Gutarrismoa eta itzultzaile ikusezina

Santi Leoné

Joan den uztailean Baionan egin nuen ikastaro batean (interesgarria izateaz gain, ikastaroak bi egunez sanferminetarik ihes egiteko aukera eman zidan; beraz, esker mila anitz UEUri), Ibon Uribarrik erran zuen maiz saiatzen dela itzulpenak itzulpen direlako arrastoak ezabatzen. Jatorrizko testu baten bertsioa izanik, zenbaitek bigarren mailakotzat jotzen dute bertze hizkuntza batera ekarririko testu hori, eta, horren ondorioz, batzuetan saiatzen da bekatu hori ahal den heinean atzenarazten.

Erabat ikusezina izan gabe, itzultzailearen izena, kasu gehienetan, neketan ailegatzen da liburuen azaletara. Gure auzo erdaretan, behinik behin, ez da ohikoa –ez Folio-n, ez Anagrama-n, ez J’ai lu-n, ez Libros del Asteroide-n–, salbuespenak badira ere, hala nola Acantilado edo Gallimard-eko Du monde entier bilduma. Euskaran, ordea, ez da batere arraroa itzultzailearen izena egilearenaren azpian agertzea liburuaren azalean. Beharbada horregatik (eta gurea mundu txikia delako) egiten dut euskaran bertze hizkuntzetan egiten ez dudana: liburu bat itzultzaileagatik aukeratu. Behin baino gehiagotan, itzultzailea nor den ikusita erosi (eta irakurri) baitut berez jatorrizko bertsioan erosiko nukeen liburu bat (hala jokatu nuen Grégoire Bouillierren Txostena niri buruz-ekin, adibidez), edo bereziki erakartzen ez ninduen eta, beraz, espainolez erosiko ez nukeen liburu bat (errate baterako, hori izan zen Denon Artean argitaletxeak kaleratu zituen Milena Agusen bi liburuen kasua).

Gauzak konplikatu egiten dira euskaraturiko liburuak euskal gaia (hori zernahi delarik ere) euskal publikoari begira lantzen badu. Hau da, gure hizkuntzara bihurturiko liburua erdaraz sorturiko «euskal» liburua bada. Arima salbu, gutarra bada, alegia. Hori, adibidez, ez da Dolores Redondoren Zaindari ikusezina-rekin gertatzen, bistan baita euskal kutsuak kanpoko merkatuan liburuari exotismo puntu bat emateko balio duela, eta egileak ez duela bere burua euskal literaturaren partetzat hartzeko inolako interesik. Euskal koloreko literatura espainola (eta komertziala) da, eta –nafar thrillerra izendatuta ere– ez du bertzelako asmorik. Irakurleak aise harrapatuko du itzultzailearen izena lehen orrialdean.

Diferentea litzateke, ordea, egilea gutarikoa balitz, eta bere burua gutar gisa aurkeztu nahiko balu. Toti Martinez de Lezearen liburuen itzulpen batzuk ikusita, behin baino gehiagotan nire buruari galdetu izan diot ea egilea euskaraz idazten hasia ote zen. Zinez detektibe lana eskatzen baitzuen esku artean nuena itzulpena zela aurkitzeak. Hala da, adibidez, Maria Galanta, Abadesa nobelaren kasuan: itzultzailearen izena (itzulpen enpresa batena, hain zuzen ere) bilatu egin behar da, ez zaizu bidera aterako, bertze liburu batzuetan (argitaletxe bereko Dolores Redondoren liburuan, konparaziora) ohikoa den bezala. Hortxe dugu Uribarrik Baionako ikastaroan aipatu printzipioa muturrera eramanda: itzulpenak bere buruaren aztarna guziak ahalik eta hobekien ezabatu ditu, produktua jatorrizkoa balitz bezala pasarazteko. Gutarrismoaren bideak misteriotsuak dira, zinez, baina baita eraginkorrak ere: lagun baten semea Martinez de Lezearen liburu bat irakurtzen ari da institutuan, eta, aitak kontrakoa erran artio, euskaraz sorturiko testua leitzen ari zela uste zuen. Tira, ez da hori makurrena: irakasleak berak ez zekien itzulpen bat lantzen ari zela bere ikasleekin.

Aurreiritziak

Santi Leoné

Lewis Trondheim-en Approximativement espainolez irakurri nuen, Mis circunstancias izenburuarekin Astiberrik egindako itzulpenean. Itzulpen txukuna, erraz irakurtzen dena, trabarik batere egiten ez duena, puntu batean izan ezik. Une jakin batean, pertsonaia batek (ez dakit Trondheimek berak edo bertze marrazkilari batek –liburua ez dut eskuar, galdua baitabil nire gauzen anabasan, eta, hortaz, buruz ari naiz–) besta bat eman du bere etxean, eta, gonbidatuen arabera, dena xarmantki joan da, primeran; izan ere, hara bildutakoek gauza txar bakarra dute aipatzeko: bikote bat komunean harrapatu zuten, musuka –besándose, espainolezko bertsioan–. Esaldia gutienez bi aldiz ageri da liburuan (berriz diot, buruz ari naiz), gertaerak pertsonaiei atentzioa eman zien seinale. Harritzekoa da, halere, musu tonto batzuek, komunean eta ezkutuan emanda ere, jende gazte desinhibituaren artean hainbertzeko eskandalua sortu izana, eta, beraz, uste izatekoa da komuneko bikote hura en train de baiser ari zela atzeman zutela, larru jotzen alegia, eta ez (bakarrik edo nahitaez) musuka.

