Kolore, kolore eta gustu guziak

Isabel Etxeberria Ramรญrez

Zer koloretakoa da euskarazko literatur testuetan jasotzen dugun mundua? Koloreak izendatzeko zer termino erabili dira euskaraz azken hogei urteotan argitaratu diren nobela, ipuin-liburu eta saiakeretan? Kolore berdinez jantzita iristen ote zaigu mundua euskaraz idatzitako liburuetan eta beste hizkuntza batetik euskarara ekarritakoetan?

Nire doktoretza-tesian euskaraz idatzitako literatur testuen hizkera eta euskarara itzulitakoena konparatzen ari naiz, 1.149 literatur lanek osatutako corpus batean. Eta lexiko-aberastasuna neurtu nahian, besteak beste, koloreen eremu semantikoa aztertzen jardun dut: koloreak izendatzeko zenbat termino erabiltzen diren testu itzulietan eta ez itzulietan, zein diren termino horiek, zenbat aldiz erabiltzen diren testu mota batean eta besteanโ€ฆ

Blog honen aurreko aroan jada mintzatu nintzen zertxobait honetaz, tesia oraindik asmo bat baino ez zela lehen probaldiak egiten hasi nintzen garaian. Oraingo honetan, koloreak izendatzeko modu zehatz batez arituko naiz. Izan ere, koloreak adierazteko hiztegietan jasota dauden terminoez gain, hizkuntzek badute baliabide sinple bezain ahaltsu bat edozein kolore-รฑabardura izendatzeko balio diena: gauza baten izena erabiltzea gauza horren kolorea adierazteko. Etiketa horietako batzuk errotu eta hiztegietara pasatzen dira (laranja, turkesa, malba, fuksiaโ€ฆ). Hiztegietarainoko bidea oraindik egin ez dutenen artean, batzuk aski hedatuta daude eta aise topatzen edo erabiltzen ditugu gure eguneroko hizketaldietan (izokin, haragi, krema, ardo, kaobaโ€ฆ), eta beste batzuk, aldiz, erabilera apetatsuagoen ondorio dira, ezohikoagoak, testuinguruak edo asmo estilistiko zehatz batek hartaratuta sortuak.

Bada, zein, zenbat eta nolakoak dira euskarazko literatur testuetan ageri zaizkigun mota horretako kolore-izendapenak? Eta batez ere, alde nabarmenik al dago euskal idazleen liburuetan eta erdaretatik euskarara itzuli diren literatur lanetan ageri diren izendapenen artean? Testu ez itzulietan testu itzulietan baino gehiago erabiltzen dira halakoak beharbada, edo alderantziz? Edo erabiltzen direnak ezberdinak dira agian? Beharbada euskaraz sortutako testuetan ageri diren izendapenak errotuagoak eta ohikoagoak dira, eta euskarara itzulitakoetan ageri direnak ezohikoagoak, edo alderantziz?

Gorago esan dudan bezala, tesian 1.149 literatur lanek osatutako corpus batekin ari naiz lanean. Funtsean, Egungo Testuen Corpuseko Literatura atala da, aldaketa txikiren bat eginda. Hau da, 2001 eta 2019 bitartean argitaratutako 698 jatorrizko lan (idazleek euskaraz zuzenean sortutakoak) eta 451 itzulpen (beste hizkuntzaren batetik euskarara itzulitakoak).

Baina, nola mugatu corpus horretan bilatu nahi ditudan terminoak? Nola osatuko dut corpusean bilatu beharreko kolore-izenen zerrenda? Zer idatziko dut bilatzailearen gelaxkan? Aurretik, kolore-izendapen arrunten erabilerak konparatu nahi izan nituenean, hiztegietara eta koloreei buruzko beste lan akademiko batzuetara jo, eta batean eta bestean topatutakoak bilduz osatu nuen zerrenda: gorri, gorrixka, gorrikara, bermiloi… Eta horiexen agerraldi kopuruak neurtu nituen. Baina oraingo honetarako ez dago halako zerrendarik. Halako kolore-izendapenak infinituak dira, errealitateko edozein elementuren izena erabilita sortu daitezkeenez eta errealitatea infinitua denez. Nola jakingo dut horrelako zer termino erabili dituzten euskal idazleek eta itzultzaileek beren lanetan? Galdera horri erantzun nahian, Egungo Testuen Corpusaren erraietan corpusaren erabiltzaile arruntok egin ezin dugun bilaketa bat egiteko eskatu nion corpusaren egileari, Josu Landari: [izen kategoria (hitz gisa) + kolore (lema gisa)] egiturarekin bat datozen hitz konbinazio guztiak erauzi eta zerrendatzeko eskatu nion. Hau da, edozein substantibo mugagabean eta ondotik kolore lema gisa biltzen dituzten konbinazio guztiak bilatzeko eskatu nion, halako moldez non gure corpusean erabili diren X kolore, Y koloreko, Z kolorez… guztiak aurkitu eta zerrendatu ahal izango genituen. Nik eskatu, eta hark eman (eskerrik asko, Josu!).

