Gutun hasierak direla eta

Blogzale maiteok:

Gogoan dut zein erosoak iruditu zitzaizkidan gaztetan, ingelesa ikasten ari nintzela, gutunak egoki idazteko ikasarazten zizkiguten arauak, hain garbi eta zehatzak, hain ikaserraz eta gizabidetsuak. Ordura arte euskaraz zein gaztelaniaz kopeta zimur begiraturiko formalismo zaharmindu horien alderdi praktikoaz jabetu nintzen eta, handik gutxira, inbidiaz lausoturiko begiradaz so egiten hasi nintzaien euskarazko gutunak itzulidazten hasi nintzenean.

Urte asko joan dira, finkatu samar ditugu gutun formalak, neutroak eta hurbilekoak idazteko arauak, baina gure lantokian urtero izaten ditugu eztabaida ttikiak gaztelaniazko hasierako agur ohikoenetako bat itzultzeko euskal molde egokienaz.

Gure administraziotik herritarrei bidaltzen zaizkien gutunetan «Estimada/Estimado XXX» dugu formula guztiz nagusia, eta agur hori itzultzeko hamaika modu aurki daitezke gure itzulpen-memorietan, ados jarri ezinaren erakusgarri. Hemen dituzue azkenaldiko hamaika adibide:

Estimada Raquel = Kaixo, Raquel
Estimada Amaia = Amaia, adiskidea
Estimado Joseba = Joseba, lagun hori
Estimado Pedro = Kaixo, Pedro
Estimado Iñigo = Iñigo estimatua
Estimado señor = Jaun agurgarria
Estimada Marta = Marta begikoa
Estimados padres/madres = Aita-ama horiek
Estimado señor Arana = Arana jaun agurgarria
Estimada señora Satrustegi = Satrustegi andrea

Gutunaren zer-nolakoak badu, jakina, gure unean uneko hautuarekin zerikusia, baina askotan gure artean dudaka ibili gara ezin erabaki edo ezin bat etorri zein zen kasuan kasurako egokiena. Aurreko batean, eskutitz baten hasiera ezin finkatuz genbiltzala, Elixabete Perez Gazteluk blog honetan berean idatzitako artikuluaz oroitu ginen, non azaldu baitzigun zein ziren Mitxelenak gutunetan erabilitako agur esaerak, eta nola aipatzen zuen Mitxelenak gehienbat «adiskide»dun hasierak erabili izan zituela: «Adiskide», «Adiskide hori», «Adiskide maitea», «Agur, adiskide», «Ene/Nere adiskide». Horiek horrela, eta jakin-min hutsez, gure aita zenaren gutunetan miaka ibili nintzen bart. Ongi gordea dugun mukuruaren gainaldean zeuden eskutitzak baizik ez nituen begiratu, baina guztietan ageri ziren «Adiskide» edo “XXX hori” zekarten formulak, are gutun formaletan ere.

Ene blogzale maiteok, ez nago ziur zein izan litekeen mugaren alde honetako administrazioek gaur egun darabilten «Estimado» neutro itxurako horretarako euskarazko ordainik egokiena, eta ez nago ezta ere ziur euskararako baliokide neutro sistematikorik behar ote dugun. Baina hain-hain da erosoa!!!

Besterik gabe, zuen erantzun, iradokizun eta proposamenen zain gelditzen naiz.

Agur bero bat,

Itziar

Literatur lanen izenburuen itzulpenaz (I)

Xabier Olarra

Izenburuaz agertzen denez edozein literatur lan mundura, arreta eta errespetu berezia merezi luke, jakinda idazle batek —gaur egun beharbada argitaratzaile edo editore batek behar baino esku luzeagoa duela badirudi ere—, seguru aski, oso ondo pentsatu duela bere lanari zer izen jarri. Baina hori izaten al da itzultzaileon jokabidea? Gaiari axaletik begiratuta ere, berehala konturatuko gara maiz samar hartzen ditugula bestelako bideak, oso badaezpadako arrazoietan oinarrituta maizegi.

Izenburuarena izan zen James Joyceren Ulysses itzultzeari ekin nionean aurre egin behar izan nion lehenbiziko arazoa. Aldez aurretik konpondutzat joko du askok. Baina zer egiten dugu izenburuekin eta izen bereziekin? Bistan da makina bat aldiz jokabide bitxi askoekin topo egiten dugula, are «itzulpen» deitzea batere egokia ez den modukoekin.

Bestalde, askotan gertatzen zaigu euskarara itzuli ez diren hainbat literatur lanen izenburuak aipatu beharra, eta hor hasten dira komeriak. Biderik errazena, noski, itzuli gabe uztea da, baina ez dut ukatuko, ahal izanez gero, erosoagoa dela irakurlearentzat horiek guztiak bere hizkuntzara itzulirik aurkitzea, nahiz eta beharbada nola edo hala «finkatzen» direnak ez izan erabat asebetegarriak norberarentzat. Erosoagoa da, printzipioz, Jainkotiar Komedia (nolabait finkatua, nahiz eta eztabaidagarria izan) erabiltzea ezen ez Comedia, Divina Commedia, La Divina comedia, Divine Commedie jatorrizko bien eta gure aldameneko bi hizkuntzetan eman zaizkionen artean aukeratzen ibili beharra, edo bakoitzak bere gisara ematea. Edo Dekameron, itzulia daukagunez geroztik, holaxe aipatzea, eta ez Decameron, Il Decamerone eta abarren artean aukeratu beharra.

Adibide horiek, noski, klasikotzat dauzkagun horien kasuetarako balio dute, baina behin hortik ateraz gero, seguru aski, aiseago onartzen dugu literatur lan baten izenburua literatur lan hori sortua den hizkuntza berean emanda irakurtzea, hurbil samarrekoa bada eta irakurleari lagundu baino gehiago traba egiten ez badio betiere. Esate baterako, ez dugu inolako problemarik Jonathan Franzen estatubatuarraren lan nagusiak The Corrections, Freedom edo Purity horrelaxe aipatzeko. Gaztelaniaz, berriz, pedantekeria nabarmena litzateke izenburu horiek ez ematea itzulirik diren bezala: Las correcciones, Libertad edo Pureza. Eta, era berean, ez litzateke oso praktikoa izango (alor espezializatu batean ez bada) Dostoevskiren Hobena eta zigorra aipatzeko, Internetek eta Google Translatek ematen dizkigun aukerez baliatuz, Преступле́ние и наказа́ние, edo transkribaturik Prestupléniye i nakazániye ematea gaur egungo artikulu batean (euskaraz edo gure inguruko hizkuntza batean, noski).

