Tarzan gose! (Espainiako eskuindar baten manifestua)

Santi Leonรฉ

Noizbait Jorge Luis Borgesek idatzi zuen โ€“buruz ari naiz; beraz, ez dezagun arruntean baztertu aipua faltsua izatea, baina aipu apokrifoak inori egoztekotan, Borgesi egotzi behar zaizkiola iduritzen zaitโ€“ seguru zela, hungarieraz ez jakin arren, hungarieraz ere espirituak behar dituen elikagai guziak aurkituko lituzkeela. Adibidea zen hungariera, bistan dena, eta haren ordez berdin paratzen ahalko zukeen suomiera edo errumaniera, konparazione. Euskara ere bai? Unearen arabera, erranen nuke nik, zeren aspaldi honetan gure elikadura burujabetzarako bidean ekarpen ezinbertzekoa egiten zuten zenbait argitaletxe โ€“Meettok, Pasazaite, Igelaโ€“ desagertu baitira. Guziak itzulpengintzari emanak, lehendabiziko bien heriotza aski isila izan da; hirugarrenak asots handiagoa atera du, euskarara Dolores Redondoren eta Toti Martinez de Lezearen testuak ekarri dituztenen eskutik etorri baita W. G. Sebald, Yukio Mishima, Natalia Ginzburg edo Ursula K. Le Guin euskaratu dituen argitaletxearen desagerpena.

Bilatzen hasiz gero, gure panorama literarioaren pobretze hori esplikatzeko hainbat arrazoi aurkitzen ahalko genituzke โ€“errate baterako, poeta batek zera bota zuen, Euskal Herriko funtzionarioek liburuak erosteko duten zeregin historikoan huts egin dutelaโ€“; nik ez dut azalpenik, baina iduritzen zait agian ohartu garela โ€“maiestatiko horren bidez batzuk ohartu direla erran nahi dutโ€“ elikagai anitz zakarrontzira botatzen ari garela eta horregatik, aukeran, hobe dela horrelakorik ez ekoiztea edo โ€“Pasazaitekoen leloa gogoan: inportazioko liburuakโ€“ horrelakorik inportatzen ez segitzea. Iduritzen zait, bertze manera batean erranda, elikadura espiritualaz den bezainbatean burujabe izan nahi luketen euskaldunak aseko dituen goi mailako kultura sortzeko proiektua arrunt gutik hartu eta hartzen dutela serio gure artean. B2-ko mailatik goiti pasatzen den guziak pedante gisa seinalatua izateko arriskua du. Herriak Toti behar du euskaraz; Sebalden esaldi luzeak irakurtzeko asmo susmagarria duenak erdal itzulpenak ditu eskuar.

Aspalditik izan ditugun eztabaida eta polemika batzuek euskara estandarizatu normalizatua izan dute jomuga: letrakuntza erran izan zaio, mespretxuz, euskara batuari; euskara bastarta izen ustez glamurosoaren mozorropean euskainola aldarrikatu zuten duela ez hainbertze nork eta zenbait kazetarik non eta gure egunkari nazional bakarrean, eta ez zuten txalo guti jaso; eta orain, euskara sinplifikatzeko temarekin dabiltza batzuk jo eta su. Beti komunikazioaren izenean. Euskararen gaitasun komunikatiboa bulkatzeko aitzakian.

Literatura maite duen orok badaki hizkuntza ez dela funtzio komunikatibora murrizten, baina, bertzalde, zer nahi duzue erratea, nire ustez komunikazioa gainbaloratua dago. Gazte nintzelarik, bikotekidearekin jatetxe txinatar batera afaltzera joateko ohitura nuen. Afaria laguntzeko, bi ogi eskatzen genituen beti. Eta bi ogi eskatzen genituen aldiro, behin ere hutsik egin gabe, dos pan chino berresten zigun zerbitzariak. Komunikazioaren miraria gauzatu egiten zen, bistan dena, baina nire barneko bozak dos panes chinos xuxurlatzen zidan belarrira. Ez zitzaidan orduan bururatu, eta harrezkeroztik ez zaio nik dakidala inori bururatu gaztelaniak solas guzietan pluralaren marka paratzeko daukan joera erredundante amorragarriaren kontrako saiakerarik idaztea, ezta aditz irregularrak โ€“quepo, cabrรญa, cabrรฉ, cupe, cupieraโ€“ erregular bihurtzeko eskaerarik ere. Alemana sinplifikatuko dute fite? Borgesek ez zekien hungariera errazteko proiekturik bada? Ingeleseko phrasal verbs debekatzeko dekreturik ari dira inon prestatzen? Frantseseko eta katalaneko e guziak e normalera murrizteko planik inork?

Ni, Tarzan, zu Jane ere komunikazioa da, baina sentimendu erdi konplexuak dituen nornahik baliabide gehixeago beharko ditu barneko zer hori adierazteko. Baliabide gehixeago, edo bertze hizkuntza bat. Egia da eguneroko komunikaziorako โ€“are gehiago, eguneroko komunikazio horretan, lau esalditik bi erdaraz egiten badituguโ€“ euskara konplikatuegia dela. Euskarak hizkuntza naturala izan beharko luke antza, nahi dugun bezala mintzatzekoa eta sudurraren puntan paratzen zaigun bezala idaztekoa, betiere euskaraz idatzi nahiko bagenu. Eta idazten hasiz gero, zer nezesidade gauzak joan naiz etorri zara egin dugu baino gehiago korapilatzeko? 

Jar ditzagun aditz errazak, mundu guztiak erabiliko dituenak. Ez dut nik erran, Mikel Mendizabalek erran du, Berrian erran ere, eta harekin batera bertze intelektual batzuk etorri dira liburu batean euskararen zailtasunaren gaineko topiko zaharmindu guziak berritzera eta berrestera. Hau ere erran du: โ€œEspainiako eskuindarra banintz, esango nuke egin behar dela euskara ahalik eta aberatsena, konplikatuena: horren alde egingo nukeโ€. Euskal kontserbadore berria deitu zidan behin Ameriketan dabilen izar batek; Espainiako eskuindarra naizela deskubritu dut orain.

Hiru egun pasatzen ahal ditugu ogirik gabe; poesiarik gabe, bat ere ez, idatzi zuen Baudelairek 1846ko Salonen. Ogia dioen tokian elikagaiak irakurtzen ditugun bezala, irakur dezagun literatura poesia dioen tokian. Auskalo. Gure panorama literarioa aski mehetzea eta gure hizkuntza aski sinplifikatzea erdiesten badugu โ€“eta hala gerta dadin eginahal guziak ari da egiten hori saihesteko eginahal batzuk sikiera egin behar lituzkeen jende frankoโ€“, agian egunen batean itzarri eta zera erranen dugu, tripa-zorroa ukitzen dugularik: Tarzan gose! Baina egon gaitezen trankil, Borgesek bazekien eta ez zekien hizkuntzetan, hizkuntza serioetan alegia, beti izanen dugu zer jan eta zer edan.

