Gizonak, gizakiak, pertsonak

Beรฑat Sarasola Santamarรญa

Sarritan esaten da, zentzuz, itzultzea dela idazten ikasteko biderik taxuzkoenetako bat. Ez da hainbeste esaten baina editatzetik ere irakaspen ugari jaso ditzake idazle edo itzultzaile gaiak. Munduko Poesia Kaierak bildumako aleak editatzen jardun nuen denboran kontziente naizena baino gehiago ikasi nuen ziur aski, halako ikaste prozesuak isil-gordekoak izaten dira eta. Haatik, gogoan dut itzultzaileekin lanean sortutako zalantza bat baino gehiago, eta haietako bikain batekin gertatuaz idatzi nahiko nuke oraingoan.

Poeta baten kaiera ari ginen editatzen, bada, eta poema batean, zeina espetxeen kontrako eta giza duintasunaren aldeko aldarria baita, poetak erruz erabiltzen zuen, espainieraz, hombre hitza.

Las cรกrceles se arrastran por la humedad del mundo,
van por la tenebrosa vรญa de los juzgados:
buscan a un hombre, buscan a un pueblo, lo persiguen,
lo absorben, se lo tragan.

Horrela hasten da poema eta lerro indartsu bat baino gehiago du hombre-rekin bilbatua, adibidez: Ser libre es una cosa que sรณlo un hombre sabe. Espainieraz dakitenek badute hitzaren polisemiaren berri. DRAEren arabera, hona adierak:

1: Ser animado racional, varรณn o mujer. El hombre prehistรณrico.
2: Varรณn (โ€– persona del sexo masculino).
3: Varรณn que ha llegado a la edad adulta.
4: Varรณn que tiene las cualidades consideradas masculinas por excelencia. ยกEse sรญ que es un hombre!
5: Marido o pareja masculina habitual, con relaciรณn al otro miembro de la pareja.
6: Antiguo juego de naipes semejante al tresillo, de origen espaรฑol, que se extendiรณ por Europa en el siglo XVI.
7: En algunos juegos de naipes, persona que dice que entra y juega contra las demรกs.
8: U. para indicar sorpresa o asombro, o con un matiz conciliador. ยกHombre, no te enfades! Hombre, no hay que ponerse asรญ, Marรญa.

Adiera sorta osoak du, segurki, nondik aztertua, baina guri, kasu honetan, lehenengo biak interesatzen zaizkigu. Hombre genero maskulinoari erreferentzia egiteko erabiltzen da baina erabili izan da, hedaduraz (horratx genero nagusikeria), giza espezieko banakako guztiei erreferentzia egiteko. Pentsa, lehenengo adiera da oraindik ere!

Poema irakurrita bistakoa da poetak adiera horretan erabili zuela hitza, hots, gizakiari erreferentzia egiteko, izan gizonezko, emakumezko edo beste genero identitateko. Lehenengo ahapaldiari begiratuz gero argi agertzen da, pertsonifikazioa erabiliz, entitate orokorrez ari dela: gizakia, aberria. Ez, beraz, gizon bati edo gizonei buruz. Itzultzaileak, horregatik, โ€œpertsonaโ€ kontzeptua erabiltzea deliberatua zuen. Arestiko beste adibidea erabiltzearren: โ€œPertsonak soilik daki libre izatea zer denโ€.

Honaino zentzuzkoa dirudi denak, baina editatzen ari nintzela zerbaitek tarrat egin zidan belarrian. Izan ere, garbi dago poetak ser humano zuela buruan poema idaztean baina hitzera ekartzean hombre kontzeptuaren alde egin zuen, beste alternatiba batzuk eskura zituenean. Persona bera, urrutira joan gabe. Orduan, galdera da, autoreak ez bazuen persona erabili, egoki ari ote da itzultzailea termino hori baliatuta? Pertsona jarri nahi izan balu ez zukeen, bada, persona idatziko?

Hermeneutika klasikoan intentio auctoris (autorearen intentzioa) eta intentio operis (obraren intentzioa) bereizi izan da, eta argi dago literatur lanak aztertzerakoan kontuan izan beharrekoak direla. Gure kasuan, galdera honakoa litzateke: itzultzaileak zer itzuli behar du? Autorearen intentzioa? Obraren intentzioa? Biak (posible al da beti)? Hau da, ontzat ematen badugu poetak hombre hitzaren lehenengo adiera zuela buruan eta bere intentzioa gizaki guztiei erreferentzia egitea zela, logikoa dirudi โ€œpertsonaโ€ hitza erabiltzea. Alabaina, poetak buruan zuenaz harago, argudia liteke hombre erabiltzeak (eta beraz, ez beste bat, persona, adibidez) bestelako oihartzun batzuk (generozkoak, besteak beste) ere ekartzen dituela eta obrak hori ere esaten duela. Alegia, itzultzailearen egitekoa ere badela, ahal dela, oihartzun horiek jasotzea.

Beste kontu batekin ere erlazioa du auziak: itzultzaileak zer egin behar du, hizkuntza itzuli edo itzulpen kulturala ere egin behar du? Alderdi kulturala kasu guztietan itzuli behar da? Izan ere, kasu honetan beste kontu eratorri bat da zein tarte utzi behar zaion irakurleari interpretazio kulturala egin dezan, edo zein puntutaraino egin behar duen hori itzultzaileak, jatorrizkoa egungo testuinguru kultural-historikora ekarriz. Hau da, hombre hitzaren erabilera generikoa mantendu behar du itzultzaileak, bere genero karga guztiarekin, eta irakurlearen esku utzi ohartzea garai eta kultura jakin bateko testua dela eta horregatik agertzen dela termino hori horrela (nahiz eta egun, akaso, hozkia eragin)? Edo poetari lagundu behar dio itzultzaileak eta poeta horrek gaur egun hautatuko lukeen hitza imajinatu?

Oihartzunez hitz egin dugu eta ez dute soilik jatorrizko hitzek oihartzun egiten, itzulpenetakoek ere bai, jakina. Gizonkeria ekidin aldera โ€œpertsonaโ€ erabilita ere hitz horrek ere baditu beste konnotazio batzuk, genero kontuaz harago, jatorrizkoak ez dituenak. Filosofiaren esparruan, esaterako, ez dira baliokideak pertsona, gizakia, indibiduoaโ€ฆ Beraz, alde horretatik ere galera izango genuke. Jakina da, itzulpena ur jauzi bat kortxo batekin estaltzen saiatzea da; horregatik du halako meritua!

Itzultzaileari planteatu niona izan zen jatorrizko genero karga mantentzen saiatuko nintzatekeela ni eta irakurlearen esku uzten, nahi izanez gero, irakurketa kritikoa. Euskaraz, โ€œgizonโ€ litzateke, berez, ordain argiena. Ez hori bakarrik, Euskaltzaindiaren Hiztegiak bigarren adiera modura dakar terminoaren ulerkera generikoa. Hori bai, kurioski, Euskara Batuaren Eskuliburuak baztertu egiten du erabilera hori: โ€œGizon, berriz, gizaki arra da, ez generikoa; hitz markatua, beraz.โ€

Edozein kasutan, tradizioan terminoaren erabilera generikoaren kasu enblematikoa dugu, poesian gainera: Gabriel Aresti. Beti dabil gizona gora, gizona behera: โ€œEz ezazue tapa / gizonaren ahoaโ€. Eta abar luze bat. Eta itzulgai zen poeta (Miguel Hernandez, dagoeneko esan dezakegu) primeran kokatzen da Arestiren tradizioan, bion karga soziala aintzat hartuta besteak beste, eta hori ere kontuan hartzekoa iruditzen zitzaidan, poesia itzultzen ari garelarik. โ€œGizonโ€ hitza gogorregia iruditzera, โ€œgizakiโ€ ere hor zegoen, โ€œgiza-โ€œ horrek gordetzen duen jatorri etimologikoarekin: jakina denez, โ€œgizonโ€etik dator. Bistan da, ez da hain erraza gizonongandik libratzea.

