Lehenaldia baino lehenagokoak

Iñigo Errasti Aranbarri

Gaurkoan esatera noana gauza jakina izango da ziur asko gehienentzat, baina, pentsaturik blog honek denetariko irakurleak dituela, baten bati lagunduko diolakoan idatzi dut.

Aspaldi ez dela, lehenaldiko aditz baten ordaina nola eman zalantzan zebilela esan zidan ofiziokide batek. Ez dut gogoratzen zer hizkuntzatan zegoen haren jatorrizko testua; bai, ordea, pluskuanperfektu edo burutu-burutu horietariko bat zela: había amado, avait parlé, had come… halakoren bat zen; horiek baino konplikatuagoa, beharbada. Egia esateko, ez dakit zer erantzun nion, ezta zalantza argitu ote nion ere, baina hara non topatu diodan oraintsu Mitxelenari horren gaineko pasartetxo bat (letra lodia neurea da):

Badirudi gure gramatikariek, euskara bere-berean aztertu beharrean –eta zenbat eta erdalkeriaren etsaiago, orduan eta areago– ez dutela kezkarik erdal kategoriak euskaraz nola adieraz daitezkeen azaltzea baizik. Oraindik orain idazten zuen, esate baterako, Umandik, Aita Omaetxebarriaren iritziak zuzenduaz: “Sar(tu) ziteken: podía o hubiera podido entrar” ez dira berdin. Beren artekoa andia dala deritzaigu”. Gure ustez ere, horrelaxe da. Baina nekerik gabe egiazta daiteke –nekerik gabe, gramatika jakite enpiriko bat denez gero, testuetatik atera behar dena, ez inoren burutik– euskarazko sar zitekeen (ziteken hori berbera duzu, laburtua izatea) erdarazpodía, pudo, había podido, hubiera podido entraritzul daitekeela, batere bereizkuntzarik gabe. Aldi horiek gaztelaniaz bereizten direla, eta guri zer? Zertan ari gara? Erdal ala euskal gramatikaren legeak ematen?

(Asaba zaharren baratza, 1960)

Mitxelenaren azalpenari buelta emanez gero, esan liteke erdarazko forma burutu-burutok, askotan, ondo adierazten direla euskaraz iragan burutu «soilez» (alegia, tartean izan aditza sartu gabe ere). Jakina, ez dugu hori modu bakarra lehenaldian jada igaroak edo eginak dauden ekintzak adierazteko, beheraxeago ikusiko dugun legez.

Halakoak nola itzuli diren ikusteko, edo zeinahi kontsulta egiteko, baditu EHUk tresna bi apropos-aproposak: bat, berriki aurkeztu duten EHUskaratuak corpusa; bestea, lehenagotik erabilgarri zegoen kontsultagunea. Nik dakidala, izatez, gauza bera dira, baina, oraingoz, bereiz daude, eta ez dituzte liburu beren itzulpenak ematen; osagarriak dira, beraz.

Batetik eta bestetik hartu dizkiet adibideak Patxi Petrirenari eta Garikoitz Otamendiri, Xabier Olarrari, Irene Aldasorori, Juan Garziari eta Jon Muñozi.

Hala, bada, iragan burutuko ordainak eman dituzte itzultzaileek batzuetan:

Max sourit d’un air entendu, il avait fait la même remarque à M. Ruche dans l’après-midi lorsqu’ils avaient répété la séance.

Maxek irribarre egin zuen, adituaren plantan, ohar berbera egin baitzion berak Ruche jaunari arratsaldeko emanaldi-saioan.

Desde los tiempos del propio Arana, el nacionalismo vasco había mantenido una postura ambigua en esta cuestión.

Aranaren beraren garaietatik, euskal nazionalismoak jarrera anbiguoa izan zuen kontu horretan.

He had often dreamed in vivid color, especially when he dreamed of landscapes and painting.

Ordu arte, kolore bizikoak izan zituen ametsak beti, batez ere paisaia eta margolanekin amets egiten zuenean.

Baina, halakoekin batera, sarri erabiltzen dute aditz-partizipioa ere, artikuluarekin nahiz -ta/-rik atzizkiekin:

Pour le conseiller, de Gaulle avait nommé un comité de douze «sages», représentant chacun une discipline scientifique.

