panettone eta muffinak… azken bolada honetan hain modako bihurtu diren cupcakeak… stracciatella, cro(c)canti… (inork tutti frutti zaporea euskaratzeko premiarik sentitu al du inoiz?)… foie gras, soufflé, panaché/panatxe, crêpeak/krepeak, fondue, minestrone, paella, kebab, muesli… guztiak, hitz arras ezagunak.

Halako batean, esaten dizute Hiztegi Batuak baztertu egiten duela albondiga.

“Herri” hitzaren lilura hori

Xabier Aristegieta Okiñena

Estatuko lege bat zetorren aipatuta. Azaroaren 26ko 30/1992 Legea, “Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearena” gisa euskaratuta dagoena.

Probara aurkeztu ziren laurogeita hamar pasatxo izangaietatik hamar-hamabost inguruk bakarrik asmatu zuten “Herri Administrazio”rekin “administración pública” esan nahi zela. Jende dezentek “administración municipal” jarri zuen.

Kontuan hartzen bada ez zirela kaletik pasatako edozein laurogeita hamar euskaldun, baizik eta euskarako itzultzaile izateko moduko nolabaiteko gaitasunez jantzita bazeudela-edo pentsatzen zuten pertsonak, galdetzeko modukoa iruditzen zait hamar-hamabost pertsona horiek laurogeita hamarren artean egiten duten proportzioa zenbatez ez ote den jaitsiko baldin eta “herri-administrazio”ren esanahiari buruzko inkesta bat egiten badugu euskaldun arruntez osaturiko talde batean. Euskaldun arruntak, bai, administrazioko itzultzaileok euskaratzen ditugun testuen hartzailetzat dauzkagun horiek.

Ez gaizki ulertu: ez naiz ari goian aipatutako izangaien ustezko ezjakintasuna kritikatzen. Alderantziz, zeharo ulergarria iruditzen zait haien “akats” hori. “Publiko” hitza inolako arazorik gabe erabiltzen dugun garai honetan “herri-administrazio” espresioa erabilaraztea nekez ikus dezaket, neke handiz, garbizalekeria-kasketa ez den beste ezertzat.

Eta garbizalekeria soilik izan balitz, gaitz erdi; ezen, garbizalekeriaz jokatzen den askotan gertatu ohi denez, proposatzen diren euskara “jatorrezko” espresioek nahaste-borraste kontzeptuala besterik ez baitute eragiten. Eta, halatan, Orotariko Euskal Hiztegian ikus dezakegu nola gustu guztiak asetzeko moduan erabili izan zaigun, izen-elkartean, “herri” kontzeptua:

HERRI-AGINDU. Poder público. Merkatariari erri-aginduak eguartean saltzen uzten diola ta atsaldean ez diolako asarretzea. Or Aitork 64. Erri-gizona, azkenez, erri-aginduai dago lotuta. Ker ElizG 55, XL (ap. DRA).

HERRI-AGINTARI. (Usado gralmte. en plural). (Las) autoridades (civiles). v. herriburu (2). Erri-agintarien ondoko aulkian [Elizan]. Ag Kr 208. Amezketako erri-agintariak. Muj PAm 67. Ugazaba ta langilleen arteko auzi onetan erri-agintariak eztabela sartu bear. Eguzk GizAuz 163. Erri agintariak jakiñen gaiñean jarri ondoren, […] Mayanaren billa asi zan. Etxde JJ 252. Eleiz agintari ta erri agintariak. Basarri 5. Azkeneko hitza, noski, herriak izango du [udal izenen auzian], eta mintzatuko zaigu hontaz eta hartaz ezin bestean izango ditugun herri-agintarien bitartez. MEIG VIII 118. v. tbn. Or Mi V. NEtx Nola 11. Mde Pr 258. Zait Plat 15. Herri-agindari: TAg Uzt 222.

HERRI-AGINTARITZA. Democracia. Agintaritza bakoitzak berari dagozkion legeak ezarten ditu, ots, errikoiak erri-agintaritzak, iauntxo-legeak, berriz, iauntxokeriak. Zait Plat 130. Erri-agintaritzen aroa. Ibiñ Virgil 42.

Nik orain arte ez dut frogarik ikusi, “herri” hitzak bere “herri” esanahia galdu eta zehatz-mehatz “publiko” esanahia hartzen dueneko ezein kasurik erakusten duenik. Bestela esatearren: nago “herri” hitzak “publiko” esanahia daukala hain zuzen herri-aferek duten ezaugarrietako bat publiko izatearena delako, baina ez “herri”k zuzen-zuzenean “publiko” esan nahi izateagatik. Eta uste dut Orotarikotik bertatik hartu dudan beste pasarte honetan nahiko agerian gelditzen dela “herri”k, funtsean, horixe esan nahi duela, eta ematen zaizkion bestelako itzulpenak herri-izaerak atxikirik dauzkan bereizgarri osagarriak baizik ez direla:

  1. (Como primer miembro de compuestos). (Significados próximos a “patria”). Euren arerijuai baño kastigu latzaguak emoteutsezanak, erri-kaltegarrijak zirianai. Mg PAb 213. Erri saltzaillea. Ag AL 85. De pueblo, de ciudad (opuesto a ‘de campo’). Ostuten deuskubez batzuk erri-lapurrak, ta ez gitxi basa-lapurrak. Mg PAb 109. Eskerrak emanik Erri Saguak, jarraitu zion Basotarrari. VMg 11. Del pueblo. “Erri-ganadue iñorena eztan abereari deritxo” Larrak EEs 1927, 93 nota. Herri sartze orotan Eliza ageri. Hb Esk 200. Erri-sarreran. Ag Kr 216. Arrika egitten eutsen, erri-mugaraño euron atzetik juanaz. Altuna 94. Sartu zan trenian erri-lagunekaz. Kk Ab II 82. Azken aldikoz erri-ikulluan / uts arkituko ganbela. Or Eus 331. [Txalo,] erri-ongilleak orrela goratzen dituzten erriai. Munita 125. Euskaltzale bazkunen batek herri-izenak euskaratzeaz erabaki bat hartzen ez duen arte. Mde Pr 247. Goizeko amarretan zegon erri-meza. Uzt Sas 315. Público; civil. “Herri-eskola (Egunaria 1882, 2), école communale” Dv. “Escuelas públicas, Erri-ikastetxeakEEs 1917, 150. Cf. HERRI-AGINTARI, HERRI-ARAZO, etc. Herri-eskola Jainko gabe hura. HU Zez 111. Erri-gerra artan elkar urratzen ari izatea erdiragarria zan. Or SCruz 33s. Erri-Bazkunetiko soroskiak (Subvenciones de Corporaciones públicas). Ldi IL 120. [Ondorengo oinordeak] ikasgua, iauretxe bailitzan –erri-ogasun bezala, alegia–, eraendu ta erabili bear zuen. Zait Plat 22. Erri-agiriak legez zetozen, baiña eliz-papelik etzan tartean. NEtx LBB 51. Herri legeak iragaitean Jainko legezko hesiak, / giristinoak aurkitzen ditu buru hauste bereziak. Xa Odol 220. Herri-gobernu gaietan. MIH 187. Popular. “Herri-idazlea zen (G-azp)”, “herri joera du orrek (G-azp)”, “erri kantak maite zituen (G-azp)” Gte Erd 198s (en el resto de los lugares, y tbn. en G-azp, emplean herriko y, mucho menos frec., herriaren). v. herrikoi (2). Herri tribunalak. Prop 1906, 144. Bizkai-Aldundiaren Erri-Irakaskuntza-Batzordearen arduraz. KIkV 1. Erri-iritzia nai zenduten eta egin da: Catalunya osoak Estatutoaren alde bota du. Ldi IL 26. Erri-bertso goxoak. Or Eus 16. Erri-jaurgo edo errepublikea. Eguzk GizAuz 43. Paganu-usain gehiegi zeukaten herri sinespenak. Mde Pr 265. Erri anima ausnartu dek ik / gutxik egin duten eran. Basarri 57. Erri-zantzu aundia dute bibion olertitzak. Gazt MusIx 161. Erri-izkuntza apala bere iardunetan erabilliaz. Ibiñ Virgil 22. Balada eta errikantu finlandiarrak. Alzola Atalak 95. Arrotz horren gogoan beharrez barnatu / edo zure burua nahiz enganatu, / herri aiherkundea duzu zu ganatu. Xa Odol 242. v. tbn. Zait Plat 119. Vill Jaink 186. Etxba Ibilt 453. [Herri-literatura definitzeko orduan] nondik Uztapideren liburua [“Sasoia joanda gero”] herri, eta nireak, kasu, ez herri? BAtx Eusk 1992, 532. “Herri arnoa, vin du pays” Dv. Municipal. Erri-auteskundiak. Enb 206. Erri-idazkaria (secretario municipala) zan. Kk Ab II 103. D. Inozenziok zugaitz-berritu ta piztu arazi zualako, izena aldatu ta ordutik erri-paperetan izango da “Munita-baso”. F. Labayen in Munita 9. Nacional. Olerkaria deritzan gizatxoro ori gabetanik, ezta ezagun izan ez erri-pizkunderik, ez-ta erri-elerti-betetasunik. Ldi IL 37. Euskerak eman digu erri-izena. Ib. 67. Herri kontzientzia egiazko baten hutsunea. Mde Pr 44. Beren herri nortasuna egiten dutenak […]: hizkuntza, lege ohitura eta gizarte ohitura, arraza batasuna, etabar. Ib. 44. (Significados próximos a herri (2)). Bitarte onetan erri aldaketarik emen ezagutu ez dala. JMB ELG 24.