Hiru esaldi: euskararen barrenetik edo kanpotik?

Fernando Rey Escalera

Ezin ukatuzkoa da itzultzaileok deformazio profesionala dugula. Gehienetan, begiak eta belarriak erne ibiltzen gara, baita nahi ez dugunean ere, eta berehalaxe erreparatzen diegu euskaraz irakurtzen eta entzuten ditugun mila konturi. Eta zuzentzaile-senari esker, edo haren erruz, gure buru-prozesadoreak segituan esaten digu zerbaitek kirrinka egiten ote duen, modu egokiagorik izan ote litekeen zerbait adierazteko, kalko desegokirik ba ote dagoen itzuli den horretan, norberak nola egin izanen zuen… Tekleatze-akatsak berehala ikusten ditugu, edo gramatikalak ez diren gauzak, edo ohartzen gara nola zabaltzen ari diren gurean hain ohikoak diren moda ustez dotore batzuk.

Tentuz ibili behar izaten dugu zuzenketazaletasun/keria bizitzaren arlo guztietara ez eramateko, batez ere harreman pertsonaletara, lagunik gabe geldituko baikinateke bestela. Etxean eta lagun artean ere, geure burua bridatu behar izaten dugu deus ere ez esateko, nahiz eta aditu dugunak kirrinka egin.

Diglosiaren ajeak izaten dira maiz. Gaur egun euskaldun askok eta askok bigarren hizkuntza dute euskara, hau da, maila hobea dute gaztelaniaz edo frantsesez euskaraz baino, eta horrek, ezinbestean, gure euskara higatzen du.

Halako problematika sakon eta larriari ez diot nik konponbide errazik aurkituko, jakina.

Gaur, besterik gabe, azkenaldi honetan entzundako/irakurritako hiru esaldi aipatuko ditut, zer pentsatua eman baitidate.

Hirurak akastunak dira, nik uste, baina galdera bat piztu zait haien ondorioz.

Pankarta baten testua dira hiru horietako bi. Bestea, Nafarroako herri batean pertsona batek natural eta oharkabean esandako zerbait.

Pankarten testuak hauek ziren:

“Hiltzen jarraitzen gaituzte”

Errealitate ezin gordinagoaren adierazgarri: emakumeen kontrako indarkeria. Euskararen erabilerari erreparatuz gero ere aski tristea. Mezua erdaraz sortu, itzulpen kaskarra egin, eta aurrera. Bilatu dut sarean, eta horren antzeko bat aurkitu dut gaur: โ€œMatxismoak hiltzen jarraitzen gaituโ€. Hori bai, kartela euskara hutsean. Baina, jakina, dena gaztelaniaz pentsatua.

Tristea da, baina maiz oroitzen naiz behin pertsona batek esandakoaz: โ€œEskerrak badakidan erdaraz, bestela ez nuke zure euskara ulertukoโ€.

“Sasoiko langileen lan osasuna bermatu”

Kasu honen atzean ere egoera latz bat. Emakume bat hila lan istripu batean.

Honetan bestelakoa da problema. Gramatikala da, baina egokia? โ€œSasoikako langileaโ€ da temporero/temporera, eta sasoiko langilea adituta irribarrea piztuko litzaiguke egoera hain gogorra ez balitz. Eta beste zenbait kontu ere aipatu litezke: dena da โ€œbermatuโ€ orain, ongi dago, bainaโ€ฆ Susmoa dut berriz ere itzulpen problema dagoela atzean.

Horregatik datorkit galdera. Nola eta nondik egiten ditugu itzulpenak, euskararen barrenetik edo kanpotik?

Tira, bai, egin dugu itzulpena, baina orain, istant batez, gaztelaniazko testua ahaztuta, izan gaitezen irakurle. Euskara da? Euskaraz horrela esanen genuke?

Bi esaldi horien ifrentzuan dago aipatu nahi dudan hirugarren esaldia. Sakanako herritar batek esan zuen, honelako solasaldi batean:

โ€•Zerbait esan beharko zenieke anai-arrebei?
โ€•Bai, bai, baina ez dakiet zer esan.

โ€œEz dakiet zer esanโ€. Bai, esaldi hau ez da ortodoxoa, ez da existitzen halako adizkirik, baina honek bai, irribarrea piztu dit. Akastuna da, baina euskararen barrenetik sortua.

Aditz aurreratzeak

Asier Larrinaga Larrazabal

Pantoneren kartako ehunka koloreetatik, beltza aukeratu dut post hauetarako. Akatsak, okerrak, hutsegiteak, gaitzak eta makurrak izango dira nire arretaguneak, eta asaldatzea eta ernegatzea izango da nire jarrera. ๐Ÿ™‚ Beharbada, eta hau serio diot, frustrazioak partekatuz, apur bat arinduko zait euskaldun gisa eta euskalgintzako profesional gisa (ia) egunero sortzen zaidan kezka eta ezinegona.

Has nadin, ba, barrua asaskatzen. ยซAditza aurreratu egin behar duzuยป. Horixe da C2 egiaztagiria prestatzen ari diren EITBko kazetariei irakasleek gehien errepikatzen dieten zuzenketa. ยซGehiagoko azalpenik gabe?ยป, galdetzen diet nik. Antza, mezua hori baino ez da. Aditza aurreratu egin behar dela. Ematen du oso zabal dabilela mezu hori, denbora asko ez dela antzekoa kontatu baitzidan EITBn praktikak egiten ari zen lankide batek. Itzulpengintza eta Interpretazioko Graduko irakasle batek esaten omen zien subjektuaren eta aditzaren artean hamar hitz baino gehiago egonez gero aditza aurreratu egin behar zela.

Ederrak gaude! Ez dakit zertarako hartu duen Euskaltzaindiak hitz-ordenari buruz 40 orrialde lantzeko nekea Euskararen Gramatikan (2021). Etorkizuneko itzultzaileak prestatu behar dituen irakasle horrek ba omen du korapilo guztiak askatzeko formula magikoa. Zertarako aipatu ikasleei perpausaren informazio-egitura? Zertarako azaldu zer diren ordena kanonikoa eta ordena markatua? Zertarako hitz egin galdegaiaren kokaguneaz? Euskaltegietan C2 maila ematen duten irakasleek ere ez bide dute beharrezkotzat ikusten kazetari euskaldunak gramatikeriekin gogaitaraztea.

Nire lankideen hitzaz fidatuta, asaldazio eta espantu handiak egin ditut post honetan. Baldin gertatuko balitz, telefono matxuratuaren jokoan bezala, nire belarrietaraino heldu den informazioa desitxuratuta eta distortsionatuta egotea, eta baldin egiatan gertatzen dena balitz nire lankideek ez dituztela ondo barneratu irakasleen azalpenak, dela unibertsitatean, dela euskaltegian, orduan… orduan oso kezkatuta sentitzen jarraituko nuke, ez garelako gai, kasua bata zein bestea izan, ezta maila altuko hiztunei ere hizkuntzaren oinarriak ulertarazteko.