Munduko gauzarik errazena dirudien arren egilearen nahiari estu atxikitzea, ez da beti hala izaten. Eta izenburuen itzulpenean, hiru jokabide mota bereiziko nituzke: a) Itzulpen «zuzena» b) egokitzapena c) ordezkapena.

A. Itzulpen «zuzena»

Ikus dezagun, adibidez, zein izaten den gure jokabidea izenburuan izen bereziak dituzten literatur lanen kasuan.

Horrek ematen du errazena. Bere horretan utzi, eta kito: Madame Bovary, Gatsby Handia, Francis Macomber, Lolita. Orduan, Ulysses ala Ulises? Ala Ulise?

Gure inguruko hizkuntzetan zer egin duten ikusita, Ulysse (fr), Ulysses (de), Ulises (es), Ulise (it), Ulisses (cat), Ulises (ga) euskaraz ere, azkenean, hala ematea erabaki nuen, «itzulita».

Badirudi alferrikako kontuetan burua nekatzen ibili nintzela, baina kontua da orain dela 50 urte normaltzat har zitekeen bezala The Murder of Roger Ackroyd gaztelaniara itzulirik La muerte de Rogelio Ackroyd ikustea, ez dago esan beharrik gaur egun ez genukeela aise onartuko. Orduan, pertsona(ia) baten izena duen izenburu bat denez Ulysses, ez al genuke itzuli gabe utzi beharko?

Badirudi, kasu honetan, gure inguruko hizkuntzetako joera nagusia dela, nobela baten izenburutzat baino gehiago, Homeroren pertsonaia baten izentzat hartzea Ulysses, eta, horrenbestez, hizkuntza bakoitzean izen horrek duen izenburua jartzea Joyceren liburuari (itzultzea, nolabait esateko, tokian tokiko hizkuntzara).

Ikus ditzagun beste adibide batzuk:

2.- The Great Gatsby > Gatsby le magnifique > El gran Gatsby > Gatsby handia.

3.- The Talented Mr. Ripley > Monsieur Ripley > El talento de Mr. Ripley > Ripley trebea.

4.- Ripley’s Game > El juego de Ripley > Ripley s’amuse > Ripleyren jokoa.

Bistan da batetik bestera badirela aldaketak, ez ordea oso larriak, eta funtsean, hizkuntza bakoitzean itzultzailearen —edo editorearen— gustuaren arabera eginak direla aldaketa xumeok.

Frantsesera egindakoetan aurkitu izan dut nik jokabiderik «libreena». Hortxe bertan, Ripley’s Game = Ripleyren jokoaren kasuan, «jokoa» —apustua dena, gutxienez— «jolas» (dibertsio) bihurtzeak gehiegizkoa dirudi, batez ere kontuan hartzen badugu joko/jolas hori, kasu horretan, hilketa dela. Jatorrizko hizkuntzako «game» horrek bi adierak ditu, eta baita «ehiza» adiera ere. Horregatik, ezin esango dugu frantsesezko «s’amuse» oker emana dagoenik, batez ere, itzultzaileari, pertsonaiaren barruan sartuta beharbada, hilketa «jolas» gisa hartzea zilegi iruditu bazaio.

Bestalde, aipatzekoa da euskarara Mr. Ripley ekartzean > Ripley soila bihurtu duela itzultzaileak, Ripley jauna bere jauntasunaz gabeturik. Nabarmentzekoa da, baina hurrengo baterako utziko dut kontu hau.

Kopiatu [Ktrl-C], itsatsi [Ktrl-V] eta euskaratu [Ktrl-eus] duela 400 urte

Gidor Bilbao Telletxea

Aurreko batean azaldu genuen Joanes Etxeberri Sarakoak, idazteko gaiak eta edukiak bilatzean, beste hizkuntza batzuetan (gutxienez latinez, frantsesez edo gaztelaniaz) idatzirikoak «eskuarara ganbiatu» ohi zituela, eta horien adibide bat aurkeztu genuen. Orduan, nahita hautatu genuen Covarrubiasen gaztelaniazko jatorrizkoari hurbil-hurbiletik loturiko itzulpena; oraingoan, ordea, itzulpenaren eta sorkuntzaren arteko muga lausoan dabilen testu bat hautatu dugu.

Francesc Decio irakasleak Epitome in Erasmi Copiam (‘Erasmoren Oparotasuna liburuaren laburpena’) eskola-liburua argitaratu zuen 1548an, Valentzian, latinez. Decio oratoriako irakaslea zen Valentziako unibertsitatean eta, liburu honetan, idazkuntzarako baliabideen eta literatura-baliabideen azalpen laburra eskaini nahi zien ikasleei, Erasmo Rotterdamgoaren orobat latinezko De duplici copia verborum ac rerum (‘Hala hitzen nola edukien oparotasunaz’) lanean oinarriturik.

Baina guri gehien interesatzen zaigun zatia, Helena Rausell ikertzaileak ondo azaldu duen moduan (Rausell 2002: 481), Deciok berak oso-osorik sortua da, eta ez Erasmorenetik hartua edo laburtua, funtsean hark proposaturiko metodoa erabiltzen duen arren: testua, hainbat baliabideren bidez, behin eta berriro berridaztea.

Decioren zati luze bat (Decio 1548: 12r-15r) aipatuko dut hemen, baina latin askorik ez dakiena ez da larritu behar, testua ulertzea ez baita ezinbestekoa gero azaldu nahi dudana ulertzeko. Testu horretan, De metaphora izenburuaren ondoren, Deciok azaltzen du metafora zer den eta metaforak zelan sor daitezkeen (Decio 1548: 11r-12r). Gero, ariketa-eredu gisa, tesi edo gai bat proposatzen du: Qui bonum nomen optat, literis incumbat ‘Izen onaren bila dabilena saia dadila letretan’. Eta, azkenik, 34 metafora edo metafora-bikote (metaphorae variae) proposatzen ditu, gai hori lantzeko: silicis et luminis ‘suharria eta argiarena’, ignis et fomitis ‘sua eta erregaiarena’, acus et vestis ‘jostorratza eta soinekoarena’, fontis et sitis ‘iturria eta egarriarena’… Eta, metafora edo metafora-bikote horietako bakoitzarekin lotuta, adibide moduko esaldi bat. Lehenengo biak euskaratuko ditugu:

Suharria eta argiarena.

Norberarentzat izen txit distirantaren argia arazi nahi duenak kolpekatu dezala letren suharria.

Sua eta erregaiarena.

Izen onaren sua piztu gura duenak hurbildu dezala liburuen erregaia.

Horrela, Francesc Deciok 37 esaldi proposatzen ditu, metaforen laguntzaz apailatuak, izen onaren bila dabilenak letren alorrean jardun behar duela adierazteko.

