Lehenaldia baino lehenagokoak

Iñigo Errasti Aranbarri

Gaurkoan esatera noana gauza jakina izango da ziur asko gehienentzat, baina, pentsaturik blog honek denetariko irakurleak dituela, baten bati lagunduko diolakoan idatzi dut.

Aspaldi ez dela, lehenaldiko aditz baten ordaina nola eman zalantzan zebilela esan zidan ofiziokide batek. Ez dut gogoratzen zer hizkuntzatan zegoen haren jatorrizko testua; bai, ordea, pluskuanperfektu edo burutu-burutu horietariko bat zela: había amado, avait parlé, had come… halakoren bat zen; horiek baino konplikatuagoa, beharbada. Egia esateko, ez dakit zer erantzun nion, ezta zalantza argitu ote nion ere, baina hara non topatu diodan oraintsu Mitxelenari horren gaineko pasartetxo bat (letra lodia neurea da):

Badirudi gure gramatikariek, euskara bere-berean aztertu beharrean –eta zenbat eta erdalkeriaren etsaiago, orduan eta areago– ez dutela kezkarik erdal kategoriak euskaraz nola adieraz daitezkeen azaltzea baizik. Oraindik orain idazten zuen, esate baterako, Umandik, Aita Omaetxebarriaren iritziak zuzenduaz: “Sar(tu) ziteken: podía o hubiera podido entrar” ez dira berdin. Beren artekoa andia dala deritzaigu”. Gure ustez ere, horrelaxe da. Baina nekerik gabe egiazta daiteke –nekerik gabe, gramatika jakite enpiriko bat denez gero, testuetatik atera behar dena, ez inoren burutik– euskarazko sar zitekeen (ziteken hori berbera duzu, laburtua izatea) erdaraz “podía, pudo, había podido, hubiera podido entrar” itzul daitekeela, batere bereizkuntzarik gabe. Aldi horiek gaztelaniaz bereizten direla, eta guri zer? Zertan ari gara? Erdal ala euskal gramatikaren legeak ematen?

(Asaba zaharren baratza, 1960)

Mitxelenaren azalpenari buelta emanez gero, esan liteke erdarazko forma burutu-burutok, askotan, ondo adierazten direla euskaraz iragan burutu «soilez» (alegia, tartean izan aditza sartu gabe ere). Jakina, ez dugu hori modu bakarra lehenaldian jada igaroak edo eginak dauden ekintzak adierazteko, beheraxeago ikusiko dugun legez.

Halakoak nola itzuli diren ikusteko, edo zeinahi kontsulta egiteko, baditu EHUk tresna bi apropos-aproposak: bat, berriki aurkeztu duten EHUskaratuak corpusa; bestea, lehenagotik erabilgarri zegoen kontsultagunea. Nik dakidala, izatez, gauza bera dira, baina, oraingoz, bereiz daude, eta ez dituzte liburu beren itzulpenak ematen; osagarriak dira, beraz.

Batetik eta bestetik hartu dizkiet adibideak Patxi Petrirenari eta Garikoitz Otamendiri, Xabier Olarrari, Irene Aldasorori, Juan Garziari eta Jon Muñozi.

Hala, bada, iragan burutuko ordainak eman dituzte itzultzaileek batzuetan:

Max sourit d’un air entendu, il avait fait la même remarque à M. Ruche dans l’après-midi lorsqu’ils avaient répété la séance.

Maxek irribarre egin zuen, adituaren plantan, ohar berbera egin baitzion berak Ruche jaunari arratsaldeko emanaldi-saioan.

Desde los tiempos del propio Arana, el nacionalismo vasco había mantenido una postura ambigua en esta cuestión.

Aranaren beraren garaietatik, euskal nazionalismoak jarrera anbiguoa izan zuen kontu horretan.

He had often dreamed in vivid color, especially when he dreamed of landscapes and painting.

Ordu arte, kolore bizikoak izan zituen ametsak beti, batez ere paisaia eta margolanekin amets egiten zuenean.

Baina, halakoekin batera, sarri erabiltzen dute aditz-partizipioa ere, artikuluarekin nahiz -ta/-rik atzizkiekin:

Pour le conseiller, de Gaulle avait nommé un comité de douze «sages», représentant chacun une discipline scientifique.

Aholku eman ziezaioten, batzorde bat izendatua zuen De Gaullek, zientzia-arlo bakoitzeko ordezkari ziren hamabi «jakintsu»z osatua.

Even in 1733, the study of man had long been a fascinating task for philosophers, physicians and poets..

Arituak ziren 1733 baino askoz lehenago ere filosofoak, medikuak eta olerkariak gizakia aztertzeko zeregin liluragarrian.

La letra eme no cuenta en este análisis porque la había recogido algunos años antes, mucho antes de saber que algún día iba a necesitarla, pero si lo hice (recogerla sólo por su rareza) es porque intuía que un día me sería útil.

Eme letrak ez du kontatzen analisi honetan, egunen batean beharko nuela jakin baino urte batzuk lehenago bildua bainuen; bildu, hala ere (bitxia zelako, besterik gabe), noizbait baliagarri izango zitzaidalako intuizioa nuelako bildu nuen noski.

Eta badira bietatik dituzten esaldiak ere:

He had collected enough barbiturates: he had tried to do a thorough job, and had taken too many.

Nahikoa barbituriko zituen bilduak; motz geratzeko beldurrez, ordea, gehiegi hartu zituen.

Horra, beraz, erdaretako pluskuanperfektuen ordainak emateko aukeretariko batzuk.

Aparteki sintaktikoak

Jesus Maria Agirre Berezibar

Aparteki sintaktikoak, hitzak dioenez, aparte batzuk dira, idatzizko jardunaren bereizgarriak, parentesiz edo marraz adierazi ohi direnak. Eten egiten dute hari sintaktikoa, gutxiago aurreko adieraziarekin konkordantzian doazenean, gehiago konkordantziarik gabe azaltzen direnean. Apartekien bidez adierazi sekundario batzuk eman ohi dira, informazio edo balorazio osagarriak. Eten horiek traba ez bihurtzeko, esan daiteke ezen, eraketari dagokionez, komeni dela laburrak izatea, ahal dela konkordantzia edukitzea eta beti ere ez kokatzea kate sintaktikoaren toki sensibleetan (genitiboen ondoren, galdegaiaren ondoren), eta testu-motei dagokienez, agian ez liratekeela erabili behar testu formal batzuetan, adibidez testu dispositiboetan. Apartekien erabileran, beraz, sen ona eta gutxieneko trebetasun bat behar dira.