Interpreteon iraultza

Maitane Uriarte Atxikallende

Ekainaren 29an honako izenburu hau zeraman albistea iritsi zitzaidan WhatsApp bidez: โ€œEl sorprendente motivo del parรณn de 20 minutos en el Pleno de las Juntas Generales de รlavaโ€. Jakin-minez, albistea irakurri nuen eta benetan diotsuet ez nuela amaiera batere espero: โ€œla persona encargada de la traducciรณn se ha negado a continuar traduciendo el discurso de Ramiro Gonzรกlez al no haber recibido de forma previa el texto que el candidato iba a leer desde el estradoโ€.

Hasieran, testua aldez aurretik jaso ez arren, ahal den moduan interpretatzen jarraitu beharra dagoela pentsatu nuen. Show must go on. Horixe sartu zidaten buruan bere garaian, bainaโ€ฆ non dago muga? Birritan pentsatu nuen eta nik neuk ere behin baino gehiagotan gauza bera egin beharko nukeela konturatu nintzen. Bai nik eta bai gainerako interpreteek. Badakit ahal dugun guztia egin behar dugula eta azkenean gure lana beti aurrera ateratzen dugula, oztopoak oztopo, baina nik behintzat ez dut gehiegizko estresaren edo buruko zirkuitulabur baten ondorioz kabinan ziplo hilda geratu nahi, eta beldur naiz bide horretatik ez goazen.

Batez ere pandemiaz geroztik, gero eta ohikoagoa da dena azken ordurako uztea eta interpretazio-enkarguetara aldez aurreko dokumentaziorik gabe joatea, eta horrek izugarri kezkatzen nau. Beti diot profesionalak garela eta dena aurrera ateratzeko gai garela, prestakuntzari zein esperientziari esker, baina ez gara David Copperfield. Hitzaldiak, aurkezpenak, txuletak eta abar aldez aurretik bidaltzeko eskatzen dugunean, zerbaitengatik da: gizakiak gara eta aldez aurreko dokumentazio-lana egin behar dugu ezinbestean, gure lana ondo egin ahal izateko. Gainera, enkargu horretan testuak ziztu bizian irakurriko badira, ezinbestekoa da interpreteok testu horiek aldez aurretik jaso eta lantzea, gure burmuinak ere mugak dituelako.

Giza eboluzioaren historian, ezerk ez du interpreteon garuna programatu horren zeregin berezi eta nekagarrirako. Gure burmuinak aldibereko interpretazioan zehar duen funtzionamendua ezin dute ordenagailu potenteenek ere simulatu (momentuz, behintzat). Neurozientzialariek urteak eta urteak daramatzate hizkuntza ikertzen, eta hiztun eleaniztunei buruzko ikerketa ugari egin dituzte; hala ere, aldibereko interpretazioaren prozesua ulertzea erronka zientifiko izugarria da. Hainbeste gauza gertatzen dira interprete baten burmuinean, zaila baita nondik hasi jakitea. Modu sinplean esanda: interpretearen burmuinak orkestra-zuzendari baten pare funtzionatzen du. Garuneko eskualde askoren jarduera koordinatu behar dugu, portaera harrigarri eta konplexuak sortzeko. Naturaz gaindikoa dirudi, ezta? Ba imajinatu horri ziztu bizian irakurritako testuen aldibereko interpretazioa itsu-itsuan egin behar izatea gehitzen badiogu.

Unibertsitateko ikaslea nintzenean, asko miresten dudan irakasle batek esan zidan nik neuk erabaki eta sortu behar nuela interprete gisa nahi dudan etorkizuna, eta ez dut esaldi hori sekula ahaztu. Dirudienez, ez naiz bakarra izan, Arabako Batzar Nagusietako interprete hark ere horren alde egin baitzuen egun hartan. Interpreteok sasi guztien gainetik dantzan egiten ikasi dugun arren, bazen gutako batek aski dela ozen esateko garaia. Iraultza izan zen interprete haren aukera bakarra, eta egoera aldatzen ez bada, besteona ere hori izan beharko da azkenean.

Frikiak

Isabel Etxeberria Ramรญrez

Itzulpengintzako ikasleei lehenengoz eskola ematen diedanean esan ohi diet euskararen erabilerari dagokionez ezagutza handiena duen giza taldeetako baterako sarbidea egin berri dutela, eta konturatu orduko beren kuadrillako askojakin gogaikarriak bihurtuko direla, lagunei azalpenak, zuzenketak eta hobekizunak eskaintzeko beti pronto. Txantxetan esaten diet, noski, begi keinua egitearekin batera, eta ohartarazten diet berandu dela jadanik, atzera bueltarik gabea dela abiarazi duten bidea, eta erantzukizun osoa beraiena dela, bai baitzuten beste ikasketa batzuk aukeratzea โ€”Bioteknologia edo Ingeniaritza Elektrikoa, adibidezโ€”, eta ez Itzulpengintza eta Interpretazioa.

Umore tonua gorabehera, hasieratik helarazi nahi izaten diet ondo ezagutu beharko dituztela zuzentasunari lotutako arauak, eta ondo jakin beharko dutela zer non kontsultatu, zer ahotsi aitortu zenbateko autoritatea, zer iturritara jo arlo espezializatu bateko zalantzak argitzeko, eta abar. Eta ezagutza horrek guztiak emango diela gero ahalmena erabakitzeko noiz nahi duten edo uste duten egokia dela zuzentasun hori errespetatzea eta noiz ez, noiz komeni den teknizismo bat erabiltzea, edo noiz den zilegi ulermena erraztea parafrasi bat baliatuz. Laburbilduz, kontsultak egiten ohitu behar dutela burura datorkien lehen aukeran geratu gabe, horrenbesterainoko errespetua zor baitiogu hizkuntzari. Errazkeriak eta zabarkeriak, finean, ez dakarkiotela onik sendotze bidean eta prestigio beharrean den hizkuntzari.

Horren harira, oso esanguratsua iruditzen zaidan jokamolde bat hartu nahi dut ahotan gaurkoan. Hiru adibideren bitartez azalduko dut.