Eman dezagun norbaitek, idazkuntza-ariketarekin jarraiturik, hitzen eta edukiaren oparotasunaren bila, testu bat sortzen duela, 37 esaldi horietako 13 kopiatu (Ktrl-C) eta, hurrenkera aldaturik, elkarren ondoan itsatsiaz (Ktrl-V):

Verae gloriae triumphum quaeris, in castris Musarum milita. Speciosum tibi nomen metere cupis, semina iacta literarum. Ex arbore Musarum colliges tibi aeterni nominis fructum. Ditescere gloria cupis, in librorum aurifodinis elabora. Si ad honoris bravium avidè anhelas, studiorum curriculum invictè percurrere. Qui verum honorem sitit, fontem petat Musarum. Ex fonte Musarum ingentes tibi gloriae rivos derivabis. Traiicere volo ad portum laudum, navem studiorum conscendam. Ferire cupis gloriae album, Musarum arcum intendito. Qui bonae famae turrim erigere desiderat, caementa iaciat librorum. Ascendere desideras ad famae culmen, literarum scalas admoveto. Perpetuae praedicationis figuram mihi adumbrabo, si Musarum adhibeo penicillum. Venustum nomen optas, come animum Musarum pectine, calamistris intorque, dealba cerussa, pinget coloribus, unguentis line.

Latin apur bat dakienak hobeto ulertuko du hurrengo urratsa, baina sinets iezadazue funtsean testu bera dela, aldaketa txiki batzuk eginez berridatzia:

Si tamen Musarum armis aeternum vobis nomen evincere optatis, vestrum est in castris Minervae legitime militare, ut verae gloriae triumphum reportetis. Speciosum vobis praemium metere cupitis? Semina iactate literarum, nam ex arbore studii colligetis vobis aeterni nominis fructum. Ditescere gloria si cupitis, Musarum aurifodinis elaborate. Si ad honoris bravium avidé anhelatis, studiorum curriculum invicté percurrite. Quicumque vestrum nominis gloriam sitiat, fontem scholae petat; inde enim ingentes gloriae rivos derivabit. Traiicere vultis ad portum laudum? Navem literarum conscendite. In scopum sapientiae collineatis? Apollinis arcum intendite. Bonae famae turrim erigere desideratis? Iacite librorum caementa. Ad quietis atque tranquillitatis culmen ascendere intenditis? Laboris scalas admovete. Si praedicationis perpetuae vobis figuram adumbrare vultis, Musarum adhibite colores et penicillum. Venustam coronam optatis? Comite animum Minervae pectine, crines calamistris intorquete, pingite coloribus, et unguentis linite.

Letra-estilo lodian eman ditugu bere hartan edo aldaketa txiki-txikiekin (hurrenkera edo numeroa aldatzea) berridatzi diren zatiak; letra-estilo lodi eta etzanean, sinonimiaz (edo) aldatu direnak; letra-estilo normalean geratu dira idazle-berridazlearen ekarpenak.

Azkenik, eman dezagun norbaitek latinezko testu hori euskaratzen duela, lapurtera klasikoan:

Ordea, baldin eskoletako harmen bidez nahi baduzue zuen bethiereko omena hedarazi, jakin zazue zuen eginbidea dela estudioan behar bezala enplegatzea, egiazko garaitiaren ardiesteko. Errekonpentsa berezi bat nahi baduzue ardietsi, letren haziak erain zatzue, zeren estudioko arbolatik bilduko baituzue bethiereko omenaren fruitua. Baldin gutizios bazarete loriaz aberasteko, eskoletako urre meatzetan enplega eta trabaila zaitezte. Baldin desiros bazarete ohorearen zelai eder eta zabaletan pasaietan ibiltzera, har zazue estudioaren karrosa. Baldin nihor kausitzen bada zuen artean estimuaren egartsuaz sekeriatua dagoenik, laster egin beza eskolako ithurrira; handik atherako tu egiazko estimuaren usin hondargabeak, xirripa eta hibai usintsuak. Nahi duzue laudorioen portura hedatu? Sar zaitezte autoren untzian edo fragatan. Nahi diozue thiratu zuhurtziaren xedeari? Banda zazue Apoloren balezta. Baldin erreputazino onaren dorrea ezartzera gutiziatzen bazarete, fintka zatzue liburuetako zimenduak. Baldinetariak errepausuaren eta soseguaren kapetara ikhaiteko gogoa baduzue, trabailuaren zurubiak hurbil zatzue. Baldin bethiereko aiphamenaren itxura edo figura nahi baduzue pintatu, har zatzue eskoletako koloreak, tintak eta pintzela. Nahi duzue khoroa eder bat? Orrazta zazue izpiritua Minervaren orrazeaz, adatsa izur eta kroskoila, pinta eta unguentuz gantzu.

Deciorenetik euskarazkorako urratsak (Ktrl-C > Ktrl-V > Ktrl-eus) Joanes Etxeberri Sarakoak eman zituen, duela 400 urte inguru, Eskuararen hatsapenak laneko «Eskual Herriko gazteriari» atalean (EHats 269-271, Bilbao 2006: 99-100). Isabel, Aiora eta Miren, euskal itzulpengintzaren historiako irakasleak: hau eta honelakoak ere euskal itzulpengintzaren historiarako, ezta?

Baragarri ez gaitezen bara

Estitxu Irisarri Egia

Egun aspergarri horietako batean, lagun batek eta biok Skype bidez kafe-tertulia egiteko hitzordua jarri genuen, hantxe ibili ginen kontu-kontari mundua konpondu nahian, baina bilera eta batzar askotan bezala, irtenbidea aurkitu arren, ekintzara jo gabe. Gure barrenak askatzea zen helburu nagusia.

Baina, halako batean, kablearen beste puntan zegoen hark nire lexikologiarekiko maitasuna piztu zuen une batez. Nire belarriek honelako zerbait entzun zuten: «tipo hori baragarrie da». Arratia inguruko zaretenoi ulergarria egingo zaizue, baina niri neuri ez. Hitz berria nire artxibategirako. Barregarri hitzaren parekotasuna hartu nion, baina ez zuen esanahi horrekin erabili. Zer esan nahi zuen galdetu, eta, egia esan, hasiera batean berak ere ez zekien nola azaldu, nahiz eta bere hiztegian ohiko kontzeptua izan.

Lagun horren azalpenak osatu nahian, oraingoan ere hiztegietara jo nuen baratu eta paraturen antzekotasuna gogoan izanik.

Elhuyarrek dioenaren arabera:

iz./izond. (Ipar.) lo que obstaculiza/entorpece/dificulta.

Orotariko Euskal Hiztegiaren esanetan:

“Qui invite à s’arrêter” Lecl. “Qui est propre à arrêter. Jainkoaren beldurra izan bedi zure baragarri” Dv. “Zertan gintazke legea ez balitz gaixtaginen baragarri?” Ib. “Obstáculo” A.