Lehenengo irudia

Zinez liluragarria da baiser aditzaren balio bikoitz hori: erromantikoa izan daiteke, melenga izateraino, Charles Trénet-ek haurtzaroan huts eginiko amodio baten oroitzapenak zerrendatzen dituelarik bezala (Toutes les joies, tous les désirs, toutes les larmes, / La jalousie, les cris, les pleurs et les baisers…), edo zakarra eta are desafiatzailea ere, Virginie Despentes-en Baise-moi hartan bezala.

Filma ere egin zuen gero Despentesek (Coralie Trinh Thi-rekin batera), baina AEBko bertsioan ez zuten ongi eman titulua, han Fuck me (jo iezadazu larru) behar zuena, Rape me (bortxa nazazu) bihurtu baitzen. Eta, Trondheimen liburuaren itzulpenari esker, badakigu Kiss me ere ez zatekeela egokia izanen. Baina AEBko honetan, Astiberriko hartan ez bezala, ez dugu hutsune bat itzultzailearen ezagutza linguistikoan; ez dugu nahi gabeko akats bat. Filmaren kasuan, itzultzaileak bere aurreiritziak ekarri ditu itzulpenera, eta luze eztabaida liteke baise-moi-berdin-rape-me horretan ageri den ikuspuntua soilik itzultzailearena den edo xede kulturan nagusi den ikusmolde baten isla ote den.

Bigarren irudia

Nolanahi ere, egia da hizkuntza guzietan aurkitzen ditugula ideologiaren zantzuak, eta bakar bat ere ez dela matxismotik edo arrazismotik libre. Eta ongi da, nire ustez, gure hizkuntzan harrapatzen ditugun arrasto horiek agerian uztea eta kritikatzea (Iñigo Aranbarrik, konparaziorako, maisuki egiten duen bezala), eta bertze hizkuntzetan ikusten ditugunak nabarmentzea, baina etxekalte ariko ginateke gure aurreiritzien ondarea kanpokoekin aberasten ibiliko bagina.

Miguel de Unamunoren erbesteko sonetoak kaleratu berri ditu Maiatzek, Jean-Louis Davantek euskarara eta frantsesera bihurtuak. Ehun eta hiru poemaren itzulpen bikoitza: lan izugarri handia, beraz, gure esker onak merezi dituena. 77. sonetoan, baina, gauza batek atentzioa eman dit (gaiari heltzeko manera bat da: egia aitortzeko, Twitterreko txio batek eman zidan abisua). Unamunok «Un mariquita aquí, una marimacho / por allí» idatzi zuen tokian, Davantek honela eman du euskaraz: «Pederasta bat hemen, lesbiana bat han». Uste izatekoa da Unamunok, «marimacho» hori idatzi zuelarik, lesbiana erran nahi zuela (nahiz eta Davantek frantsesez «hommasse» aukeratu duen –jatorrizkoaren esanahi literaletik hurbilago, beraz–, eta ez «lesbienne»). «Pederasta», ordea, neketan iduritzen zait onargarri (frantsesez, «hommelette» izan da Davanten hautua).

Hirugarren irudia

Egia da frantsesez «pédé» irain gisa erabiltzen dela homosexualak izendatzeko, eta hori bezain egia da, hiztegian, «pédéraste» hitzaren bigarren adiera hauxe dela: «Homme qui a des relations sexuelles avec d’autres hommes», beti ere esanahi horrek ondoan «par extension» edo (non begiratzen dugun) «abusivement» zehazten duen oharra duela. Baina frantsesez nolanahi den ere, galdera da, batetik, erabilera horrek tradiziorik duen euskaran (nik ez dut horrelako adibiderik kausitu ez Orotariko Euskal Hiztegian, ezta Ereduzko Prosa Gaurren ere); eta, bertzetik, ea horren kutsu iraingarria eta nabaria duen solas bat –homosexualak eta pederastak nahierara nahasten dituen erabilera linguistiko bat– inportatu nahi dugun. Gure aurreritziak aski ez eta auzoarenak ere ekarri behar? Bada, aukeran hobe ez.

Oharra: goian ageri diren irudiak honako argitalpen honetatik hartuak dira: Mis circunstancias, Lewis Trondheim (Astiberri Ediciones)