Zer topatu genuen? X kolore motako zenbat kolore-izendapen ezberdin aurkitu genituen? Kalkulua egin dezazun denbora pixka bat utziko dizut, irakurle. Bota zure hipotesia. Eta kalkulatzen duzun bitartean, kontatuko dizut lehen emaitza gordinak eskuz garbitu behar izan genituela. Izan ere, erauzketan lortu genituen X kolore konbinazioetako batzuk ez ziren guk bilatzen genituenen parekoak. [zizare (hitz gisa) + kolore (lema gisa)] konbinazioa ageri da erauzketan, adibidez, baina konbinazio horren testuingurua ยซZizare koloretsu lodi bat bezala irristatu zenยป esaldia da; edo [zigarreta (hitz gisa) + kolore (lema gisa)] konbinazioaren testuingurua, beste hau: ยซErrusiar zigarreta kolore-ilunen pakete bat mahaitik aterata, bere onizezko ahokoan sartu zuen batยป.

Egin al duzu zure kalkulua, irakurle? Hemen, ba, erantzuna: X kolore motako 184 konbinazio aurkitu genituen guztira. Horietatik 89 bi azpicorpusetan erabiltzen dira; hau da, bai jatorriz euskaraz sortutako testuetan, bai euskarara egindako itzulpenetan. Jatorriz euskaraz sortutako testuetan guztira 120 forma erabiltzen dira: bi azpicorpusetan erabiltzen diren 89ak gehi itzulpenetan behin ere ageri ez diren beste 31. Itzulpenetan guztira 153 forma ageri dira: bi azpicorpusetan erabiltzen diren 89ak gehi jatorrizkoetan behin ere ageri ez diren beste 64. Datu horietatik erraz ondoriozta daiteke halako kolore-izendapenen erabilerari dagokionez aniztasun handiagoa dagoela testu itzulietan euskaraz sortutako testuetan baino.

Baina imajinatzen dut, irakurle, 184 kolore-izendapen horiek zein diren jakin nahiko duzula. Kopuruetatik harago egin dezagun, beraz, eta jar diezaiegun aurpegia X kolore forma horiei. Lehenik eta behin ikus dezagun zein diren formarik errotuenak edo, bestela esanda, gure corpusean agerraldi gehien dituztenak. 184 forma horietatik 22, adibidez, 20 liburu baino gehiagotan erabiltzen dira. Honako hauek, hain zuzen:

ardo, berun, boli, errauts, esne, ezti, gaztaina, gerezi, haragi, hauts, izokin, kafe, kanela, kobre, krema, lasto, lur, perla, su, urre, zeru, zilar

Ezusteko handirik ez. Aipagarria da, dena den, horiek guztiak gehiagotan erabiltzen direla testu itzulietan ez itzulietan baino. Hau da, bi testu motetan nahikotxo erabiltzen badira ere, agerraldi dexente gehiago dituzte itzulpenetan jatorriz euskaraz idatzitako testuetan baino. Eta alde hori are nabarmenagoa da berun, boli, errauts, gerezi, perla eta su koloreen kasuan.

Jar diezaiegun arreta orain bi azpicorpusen artean alde nabarmenena ageri duten terminoei. Nolakoak dira azpicorpus batean eta bestean erabiltzen ez diren kolore-izenak? Hona hemen, lehenik, jatorrizko testuetan ez eta itzulpenetan bai erabiltzen diren 64 terminoak:

adar, adreilu, agata, alberjinia, amaranto, anhilina, arbeltx, argizagi, arto, banana, batata, behazun, berina, burdina, confetti, ezko, eztainu, fruta, gar, habano, hiazinto, ilar, ilunabar, indigo, izotz, izpiliku, jade, kakalardo, kakao, kaleidoskopio, kanabera, kanario, kardantxilo, kedar, klarion, kloro, koral, kornalina, kromo, kuia, lima, lizun, marmelada, marmol, mate, melokotoi, mertxika, mingrana, neoi, opalo, ortzi, oskol, ostra, platino, plomu, primula, saltxitxa, sufre, sulfuro, tinta, topazio, txingar, uger, zafiro