Azkenean, nire gomendioak alferrikakoak izan ziren eta itzultzaile maiteak (Josu Landak, dagoeneko esan dezakegu) bereari eutsi zion. โ€œPertsonaโ€ erabili zuen eta, neurri batean, egungo irakurleari bidea erraztu eta, ziur aski, autoreari laguntzatxoa eman. Zer nahiago, orduan: gizonak, gizakiak, pertsonak? Esana dugu, itzultzea ur jauzi bat kortxo batekin estali nahi izatea daโ€ฆ

Zurezko edo egurrezko

Xabier Olarra

Gai honetaz argi bila jotzen badugu Euskaltzaindiaren Hiztegira, honako definizio hauek aurkituko ditugu:

zur
1 iz. Zuhaitz eta zuhaixken enbor, adar eta sustraiak osatzen dituen gai izpitsu eta trinkoa, bereziki lantzeko eta gauzakiak egiteko erabiltzen dena. (-r- bakunarekin). Pago horren gerriak badu hamar metro kubo zur, buruak hamar tona egur. Gereziak ere zur ederra du. Setingo zur iraunkorrez egina. Zur landuz egindako jainko irudiak. Urteetan urpean egonda ere, zerratokian zur ona ematen omen du. Zuraren giharra eta gizena. Zur lana. Zur-lantzailea.
2 iz. Zur puska. Zur baten gainean etzanik.
egur
1 iz. Zuhaitzaren enbor edo adar zati handia; bereziki, multzokari gisa, su egiteko erabiltzen dena. Ezaguna da “egurra” ez dela “zura”. Egur birekin eginiko gurutzea. Egur batzuk surtan, eta egurren artean baba eltzea. Haritzak azala, zura, ezkurra, egurra, guztiak oso onak ditu. Pagoaren egurra, nahiz ikatza nahiz sua egiteko, onenetakoa. Egur mehe guztia maizterrarentzat. Elur-melur, ez nauk hire beldur: etxean baditiat arto eta egur. Egur zama bat. Hiru gurdi egur. Basoan egur biltzen. Egur hezearen kea.
2 iz. Zura. Zuhaitz honen egurra gogorra da eta zuria.

Ikusten denez, โ€œegurraโ€ bigarren adiera batean โ€œzuraโ€ ere bada. Dena dela, bagara batzuk (hainbat lekutan zaharkitua gelditzen ari den) bereizketa hori egiten dugunak: beraz, batzuontzat, zura โ€œgai izpitsu eta trinkoโ€ hori da, eta egurra, berriz, sutarako erabiltzen den zura.

Euskararen Herri Hizkeren Atlasera begiratuta, ikusten da mendebalderantz jo ahala egurrak hartu duela zuraren lekua. Hala ere, badira adibideak adierazten dutenak โ€œzurezkoโ€ Ezkioraino iristen zela, bizkaieraren mugatik hurbil, beraz.

Esan liteke gehiagotan entzun daitezkeela Nafarroan (edo Iparraldean) โ€œzurโ€, โ€œzurezkoโ€ edo โ€œzurajeโ€ hitzak Gipuzkoan baino. Gure etxean (Tolosan) sutarako egurra edo ikatza erabiltzen zen, baina bazen sukaldean koilara โ€œbereziโ€ bat โ€œzurezko kutxareaโ€ esaten zitzaiona. Horregatik egiten zait hain arrotza gaur egun irakurtzea โ€œegurrezko koilaraโ€ eta gisakoak, eta horregatik egiten dut, egokitzen zaidanean, aipatu dudan bereizketa hori.

Antzeko zerbait aurkitu dut atlas horretan egur/zur erabilerari dagokionez Elduainen: nik umetan bezala, โ€œzurezkoโ€ erabiltzen dute kutxarearen kasuan, baina ez armairuak edo aulkiak egiteko materiala aipatzean.

Ereduzko prosan ere begiratu dut, eta denetik aurkitu dut, jakina. Badira idazle eta itzultzaileak bereizketa zentzuz egiten dutenak, badira โ€œzurโ€ sekula erabiltzen ez dutenak, eta badira bata zein bestea โ€œnahasianโ€ erabiltzen dutenak: liburu batean โ€œzurezkoโ€, beste batean gauza bera esateko โ€œegurrezkoโ€: โ€œzurezko hankaโ€ orain, eta beste liburu batean โ€œegurrezko hankaโ€.

Dena dela, ikusi dut Elizen Arteko Biblian oso ondo egiten dutela bereizketa. Kasu bakarra da itzultzaileren bati eskapatu zaiona: โ€œArotza eta egurrezko idoloakโ€ (Jkd 13,10 tit). Beraz, liburu horretan Jainkoaren hitza omen dagoenez, jarrai dezagun bide zuzenetik, eta utzi alde batera โ€œegurrezko idoloakโ€.

Ulertzeko gauza denak uler beza (Mt, 11- 15).

Halabiz.

Makinaren eta gizakiaren arteko elkarrekintza

Elizabete Manterola Agirrezabalaga

Unibertsitateko eskoletan, kongresuetan zein jardunaldi akademikoetan; lagunartean, sektoreko lankideen artean zein kazetariekin; non ez dugu hizketagai izan teknologiaren garapen azkarra azkenaldian? Zaila da iritzi argirik izatea, ez baita erraza neurtzen norainoko gaitasunak dituzten esku-eskura ditugun trepeta horiek eta zenbaterainoko eragina izango duten gure egunerokoan. Kontua ez da orain arteko lan-dinamika baztertu eta makinen mende jartzea, makinak gure mesederako erabiltzea baizik.

Gizakiak berezkoa du egokitzeko gaitasuna, eta guri geuri iraultza teknologiko honen erdian, eta gure lanaren helburuak bazterrean utzi gabe, egoera berrietara egokitzea dagokigu. Eta ahal dela, ongi neurtu, ebaluatu eta hausnartutako erabakiak hartzea. Gakoa ez baita teknologia berrienen bitartez gizakiaren lana bere horretan ordezkatzea, baizik eta teknologia gizakiaren helburuetara ahalik eta modurik eraginkorrenean baliatzea. Hori horrela izanik, inportantea da gizakiaren eta makinaren arteko interakzioan jartzea arreta: zer nolako harremana sortzen da bien artean? Zer modutara balia dezakegu teknologia zereginik nekosoenak egin ditzan? Zertan behar da bai ala bai gizakiaren eskua eta, batez ere, adimena?

Galdera horiek buruan ekin genion ikerketa-proiektu bati duela zenbait hilabete. KSIgunek babestutako sei hilabeteko proiektu baten esparruan, Konexioak deialdiaren barruan, Elhuyarreko lantalde bat eta EHUko ikertzaile batzuk elkarlanean[1] aritu gara ikus-entzunezko sektoreari lotutako ikerlan batean, gaztelaniatik euskararako azpidazketa jomugan hartuta. Ezinbestekoa izan da sektoreko hainbat itzultzaileren parte-hartzea esperimentua gauzatzeko. Alderatu nahi izan ditugu eskuzko jardunbideak eta modu automatiko zein erdiautomatikoan eginikoak, itzultzaile edota transkripzio automatikorako tresnak baliatuta. Hain zuzen ere, Elhuyarrek garatutako Aditu eta barruan integratuta dagoen Elia baliatu ditugu. Bost multzotan banatu ditugu jardunbideak: 1) eskuzko modua, gizakiak ohikoak dituen azpidazketarako ohiko tresnak baliatuta sortzea azpidazketa; 2) transkripzio automatikoa baliatuta, gizakiak hori berrikusi, itzuli eta azpidatziak sortzea; 3) transkripzio automatikoa baliatuta gizakiak hura berrikustea eta hori gero itzulpen automatiko bitartez itzuli eta berrikustea; 4) transkripzio automatikoa sortu, emaitza itzultzaile automatikoak itzuli eta gizakiak berrikustea; 5) modu erabat automatikoa, transkripzio automatikoa eta itzulpen automatikoa baliatuta.

Ezin hemen emaitza kuantitatiboak banan-banan aletzen hasi, baina azpimarratzeko moduko bi datu eman nahi nituzke. Batetik, modu erabat automatikoa baztertzeko jardunbidea da gaur-gaurkoz gaztelaniatik euskararako azpidazketan. Gainerako lau jardunbideekin alderatuta, emaitza oso kaxkarrak eman ditu. Bestetik, jardunbide erdiautomatikoek emaitza positiboak eskaini dituzte, eta erabat eskuzkoak diren jardunbideekin alderatuta emaitza ez da hain txarra. Makinaren eta gizakiaren arteko elkarrekintzak ibilbide oparoa izan dezakeela pentsa liteke, hortaz. Jakina, gure proiektua oso mugatua izan da, bai iraupenez, bai aztertutako laginari eta itzultzaile kopuruari dagokionez, eta lortutako emaitza horietan sakondu beharra dago oraindik ere.