Bestela esatearren: nola den sua bero, edo ura busti, horrelaxe dela “herri-” publiko. Jakinik ezen, bata bestearekiko nahi bezain hurbilak edo urrunak izanda, “su” eta “bero” bi kontzeptu ezberdin direla, bai eta “ura” eta “busti” ere… eta, era berean, “herri-“ eta “publiko”.

Hori horrela, “herri-administrazio” “administración municipal” ulertu izana, ba… egia esateko: kontua ez da soilik ez zaidala akats bat iruditzen, baizik eta, agian, hiztegiko adiera- edo adibide-zerrenda luze horri erantsi beharreko beste bat izan litekeela ederki asko, urre, zilar edo brontze berberaz eginiko letretan.

Orotariko Hiztegian “herri-”ri buruz jasotako Orotarako Erabilera horrek zenbait paradoxatarako adina bazka ematen du. Adibidez, nola agerrarazi herri-mugimenduak herri-administrazioen “herri-alternatiba” gisa, biak herriarenak edo herri-izaerakoak baldin badira? Nola bereizi legegintzako herri-ekimena eta erakunde publikoena, azken horiek herri-erakundetzat jotzen baditugu? Nola da “servicio público de transporte urbano? “Herri-garraioko herri-zerbitzua”?

Pixka bat esanahigabetu beharko genuke “herri-“, inolako esanahi identifikagarririk gorde dezan nahi badugu. Besterik gabeko lur publiko bat da “herri-lur” bat? Herri Irratia irrati publiko ote? Eta garai batean ugariagoak ziren herri-errepublikak zer ziren, errepublika “publiko”ak?

Agian komeniko litzaiguke gutxieneko kontzeptu-diziplina bati atxikitzea, “público” eta “popular” (esate baterako) argi eta garbi desberdintzeko modua ezarriz. Dagoen dikotomia nagusia hartuko nuke horretarako abiapuntu: “pribatu”ri “publiko” kontrajartzen diona, baita euskarazko erabilera hedatuenean ere.

Uler dezaket, noski, kasuan kasuko testugilearen begikotasun politikoen arabera protagonismo handiagoa edo txikiagoa eman nahi izatea “herri” kontzeptuari, baina esango nuke kontzeptuak dagoeneko finkatuxeago beharko genituzkeela eduki, norberaren kuttuntasun partikularren baitan uzteko baino.

Ez nuke amaitu nahi “herri” hitzaren bi ezpal ohargarri hizpide hartu gabe:

“Herrigintza”.

Ba al daki inork zer ote den “herrigintza”, “herri egite” literalaz harago? Baiezkoan, eskertuko nituzke esanahia finkatzen laguntzeko ekarpenak. Azken urteotan –eta, oso oker ez banago, hitzari euskaraz darion epopeia-lurrin hori dela medio–, zenbait politikariren ahotan aski bolo-bolo dabilen hitza dugu. Orotariko Hiztegiak “política” esanahia ematen dio. Niri dagokidanez, eta kontrako agindurik ematen ez zaidan bitartean, “herrigintza” “construir país” da, eta gaztelaniazko horrenak bezain testuinguru liriko-epikoetatik kanpo erabiltzeari uko egiten diot bipil.

“Herritar”.

  1. “Herri” kontzeptuaren gainean eraikitako “herritar” izenak oso ondo funtzionatzen du besterik gabeko hitz orokor bat, ia-ia “biztanle”ren parekoa, behar dugunean.

Baina gure inguruko hizkuntza nagusietan, garrantzitsutzat jotzen duten bereizketa bat egiten da: Frantses Iraultzaren printzipioak aplikatzen dituen estatu-nazioko biztanleentzat gordetzen dute hizkuntza horiek ciudadano/ citoyen/ citizen izena (bai eta antzinako Grezia eta Erromako eskubide osoko biztanleentzat ere). Aipagarria, honi dagokionez, 1789ko Déclaration des droits de l’homme et du citoyen, euskarazko Wikipedian Gizonaren eta Herritarraren Eskubideen Adierazpena itzulita agertzen dena (logikoa, “ciudadano/a”rako “herritar” atenporal hori gailendu zaigunez). Monarkia absolutuen garaiko biztanleentzat, ordea –eta artikulu hau gehiegi ez luzatzearren aipatu gabe utzi beharrekoak diren kontsiderazioak tarteko–, súbdito/sujet hitzak dira erabilien gaztelaniaz eta frantsesez.

Bereizketa hori euskaraz egitearen beharrik ikusten ez duenari, zuzenbide edo historia arloetako adituei entzutea eskatuko nioke.

  1. Baina “herritar”etik “herritartasun” dator, eta horrek esanahi are gehiagotarako atea irekitzen du. Horrela, zenbait kontsultagunetan “nazionalitate” kontzeptuaren euskal itzulpen gisa ikus dezakegu. Adibidez, Elhuyar hiztegian (“nazionalitate”rekin batera jasotzen du, baina horren aldean pixka bat hobetsita, susmoa hartzen diodanez). Euskaltermek kasurik gehienetan “nazionalitate” edo “naziotasun” eskaintzen duen arren, kasu bakanen batean “herritartasun” ere jasotzen du.

Egia da “nazionalitate” kontzeptua eztabaidagarria dela horren atzean zer eta nazio bat ala estatu bat dagoen planteatzen den unetik aurrera. Nolanahi ere, adibide hau ez dut aipatzen “naziotasun” ala “estatutasun” behar duen eztabaidatzeko (jakingarria, dena den, alemanez erabiltzen den Staatsangehörigkeit terminoa, estatuarekiko lotura azpimarratzen duena), baizik eta, “herri”rekin bezala, “herritar”en hipertrofia semantikoa murrizteko beharra oinarritzen saiatzeko.

Udako opor atsegingarriak eta atsedengarriak opa dizkizuet. Ni, deserriratu egingo naiz pixka bat.

ADITZ-izena eta aditz-IZENA

Xabier Aristegieta Okiñena

Susmoa daukat batzuetan nahiko itsuki heltzen diogula aditz-izenaren itxura hutsari, alderdi formalari alegia, besterik gabe aditz-izen hori izen peto-peto baten parekotzat jotzeko. Esan nahi dudana da, adibidez, eman aditza aditz-izen bihurtua ikusten dugula emate bat begiz jo bezain laster, eta, behin horri “aditz-izen” etiketa jarri ondoren, askotan ez dugula hortik aurrerako gogoetarik egiten horren erabilerari dagokionez. Aditz-izen guztiak berdinak izango balira bezala, alegia.

Baina kontuak badu mami gehiagorik, eta komeni da ohartzea aditz-izen baten portaera ez dela beti bera izaten; horrela, nola erabiltzen dugun, batzuetan gehiago hurbiltzen zaio aditz baten portaerari, eta, beste batzuetan, izen batenari.

a)   Aditzetik hurbilago: ADITZ-izena

Ikus dezagun honako adibidea:

  • Mozio horren bidez, Nafarroako Gobernua premiatzen da genero indarkeriaren salaketak erretiratzeari buruzko azterlan bat egin dezan.

Adibide horretan, “erretiratze” aditz-izenak osagarri zuzen bat du: “genero indarkeriaren salaketak”. Eta, dakigunez, osagarri zuzena aditzaren osagarri bat da, ez izenarena. Beraz, aditz-izena izan arren, aditzaren ezaugarri horri heldu dio.

Eta aditzaren ezaugarri gehiagori ere euts diezaioke ADITZ-izenak, honako adibide honetan ikus dezakegun bezala:

  • Nire aitak amari gona gorria ekartzeari buruzko kanta hori oso entzuna dago.

Hor, ekartze ADITZ-izenak, osagarri zuzenaz gain (“gona gorria”), subjektu bat ere badu (“nire aitak”), bai eta zeharkako osagarri bat ere (“amari”). Horiek guztiak, aditz bati loturiko elementu sintaktikoak, eta ez izen bati lotuak. Horiek bezalaxe, adizlagunak ere lasai-lasai erants lekizkioke ADITZ-izenari:

  • Nire aitak amari atzo gona gorria ekartzeari…
  • Nire aitak amari atzo Eskoziatik gona gorria ekartzeari…
  • …eta abar.

b)   Izenetik hurbilago: Aditz-IZENA

Lehenbizi jarritako adibideari kontrajarrita, honako hau proposa liteke:

  • Mozio horren bidez, Nafarroako Gobernua premiatzen da genero indarkeriaren salaketen erretiratzeari buruzko azterlan bat egin dezan.

