Agur-gutuna maitasun-gutun bihurtu zuen itzultzailea

Koro Garmendia Iartza

Gogoan dut behinola, duela zenbait urte, artikulu polit bat irakurri nuela aldizkari batean. Hizkuntzak jakiteak itzultzaileari aitortzen dion boterearekin eta askatasunarekin lotua. Eta, era berean, egoera aintzat hartuta, itzulpen fin-fina edota zertxobait moldatua egitearen zilegitasunarekin.

Artikulu haren idazleari, aspaldi eta halabeharrez, itzultzaile-lanak egitea egokitu zitzaion. Gerra-urteak ziren. Hainbat hizkuntza zekizkienez, kontrako bandoaren mezuak itzultzen aritzen zen. Behin batean, mutil gazte bat hurreratu zitzaion, gutun bat eskuetan zuela. Ez edonolakoa: maitasun-gutuna zen, neska-lagunak idatzia. Mutilak menderatzen ez zuen hizkuntzan. Bertan izkiriatutako hitzak ezin ulertu, eta idazlearengana jo zuen gazteak, maiteak zuzendu zizkion esaldiak entzuteko irrikaz. Hartu zuen, bada, idazleak eskuetan eskuizkribua, eta isilean irakurtzen hasi zen. Baina, oh! Maitasunezkoa ez! Agur-gutuna zen hura! Polita izan zela haien artekoa, mutil aparta zela, baina beste bat ezagutu zuela… Idazlea, ondoan zuen gaztearen urduritasunarekin eta ezinegonarekin hunkituta, zer egin ez zekiela gelditu zen. Nola eman mutilari halako berri iluna? Gerrarekin nahikoa zorigaizto ez, eta gainera halako albisteak iritsi behar! Mutil gaixoa! Zergatik kolpatu haren bihotza? Zalantzak piztu zitzaizkion idazleari… Gutunak egiaz zioena adierazi, ala kontrako mezua helarazi? Mutilaren nahigabea eragin, ala maitearen lausenguaz poztu? Buruak bide bat hartzeko esaten zion, eta bihotzak beste bat aholkatzen.

Errukituta, gaztea ez nahigabetzearen aldeko hautua egin zuen. Alderantzikatu egingo zuen gutunaren mezua. Bi hizkuntzak menderatzearen botereaz baliatuz, muzin egin zion egia krudelaren mezulari izateari. Traduttore traditore. Baina fede onekoa.

Idazlearen irudimenak sorturiko azken esaldia bukatzearekin bat, malkotan hasi zen mutila. Triste. Pozik. Maiteminduta. Gutuna eskuetan hartu, eta eskerrak eman zizkion itzultzaileari. Noiz arte iraungo ote zuen gaztearen gezurrezko hitz gozo haien ametsak? Bada, segur aski, berriz ere esaldi polit horiek entzuteko grinak bultzatuta, beste itzultzaile batengana jo arte… Tamalez, ez dakigu bigarren horrek zer bide hautatu zuen…

Aniztasunak bizi (eta hondatzen) gaitu

Alfontso Mujika Etxeberria

Garai batean, izakiak zelulabakarrak edo zelulanitzak zirela ikasten zen euskarazko zientzietako liburuetan. XX. mendeko euskararen corpus estatistikoak esan dit 1976an (duela 37 urte!) dagoeneko erabili zela zelulanitz Aranzadik eta Jakinek argitaratutako Natur Zientziak hiztegian. 20 urte geroago, 1996an, Ibon Sarasolaren Euskal Hiztegian ageri zen zelulanitz sarrera. Molde berean sortutako balioanitz ere ez da jaioberria. 1988an agertzen da EUSTATen liburu batean. Eta eleanitz 1991an ageri da lehen aldiz, corpus horren arabera.

Hala ere, XX. mendearen bukaeran, agertu ziren zelulanitz erakoen kontrako iritziak. 2000. urterako, Ibon Sarasolak berak gaitzetsi egin zuen zelulanitz, 5 urte lehenago argitaratu zuen hiztegian hitz hori sartu bazuen ere. Eta arrazoiak ere eman zituen. Honen modukoak:

zelulabakar hitzak ez du arazorik, IZENA + IZENONDOA erakoa delako, adarbakar edo adarbakoitz den bezala.

zelulanitz hitzak, berriz, ez du egitura hori, anitz ez baita izenondoa, zenbatzaile zehaztugabea baizik. Alde horretatik, zelulanitza esatea zelulaskoa esatearen parekoa litzateke. Hegoaldekooi zelulaskoa bezain bitxia gertatzen bide zaie zelulanitza Iparraldekoei.

Horiek horrela, zelulanitz ez eta zelulaznitun proposatu zuen Ibon Sarasolak.

Gai hori Itzulisten ere ibili zen 2001ean (Ikus 10.452 mezua eta segidakoak). Garai hartan, ez ginen oso konforme agertu zelulanitz baztertzearekin, baina, tira, onartu behar zen eraketa zalantzagarria behintzat bazela.

Gogoan daukat 2001ean orain blogkide dudan Igone Zabalarekin mezu-trukea izan nuela kontu hori zela eta. Igonek aipatzen zuen, alde batetik, zelulaniztun loturik idaztea ere zalantzazkoa zela, eta, bestetik, aipatzen zuen anitzek mugatzailea har dezakeela kasu batzuetan, hau da, ugariren parekoa ere izan daitekeela, eta, hori hala izatera, bakar bezain izenondo izango zela, eta, orduan, zelulanitz gisako hitzak eratzea zilegi izan zitekeela.

Orduan ez genituen orain eskura ditugun baliabideak. Orotariko Euskal Hiztegiak esaten digu anitz izena eta izenondoa ere badela, tradizioaren arabera, eta mugatzailea ere har dezakeela, hori erabilerarik hedatuena eta ohikoena ez bada ere (Halakotz erraiten drauat barkhatu zaizkala bere bekhatu anhitzak; Dugun aphurra edo hainitza zureganik da; Hauta zazu hobeki gutia, ezen ez hañitza; Meza haukin hain duk, handi eta hanitz nonbrea;…).

Nolanahi ere, zirrikitu hori itxi egin zuen Euskaltzaindiak Hiztegi Batuarekin. Hiztegi Batuaren lehen itzulian (lehen bertsioan), 2000. urtean, anitz izenondoa debekatu zuen:

anitz 1 zenbtz.: jende anitz etorri da. 2 (*industria anitza e. askotariko industria).

Gero, 2. itzulian,  orain dela 5-6 urte, 2000. urteko bideari eutsi, eta are gehiago zehaztu zuen: [IZEN + anitz] formakoak debekatu egin zituen, eta [IZEN + aniztun] agindu.

aldeanitz* e. aldeaniztun

aldeaniztun izond. ‘alde anitzekoa, alde askokoa’

balioanitz* e. balioaniztun

eleanitz* e. eleaniztun

eleaniztun

Eta, esanekoak garenez, zintzo betetzen dugu Euskaltzaindiaren agindua itzultzaile gehienok. Baina, kanpoan, zer giro?

13 urte joan dira Euskaltzaindiak industria anitza debekatu zuenetik, ezta? Bada, joan den urtean, Ezker Anitza – IU alderdi politikoa sortu zen, gaztelaniazko izenik ez duen alderdi politikoa. Alegia, komunikabideetan, batez ere hauteskunde garaian, egunero-egunero agertu da Ezker Anitza, euskaraz eta gaztelaniaz. Zoaz orain ikastolara, eta esan ikasleei «Euskal gizartea anitza da» gaizki dagoela eta hobe dutela «Euskal gizartea plurala da» esatea.