Emaitza kuantitatiboak, baina, ez dira kontuan izateko emaitza bakarrak. Itzultzaileen lan-jardunaren berri izatea ere ezinbestekoa da lan-dinamiken garapena eta jasangarritasuna ezagutu nahi izatera. Hori horrela izanik, hainbat galdera erantzuteko eskatu genien esperimentuan parte hartu zuten itzultzaileei. Jakin nahi izan genuen zenbateko denbora behar izan zuten zeregina gauzatzeko, zenbateko laguntza eskaini zien transkribapen automatikoak eta zenbaterainokoa itzultzaile automatikoak, zer oztopo sortu zizkien, zer tarifa aplikatuko lieketen halako itzulpen prozesuei, onartuko ote luketen halako enkargurik aurrerantzean.

Lortutako erantzunen bitartez, jakin dugu itzultzaileek nahiago dutela itzulpen automatikorik gabe lan egin halako enkarguetan, edo behintzat, ez itzulpen automatikoaren emaitza modu sistematikoan erabili. Alabaina, transkribapen automatikoari buruzko hautematea hobea da. Horretaz gain, azterketa kualitatiboan ikusi dugu, baita ere, itzultzaileak ez direla maiz posteditatzera mugatu, eta hutsetik sortu dituzte azpidatziak. Horrek erakusten du kalitatearen aldeko apustua.

Bestalde, eta langintzaren ikuspegitik, kontuan izateko azken kontu bat ere ekarri nahi dut hona: modu erdiautomatikoan lan egiteak nekea sortzen duela diote esperimentuan parte hartutako itzultzaile batzuek. Kontuan izateko iritzia, inondik ere, lanbidearen jasangarritasuna profesionalen ongizateari lotuta dagoen heinean.

Aztertu, neurtu eta ebaluatzen jarraitu beharra daukagu ikusteko itzultzaileak prest ote dauden prozesu erdiautomatizatuetan jarduteko, horien eraginkortasuna denboretan eta dirutan ez ezik prozesuetan duten eraginean ere azpimarra jarrita.


[1] Elhuyarreko lantaldean Klara Ceberio, Lide Azkue eta Eli Pociello aritu dira. EHUko TRALIMA/ITZULIK ikerketa taldean, berriz, Ana Tamayo, Naroa Zubillaga, Zuriรฑe Sanz eta Elizabete Manterola. Lankideei eskertu nahi diet idatzi hau osatu eta orrazteko eman didaten laguntza.

IZIen eta euskararen garapen jasangarria

Amaia Astobiza Uriarte

Duela hirurogei eta koska urte, gure amari zeharo zirrimarratu zitzaion auzo-eskolan ikasi eta mojetan dotoretutako idazkera, hainbeste takigrafiatu nahi izan baitzuen hain denbora gutxian, gaztetxoa izanda ere idazkari-lanetarako hautagairik onena zela erakutsi nahian. Jada ez gaude 1960ko hamarkada hartan, baina orain ere halatsu gabiltza hizkuntzarekin, aurrez tentuz ikasi eta ekinaren ekinez edertutakoa lipar batean narrasten, adimen artifizialeko tresnen bidez tarte txiki-txikian hainbeste testu sortu ahal izateak eragindako lilurak itsututa eta edukiaren nolakotasunarekiko kezka lan ondo eginaren eta errentagarritasunaren arteko zirrikitu beti lausoetan galduta. Eta ez, ez naiz ari soilik itzulpenez; kasu honetan, jatorrizko testuak ere zaku berean sartzen dira, edo aldamenekoan.

Izan ere, hortxe ari dira azken belaunaldiko AAk lehen belaunaldietako AAek sortutako testu eta itzulpenekin beren buruari jaten ematen (autofagiaโ€ฆ selektiboa ala ez-selektiboa?) eta elikatze-kate hori behin eta berriro errepikatzen. Eta, itxura batean, inor gutxiri axola zaio makinok hala elikatuta gero eta lexiko pobreagoa eta gero eta sintaxi gutxi gorabeheragokoagoa eta gero eta adierazpen-gaitasun gutxiagoko edukiak โ€”hizkuntzakโ€” sortzen ditugula eta eduki/hizkuntza kamustu horiek izango direla laster, adibidez, gai potoloen inguruan erabakitzeko erabiliko ditugun argudioen eta diskurtsoen oinarri.

Egoera horren aurrean, itzultzaileak, zuzentzaileak eta interpreteak (IZI) ere kezkatuta daude, gaude, noski, AArekin, ez bakarrik lanpostuak dantzan eta langileak larrugorri jartzen dituelako, beste sektore batzuetan bezala, baizik eta baita hizkuntzaren kalitatea โ€”eta, beraz, bihar-etziko euskara eta haren plaza guztietarako erabilgarritasunaโ€” kolokan jartzen duelako ere.

Arretatsuak gara oso IZIok: hizkuntzaren zehaztasunaz, zuzentasunaz eta egokitasunaz arduratzen gara, eta, lan-baldintza prekarioek horretarako marjina-izpi bat uzten badigute, baita aberastasunaz eta dotoreziaz ere, ez soilik hizkuntzari zor zaion errespetuagatik, baita testuen hartzaile diren herritarrei, bezeroei, pazienteeiโ€ฆ zor zaienagatik ere. Baina, hara, ez omen da hori merkatuak (ente oteitzar hori, abstraktua bezain pisuzkoa) behar duena, ezta merkatuak nahi duena ere. [Ohartxo bat marjinan, eskultorea aipatu dugunez: Oteizak esaten zuen, gutxi gorabehera, aurrera begira baina atzerantz zebilela idazten zuela, hau da, erroak oinarri, abangoardia helburu; beharbada buelta pare bat eman behar genioke ideia horri]

Zer nahi du merkatuak? Edukien Aroan, kontsumo azkarreko testuak eta horien itzulpenak nahi ditu, behin ikusi eta betiko ahaztekoak. Eta, jakina, edukiak efimeroak badira, bost axola merkatuari hizkuntza ere halakoxea bada, behin erabili eta botatzekoa. Euskararekiko โ€”edo hizkuntzekikoโ€” zinezko begirunerik edo engaiamendurik ez duen enpresa edo erakunde batean, finantzetako nork egingo du paseko testu horien kalitatearen alde? Administrazio publikoek ere egiten ez badute (eta hori beste IZI batzuek azaldu dezakezue nik baino hobeto), nola egingo dute errentagarritasun ekonomikoari soilik begiratzen diotenek?

Itzul gaitezen AA-makinetara. Kalteak kalte, jada ez ditu (ia) inork zalantzan jartzen haien abantaila askotarikoak. Behin hori onartuta, zer da hobe, gure ekonomiaren eta gure hizkuntzaren ikuspegitik: etxean garatzea ala kanpotik ekartzea? Guk bultzatzea erabilera arduratsua (hizkuntzaren kalitatea zainduz) ala dena balizko autorregulazioaren esku uztea (eta gora orotariko kamustasuna)? Eta guk eta guretik eta guretzat egin nahi badugu, nola egingo dugu?

Gehienok jakingo duzue: garapen jasangarrirako 17 helburuei beste bat gehitu zitzaien, hemezortzigarrena: Hizkuntza eta Kultura Aniztasuna. Horren barruan, 17 konpromiso, 102 ekimen, 188 jarduera daude zehaztuta, eta tira, ez naiz hasi banan-banan begiratzen, baina pentsatzekoa da horietakoren batean zerbait esango dela euskararen kalitateaz (zeren bestela ez dakit zer mordoilokeria espero dugun ยซkontserbatzea, kudeatzea eta transmititzeaยป edo ยซzabaltzea suspertze-bidean dauden eremuetaraยป). Bada, ondo letorkiguke horiei arretaz begiratzea, iruditzen baitzait hor badagoela erakunde publikoetara kontu eske joateko aski oinarri. Kontuak, ez bakarrik hizkuntzaren kalitatearen eta haren etorkizun jasangarri eta duinaren erantzukizunaren ingurukoak, baita bestelakoak ere; alegia, IZIon lan- eta bizi-baldintzei zuzenean eragiten dietenak: ekonomikoak.