Ikusten denez, -EN atzizkia gehituz, lehenengo adibidean aditz-izenaren osagarri zuzena zena orain izenlagun bihurtu dugu. Erretiratze aditz-izena da, bai, baina izenaren osagarri horri heldu dio. Eta, horri ez ezik, adjektiboari ere bai. Adibidez:

  • Mozio horren bidez, Nafarroako Gobernua premiatzen da genero indarkeriaren salaketen erretiratze kezkagarriari buruzko azterlan bat egin dezan.

Beraz, ADITZ-izena / aditz-IZENA aukera horretan, aditz-izen baten aurrean gaude bi kasuetan, baina badirudi esan genezakeela ADITZ-izena hurbilago dagoela aditz-izaeratik, eta aditz-IZENA, aldiz, izen-izaeratik.

Bataren edo bestearen alde hartutako erabakiak baldintzatu egiten ditu konbinaketa sintaktikorako aukerak, ikusi dugunez. Baina konbinaketa sintaktikoari loturikoez bestelako eragin semantiko bat ere izaten du erabaki horrek. Eragin-mota hori abstraktutasun / zehaztasun ardatzean kokatzen da, eta jarraian horretantxe sakondu nahiko nuke pixka bat, esango bainuke euskarazko itzulpenetan ez dela beti oso aintzat hartzen.

Aurrera jarraitu aurretik, esanda utzi nahi nuke gogoan izan beharrekoa dela ezen, euskalki batean ez bada ADITZ-izena erabiltzeko aukerarik ematen, ez dugula eskueran izango, pentsatzekoa denez, aditz-IZENarekiko kontrajarpen-aukera hori ere, ez eta horren ondoriozko bereizketa semantikorik ere.

Abstraktutasun / zehaztasun ardatza

Oro har, badirudi ADITZ-izenak abstrakzio-maila batean formulatuta adierazten duela kasuko ideia edo ekintza; horrenbestez, ez digu ematen errealitatean gauzatutako ideia edo ekintza baten berri. Horrek ez du esan nahi ADITZ-izena ikustetik ezinbestean interpretatu behar denik ideia edo ekintza hori ez dela errealki gauzatu, baizik eta ADITZ-izena ez dela iristen horri buruzko informazioa emateraino.

Aldiz, ADITZ-izenaren eta aditz-IZENaren arteko bereizketa egiten den hizkeran (eta euskara batuan egin egiten dugu bereizketa hori), aditz-IZENA, gehienetan, egiazki gauzaturiko ideia edo ekintza bat adierazteko erabiltzen dugula iruditzen zait. Hori erakusteko, onena adibide batzuk jartzea izango da:

  • “Titanic”en hondoratzea / “Titanic” hondoratzea.

Titanicen hondoratzea gertakari –edo, nahiago bada, “gertakin”– historiko bat da. Gertakari gertatu bat, alegia. “Titanic hondoratzea”, ordea, bere horretan, ideien eta kontzeptuen mailako elementu bat besterik ez da. Berdin gertatzen da ondoko bi adibideetan.

  • Amerikaren aurkitzea edo aurkikuntza / Amerika aurkitzea.
  • Normandiako lehorreratzea / Normandian lehorreratzea.

Bada, aurreko adibide horien bidez defendaturiko interpretazioarekin ados baldin bagaude, komeni litzateke begirada zorroztu genezan hain historia ezagunekoak izan ez arren halaber gertatuak eta, beraz, historikoak diren esaldiak euskaratzean:

  • Comparecencia del Consejero para informar sobre la ejecución del Plan Foral de la Juventud 2013.

Bi aukera:

ADITZ-izena: Kontseilariaren agerraldia, Gazteriari buruzko 2013ko Foru Plana betetzeari buruz informatzeko

Aditz-IZENA: Kontseilariaren agerraldia, Gazteriari buruzko 2013ko Foru Planaren betetzeari buruz informatzeko

Foru Plana dena delako moduan bete izanari buruz ari bada gaztelaniazko esaldia, eta ez Foru Plana betetzearen inguruko ideia abstraktu bati buruz, bigarren aukerak ematen du egokiena.

  • Fundazioa desegiteari buruzko bere iritzia azaldu zuen.

Fundazioaren desegiteari buruzko bere iritzia azaldu zuen.

Fundazioa desegitea egitasmo bat baldin bada –hots, desegitasmo bat–, edo gogoetagai huts bat, egokia iruditzen zait lehenbiziko aukera. Baina fundazio-desegite hori jadanik gertatu bada, nire ustez bigarrena litzateke zuzena, ez lehena.

Abstraktutasun/zehaztasun ardatza eta nominalizazioak

Azken adibide horiek agerian uzten duten beste gauza bat da kasuan kasuko ekintza gauzatu izanaren edo ez izanaren berri ez emate hori euskarazko ADITZ-izenak gaztelaniazko (eta beste hizkuntza batzuetako) nominalizazioarekin duen ezaugarri komuna dela (artikulu honetan defendatzen ari naizen ikuspegitik, ezaugarri hori nominalizazioak ez luke konpartituko, paradoxikoki, aditz-IZENarekin).

Horregatik, sorburu hizkuntzako nominalizazio batekin topo egitean (ere), behar-beharrezkoa da itzultzaileak arreta handiz jokatzea, eta azter dezan ea nominalizatutako aditzak ekintza gauzatu bat ala gauzatugabe bat adierazten duen. Dena delakoagatik (ikerlanerako denbora-faltagatik, adibidez) itzultzaileak ez badu lortzen horri buruzko zalantza argitzea, zuhurragotzat jotzen dut ADITZ-izena erabiltzea aditz-IZENA baino (eta, zer esanik ez, aditz jokatua erabiltzea baino, horrek dakarren orainaldi, lehenaldi eta geroaldiaren artean aukeratu beharrarekin); zeren, esan bezala, ADITZ-izenak ekintzaren gauzatzea ez baitu ez baieztatzen ez ezeztatzen.

Ikus ditzagun bi adibideok:

  • Seminario “imagen y realidad mediática”, sobre la representación de las mujeres en los medios de comunicación.

Representación horrek ez digu bere horretan argitzen ea representación que se ha ofrecido en los medios de comunicación esan nahi duen (alegia, gertaturiko ekintza bat), ala representación hori modu intenporalagoan jorratzen den; adibidez, emakumeak komunikabideetan islatzeak oro har dituen nondik norakoei buruzko mintegi bat izateagatik.

o   Esan bezala, itzultzaileak hori argitzerik ez duen bitartean, zuhurragoa eta ziurragoa iruditzen zait ADITZ-izena erabiltzea, bai eta islatze hori modu abstraktuan jorratua dagoela egiaztatzen duenean ere:

“Irudia eta errealitate mediatikoa” izenburupeko mintegia, emakumeak komunikabideetan islatzeari buruzkoa.

o   Baldin eta itzultzaileak ziurtatu egiten badu representación de las mujeres [efectivamente ofrecida] en los medios de comunicación dela esanahia, orduan, aditz-IZENA:

…mintegia, komunikabideek eskaintzen duten emakumeen islatzeari buruzkoa (beste itzulpen-aukera batzuen artean, eta izen baten ordez –isla edo irudia, adibidez– aditz-izena erabiltzea erabakitzekotan; ohar bedi komunikabideetan adizlagunak halakoa izateari utzi egin diola aditz-IZENA erabiltzean).

  • El Parlamento de Navarra vuelve a mostrar su más profundo rechazo a la prolongación de la vida útil de la central nuclear de Garoña.

Prolongación nominalizatuak ez du argi uzten jadanik gertaturiko egintza bat adierazten duen (alegia, se ha prolongado esan nahi duen) ala ideia huts bat den (plan bat, gogoetagai bat…).

o   Ziurtatzen badugu jadanik harturiko erabaki bat dela (hots, gauzaturiko zerbait):

Nafarroako Parlamentuak berriro ere adierazten du zeharo arbuiatzen duela Garoñako zentral nuklearraren balio-bizitzaren luzatzea.

o   Zalantza gelditzen bazaigu egiazki gauzatu ote den, edo ziur baldin badakigu ideia huts bat dela:

Nafarroako Parlamentuak berriro ere adierazten du zeharo arbuiatzen duela Garoñako zentral nuklearraren balio-bizitza luzatzea.

 

Ziur nago hemen adierazi dudan ideiak salbuespen bat baino gehiago izango duela. Nolanahi ere, uste dut orain arte eskaini izan zaiona baino arreta handiagoa merezi duela.

“Euskaldunización”

Xabier Aristegieta Okiñena

Supituki gorputza erreakzio alergiko moduko baten bidez erantzuten hasi izan balitzait bezala, euskaldundu, euskalduntzeri emandako euskaldunizar, euskaldunización itzulpena halako ondoez, halako hozki bat sortzen hasi zait azkenaldi honetan.

Bai, bai, argi dago jadanik bere bidea egina duen itzulpen bat dela, era guztietako euskarrietan ofizialki erabilia eta zeharo hedatua.

Bada, errespetu osoz eta hitz batean esanda, niri gaztelaniazko euskaldunización hori desegokia iruditzen zait. Eta, hitz bat baino gehiagotan esanda: xelebrea, karikaturazale-bazka eta, okerrena dena, etxekalte hutsa, euskaldunok Administrazioan euskaraz zerbitza gaitezen daukagun eskubidearekiko begirunearen ikuspegi zorrotz-zorrotzetik begiratuta.