2008ko abenduaren 31ko Bizkaie! sareko aldizkarian Arkaitz Estiballesi egindako elkarrizketa batean ere agertzen da hitz hori bera:

Inoizkorik lasaien joan nintzan finalera. Aurreko egunetan ardurea neukan eta ahotsagaz be baragarri ibili naz, orain aste bi edo guztiz galdu neban eta hor ibili naz, ahotsa errekuperau, barriro galdu. Bezperan eta sano arduratuta nengoan eta gozatzeko aukera larregirik ikusten ez nebanez, nahiko trankil joan nintzan. Hori igarri neban, finalaren sarrerako paseoan, lagunak agurtu nituan, jentea ikusi, oso trankil sartu nintzan Bilbao Arenan. (http://www.bizkaie.biz/orokorra. php?atala=2&id=10711&sec=4&fecha=2008-12-31%2010:40:11 [Azken kontsulta: 2016-01-08])

Arratiako Udalaren Mankomunitateko berbategiaren arabera:

Esanahia: Pertsona edo gauza arraroa, bitxia…
2.- Larria…
3.- Trabea, oztopoa.
Euskara batukoa: barregarri, eragozpen.

Euskaldun askok dugun gaitasunagatik edo deformazio profesionalagatik, elkarrizketa informal hura eztabaida filologiko bihurtu zen ia. Hiztegietan Iparraldeko marka duen hitz horrek hedadura geografiko handiagoa duela dirudi, Skype-kide hori Arratia ingurukoa baita. Gure ondorioetako bat gazte askok «le bailan el agua», «sin maseko tipoa», «tipo pseudoguaya» esapideak erabiliko lituzketela/genituzkeela izan zen, bere hiztegiaren barruan, hitz hori denak bere inguruan dantzan darabiltzan pertsona izendatzeko erabiltzen baita, kasu horretan behintzat. Beraz, badirudi hitz honen hedadura geografikoaz gain, hedadura semantikoa ere handitu egin dela. Noski, hiztun bati entzundakoarekin ezin orokortu. Hipotesi baragarri (sin maseko) batekin ez gaitezen bara eta zuen jakintza elkarbanatu!

Hizkuntza-fikzioa I: Neologia

Itziar Otegi Aranburu

Neologismoen Behatokia eratu zutenean hasi zen guztia. Batzuk kontra zeuden —alferrikakoa eta purismoaren mamuak bultzatua omen—, baina, azkenean, sortu zuten, Lexikoaren eta Kalkoen behatokien bidegurutzean. Lehenengo enkargua, XX. mendetik aurrerako neologismoen inbentarioa eta azterketa egitea. Euskararen erabilerak azken urteetan irabazitako arloetan azterketa luze eta sakonak egin ostean, Euskaltzaindiaren egoitzan eman zuten argitara egindako lanaren emaitza, Euskararen egunean. Estatistikak ezin argiagoak izan ziren: inbentarioan sartutako neologismo guztietatik, % 90 maileguak ziren, zuzenak zein itzulpen bidezkoak edo kalkoak. Lexiko-sorkuntzarako gainerako prozedurak, euskara barrutikakoak —eratorpena, hitz-elkarketa, sintagmazioa, laburtzapena, zabalkuntza eta mugapen semantikoak, berrezarpen lexikala…— apenas iristen ziren % 10era.

aaaabEnegarren krisialdi ekonomikoaren garaia izaki, kazetariek berehala ezarri zuten paralelismo bat bi burbuilaren artean: hazkunde ekonomikoaren burbuila, batetik, eta euskararen berreskuratzearena, bestetik. «Ekonomian zein hizkuntzan», zioten, «gehiegizko zorpetzeak ez dakar ezer onik». Berria egunkariak lehen orrian eman zuen albistea, goiburu honekin: Euskara, Troika baten mende, eta egun hartako alearen orri guztiak gaztelaniatik, frantsesetik eta ingelesetik hartutako maileguz bete zituen.

Terminologia Batzordeak, egoeraren larritasunak bultzatuta, premiazko bilera bat egin zuen, eta erabaki zuen ezinbestekoa zela esku-hartze iraultzaile bat. Hala, batzorde parekide bat sortzea deliberatu zuten, terminologoak ez ezik, idazleak, bertsolariak eta ipuin-kontalariak hartuko zituena. Estreinako lan-bileran, Terminologia-lanaren metodologiako eskuliburuaz hornituta agertu ziren terminologoak; besteek, berriz, Manifestu dadaista eta Gianni Rodariren Grammatica della Fantasia ekarri zituzten. Hiru horien fusiotik, elegintzarako metodologia berritzaileak ondu zituen batzorde eratu berriak. Hona hemen batzuk:

  • Hiztegi Batuaren azken edizioa oinarri hartuta, hitz bakun guztiak hartu, alfabetikoki, eta poltsatan sartu. Beste poltsa batean, berriz, euskarak darabiltzan aurrizki, artizki eta atzizki guztiak jarri zituzten. Gero binaka nahastu, ondo astindu, eta sortutako konbinazioak zerrendatu zituzten. Idazleak-eta prozedura horri literalki jarraitzearen aldekoak ziren, Tristan Tzararen erara, paperezko hiztegitik hitzak artaziz ebaki eta guzti. Terminologoek, ordea, azaldu zieten egun bazeudela beste bide batzuk, hizkuntzalaritza konputazionala erabiliz, halako lanak azkarrago egiteko, eta hala egin zuten azkenean.
  • Hitz-elkarketaren bide berritzaileak urratzeko, Rodariren binomio fantastikoaren metodologiari jarraitu zioten. Hiztegi Batuko hitz bakunak hartuta, haien arteko binakako konbinazio estatistiko guztiak egin zituzten, hitz-elkarketa mota bakoitzaren arauak aintzat hartuta. Horretarako, hizkuntzaren prozesamenduaren alorreko aditu talde batek algoritmo berezituak sortu zituen, LEF batzordeak 1993an hitz elkartuentzat emandako sailkapenari jarraiki (bikoiztapenak, dvandva-elkarteak, bahuvrîhî-elkarteak, izaera-elkarteak, aditz-elkarteak, asmo-elkarteak, atributu- eta koordinazio-elkarteak, tautologiazko elkarteak, aposizioak, izengoiti-elkarteak, exoelkarteak…).
  • Bestalde, aukera bakar bat ere aztertu gabe ez uztearren, haur-eskoletan hizkuntza-begiraleak jarri zituzten, umeek sortutako neologismoak erregistratzeko (norbaitek proposatu zuen afasikoen eta eskizofrenikoen neologismoak ere interesgarriak izan zitezkeela, baina hori beste fase baterako utzi zen). Bide horretatik, batez ere parafasia fonemiko bidez sortutako neologismoak lortu zituzten, edo, Rodariren esanetan, hitzak deformatzera jolastean lortzen diren hizperriak.