Lehenengoa duela urte batzuk Iruรฑean solasaldi batean konpainia onean erdipurdi azalduta bota nuen adibide bat da. Mahai-inguru hartan kontatu nuenez, Euskadi Irratian sukaldaritza ikasle bati egindako elkarrizketa bat entzun berri nuen. Oker ez banago ikasle hark ogitarteko lehiaketa bat irabazi zuen, eta irratiko elkarrizketan ogitartekoaren osagaiak zerrendatzen hasi zenean mostaza aipatu zuen. Esatariak (Manu Etxezortu, beharbada?) ziapea esanez lagundu nahi izan zuen, hegoaldean bakarrik erabiltzen den mostaza terminoarentzat osagarri. Elkarrizketatuak โ€”esan bezala, sukaldaritza ikasleaโ€”, ยซnola?ยป batez erantzun zion esatariaren hitz proposamenari, eta argi geratu zen ez zuela ziape hitza ezagutzen. Gogoan dut mahai-inguruaren ondoren garagardo eta, noski, ogitarteko baten bueltan, Itziar Diez de Ultzurrun 31eskutik-eko kideak adibidea ekarri zuela berriro hizpidera, ziape hitza ezagutzea asko eskatzea ote zen iradokitzeko. Urte batzuk badira elkarrizketa hura izan genuenetik, Itziar, eta zuk gogoan ere ez duzu izango ziurrenik. Baina niri gauzak behar bezain argi azaldu ez izanaren sentipena geratu zitzaidan, eta hemen nator, beraz, neure buruarekiko zorrak kitatzera. Adibide hartan ikusten nuena zen arlo zehatz batean aditua zen pertsona batek ez zituela arlo horretako euskarazko termino batzuk ezagutzen eta ondorioz gazteleraz izendatzen zituela kontzeptu horiek. Hau da, sukaldaritza ikasten ari zen gazte euskaldun batek ez zuen behin ere entzunda ziape hitza, nahiz eta sari bat ekarri zion ogitarteko bat egiteko baliatu zuen saltsa hura. Edo beharbada entzungo edo irakurriko zuen noizbait, baina ez zion arretarik jarri. Eta irratira euskarazko elkarrizketa bat egitera gonbidatu zutenean ez zitzaion bururatu beharbada esan beharrekoa euskaraz txukun esateko prestaketa eta kontsulta lana egin beharko zukeela aurrez. Ez zuen horren beharrik sentitu. Kontrara, irratiko esatariek eta gidoilariek ezagutzen zuten hitza, edo elkarrizketa prestatzeko aurrez eginiko dokumentazio-lanean bilatu eta ezagutu zuten behintzat.

Beste bi adibideak azken egunotan entzun ditut, artikulu honetarako gaia hau izan zitekeela pentsatzen hasi nintzenean, Euskadi Irratian berriro eta bilatzeko esfortzu handirik egin gabe. Batean, irakasle batek especialista de apoyo educativo gisa lanean ari zela esan zuen elkarrizketa batean. Eta desenkusatu ere egin zen euskaraz nola esaten den ez zekielako. Bestean, musika aditu batek jaialdi bateko cabeza de cartel nor zen azaldu zuen. ร‘abardura pare bat egin nahi ditut. Irakaslea Nafarroako eremu mistoko udalerri batekoa omen zen jatorriz, eta eremu ez euskalduneko eskola batean ari omen zen irakasle. Bere irakasle jardunean gazteleraz arituko dela ondoriozta dezakegu. Musika adituaren hitzak, zehazki, ยซcabeza de cartel esaten denaยป izan ziren. Beharbada bururatu bururatuko zitzaion kartelburu hitza, baina entzulearentzat zaila izango zelakoan erdal terminoa erabiltzea erabaki zuen.

Ez nuke nahi inork gaizki ulertzea eta pentsatzea hiru hiztun horien aurkako kritika bat dela hau. Esango nuke euskaldun gehienok jokatzen dugula horrela noiz edo noiz. Nik neuk bai behintzat, testuinguruaren arabera. Hainbat arrazoi bururatzen zaizkit gure jokamolde hori esplikatzeko. Adibidez, euskaldunok ez ditugula behar bezala ezagutzen gure hizkuntzaren baliabideak (ยซZiape esan behar da? Hara, existitzen zenik ere…ยป). Edo kontsulta egiteari ez diogula behar adinako garrantzirik ematen (ยซHiztegian begiratu? Zer ba? Ez al da mostaza esaten?ยป). Edo gure begirada oso laburra dela (ยซGurean beti esan izan da horrela. Euskaldun guztiek esaten dute horrelaยป). Edo kontsulta eginda ere edo norbaitek informazioa emanda ere, lotsatu egiten gaituela hizkuntzaren baliabideak zuzen eta egoki erabiltzeak, hizkuntzaren frikitzat joko gaituztelakoan (ยซHorrela esan behar dut benetan?ยป). Edo ingurukoen ulermena ziurtatu nahi dugula (ยซNola esango dut ba horrela? Inork ez du ulertukoยป). Eta ororen gainetik, erdarak blaitutako gizarte batean bizi garela, eta erabilera zuzenak eta egokiak entzuteko ditugun aukerak urriak direla gure egunerokoan.

Euskadi Irratiaren entzule zaretenok behin baino gehiagotan entzungo zenituzten horrelakoak, eta jabetuko zineten askotan irratiko esatariak izaten direla elkarrizketatuari euskal hitza eskura jartzen diotenak, baita elkarrizketatuaren (eta ez esatarien) ezagutza-arlo espezifikoko termino bat denean ere. Euskadi Irratiko esatariek hizketagaia terminologikoki prestatzeko lana hartzen dute, alegia. Zentzuzkoa da hizkuntza lan-tresna behinena duten profesionalek โ€”kazetariek, itzultzaileek, interpreteek, zuzentzaileek, editoreek…โ€” gizarteko beste kideek baino arreta handiagoa jartzea hizkuntza kontuei, baina batzuetan iruditzen zait alde hori are handiagoa dela euskaran inguruko erdaretan baino, eta euskal hiztun arruntaren eta hizkuntzaren profesionala den hiztunaren artean arrakala gero eta zabalagoa sortzen ari dela. Lanbidea euskaran oinarritzen dugun pertsonok hizkuntzaren frikiak bihurtu gara. Uste dut horixe dela, funtsean, lehen eskola egunetan arraro begiratzen didaten ikasleei ohartarazi nahi izaten diedana. Eta zalantzarik ez dut etorkizun hobea lukeela euskarak frikismo hori orokortuko balitz. Ezjakintasunak, utzikeriak, lotsak eta erreparoek mesede gutxi egiten diote euskarari.

Ez dakizun hizkuntza baten itzulpena epaitzeaz

Angel Erro

Ez dakizun hizkuntza baten itzulpena epaitu dezakezu? Berez, erantzun zuhurrak ezetz agintzen du. Baina susmatzekoa da etengabe ari garela ez dakizkigun hizkuntzen itzulpenak ebaluatzen. Gauzak muturrera eramanda, orain arte eman diren itzulpen sari guztiek egiaztatu beharko lukete, beren epaimahaikide guztiek, ez bakarrik irabazle izendatu duten lanenak, baizik eta hautagai posible guztien jatorrizkoak bere horretan atzemateko gaitasuna bazutela. Ez gara kontu eske hasiko. Nori, gainera? Jakintzat ematen da hala dela, eta kito.

         Nago lan itzuliei buruz egiten ditugun iruzkin gehienetan dena delako iturri hizkuntza dakizun ala ez gutxienekoa izaten dela. Hala ikusten dugu euskarazko kritiketan, non itzulpenari buruzko balorazioa bai egin ohi baita (kasik kritikariak, normalean azken paragrafoan, zuzenean horretara behartua balego bezala), baina jatorrizkoaren aipamen gutxi edo deus ez. Ez da literatur kritikaren auzia bakarrik. Gure egunerokoan ere gero eta maizago izaten ditugu begien aurrean itzulpenak (maiz modu automatikoan sortuak), zeinaren kalitatea edo fidagarritasuna baloratzera behartuta baikaude; hala egin izaten dugu, esaterako, Netflixekin-eta, non erraz detektatzen dugun dena delako film bateko elkarrizketak kili-kolo egoten diren.