Konplexuak eta eskekoaren sindromea gainetik astintzeko, betiko adibidea ekarriko dut, hain baita agerikoa. Automobilgintzaren sektoreak aurrera egiten badu ez da sinmรกs auto asko saltzen direlako, baizik eta gobernuek sektore hori zuzenean diruz injektatzen dutelako; urtero dirutza ikaragarria erabiltzen dutelako enpresak nazioartekotzen eta legeak haien beharretara makurtzen; eta baita, noski, tarteka-tarteka herritarroi ere dirua ematen digutelako autoak erosteko, ez zintzo portatu garelako, baizik eta negozioari eutsi behar zaiolako eta Europatik datozen ingurumen-legeak bete behar direlako. Eta ondo dago hori guztia, horretarako ordaintzen baititugu zergak; besteak beste, gizarteak osotasunean baliabide berekin (zurrut) eta abiadura ber bakarrean (dobla zurrut) aurrera egiteko, gizakion eta planetaren jasangarritasuna bermatzen ahalegintzeko eta herritarren bizitza prekarioak apur bat bizigarriago egiteko.

Baina zergak denok ordaintzen ditugunez gero, industria erraldoi horretatik kanpo geratzen garen sektoreok eta langileok ere gure aldeko ahalegin bera eskatu behar genieke administrariei. Eta eskatu behar genieke, baita, herritarron dirutxoak eta Administrazioaren ahaleginak ekitatiboagoki banatzeko eta dibertsifikatzeko gure sektoreko autonomo, enpresa eta erakundeen artean; izan ere, ez da ezinbestekoa โ€”ezta bidezkoa ereโ€” dena fabrika traktore handien eta haien morrontzako tailer txiki apurjaleen logikara makurtzea.

Beraz: nik etsiak jo gabeko teknikarien saldo bat jarriko nuke 18. GJHko konpromisoak lan-orritik harago eramaten eta (besteak beste) IZI sektorea eta euskara hauspotzen, bata ito eta bestea asmatiko kroniko bihurtu aurretik.

Termodinamika euskal kulturari aplikatua

Manu Lรณpez Gaseni

Jaume Subirana literatura katalaneko katedradunak oraindik orain plazaratutako liburuxka batek piztutako interesaren harira idatzi dut denboraldiko neure lehen ekarpena. Jatorrizko bertsioan, Literatura, llengua i lloc. Termodinร mica aplicada izenburuko liburua ekainaren 11n argitaratu zen, gaztelaniazko bertsioarekin batera, Anagrama argitaletxean.

Aletzen dituen kontuak ez dira berriak; bai, ordea, azterbidea; eta oso originala da termodinamikaren legeekin egiten duen jolas metaforikoa. Liburuaren eragingarria da zer gertatzen ote den literatura, hizkuntza eta tokia elkartzen diren espazio gaur egun eraldatuan. Eta, hasteko, termodinamikaren bigarren legetik abiatzen da. Enuntziazio honetatik, esate baterako: โ€œSistema isolatu baten entropiak handiagotzeko joera du beti, eta prozesu hori itzulezina daโ€. Tira, kontua hauxe omen da, nilako ezjakinok dakigunetik ez genekienera: sistema batean gorputz bero batek gorputz hotz bati beroa aldatzeko joera izaten du, orekaren bila, baina bide horretan energia galtzen da beti. Energia galtze horri entropia deritzo eta, hori dela eta, termodinamikaren arloan desordenaren sinonimoa da entropia. Oreka edo uniformetasun bila, itxuraldatu egiten da sistema. Fisikarien kontuekin aurrera eginez (barkatuko ahal naute), energia eraginkorragoa da kontzentratuta dagoenean sakabanatuta dagoenean=entropia handiagoa denean baino.

Subiranak katalan literaturari aplikatzen dio aurreko hori guztia, eta ni euskararen sistemari aplikatzen saiatu naiz, tamalez entropia handiegiz, nire ustean. Adibidez (uler bedi Subiranaren liburua parafraseatzen arituko naizela etengabe), euskal kulturaren eta ingurukoen artean (gaztelaniazkoa, frantsesezkoa eta nazioarteko ingelesezkoa) gertatzen diren berezko energia-trukeak norabide bakarrekoak dira batez ere, oreka=homogeneotasun bila. Oreka bai, baina gure sistema desitxuratuz doa truke bakoitzean.

Katalunia delako โ€œtokiโ€ko idazleen sailkapena egitean, iruditu zait gurean baino zorrotzagoak direla katalan-osoak-eta-erabatekoak ez direnak izendatzeko moduetan. Irudipena baitut gurean iraganeko kontua dela euskaldunberri deitura gaitzesgarria, nahiz eta oraindik ere tarteka agertzen diren berezko hizkera edo euskalkia dutenen eta estandar txepelean mintzo direnen arteko hika-mikak. Hizkuntzaren erabiltzaileen kasuistika gero eta konplexuagoa da, identitateak lurraldetasuna galdu du eta ezegonkorragoa da. Hor dago, adibidez, idazle elebidunen kasua, bi hizkuntzetan idazten dutenak, alegia. Edo bi baino gehiagotan, itzultzaileen kasuan bezala. Galtzen da halakoen kasuan sistemako energia? Handitzen, entropia? Adierazpen gogoangarri hau egiten du Subiranak: โ€œKatalunia ez da herrialde elebidun bat, askok uste duten bezala (elebakarrek, batez ere), baizik eta gaur egun 280 hizkuntza dituen tokia, eta non populazioaren % 10en ama-hizkuntza ez den ez katalana, ez gaztelania. Zein ote da, edo izango da, Kataluniako 800.000 herritar horien literatura edo literaturak?โ€. Gurearekiko paralelismo perifrastikora bueltatuz, agian kontua ez da euskal literatura birdefinitzea, gure jarrera aldatzea baizik (egiletzaz, kidetasunaz); izan ere, euskaraz aritzen ez diren idazleak agian ez dira euskal idazleak, baina euskal kulturaren parte dira, polisistemaren parte diren aldetik. Gurean ez dira gutxi (diot nik, oraingoan) munduan barrena euskal labela bizkarrean ibiltzen diren idazle, musikari, zinemagile eta artista plastiko erdaldunak. Baina (diogu Subiranak eta biok) edozein literatura definitzeko osagai zentrala hizkuntza da.

Eta hizkuntza-politiken bidez gauzatzen dira energia-truke asko: Europar Batasunean hizkuntza ofizialei buruz hartzen diren erabakiek eragina dute eremuko hizkuntza guztietan, ofizialak izan zein ez; gaztelaniazko literaturaren alde hartzen diren erabakiek eragina dute Espainiako beste literatura guztietan (baina ez alderantziz). Amazonen erabakiek eragina izango dute ohiko liburu-dendetan, eta ez dago atzera egiterik. Eta abar.

Inertzia da legea. Eta inertzia norabidez aldatzeko bide bakarra sistemari energia osagarriz hornitzea da. Bestela esanda, gurearen aldeko politikak=ekimenak bultzatzea. Ezegonkortasun- eta aldaketa-garai berri hauetan, entropia geldiarazi eta gure alde eragingo duten energia-iturriak bilatu behar ditugu. Eta, horretarako, bide-urratzaile izan diren ekimenei begiratzea komeni da, hala nola Durangoko Azoka (Sant Jordi antzeko bat), non batez beste baino prebalentzia handiagoa duten euskarak, euskal liburuek eta haien promozioak, salmentak eta irakurketak.

Amaitzeko, Subiranari itzuliko diot orain arte hainbestetan ebatsi diodan hitza, merezi du eta: โ€œUste askotan gure hizkuntza eta kultura hain jazarriak eta ahulak izan dira, ezen ziurtasun nuklear gutxi batzuei eutsi behar izan baitiegu, ustez funtsezkoak: tokia gutxi asko kontrolatua dugu (edo hala uste dugu behintzat), eta baita geure literatura, eta haren definizioak, beti hizkuntzari lotuak, baina oso gutxi dakigu mugako zenbait gune edo espaziori buruz, zeinetan literatura kultura bihurtzen den, identitatea identitate anitza edo aldaketa bihurtzen den, militantzia eragozpen bihurtzen den, merkatua egiazko jokaleku bihurtzen den (โ€ฆ). Arriskutik eta begiratzeko beste modu batetik soilik eutsi ahal izango diogu katalan literatura eta kultura deitzen diogunariโ€.