—Plurala? Maisu, zu bai erdalzalea.

Hartu ikasleak, eta eraman itzazu Donostiako San Telmo Museora Badu, Bada erakusketa polita ikustera. Ai, ama! Begira izenburua: Badu, Bada. Euskara mundu eleanitzean (El euskera en un mundo multilingüe). Han ibiliko zaizkizu ikasleak korridore batean barrena; paretak, ezker–eskuin, «Eleanitza» dioten kartelez josiak. Itzuli orain ikastolara, eta esan ikasleei «mundu eleanitza» gaizki dagoela, «mundu eleaniztuna» behar duela.

—Eleaniztuna? Maisu, nondik atera duzu hitz hori?

Eta, hurrengo goizean, esan baitiezu «eleanitza» deskuiduan jarriko zutela eta badirela ia 6 urte eleanitz hitza debekatuta dagoela, hantxe etorriko zaizkizu ikasleak:

—Maisu, ba al dakizu zer esaten duten Euskadi Irratian Euskal Eskola Publikoaren iragarkian? «Euskal Eskola Publikoa eleanitza da».

Eta etsia nabaritu dizute begitartean.

—Maisu, tio, eske zu ez zara enteratzen!

Stand iraunkorra

Bego Montorio Uribarren

Ostiral iluntzea. Umea eta biok etxerako bidean goazela, “Berdeago” dioen pankarta handi bat agertu zaigu parean, Landako erakustazokaren atarian.  Elkarri begiratu, soarekin baietz esan, eta sartu egin gara.

Kanpoko hotzaren aldean goxo denez han –auto elektriko, eguzki energiaz elikatutako sutegi, konpostatzeko tresna eta enparauen artean–, apur batean bertan gelditzea erabaki dugu: umea “Ludoteka” txokoan, eta ni inguruan kuxkuxean, beroki eta guardasolez kargatuta.

Ludotekaren ondoan bada postu bat, oihan moduko batez apaindua: puxikez egindako tximinoak, arbolak, loreak eta kakatuak nonahi. Zer iragartzen ote duten jakin nahian hurbildu, eta “Stand iraunkorra” izenburua duen panelarekin egin dut topo. Hara!, pentsatu dut, orduan ez da egun bateko kontua; beharbada postu hau beti bera izango da eta ingurukoak aldatu egingo dira, edo gainerakoak kentzen dituztenean hortxe lagako dute, gure kontzientzia ekologikoa esnarazteko. Hori buruan daukadala abiatu naiz umearengana, eskulana amaituta duen ikustera, Stand sostenible dioen panel bikiari erreparatu diodanean.

Aspalditxo hasi zen  sostenibilidad, durabilité-soutenabilité, sustainability kontzeptua (eta hortik eratorritakoak) euskaraz emateko termino egokiari buruzko eztabaida, eta Euskaltzaindiak markatua du bidea: garapen iraunkorra. Zein da, hortaz, arazoa?

Bada, niretzat, bariku hartan, arazoa izan zen euskarazko panelak eta gaztelaniazkoak guztiz gauza desberdinak iradoki zizkidatela. Stand sostenible irakurri orduko, postua zer gaiez egina ote zen  antzeman nahian hasi nintzen, kasik konturatu gabe. Stand iraunkorrak, berriz, museoetako erakusketa iraunkorrak ekarri zizkidan gogora. (Apaingarri zituen puxikak latex naturalez eginak zirelako zen postua iraunkorra, baina horretaz jabetzeko letra txikira jo behar zen).

Deformazio profesionalaz edo, paneleko testua itzuli behar izan zuenaren larruan jarri nintzen. Hasteko, bere buruari galdetuko zion: Stand sostenible ondo esanda dago gazteleraz?;  eta café sostenible dela eta ItzuL-en idatzitakoak irakurriko zituen. Zer puntutaraino dira parekoak, honetan, café eta stand? Tira,  utzi erdarazkoa –bide horretatik segituz gero galdu egin zitekeela iritzita–, eta begiratu euskarazkoari: iraunkor eta kito? ItzuL-en iritzi bat baino gehiago agertu zen…   Bizkaiko Foru Aldundian bertan –gogoratuko zuen– , badira bi atal, bata “Jasangarritasuna eta ingurumen hezkuntzaren atala”, Herri Lanak eta Garraioak sailaren barruan, eta bestea “Ingurumena Iraunarazteko atala”, Ingurumena sailean (gazteleraz, Sección de sostenibilidad y educación ambiental eta Sección de Sostenibilidad).

Esanahiak itzuli, ez hitzak, etorriko zitzaion burura itzultzaile ordurako nahasten hasiari, “Ingurumena Iraunarazteko atala” horri begira. Ea bada, ingurumena iraunarazten laguntzen duen standa dela esan daiteke? Eta laburrago? Pantailan EHULKUko leihoa zabaltzen zitzaion bitartean, agian, frantsesek gehien bat durabilité erabiltzen dutela pentsatuko zuen, baina haiek permanent ere badute, iraunkorraren beste adierarako…

Zenbat denbora emango zuen joan-etorri horietan? Ordu laurdena? Ordu erdia, adibide eta iritzi guztiak arretaz irakurrita?

Bada, pentsa ezazue, une batez, zuek zaretela itzultzaile hori, eta esadazue nola erantzungo zenioketen bulegoko nagusiari galdetzen dizuenean nola den posible  bi hitz ziztrin itzultzeko hainbeste denbora behar izatea.

(Amaiera posible bat ere otu zait: Stand iraunkorra idatzi zuen pantailan itzultzaileak, dagoeneko bera ere kezkaren harrak harrapatuta: normala ote zen hitzez hitzezko itzulpena ere baden stand iraunkor horretara heltzeko hainbeste denbora behar izatea).

Dena aita

Irantzu Epelde Zendoia

Ez dakit inoiz egokitu ote zaizuen hiztun arruntari hizkuntzaren inguruko intuizioren bat eskatu beharra. Eta ez dakit inoiz bat-bateko itzulpenik erabili ote duzuen horretarako. Hiztun batzuk, eskola gutxikoak izan arren, oso trebeak izaten dira lan horietan, senak lagunduta. Harritzekoa da batzuen berezko gaitasuna eta etorria. Gainera, ez dago, nahitaez, eskola mailari lotua. Orain bi urte, hizkuntza aldakortasunaren inguruko ikerketa egitasmo baten barruan, halaxe suertatu zitzaidan niri, intuizio eske etortzea, orduko hartan hiztun lapurtar, baxenabartar eta zuberotarrengana. Helduak ziren denak, 18 urtetik gorakoak, eta, aldakortasuna genuenez gaia, hiru adin multzo bereizi genituen gure berriemaileen artean: 60 urtetik gorakoak, 40-60 urte artekoak eta 18-35 bitarteko gazteak. Esanda bezala, Ipar Euskal Herri osoa kontuan hartuz egin genuen bilduma, Beñat Oihartzabalen zuzendaritzapean.

Hizkuntzalaritzako ikerketa lanetan itzulpena erabiltzeak abantaila handiak ditu, ez da zalantzarik, baina arriskuak ere bai galantak. Dena dela, elizitabide hori hobetsi genuen orduko hartan, datu biltzeko bide nagusitzat. Frantsesez prestatu genituen perpaus ahal bezain labur batzuk (parrasta bat, egia esateko) euskaratzeko eskatu genien orduan aldez aurretik aukeratu genituen hirurogei lekukori, ahoz eta aurrez aurre genituela, horretarako behar adina saio eginez. Adibide bakarra erakutsiko dut gaurko sarreran, luzeegi joan ez dakidan, baina galdetegi osoa (746 galderaz osatua) eta lekukoek eman zizkiguten erantzun guztiak (44.000tik gora) www.norantz.org helbidean aurkituko ditu irakurleak interesik izanez gero, bai erantzunen transkripzioak eta baita horiei lotutako soinu artxiboak ere. Ikus dezagun, ba, gaurko adibidea:

Izenaren morfologiari eskainitako sailean, hauxe izan genuen galderetako bat:

Peio tient ça de son père.