Badira nire gustuko idazle batzuk apartekietara erruz jotzen dutenak testu argumentatibo, esplikatibo eta baloratiboetan. Normalean, zehaztapen eta ñabardura ugariko idazkera trinko bihurria izan ohi dute, eta estilo hori nekosoa den arren, barkagarri egiten zait, beren idazkiek, mami eta azal, izan ohi duten zorroztasunagatik. Horietako bat Carlos Arribas El Paiseko kirol-artikulugilea da (adibide guztietan azpimarren bidez nabarmendu ditut apartekiak):

No era su primer prólogo —una carrera especial porque siempre la victoria lleva aparejado el maillot amarillo—, ni el segundo, ni el tercero de Cancellara, un verdadero especialista, un hombre habituado a ese tipo de orgasmo, sino el quinto (en el Tour solamente: también ha dejado su sello en Luxemburgo, en Suiza, en California, en la isla de Rodas), lo que convierte su alegría en algo más que sorprendente, extraordinario.

Euskaraz ere badira apartekien erabiltzaile abantailatu batzuk, nire iritziz adierazpenean eranskin zukutsuak sartzen dituztenak, nahiz eta adibide batzuetan hari sintaktikoa dexente trabatzen duten. Hona hemen Juan Garziaren bi pasarte, Joskera lantegi liburutik hartuta:

Zorionez edo zoritxarrez (halako balorazioak ez dagozkit niri), euskarak badu (eta hori gabe ez da euskara) bere egitura diogunez aski berezi eta alde batzuetatik guztiz auzo-erdaren antipodikoa. (…) Txikiak gara, gutxi, eta inguruko —auzoko eta bertoko— hizkuntzen aldean beste planeta batekoa izateko itxura edo du gureak: edo ondo antipodetakoa, bederen (euskaraz egiten zeneko Paradisu galdu hura han ote?).

Hurrengo hau Iñaki Segurolarena da, Arrazoia ez dago edukitzerik liburutik hartuta:

Hemengo nahasmendu eta kale-giro politizatuak bukatu zirenean (Gataxka betikotzea —bere odol, malko, biktimismo eta martirologioarekin— ez nuen politikatzat jotzen), toki okupatuak eta autogestionatuak sortu ziren han-hemenka (ederki), eta jende bal azaldu zen bere burua zerekin okupatu eta autogestionatu ez zekiena (zatarki) eta, besterik ezean, espezie eta sexu desberdinen inguruko babokeriak banderatzat hartu zituena.

Esan bezala, autore batzuen estilo-ezaugarritzat jo daiteke apartekien baliatze ugaria. Nire arlo profesionalera pasatuz (itzulpen juridikoa), iristen zaizkidan euskarako itzulpenetan (lege-proiektuak) iruditzen zait aski indiskriminatuki erabiltzen direla apartekiak, baliabide unibertsal balira bezala, pixkat bereizi gabe testu-motak, estiloak eta testuinguruak. Baliteke Amurizak aipatzen duen “artazien erabilera”ren emaitzetako bat izatea, Administrazioari dagokionez hartan euskara argi-erraza erabiltzearen aldarriarekin zabaldu dena. Hona hemen adibide bat, legealdi berriko lehenengo lege-proiektukoa (aparteko ordainsariak), zioen azalpenetik hartuta:

Ikuspegi materialetik begiratuta eta aurrekontu izaera alde batera utzi gabe, ekimen hori guztiz legitimoa da, Autonomia Erkidegoak funtzionario publikoen erregimenean duen eskumenaz —Autonomia Estatutuaren 10.4 artikuluan aitortzen da eta sektore publikoko langileen erregimen juridikoan esku hartzeko aukera ere ematen dio— nahiz Euskadiko sektore publikoaren arloan duen eskumenaz —Estatutuaren 10.24 artikuluan aitortutako eskumen esklusiboa— baliatuta gauzatu baita.

Legeak testu formalak dira eta legeen estiloan printzipioz desegokia litzateke halako etenak egitea; hala ere, apartekiak kasu honetan legearen alde argumentatiboan kokatuta daudenez, salbuespentzat har daitezke. Ordea, testuinguru sintaktikoari dagokionez galdegai-posizioan kokatuta daude besteak beste, eta estiloari dagokionez eten luzeak, komunztadura gabeak eta segidan doazenak dira; ondorioz, hari-puntada desegokiak dira nire ustez, josi baino gehiago urratu egiten dutenak. Nire iritzian, testu-mota inpertsonal eta formal horri hobeto doakio estilo kateatu bat, holakoa adibidez:

Inplikatutako gaiaren ikuspegitik begiratuta, eta eman nahi zaion aurrekontu-izaeraz haratago, argi dago ekimen hau Autonomia Erkidegoaren eskumenen erabilera legitimo bat dela, Erkidegoak eskumena daukalako funtzionario publikoen erregimen juridikoaren arloan, Autonomia Estatutuaren 10.4 artikuluak aitortuta, horrek aukera ematen diolarik gainera sektore publikoko langileen erregimen juridikoari buruz jarduteko, eta eskumen esklusiboa orobat euskal sektore publikoaren arloan, Estatutuaren 10.24 artikuluak deklaratuta.

Bestetan bezala, apartekiak baliabide bat gehiago ditugu, bai, baina ez da komeni nonahi eta indiskriminatuki erabiltzea. Hari sintaktikoa eten egiten dutenez gero, uste dut, besteak beste, ez dela egokia apartekiak testu-mota batzuetan erabiltzea eta desegokia dela testuinguru sintaktiko batzuetan kokatzea.

Hogeita batgarren mendea pentsatzen… euskararentzat eta euskarazko itzulpengintzarentzat

Oskar Arana Ibabe

Hogeigarren mende iraganaz gogoeta egiten dute Tony Judt eta Timothy Snyder historialari-pentsalariek Thinking the Twentieth Century[i] liburuan, mende horretan nagusi izan diren pentsamendu-ildo nagusien gaineko hausnarketa egiteko baliatuz Tony Judt heriotzara eraman zuen erialdiaren azkenetan Timothy Snyder adiskide eta lankideak egiten dion elkarrizketa, haren biografiako une garrantzitsuenak eta mendeko une esanguratsuenak uztartuz, eta hark bere bizitzari buruz egindako gogoetak mendearen gorabeherei buruzkoekin estekatuz.

John Maynard Keynesen aipu bat hartzen du goiburutzat abiaburuko orrialdeak: “Iritziaren historia ikasi behar da lehenik, adimena askatuko badugu.”

Eta, izan ere, liburu trinkoa eta mardula da, historian ezjakin samarrak garenok astiro irakurtzekoa, sakona. Ez dakit adimena askatuko didan, baina lana eragin, bai, eragiten dio nire buruari. Esker onekoa ere bada, zeren, gertaeren xehetasunetan galdu gabe, gertaera horiek ekarri zituzten egoeren, inguruabar, pentsamendu, ideologia, pentsalari eta joeren arteko loturak eta historiak ondoren hartu zuen norabidea argitzen baititu, orain arte irakurritakoan, bederen.