Noan pausoz pauso.

  • Euskaraz, izena + TU edo adjektiboa + TU zeharo egitura arrunta eta neutroa da: gizon+TU= gizondu, garbi+TU= garbitu. Horrela, ba, euskaldun+TU= euskaldundu. Hitz gardena eta ulergarria.
  • Alabaina, eta oraindik euskararen esparrutik atera gabe, ez da inola ere hain arrunta “[hizkuntza]DUN+DU” egiturakoak erabiltzea hizkuntza bat ikasi izanaren emaitza adierazteko. Horrela, adibidez ingelesa ikasi duzula adierazteko, euskarazko lehenbiziko hautua, erabileraren ikuspegitik, ez da “ingelesdundu naiz” esatea. Edo “frantsesdundu” zarela esatea, frantsesaren kasuan. Eta, horretara ezkero, ezta euskara bera ikasi duzula adierazteko ere, nahiz eta egia den ohikoagoa dela “euskaldundu” esatea “ingelesdundu” esatea baino. Hala eta guztiz ere, normalagoa da “euskara(z) ikasi dut” esatea “euskaldundu naiz” edo “nire laguna euskaldundu da” esatea baino. Pentsatzen dut horretan ados egon gaitezkeela.
  • Euskaltzaindiaren Hiztegiak adierazten du euskaldundu dela “euskaldun bihurtu, euskaraz ikasi”. Bestetik, HABEren webgunean azalpen hau ematen da “Conceptos básicos y niveles del euskera” atalean: La euskaldunización consiste en enseñar euskera a quien lo desconoce. DRAEk ere jasotzen du hitza, eta hogeita hirugarren argitalpenaren aurrerakinean artikulu berri gisa eskaintzen du:

       euscaldunizar o euskaldunizar: dar carácter euscaldún a una persona o cosa.

Ikusten denez, DRAEko adiera aldendu egiten da HABEk adierazitakotik, bai eta, neurri txikiagoan, Euskaltzaindiaren Hiztegikotik ere.

  • Onartu beharrekoa da euskarazko euskaldundu horrek, bere ulergarritasuna eta artifizialkeriarik eza direla medio, baduela indarrik. Eta pentsatzera menturatzen naiz ez ote zen grabitate-indar hori izango, Administrazioaren euskalduntzearen hasierako garai haietan, kasuko itzultzaileari tira egingo ziona euskaraz hitz bakarrean esaten den prozesu horrentzat gaztelaniaz orobat hitz bakarreko espresio bat bilatu nahi izatera eta, halatan, euskaldunizar aukeratzera, gaztelaniazko hitz horri, lehen itxura batean, euskaldunduren itzulpenik naturalena eta parekoena iritzita. Baina ba al zen, egiazki?
  • Ohartarazi behar da gaztelaniaz ere lehen euskarari buruz adierazi duguna gertatzen dela: ingelesa edo frantsesa ikastea adierazteko anglicizar edo galicizar aditzak erabiltzea xelebrekeria galanta gertatzen da. Baina, euskaraz ez bezala, non euskaldundu hain arraroa ere ez den (nahiz eta ez izan aukera lehenetsia), gaztelaniazko euskaldunizarek pilula irensgaitza izaten segitzen du sektore askorentzat. Eta, agian, ez da harritzekoa.
  • Ezen –eta hemen dago koska, nire ustez– gaztelaniaz zeren berri ematen digu -izar bukaeradun aditz batek? Esan nahi dut: zer ideia gailentzen da tankera horretako aditzetan? Hizkuntza-ikaste huts bat? Ez dut uste. Senak iradokitzen du horrelako hitz batek badaukala mami gehiagorik.

o   Hasteko, gaztelaniazko euskaldunizar aditza iragankorra da; euskaldundu, ordea, NOR nahiz NOR-NORK eratakoa izan daiteke, Hiztegi Batuan ere jasota datorrenez. Horrek esan nahi du ezen, “euskaldunizarse uno a sí mismo” adiera alde batera utzita, euskalduntzen den pertsona hura norbaitek egiten duen euskalduntzearen objektu bezala dagoela ikusia euskaldunización prozesuan, jadanik gramatikaren beraren ikuspuntutik hasita. Gaztelaniazko euskaldunizarek egiten duena da euskalduntzen den pertsona hura euskalduntzearen jasaile bihurtu. Eta jasailetasunaren ideiak errazago iradokitzen du inposaketarena. Euskaraz, ordea, “norbait euskaldundu da” esan daiteke “norbait Txindokiren tontorrera igo da” esaten deneko aktibotasun-kutsu berberarekin. Esaten dudanaren erakusgarri da joan den martxoaren 27an Nafarroako Parlamentuan egin zen Osoko Bilkurako mintzaldi baten transkripzioa itzultzean egokitu zitzaidana: “Hau da, ez da inor kalera botako. Bakarrik eskatzen dena da pertsona horiek euskalduntzea eta euskalduntzeko plan bat izatea.” “Pertsona horiek euskalduntzea”. “Que esas personas se euskaldunicen”? “Que se euskaldunice a esas personas”?

o   Erabileraren ikuspegitik, zer-nolako prozesu adierazteko erabiltzen dira –izar bukaeradun aditzak? Hein handi batean, prozesu despertsonalizatuez aritzeko: tekniko edo industrialak (salinizar, impermeabilizar, industrializar, canalizar, recapitalizar, internacionalizar, localizar, globalizar, informatizar, domotizar, monopolizar…), soziologikoak (romanizar, europeizar, americanizar, sovietizar, criminalizar, socializar, resocializar, evangelizar, cristianizar, normalizar, elitizar, arianizar, radicalizar, uniformizar…) eta abar. “Despertsonalizatuak” diodanean ez dut esan nahi, bistan da, pertsonei eragiten ez dietenik, baizik eta pertsonen indibidualtasunarekiko begiramenik gabe eginikoak direla kasu askotan (hori orokorrean diot, ez baitira falta escolarizar edo alfabetizar bezalakoak). Eta, despertsonalizazioaz gain, nolakotasun-aldaketa behartu baten ideia gailentzen da, nolakotasun bat gehiago eskuratzearen, irabaztearen, ideiaren ordez.

Horrela, ba, euskaldundu, euskalduntze gaztelaniaz euskaldunizar, euskaldunización itzulita, mesede makala egiten zaio euskalduntzeari: euskaldunizaciónek ez du aditzera ematen euskalduntzea den besterik gabeko euskara-ikasketako prozesua, zeinaren bitartez langile batzuek euskaraz ikasten duten, herritarroi euskarazko zerbitzua emateko gaitasuna izan dezaten eta, horrela, euskaraz artatuak izateko dugun eskubidea errespeta dadin. Ez. Euskaldunización hori berbakote itsusi bat da, euskalduntzearen okerreko ulerkera bat hauspotzen duena, euskalduntzea ingeniaritza sozialeko prozesu inposatu gisa agerrarazi nahi dutenei horretarako bidea zelaitzen diena. Hobe genukeen programa de aprendizaje de euskera/euskara soil eta neutroa, euskalduntzea horixe besterik ez baita. Baina horretarako finezia politikoa falta izan zen.

Funtzio metalinguistikoa eta deklinabidea

Xabier Aristegieta Okiñena

Eman dezagun esaldi hau:

Ezin da Gerra Zibilaz hitz egin.

Perpaus horrek, ahozko mintzaldi batean entzuna denean, ez du, berez, ulerkera desberdinetarako aukera handirik ematen, ezta? Horixe besterik ez du esan nahi: ezinezkoa dela Gerra Zibilaz hitz egitea. Entzuleak espero izan dezakeena da hizlariak jarraian azaltzea zertan oinarritzen den hori esateko (adibidez, halako tokitan adierazpen-askatasunik ez dagoela esatea, edo baliabiderik ez dagoela, eta abar).

Joan den astean ETBko programa batera gonbidatu zuten iritzi-emaile bati aditu nion esaldi hori, oker ez banago. Baina hizlariak hori baino gehiago esan zuen. Honelako zerbait, hain zuzen (eta, esandakoa entzuteak sortu zidan efektua aditzera eman nahi dudanez, ondokoan bazter utzi dut komatxoen erabilera, horiek irakurle bati soilik, eta ez ni bezala entzule zirenei, zaizkiolako lagungarri):

Ezin da Gerra Zibilaz hitz egin, hura altxamendu faxista bat izan baitzen.

Hara! Beraz, ez zuen esan nahi izan Gerra Zibilaz ezin denik hitz egin, baizik eta ezin dela hitz egin «Gerra Zibila» izena merezi duen zerbaiti buruz. Alegia, «Gerra Zibila» izena ez dela egokia, gaizki erabilita dagoela, gertakari historiko hura izendatzeko. Hizlaria gertakari historiko horri erreferentzia egiteko erabiltzen den espresioaz ari zenez, haren solasaldiak, une horretan, funtzio metalinguistikoa betetzen zuen.

Ziurrenik, euskarazko esaldi horrek gaztelaniatiko kutsadura pairatzen du, gaztelaniaz «no se puede hablar de Guerra Civil» esango baikenuke (utz dezagun orain alde batera ea kasu horretan «Guerra Civil» letra larriz ala xehez idatzi behar den).