Honezkero igarriko zenuten galdera honen bitartez ablatibo singularreko form(ar)en bila genbiltzala, ablatibo bizidunak gaurko euskara mintzatuan zer/zenbat itxura har ditzakeen aztertzeko, eta kontuan hartu genituen hiru belaunaldien artean alderik ba ote zegoen ikusteko.

Itzulgaia ablatiboaren bitartez eman zuten hiztunen artean, forma bizigabea (aitatik) da nagusi erantzun horietan: 60 lekukoen artean 25ek erabili zuten frantsesezko perpausa euskarara aldatzeko eskatu genienean: Peiok aitatik du hori, eta tankerakoak. Lekuko adintsuenen aukera nagusia aitatik izan zen, hiru probintzietan. Biziduneko formak ez ziren horren ugariak izan: aita(ren)ganik 9 lekukok erabili zuten, eta aita(ren)gandik 10ek. Nabarmentzekoa da azken hori hautatu zuten guztiak 35 urtetik beherako gazteak izan zirela, eta denak ikastoletan eskolatutakoak.

Itzulgaia ablatiboa erabili gabe itxuratu zutenen artean, kasu instrumentala da nagusi, Peiok bere aitaz atxikitzen du hori bezalakoetan. Nabarmentzekoa da, berriz ere, hiztun gazteenetan dagoela berrikuntza honen sorburua: 6 gaztek erabili zuten, denak ikastolatik pasatakoak.

Eta ikastolan ibili ez den gazteak zer estrategia hautatu ote zuen? Gehienetan, bizigabeko forma erabiltzea (aitatik), eta batzuetan, ablatiboari ihes egin eta senak agintzen zion bestelako formularen bat erabiltzea. Adibidez:

Amaia (Urepele), 24 urte: Alde hortarik Peio aitatar da.

Amaia (Behauze), 26 urte: Peio dena aita da.

Euskara aho-belarrietan frexko behar, ordea, honenbesteko lizentziak hartzeko…

Borrero eta interpreteak

Iñigo Roque Eguzkitza

Itzulpengintzaren historiaz jardutean, gehienetan literaturari erreparatzen diogu (gurean, liburu-tankerako edozeri, izan katixima, izan ipuin), eremu horrek beste edozeinek baino balio handiagoa duelakoan. Izan dira, haatik, itzulpen administratibo-juridikoaren historiari buruzko zenbait artikulu eta iruzkin gurean (batez ere Administrazioa euskaraz aldizkarian), baina behar baino gutxiago, nolanahi ere.

Duela hogei urte Julio Caro Barojaren Brujería vasca orrikatzean, itzulpengintzaren kezka etorri zitzaidan askotan gogora; alegia, nola jasotzen ziren euskaldun elebakarren lekukotzak auzibideetan. Ordutik hona, arlo horretan eta beste askotan, nire ezagutzak ez du aitzina egin, ezta batere. Ez dakit Logroñoko Inkisizioaren Artxiborik ere baden oraindik, baina horren hobena nirea neurea da (esan beharrik ez dago).

Azkenaldian, Fernando Maiora Mendiaren La jodienda, sin enmienda (2012) liburua eragingarri gertatu zait behialako kezka horiek berritzeko. Egileak berebiziko bilatze-lana egin du Nafarroako artxibategietan, seigarren aginduaren kontrako aipamenak biltzeko. Ez dut uste tonu egokia hautatu duenik biltzaileak liburuari taxua ematean (hainbat gutxiago eskaintza estonagarri-harrigarrian). Hala ere, itzulpengintzari eta, oro har, hizkuntzari buruzko testigantza bikainak eskaintzen dizkigu liburuak.

Hizkuntzei buruzko aipamenak era askotara jasotzen dira liburuan barrena. Halako agiri gehienetan, deklarazioak euskaraz egiten direla adierazten da, eta gaztelaniazko itzulpena jarraian eskaintzen (Orbaibar, 1588; Iruñea, 1596; Gares, 1644):

[…] y que el dicho Joan Ximenez entonces le dixo en bascuençe a la dicha Graçia, que hera una bruxa vieja y puta probada y […] (Barañain, 1545)

Galduak dira, ordea, euskarazko hitzak. Beste batzuetan badakigu euskaraz eta erromantzez deklaratzen zutela auzipetu eta lekukoek («dixe en bascuenz y en romanz», Tafalla, 1557). Hartara, halakoetan ez zen itzultzailearen beharrik izango. Datu horrek, bestalde, erakusten digu garai hartan Tafallan, kasurako, bi hizkuntzak erabiliko zirela eta euskaldun elebakarrik ere izango zela (1589ko eliza-erroldatik Manuel Lekuonak ateratako datuek ere hala erakusten dute).

Izan ere, hizkuntzaren kontuak bazuen mamirik. Izan zitekeen lekukoetako batek, esaterako, erdaraz ez jakitea:

[…] que se oyan muy claro y se hablaban palabras en romançe, las quales no entendio esta testigo por ser vascongada y no entender romançe y como sintio lo suso dicho [maitalanetan ari zirela], salio escandalizada del dicho aposento […] (Iruñea, 1581)

Pentsatzekoa da, beraz, lekukoak euskaraz deklaratuko zuela, baina ezin jakin nork erdaratu zituen haren esanak (idazkariak berak?).

Bakanetan, guztiaz ere, euskarazko eta erdarazko lekukotasunak bildu dira ondoz ondo.

[…] la dicha Maria de Angulo y sorreyendose le dixo en bascuençe, adio ene amorantea, que en rromançe quiere dezir, adios mi enamorado… […] (Eugi, 1592)

Hara, euskarazkoaren erdarazko glosa.

Beste testu honetan, berriz, egundoko garrantzia du deklarazioen itzulpenak, berehala ohartuko zaretenez.

[…] este testigo antes le dio el sentido de amançebada, por aberle oydo diçir amiga del abad, que en lengua bascongada le dijo, apezaren adisquidea, que es decir, amiga, puta borracha… (Odieta, 1658)

Alegia, ez zegoela oso argi auzipetuak amaginarrebari esan zion hori, apezaren adiskidea, zer ote zen. Eta geuk ere ezin jakin garai hartan zertarako erabiltzen zuten esapide hura.

Nolanahi ere, liburuko pasarterik miragarrienak areago hurbiltzen gaitu orduko itzulpen-ohituretara. Ikus dezagun nola izendatzen duten Agustin Amezketakoa interprete.

[…] allandose a dar el dicho tormento Juan Paxs, oficial berdugo y por ynterprete, respecto de que el dicho preso no sabía la lengua romançada, Agustin de Amezqueta, maestro de niños que sabia ambas lenguas, castellano y basquençe, para que mediante juramento conforme se le resçibio, declare y diga lo que el dicho preso dijere en toda la prosecución de este auto y ademas de que dicho Alcalde Mayor entendia las dichas lenguas y el dicho Amezqueta absolbiendo el dicho juramento, dijo lo declararia asi por las mismas palabras que el dicho preso las dijere, respondiere y confesare (?) […] (Zirauki, 1603)

Hor dugu gure interpretea, borreroaren ondoan, Joan Altzitekoari tormentua noiz eman zain, aitorpenak itzultzeko prest. Interpretea maisua zela ere badakigu (bazen norbait, beraz), eta alkate nagusia euskalduna zela ere bai. Pasartea hobeto ulertzeko, erants dezagun, bide batez, absolver el juramento horrek ‘zin egiteko eskaria onartu’ esan nahi duela.