Baina, liburu hau hemen aipatu badut, ez da horregatik, baizik eta, Tony Judtek ikasle-garaia eta eskola aipatzen dituelarik, ingeles hizkuntzaren gainean egiten duen gogoeta batzuengatik. Itzuli egin ditut arreta deitu didaten pasarte horiek, ederrak iritzi dizkiedalako, zer pentsa eman didatelako, neure buruari galdera batzuk egitera bultzatu nautelako, eta gogoeta horiek, aski arruntak, agerkari honetan idatziz eman nahi ditudalako:

“Eskolak beste era batera egin ninduen ingeles: ingelesezko literatura ona irakurtzen genuen. Gure eskolak batxilergoko Cambridge programari jarraitzen zion, zeinari zorrotzena irizten ohi baitzitzaion arrazoiz. Poesia ikasten genuen: Chaucer, Shakespeare, hamazazpigarren mendeko poeta metafisikoak, hemeretzigarreneko augustar poetak. Prosa ere bai: Thackeray, Defoe, Hardy, Walter Scott, Brontë ahizpak, George Elliot. Sari bat irabazi nuen ingelesean, aski egokia,…”

“Hala, 1960ko urteetako ume batek oraindik ere aukera zuen heziketa bat hartzeko, aurreko belaunaldiei eman zitzaienaz ez oso bestelakoa, eta are agian hobea ere. Seguru asko, usadiozko kultur erreferentzien multzo horri esker, ez zehazki Ingalaterran baizik eta ingeles hizkuntzaren baitan etxean sentitzeko modu honi esker, izan genuen nik bezalako jendeak aukera bizitzan aurrerago gaztetako politika erradikaletik ildo liberalerako bidea eroso egiteko.”

“Nolanahi ere, eskolak erakutsi zidan ingelesa hizkuntza gisa prezatzen, bai eta ingelesez idaztea prezatzen ere, eta nigan iraun du preziamendu horrek harrezkero, atzerriko interes eta harremanak gorabehera. Nire garaiko historialari asko eta asko kontinenteko europar bihurtu ziren, halabeharrez, garaiko boladaren eraginez, kidetasunez hautu hori eginik, edo historialari-arreta han jarrita. Ni ere halaxe, ustez. Baina haietako gehienak baino hein handiagoan, irudipena dut ezen barru-barrutik ingeles sentitzen nintzela eta halaxe sentitzen jarraitu dudala, nahiz eta bitxia eman. Ez dakit beste batzuek baino hobeto idazten ote dudan ingelesez, baina badakit bene-benetako atseginez idazten dudala.”

Ingeles hizkuntzaren alderako maitasunaren aitorpen hori hunkigarria izan zait. Irrika pizten du nigan, euskararen baitan etxean sentiaraztea erdiets lezaten gure eskolek, horretarako behar den literatura eduki lezaten, gure prosa noranahikoa (Etxeparek bezala, oraindik) gozatua eta malgutua eta zaildua eta landua eta usatua eta baliatua eta hedatua izan ledin. Irrika edo desira bat beraz, hizkuntzari berari buruz eta hizkuntzaren irakaskuntzan jarduten diren erakundeei buruz, lorpen bat, helmuga bat, eginkizun bat xede duena.

Baina, baita ere, irrika edo nahikunde bat, hizkuntzarekiko jarrerari buruz. Pentsalari-historialariak ez daki beste batzuek baino hobeto idazten ote duen ingelesez, baina badaki bene-benetako atseginez idazten duela. Eta etxean bezala sentitzen da ingeles hizkuntzaren baitan, etxea du ingelesa, prezatu egiten du ingelesa hizkuntza gisa, eta prezatzen du ingelesez idaztea. Ahalegin horretan ari gara itzultzaile eta idazlari asko, gure hizkuntzak idazteko tresna doia eta eraginkorra, eta atsegingarria, izan behar duela guztiz jabeturik.

Askok aipatu dute lehenago, gure artean aspaldiko kezka da, ezen, beste hizkuntza handien moduko literatur tradiziorik ezean, sortzea dagokigula, edo, itzulpenaren bidez, euskarara ekartzea literatur tradizio horietako egileak eta obrak. Horretan ari gara, badakit, gure ahalen neurrian, baina ez dakit kontu honek behar bezalako arreta ote duen eskola-agintarien aldetik, eta Euskal Herriko agintari nagusien aldetik. Ezetz esango nuke, ez beharko lukeen tamainakoa. Ezta ere, beharbada, herritarren aldetik, edo ikasle eta ikasle-gaien aldetik. Tony Judten hitzak irakurrita, euskarak gurean beharko lukeen duintasun eta garaiera jartzen zait begien aurrean.

Oroitarazi didate hitz horiek eskolan, filosofia ikasten ari ginela, gertatu zitzaidan zerbait. Ez geneukan garai hartan euskarazko filosofia-testulibururik, irakasleak bere kabuz apailatzen zituen apunte hala-moduzko batzuk baizik ez. Behin, ordea, Platonen elkarrizketa batzuk ekarri zituen fotokopiaturik, ez berak itzulirik. Testu haiek maitasuna eragiteko modukoak ziren, ederrak ziren, mira eragiten zuten, asmo estetiko nabarmena zerien, ez zuten erdarazkoen inbidiarik. Gero jakin nuen Jokin Zaitegik itzuliak zirela. Ingeles pentsalari honek bezalako zerbait sentitu nuen lehenbiziko aldietakoa izango zen, ahaleginik gabe, miraz eta atseginez, antzinateko pentsalari batzuen hitzak euskaraturik irakurri nituenekoa.

Gogoeta eragin didate pasarte horiek, orobat, hizkuntzaren funtzioez, eta hizkuntzaren normalizazioak iritsi beharko lituzkeen eginkizunez. Hizkuntzak literaturaz besteko goi-mailako eginkizunetan, hala nola historian, pentsamenduan, arte eta zientzietan, eman dezakeenaz eta eman beharko lukeenaz. Bistan da euskara bidea egiten ari dela arlo horietan ere. Nik ez nioke mugarik ezarriko bide horri, eta bistan da ingelesa izango duela bikote bide hori egiten, zientzialarien komunitatean eta akademian hizkuntza nagusia denez gero.