Gertatzen dena da gaztelaniatik euskararako balizko itzulpen horretan xehetasun bat, antza, itzalpean gelditu zaiola hizlariari: ohar bedi ezen, kasu horretan, funtzio metalinguistikoarekin gaztelaniaz artikulua berariaz ezabatu dela, zeren eta «no se puede hablar de Guerra Civil» esaten baita, eta ez «no se puede hablar de la Guerra Civil». Eta horrek, esango nuke, badu bere logika: funtzio metalinguistikoa baliatzean, hizkuntzari dagokion osagai bat jorratzen da (kasu honetan, guerra civil kontzeptua, errealitateko adibide konkretuetatik bereizita); artikuluak, ordea, uztarri batek bezala, espresioa errealitateko gertakari konkretu bati itsasten dio (la Guerra Civil; hots, «esa que todos conocemos»).

Eta «Gerra Zibilaz» deklinatu hori, noski, gaztelaniazko espresio artikuludunari dagokio; ez funtzio metalinguistikoan erabili den artikulugabeari.

Jarritako adibide hori bezalaxe, beste batzuk ere harrapatu ditut:

Ezin da Trantsizioari buruz hitz egin, ez delako trantsiziorik izan.

Ezin da injerentziez hitz egin.

Tira, kasu bera dira: esan nahi da, hurrenez hurren, «trantsizio» eta «injerentzia» izenak desegokiak direla hizpide harturikoak izendatzeko (no se puede hablar de Transición, edo no se puede hablar de injerencias esan nahi zuten; baina adibideetako euskarazko esaldiek egiazki esan nahi dutena da no se puede hablar de la Transición eta no se puede hablar de las injerencias).

Edo beste hau:

Errespetuaz eta bizikidetzaz hitz egiten da. Nik uste dut falazia bat dela. [alegia, kontua ez da «errespetuaz eta bizikidetzaz» hitz egiten dela, igandeko futbol-partidaz hitz egin daitekeen bezala, baizik eta ideia horiek argudio gisa erabili direla, tokiz kanpo eta faltsukeriaz]

Euskaraz ulergarritasun-problema bat sortzen da, besterik gabeko izen deklinatu horiekin euskaraz ez delako funtzio metalinguistikoaren arrastorik ere transmititzen, eta horregatik, euskal entzuleak ezin dituelako esaldi horiek zentzu horrekin ulertu.

Jorratzen ari naizen ulergarritasun-problema hau ez da hain larria idatzizko mezuetan. Izan ere, grafikoki, komatxoak erabiltze hutsarekin, ulertarazten dugu funtzio metalinguistikoa erabiltzen ari garela:

Ezin da «Trantsizioari» buruz hitz egin, ez delako «trantsiziorik» izan. (Ukituko ez dudan beste kontu bat da ea zer den komenigarriagoa: kasu-marka komatxoen barruan joatea, ala kanpoan uztea).

Baina ahozko hizkuntzan komatxoek ez digute balio, non eta ez garen hasten, ingelesdunek ohi duten bezala, komatxoak behatzekin airean «marrazten».

Zer egin, orduan? Niri bururatzen zaidana da euskaraz badaukagun espresio oso mesedegarri bat erabiltzea, susmo dudanez nahiko txokoratuta utzi duguna, nahiz eta luzaroan erruz erabili izan dugun –esango nuke «oso modan» egon zela– trakets samarrak begitandu izan zaizkigun hitzak, edo bitxiak, edo ezezagunak, edo jatortasuna norbaitek ezbaian jarrita zeukatenak, duda-mudatsu eta baimena eskatuz bezala diskurtsoratzeko: «delakoa/direlakoak» famatua. Horrela,

  • ezin da «Gerra Zibila» delakoaz hitz egin (egia da: komatxoekin segitzen dut, baina, oraingoan, «delako» horrek zuzenean ohartarazten du entzulea aurrekoa komatxo artean doala).
  • ezin da «Trantsizioa» delakoari buruz hitz egin.
  • «Errespetua» delakoaz eta «bizikidetza» delakoaz hitz egiten da.

 Ez dut esan nahi irtenbide perfektua eta zalantzagabea denik, baina iruditzen zait hurbilago dagoela kasuan kasuko hizlariak egiazki esan nahi izan duen horretatik. Dena den, irtenbide hoberik aurkitzen baduzue, eskertuko nizueke horren berri ematea.

‘-go’ atzizkiaren multzokaritasunaz

Xabier Aristegieta Okiñena

Euskaltzaindiaren 73. arauak honakoa xedatzen du:

1. Euskaraz askotan ez dago izen multzokariaren beharrik, nahikoa da plurala erabiltzea: ikastetxe honetako irakasle eta ikasleak, herri bateko biztanleak, hizkuntza bateko hiztunak, etab.

2. Hala ere, izen multzokaria beharrezkoa denean, -eria atzizkia erabil bedi: langileria, gazteria, biztanleria edo bezeria.

3. -go atzizkia erabil bedi:

– ofizioa, lanbidea adierazteko: artzaingoa, zurgingoa, etab.
– tasuna adierazteko: euskaldungoa, ahaidegoa, etab.

Bi parte nagusi bereizten dira arau horretan: lehena, euskaraz izen multzokariak erabiltzearen beharrari buruzkoa; eta bigarrena, multzokaria erabiltzea erabakiz gero erabili behar den edo ez den atzizkiari buruzkoa.

Lehen parteari dagokionez, ezin naiz Euskaltzaindiarekin ados egon “euskaraz” askotan ez dagoela izen multzokariaren beharrik dioenean; hau da, multzokarien erabilera, nolabait, hizkuntza bakoitzaren “estilo”ari dagokion kontu bat izango balitz bezala. Nik esango nuke multzokariak, euskaraz, beste hizkuntza batzuetan bezainbeste erabiltzen ditugula:

noblezia, burgesia, klero (bai, azken hori ere Hiztegi Batuan jasota dago), eskifaia, banka, tresneria, makineria, iruditeria, argiteria publikoa, ikus-entzuleria, klase politikoa, galdetegi, zuhaitz-multzoak adierazten dituzten -di atzizkidun izen guztiak (pinudi, harizti…), bai eta zuhaitz ez direnak adierazten dituztenak ere (araudi, gaztedi, gizadi, ontzidi, uhartedi… Jesusen Lagundi), klaustro, gudaroste, armada, legeria, genoma, proteoma, hezurdura, lumaje, problematika, dokumentazio, abesbatza, orkestra… eta abar eta abar.

Edozeren multzoa ale lokabeez haragoko errealitatetzat hartzeko beharra ikustea edo ez ikustea, ez zait iruditzen hizkuntza zehatz baten ezaugarritzat har daitekeenik.

Halako beharrik ikusten ez denean, zer esanik ez, plural hutsa erabiltzen dugu. Hortaz, ez bedi uler plurala naturaltasun osoz erabili behar denetan hitz multzokari bat artifizialki erabiltzearen apologia egiten ari naizenik artikulu honetan.

Gogoan dut nola Fundéu-k iaz precariado hitzari bere oniritzia eman zion. Honelaxe arrazoitu zuen hori:

Precariado es un neologismo válido, respetuoso con las normas académicas sobre formación de palabras, que puede definirse como ‘sector social que se ve sometido a inestabilidad e incertidumbre laboral prolongadas y que no percibe ingresos o estos son bajos’.

De origen incierto, puede considerarse un acrónimo de precario y proletariado, opción mayoritaria en otros países, o interpretarse simplemente como un sustantivo derivado de precario, del mismo modo que a partir de proletario, voluntario o notario se crean proletariado, voluntariado o notariado con idea de clase, conjunto o colectivo, de acuerdo con las definiciones del Diccionario académico.

Errepikatzen dut: “con idea de clase, conjunto o colectivo”. Ez dut arrazoirik ikusten motibazio hori bera euskaraz ere ez edukitzeko.

Multzotasuna adieraztea (hots, ugaritasuna, baina ezaugarri komun batzuek ematen duten batasunaren berri ere emanez) adierazpide ezberdinak aurkitzen dituen premia dugu. Adierazpide horietako beste bat da, oso nabarmenki, euskaraz ere indarra hartu duen kolektibo substantiboa: halako auzoko emakumeen kolektiboa, halako eta halakoaren ondoriozko kaltetuen kolektiboa, KALERATZEAK STOP DESAHUCIOS GIPUZKOA kolektiboa, Haizea emakumeen kolektiboa, Euskal Preso Politikoen Kolektiboa eta abar[1]. Hiztegi Batuak ere jasotzen du kolektibo hitza, nahiz eta ez duen zehazten izen gisa, izenondo gisa ala bata nahiz bestea berdin onartzen duen (horra, beraz, argitu beharreko beste zerbait).

Ikusten den bezala, bide ertzera etengabe azaltzen zaigu plurala ez den baliabideren baten bidez adierazitako pluraltasuna. Eta, horrenbestez, uste dut aski esan dudala Euskaltzaindiak euskaraz multzokariak erabiltzeko premia ustez “apalago”ari buruz dioenaz pentsatzen dudanaz.