Berrehun orrialdeko liburu batean hizkuntzari buruz hainbeste aipu aurkitu badugu, zenbat ez dira egongo ikertzaileen zain han-hemengo agiritegietan?

Itzultzaile baten berri

Angel Erro

Idazleek berek baino zerizan nazionalagoa dute itzultzaileek. Itzultzaile gutxik gainditu dute beren hizkuntzako muga, eragina edo garrantzia izatekotan xede-hizkuntzan izango da. Martin Lutero (Bibliaren itzultzailea) edo Richard Francis Burton (Mila gau eta bat gehiago-rena) izan litezke bat-batean burura datozkidan bakanetarikoak. Gaur hirugarren baten berri eman nahiko nuke laburki. Douglas R. Hofstadter. Matematikan lizentziatua, Fisikan doktore eta Michigango Unibertsitateko Zientzia Kognitiboetako katedraduna, baina saiakera mitiko baten egilea izateagatik ezagunagoa: Gödel, Escher, Bach: an Eternal Golden Braid, 1980ean Pulitzer Saria eskuratu zuena eta zertan datzan zail samarra. Nik irakurrita ere ez dut argiegi. Baina derradan izenburuan aipatzen diren logikariak, artistak eta musikariak beren lanetan agertzen duten errepikaritasun sortzailea ardatza hartzen duela. Zailtasuna dator, besteak beste, oso hizkera ludikoa erabiltzen duela, hitz-jokoez josia eta maiz horrexek ematen dio hausnarketari abiapuntua. Itzulpen lan eskerga. Izan ere, luzaro itzulgaitzat jo zen. Sarreran gaztelaniazko itzulpenaren istorioa kontatzen du egileak berak, derrigorrez, liburua beste hizkuntza batzuetan atera eta, zertxobait bada ere, ulergarria gertatzea nahi bazuen itzultzaileei jarraibide zorrotzak eman behar zizkien. Haren liburuaren itzultzaileekiko harremanak eta bere lanaren itzulgarritasunak akaso eremu horretan interesatzera bultzatuko zuen. Le Ton beau de Marot: In Praise of the Music of Language atera zuelako 1997an, non, zortziehunetik gora orrialdetan (Gödel, Escher, Bach ere mila orrialdetik gertu zebilen), Clément Marot XVI. mendeko poeta frantsesaren olerkitxo bat itzultzen saiatzen den, eta, hausnarketekin eta analisiekin tartekatuta laurogei bat aukera eskaintzen ditu (bat izan ezik, denak ingelesez). Ez dut liburu hau irakurri. Wikipediaren arabera:

Groups of translations alternate with analysis and commentary on the same throughout the book. However, Hofstadter’s reading of the idea of ‘translation’ goes deeper than simply that of translating between languages. Translation between frames of reference — languages, cultures, modes of expression, or indeed between one person’s thoughts and another — becomes an element in many of the same concepts Hofstadter has addressed in prior works, such as reference and self-reference, structure and function, and artificial intelligence.

Maroten olerki hori ez da itzuli duen gauza bakarra. Françoise Sagan-en La Chamade eleberria ere, That Mad Ache izenburu bitxia emanez, itzuli du, edo itzuli bainoago berridatzi du, eta Saganen eleberria baino luzeagoa den saiakeratxo batez lagundu du, non itzulpena ekintza sortzailetzat defendatzen baitu. Liburu hau ez dut irakurri. Beste liburu bat, Hofstadterrena irakurri ez dudana, eta egia esanda, irakurtzeko jakin min handia ematen didana Walter Veltroni Italiako Partito Democratico-ko idazkari nagusia izandako eta Erromako alkate ohiaren La scoperta dell’alba (2006) eleberriaren ingelesezko itzulpena da, ez baitu hitzaurre teorikorik egin (!) eta ez zaidalako bururatzen zer ikusi dion bigarren mailako literatur lan honi (zeinaren gainean aurten pelikula bat egin duten Italian) bere interesa pizteko.  Irudimena askatzen badut bururatzen zaidana ez da blog sarrera honetan sartzen.

Isuri, korritu…

Fernando Rey Escalera

Aitortu dezadan, lehenik eta behin, bestelakoa imajinatzen nuela nik hasieran 31 eskutik. Egunero-egunero itzulpengintzarekin lotutako zertxobait agertuko zela espero nuen nik, baina tanta bat, zer pentsatua eman behar zuen daturen bat, orain hitz bat, orain esaldi baten inguruko zailtasuna, orain pasadizo bat, betiere labur. Eta ikusten dut, oro har, karga handikoak direla artikulu gehienak, gogoeta eta lan mardulak.

Ongi iruditzen zait, eta, blogaren arduradunek esaten duten bezala, artikulu-egileek zer nahi duten, horixe izanen da bloga. Dena dela, nik nahiago buruan nuen horri segitu, eta, praktikan gertatutako txikikeriak aitzakia hartuta, nire aletxoa bota.

Aste hauetan, Garazi Arrula tafallarrak euskaratu eta hemendik laster Txalapartak argitaratuko duen liburu bat zuzentzen ari naiz: Venusen Delta, kontakizun erotikoak, Anaïs Ninena.

Problema bat ikusi dut gaztelaniazko «correrse» kontzeptuaren ordaina ematerakoan.

Eztabaida luzea pitz lezake soluzio egokien faltaren arrazoiak, baina egia da hiztegiei begiratuta kontuak nahasita daudela.

Lehenbizi, harrigarria da Sexologiako hiztegiak aipamenik ere ez egitea.

Beste hiztegi batzuetara joaz, hauek aurkitzen ditugu:

a)      Elhuyar:

19 v.prnl. (vulg.) orgasmora iritsi, orgasmoa izan

b)      Zehazki:

16 vulg (tener orgasmo) etorri, korritu beh, isuri goi; ella volvió a correrse, neska berriro isuri zen; ¡que me corro!, banator, banator!

c)      Labayru:

16 vb. prnl. (vulg.) Tener un orgasmo orgasmoa euki/eduki | izan, orgasmora heldu.

Ramon Etxezarretaren Hiztegi erotikoak ez dakar correrse sarrera, nahiz eta ordain asko eman beste sarrera batzuen bidez (eyacular, orgasmoa):

bapo gelditu, busti, eskapatu, gainezka egin, hustu, isuri, joan / etorri egin, korritu, partidoa bukatu, zurrustatu, hazia bota, joan, asetu, atsegin hartu, grinak asetu

Bi gauza egin zaizkit harrigarri. Bata, erregistro desberdinak ez bereiztea, ez baita erregistro bera «correrse» edo «tener o llegar al orgasmo». Bestea, zehaztasun falta, espezifikotasun falta, ñabardurak inportanteak baitira, ez baita apenas berezitasunik ageri emakumeen eta gizonen korritze kontzeptuak direla-eta.

Erregistro formalerako –iruditzen zait, dena dela, sexu hezkuntza dela-eta lehenago formaltzat hartzen ziren zenbait esapide arruntak direla gaur egun–, «orgasmoa izan», «orgasmora ailegatu, iritsi, heldu» dugu nire ustez bide normalena.