Bazuen, gainera, Tonyk adiskide bat, unibertsitatean ezagutua, larreetan ibili zalea hura ere. Hizkuntzarekiko maitasun-harremanetan ez da lehena izango historialari hau, pentsalari hau. Guk artzain-bertsolariak ere izan ditugu, haietako bat eskola barruko eta eskolaz kanpoko eremuetan ezaupidea duena, hizkuntza maitatzen irakatsi izan diguna. Baina hona Tonyren lagun hori:

“Beste lagun bat, John Bentley, lehena izan zen beraren familian unibertsitatera joaten; horixe, ez beste askorik, izango genuen elkarren artean berdinetik. John Leedsen jaio zen, Ingalaterra iparraldean, langile-klaseko familia batean, eta, itxura batean, bizitzan gehien interesatzen zitzaiona, emakumeak, garagardoa eta erretzeko pipaz gain (garrantzi txikikotik handikora), larreetan ibiltzea zen. Eta, oraindik ere,  Ingalaterraz nolabaiteko maitasunarekin oroitzen naizenean, Johnen mundua etortzen zait gogora, ez neurea. Johnek ingeles-ikasketak egin zituen unibertsitatean, eta eskola maisu joan zen Ingalaterra iparraldera, Middlesboroug-a, eta ingeles literatura irakatsi du han lau hamarraldiz: hori izan ote zen  beti nahi izan zuena, ideiarik ez. Harreman alai, sarri dibertigarri, batzuetan zakar, nahiko estu eta maitekorra izan dugu beti, gaur e-mailaren magiaz suspertua.”

Beharbada, ingeles hizkuntzaren baitan bakarrik ez, Tony Judt, oharkabean, Ingalaterran ere etxean sentitzen zen, Ingalaterraz nolabaiteko maitasunez oroitzean gogora etortzen zitzaizkionei erreparatzen badiegu.


[i] Thinking the Twentieth Century, William Heinemann, 2012. e-book (www.randomhouse.co.uk)

Asaldua

Iratxe Goikoetxea Langarika

Hedabideetan, eguneroko kontua da itzulpena, kontatu behar dugun munduaren zati handi bat euskaraz zehaztu barik dago eta. Halakoak jasotzeko, HIKEA datu basea hasi ginen osatzen EITBn orain hamabost bat urte, eta bertara jotzen dugu hiztegiz kanpoko berben beharrizana dugunean. Lehengoan, esaterako, «assault weapons» behar genuen, Obamak armok debekatu nahi dituela eta. Badaukagu fitxa bat horrekin lotuta: rifle de asalto (es), assault rifle (en), fusil d’assault (fr). Eta euskaraz, eraso(rako) errifle. Eraso-ren beretik jo dute Berrian eta Wikipedian ere. Denok bat etorri gara, baina zuzen ote gabiltza? Eraso hitza ez ote da lausoegia asalto/assault-en aldean?

Armaren izena anekdotikoa da, baina badu loturarik blog honetan agertu izan diren zalantza batzuekin.

Garbizaleegiak gara? Hiztegiek bultzatuta eta guk geure burua estu hartuta, berba «jatorragoak» aukeratzen ditugu askotan, zehaztasunaren kaltetan bada ere.

Fernando Reyk aurrekoan esan zuen lexiko guztiak direla euskara batua Hiztegi Batuan edo OEHn baldin baditugu. Orotarikoan begiratu, eta badira asaldu (+asalto, asaltu) eta asaut sarrerak, tradizio zabal samarrekoak. Hiztegi modernoetan ez daude jasota, adiera horretan bederen.

Esanekoegiak gara? Batasunaren izenean, hitz edo aldaera bat bultzatu da hainbatetan, eta bazterrean utzi euskaldun askoren ahotan normalena dena. Esaterako, pelikula espainola alboratu, eta film unibertsala bultzatu da. Ondorioa? Film esangaitz horren ordez, «filme» entzuten dugu bazterretan.

Hitzak baztertzen eta debekatzen ibili barik, onuragarriagoa litzateke ahalik eta gehien onartu eta geuretzea, batez ere eguneroko gauzen izenetan. Gaztelaniazkoak, frantsesekoak zein ingelesekoak izan. Hor dugu OEHren adibidea: Koldo Bigurik batukotzat jotako txapin ez ezik, bertan agertzen dira auzitara ekarritako zapatilla, txinal eta pantufla ere gutxienez, etxeko oinetakoak izendatzeko.

Izan ere, ez dira nahikoa berba generikoak. «Oinetakoak» behar ditugu, baina baita era eta garai guztietako oinetakoak izendatzeko hitzak ere (espartinak, abarkak, zapatak, sandaliak, mokasinak, botak, botinak, txokloak, zuekoak, txankletak, flipflopak,  manoletinak, kanperak, oxfordak, peeptoeak…).

Generikotasunetik espezifikotasunera jotzeko bitartekoak behar ditugu. Eta horretan erabilgarri dugu tradizioa (edo tradizioak), behar izanez gero, asaltoa jotzeko.

«Euskaradunak» eta Roxali

Eneko Bidegain

Euskaradun hitzaren inguruan beti izan da eztabaida. Edo, hobeki erran eta horren gibelean, euskaldun hitzaren adieraren inguruan. Bigarren hitzaren inguruko eztabaida minbera da, biziki minbera. Ipar Euskal Herrian agertzen diren lan eskaintza batzuetan, eskatzen diren baldintzen artean badago «euskaraduna» izatea. Euskaraz, ordea, hitz elkarketak egitean, RA+DUN bihurtzen da LDUN. Horregatik, «euskaraduna» ez zait sekula naturala iruditu, eta oraino ere ez zait gustatzen.

Ezagutzen ez dudan bati deitu behar izaten diodanean, haren kontaktua eman didanari galdetu ohi diot: «euskalduna da?». Hots, ea euskaraz mintza nakiokeen jakin nahi izaten dut, ez ea Euskal Herrikoa den, Euskal Herrian sortua edo euskal herritartua. Izan daiteke Idahon sortu eta bizi den euskaldun bat, edo euskara ikasi duen japoniar bat.

Nahiz eta Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuan hitz hori agertzen den, eta Orotariko Euskal Hiztegiak bi lerroko sarrera eskaintzen dion,

euskaradun, uskeradun. Vasco, vascoparlante. v. euskaldun. Ilunberritik datxikolako erriak uskeradunak dire (Ae). A EY III 305. En DFrec hay 2 ejs. de euskaradun.

ez da ohikoa hitz hori lan eskaintzetatik harago ikustea. Ereduzko Prosa Gaurek 26 agerraldi aurkitu ditu, horietatik 15 Herria astekarikoak. OEHk berak, euskaldun hitzera igortzen gaitu.

Baina lan eskaintzan euskaradunen ordez euskaldun idaztea proposatuz gero, batzuk asaldatzen dira, hizkuntza gaitasun baldintzaren ordez, baldintza etniko gisa ulertuko litzatekeen beldurrez: ea Bordeleko batek ez lukeen postu horretara aurkezteko eskubiderik, nahiz eta euskara jakin…

Bistan da arrisku hori ikusten dutenek, beren baitan, euskaldun hitza frantsesera (edo gaztelerara) itzuli dutela: basque edo vasco. Basque guztiak ez dira euskaldunak, gaur egun bereziki, eta zergatik behar genituzke baztertu, beraz, euskal erdaldun horiek guztiak? Ez naiz sartuko batzuek vasco hitzarekin egiten duten erabilera murriztaile eta politikoari buruzko eztabaidan (ildo politiko horretakoek nola izendatzen dute, euskaraz, EAEko biztanlea?).