         Edo Twitterrekin ere. Ni iritsi naiz, txio bat idatzi ondoren, euskaldunak ez diren nire jarraitzaileek, โ€œTraducir tweetโ€ sakatuz gero, adierazi nahi izan dudan horretatik zer jasoko duten egiaztatzera. Inoiz lehen txioa ezabatu eta berridaztera eraman nau, Googleren itzulpenak egin dituen gaizki-ulertuak/akatsak saiheste aldera. Ekintza soil (eta banitatezko) horretan, beharbada jende gehiagok ere eginen duena, ari nintzen itzulpen balorazio bat egiten, nahiz eta kasu horretan oraindik sorburu- eta xede-hizkuntzak jakiten nituen, baina gerta daiteke bigarrena baino ez jakitea (behar bezain ongi). Alegia, batzuetan ni naiz beste norbaiten txioak, ez dakizkidan hizkuntzaren batean idatzitakoak, itzultzeko aukera automatikoaz baliatzen naizena. Testuingururik gabe nagoela eta jatorrizkoa agian laburdurez eta espresio kolokial edo are agramatikalez josita egon daitekeela jakinda (euskarriak hala baimentzen duelako), errazagoa da jasoko dugun emaitzaz mesfidatzea. Baina emaitzak nolabaiteko zentzua edukita ere, berdin jokatuko dugu, ez dakigun hizkuntza baten itzulpena epaitzen arituko gara.

Garai bakoitzak bere arriskuak itzulpenetan akatsak egiteko

Maite Imaz Leunda

Administrazioan lanean hasi nintzenean bihurtu zen ordenagailua eguneroko lan-tresna niretzat, orain dela 31 urte, ordura arte izan nituen langaiak lapitza, borragoma, paperezko hiztegiak eta idazmakina izan baitziren. Orain esku artean daukadan ordenagailu eramangarriarena baino antza handiagoa zeukan orduko ordenagailuak etxean geneukan Olivetti zaharrarena, baina lana asko errazten zidan, euskaratutako testu guztiak txukun antolatuta jasotzeko aukera ematen baitzidan. Jatorrizko testu guztiak paperean eskuratzen genituenez, kontu handia jarri behar zen itzulgaiak zenbaki eta izen propioz beteta zeudenean. Kopiatzea itzultzea baino errazagoa zen orduan ere, baina dena tekleatuz egin behar zenez, arreta handia jarri behar zen akatsik ez egiteko. Taulak berregitea ere ez zen lan makala izaten.

Dagoeneko itzulita zegoen testu bati aldaketatxo batzuk egin omen zizkiotela eta berriro itzultzaileongana heltzen zenean, jatorrizko testuaren bertsio zaharra eta bertsio berria  bata bestearen ondoan jarri eta alderatzea beste aukerarik ez zegoen, zer aldatu zuten markatuta ez baldin bazegoen; eta markatuta zegoenean ere bai, badaezpada, markatu gabeko aldaketak egon zitezkeen eta. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarira (EHAA) erreferentzia bila jotzeko, jakin beharra zegoen zein egunetan argitaratutako aldizkaria behar genuen, bestela alferrikakoa izango zen ezeren bila hastea eta.

Itzulpen guztiak hutsetik hasten ziren, bidaltzaileak erreferentzia gisa balio zezakeen antzeko testurik bidaltzen ez bazuen behintzat. Errepikatzen diren deialdi edo aginduren bat jaso eta neuk antzeko zerbait itzulia nuen susmoa nuenean, agian topatuko nuen ordenagailuan jasota neuzkan dokumentuen artean xede testua, kostata betiere, baina jatorrizko testurik ez. Eta beste itzultzaileren batek itzulitakoa izanez gero, ia ezinezkoa zen ezer topatzea. Eraginkorrena hutsetik hastea zen.

Laster etorri ziren testu zati luzeak erraz kopiatzeko aukera, gaizki kopiatutakoak ezabatzeko aukera eta nahi gabe ezabatutakoan atzera egiteko aukera. Posta elektronikoa ere iritsi zen eta horri esker hasi ginen, pixkanaka-pixkanaka gero eta gehiago, itzulgaiak formatu elektronikoan jasotzen. Jatorrizkoa formatu elektronikoan izatea aldaketa handia izan zen, itzuli beharreko dokumentuaren kopia bat egin, horren gainean itzuli, eta zenbakiak eta izen propioak tekleatu beharrik gabe itzulpena formatu berberean ematea ahalbidetzen zen eta.

Nire iritzian, aldaketarik garrantzitsuena 1996an iritsi zen, itzulpen-memoriak probatzen hasi ginenean; itzulpen-memoriekin bukatu ziren dagoeneko itzulitako testuen bertsio berriagoak aldaketatxo batzuekin iristen zirenean jatorrizko bi bertsioak kotejatzeak zekarren nekea. Itzulpen-memoriek berehala egiten zuten lan hori. Lehendik antzeko zerbait itzuli ote genuen susmoa benetakoa ote zen berehala egiaztatzen ziguten itzulpen-memoriek.

Ondoren, lanerako Internet erabiltzeko baimena iritsi zitzaigun, hasieran eragiten zituen susmoak gainditu ondoren, garai hartan lanerako lagungarri baino gehiago bestelako entretenimenduetan denbora galtzeko mehatxu gisa ikusten baitzuten askok. Bistakoa da informazioa eskuratzeko aukera biderkatu eta bizkortu egin zigula Internetek.

Orain oso gutxitan hasi behar izaten dugu hutsetik itzultzen. Itzulgai hutsa jasota ere, itzulpen-memoriek, datu-base dokumentalek edo Internetek zerbait ematen digu gehienetan. Baina orain itzultzeko lehen baino lan gutxiago iristen zaigu eta berrikusteko gehiago, eta berrikusi beharrekoa non eta nola itzuli ote den asmatzen izan ditugu lanak. Euskara ondo menderatzen duen norbaitek batek aurretik itzulitakoa aprobetxatu eta testu berria berak itzuli ote du? Itzultzaile automatiko neuronalak agian? Eta neuronala izan bada, posteditatu dute?

Orain itzultzaile automatiko neuronala bihurtu zaigu kezka iturri. Esango nuke arazo batzuk konpontzen dizkigula eta beste batzuk sortu.

Urtero egiten den deialdiren bat, lehenago urtea joan eta etorri osorik itzultzeko bidaltzen zigutena, orain itzulita berrikusteko bidaltzen badigute, gerta daiteke itzultzaile automatiko neuronalarekin egindako itzulpena izatea. Hori izango litzateke lehenengo okerra: itzultzaile automatiko neuronala erabili behar ez denean erabiltzea, lehendik giza itzultzaile batek itzulitakoa ez delako aintzat hartu eta itzultzaile automatiko neuronalarekin ordeztu delako.