Metodo eta behaketa horietatik lortutako hitz-gai eskergarekin, terminologoek, gero, azterketa sakonak eta kalkulu zorrotzak egin zituzten, eta bakoitzaren hitzala[1] baloratu zuten. Tradiziorik bazuten begiratu zuten, baita Larramendiren hiztegian ere; Euskaltzaindiaren Euskal itzak/hitzak zein diren agiriak eta LEF batzordearen irizpenak aintzat izan zituzten; emankortasun- eta emendio-indizeak kalkulatu zituzten; aditzen argumentu-egiturari erreparatu zioten (iragangaitz inakusatibo edo inergatibo edo iragankor ote ziren), bai eta oinarrien azpikategorizazio murriztapenei ere. Idazleen eskakizunez, aurreko irizpideei lizentzia poetikoa gehitu zitzaien.

Metodo horiek eta beste batzuk erabilita, aukera interesgarriak zituzten hitz-gaiak aurkitu zituzten. Bakar batzuk aipatzearren: andrenalina, arma hizkuntza, aurrizki kutxa, barraskilogintza, dermokrazia, hiztripu, linuxenteen eguna, maremotots, neulogismo, Obamakoak, orbainagiria, ordenagalduak, sagarrak berry, sukartzela, sutagarri, usakidetza, zoporrak, eta beste hainbat.

Zabalkuntza semantikoz ere, hitz zaharrei adiera berri aski interesgarriak gehitu zitzaizkien, hala nola artalde, ospakizun, soraio edo unibertso.

Haur-eskoletan hizkuntza-begirale egon zirenek ere ekarri zituzten hitzgai interesgarriak, hala nola termomento izena edo pilatu aditza (Jostailu honek ez du pilatzen). Bidenabar, orobat behatu zuten umeek zailtasunak dituztela hil aditza jokatzeko (hildu da/hilitu da/hilita dago). Doktore-tesi batzuetarako gaia aurkitu zuten hor hizkuntzalari eta haur-psikiatra batzuek. Baina hori beste kontu bat da.

Terminologoen irizpide zorrotzak gainditu zituzten hitz-gaiekin, eta handik eta hemendik hartutako beste neologismo egoki batzuekin, Ereduzko Neologismoak Gaur izeneko tresna sortu zuten, beste eragile batzuekin lankidetzan. Helburua, neologismoen erabilera erraztea eta bultzatzea, eta, azken finean, gaurko neologismoak biharko euskal hitz arrunt bihurtzea —tradizioak, izango bada, nonbait behar baitu hasiera—. Corpus hori arakatuz gero, literaturatik hartutako beste hainbat neologismo ere aurki daitezke egun; adibidez, Harkaitz Canoren (begiz) eskuaretu[2], Beñat Sarasolaren BECetze[3], edo Topagunearen erabizi. Idazle eta enparauak zenbait neologismo corpus horretan sartzearen aurka agertu ziren, hala nola espetxealdi iraunkor berrikusgarri edo turker, eragozpen etikoak direla eta, baina azkenean atzera egin zuten, itsustasuna ere izendatu beharra dagoela onartuta. Urteko neologismorik onenari sari bat ematen hasi ziren, eta, estreinakoa, zabalkuntza semantikoaren bidetik # ikurra euskaraz izendatzeko traol hitza proposatu zutenei eman zitzaien. Azkenik, neologiari buruzko ikastaroak eta ikasgai bereziak txertatu zituzten eskoletako curriculumean, bai eta kazetaritza eta itzulpengintza fakultateetan ere, haur, gazte eta etorkizuneko profesionalak hobeto hornituta egon zitezen neologismo egokiak sortzeko.

Egoera iraultzeko oinarriak ezarri zituzten edo ez denborak esango du. Nolanahi ere, luze gabe, euskaradunen hizkuntza-jabekuntza nabarmen hobetu zela egiaztatu zuten.

Amaia Munarrizi, esker onez.
_______

[1] Kike Amonarriz. Berba berrien eta hitzalen erraikuntza: elegintza. Berbeta berri.
[2] Harkaitz Cano, Belarraren ahoa.
[3] Beñat Sarasola, Euscool manifestua.

Txistorraren usainean

Maite Imaz Leunda

Neguaren atarian, txistorra eta taloa buruan.

Honako galdera hau jaso dugu aste honetan Dudaneten: Nola idatzi beharko genuke: San Tomas, Santo Tomas, ala biak ondo daude?

Donostian ikasten ibili nintzen garaian, 80ko hamarkadan, abenduaren 21eko azokak markatzen zuen gabonetako oporren hasiera; garai hartan Santo Tomas esaten genion, gaztelaniaz zein euskaraz.

RAEren hiztegian azaltzen da santua adierazteko izen maskulinoen aurrean san erabiltzen dela, salbuespenezko izen jakin batzuen aurrean izan ezik. Salbuespen horiek –to eta –do silabekin hasten diren izenek osatzen omen dute.

santo

El adjetivo santo pierde su última sílaba ante nombres propios: san José, san Sebastián, san Pablo, salvo los que comienzan con las sílabas –to y –do (santo Tomás, santo Tomé, santo Toribio, santo Domingo)

Nueva gramática de la lengua española. Morfología y Sintaxis I. RAE 2009 (936. orr.)

Hala ere beti ez da horrela izaten; hor daukagu San Donato.

Euskaltzaindiak 2003ko martxoaren 28an onartu zuen San, santu, done eta besteren erabilera izeneko araua, eta garbi adierazten du San Tomas behar duela; santo toki eta herritarren izenak adierazteko ontzat ematen da euskaraz, baina ez santuak adierazteko.

8. Santo ere ez bedi erabil: San Domingo, San Tomas, San Toribio*.
*Santo duten toki eta herritarren izenetan (Santo Domingo, santodomingoar) forma hori ontzat emana da. Ikus 38. araua eta Hiztegi Batua.

Google-en begira ibili naiz Euskaltzaindiaren araua betetzen ote den ikusteko eta denetatik erabiltzen dela ikusi dut:

San Tomas

Abenduaren 21ean, Gabonen atarian bertan ospatzen da San Tomas. Azoka handiak egiten dira gaur egun ere egun horretan. Baserritarrek beren ortuariak eta animaliak saltzera eramaten dituzte. Baina ez saltzera bakarrik, XIII. mendetik hasita dokumentatuta dago maizterrek jauntxoei urteko zergak ordaindu behar eta Gabon inguruan zerga opariak egiten zizkietela. San Tomas egunean hirietan egiten diren azokak izaten ziren maizter-jabe askoren topalekua, eta ordainketa bera genero bidez egiten zen. Kasuan-kasuan animaliak (kapoiak, oiloak, untxiak), barazkiak eta dirua izaten zen.