Vasco eta basque hitzen itzulpena, Elhuyar eta Nola Erran hiztegien arabera, «euskaldun»  eta «euskal herritar» da:

Basque nom masculin | nom féminin. a) = natif ou habitant du Pays basque euskaldun – euskal herritar – euskotar (MD). b) = bascophone euskaldun

Elhuyar-en adibideak argiak dira:

adj./s. euskaldun [adiera hertsian, euskaraz dakiena; adiera zabalean, Euskal Herriko biztanlea]; euskal herritar, Euskal Herriko (biztanle). | Los vascos resistieron a los visigodos: euskaldunek bisigodoei eutsi egin zieten. | Muchos vascos emigraron a América: euskaldun asko Ameriketara joan ziren. | Muchos vascos no saben euskara: euskal herritar asko ez dira euskaldunak. | Yo soy vasco y por eso estoy aprendiendo euskara: Euskal Herrikoa naiz, horregatik ari naiz euskara ikasten.

Biziki adierazgarriak dira Tupindegiko Roxali kantuaren azken bertsoak, Paristik itzuli berri den eta euskarari uko egin nahi dionari buruzkoak:

Hari euskara ez aski,
baina frantsesa baleki!
Kiskun kaskun j’en suis gaskun
pas eskualdun.

Parisko lili Roxali,
bai frantximent bai t’es xoli.
Utz’an moda, utz’an pinta, ai potreta,
Parisko lili Roxali
hago euskaldun Roxali!

Paristartzearekin batera euskaldun izateari (eta euskarari berari ere bai) uko egiten dioten horietarik bat da Roxali. Eta Euskal Herrian ere badira holakoak. Bi gisetara erabiltzen dugu «euskaldun», Erramun Bachoc-en artikuluko taula batean biziki argiki ageri den bezala. Ipar Euskal Herriko herritarrak, euskaldun (euskal herritar), frantses edota euskaldun eta frantses sentitzen ote diren aztertu duen inkesta bat aipatzen du. Erdaldunen artean ere euskaldun sentitzen dira zenbait, nahiz eta gehiengoak bere burua frantses edo «euskaldun baino frantsesago» gisa ikusten duen. Bistan da, galdera frantsesez egin zitzaiela, eta pentsatzen dut ez zietela galdegin «sentez-vous euskaldun?», baizik eta «sentez-vous basque?». Galderako hitza bat ala bestea izan, segur naiz erantzunak ez zirela guztiz berak izanen.

Batzuk beldur baldin badira euskaldun hitza ez ote den nahasgarri, lan eskaintzetan jar daiteke beste gisa batez: eskatzen diren gaitasunen artean, «euskara jakitea» (eta nahi diren beste hizkuntza guztiak). Nahi bada maila ere zehaztu daiteke.

Andrea, Aitana eta besteak

Iñaki Segurola

Jakina da iraultza onomastiko latza gertatu dela euskal herrietan XX. mendean; badakizue: Xeledoni eta Leontxioren umeak Arantxa eta Josu, eta hauenak, aldiz, Ioritz eta Harkaitz. Adar gehiago ere izan ditu delako iraultza horrek, baina bego eskematxoa bere horretan.

Iraultza guztiek utzi ohi dituzte beren biktimak, eta gure honek ere utzi ditu bereak. Nik neuk, konparazio batera, ezin irentsi dut inola ere nexka bat Andrea izatea izenez. Ezina da osotara nere bihotz-belarrientzat. (Ariketa bat itzultzaileentzat: itzul bedi, orri-barreneko oharrik gabe, honako esaldi hau: «Kaixo, ni Andrea naiz, lau urte ditut, eta Azpeitiko lehengusina Olatzek burla egiten dio nere izenari.»)

Oraindik orain, berriz, hamaika urteko neskatila azkoitiar batek adierazi dit ea nola litekeen nexka bat Aitana izatea izenez, mundu guztiak dakielarik umea ama(re)na ere izaten dela. (Bigarren ariketa itzultzaileentzat: «Nere ahizpa Aitana amazulo hutsa da. Kar!».)

Neskatila horren amamak —laurogei urtera doa— ezin irentsi duena Eñaut izena da. Bai, jaun-andreak: xalotasun eta xanotasun garbiz esplikatu dit berak e(i)ñ aut (‘egin haut’) aditzen duela hor, eta ez zaiola batere itxurazkoa iruditzen ume bati hola deitzea. Ez dut lanik hartu aditzera ematen euskarazko beste alderdi batzuetan herrikoia dela izen hori; arrazoiak oso gutxi lezake belarri on baten kontra.

Gure modukoen minak eta ezinak huskeriak dira, halere, atso-agure ez-informatuenen aldean. Izan dut aditzea, besteak beste, Susana eta Ainhoa izenik ezin onets zezaketen batzuena: batari susa(r)a ekartzen ziolako gogora, eta besteari aiñoa, zenbait landareri sortzen zaion gaitza adierazten baitu hitz horrek leku batzuetan. Gehiago ere luza liteke ezin-izan hauen soka.

Nik gero-eta gutxiago dakit edo ulertzen dut politikaz —politikoen politikaz—, baina goietako berri dakitenek diote bakezko aro berri batean gaudela eta biktima guztien aitortza egiteko garaia dela hau.

Bihotz-belarrizko biktima batzuen aitortza xume bat egin nahi izan dut hemen.

Merezi du saiatzea, moduren bat egon behar duelako nire zalantza argitzeko

Alfontso Mujika Etxeberria

Euskara ikasten hasi nintzenean, goiko izenburu hori honela idatziko nuen:

Merezi du saiatzeak, moduren batek egon behar duelako nire zalantza argitzeko.

Izan ere, gramatikaren itxurazko logikaz, du adizkiari subjektu ergatiboa dagokio.

Gero, ohartu nintzen itxurazko logika hori ez zetorrela bat kalean entzuten nuenarekin, ezta liburu batzuetan irakurtzen nuenarekin ere.

Lehen lasaitua duela 19 urte hartu nuen, 1994an, Euskaltzaindiaren Gramatika batzordeak, Euskaltzaindiaren XIII. Biltzarrean, Leioan, merezi izan aditzarekin doan aditz-izena absolutiboan doala aldarrikatu zuenean. Aldarrikapen hura arau bihurtu zen 1995ean (31. araua: Ekartzea merezi du). Eta 1999rako Hiztegi Batuak berak ekarri zuen oharra:

merezi izan. du ad.: bere saria merezi du langile zintzoak; merezi du nolakoa den adieraztea. ( *joateak merezi du e. joatea merezi du ).

Merezi izan aditzarekikoa argituta ere, bazen oraindik zalantzarako tarterik. Adibidez, Oscar Wilderi hau irakurrita [1] Antton Olanoren itzulpenean:

Zergatik egon behar du lege bat gizonezkoentzat, eta beste bat emakumezkoentzat?