Jarraian, bigarren parteari ekingo diot. Alegia, hitz multzokari bat erabiltzea erabakitakoan, -go atzizkia horrelako hitz bat eratzeko desegokia izatearen ideiari.

Arauan, Euskaltzaindiak dio -go atzizkia erabili behar dela lanbide bat edo tasun bat adierazten duten hitzak eraikitzeko soilik. Arauaren atariko azalpenean ikusten denez, esanahi multzokaria berria duelako ez du –go atzizkia multzokaritzat onartzen Euskaltzaindiak. Zehazki, esanahi horren agerpena 1970eko hamarkada inguruan kokatzen du.

“Esanahi horren agerpena” esan dut, baina hobeto legoke, inondik ere, “esanahi horren uholdea” esatea, harrezkero hitz horren erabilera zeharo nonahikaria eta noiznahikaria izan baita. Eta horrelako erabilera masibo bat alboratu ahal izateari buruzko auzia bururatzen zait.

Dena den, eta gogoeta hori gorabehera, kontua da Orotariko Euskal Hiztegiak berak ere jasotzen dituela esanahi horren lekukotasunak.

Adibidez:

apaizgo. 2. Clero. v. apaizkunde. Apaizgoa santua izateko, eta Jainkoari atsegin zaizkion opari izpiritualak Jesu Kristoren bitartez eskaintzeko. IBe 1 Petr 2, 5 (IBk apaizgo).

etsaigo 2. Conjunto de enemigos. Olako etsaigo gaiztoaren aitzi. “Contra un tal ejército maldito”. Gazt MusIx 135.

irakurlego. Público lector, lectores. Oso apala dela gure literaturaren irakurlegoa. In MEIG VIII 27.

Erreferentzia-kontsulta ez badut oker egin, lehen adibidea Elizen arteko Bibliatik aterea da, bigarrena Juan Ignacio Goikoetxea “Gaztelu”ren Musika ixilla. Música callada. Fray Luis Leon eta Donibane Gurutzen olerkirik onenak, erderaz eta euskeraz lanetik (Donostia, 1963; beraz, 1970eko hamarkada baino lehenagokoa), eta hirugarrena noren eta Koldo Mitxelenaren Euskal Idazlan Guztiaketik.

Baina -go multzokariaren alde badago autoritate-argudio hutsa baino gehiagorik ere.

Ezen -go atzizkiak “tasuna” adierazten baldin badu, eta -tasun atzizkidun hitzek esanahi multzokaria ere har dezaketela aurkitzen badugu, nahiko erraz-edo ondoriozta dezakegu -gok ere, “tasun” esanahia tarteko, balio multzokaria har dezakeela.

Ondoko adibidea Orotarikoak ere ematen digu:

Anaitasun 2. + anaiatasun (Urt), anajetasun (Añ). Hermandad; cofradía, congregación. “Collegium, anaiatasuna” Urt V 333. “Cofradía” Añ. v. anaidi. Apostoluen anaiatasun guztiz gloriosoak, / Profetekin konfraria nola laudatzekoak, / Gehiago Martirien armada triunfantak, / Berze Sainduekin tuzte erraten zure kantak. EZ Man II 15. Anaiatasun hunetakoen arropa biz prezio handia eztuen oihaletik. Harb 424 (se refiere a la tercera orden de San Francisco). Ortik Podatarien anziñako anaiatasuna. ‘La antigua Hermandad de Podavines’. Izt C 147. Baita ere Sakramentu guziz Santuaren anaitasuna ipiñi zuen, parroki edo bezeroteiko pobreen alde eta oien onerako. Aran SIgn 82. Españako erri anziñakoetan, zeñetan ere San Migel izeneko Anaitasun edo Kofradi asko jarri ziran. SMiguel 8. Andra Mariaren eta bere senar San Joseren alkartasunak eta anaetasunak. Itz Azald 202. Itsasora zijoazenak, eta itsasotik bizi ziranak anaitasun eta elkargo bat zeukaten Donostian. Etxeg RIEV 1908, 192. Apezek, herri-gizonek, anaitasunek diruz laguntzen zituzten arizaleak. Lf in Casve SGrazi 9.

Horren arabera, Euskaltzaindiari jarraituz langilegoren esanahia den langiletasunak anaitasunaren bide beretik eskain diezaguke multzokaria. Eta, jakina, ez naiz hipotesi-joko baten denbora-pasa hutsean ari, baizik eta erabilera oparo baten justifikazioa eman nahian.

Eta, bestetik, Euskaltzaindiaren araua oso murriztailea da: -go atzizkiaren esanahiak tasun baten edo lanbide baten berri ematera mugatzen dira? Non dago tasuna (argi baitago ez dutela “lanbide” esanahia adierazten) gehiengo edo gutxiengo hitzetan? Herritarren gehiengoak nahi duena esaldian, herritarren tasun ukiezin bati buruz ari gara, ala hezur-haragizko herritar-multzo bati buruz? Elkargo bat, partzuergo bat, erkidego bat, tasun etereoak dira, ala subjektu jakin batzuk? Jarraigo bat pertsona-talde bat izango da ba, ez?

Eta, azkenik, Euskaltzaindiaren arauarekin aurrez aurreko kontraesanean dauden kidego, udaltzaingo eta foruzaingo bezalakoak aipatu behar. Nire ustez, batere dudarik gabeko esanahi multzokarikoak.

Euskaltzaingo hitza ere existitzen da. Artikulu honetan defendatzen dudan ideiarekin ez, baizik eta Euskaltzaindiaren aipatu arauarekin bat datorren esanahia ematen dio Orotariko Hiztegiak:

euskaltzaingo. Figura en Eusk 1919-1920 (II), 92, como neol. oficialmente aprobado por Euskaltzaindia, con el sentido de “cargo de académico de la LenguaVasca”.

Jakingarriagoa iruditzen zait, alabaina, Hiztegia 80k dakarren azalpen mamitsua[2]:

Euskaltzaingo: nombre propuesto por Azkue para denominar a la corporación académica de la lengua vasca, y que por la presión de los aranistas, deseosos de formar más nombres en -di para justificar así el Euzkadi del “maestro”, no fue aceptado en votación, triunfando, para vergüenza de la propia academia, el término incorrecto Euskaltzaindi.

“Corporación” académica dio. Alegia, ez lanbide, ez kargu eta ez tasun. Nork eta Azkuek proposatuta, gainera (beste autoritate-argudio bat ematea barkatuko didazue).

Informazio horren egiazkotasunaz, jakina, hiztegiaren egileei galdetu beharko.


[1] Gaztelaniaz giza multzoei colectivo deitzeko joera, tinko kritikatu du Fernando Lázaro Carreter-ek El dardo en la palabra liburuan (Galaxia Gutenberg-Círculo de Lectores, Bartzelona, 1998. 193. orrialdea). Zehazkiago esatearren, berak colectivo ametitzen du, bai, baina sistema burgesaren aurkako borrokarekin loturiko esparru soziopolitikoko taldeak eta antzeztaldeak izendatzeko, gehienbat. Besterik gabeko interes komunak dituzten gainontzeko gizataldeez aritzeko, ordea, argiro egiten du plural hutsaren alde. Bistan dagoenez, bestelakoa da artikulu honetan defendatzen dudan ideia, bai eta –ulertzen dudanez– lehen aipaturiko Fundéu-ren irizpenekoa ere.

[2] Nire eskerrik beroenak Baga, biga, bloga! Blogeko Jozulin-i, hari irakurrita izan bainuen, Interneten euskaltzaingo hitzaren bila nenbilelarik, Hiztegia 80k dakarren ohar horren berri.

Muin erreduziezina

Xabier Aristegieta Okiñena

Joan den urtarrilaren 13an, Patxi Petrirenak argitze-ahalegin eskergarri bat plazaratu zuen blog honetan bertan, “Ezaz” izenburupean. Laburbilduz, xede zuen aztertzea ea “eza” “gabezia” esanahiko izen bezala erabiltzen denean, izen horrek -a itsatsia duen ala ez; hots, “eza” ala “ez” ote den. Ikusirik, besteak beste, Hiztegi Batuan “-ik eza” gisa jasota agertzen dela, eta ez “-ik ez” gisa.

Patxi Petrirenak gaiari heltzeko hartu zuen ikuspegia izan zen, nik ulertu nionez, informazio kontrajarriak eskaintzen dituzten iturriak erabiltzean zirt edo zart egitearen korapiloarena.

Oraingoan, ordea, gai hori beste ikuspegi batetik landu nahi nuke, sumatu uste dudan gertakari baten testuinguruan kokatuz.

Planteatzen dudan ideia da zenbait erregulartasun hautsi egiten ditugula euskaraz, automatismo ez makalez, erregulartasun horiek azken bururaino eramateak ulergarritasunari egingo liokeen kaltea saihesteko; eta esango nuke jokabide hori inspiragarri gerta dakigukeela hizkuntzaren beste bazter batzuetan ere (aipaturiko eza/ez zalantza, esate baterako), dena delako erabakia hartzerakoan beti ulergarritasunaren aldera lerratzeko.