Udazken eta neguko jai-ohiturak – Euskara

San Tomas jaia Euskal Herriko hiri eta herri askotan abenduaren 21ean —San Tomas egunez— egiten den baserritarren feria eta jaia da.

Wikipedia

San Tomas festa egun bakarrekoa da: abenduaren 21ekoa. Egun horretan Donostia landa-merkatuan eraldatzen da, eta txistorra da protagonista nagusia.

donostiakultura.com

Santo Tomas

Santo Tomaseko jai-egunak, euskal nekazarien munduaren zaporea Bilbora hurbiltzen du.
bilbaoturismo.net

Santo Tomaseko feria.
Barazki lehiaketa, elikadura postuak, txistorra dastamena, herri kirola.

hondarribia.org

Biak batera

santo1AEK

Hitz bakar batean:

Santamasak. Uste dut Arrasaten aspaldidanik erabiltzen dutela forma hau.

Aurtengo Santamasak ate joka!

Egitaraua aurkeztu dute, aurten hainbat berrikuntzekin, jai egun haundi hau disfrutatzeko

Arrasateko Udala

Santamasak.eus (Santamas komisiñuan web orrialdea)

Santotomasak

SANTOTOMASAK (abenduak 21)

Gabon jaien atarian egin ohi den festa-egun erakargarria dugu, neurri handi batean baserri munduari lotua. Barazki, fruta eta lore lehiaketak egin ohi dira eta herriko Enparantza Nagusian txozna ugari jarri ohi da.

Azpeitia.eus

Izango dira gabon atariko festa polit hori adierazteko modu gehiago ere, baina modu batera edo bestera esan, espero dezagun txistorrak on egingo digula.

«Eskuarara ganbiatzea»

Gidor Bilbao

Joanes Etxeberri Sarakoak ganbiatu aditza erabiltzen du euskaraz latinezko traducere adierazteko, eta ganbiadura latinezko translatio hitzaren ordain gisa. Hala bildu du Orotariko Euskal Hiztegiak (ikusi kanbiatu eta kanbiadura sarrerak).

Aiora Jakak bildu zituen, bere tesiko bigarren kapituluan (Jaka 2012: 114-115), itzulpenari buruzko hainbat idazleren gogoetak aztertzean, Etxeberri Sarakoak 1718 inguruko Eskuararen Hatsapenak (hemendik aurrera EHats) lanean itzulpengintzari buruz idatzitakoak, hitzez hitzeko itzulpena baztertu eta zentzua itzultzearen garrantzia azpimarratzeko.

Itzulpenaz edo kanbiaduraz dihardugularik, niretzat bereziki interesgarria da Etxeberriren liburu horretako Irakurtzaileari ataleko zati hau (EHats 283-284):

Eztut jeusik neure baitharik ekharri, ez eta ere autoretan kausitzen ezten gauzarik iskiribatu. […] Nik egin dudan gauza da […] lehen autorek erran tuzten gauzei plegadura berri baten emaitea, edo hor-hemen banaturik zeudezinak elkhargana biltzea eta eskuarara ganbiatzea.

Uste dugu lerro horietan, hain zuzen, itzulingururik gabe aitortzen duela idazteko gaiak eta edukiak bilatzean (bere inventio edo asmatze-lanean) erabili duen estrategia nagusia: beste autore batzuen lanetan irakurri duena plegadura edo itxura berri batez idaztea. Koldo Mitxelenak 1970ean seinalatu zuen Etxeberri Sarakoa «admirador, seguidor, imitador y hasta transcriptor literal de Axular» zela, eta Patxi Altunak 1988an erakutsi zuen, Axularren testuak eta Etxeberrik harenetik harturikoak elkarren ondoan ipinita, zer den saratar sendagileak Sarako erretoreari zor diona.

Hemen gehiago interesatzen zaigu, ordea, beste hizkuntza batzuetatik «eskuarara ganbiatzea» erabaki duena. Are gehiago, iturria aitortu gabe egin duenetan, gaurko ikuspegitik akaso bitxia irudituko baitzaigu (edo ez!) iturri horietako batzuk aitzinentziklopediak izatea, eta hain zuzen «hor-hemen banaturik zeudezinak» autoreetatik zuzenean hartu beharrean aipu-bilduma, florilegio, polyanthea eta halako erreferentzia-lanetatik hartuak izatea.

Polita iruditzen zaigu, aipatu dugun jokabidearen adierazgarri, Sebastián de Covarrubiasen Tesoro de la lengua castellana o española (16111, 16732) hiztegiaren kasua. Etxeberrik behin aipatzen du Covarrubias autoritate gisa (EHats 70), baina beste askotan, aurkitu dugu haren gaztelaniazko testuak «eskuarara ganbiatzen». Hona adibide bat:

Los que sacan misterios de las letras, dizen que la a, dicha aleph cerca de los hebreos, se interpreta ‘doctrina’, ‘camino’ y ‘bienaventurança’; haziendo de todas tres significaciones un concepto, dizen: Doctrina legis est via ad beatitudinem aeternam. […] Los egypcios formaron su dios Canopo con esta letra a en la mano, en señal de su divinidad, como lo refieren muchos autores y lo pondera fray Joseph de Sigüença en la vida de San Geronimo, lib. I, fol. 16.

Letretarik misterio atheratzen dutenek diote aleph hebreoek deitzen dutenak erran nahi duela ‘dotrina’, ‘bidea’ eta ‘dohatsutasuna’. Eta hirur gauza hautarik atheratzen dutelarikan pentsamendu bat, diote: Doctrina legis est via ad beatitudinem aeternam. […] Egiptoarrek Kanopo bere jainko faltsuari eskuan ezartzen zioten a, haren jinkotasunaren seinaletzat. Hala diote hainitz autorek, eta, bereziki, Aita Joseph Singineok, Geronimo Sainduaren bizitzean (lib. 1, fol. 16).

Gaztelaniazko testua Covarrubiasena da (ikusi hiztegiko a letra) eta euskarazkoa Etxeberri Sarakoarena (EHats 136-138). Badakigu, gainera, Etxeberrik euskarazko hori, bere eskuizkribu osoa bezala, latinera ere itzuli zuela. Etxeberri Sarakoa euskal literaturaren historian ikasten dugu; ez al dugu ikasi behar euskal itzulpengintzaren historian?