Interpretatzea irakurtzea ere bada

Claudia Torralba Rubinos

Aspaldi daukat buruan azken urteetan lehen baino gutxiago irakurtzen ari naizelako ideia. Baina ideia horri segika, azkar-azkar, beste bat etortzen zait: ez da egia. Zuk asko irakurtzen duzu. Kontua da ez duzula gaztetan bezainbeste irakurtzen irakurtzeko plazer hutsagatik.

Garai batean orduak eta orduak ematen nituen muturra liburu artean sartuta, hara eta hona, liburu potoloekin karga-karga eginda. Irakurzaletasuna ez dut galdu, baina aspaldi utzi nituen atzean garai horiek. Zergatik utzi nion โ€•hainbesteโ€• irakurtzeari? Ez nuke jakingo esaten. Boteprontoan, esango nuke denbora faltagatik dela. Baina aitzakia-kutsua ere badu horrek, ezta? Bada, horixe bera esaten dute irakurketa-ohiturei buruzko inkestan parte hartu dutenen %ย 46,8k. Denbora faltagatik ez bada, nekatuegi edo estresatuegi nagoelako dela esango nuke, beharbada.

Hala ere, ondo pentsatuta, iruditzen zait badagoela kontuan hartu beharreko beste arrazoi bat ere: interpretearen lanbideak berez eta bakarrik dakar irakurtzeko beharra. Eta, horregatik, literaturarekin zerikusi gutxi duen irakurketa asko egiten dugu, egunero. Eta hori ere bada irakurtzea.

Ideia hori blog honetara ekartzeko modu egokienaren bila nenbilela, interpreteen irakurketa-ohiturei buruzko oso artikulu interesgarri batekin egin nuen topo. Artikuluaren izenburua The reading habits of professional signed and spoken language interpreters da, eta egileak, Brenda Nicodemus, Minhua Liu eta Sandra McClure.

Artikuluan ahozko eta zeinu hizkuntzetako interpreteen irakurketa-ohiturak aztertu eta alderatzen dira. Oso interesgarria iruditzen zait ahozko eta zeinu-hizkuntzetako interpreteen arteko konparazioa egitea, baina gaurkoan datu bakarrarekin geratuko naiz: galdeketan parte hartu zuten ahozko eta zeinu-hizkuntzetako interpreteen % 99k eta % 90,93k, hurrenez hurren, enkarguak prestatzeko irakurketa espezifikoak egiten dituzte. Horraino, sorpresarik ez. Baina, horretaz gain, interpreteen % 98,5ek eta % 96,44k, hurrenez hurren, plazer hutsagatik ere irakurtzen dute. Horrek esan nahi du galdetegian parte hartu zuten interprete ia guztiek egiten dituztela mota bietako irakurketak; hau da, prestalanekoak eta plazerezkoak.

Artikuluan bertan aitortzen da parte-hartzaileei ez zitzaiela galdetu zer-nolako rola duen beren bizitzetan plazerezko irakurketak, baina, egileen hitzetan, emaitzek iradokitzen dute irakurketa funtsezkoa dela garapen profesionalerako, ezagutzak handitzeko, hiztegia aberasteko eta estresa murrizteko lagungarria delako, besteak beste. Ironikoki, gutxiago irakurtzeak eragin didan estresaren kontrako erremedioa ere bada irakurketa.

Gauzak horrela, zalantza gutxirako tartea dago, ezta? Interpretatzea irakurtzea ere bada.

Itzulpen baleakide, labiokide ala labelkideak

Angel Erro

Juan Garziaren Moby Dick irakurtzen hasi naiz, pozik hasi eta pozik irakurri ere. Balea Zuria argitaletxekoek Herman Melvilleren liburua euskaraz aterako zutela iragarri zutenean ez ninduen ezustean harrapatu, urte pare bat lehenago Moby Dick gaztelaniaz irakurtzeko deliberoa hartua nuelako, hain zuzen. Saia nadin aurreko esaldiaren desarrazoia argitzen. Moby Dick-en gaztelaniazko zer itzulpen erosi erabaki nahian Interneteko artikulu eta iruzkin-tokiak arakatzen ari nintzenean โ€•klasikoei ekitekotan oso begiratu eta are txepela naizโ€•, blog bat topatu nuen, eta bertan sarrera bat (โ€œMoby Dick: en busca de la traducciรณn perfectaโ€), non gaztelaniaz eskuragarri dauden bertsioetatik puska eder bat erkatzen baitzuen blogariak. Horretarako, pasarte gatazkatsu bat hautatua zuen, bertsio batetik bestera aski desberdin emana izan dena[1]. Blogeko sarrera bezain jakingarria gertatu zitzaizkidan irakurleen iruzkinak, ekarpen egokiak egiten zituztenak gehienetan. Haietako bat Juan Garziarena berarena zen, eta bertan aurreratzen zuen liburua euskarara ekartzen ari zela. Hori jakiteak egonarria eman zidan: euskaraz irakurtzeak itzulpenen artean hautatzen ibili behar etsigarriaz arinduko ninduen.

Estualdia kendu arren, erdarazko blog horrena euskaraz zer gutxitan egiten ahal den ere lastima da. Gauza jakina da, gure txikian, nekez aurkitzen ahal direla liburu beraren bi itzulpen. Hainbesteraino non traduction ratรฉe bat plazaratzen denean kaltea alimalekoa baita gurean, gutxienez hirurogei edo laurogei urtean ez duelako beste inork berriz itzuliko (eta, jakina, argitaratzeko modurik aurkituko), edozein konparazio diakronikoa izatera behartuta, ez lan garaikideena. Gurean, beraz, itzulpenak bikainak izateko premia askoz altuagoa bada ere, kritikak maiz txanda-pasa egiten dio haiek aztertzeari, eta egiten dutenean gutxitan dute hitzik โ€•eta gutxiagotan hitz txarrikโ€• esaten itzulpen lanaz.

Poesiaren itzulpenean, berriz, errazagoa da horrelako azterketa konparatiboak egiteko materiala aurkitzea. Oso gustura irakurri dut, berriki, Karmel aldizkariko 1990eko ale batean, ausaz aurkituta, โ€œJoan Gurutzekoaren Cรกntico Espiritual euskaraz: erkaketa eta kritikaโ€ izeneko artikulua[2] โ€•Orixek, Gazteluk, Onaindiak eta Akesolok poema horrena egin duten itzulpen bana alderatzen duenaโ€•, baina lan akademikoegia da, tarteka soilik deskriptiboa, eta eztabaidari iskin egiten dio, esaterako, Patxi Altunak adierazten duenean bezala ezen โ€œez [dela bera] orain hemen abiatuko laur itzulpenetarik hoberena zein den iuiatzen (Doktoreak ditu Eliz Ama santak), nahiz txapela nori eman erabaki behar [balu], [balekikeen] nori emanโ€. Hori bai, halako batean artikuluak labiokide bezalako hitztripu eder eta iradokitzailea eskaintzen digu.

Dena den, orain gutxi, Moby Dick-en gaztelaniazko itzulpenei buruzko blogeko sarrera hartakoa bezalako (edo, gutxienez, antzeko) erkatze lana egin eta hona ekarri ahalko nuela sinetsi nuen. Nafarroako Liburutegi Nagusiko nobedadeen apalean Sheridan Le Fanuren Carmilla euskaraz ikusi eta hartu nuen. Aurreko asteburuan Ibon Egaรฑak Noticias taldeko Ortzadar literatur gehigarrian euskarazko Carmilla-ri egindako kritika irakurria nuen. Hala ere, bi liburu ezberdinak ziren bata eta bestea. Liburutegitik nik hartutakoa Erroteta argitaletxeak 2024an plazaratutako Karmilla zen, Aitor Aranak itzulitakoa; Ortzadarren iruzkindutakoa, Carmilla, Literatura Unibertsala sailean aurten atera den 191. alea, Maialen Berasategik itzulia. Gerora, jakin dut Egaรฑak ez zuela bere kritikan Aitor Aranarena aipatu ez baitzuen haren berri (nik apalean ikusi arte ez nuen bezalaxe), eta baliteke Maialen Berasategik ere haren berri ez izatea, ez baitu bere itzulpenaren atariko sarreran aipatzen[3].