Aholku eman ziezaioten, batzorde bat izendatua zuen De Gaullek, zientzia-arlo bakoitzeko ordezkari ziren hamabi «jakintsu»z osatua.

Even in 1733, the study of man had long been a fascinating task for philosophers, physicians and poets..

Arituak ziren 1733 baino askoz lehenago ere filosofoak, medikuak eta olerkariak gizakia aztertzeko zeregin liluragarrian.

La letra eme no cuenta en este análisis porque la había recogido algunos años antes, mucho antes de saber que algún día iba a necesitarla, pero si lo hice (recogerla sólo por su rareza) es porque intuía que un día me sería útil.

Eme letrak ez du kontatzen analisi honetan, egunen batean beharko nuela jakin baino urte batzuk lehenago bildua bainuen; bildu, hala ere (bitxia zelako, besterik gabe), noizbait baliagarri izango zitzaidalako intuizioa nuelako bildu nuen noski.

Eta badira bietatik dituzten esaldiak ere:

He had collected enough barbiturates: he had tried to do a thorough job, and had taken too many.

Nahikoa barbituriko zituen bilduak; motz geratzeko beldurrez, ordea, gehiegi hartu zituen.

Horra, beraz, erdaretako pluskuanperfektuen ordainak emateko aukeretariko batzuk.

3 Replies to “Lehenaldia baino lehenagokoak”

  1. Oso gai interesgarria, Iñigo.

    Ni ere ibili izan naiz arazo horri bueltaka, zenbaitetan, eta esango nuke zuk agertzen dituzun bideak erabili ditudala gehienetan.

    Ematen dituzun lehen adibideetan, bi lehenaldien arteko erlazioa (bata bestearen lehenaldi izatea) adizkiek ezin-eta, beste hitz batzuek adierazten dute (bait- azalpenezko-kausazkoak lehenengoan; «garaietatik» adizlagunak bigarrenean; eta «ordu arte» adizlagunak hirugarrenean); beraz, arazorik ez. Baina ez dut uste beti hain erraz konpontzekoa denik pluskuanperfektuaren kontu hori (orain ez zait bururatzen adibiderik, hala ere).

    Duela 30 bat urte, Bernardo Atxagak euskal narratibaren arazo batzuen zerrenda egin zuen Jakin batean, eta tartean pluskuanperfektuarena aipatzen zuen («Euskal narratibaren arazoak», JAKIN, 25. zenbakia, 1982). Pentsatzen dut esan nahi zuela –ez dut eskura testua– kontakizunak denbora-egituraren aldetik konplexutasuna duenean, atzera-aurrera asko dituenean, arazoak sortzen zirela euskal kontalariarentzat.

    Ez dakit euskal tradizioan ba ote den horrelako denbora-egitura bihurriko narraziorik. Interesgarria litzateke jakitea, esate baterako, zer arazo izan zituen –izan bazituen– Joxe Austin Arrietak pluskuanperfektuarekin Denbora galduaren bila Swann-enetik itzultzean.

    Atsegin dut

    1. Bernardo Atxagarena labur-laburra da. «Eibarren emandako hitzaldi baten transkribapena baino ez dena», idazpuruak dioenez. Hona hemen Euskal Narratibaren laugarren arazo hori zertan den:

      «4.– Iraganaren arazoari ez diogu soluziorik eman oraindik

      Aditzaren iragana da nobelaren kakoa. Katalanek eta frantsesek indefinituarekin omen daukate problema. Guk pluskuanperfekto delakoarekin (ez dakit orain hola deitzen den, «había venido» eta horrelakoei deitzen diet nik pluskuanperfekto). Horregatik daude hain nobela gutxi euskaraz, problema hori oraindik soluzionatu ez delako. Eta, jakina, estiloa nobelan lantzen da gehienbat, beraz…»

      Atsegin dut

  2. Bai, Iñaki, ondo diozu (eta konturatuta nago) ez dela beti hain erraz konpontzen auzia; alegia, batzuetan, beste baliabide batzuk ere sartu behar direla jokoan lehen aldiko “aldien” arteko orekan.
    Dena dela, sarrera moduko bat besterik ez zen goiko hori (formatuaren laburrak baino egilearen ezinak horrela ateratzera behartua) eta beste baterako geratzen da, beraz, bi konponbide horien ahaideak behar bezala identifikatu eta plazaratzea.
    Ondo ibili!

    Atsegin dut

Utzi iruzkina