Gerta daiteke, halaber, zuzenketarik edo postediziorik gabeko itzulpena izatea. Hori izango litzateke bigarren okerra. Itzultzaile neuronala erabiltzen bada, posteditatu egin behar da eta postedizioa itzultzaile automatiko neuronala erabili duenak egin behar du. Ez du balio postedizioa egiteko lana itzultzaile bati pasatzea. Horrek ez dio itzultzaileari lana aurreratzen, lanerako alferrikako trabak sortu baizik.

Itzultzaile automatiko neuronalaren akatsak oso erraz antzematen dira batzuetan; hanka sartzen duenean ez du disimulatzeko ahaleginik egiten.

Un documento preciso y exacto         Dokumentu zehatz eta zehatz bat

Eta gerta daiteke lehendik itzulita zegoena berreskuratzeko lana hartzea bezeroak, testu zati berriak itzultzeko bakarrik erabili izatea itzultzaile automatiko neuronala, eta batere postediziorik egin gabe testu osoa berrikusteko itzultzaileari bidaltzea. Horrelakoetan ez da lehenengo okerra gauzatzen, baina bai bigarren okerra eta areagotuta gainera. Ondo itzulitako testu luze batean neuronalak egindako tartekiak sartzen badira eta neuronalak akats nabarmenak egin baditu, itzultzaileari gehiago kostatuko zaio akats horiek topatzea. Zuzenketa sakona egiteko denborarik ez badu, akats horiek oharkabean joan daitezke. Bezeroari behin eta berriro esan behar zaio itzultzaile neuronal automatikoak itzulitakoa ezin zaiola itzultzaileari pasa posteditatzeko edo zuzentzeko, itzultzaileari lana gehitzen zaiolako horrela. Duela hiru hamarkada zenbakiak tekleatzen eta alderatzen pasatzen genuen denbora postedizioari eta zuzenketari eskaini beharko diogu orain.

Gehiegi zabal ez dadin

Itziar Diez de Ultzurrun Sagalร 

Etxean Euskadi irratia piztua dugula gosaltzen dugu maiz. Orain hilabete gutxi, greba euskara batuan huelga esan behar ote zen galdetu zidan alabak, esatariak huelga gora eta huelga behera ari baitziren etengabe lanuzte bat zela-eta. Ezetz esan nion, eta Irene Arraratsi aspaldian Twitterren irakurri nion esaldi batez gogoratu nintzen: ยซOrain erabaki beharko balitz, ‘huelga’ nagusituko litzateke, eta ez ‘greba’. Nekatu gara estandar nazionala egiteazยป.

Eskupekoen gaia bolo-bolo dabil hedabideetan, txartelaren bidezko ordainketak nagusitu ahala, behera egin baitute. Berrian artikulu hagitz interesgarri bat argitaratu dute gaiaz, gustura irakurri dut, baina harrigarria iruditu zait eskupeko hitza behin ere ez agertzea testuan. Eskupeko erabiltzea garbizalekeriatzat joko ote da?, pentsatu dut… Nork esan zuen harako hura, ยซez dakit gaztelania nahikorik zure euskara ulertzekoยป?

Beran, Lesakan eta Aranon uholdeak izan ziren maiatzaren hondarrean. Irratian bitan aditu genuen uholdeak gertatuak zirela Euskal Herriko ekialdean. Alaba barrez hasi zen: ยซAmaaaa!, berriz esan dute Bera eta Lesaka Euskal Herriko ekialdean daudela, kar-kar-kar!!!ยป. Badaezpada, sakelakoa hartu nuen โ€“badaezpada eta itxaropenez-, baina Zuberoan eta Erronkarin arazorik ez, eta gogora etorri zitzaidan aita zenak astakiloen moduan jolasten hasten ginenean maiz esaten zigula: ยซbarrez eta barrez, eta azkenean negarrezยป.

Ziburuko Euskal Disko eta Liburu Azoka izan da asteburuan. Ladix Arrosagarai Baltsan elkarteko kideak esan du azoka ‘zubi’ bat dela irudika daitekeela, Euskal Herria bitan banatzen duen Bidasoa ibaia gehiegi zabal ez dadin balio duena. Ez da erronka makala, pentsatu dut, zubi ideologiko, lexiko eta kultural aunitz behar baititugu ibai dagoeneko zabal hori gehiegi zabal ez dadin.

Senar duenak jaun du

Itziar Otegi Aranburu

Jaun hitza bilatzen baduzue Euskaltzaindiaren hiztegian, honako hau agertuko zaizue bigarren adiera gisa:

2 iz. Zerbaiten edo norbaiten gainean erabateko eskua duen gizonezkoa. Zeruko eta lurreko erregea eta jauna delakoZure anaien jaun izan zaitezNire bihotzeko jauna. Esr. zah.: Senar duenak jaun du.

Esaera horrek eman dit atentzioa: Senar duenak jaun du. Hitzaren adieraren erakusgarri gisa dago jasota, modu neutroan. Ez dauka markarik, esaera zaharra izatearena besterik. Ez da hiztegi jakin baten kontua; Orotarikoan ere ageri da, bai eta Egungo Euskararen Hiztegian ere, antzeko formulazioan: Senarra duenak jaun izaten ohi du. Orotarikoan, sarrera berean, beste hau ere ageri da: Senarra bere jabe edo jaunzat artu ezkero. Ib. 374.

Euskaltzaindiarenean, senar hitzaren sarreran ere ageri da adibide hori. Eta nagusi hitzaren 2. adieran, beste hau: Gizona emaztearen jaun eta nagusi izateko. Ez dauka Esr. zah. markarik.

Emazte bilatuz gero ere badago antzeko adibideren bat:

emazte
1 iz. Norbaitentzat, berarekin ezkondua dagoen emakumea. Ik. senar-emazte. Bere emazte eta seme-alabakEmazteak senarrari zor dion onginahiaBesteren emaztearekinEmazte leialaHerodias emaztetzat hartu zuelakoAlaba emaztetzat ematen ez bazionBere emaztea utzi eta beste bat hartzen duenak ezkontza hausten du. || Esr. zah.: Hire etsaien emazte, eukek hik adiskideEmaztea hartzen duena handietarik, ez date etxean grina gabetarik.