Lanari heltzekotan nengoela, nire ustekizunak erdi ustelkizun gertatu zitzaizkidan berehala, erreparatu nionean Erroteta argitaletxeko liburua, ez azalean ez inon ohartarazten ez duten arren, egokitzapen bat dela: jatorrizkoaren pasarte osoak desagertuta daude bertatik, esaldiak lausotuak, sinpletuak, jatorrizkoaren atalezko banaketatik testu jarraitura igarota.

Oraindik etsi nahi ez eta pentsatu nuen Le Fanuren lan horrek euskaraz duen beste egokitzapena, oraingoan aitortua, hartuz gero agian zerbait egin nezakeela, posibilismoak baino burugogorkeriak eta artikuluren bat entregatu beharrak bultzatuta. Sanduzelai auzoko liburutegiraino joan behar izan nuen DDB argitaletxeak 2016an Mikoleta bilduman argitaratutako Carmillaren bila, Ana Arakistain itzultzaile eta moldatzaile. Nire harridurarako, eta lehen begiratuan, egokitzapen horrek, berez euskaltegiko zazpigarren urratsetik gorakoentzat atonduak, gehiago zuen itzulpen zintzotik Aranaren beste hark baino.

Argi eta garbi, laster ohartu nintzen ez dagoela itzulpen osoak egokitzapenekin konparaketan hasterik, aitortuak izan ala ez. Halere, begietaratu dudanaren adibide soil modura bada ere, ekar ditzadan hona Berasategiren, Aranaren eta Arakistainen bertsioen lagin pare bat.

Carmilla (Igela, 2025)Karmilla (Erroteta, 2024)Carmilla (DDB, 2016)
Inondik ere handikiak ez izanagatik, Estirian gaztelu batean bizi gara gu, schloss batean. Errenta koxkor bati, munduko paraje honetan, probetxu ederra ateratzen zaio: urtean zortziehun-bederatziehun, eta atarramentu galanta. Jaioterrian, berriz, nekez izango ginen aberatsen artean. Ingelesa dut aita, eta ingelesa dut izena ere, baina Ingalaterra bera ez dut sekula ikusi. Hemen, paraje bakarti eta primitibo honetan, hain zoragarriro merke dago den-dena, ezen ez baitzait iruditzen diru gehixeagorekin ere bizimodu askoz erosoagoa izango genukeenik, edo are luxuzkoagoa.    Aita Austriako armadan ibili zen bere garaian, eta erretiratzean, pentsio bat gelditu zitzaionez eta bazituenez ondasun batzuk, egoitza feudal hauxe erosi zuen, lursail koxkorra barne: sekulako mauka. (21. or.)Estirian bizi ginen, gaztelu batean. Gure aberastasuna ez zen printzeena lakoa, baina munduko txoko hartan aski zen urteko errenta txiki bat, jaun handiena egin ahal izateko. Nire aita ingelesa da eta nik, jakina, deitura ingelesa daukat, baina ez dut inoiz Ingalaterra ikusi.    Aitak Austriako armadan zerbitzatzen zuen. Erretiroko adinera heltzean, bere ondare txikiarekin egoitza feudal xume hura eskuratu ahal izan zuen, inguruan hainbat lur hektarea zeuzkana. (5. or.)Styrian, nahiz eta sekula ez ginen aberats izan, gaztelu batean bizi izan ginen. Paraje hartan bizitzeko errenta txiki bat nahikoa zen. Zortzi ehun edo bederatzi ehunek urtean mirariak egiten ditu. Gure herrialdean ez ginen dirudunen mailara iritsiko.    Nire aita ingelesa da eta nik neuk ere izen ingelesa daukat, nahiz eta Ingalaterrara sekula joan ez. Baina, hemen, toki isolatu eta primitibo honetan, dena hain merke izanik, ez zait burutik pasa ere egiten diru kopuru handiagoak nola gehitu ahal zien zerbait gure ongizateari edo gure luxuei ere.    Nire aitak ejerzitorako lan egiten zuen Austrian eta pentsio batekin eta bere ondarearekin erretiratu zen. Gero honekin egoitza feudal hau eta honen inguruko lur eremuak erosi zituen huskeria baten truke. (5-6. or.)
Minutu bat-edo gogoetan eman ondoren, Madameri galdetu zion ea nire aitarekin hitz egin zezakeen.    Haren bila joan ziren, beraz, eta honela esan zuen aitak gelara sartu zenean, irribarrez:    โ€“Pentsatu nahi dut, mediku jauna, esango didazula agure txotxolo bat izan naizela zu hona etorrarazteagatik; hala espero dut behintzat.    Baina medikuak, oso serio, hurreratzeko keinua egin zion, eta aitari zeharo ilundu zitzaion irribarrea.    Hizketan aritu ziren biak tarte batez, serio eta sutsu, nik medikuari dena kontatu nion leiho-baoan bertan. Gela oso handia zen, eta Madame eta biok txokorik urrunenean geratu ginen, jakin-minez tripak jaten. Ez genuen, ordea, txintik ere aditzen, oso apal ari baitziren hizketan; gainera, leihoaren bao sakonak ia osorik ezkutatzen zigun medikua begi-bistatik, eta aita ere bai neurri handi batean, ez baikenizkion ikusten hanka, besoa eta sorbalda baizik. Segur aski, horma lodiak eta leihoak osatzen zuten armairu gisako hutsune hark are entzunezinago egiten zituen haien hitzak.    Handik tarte batera, aitak gelarantz begiratu zuen. Zurbil zegoen, pentsakor, eta, iruditu zitzaidanez, asaldatuta ere bai. (99-100. or.)Pixka batean pentsatu eta gero, nire aitari deitzeko agindu zuen. Aita irribarrez etorri zen, baina medikuaren kezka aurpegia ikustean, irribarrea kendu zitzaion. Berehala elkarrizketan hasi ziren ahopean, bazter batean geunden Perrodon andreak eta biok ziotena entzungo ote genuen beldurrez edo. Bat-batean, aitak niregana jiratu zituen begiak. Zurbil zegoen eta oso kezkatuta zirudien. (55. or.)Minutu batez hausnartu ondoren, madameri galdetu zion nire aita ikusi ahal zuen.    Zerbitzari bat bidali zuen bere bila eta berehala etorri zen. Gelara sartzean irribarrez esan zuen:    โ€“Badakit, doktore jauna, tonto zaharra naizela  esango didazula zure bila joateagatik eta hala izango ote da!    Baina, bere irribarrea itzali egin zen, medikuak oso serio hurbiltzeko keinuaak egin zizkionean. Denbora luzez egon ziren hizketan, ni medikuarekin elkarrizketatu nintzen leku berean. Elkarrizketa serio eta eztabaidatsua ematen zuen. Lekua oso zabala zen eta madame eta ni zutik geratu ginen, jakinminez beteta beste puntan. Ez genuen hitz bakar bat ere entzuterik izan, oso baxu hitz egiten zutelako eta leihoko txokan doktorea  erabat ezkutatuta geratzen zen, eta nire aitari eskuineko oina, besoa eta sorbalda ikusten genizkion. Ahotsak ia entzunezinak ziren leihoak eta hormak gelatxo antzekoa osatzen zutelako.    Gero nire aitak gelara begiratu zuen. Zurbil zegoen, pentsakor eta iruditu zitzaidanez asaldatuta. (88. or.)

Ez du komentario handirik behar. Arrazoia du Egaรฑak, konparazioneak konparazione, Maialen Berasategirenaz esaten duenean mirespenez eta gozamenez irakurtzeko itzulpena dela. Hemen Altunak errazagoa luke bustitzea eta jujatzea, nik uste. Ala gehiegi eskatzen ari naiz?


[1] Itzultzaileen arteko desadostasun nagusia da โ€œwe rolled over from each otherโ€ esamoldea nola eman, Queequeg eta Ismaelen arteko intimitate mailak, pasartearen queer irakurketa baterako bazkak, aski norainoko ezberdin erdiesten baitu ohean bi lagunek zer egiten duten nola ulertzen den. Garziak nola eman duen ikusi nahi duenak XII. atalaren azken esaldira jotzea besterik ez du.