Erregistro arruntagoetarako, correrse aditzaren pare, Hegoaldean behinik behin, korritu iruditzen zait modu zabalduena, eta ongi etorria izan dadila mailegua. Zuetako inork besterik baldin badu, hainbat hobe.

Horien artean gelditzen dira hiztegietan proposatzen diren etorri eta joan. Zehazkik «banator, banator» dio. Niri eta nire lagun batzuei bitxi samarra iruditzen zaigu, baina tira. Aukeran, nahiago joan. Kike Amonarrizi behin aditutako txiste batean oso ongi ematen zuen joan aditzak, eta aise ulertzen zen, testuinguru horretan, jakina (bikote bat larrutan ari da bere gelan, eta umeak, beretik, zera aditu dio amari: «Banoa, banoa». Orduan, umeak oihu egin, eta galdetu dio: «Ama, baina nora zoaz?»). Etorri ilunagoa iruditzen zait.

Heldu, iritsi edo ailegatu, huts-hutsean, motz gelditzen dira testuinguru markatu gabeetan, eta, eufemismoak direnez, hobe dugu, behin horretara ezkero, «orgasmora heldu, iritsi, ailegatu» esan.

Komentatu nahi nuen azkena isuri da. Ni harritu egin nau Sarasolaren proposamenak, are gehiago jarri duen adibidearekin: «Neska berriz isuri zen». Isuri aditzak badu bere lekua noski, eta hortxe ditugu «hazia isuri» eta «hazi-isurtzea» eta behar den guztia, baina klimaxera ailegatze hori adierazteko, niri bederen, ez zait egokia gustatzen. Goi mailarako proposatzen du, gainera.

Horretarako, eta proposamen hoberik ez den bitartean, nahiago dut korritu mailegua.

Nire artikulu honek hutsune bat du gutxienez. Ez dakit frantsesez, eta, galdeka ibili banaiz ere, ez zait informazio askorik ailegatu Iparraldeko erabileraz. Aingeru Epaltzak esan dit jouir esaten ote den. Segur aski erregistro maila arruntagoan egonen da beste hitzik ere. Aingeruren bitartez, Itxaro Bordaren aportazioa ailegatu zait. Eta honela zioen:

Hemen ere orgasmoa erraten diaguk, baina gehienetan euskaraz gozatu, atseginez lehertu, erre, gogortu, malgortu, sugartu eta irudimenak hazi ditzakeen hitzak oro baliagarriak direla erraiok hire lagun itzultzaileari.

Esperientzia horiek adierazteko, hamaika modu erabiltzen ahalko genuke, eta hitzekin trebe direnek nahi adina modu eskainiko dizkigute, metaforak barne. Baina hizketa lauan, behar-beharrezkoak ditugu termino horiek.

Eskertuko nituzke zuen aportazioak, edo iritzia behintzat.

Gutako inorentzat ez dira arrotzak esperientzia horiek. Baina, esan, zer esaten dugu?

Inor(k) gutxik

Elixabete Perez Gaztelu

Ikasle-irakasleontzat i(ra)kaskuntzaren jardun ezinbestekoa eta aberasgarria da testu-zuzenketa. Testuon irakurraldian batzuetan irakasleok geldi egin behar izaten dugu ikasleak erabili duen hizkuntza molderen batek begia jo digula eta: gure ezaupide-jakintzei atximur egin eta ikaslearen delako horrek akuilatzen gaitu pentsatzera eta ikastera.

«Inor gutxik asmatu du halako teoriarik», «inork gutxik asmatu du halako teoriarik» —bestela esan, inor gutxik / inork gutxik— idatzita ikusteak eman digu hizpidea.

Ergatibora murriztuko dugu aurkezpena, ikusiko dugun bezala, ez baitirudi gainerako atzizkiek bikoiztasuna sortu dutenik inor gutxiri / *inori gutxiri, inor gutxiren(gan)(dik)… / *inoren(gan)(dik)… gutxiren(gan)(dik)…

Orotariko Euskal Hiztegiko adibide gehienetan inor gutxik moldea da nagusi; sintagmaren bukaeran besterik ez dute erabiltzen atzizkia autoreek. Letra lodiz markatu ditugu absolutiboak ez diren sintagmak; gehienak ergatiboak dira:

Inor. INOR GUTXI (Dv (nihor guti), A Apend). Casi nadie, pocas personas. “Nihor gutik sinhetsiko du hori” Dv (s.v. nehor). “Poca gente” A Apend.  Nehor guti dantzatzen da edana eztenean. Ax 413 (V 268). Nihor guti trebe den lekuetan. SP Phil 288. Nihor gutik ezagutzen ditu haren sekretuak. Ch III 46, 4. Egia da nihor guti mintzo dela penitentzia hartaz. Lg I 24. Nola gerthakari txarraz nihor guti orhoit baita hel dadien artean. Dv Dial 66. Nihor gutik sinhetsiko du Yainkozko lana dela. Hb Egia 83. Zenbat dira aeri jarraitzeko asmua arturik ere saiatutzen diranak aleginaz? Iñor gutxi. Bv AsL 194. Jaun gazte bat nehor guti bezalakoa. HU Aurp 208 (v. tbn. 153). Nik dakidana da haren eta halakoen gaixtakeriaz nehor guti entzunen duzula mintzo. Eskual 24-2-1905 (ap. A). Lan egiteko iñor gutxi ta / mayian eziñ kabitu. Tx B II 60. Iñor gutxik ezagutzen zuten leize sakon bat ezagutzen zun inguru artan. Etxde JJ 116. Nehor gutik dakike noiztik eta nondik datorren ene pertsutako tirria eta gostua. Xa Odol 24. Izugarriak eta inor gutxirentzakoak ziren antzina urrutiko bidaiak. MEIG III 102. Azkueri adina inor gutxiri zor diogu euskaldunok. MEIG VIII 94.

v. tbn. Nihor guti: Dh 51. MarIl 17. Arb Igand 83. Nehor guti: Barb Sup 133. Ox 69. JE Ber 20. Lf in Zait Plat XVI. Ardoy SFran 44.

Pentsa daiteke datuotan oinarritu dela Hiztegi Batua inor gutxik moldea erabiltzeko aholkatzeko, berariaz hala ez badio ere. Adibideak ikustean horixe ondoriozta dezake behintzat kontsultagileak:

inor gutxi:  inor gutxik sinetsiko du hau; inor gutxiri entzun diogu hori.

Hala guztiz ere, OEHko hiztegi-artikulu horretan bertan ergatibo kasuaren atzizkia errepikatua duten hiru adibide ere badaude (inork gutxik moldekoak). Autoreak: XVII. mendeko Jean Haranburu eta Silvain Pouvreau, eta XX.eko Koldo Mitxelena.

Hau da kofesioko mirailla, eta nihork gutik bere konzienzia deskargatzen duen pontuak. Harb 185. Nihork gutik hura ezagutzen du. SP Imit III 46, 4. Euskaraz egungo egunean inork gutxik bezala dakielako. MEIG III 137.

Informazioa osatzearren, Koldo Mitxelenaren euskal lanetan (MEIG bilduman) ere begiratu dugu eta (okerrik ezean) ikusi inor gutxik sei testutan eta inork gutxik bitan darabiltzala: OEHn jasotako adibide horretan (1965ekoa) eta 1979ko lan bateko beste honetan:

Inork guttik aipatzen du (Quinek, esate baterako) 1933an jadanik agertua zela polonieraz. (MEIG VII 185).