Egungo Euskararen Hiztegian, adibideen artean entresaka eginda:

Emazte batek senarrari jarraitu beharko lioke. Oskar Arana, ยซBrooklyngo erokeriakยป – Paul Auster, 2006 – 297. orr.
Ahul eta bizitasunik gabe gelditzen da senarra, emazteak zoriontsu egiten ez badu. Elizen arteko biblia  
Jipoiaren ostean, emazteak barkamena eskatu zion senarrari eta senideak biziki poztu ziren albistearekin. Patxi Zubizarreta, ยซMila gau eta bat gehiagoยป – Anonimoa, 2002 – 24. orr.
Ez banu bortxatu, ez nuen Maddi emaztetzat hartzen ahalko. Itxaro Borda, ยซZeruetako erresumaยป, 2005 – 186. orr.
Emazte ona izateko hezten da Malin emakumea, senarraren itzal izateko. Berria – Gaiak, 2004-03-18
Emazte leiala izan nahi dut. Koro Navarro, ยซZortzi kontakizunยป – Isaac B. Singer, 2002 – 141. orr.
Nik uste emazte batentzat amets ederrena hori zen, noizbait haur baten ukaitea. Janbattitt Dirassar, ยซBihotzeko minaยป, 1997 – 66. orr.

Pentsatu dut beharbada senar eta emazte kontzeptuak berak direla arazo. Bikotekide begiratzera jo dut.

Euskaltzaindiaren hiztegian, aski neutroa da sarrera:

bikotekide
iz. Bikote bateko kidea bikoteko beste kidearentzat; bereziki, amodio harreman bat duten bikoteetan, kideetako bat bestearentzat. Ik. bikote lagun. Tolosako hotel batean nengoela, nire bikotekidea izango zena ezagutu nuen.

Egungo Euskararen Hiztegian begiratuta, ez dut aurkitu hizpide dugun adibidearen ildo berekorik, baina, ezustean, beste kontu batekin egin dut topo:

Emakume bat hil da Donostian bikotekidearen tratu txarrengatik. Berria – Euskal Herria  
Hiru gizon atxilotu zituzten herenegun, ustez bikotekideari erasotzeagatik. Berria – Euskal Herria  
Bikotekideak sarritan jotzen zuela aitortu zuen. Berria – Euskal Herria  
Salvador Floresek, 45 urteko dominikarrak, onartu egin du Dora Angulo bikotekidea hil egin zuela. Berria – Euskal Herria  
Bikotekide ohia jo duelakoan, gizon bat atxilotu dute Bilbon. Berria – Harian  
Bilbon 29 urteko gizon bat atxilotu dute, bikotekide ohiarengandik urruntzeko agindua hausteagatik . Berria – Euskal Herria  

โ€œAmodio harreman bateko kideโ€ adieraren adibideetatik, gutxi gorabehera lautik bat indarkeria matxistarekin lotuta dago. Jakina, lautik hiru bestelakoak dira.

Zer pentsa ugari eman dit bilaketa xume honek. Nire asmoa ez da, inolaz ere, hiztegi bat edo beste seinalatzea, gogoeta egitea baizik. Gainera, badakit Euskaltzaindiarenean behintzat ari direla gogoetan, eta aldaketak egiten. Eta badakit, orobat, adibide horiek corpusetatik hartuak direla, liburuetatik, prentsatik, baina sortzen zaidan lehen galdera da zer irizpideren arabera hautatzen ote diren adierak edo erabilerak argitzeko adibide horiek, aplikatzen ote den genero-ikuspegirik hiztegigintzan. Begiratzen ote den, adibidez, simetria gordetzen den definizioak emateko moduan, jasotzen diren adibideetan, izen-abizenez aipatzen diren poeta, bertsolari, idazle, kantari eta abarren artean.

Eta, bigarren galdera, ona ote den adibide horiek horrela agertzea, ez hiztegi historiko edo etimologiko edo fraseologiko batean, baizik eta hiztegi orokorretan. Hain modu neutro edo aseptikoan. Modulatzaile edo egilearen intentzioaren argigarri litzatekeen testuingururik gabe. Hiztegiek, eta hizkuntza akademiek, hizkuntzaren notariotza lana egiten dute, badakit. Esapide horiek gure hizkuntzan eta kultur adierazpenetan daude, eta hiztegiek jaso egiten dituzte. Hain zuzen ere, hori da kontua: ez al dio neutraltasun horrek nolabaiteko naturaltasuna ematen, edo, ez dakit nola esan, onespena, esapideari berari? Ez al ditu jasotze horrek esamolde horiek โ€“mundu-ikuskera baten islaโ€“ iraunarazten? Senar duenak jaun du. Hain matter-of-factly dago esanaโ€ฆ

Argi dago garaiak aldatu egiten direla, eta mundu-ikuskerak eta haiei lotutako esamoldeak eta adierak ere bai. Hiztegiek, hizkuntzak eta kulturak bezala, badute tradizio bat, ibilbide bat. Garai batean normaltzat jotzen ziren hainbat esapide, egun, bortitz edo desegoki gertatzen dira. Hortik, hirugarren galdera: zer egin behar lukete hiztegiek halako adibideekin? Ezabatu? Desagerrarazi? Hiztegiak txukundu, adibide egokiak soilik utzita? Eta, erabilera adibide horiek hor egon arren, jaso ez? Itxura garbiketa bat eman euskarari? Pixka bat memoria historikoarekin gertatzen den bezala, kaleen izenak aldatu eta monumentuak eraitsi, iraganak orainaldiraino sendo iritsi diren sustrai luzeak izango ez balitu bezala? Ez al da zailagoa izango, hori eginez gero, sustrai horiei antzematea, iragan hori ageriko egiten duena eraisten eta desagerrarazten bada?

Beharbada ez da komeni adibide horiek hiztegietatik kentzea. Beharbada ez da txarra jaun edo senar edo nagusi hitzak bilatu eta senar duenak jaun du eta antzeko adibideak irakurtzea. Zeren, hartara, nahiz eta irakurtzen ditugun bakoitzean ezinegona eta amorru puntu bat sentituko dugun, lagundu egingo digu ulertzen non dituzten sustraiak jokamolde eta gertakari jakin batzuek. Lagungarri izan daitezke ulertzeko nondik gatozen, zergatik gauden oraindik gauden bezala, zergatik den hain zaila harreman berdinzaleak eraikitzea, mantentzea, edo, are, irudikatzea.

Halakoak hiztegietatik kentzea baino, nago askoz hobea dela hiztegiak, gainerako guztia bezala, betaurreko jakin batzuk jantzita irakurtzea. Betaurreko horiei zer izen jarri, norberak jakingo du: irakurketa kritikoaren betaurrekoak, feminismoarenak, berdintasunarenak, edo errespetuarenak.

Seguru dagoeneko halako asko dagoela gure literaturan, baina bururatzen zait hartu eta irauli ere egin ditzakegula esapide horiek, eta askoz naturalagoak diren beste batzuk sortu, eta idatzita utzi, hizkuntzaren notarioek hiztegietan jaso eta erabiltzaileen esku jar ditzaten. Senar duenak bidelagun du, adibidez; edo Gizona emaztearen euskarri eta babes izateko, edo Etxera iritsi zenean, egun osoa lanean igaro ostean akituta, bikotekideak ordurako prestatua zuen afariaren usain goxoa aditu zuen Izarok.