Esandako hori funtsatzeko, aditzoinari buruzkoak diren adibide hauek jarri nahi nituzke gaurkoan:

1. adibidea: “Etsi”ren taldea. Hiztegi Batuan honako informazioa eskaintzen zaigu zerrendaturiko aditzei buruz:

askietsi, askiets, askiesten. du ad.

balioetsi, balioets, balioesten. du ad.

ederretsi, ederrets, ederresten. 1 du ad. Ipar. ‘onartu’ 2 dio ad. ‘eder iritzi’

handietsi, handiets, handiesten. du ad.

“Etsi”ri dagokionez, ordea, honako hau jasotzen da:

etsi 1, etsitzen. du ad.

“Etsi, etsitzen”. Alegia, ez “etsi, esten”.

2. adibidea: “Hezi”. Hiztegi Batuak jasotzen du:

hezi, hez, hezten. du ad.

Aditzoina “hez” da, Hiztegi Batuaren arabera. Hortik sortzen da, adibidez, “hezle” izena, Hiztegi Batuan jasoa, nahiz eta ezin esan oso erabilia denik, “hezitzaile”ren aldean (hori ere Hiztegi Batuan jasoa). Zergatik erabiltzen da gehien “hezitzaile”, logikoena edo –lehen erabili dudan hitzari eustearren– erregularrena “hezle” litzatekeenean?

Era berean, “aztertu”ko “azter”ek “azterketa” ematen duen bezalaxe, “hezi”ko “hez”ek “hezketa” eman beharko luke. Baina ez da halakorik esaten, ezta Hiztegi Batuan jasotzen ere.

Eta, “sartu”ko “sar”ek “sarbide” ematen duen bezala, “hezi”ko “hez”ek “hezbide” eta, hortik, “hezpide”ra eraman beharko gintuzke… ustez. Baina ez: “hezibide” ematen du, eta halaxe jasotzen du Hiztegi Batuak.

Eta ez du “hezkarri” ematen, baizik eta “hezigarri”.

3. adibidea: “Heldu”. Hiztegi Batuak hauxe jasotzen du:

heldu 1, hel, heltzen

Baina “jarri”ko “jar”ek “jarleku” ematen duen ez bezala, “heldu”ko “hel”ek “helduleku” ematen du; ez “heleku”.

Goiko adibideek erakusten dute, nire interpretazioaren arabera, aditzoinaren identifikagarritasun-problema bat gertatzen dela. Eta horren eskutik, ulergarritasun-problema bat.

“Esten”en nekez identifikatzen dugu “etsi” aditza. “Balioesten”en bai, baina ez “-esten” bukaeragatik, baizik eta “balioesten“ horrek “balioetsi” bloke osoa identifikatzeko adina material, grafiko nahiz fonetiko, eskaintzen digulako. Baina “esten” laburregia da, eta, beste ezein elementurekin uztartuta joan gabe, ez digu bertan “etsi” argiro atzitu ahal izateko modurik ematen. Hortaz, ezin dugu ulermenari kalterik egin gabe “etsi” erreduzitu.

“Hezi”ko aditzoina “hez” dela ikusi dugu. Alabaina, eta batez ere ahozko (entzunezko) diskurtsoari dagokionez, esango nuke “hezi” hori ezin dela ulermenaren kalterik gabe erreduzitu, non eta hatxe hori hasperendun egiten hasten ez garen, ezen arriskua dago aditz nagusi gisa ez baizik eta aditz laguntzailearen ezeztapen gisa interpretatua izateko. Adibidez, norbaitek “hez dezagun astakilo hau” bezalako zerbait esaten badu (“esan”, diot; ez “idatzi”), askoz ere nekezago ulertuko zaio “hezi dezagun” esanda baino. Ezezko aditz gisa ulertuko genioke askok… eta aditz nagusiaren esperoan geratuko ginateke: “ez dezagun… zer?”.

“Hezitzaile”k ere, iruditzen zait askoz samurrago egiten duela ulermena “hezle” gordin batek baino (esan bezala, bai “hezitzaile” bai “hezle” Hiztegi Batuan jasota ageri dira).

Horrenbestez, “heziketa” esanahi-familiaren muin erreduziezina, ahozko diskurtsorako behintzat, “hezi” litzateke.

“Hel gaitezke” problemarik gabe ulertzen da. Baina “heldu” ezin dugu erreduzitu, “leku”ri uztartuta badoa.

******

Aurreko horren guztiaren argitan behatuko nioke nik ez/eza aferari. Horretarako, Patxi Petrirenak Ereduzko Prosa Gaur-tik aterata eskaintzen dizkigun adibide batzuei heldu nahi nieke; zehazki, berari bitxiak egiten zaizkion batzuei:

Segurtasun-eza hori
Segurtasun eza handia
Ahalmen eza honen iturburuak
Xarmarik eza hura
Segida eza batzuk
Arrazoimen-eza politikoa
Bortxakeriarik eza aktiboa

Pentsatzen dut “eza” -a itsatsidun bezala agertu izana dela bitxi iruditze horren arrazoia. Baina nik uste dut –a itsatsi horrek baduela logikarik: “segurtasun ez handia” esango bagenu, ez al litzateke oso sintagma ekibokoa izango? Entzulearen edo irakurlearen ulermenari ez al litzaioke gailenduko segurtasuna “ez handia” izatearen ideia? Edo arrazoimen “ez politikoa” izatearena, beste adibide bati heltzearren? Egia da “eza”ren aurreko izena partitiboan egoteak ulermen egokirako bidea ematen digula; baina duda dut zantzu eskas samarra ez ote den. Alegia, eta beste adibide bat jartzearren: “agintariekiko begirunerik ez larria” esatean kolpe batean ulertzen al da “begirunerik eza”z ari dela, eta ez “ez larriaz”? Ez naiz galdetzen ari partitiboa behar adinako pista izan “beharko” litzatekeen ala ez, baizik eta ea egiazki, praktikan, halakotzat funtzionatzen duen euskaldun gehienentzat ala ez. Eta, horren arabera, ez/eza substantiboaren muin erreduziezina “ez” den ala “eza” den.

Konparazio finduak

Xabier Aristegieta Okiñena

1.- Euskaraz darabiltzagun konparazio-perpausik ohikoenetan, bi konparagai ezberdin egoten dira (beheko adibideetan, A eta B), eta horiek alderdi zehatz bati dagokionez (maila, zenbatasuna edo modua, EGLU-Ven arabera) konparatuak dira.

Konparazio-perpausetako egiturarik arruntenetako batzuk hauek dira:

(1)   A, B baino handiagoa da
(2)  
A, B bezain handia da
(3)  
Ak Bk adina diru dauka
(4)  
Ak Bk baino diru gehiago dauka

Har dezagun, adibidez, 3. konparazioa: Ak Bk adina diru dauka. Hor, Euskaltzaindiari jarraituz,[1] bi perpaus daude:

Perpaus nagusia: Ak X diru dauka
Perpaus txertatua: Bk X diru dauka

Euskaltzaindiak dio bi perpausek “egitura paraleloa izan behar dutela konparazioa bideratuko bada”[2]. Eta geroago[3]:

…bi perpaus paralelo horietan, maiz, errepikatzen diren osagaiak izango dira. Kasu horretan perpaus txertatukoak isilpean utziko dira.

Osagaiak errepikatzen ez badira, kontrastean jarri behar dira, eta, horrenbestez, perpaus txertatukoak ere agerian egongo dira.

Hori horrela, aukeratu dugun adibidean osagaiak errepikatzen direnez (diru, dauka), perpaus txertatukoak ezabatu egiten dira.

Horrelakoak dira euskarazko testuetan aurkitzen ditugun konparazio-perpaus gehienak. Baina ez noa horietaz hitz egitera.

2.- Zenbat eta ugariagoak izan konparazio-perpausetako perpaus nagusiak eta txertatuak desberdin dituzten eta, horrenbestez, agerian utzi beharrekoak diren osagaiak, orduan eta konplikatuago bihurtzen dira konparazio-perpaus horiek. Has gaitezen adibide batzuk ikusten:

  • …dice con una sonrisa de medio lado, característica de quien ha roto tantos platos como palabras ha escrito.(EL PAÍS, 2013ko abenduaren 13koa)

Goiko konparazioan, elementuak hauexek dira:

Perpaus nagusia: norbaitek X plater puskatu ditu
Perpaus txertatua: norbaitek X hitz idatzi ditu

Ikusten denez, errepikatzen den osagai bakarra subjektua da: aditzak ezberdinak dira, eta osagarri zuzenak ere bai (haien kopurua berbera izan arren). Horrek esan nahi du konparazioan jaso behar ditugula errepikatzen ez diren elementu guztiak. Itzulpen proposatu bat: hitzak idatzi dituen adina plater puskatu dituen norbaiten irribarrez…

Beste adibide bat:

  • La lista de despilfarros es tan larga como nulas las responsabilidades políticas asumidas por la gestión de RTVV (EL PAÍS, 2013ko azaroaren 10ekoa)

Esaldiko elementuak:

Perpaus nagusia: Zarrastelkeria-zerrenda X luzea da
Perpaus txertatua: RTVVren kudeaketaren ondorioz onarturiko erantzukizun politikoak X ezerezak dira

Kasu honetan errepikatzen den osagaia aditza da. Itzulpen bat izan liteke: Zarrastelkeria-zerrenda da RTVVren kudeaketaren ondorioz onarturiko erantzukizun politikoak ezerezak diren bezain luzea. Baldar-kutsuko itzulpena da, eta gainera, elementu errepikatua (“izan” aditza), teorian ezaba zitekeena, agertzea komeni da, ulergarritasunari laguntzeko.