Era berean, OEHn ikusi dugu ergatibo ez diren beste sintagma batzuetan ere badarabilela Mitxelenak inor gutxi moldea: inor gutxirentzako eta inor gutxiri (OEHko adibideak besterik ez ditugu ikusi) eta MEIGen inor gutxirengan ere behin ikusi dugu. Guztiarekin ere, Mitxelenaren euskal corpus osoa aurrean izanda, arras adibide gutxi dira.

Datu-bilketaren azken urratsa EPG corpusean egin dugu eta alderatu inor gutxik eta inork gutxik. Hauxe emaitza:

Inor gutxik Inork gutxik
Emaitza: 278 agerraldi / 139 esaldi Emaitza: 130 agerraldi / 65 esaldi
Liburuetan: 47 esaldi / 35 liburu Liburuetan: 31 esaldi / 25 liburu
Prentsan: 92 esaldi / 92 artikulu Prentsan: 34 esaldi / 34 artikulu

Bidenabar esan dezagun Mitxelenak erabilitako inor gutxiri, inor gutxiren eta inor gutxirentzat-en lekukotasuna ere begiratu dugula corpus aukeratuan eta ikusi arrunt lekuko gutxi dituztela guztiok: inor gutxiri (Patxi Ezkiaga eta Joxerra Garziaren liburu banatan), inor gutxiren (adibide bakarra, Koldo Bigurirena) eta inor gutxirentzat (adibide bakarra, prentsakoa).

Ondorio hauek gutxienez atera daitezkeelakoan gaude:

  • Badirudi OEHko datuak eta Hiztegi Batuaren ahaleginak ahalegin(?), EPGren arabera behinik behin, inork gutxik moldea lekua hartzen ari dela euskal  testuetan, eta ez bakarrik prentsan. Lankide batek (eskerrik asko, Esther) ohartarazten dit, akaso, *guzti honek –> honek guztiak bideratzeko saioak izan dezakeela zerikusia batzuengan. Litekeena da.
  • Datu guztiak aurrean izanda, inork gutxik idatzi duen ikasleari esatea badaukagu inor gutxik moldeak tradizio zabalagoa duela, eta pentsatzeko, esate baterako, ez dugula *deusek gutxik, *ezerk gutxik eratu (nahiz, jakina, ikasleak erantzun dezakeen inor bizidunak aukera handiagoa duela egilea izateko eta, horrenbestez, ergatiboa behar izateko, deus eta ezer bizigabeek baino, bizigabeok egile eta ergatibodunak izan daitezkeen arren). Eta, horrenbestez, bietako bat aukeratzekotan, Hiztegi Batuaren ildoan jarraitzea, hobe.
  • Bazterrekoa. Itxura batean, absolutiboa eta ergatiboa ez denean hiztunok inor gutxi baino beste adierazpide batzuk nahiago bide ditugu antzeko ideia adierazteko (ez al dira asko ugaritzen ari gutxi batzuk, pertsona gutxi…?). Baina hori beste gai bat da.

orain ere gehiago dira orenak, egunak baino

Miel Anjel Elustondo

frantzizko laphitz irakurri bitartean, idazten ikasiko ote dugun esperantzatan ikasten, bertzelako lanik ere egin behar ukaten du mortalak, sasoi bateko kristauak. horrela heldu nintzen orain hamabortz egun iruñera, gisa berean heldu burlatara, halako euskara teknikari bat atzemanen genuen ustean. menturaz, usaina aditu zigun, eta eskapatu xoria. haren atean jo genueneko –udaletxeko harrera ere ez genuen iragan!–, eskapatua zen hura. jo eta buelta, autoa hartu eta etxera. autora bidean, hala ere, liburudenda, iraganetik salbu egundaino heldu dena. mirariaren handia! leihoan, ohiko best sellerrak ageri. haiekin batera, ‘reino de navarra. euskera. injurias, coplas, frases’, fernando maiora mendia egile, liburu azal-berde bat, makrodendan kausituko ez duzun horietarik. sartu zara eta haren galde egin diozu dendariari. erakutsi dizu leihoan dagoena, eta sail bereko diren bertze bi ere! burlataraino itzulia alfer eta debaldetan egin ez duzula zeure burua erranik, orduan bai, etxera.

ez dezadan hemen erran ‘argia’ aldizkarian argitaratuko den artikuluaren mamia, ez dezadan hemen erran bart arratsera arte euskara bertzerik ez zekiela nafar jende hark  –aldizkari dekanoa baita lekua, ez hau–, baina alda dezadan maiora mendia kamikazeak bildutakoen artean perlaren bat edo bertze, guzion jakingarri, eta ikaskizun, inor horretara bortitz behartu gabe, baina bihotz emanez betiere. anitzen artean nik iritzira jasoa, hona egileak nafarroako artxibategi nagusian jasotako testimonioa: 1659koa dugu, amaiurkoa. epaile instruktore notario edo dena delakoa ari da. errierta izan da, ohi denez, eta epailearen aitzinean salatu dute halako bat. euskarara itzulirik abiatu naiz, eta etzanean dira, berriz, jatorrizko dokumentuan diren euskarazko solasak: “Estevan de Aleman, akusatua, eta bere anaiari sosegu eman ordez, haserreago eta aztoratuago zegoen, hoska eta errierta egiteko gogoz, eta epailea zurratzeko prest, eta dio hirugarren lekukoak, erran ziola delako Migel de Alemani, anaia, honako arrazoi hauek, kolera handian, baskuentzez: jaincoaren pasion uçac anaya ora yere geyago dituc oronac eces egunac”

horixe, bada: jainkoaren pasioa! uztak, anaia! orai ere gehiago dituk orenak, ezen ez egunak.

ataka gaitzean ere, legearen aitzinean, herronka jotzen aleman. euskaraz. baskuentzez _

Izariz eta iraziz

Beñat Oihartzabal

Aitzineko aldian erran bezala, izenondoekin gutientasuna adierazten duen erabideaz ariko naiz, hitz batean, ondokoaren itxurakoez:

Aterabide ona ez bada ere, uste dut gutxien txarrena dela.

Laburbiltzen dut lehenik, bi hitzetan, gramatikako puntua: euskaraz, izenondo bati maila-kuantifikazioa ematerakoan, superlatibo erlatiboa baliatu nahi bada, -EN atzizkia, izenondoari lotzen zaiona, erabili behar da. Atzizki horrek goreneko maila adierazten baitu,  ez da, beraz, atzizkirik maila apalena adieraz dezakeenik. Maila apalena adierazi nahi izanez gero, nahi ala ez, GUTXI zenbatzaileaz baliatu behar da, -EN atzizkia hari eratxekirik. Erranbide hori ezohikoa baita euskaraz, eta guziz arrunta ondoko erdaretan, egiten den galdera da, hain zuzen, zenbatetaraino gure testuetako ateak ireki behar zaizkion.

Gaia ezaguna dute irakurle anitzek. Duela bederatzi urte jadanik, orduan ere Xabier Aristegietak sua pizturik, «la solución menos mala» eta «la menos blanca de tus camisas blancas» bezalako perpausak euskarara nola itzul eztabaidan ibili ziren dozena bat lagun ItzuL posta zerrendan (milesker Itziarri mezu horiek seinalaturik). Aterabide bila ibili ziren zerrendakideak bi multzotan sailka daitezke: alde batetik, euskarak, batzuetan bederen, gutientasunaren adierazteko erranbide berezi bat behar zuela zeukatenak, eta bestetik, kalkorik asmatzen ibili gabe, euskarak zituen tresnekin holako perpausak adieraz zitzakeela ziotenak, zuzenean ez bazen, zeharka edo inguruka.