Galdera sakona, bai horixe, baina —aitor dezadan— zalantza eragin zidana ez zen sexu-berdintasunari buruzko galdera, zerbait prosaikoagoa baizik: nola behar luke, «lege bat» ala «lege batek»?

Beste hainbeste, Bernardo Atxagari [2] hau irakurrita:

Bordeletik promenatzeko edo paseatzeko era guztien artean, egon behar du bakarren bat Ameriketatik iristen zen kakaoaren edo kafearen aztarna gordetzen duena (…)

Bigarren lasaitua-edo urte batzuk geroago hartu nuen, 2005ean. Iratxe Goikoetxea blogkidearen bidez jakin genuen Euskaltzaindiko Gramatika batzordearen iritzia (ItzuL, 2005-02-23):

«Mendiak oso polita egon behar du elurtuta» eta «Moduren bat egon behar du hau konpontzeko» dira forma zuzenak. Izan ere, perpaus batzuetan, «existentzial» deitutako subjektu ezkutua dutenetan (eta horietakoa da «Moduren bat egon behar du hau konpontzeko»), badirudi, tradizioaren arabera, egokiagoa dela subjektu hori absolutuan ematea, eta ez ergatiboan.

Alabaina —zoriona inoiz ez baita betea—, lasaitua ez zen erabatekoa izan. Gramatika batzordearen beste iritzi baten berri eman zigun Bittor Hidalgok egun berean (ItzuL, 2005-02-23). Hau izan zen galdera:

«Oso gogorra behar du zure familiako norbait horrelako egoera batean ikustea(k)» esaldiak azkeneko -k hori behar duen ala ez.

Eta hau Gramatika batzordearen erantzuna (2002-o5-22):

Gramatika batzordearen ustez, auzi hori ez dago argi. Gutako askori -k gabekoa egiten zaigu normalagoa, baina ezin esango genuke bestea (-k duena) okerra denik. Ez gara, beraz, ez bata eta ez bestea txartzat ematera ausartzen.

Gaia ez zen, beraz, hor agortu, eta zalantza berriro agertu zen ItzuLen hurrengo urtean (2006-09-25). Beste blogkide batek, Juan Garziak, bere ikusmen periferiko apartaz baliaturik, gaia testuinguru zabalago batean ezarri zuen:

Badirudi tirabira gertatzen dela halakoetan gramatikak eskatzen duenaren (behar modalarekiko komunztadura) eta zentzuak nahi lukeenaren (izan, egon aditz nagusiekikoa) artean.

Koldar samarra irudituko zaizu, baina adierazpidea moldatzea iruditzen zait irtenbiderik egokiena (…) Hala ere, ergatibodunak, izan, zuzenak dira.

Eta segidako beste mezu batean, honela jarraitu zuen:

Oker ez banago, nolabaiteko inpertsonaltasuna tartean denean dugu arazoa, hots, behar horrek berez adierazten duen obligazioa («joan behar dut») nahiz eskasia («ura behar dugu») subjektu zehatzik gabe geratzen denean, edo subjektu hori abstraktua denean, adibideotan bezala («hori», «-tzea»…).

Uste dut halakoetan gertatzen dela eskema gramatikalaren eta sakoneko adieraren arteko tirabira hori. Bide batez, uste dut (…) hiztun guztiona edo gehienona dela zalantza hori (…). Hori esanda, hala ere, ez dut uste abantaila handia genukeenik orain joskerotan tematu eta ergatiboak sistematikoki kentzen hasita gure idatzietan…

Egia esatera, azalpen eta iritzi horien guztien ondoren, halako «ergatiboa kentzeko lizentzia bai, bainaaa…» atera nuen ondoriotzat. Ahaztuxea nuen, baina, lehengoan, egunkarian, izenburu hau:

«42 puntu eskuratzeak izan behar du lehen helburua» (Berria, 2013-01-10).

Berriz ere lehengo zalantza izan genuen hizpide. Moldatu egin zitekeela, edo hobe litzatekeela moldatzea:

  • «42 puntu eskuratzea izan behar dugu lehen helburua»
  • «Lehen helburuak 42 puntu eskuratzea izan behar du»
  • …

Bai, baina —ezin lasaitua behar bezala hartu— nahitaez moldatu beharrekoa da? Eta, gero, Goenkaleko testuen corpusa begiratzen ari nintzela:

  • Gogorra izan behar du bakarrik bizitzea.
  • Gogorra izan behar du ama horrela galtzea.

Lasaitua ezin harturik bizitzen ohituko naiz, baina, eskatzea libre denez eta dagoeneko bi blogkide —Iratxe Goikoetxea eta Juan Garzia— aipatu ditudanez idazkitxo honetan, hirugarrena ere aipatu nahi dut, eta bera gai honi buruz iritzia ematera gonbidatu, betiere baita plazer handia Beñat Oihartzabalen iritzia irakurtzea.


[1] Fidel izan beharraz, Oscar Wilde / Antton Olano (Ibaizabal, 2000).
[2] Groenlandiako lezioa, Bernardo Atxaga (Erein, 1998).

Gipuzkeratik haratago

Fernando Rey Escalera

Orain dela hilabete batzuk, Xabier Olarrak, gure liburu bati buruzko kritika bat ikusita, mezu hau bidali zidan posta elektronikoz:

Kaixo, Fernando:

Hona hemen zer ikusi berri dudan orain dela bederatzi hilabeteko Twitterreko mezu batean: ‘Hilabete bat Montalbanorekin’ irakurtzen ari naiz, italiar hizkuntzatik nafarrerara itzulitako bertsioan (!!!!!)”

Nik itzulitakoak gipuzkerara itzuliak izango dituk, beraz!!! Hamaika ikus-entzuteko jaioak gaituk!!!!”

Kritikak pizgarri izaten dira, eta zer pentsatua eman dit esaldiak. Haserregarri ez, baizik eta gogoetarako akuilu izan zait aipamena.

Andrea Camilleri idazle italiarraren hiru liburu euskaratu dira orain arte. Lehenbizikoa, Gauaren usaina, Josu Zabaletak itzuli zuen. Bigarrena nik, Hilabete bat Montalbanorekin izenburukoa, eta Ander Irizarrek, berriki, hirugarrena, Uraren forma.

Camilleriren ezaugarrietako bat, besteak beste, italiera ezohikoa da, italiera batutik asko urruntzen dena, sizilieraren kutsu nabarmena duena.

Mintzatu naiz beste bi itzultzaileekin, eta, nor bere estiloan, hirurok erabaki genuen euskara batutik sobera ez urruntzea, nahiz eta hirurotako bakoitzak bere ukitua eman jatorrizkoaren tonua nolabait adierazteko.

Itzulpen lanak egiterakoan, eta gehienbat literatur itzulpenetan, gauza bat izan dut gogoan beti: euskara batuan idatzi beharra dagoela, eta jatorrizkoaren berezitasunek behartuta baizik ez dugula atera behar batutik.