Kaxotero fauxa

Estitxu Irisarri Egia

Atsegin ditut lagunek jartzen dizkidaten etxeko lanak. Gaur WhatsAppean nire filologo sena berriz ere martxan jartzeko aitzakia polita zekarren mezu bat jaso dut: «Filologa, etxeko lanak! Zer dira kaxotero eta fauxa euskara zaharrean?». Testuingururik gabe, hitz solteak. Halere, euskarari ezagutzen ez nizkion hitzak bilatzeari ekin diot. Lehenengo Google doneari eskatu diot laguntza, baina lekukotasun gutxi:

  • Gaztelaniaz: el peligro de acabar con el Irun “kaxotero” de siempre y convertir en una ciudad fria (Google-ren bilaketa bai, baina melodysoft webgunean aurkitu ezin izan dudan aipamena).
  • Euskañolez: Etxe hori zegon bezala VILLA ELOLA, dena txuris pintatuta, un hotelito kaxotero sin infulas IZANGO ZEN LA OSTIA (sic), (Fotolog, 2010).

Aitortuko dut: Irun toponimoa irakurtzeak hautsi du nire inozentzia. Serendipia. Neure buruarekin hizketan: Irun Frantziatik gertu dago… Ez da, bada, frantsesetik hartua izango?

Larousse hiztegian cachot hitzari buruz:

  • Cellule généralement située dans les sous-sols des prisons, où sont enfermés les détenus ayant enfreint le règlement intérieur; la punition elle-même.
  • Pièce exiguë où l’on enferme des personnes punies en les isolant.

Bai, ilusio-izarraren erpinak kamustu dira. Orotarikoan:

kaxot, kaxote. Calabozo. Eman zituen kaxotean eta zarratu zarozten oinak zephoetan. He Act 16, 24 (Lç presoindegi zolán, Dv barneko xoxan, Ker espetxe barru-barruan, IBk barru-barruko gelan). Kaxoterik lizunenak, lezerik phozoatuenak. Brtc 147. Ezta ihur ere / kaxot hartan sartüren. Xarlem 1024. Hileri kaxotin. Etch 182. Kaxote beltzenetan. Hb in BOEl 100. Tenploko presondegia khanbiatu zuten kaxot batetara. Elsb Fram 1

Euskara zaharra zioen lagunak… Euskara frantsestua edo frantses euskaldundua?

Fauxa hitzari ez diot hainbesteko birarik eman. Zuzenean frantsesetik eratorria zela pentsatu dut: faltsua edo igitaia. Beraz, hitz hauek ez ahazteko, hemendik aurrera horrelako kontuetan nire inozentzia hasieratik mozteko eta kaxotero fauxaren fauxa hitz-multzoa nire garuneko artxibategian gordetzeko, espetxe ilun bateko bazter batean azpijokoa maite duen eta eskuan igitaia duen kartzelazain zikin marmarti baten irudia sortu dut. Eta ez dakit zergatik, baina hori irudikatzea ez zait batere zaila egin.

Dena dela, oraindik beste zalantza bat gelditu zait argitzeke: aurkitutako gaur egungo adierak. Zer esan nahi dute Irun kaxotero eta hotelito kaxotero esapideek? Kasu horietan kaxotero eta abegikor parekoak al dira? Esapide fauxak ote dira? Izan ere, kaxotak orokorrean ez dira izaten hain eroso eta abegikor.

Ezin dut joan

Itziar Diez de Ultzurrun Sagalà

Idazleak bizitzan dakiguna ikasi besterik ez dugula egiten gaztigatu zigun arren, nire irudikoz genekizkien arau anitz desikasten ibili behar izaten dugu maiz euskarazko testugintzan dihardugunok. Horrek abantailak izan ditu ugari, zeren, garai bateko arau zorrotz eta estu asko malgutzearekin batera, zabaldu baitzaizkigu idazteko baliatzen ahal ditugun aukerak, prosagintzaren aberasgarri. Halere, desabantailak ere izan ditu, eta ez gutxi, arauen gorabehera horrek, hala nola zalantzen kutxa ezin zeharo hustea.

Ikastolan «ezin dut joan» oker esana zela irakatsi ziguten, baina libre genuela «joan behar dut/joan behar naiz» erabiltzea. Gaztetan, Donostian, «ezin dut joan/ezin naiz joan» bi-biak zilegi zirela irakatsi zidaten, eta gaizki zegoela «joan behar naiz» idaztea. Gerora, berriz, Ikastolako arauak zuzenak zirela berrikasi nuen, nahiz eta baten batek boli gorria ekintzarako prestatu ohi zuen beti nire testuetan «joan behar naiz» eta gisakoak irakurri orduko; nahiz eta garbi egon, Gipuzkoa aldean bederen, barra-barra aditzen direla «ezin dut joan» eta holakoak.

Ilobak, EGA prestatzen ari baita, «ezin dut joan» zuzena denetz galdetu dit, eta ni, kontsultatu gabe behintzat, erantzun garbia ematera ausartu ez. Ikerketatxo bat egin dut di-da, eta honako hauek ikasi:

Euskarazko zalantzak argitzeko Azpidazki aplikazio informatikoak (EHU) honela erantzun dio erabiltzaile bati:

Nola dago ondo: Ezin dut joan? edo Ezin naiz joan?

Erantzuna:

Jende askoren zalantza da zurea, baina zirt edo zarteko erantzunik ez duena; izan ere, euskalkien arabera, ezin izan eta ahal izan aditzak desberdin erabiltzen dira. Horrela, zenbait euskalkitan menpeko aditzaren araberako laguntzailea hartzen dute (“ezin gara hemen geratu”, “ezin dugu ordularia geratu”); beste euskalki batzuetan, ordea, nork motako adizkiekin erabiltzen dira beti, menpeko aditza edozein dela ere (“ezin dugu hemen geratu”, “ezin dugu ordularia geratu”). Beraz, zure galderari helduta, gaur egungo euskara batuan biak dira zuzenak, baina “ezin naiz joan” nagusiagoa da.

Morfosintaxiaren inguruko zalantzak eta argibideak estilo-liburuan, ordea, Patxi Petrirenak honela azaldu digu zein den erabilera zuzena (9.6. Aditz modalak ataleko 9.6.1. puntuan):

d) Ezin hitzarekin osaturiko esapideetan, Hiztegi Batuko sarrerak agintzen duen moduan, komunztadura gorde behar da: «ezin da hurbildu» («*ezin du hurbildu»), «ezin du erosi».

Izan ere, Hiztegi Batuak honako hau dio:

ezin izan: ezin da etorri (*ezin du etorri); ezin du egin.