Auzi horren trenkatzeko moldeaz,  ez dut deus gaineratzekorik hemen, orduan mezu haietan jadanik, molde batean edo bestean, adierazia izan ez zenik. Datuak biltzerakoan aurkitu ditudanak ekarriko ditut bereziki, iritzia hondar lerroan emanik.

Guti dira euskarazko testuetan gutientasuna izenondoekin markatzen duten adibideak. Ez da inola ere izan iraganean —gaur ere ez da— komunzki erabilia izan den erabidea. Joskeraren aldetik beste azalpen bat izan dezaketen partizipio burutuen eta IZENONDO + ADITZ lokuzioen kasuak bazterrean ematen badira [1], bizpahiru hamarrekotan biltzen dira adibideak corpus arruntetan. Ez gehiago, nik uste. Guti, beraz [2].

Orain arte erranbide horrek zer bide egin duen bilduko dut hemen, hiru puntu bereziki azpimarratuz:

  • Erranbidea ez da berria, testu zaharretan ere (17-19. mendeetakoak) agertzen baita;
  • Bi erabide nagusi aurkitzen dira, bat zaharra, bestea berriagoa, formazko aldaketa horri euskalkien aldetik ere beste bat darraiolarik;
  • Ez dirudi erranbidea itzulpenaren ondorio zuzena den.

Zehatz ditzagun hiru puntu horiek.

1. Dozena bat adibide aurkitu ditut 20. mendea baino lehenagogo testuetan GUTXIEN + IZENONDO erakoak, denak lapurterazko testuetakoak. Adibide zaharrena Pouvreaurena da eta beraz 17. mendearen erdialdekoa. Ondotik, 18. mendean, Haranederrek eta Larregik ere bizpahiruna adibide eman zituzten, eta 19.ean Duvoisinek eta Goietxek ere, bira, bai eta 1864ko kozina liburuaren egileak ere beste bat. Hona lan haietarik hartu bost adibide:

  • Bertute handiago da, ene zinestez, presentatzen zaitzunetik hautatu gabe, eta presentatzen den bezala iatea, lehena lehenik, azkena azkenik, zure gustura delarik, edo eztelarik, ezen ez gutien on dena bethi hautatzea (Pouvreau, Philotea, 23. kap.).
  • egia batzu baiditu erakusten gutien jakintsun direnak ere hazteko propi direnak (Haraneder, Ebanjelioen itzulpenaren aitzinsolasa).
  • Iuduen artean, gutien sentikorrak berak admirazionez eta bihurkundez betheak kausitu ziren atheratzeaz itsasotik (Larregi, Testament zaharreko historioa, 42. kap.).
  • Hunen arramantzak pentsatzen baitzuen  / Beren etxetarik kolpez eraikiren,  / Zituela trantzituak / Laur atzetako guziak,  / Gutien iziak berak  (Goietxe, Alegiak, «Lehoina eta astoa ihizian»).
  • haren orde jarriren da gizonik putrusena, eta erregetasuneko ohoreari gutienik egokia (Duvoisin, Biblia, Dn 11,20).

Garbi da, beraz, lehenagoko mendeetan ez zela hainbat hedatu gutientasuna izenondoetan markatzen duen erabidea. Halere, ezin erran daiteke tradiziorik gabekoa dela.

2. Goiko aipuetako superlatiboarekilako erranbideari behaturik, berehala ikus daiteke ez dela, formaz, lerro hauen hastapenean ikusten dugun adibidekoa bezal-bezalakoa. Izan ere, Goietxeren adibide batean izan ezik, lapurtar idazleen holako perpausetan GUTXIENek laguntzen duen izenondoak ez dakar atzizki superlatiborik. Erabide hau desagertu ez bada ere [3], XX. mendeko eta gaurko testuetan, beste bat nagusitu da, iduriz: izan ere, egun, gutientasuna izenondo batean markatzean, superlatiboaren atzizkiarekin agertzen da gehienetan izenondoa. Superlatiboaren atzizkia bi aldiz agertzen da, beraz, bai kuantifikatzailean eta bai izenondoan, erredundantziaz edo. Hona zenbait adibide:

  • Irisartar koblaria zauku azkenean iduritu gutienik ahulena (Etxepare medikua, Buruxkak, Eskualdun phestak Baigorrin).
  • Azkenik, baina ez gutxienik garrantzizkoena, herritarrekin badakizue eragin handia duzuela (P. Sudupe, Argia, 2007-12-16, 2115. zbk., «Gutun irekia politikari euskaltzaleoi!»).
  • Azkenik, eta ez alderik gutxien aberatsena berau, emanaldia beste herri batzuetara eramateko eta hango ekimenak ekartzeko era natural bat zen (X. Amuriza, Olatu bat kuartelen gainetik).
  • Jainkoa esferoidea zen, zeren hori baita modurik onena, edo  gutxien txarrena, jainkotasuna irudikatzeko (J. Garzia / Jorge Wagensberg, Formen matxinada).

Hau da, beraz, erabideari dagokion aldaketa [4]:

gutxien  IZENONDO-(a) >>>  gutxien IZENONDO-en-a

Euskalkien aldetik ere aldakuntza bada. 17-19. mendeetan, lapurterazko idazleetan baizik ez zen kausitzen erranbide hau. Aldiz, 20. mendearen lehen partean, Iparraldean, baxenabarreraren eragina dutenen lanetan ere aurki daiteke (J. Etxepare medikua). Euskara batuko garaietan, eta bereziki egungo testuetan, Hegoaldeko testuetan atzematen da oroz gainetik. Halere, era markatua gelditzen da, eta testuen kopurua handitzearekin, adibideak, iduriz, ez dira hainbeste emendatu.

3. Adibideak nola gertatzen diren ikusirik, ez dirudi itzulpenari bereziki josia dela erranbidea. Erran gabe doana: itzulpen lanetan ere aurkitzen da, eta goragoko adibide batzuk gisa horretakoak dira. Halere, behin baino gehiagotan ikus daiteke, itzulpen lanetan beretan ere, erabidea bera jatorrizko testuari ez darraiola. Adibide gisa, gorago eman dugun Pouvreauren adibidea har daiteke (GUTIEN ON DENA, oraingo datuen arabera, erranbidearen lehen agerraldi ezaguna). Perpaus hura F. de Sales saindu beharraren Introduction à la vie dévote idazlanaren itzulpenetik ateraia da. Hona nola dioen frantsesez jatorrizko testuak:

C’est, comme je crois, une plus grande vertu de manger sans choix ce qu’on vous présente et en même ordre qu’on le vous présente, ou qu’il soit à votre goût ou qu’il ne le soit pas, que de choisir toujours le pire.

Aipuan ikus daitekeenaz, frantsesez gehientasunezko superlatiboa erabilia da, nahiz eta modu lexikalizatu batean egina den («le pire»). Euskaraz «txarrena» edo da haren baliokide zuzena. Halere, Pouvreauk nahiago izan zuen gutientasunezko superlatiboa erabili izenondo antonimoarekin uztartuz. Seinalatzekoa da ondoko mendean Haranederrek perpaus hura bestela itzuli zuenagatik, puntu horretan berdin egin zuela [5].