Hori hala dela, borroka edo tentsio pixka bat izaten dut gehienetan: neure buruarentzat ez naizela ari garbi edukita, hartzailea nor den aintzat harturik idatzi nahi dut, eta, horregatik, komunikazioa eta ulergarritasuna izanik helburua, garbi dut euskara aski estandarrean egin behar dela, baina, bestetik, nire euskara ez den batean idazteko nolabaiteko deserosotasuna sentitzen dut. Ni, bederen, bi dei horiei kasu eginez aritzen naiz itzulpengintzan. Eta, okerrak oker, ustez behintzat, euskara batuan idazten dut. Jakina, egunero aditzen dudan euskararen oihartzuna dute nire testuek, eta iruditzen zait zilegi dela. Baina, nik dakidala, txokokeriak uxatu nahian, euskara batua da idazten dudana, salbu eta jatorrizkoaren joko bereziren bat adieraztearren espres egindako transgresioak.

La forma dell’acquaren itzulpena irakurri dut, eta zuzenketa egin, nire adiskide Ander Irizarrek eta Xabier Olarrak eskatuta, eta irakurri dut, bestetik, Josu Zabaletaren L’odore della notte ere. Biek ala biek nork bere kutsua eman diote itzulpenari, euskara batutik deus gutxi aldenduz betiere, baina ez zaio inori iruditzen gipuzkerarako itzulpena denik. Baina, nonbait, traba bihurtzen dira jende askorentzat nafarreraren edo bizkaieraren aportazioak.

Irudipena dut euskara batuari buruzko kontzepzio hertsiegia dagoela. Nik dakidala, Euskaltzaindiak bere arau eta gomendioetan adierazitakoaz gainera, euskalki guztien baliabide sintaktiko eta lexiko guztiak dira euskara batua, Hiztegi Batuan edo OEHn baldin baditugu, eta EGLUn deskribatutako guztia da euskara batua.

Itzulpenetan, euskara zentral samarra erabiltzen saiatzen naiz. Dena dela, aberasgarria da literaturarentzat eta euskara batuarentzat mendebaldeko zein ekialdeko moldeek ere tokia izatea. Jende gehiegiren gogoan, gipuzkera aberastu bat da euskara batua, eta, denon hobe beharrez, askoz ere gehiago da edo izan beharko luke.

Ideia batzuk dabilzkit bueltaka buruan: nolako lekua duen euskalkiak itzulpengintzan; zilegi edo komenigarria ote den batzuek «Marteko euskara» deitzen duten hori erabiltzea —hango eta hemengo baliabide sintaktiko eta lexikoak nahasiz sortutakoa—, zenbateko autozentsura egin behar izaten duten Euskal Herriko muturretako euskaldunek…

Baina orain denari ezin heldu. Izanen dugu aukera geroago ere.

Ia gauza bera esatea larria izan daiteke zenbaitetan

Bego Montorio Uribarren

Literatura itzultzea «ia gauza bera esatea» dela azaldu zuen Umberto Ecok bere saiakera batean (Dire quasi la stessa cosa [1]), eta baietz egin genuen buruaz hura irakurri genuen askok. Horra langintzaren definizio polit bat, pentsatu genuen, eta egiazkoa (edo egiatik oso gertukoa, zuhurrago esanda).

Itzulpena tarteko, testu bakarra zegoen tokian orain bi ditugu: jatorrizkoa eta hark sorrarazitako bestea, «ia» gauza bera dioen beste hori. Parekoak biak? Bata bestearen gainekoa?

Asko hitz egin eta idatzi izan da horren inguruan –adostasunik ez, jakina–, eta fikzio gaia ere izan da; urrunago joan gabe, hor dugu Iban Zalduak berriki kaleratutako Idazten ari dela idazten duen idazlea [2] liburuko Itzulpengintza ipuina. Kasu horretan, kumea, klona, itzulpena gailendu egiten zaio jatorrizkoari, protagonista den idazleak hobea baiteritzo itzulpenari, eta hura jatorrizkotzat hartzeko agintzen du beste hizkuntzetarako itzulpenetan; amaierarik gabeko sorgin gurpilean galduko da idazlea, itzulpen berri orok aurreko testua hobetzen duelakoan.

Halako obsesiora heldu gabe, Eider Rodriguezek honako gogoeta hau egin zuen, autoitzulpenaz ziharduela, itzulitako testua hobea zela iritzita sentitu zuena azaltzeko: «Quizás autotraducirse sea eso: ponerse frente al espejo y verse todas las impurezas que una tiene. Pero mayor traición sería no poder aceptarlas». [3]

Ezaguna da, halaber, Jorge Luis Borgesen beste esaldi hura: «Quizá el oficio del traductor es más sutil, más civilizado que el del escritor: es obvio que el traductor viene después del escritor. La traducción es una etapa más avanzada»; Itziar Otegik goian aipatutako artikuluan egiten dion iruzkina eta guzti irakurri beharrekoa, bidenabar esanda: «Nahiz eta, aintzat hartuta Borges paradoxa zalea zela oso, aipu hori bera ere tentuz hartu beharrekoa izan».

Literaturaz ari ez garenean, baina, bi letra horiek, bi bokal xume horiek –i eta a, ia; ia gauza bera– amildegi arriskutsua zabal dezakete. Lege testuetan, esaterako.

Hona adibide bat, eta, zoritxarrez, ez da bakarra. (Beste artikulu, literario?, baterako gaia ematen du aipatuko dudan dekretua argitaratu zeneko aldizkariaren izen ofizial bikoitzak: Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria – Boletín Oficial del País Vasco).

175/2007 DEKRETUA, urriaren 16koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Oinarrizko Hezkuntzaren curriculuma sortu eta ezartzekoa.
35. artikulua(…)
2.– Hezkuntza-etapa horretako irakasgai guztiak gainditzen dituzten ikasleek Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu-titulua jasoko dute. Halaber, titulu hori lortuko dute, ikasturtea amaituta, irakasgai batean edo bitan ebaluazio negatiboa jaso duten ikasleek. Salbuespenez, titulu hori lortuko dute hiru irakasgaitan ebaluazio negatiboa jaso duten ikasleek, baldin eta irakasle-taldeak uste badu, irakasgaien izaerari eta garrantziari erreparatuta, irakasgai horiek ez gainditu arren, ikasle horiek oinarrizko gaitasunak eta etapako helburuak lortuak dituztela. Titulua lortu ez duten ikasleek aukera izango dute, hurrengo ikasturtean, aparteko proba bat egiteko, gainditu gabeko irakasgaietan.
DECRETO 175/2007, de 16 de octubre, por el que se establece el currículo de la Educación Básica y se implanta en la Comunidad Autónoma del País Vasco.
Artículo 35(…)
2.– Quienes superen todas las materias de esta etapa obtendrán el título de Graduado en Educación Secundaria Obligatoria. Asimismo podrán obtener dicho título aquellos que hayan finalizado el curso con evaluación negativa en una o dos materias, y excepcionalmente en tres, si el equipo docente considera que la naturaleza y el peso de las mismas en el conjunto de la etapa no les ha impedido alcanzar las competencias básicas y los objetivos de la etapa. Quienes no hayan obtenido la titulación podrán realizar una prueba extraordinaria de las materias que no hayan superado en el curso inmediato posterior.