Beste aukera bat izan liteke euskarazko “bata nolakoa… bestea halakoa” egituraren tankerako bat erabiltzea: RTVVren kudeaketaren ondorioz onarturiko erantzukizun politikoak nolako ezerezak, halako luzea da zarrastelkeria-zerrenda. Tira, baliteke.

EGLU-Ven[4] adibide bakan hau aurkitu dut:

  • Gogoa azkar bezain bixta xorrotx zuen oraino lauetan hogoi urtetan (J. Etchepare, Buruchkak, 160)…

Horri jarraikiz suertatuko litzaigukeen konparazioa: RTVVren kudeaketaren ondorioz onarturiko erantzukizun politikoak ezerez bezain zarrastelkeria-zerrenda luzea da. Perpaus nagusia atzeratuegi, nire ustez.

Azkenik, eredu erromanikoari helduz, honela gelditzen zaigu: Zarrastelkeria-zerrenda hain luzea da nola ezerezak baitira RTVVren kudeaketaren ondorioz onarturiko erantzukizun politikoak. Ez dakit zuei zein gustatuko zaizuen gehien, baina niri, behintzat, azken horixe iruditzen zait asegarrien.

 Orain arte landu dugun adibidearen ildokoa da beste hau:

  • Bien es verdad que desde hace dos años los móviles de Nokia eran tan europeos como americanos los de Apple,… (EL PAÍS, 2013ko irailaren 8koa)

Baina konparazioak oraindik gehiago konplexutzen joan daitezke, halako moduz non gerta baitaiteke perpaus bakoitzean orain arte ikusi ditugun hiru elementuetatik (subjektua, aditza, kasuko osagarria) beste perpausekoarekin bakarra ere bat ez etortzea, asmatutako adibide honetan ikus daitekeenez:

  • Pedro compró tantas botellas como goles metió Antonio

Alabaina, eta harrigarria izan badaiteke ere, konparazio horrek ez du euskaraz hainbeste arazorik sortzen: Antoniok zenbat gol sartu, hainbeste botila erosi zituen Pedrok. Itxuraz behintzat, zeren eta lehenbiziko partean aditz laguntzailea ez agertzeak lausotu egiten baitu aditzaren ekintza egiazki gauzatu izanari buruzko ulermena. Nolanahi ere, eredu erromanikoa ere geratuko litzaiguke.

3.- Ezin aipatu gabe utzi konparazio konplexu samar hauek ingelesezko testuetan duten agerpen oparoa.

  • To be a king and wear a crown is a thing more glorious to them that see it than it is pleasant to them that bear it[5]

Dena den, bereziki maiz agertzen dira jarraian jasotzen ditudan adibideak bezalakoak, eta zalantza sortzen zait ez ote duten azpikategoria bereizi bat osatuko, orain arte aipaturikoez bestelakoa, zenbatasunaren eta moduaren artekoa: heinarena. Ikus ditzagun:

  • To adapt what Poincaré said of science: history is built up with facts, as a house is from stones; but a collection of facts is no more history than a heap of stones is a house.[6]
  • …the charting of a strait or the crossing of a mountain range cannot be isolated from its consequences, any more than the invention of the steam engine or the discovery of penicillin can be treated as technical matters, without consequences for the human race.[7]
  • In fact these half-dozen or so texts give no more idea of what the 70,000 or so works in the field represent than six pebbles will tell you what Chesil Beach looks like[8]
  • They would no more use their predecessors’ work than a modern astronomer would use Galileo’s feeble (but history-making) telescope for present-day history-making research[9]
  • I don’t believe that the readers who enjoy these stories care who actually does the typing, any more than they care whether Mr Kipling actually bakes his own cakes[10]
  • Life does not cease to be funny when people die any more than it ceases to be serious when people laugh[11]

Ingelesez sinpletasun harrigarriz ematen diren esaldiak guztiak ere, euskaratzean izerdi batzuk botatzeko modua ematen dutenak, tamalez.

4.- Gaurkoan aztertu ditudan konparazioen abantaila da haien bidez lortzen den zehaztapen-mailak testugileari modua ematen diola testu horri distira guztiz berezia emateko, testu-hartzaileari loturaren bat izan zezaketela burutik pasa ere egingo ez litzaiokeen elementuen artean zeharo ustekabekoak diren erlazioak argipera ekarriz. Horregatik, zinez konparazio “finduak” diren konparazio hauek sintaxi landuaren gailurretako bat iruditzen zaizkit. Desabantaila da, euskararen kasuan, erronka sintaktikoak ekartzen dituztela, ikusi dugunez. Eta horren erakusgarritzat jotzen dut tankera horretako konparazioen agerpena hain urria izatea euskaraz. Esate baterako, konparazio-perpausei EGLU-Vek eskaintzen dizkien 150 orrialde baino gehiagoetan, eskukada bat adibide baino gehiagorik ez dut aurkitu aipatzen ari naizen perpausenak.


[1] EGLU-V, 285. orrialdea
[2] Ibid., 285. orrialdea
[3] Ibid.,, 286. orrialdea
[4] 322. orrialdea
[5] Elisabet I.a Ingalaterrakoa, The Golden Speech, 1601eko azaroaren 30ekoa
[6] Peter Whitfield, Mapping the World: a History of Exploration
[7] Ibid.
[8] John Sutherland, 50 Literature Ideas You Really Need to Know
[9] Ibid.
[10] Ibid.
[11] George Bernard Shaw, The Doctor’s Dilemma

Paradoxa-txinpartak

Xabier Aristegieta Okiñena

Zehaztasuna, jatortasuna, komunikagarritasuna, adierazkortasuna, egokitasun terminologikoa, xede-irakurleriaren nolakotasunak… zer esanik ez, gramatika eta ortografia, Euskaltzaindiaren arauak… Horiek guztiak kontuan hartu eta, horrela ere, lantzen ari garen testua ez zaigu, batzuetan, behar bezain on ateratzen. Gure itzulpena beste bahe batetik iraganarazi beharra egoten baita, oraindik ere: ustekabeko txinpartak balira bezala, xede-testuan sor daitezkeen efektu paradoxikoen oharmenarena.

Zapaterok onartu zuen gaur egungo langabezia-tasa onartezina dela, zioen euskarazko albiste batek. Berez, esaldia ez da kontraesanezkoa (irudi hori emateko merezimenduak badituela aitortu behar zaion arren): Zapaterok onartezintasuna zuen onartzen (langabezia-tasarena), eta ez langabezia-tasa bera. Dena dela, halako zorabio bat behintzat sortzen du esaldi horrek, ez?

Sarbide bidegabea, ohartarazten zuen idazkun batek. Gaztelaniaz: acceso indebido. Biderik gabeko bidea? Bere burua ukatzen duen burua? Burua bera ukatzen diogun burua?

Orain dela bizpahiru aste aurrezki-kutxatik posta elektroniko bidez bidali zidaten publizitate-mezu batek bizi-aseguru bat iragartzen zidan. Eskainitako baldintzen artean honakoa dago: «…hil bat doan, aseguru bat kontratatuz gero (…) 2 hil doan, asegurua 2 lagunek edo gehiagok kontratatuta”. Mezuaren goiburua: “oso aukera osasungarria». Gaitz erdi.

Batzuetan efektua ez da paradoxikoa, baizik eta arras enfatikoa: supermerkatuko lata hartan gaztelaniazko espárrago blanco de Navarraren ordez euskarazko Nafarroako zainzuri zuria irakurri nuenean, haien koloreaz behinik behin ez zitzaidan, alajaina, zalantzarik gelditu. Zainzuri berdeaz, ordea, ezin gauza bera esan.

Efektu paradoxiko, enfatiko eta are komikoak, detektatuak zein detektatugabeak, ez dira inola ere, jakina, euskarazko testuen esklusiba. Adibidez, orain dela hilabete batzuk argitaratutako egunkari-informazio batek (oraindik ere dago aurkigarri Interneten, datu gehiago jakin nahi dituztenentzat bidenabar esanda) honela zioen: La artista asegura que su condición de incondicional del PP no le ha supuesto ningún trato de favor. Argi dago horrelako esaldi batek ez ziola hozkirik sentiarazi kazetariari.

Eta bukatzeko: deigarria egin zitzaidan John Berger arte-kritikariak aspaldi batean Picassori buruz idatzitako biografia baten gaztelaniazko itzulpena. Izan ere, ustez misteriorik ez zeukan ingelesezko izenburu jatorrizkoa (The success and failure of Picasso) gaztelaniaz Fama y soledad de Picasso hitzekin emana agertzen zen, eta halatan, jatorrizkotik dezente aldenduta. Esanahi-lerratze funsgabe bat? Ez oraingoan. Nire kolkorako hitzez hitz itzultzeari ekin, eta irribarre batekin konturatu nintzen arrazoiaz: success… failure… éxito… fracaso…

…de Picasso.