Horrelako zerbait gertatu zen beharbada Haranederren ebanjelioen itzulpenean ere. Vulgatak honela dio 1 Ko 1,27 pasartean:

sed quae stulta sunt mundi elegit Deus

Genevako frantsesezko itzulpenari jarraikiz, Leizarragak Vulgataren hurbileko itzulpena eskaintzen du:

Baina munduko gauza erho diradenak elegitu ukan ditu Jainkoak

Haranederrek, haatik, bestela ematen du pasartea:

Baina munduaren arauera gutien zuhur direnak ditu Jainkoak hautatu

Pasarte guzia hona ekarri behar litzateke Haranederren hautuaren ikertzeko, eta modu zuzenean itzul zezakeena zergatik era markatuago batean egin nahiago izan zuen argitzen saiatzeko. Dena den, garbi da, ene iduriko, ez zuela itzulpen leiala egiteko nahikeriak horretaratu. Badaiteke Haranedederren jokabideak garai hartako frantsesezko zenbait itzulpenetan duen iturburua (nahiz ikusi ditudan Testamentu Berriaren frantsesezko bertsioetan ez dudan araberako formarik aurkitu). Halere, ez da dudarik, nik uste, Vulgata ere begien aitzinean izan zuela, eta jakinaren gainean hobetsi zuela hartu zuen bidea [6].

Gaurko testuetan ere, ez da baitezpada itzulpenaren eraginez baliatzen erabidea. Ez Etxepare medikuaren goragoko adibidearen kasuan, ez eta haren ondotik ematen diren X. Amuriza edo P. Suduperenetan ere, ez da holako ingurumenik. Are gehiago, badirudi itzuli markatua izanik, itzultzaileek ez dutela itsura euskarara ekartzen erabidea, eta behar den kasuetako bereziki atxikitzen dutela [7]. Argi da, adibidez, gorago agertzen den J. Garziaren adibidean halako ingurumena dela, zeren «modurik onena» eta «gutxien txarrena» desberdintzen eta kontrastatzen baitira itzulgai zen perpausean.

Alderdi horretarik, gorago ematen dudan Etxepare medikuaren adibidea ere adierazgarria da. Etxeparek izigarriko mespretxua erakutsi zuen kronika hartan, 1905eko Baigorriko bestetan ari izan ziren ahal bezalako zenbait bertsolariren aldera. Testu hartan, koplari haietarik biga konparatzerakoan superlatibo erlatiboa erabili nahi izan zuen, eta orduan hoberenaz mintzatzeko ‘gutien ahulena’ aipatu zuen, dudarik gabe haren hitzek eman nahi zien trufazko ozpina izan zezaten. «Hoberena» erranik, ez xoilik motz eta geza geldituko zitzaion ateraldia, baina desegoki ere, tokilo bezain trunko iruditu baitzitzaizkion bi laborari bertsolari haiek.

Izariz eta iraziz erabiliz gero, nik hasteko, duda guti dut, gorago erakutsi bezalako kontraste jokoak egin nahi direlarik bereziki, franko egokia gerta daitekeela hemen aztertu erabidea euskaraz ere. Hain argi ez daukadana da ea forma berriagoak (-en atzizkia izenondoan ere duena) aitzinekoa bazterrarazi behar digun.

— — —

[1] Adibide gehiago balitzateke bestela, partizipio burutuak kontuan hartzen balira bereziki: «gizonik zuri atsegin egitera gutienik ekarriak» (Duvoisin), «ez ziren gutienik loriatuak goiz eder hartan» (Barbier), eta horrelakoak.

[2] J. Landaren laguntzari esker egin ahal izan baitut ikerketatxo hau, doakiola hari ere ene esker ona.

[3] Molde zaharra ez da desagertu halere, eta gaurko testuetan ere agertzen da. Hona hiru adibide:

  • Politikan dagoen diskurtsoak dio, paradisuan ez gaudela, baina oso ondo gaudela, kasik Leibniz-en «mundu posibleetarik hoberenean» alegia, edo gutxien txarrean, hori omen baita demokrazia (J. Azurmendi, Euskal Herria krisian, 211. or.).
  • Ezaugarri bitxi ugari dituzte halako materialek; bitxietan ez gutxien bitxia: guztiek ere eremu magnetikoak egozten dituztela supereroaten ari direnean. (F. Morillo / G. Farmelo,  Eder behar du, 238. or.).
  • badira gertaldi batzu hetan gutienik bortitza den gizona bertzetarik hain urrundua baita nun gizalde osoa hiltzen ikus bailezake bihotz pilpira bat ukan gabe. (J-B. Orpustan / G. Flaubert, Maitasunaren ikasten, 6. kap.).

[4] Ez dut kontuan hartzen testuan 19. mendetik hona GUTXIEN formaren ondoan, bi erabideetan, erabilia izan den GUTXIENIK aldaera (ikus adibideak). Ohargarri da, bestalde, lapurterazko adibide zaharrenetan (Pouvreau, Haraneder) izenondoa IZAN aditza ondotik duela agertzen dela, eta honen mendeko forma jokatuari  («den-») lotzen zaiola numero komunztaduraren marka (artikulua). Larregirekin («gutien sentikorrak») hasten da gero nagusitzen den moldea, hartan IZAN aditza ez baita agertzen, eta izenondoak zuzenean hartzen baitu numero komunztadura marka: «gutien zuhur dena» >>> «gutien(ik) zuhurra».

 [5] Konpara testuko Pouvreauren itzulpena (berriz kopiatzen dudana hemen) eta Haranederrena:

  • Bertute handiago da, ene zinestez, presentatzen zaitzunetik hautatu gabe, eta presentatzen den bezala iatea, lehena lehenik, azkena azkenik, zure gustura delarik, edo eztelarik, ezen ez gutien on dena bethi hautatzea (Pouvreau, Philotea, 3-23. kap.).
  • Uste dut bertute handiago bat dela, hauturik gabe iatea, presentatzen zaitzunetik, eta presentatzen zaitzun bezalakorik, ala den, ala ez den zure gustukoa, ezen-ez guttien on dena beti hautestea (Haraneder, Philotea, 3-23. kap.).

[6] Haranederren bide bera hartu zuen Larregik ere hogeita hamar bat urte geroago pasarte hura bera aipatzean («munduaren arabera gutien zuhur direnak», Testament zaharreko historioa, 65. kap.). Haranederren itzulpena ez baitzen haren garaian argitaratu (P. Altuna euskaltzain zenak egin zuen ez aspaldi), ez dakigu Larregik haren ikusteko paradarik izan zuen, eskuzko kopia zenbaitetan, naski. Halere, franko bitxia litzaidake niri, biek pasarte hura molde markatu hartan zeinek bere alde euskaratu izana. Inposiblez, Larregik Haranederren lanaren kopia bat eskuen artean izan zukeen.

[7] Frantsesez franko zabaldurik baitago (ustez) gutientasunezko superlatiboa, J. Landak emanikako datuetan oinarriturik,  behako bat eman diet bi frantses eleberririren (Madame Bovary eta Du côté de chez Swann) euskarazko bertsioei, gisa horretako pasarteak nola itzuliak izan ziren ikusteko. Lehenik seinalatzeko da uste baino kopuru ttipiagoan agertu direla holako adibideak jatorrizko testuan: bat Flaubert-en eleberrian eta bi Proustenean. Flauberten adibide bakarra erabide bera harturik itzuli du P. Apalategik; hartan, haatik, izenondoa partizipio burutua zen (ez da beraz hemen ikertu dugun konfigurazio bera; ikus [1]): «la moins scandalisée» > «gutxien eskandalizatu». Prousten eleberriko bi adibideetan, JA. Arrietak, antonimoen bidea hobetsi du: «la moins longue» (bi bide konparatuz) «laburrena» itzuliz, eta «le moins susceptible de généralité», berriz, «orokortzen zailena»; nire ustez, testuinguruak ikusirik, irazkia zuhurki erabiliz.