Dena den, arauak arau, garbi da maiz ikusten direla, baita itxuraz zorrotz begiraturiko testuetan ere, «ezin dut joan» modukoak. Nola ikusten duzue kontua? Euskaldun askok eta askok ahoz nahiz idatziz erakusten duten tema ikusita, berraztertu beharko litzateke komunztadura gorde behar hori?

Erakunde II

Maite Imaz Leunda

Ekaineko ekarpenean azaldu nuen Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren administrazio instituzionala erakunde autonomoek (organismos autónomos) eta zuzenbide pribatuko erakunde publikoek (entes públicos de derecho privado) osatzen dutela, eta beraz, erreferentzia argiko administrazio instituzionala aipatzeko erakunde hitza nahikoa izan daitekeela.

Europar Batasunaren Administrazioaren kasuan, ordea, araudian instituzioak eta organoak aipatzen dira; zehaztasunez adierazten da, gainera, zer diren instituzio eta zer organo.

Botere nagusiak instituzioez baliatzen dira Europar Batasunaren balioak sustatzeko, haren interesak eta herritarren eta estatu kideen interesak defendatzeko eta politiken eta ekintzen koherentzia, eraginkortasuna eta jarraipena bermatzeko. Europar Batasunaren Tratatuaren Bertsio Kontsolidatuaren 13. artikuluan ageri dira Batasunaren instituzioak:

Europako Parlamentua

Europar Batasuna osatzen duten estatuetako herritarrek hautatutako ordezkariak biltzen dituen parlamentua. 1979tik aurrera, bost urtez behin hautatzen dira ordezkari horiek, eta estatu bakoitzaren biztanleriaren arabera banatzen da ordezkari-kopurua. Hauek dira eginkizun nagusiak: Europako Batzordea izendatzea; Batzordearen proposamenak aztertu eta, Kontseiluarekin batera, legegintza-prozesua aurrera eramatea; eta urteko aurrekontua onartzea.

es     Parlamento Europeo
fr
     Parlement européen
en
    European Parliament

Kontseilu Europarra

Europar Batasuneko estatuetako gobernuburuek edo estatuburuek eta Europako Batzordeko Lehendakaria biltzen dituen kontseilua, Batasunaren norabide politiko orokorrak definitzeko ardura duena.

es      Consejo Europeo
fr      Conseil européen
en     European Council

Europako Kontseilua

1949an Londresen sortutako nazioarteko erakundea, Europako Erkidegoak sortuko zituen mugimenduaren aitzindaria, kide guztien ondarea osatzen duten ideiak eta printzipioak gorde eta sustatzea helburu duena. Europako estatu ia guztiak biltzen ditu.

es     Consejo de Europa
fr     Conseil de l’Europe
en    Council of Europe

Europako Batzordea

Europar Batasunaren interesak, eta ez estatu kideenak, ordezkatzen dituen estatuz haraindiko organo betearazlea. Eskumen hauek ditu: Kontseiluak emandako eskumen betearazleak egikaritzea, Europar Batasuneko Zuzenbidea aplikatzen dela zaintzea eta Tratatuen arloan gomendioak egitea edo irizpenak ematea. Estatu kide bakoitzak komisario bana du.

es     Comisión Europea
fr     European Commission
en    Commission européenne

Europar Batasuneko Justizia Auzitegia
Sin. EBJA (4)

Europar Batasuneko zuzenbidea interpretatu eta aplikatzeko ardura duen Europar Batasuneko justizia-erakundea. Europar Batasuneko estatu bakoitzeko epaile bana du Justizia Auzitegiak, eta zortzi abokatu nagusiren eta idazkari baten laguntza du. Hiru modutara batu daiteke: saletan (hiru eta bost epaile), Sala Nagusian (hamahiru epaile), eta, estatutuak hala ezartzen duen kasuetan, osoko bilkuran (epaile guztiak). Lisboako Tratatua onartu aurretik, Europako Erkidegoetako Justizia Auzitegia izena zuen. Luxenburgon du egoitza.

es    Tribunal de Justicia de la Unión Europea; TJUE
fr    Cour de justice de l’Union européenne; CJUE
en   Court of Justice of the European Union; CJUE

Europako Banku Zentrala (4)
Sin. EBZ (4)

Europar Batasuneko diru-erakunde zentrala; Banku Zentralen Europako Sistemak definitutako diru-politika erkidea aplikatzea eta prezioen egonkortasuna mantentzea ditu helburu nagusitzat. Gobernu Kontseilua eta Batzorde Betearazlea dira bertako organo artezkariak. 1999an sortua, Frankfurten du egoitza.

es     Banco Central Europeo; BCE
fr     Banque centrale européenne; BCE
en    European Central Bank; ECB

Kontu Auzitegia

Fiskalizazioa, edo Batasunaren kontuen kontrola egiten du. Estatu kide bakoitzeko herritar banak osatzen dute Kontu Auzitegia eta kideek independentzia osoz betetzen dituzte beren eginkizunak, Batasunaren interes orokorraren alde.

es     Tribunal de Cuentas
fr     Court of Auditors
en    Cour des Comptes

Instituzioez gain, organo aholku-emaileak ere badira; Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren bertsio kontsolidatuaren 300-309 artikulu-bitartean daude jasota, eta hauek dira:

Europako Ekonomia eta Gizarte Komitea
Sin. EEGL (4)

Sektore ekonomiko eta sozialen interesak defendatzen dituzten 344 ordezkariz osatutako organo aholku-emailea. 1957an sortua, Bruselan du egoitza.

es      Comité Económico y Social Europeo; CESE
fr      Comité économique et social européen; CESE
en     European Economic and Social Committee; EESC

Eskualdeetako Komitea
Sin. EL (4)

Eskualdeetako eta toki-erakundeetako 344 ordezkariz osatutako organo aholku-emailea, hainbat arlotan kontsulta egin behar zaiona. 1992an sortua, Bruselan du egoitza.

es     Comité de las Regiones; CDR
fr     Comité des régions; CdR
en    Committee of the Regions; CoR

Europako Inbertsio Bankua (4)
Sin. EIB (4)

Europar Batasuneko finantza-erakunde nagusia, kohesio ekonomiko eta sozialaren bitartez Batasuneko lurraldean garapen orekatua bideratzea helburu duena. Ogasun-ministroek osatutako Gobernadoreen Kontseilua da organo nagusia. 1958an sortua, Luxenburgon du egoitza.

es     Banco Europeo de Inversiones; BEI
fr     Banque européenne d’investissement; BEI
en    European Investment Bank; EIB

Terminologia Batzordeak oraindik ez du Europako Tratatuen Hiztegia onartu, baina aipatu ditudan sarrera ia guztiak daude ikusgai Euskaltermen.

Nazioarteko kontuetan, honelakoak adierazteko erabiltzen da erakunde:

NATO

ESLE

NBE