[2] Julen Urkizak, Patxi Altunak eta Xabier Mendiguren Bereziartuk elkarrekin egindakoa. Bertan, lehenak Kantikoaren jatorria eta balio poetikoa aztertzen ditu, bigarrenak Kantikoaren lau euskal itzulpenen metrika eta, azkenik, Mendigurenek itzulpen horiek eta jatorrizko obra erkatu egiten ditu; cf. Karmel_3727.pdf

[3] Sarrera horretan, hau bezalako beste oin ohar pare batean, bai aipatzen du Le Fanuri euskaratu dioten beste lan bat (โ€œEreingo Bartleby antzinako sailean [โ€ฆ] argitaratu zuen Luigi Anselmik berak Le Fanuren beste kontakizun labur bat: Maizter misteriotsuaโ€), eta Carmillarenak urteetan egin dituztela ezin konta ahal bertsio, โ€œformatu askotarikoetan: antzezlanak, nobela grafikoak, haur eta gaztetxoentzako liburu egokituakโ€ฆโ€.

Helburua izanikโ€ฆ

Aitor Ugarte Arruebarrena

Beti sumatu dugu faltan euskaraz honelako helburu-lokuzio bat: con el fin de, al objeto de, con el propรณsito de; azken batean, para queโ€ฆ

Garai batean, 80ko urteetan, โ€œzertarako etaโ€ bezalako formulak hasi ziren erabiltzen lokuzio horiek itzultzeko. Hona hemen adibide bat, 2/1989 Lege Organikotik aterea:

โ€œโ€ฆ Adierazpenotan esku hartzen dutenetako baten batek alegatzen badu ez dakiela autonomia-erkidegoko berezko hizkuntza, aldez aurretik ohartaraziko du hori, zertarako eta organo judizialak interprete gisa gaitu dezan erabilitako hizkuntza dakien edonor, honek zin edo hitz egin ondorenโ€.

Asko zabaldu ziren horrelakoak, baina berehala hasi ziren zapuztaile batzuk egitura hori gaitzesten eta ohartarazi zuten horrelako galdetzaileek balio enfatikoa izan dutela gure traizioan: โ€œnor eta zu?โ€, โ€œnori eta berari?โ€, โ€œzertarako eta horretarako?โ€.

Arrazoi zuten, eta albo batean utzi ziren โ€œzertarako etaโ€ horiek; baina, ez zen horregatik desagertu horrelako egituren premia, โ€œ-tzekoโ€ eta kideak oso atzean geratzen zirelako eta elementu iragarle bat behar genuelako, โ€œzeren etaโ€ edo โ€œnon etaโ€ eta gisakoen tankerakoa, batez ere esaldiak luzatzen hasten zirenean.

Legebiltzarrera iritsi nintzenean, konturatu nintzen talde parlamentario baten ekimenetan honela itzultzen zirela helburu-menderagailu horiek:

โ€œEusko Legebiltzarrak eskatzen dio Eusko Jaurlaritzari halako eta halako egin behar dela, helburua da…โ€.

Jakina, hori ez zen zuzena eta okerzuzendu beharra zegoen: โ€œeta helburua daโ€โ€ฆ etab. Eta orduan otu zitzaidan mendeko perpaus gisa antolatzea, eta egitura berri bat asmatu nuen (โ€œhelburua izanikโ€ฆโ€ edo โ€œizandaโ€ฆโ€):

โ€œEusko Legebiltzarrak eskatzen dio Eusko Jaurlaritzari halako eta halako egin behar dela, helburua izanik (โ€ฆ)t(z)ea…โ€.

Geroago, 2023an, Hezkuntza Legearen proiektua iritsi zitzaigunean, ikusi nuen egitura hori erabiltzen zela lege horretako artikulu batean:

โ€œ68. artikulua.- Hizkuntzen tratamendu integrala eta integratua. Metodologiak.

1.- Curriculumak hizkuntzen tratamendu integratua eta integrala jasoko du, eta ikastetxearen hezkuntza-proiektuan txertatuta egon behar du, helburua izanik bi hizkuntza ofizialetan eta atzerriko hizkuntza batean, gutxienez, konpetentzia eleaniztuna lortzea, lege honen 66. artikuluan azaldutakoaren araberaโ€.

Horretaz baliatuz, legearen idazlariok erabaki genuen โ€œhelburua izanikโ€ hori gehiagotan erabiltzea lege osoan zehar helburuzko lokuzio horiek emateko eta, azkenean, 9 aldiz dago erabilia onartu den legean.

Hori da, besteak beste, ditxosozko lege horri egin nion ekarpentxoaโ€ฆ

Juan Pedrorenak: zeharkatu

Fernando Rey Escalera

Azkenaldi honetan maiz oroitzen ari naiz Jon Etxegarai Agara gure lankide zenaz, afektuz oroitu ere, ezin ahantzizko arrastoa utzi baitzidan zenbait gauzatan. Juan Pedro, beste lankide batzuekin batera, sekulako eskola izan zen niretzat, behin eta berriz hurbiltzen baininduen euskara bizira, gaur egun arnasgune deitzen diren herrietako euskarara. Deus ere eta inor ere jainkotzeko tentaziotik urrun, iruditzen zait horrek baduela bere garrantzia, erdararen presentzia estugarriak gure euskara pobretzeko arriskua baitakarkigu askotan.

Tira, Juan Pedrok โ€•Jonekโ€• beste gauza batzuk ere eman zizkidan, baina horiek gure arteko historia pertsonalaren altxortxoan gordeko ditut. Juan Pedroren ekarpenei dagokienez, gure blog honek muin duen gaiari lotuko natzaio. Gauza (bitxi) asko ditut gordeak, idatziak โ€•han-hemenka aditutako gauzak apuntatu zalea izan naiz betiโ€•, eta hura, hori jakinda, dexentetan niregana hurbildu, eta esaten zidan: โ€œFernando, apuntazak, aittu zer aditu nion Lesakan lehengoan xahar batiโ€. Halaxe, ba, koaderno batean hark esandako gauza franko ditut bilduak: lexikoa, esamolde bat edo besteโ€ฆ Egunen batean, beharbada, haiek bildu, eta fundamentu pixka bat eginen dut bilduma gisara nonbait uzteko.

Haietako bati buruz hitz eginen dut gaur, eta, segur aski, halako beste batzuk argitaratuko ditut blog honetan pixkanaka.

Zeharkatu aditzaren erabilera da horietako bat. Ohartua zen Juan Pedro zein bitxia egiten zitzaien berari eta bere herriko zahar batzuei aditz horren erabilera.

โ€œErrepideak zeharkatu? Zergatik diote zeharkatu gurutzatu esan nahi badute?โ€ Gure lagunaren buruan zeharka joatea edo zeharkatzea ez zen inola ere zuzen joatea beste aldera pasatzeko. Zeharka definitzean, garbi uzten du hori Euskaltzaindiaren Hiztegiak ere.

Ohartua zen, besterik gabe, automatismo bat zabaltzen ari zela, kalko moduko zerbait, gaztelaniaren eraginez. โ€œTienes que cruzar la carreteraโ€ esateko, โ€œErrepidea gurutzatu behar duzuโ€ da normalena, eta halaxe esaten du jende gehienak, baina aski da โ€œTienes que atravesar la carreteraโ€ esan edo itzuli beharra โ€œErrepideaย zeharkatu behar duzuโ€ aditzeko edo ikusteko, nahiz eta gauza bera esan nahi dugun.

Eta automatismoa zenbateraino dagoen sartua ikusteko, aski da Elhuyarren Elia itzultzaile automatikoan proba egitea, bereizketa hori egiten baitu.

Arrazoi pixka bat bazuen Juan Pedrok, noski. Egia da biak ala biak direla zilegi, nola ez, eta Euskaltzaindiaren Hiztegian zeharkatu aditzak badakarrela beste adiera hori ere, gurutzatu aditzarena, baina esanguratsua iruditzen zait ohartzeko zeinen erraz jotzen dugun gaztelaniak markatutako bidetik.

Zuzentzaile lanean ari naizenetan, behin baino gehiagotan erreparatu diot horri, baina ez naiz ausartzen hori zuzentzera, zorrozkeria izanen bailitzateke. Gehienez ere, batzuetan, konfiantza handia badut, gure lagunaren iritzia kontatzen diot testuaren egileari, iradokizun gisa.

Nik bai, aintzat hartzen dut gomendioa, haren ohorez edo, ongi jakinik ere ezin dela handik inongo araurik atera.