Euskaraz, ikasturtea amaituta irakasgai batean edo bitan ebaluazio negatiboa jaso duten ikasleek titulu hori lortuko dute. Baldintzarik gabe. Salbuespenak eta baldintzak geroago datoz, hiru irakasgaitan ebaluazio negatiboa jaso duten ikasleentzat. Gaztelaniaz, berriz, bestelakoa da kontua: baldintzak denentzat dira, bat zein bi irakasgaitan ebaluazio negatiboa jaso duten ikasleentzat, eta, salbuespenez, baita hiru irakasgaitan halakoa jasotakoentzat ere.

Orri berean, elkarren ondoan, hala daude argitaratuta gauza bera ez dioten bi aginduak. Bata bestearen itzulpena dira? Baliteke. Azken orduko zuzenketak testu bakarrean egin dituzte? Baliteke. (Edozein kasutan, itzultzaileari egotziko zaio errua, bai horixe!). Garrantzitsuena, edozelan ere, beste hau da: Zeini egin behar zaio jaramon?

Indarrean dago dekretu hori, bere horretan. Institutuetan nola aplikatzen den ez dakit; ez dakit tokian tokiko zuzendaritzaren berezko hizkuntza hautuak, ikaslearenak, haren gurasoenak edo zerk baldintzatzen duen testu baten edo bestearen alde egitea. Dona-dona-katona… egitea ere balukete, ze, parte batean kontrajarriak izan arren, testu biak baitaude indarrean, biek dute lege balio bera, Jon Agirrek aspaldiko artikulu batean [4] adierazi zuen moduan:

Beraz, Konstituzio Auzitegiak dioenez, hizkuntza bat berez ezin da nagusitu, ezin du lehentasunik izan interpretazioetarako, orijinala izan nahiz itzulpena izan. (…) Jatorrizkoak balio duen beste balio du itzulpenak, administrazio-egintza gauzatu duen organo berak egiten badu.

Orduan, zer? Badu ala ez du titulua eskuratzeko eskubidea DBH amaituta bi ikasgai gainditu gabe dituen ikasleak, irakasleek ezetz pentsatu arren? Ikasle euskaldunak bai, eta erdaldunak ez?

Ea zalantzak argitzen ditudan etxean hori gertatu ahal izateko tenorea baino lehen!


[1]  Tascabili Bompiani, 2003.
[2]  Elkar, 2012.
[3] Eider Rodriguez in: Pizti jendea: katuak, itzultzaileak eta idazleak, Itziar Otegi.
[4]
  “Euskarazko itzulpen juridiko-administratiboen balio ofiziala”, Senez 19, 1997.

Beriain (II): «Latinik aditzen eztuena eztidila deskontsola»

 Iñigo Roque Eguzkitza

Gaur ere, Beriaini helduko diogu. On izango da, hala ere, aurrenik gogora ekartzea Lutherrek urte batzuk lehenago Bibliaren itzulpenari buruzko gutun famatu hartan esandakoetako batzuk (Sendbrief vom Dolmetchen, 1530), ohartzeko nolako aldea zegoen Erromaren eta Erreformaren artean itzulpengintzaren arloan.

Nik interpretatu egin ditzaket salmoak eta profetak; haiek [papistek] ez. Nik itzuli egin ditzaket; haiek ez. […] Neke handiak izan ditugu itzulpena gozatzen aleman garbi eta argi bat lortzeko.

Zer aleman klase da hori? Zer alemanek esango luke hori horrela? […]

Itzultzaile jardun nahi duenak elemenia bat hitz eduki behar ditu, esku-eskura izateko beste hitz batek kirrinka egiten duenean. […] Hala ere, nahiago dut alemanari irain egin esanahitik aldendu baino.

Argi dago Lutherrek ontzat ematen duela testuen interpretazioa (horixe da, hain zuzen, katolikoek errefusatzen zutena), eta hizkuntza aberatsa eskatzen diola itzultzaileari, baina, era berean, badaki esanahiari eutsi behar zaiola, ahal dela alemanaren moldeei uko egin gabe. Beriainek, berriz, ez zituen kontuan izaten ez aukerako interpretazioak, ez tokiko hizkuntzaren naturaleza. Gaur ere, esaldi batek zer esan nahi duen galdetuta, nori ez diote behin edo behin erantzun «Jartzen duena»?

Eliza Katolikoaren liturgia osoa latinez egiten zela-eta, Joan Beriainek Tratatzen da nola entzun bear den meza (1621) liburua ondu zuen. Liburuxka elebidun hartan, idazleak gomendioak ematen dizkie eliztarrei, latinez dakitenak eta ez dakitenak bereiz harturik.

Batetik, ez luke traba izan behar latinez ez jakiteak.

Meza entzuten duenak bear du otoitz egin, eta eskatu Jaungoikoari sazerdoteareki batean hark eskazen diona, eta adizen eztuenak zer eskazen duen Latinik, ez jakin faltas eztidila deskontsola, oroi bedi dagola Jaungoikoaren aurrean, eta humildadereki, eta debozioreki erran brazo, Jauna Meza erraten duenak eskazen dizuna Elizako ministrok bezala nik neure partetik areki batean otoitz egiten drauzut eman drazaguzun Jesu Kristo gure Jaunaren medios […]

Bestetik, ordea, komeni da zenbait otoitzetan herriko hizkuntza erabiltzea, fededunak behar bezala uler ditzan, bestela debozioa galtzen aterako litzateke eta.

Orazio onetan eskazen diraden zazpi gauzetan, sartzen dirade gauza bear ditugun guziak ala arimaren, nola gorpuzarendako. Baia obekiago erdesteko konbeni da orazioau, errandedin adizen duen lenguajean, bertzela eztu jakinen zer eskazen duen: nola Latinik eztakienak erran bales, Pater noster qui es in cœlis: Eta nola ezpaitu adizen zer erraten duen, ezta egonen anbat debozioreki nola egonen bailizate adizen balu, argatik konbeni da orazioau, eta bertzeak erran ditezen adizen duen lengoajean.

Halakoak utzi zituen idatzirik Utergako erretoreak. Gure literaturaren historietan leku apala duen arren (Villasantek dio ez dela «lehen mailakoa», eta Mitxelenak ia aipatu baino ez du egiten bere literaturaren historian), zenbait pasarte interesgarri utzi zizkigun euskal itzulpengintzaren historiarako.