Latindar literatura euskaratzeko proiektuak: Orixeren 1919ko asmoetatik UPV/EHUren ADDIra

Gidor Bilbao Telletxea

Poz handia hartu nuen latindar literaturako euskal itzulpenek 2022an izan zuten loralditxoarekin. Fokua emakume idazleengan jarrita, Maite Lรณpez Las Herasek Poetandreak literatura greko-latindarrean antologia poetikoa argitaratu zuen 2022an, Balea Zuria argitaletxearekin, eta, egun bertsuetan, Enara San Juan Mansok Erromatar emakume idazleak: jakingarriak eta lekukokatsunakartikulu luzea, euskarazko itzulpenekin eta lekukotasun horien inguruko hainbat jakingarrirekin, Uztaro aldizkarian. Gero, Maite Lรณpezek berak Egeriaren Ibilbidea argitaratu zuen, Testu Zaharrak argitaletxean; eta laster, Enara San Juanek Rosvitaren Lan dramatikoak argitaratuko ditu UEUrekin.

Latin irakaslea izan naiz hogeita hamapiku urtez UPV/EHUn, eta aitortu behar dut pozarekin batera harrotasuntxoa ere sentitu nuela, bai Maite eta bai Enara ikasle izan nituelako Filologia Klasikoan; pentsatu nahi dut nirekin ere ikasiko zutela zeozertxo.

Ikasketa Klasikoen Sailean lanean hasi nintzeneko urteekin gogoratu naiz, oroitzapen goxoekin. Langile gazteen indarrarekin, Bibliotheca Scriptorum Classicorum Vasconica bilduma sortu genuen 1995ean, UPV/EHUren argitalpen zerbitzuaren babespean, latinezko eta grekozko klasikoen argitalpen elebidunak argitaratzeko asmoarekin.

Orduan ez genekien Orixek 1919an antzeko proiektua aurkeztu ziola Euskaltzaindiari. 2017an aurkitu genuen Euskaltzaindiaren Azkue Biblioteka eta Artxiboan, Nikolas Ormaetxea โ€œOrixeโ€ idazleak 1919an Pedro Lardizabal euskaltzain urgazleari bidalitako gutuna, zeinean bere bitartekaritza eskatzen baitio, Euskaltzaindiari egitasmo bat aurkezteko: bilduma bat sortzea klasiko greko-latindarrak euskaratu eta argitaratzeko, jesuiten ikastetxeekin lankidetzan. Guk dakigula, ez zuen erantzunik jaso, edo ez behintzat proiektuaren aldeko erantzunik, Euskaltzaindiaren hurrengo batzar-agirietan (1919ko abendutik 1920ko uztailera artekoetan) ez baita Orixeren proposamena aipatzen, ezta klasikoen argitalpenarekin edo itzulpenarekin erlazionaturiko beste ezer ere.

1928an agertzen da, Euskaltzaindian, autore klasiko greko-latindarrak euskaratzeko beste egitasmo bat. Kasu honetan, Euskaltzaindiko zuzendaritza (Azkue euskaltzainburua) proiektuan zuzenean inplikaturik agertzen da, 1928ko otsailean Euskaltzaindiko idazkariak, Gregorio Maidaganek, Azkueren izenean, hainbat gazteri idatzi baitzien (besteak beste atzerrian ikasten ari ziren Piarres Lafitte eta Juan Gorostiaga 23-27 urteko gazteei), grekozko eta latinezko autore klasikoak euskaratzeko. Dirudienez, bakoitzaren esku geratzen zen zein autore euskaratu nahi zuen erabakitzea eta, seguruenik, asmoa ez zen liburu osoak euskaratzea, zati hautatuak baino.

Latinetik euskaraturiko literaturari dagokionez (ez dugu hemen jardungo grekozkoaz), ez dugu beste egitasmo handirik ezagutzen (itzulpen solte oso onak argitaratu dira, jakina, lehenago eta geroago), gure Bibliotheca Scriptorum Classicorum Vasconica bilduma sortu arte. Eta bilduma horretan hiru liburu baino ez genituen argitaratu. Lehenengoa 1995ean, Salustioren Jugurtaren aurkako gerra, nire ardurapean; bigarrena Zesarren Galietako guda, Guadalupe Lopetegiren ardurapean, 1999an; eta bildumako hirugarrena, baina bigarrena baino lehenago, 1997an, Virgilioren Bukolikak eta Georgikak, Iรฑigo Ruiz Arzalluzen ardurapean. Bildumak ez zuen izan jarraipenik.

2002an Latin-literaturarako sarbidea: idazleak eta idazlanak antologia argitaratu genuen, UEUn, ordura arte argitaraturiko itzulpenen laginekin eta guk geuk eginiko itzulpen berriekin.

Geroztik ez diogu lehentasunik eman latin-literatura euskaraturik argitaratzeari, baina etengabe jarraitu dugu langintza horretan. Azken urteetan, Filologia Klasikoko ikasleekin baino harreman handiagoa izan dut Itzulpengintzako ikasleekin, eta urtero izan naiz gradu amaierako lanen baten tutore; eta lan horiek beti izan dira latindar literaturako testuak euskaratzea, zubi-testuak baliatuz. Bakarra argitaratu da liburuan, irakaskuntzarako premiazkotzat jotzen genuelako: Plautoren Militar harroputza, Paula Garcia Iraeta eta Maialen Utrilla Aranaren Gradu Amaierako Lanetan oinarritua.

Baina beste asko ere (ez guztiak[1], irakurtzeko moduan daude UPV/EHUren ADDI gordailu digitalean:

Unai Guillรฉn Bilbao (itz.): Ovidio, Amores III

Ane Zurutuza Irastorza (itz.): Ovidio, Heroides VII-XII

Iรฑigo Urrestarazu Porta (itz.): Ovidio, Heroides XIII-XV eta XVII

Naiara de la Hoz Arregi (itz.): Ovidio, Heroides XVI eta XVIII-XX

Leire Palenzuela Badiola (itz.): Plauto, Curculio

Maialen Fernรกndez Martรญnez (itz.): Terentzio, Eunuchus 1-548

Inari Plazaola Zabala (itz.): Terentzio, Eunuchus 549-1094

Oihane Gurrutxaga Luengo (itz.): Seneka, Feniziar emakumeak 1-362

Ane de la Presa Urturi (itz.): Seneka, Medea 1-514

Ez du gure gaztetako Bibliotheca Scriptorum Classicorum Vasconica hark bezalako izen hanpaturik, baina bilduma polita da, ezta? Kasuren batean, itzulpena grabatu ere egin du itzultzaileak. Ane de la Presak, adibidez, Medearen lehenengo monologoaren irakurketa dramatizatua grabatu zuen bere GrALerako. Entzun hemen:


[1] Hauek ez ditut aurkitu ADDIn:

Aitor Blanco Leoz (itz.): Ovidio, Amores I

Joseba Lacambra Mujika (itz.): Ovidio, Amores II

Sara Arregi Alkorta (itz.): Ovidio, Heroides II-VI

Lierni Etxebarria Mondragon (itz.): Paluto, Epidicus

Miren Irizar Belaunzaran (itz.): Seneka, Medea 515-1027