Semaforo gorri monokromoa

Uxue Rey Gorraiz

Berriki, orain dela urtebete inguru izandako elkarrizketa bat etorri zait burura. Laneko mediku azterketan izan zen. Ni aurrez egin beharrekoak eginda azaldu nintzen kontsultara; pixez betetako flasko bat eskuetan eta lentillarik gabe โ€•haien ordez, betaurrekoak jarritaโ€•. Aitortzen dut egun horretako oroitzapena dagoeneko ez dudala lehen bezain garden, baina neke aurpegia izanen nuen, seguru.

Sartu nintzen kontsultara, eta, kasik beste deus baino lehen โ€•gogoan baitut neronek esan behar izan niola erizainari faborez har ziezadala flaskoa ahalik lasterren, ez bainion horretarako batere presarik sumatuโ€•, emakumeak zenbait galdera egin zizkidan. ยซZer moduz bizi zaren jakin nahi dut, besterik ezยป, aurreratu zidan.

Galderetako batzuk aski bitxiak iruditu zitzaizkidan โ€•droga kontsumoari buruzkoak bereziki, zertan ezkutatuโ€•, edo, behintzat, behin baino gehiagotan iruditu zitzaidan galderak formulatzeko zeukan manerak guztiz baldintzatzen zuela eman nezakeen erantzuna. ยซSi no fumas, drogas entiendo que tampoco, ยฟverdad?ยป, bota zidan lasai asko. Baina, tira, hori beste kontu bat da.

Hemen kontua baita zera galdetu zidala segidan: ea estresik banuen. Duda imintziorik ere egin gabe erantzun nion baietz, munduko gauzarik agerikoena kontatzen ari banitzaio bezala. ยซBai? Zenbat?ยป, segitu zuen hark galdezka, jakin-minez. ยซTira, ba normala. Estres maila normalaยป, esan nion nik. Haren errematea etorri zen ondotik: ยซNola normala? Zuretzat zer da estres maila normala?ยป.

Horretaz oroitzeak grazia egiten dit orain. Izan ere, esanen nuke emakumeak nahiko muturtuta eman zizkidala estresa apaltzeko gomendio batzuk, eta, oker ez banaiz, kontatu nizkion zenbait gauzak harritu ere egin zuten, neurri batean. Igual, gauza bat kontatzea ahaztu nuelako harrituko zen hainbeste? Ez niolako esan euskalduna naizela? Akaso horregatik datorkidalako, partez, ditxosozko estresa?

Dudarik balego, azken hori erdi txantxa da, noski, eta, akaso, analogia bezala ere ez zait nahi bezain fin gelditu azkenerako. Kontua da nolabait nahi nuela pasadizo hori azkenaldian aski interesgarria zaidan gai honekin lotu: hizkuntza estresarekin. Badago euskaldun izan eta estres linguistikorik ez sentitzerik?

Hizkuntza estresa: aurrean duzunarekin euskaraz edo erdaraz egingo duzun erabakitzeak sortzen du tentsioa, ezinegon sentimendua.

Hain zuzen, hori posible ote den da aurtengo Euskaraldiaren karietara han-hemenka ikusi dudan test batek zeharka plazaratzen duen aztergaietako bat. Zehazki, Kalkulatu zure hizkuntza-estresa izena du test horrek, eta, berez, Galtzaundi Tolosaldeko euskaltzaleen elkarteak sortua da. Zinez interesgarria iruditu zait. Batetik, laguntzen duelako ikusten estres mota hori zer ekintzatan suma daitekeen; bestetik, noski, norberaren jokabideei erreparatzeko aitzakia ematen duelako, eta haietan zuzenketaren bat edo beste egiteko motibazioa biltzeko ere balio duelako, orobat. Hementxe duzue testa eskura; egizue, egizue.

Screenshot

Nik ez ditut nire erantzunak hemen aletuko. Baina bai aitortuko dudala estres maila ยซertainaยป omen dudala gaur egun. Asko pentsarazi dit.

Izan ere, normala da? Behar du izan? Adibidez, normala da oraindik ez izatea talde batean gaudelarik euskaraz aritzeko aski konfiantza, batek ulertuko ez duelakoan? Edo, bestela: normala da pertsona berarekin ari naizelarik etengabe euskaratik gaztelaniara saltoka-saltoka aritzea hizketan, eta horretara ohitu izana honezkero, edo, are gehiago, nik sorraraztea halako solasaldiak? Normala, batzuetan bai, baina oraindik ere kasuen erdietan baino gehiagotan egitea lehenbiziko hitza erdaraz, bestela zaila zaidalako ยซay, perdonaยป horri hortzen atzean eustea, nahiz eta jakin badakidan ez dela zer barkatu?

Edonola ere, beste behin, galdera mordoarekin baina kasik erantzunik gabe nabil ni. Eta besteren hausnarketetan arakatzea beste erremediorik ez dut izan, ohi denez. Hona ekarri dizkizuet zenbait amu.

Esaterako, hizkuntza estresari buruz ari garen honetan, guztiz argigarriak dira Gemma Sangines Saizen azalpenak. 2016an Lehen hitza euskaratik, semaforo berdera izenburuko artikulua argitaratu zuen Berria egunkarian, eta hor jasoak dira hainbat gako. Besteak beste, semaforoaren analogia baliatuta, Sanginesek dio hizkuntza menderatzaileetan mintzo direnek ยซsemaforoa gorri dagoeneanยป baizik ez dutela sentitzen oztoporik beren hizkuntzan aritzeko. ยซHau da, solaskideak ez diela ulertzen esaten dienean edo bere hizkuntzan hitz egiteko eskatzen dienean. Horretara helduta bakarrik ulertzen dute ezinbestean egin behar dutela zerbait: edo komunikazio-modua aldatu, edo komunikatzeari uko eginยป. Aldiz, Sanginesen arabera, ยซhiztun minorizatuekยป โ€•eta euskaldunak kokatzen gaitu talde horretanโ€• oso bestela jokatzen dugu semaforoaren parean. ยซBerde dagoenean ere baztertzen dugu hizkuntzaยป. Badaezpada, erdaraz, zer gerta ere.

ยซBesterik gabe onartzen dugu txinatar batek ezin duela euskaraz egin, Gasteizen ezin zaiola inori lehen hitza euskaraz bota, edo alukeria galanta litzatekeela nor-nori-nork iraganean jokatzeko arazoak dituenarentzat euskaraz jarraitzea. Ez dakigu koloreak bereizten. Den-dena ikusten dugu gorri monokromoan. Beraz, hiztun arruntek bezala jokatzea litzateke kontua, onarturik edonor izan litekeela gure hizkuntzaren hiztuna, haren itxura edozein dela ere, eta nekez hitz egiten badu ere ez zaiola batere kaltegarria izango elkarrizketarekin jarraitzeaยป.

Gaiari buruzko beste hainbat gako ere eman izan du sarritan Sanginesek, eta, jakina, ohartarazi du guztia ez dagoela elkarrizketa abiatu beharra duen pertsonaren esku. Hain justu ere, ederki dakigu egoera desatseginak nahi baino gehiagotan sortzen direla halakoetan. Neronek ere nahi baino gehiagotan jaso ditut mespretxu begiradak bueltan, euskaraz aritzeagatik, eta nekagarria da; beti ez da izaten horretarako gogorik.

Hori bai: esperantzarako motibo bila-edo, bilaketa zabalagoa egin dut sarean, eta hara non aurkitu dudan Sangines beraren beste elkarrizketa bat โ€•Ipar Euskal Herriko Hitzan argitaratua hauโ€•, titular eder-ederrekoa: ยซHizkuntza estresa sendagarria daยป. Eta, horregatik, erabaki dut datorren urtean, Euskaraldiaren hurrengo edizioan bestela, berriz eginen dudala estres maila neurtzeko test hori. Ea, behintzat, arinagoa den orduan.

Bukatzeko, duda bat, guztia aldrebesteko. Euskaldunok hizkuntza estresa sentitzea ezinen da guztiz txarra izan, ezta? Kateak sentitze hutsa bada, neurri batean, mugitzen ari garen seinale. Eta, gainera, estresak haserrea pizteko ere balio badigu, aprobetxatu dezagun. Ikus gaitzatela amorratuta tarteka.

Hau esanda, uda polita opa dizuet guztiei. Besarkada bana.