Jatorrizko testuetan inoiz erabiltzen ez diren terminoetako askok agerraldi bakarra dute testu itzulien azpicorpusean. Hau da, egile zehatz batek liburu zehatz baterako behin asmatutako kolore-izenak dira. Zerrendan jaso ditugun 64 formetatik 33, hain zuzen, liburu bakar batean baino ez dira ageri testu itzulien azpicorpusean. Kontuan izan behar dugu literatur lanek osatutako corpus bat aztertzen ari garela, eta beraz espero izatekoa da euskal eta erdal egileen erabilera idiosinkratikoak topatzea. Baina, gainontzeko 31 kolore-izenak liburu batean baino gehiagotan erabili dira, eta haietako batzuk nahikotxotan gainera: adreilu kolore, burdina kolore, ilar kolore, izpiliku kolore, kedar kolore, koral kolore, lima kolore, mertxika kolore, opalo kolore, platino kolore, sufre kolore eta zafiro kolore lau liburu ezberdinetan ageri dira gutxienez. Ohargarria da haietako askok naturan topa ditzakegun elementuak hartzen dituztela oinarri (elementu kimikoak eta mineralak, lore, landare eta fruituak, nagusiki) eta elementu aski ezagunak direla gehienak mundu osoan, baita euskaldunen artean ere. Horrekin zera esan nahi dugu: termino horiek itzulpenetan euskal idazleen testuetan baino presentzia handiagoa izatea ezin dela esplikatu esanez gure artean existitzen ez diren edo ezezagunak diren elementuak direla eta beraz logikoa dela euskal idazleek beren deskribapenetan ahotan ez hartzea. Exotismo handirik gabeko zerrenda bat da, bestela esanda.

Itzulpenetan ez eta jatorrizko testuetan bai erabiltzen diren [izena + kolore] egiturak, lehen aurreratu bezala, 31 dira:

ahuakate, arrats, bainila/banilla, borgoina, diamante, egur, erregaliz, euri, ezpain, fluor, gatz, goma, harri, hilotz, hurritz, infernu, iztupa, kiwi, krabelin, lapis lazuli, lili, lore-zelai, marengo, marihuana, musker, oxido , plastiko, sugus, teila, txatar, whisky

Jatorrizko testuetan bakarrik erabiltzen diren terminoak itzulpenetan bakarrik erabiltzen direnak baino gutxiago izateaz gain (jatorrizkoetan bakarrik erabiltzen direnak 31 dira, eta itzulpenetan bakarrik erabiltzen direnak 64), 31 horietatik 20k agerraldi bakarra dute jatorrizko testuen azpicorpusean. Hau da, 11 dira jatorrizko testu batean baino gehiagotan erabiltzen direnak, eta horietatik kopuru esanguratsuetan erabiltzen direnak 5 baino ez dira: bainila/banilla kolore, egur kolore, harri kolore, musker kolore eta teila kolore. Oraingoan ere, elementu oso ezagunak dira bost kolore horiei izena eman dietenak, eta ez euskal kulturari edo lurraldeari esklusibotasunez lotutakoak.

Kasu zehatzei erreparatuta, erabilera bitxiak ikusten dira. Euskal idazleek alde nabarmenik gabe erabiltzen dituzte kafe eta kafesne koloreak (14 agerraldi kafe kolorearentzat eta 10 kafesne kolorearentzat); erdal idazleen testu itzulietan, ordea, askoz gutxiago dira kafesne kolorez deskribatutakoak (20 agerraldi kafe kolorearentzat eta 4 kafesne kolorearentzat).

Badira, bestalde, idazleen apetak ere, bi azpicorpusen arteko erlazioa desorekatzen dutenak. Bernardo Atxagaren Soinujolearen semea nobelan Teresa pertsonaiak olio koloreko begiak ditu, eta halaxe deskribatuta ageri da zazpi aldiz. Ugaitz Agirreren Tximeletak bizkarrean nobelan, aldiz, esanahi inportantea dute marihuana koloreko begiek, eta bederatzi aldiz aipatzen dira.

Laburbilduz, badirudi, beraz, [izena + kolore] egitura honen bitartez sortzen diren kolore-izenetan aberatsagoak direla testu itzuliak. Hala da, batetik, egile bakar bati une zehatz batean burura dakizkiokeen asmakizunei dagokienez (halako 33 aurkitu ditugu itzulpenetan, eta 20 jatorriz euskaraz idatzitakoetan). Itzulpenen bitartez koloreak izendatzeko modu ezohiko (edo berritzaile, edo irudimentsu, edo apetatsu… bakoitzak nahi bezala kalifika dezala) gehiago iristen dira euskal irakurleen begietara jatorriz euskaraz idatzitako testuen bidez baino. Baina, beste alde batetik, egile baten baino gehiagoren luman erabiltzen diren formak ere itzulpenetan jatorrizko testuetan baino ugariagoak izateak (31 dira itzulpenetan gailentzen direnak, eta 11 jatorrizko testuetan gailentzen direnak) pentsarazten digu badirela horrelako zenbait kolore-izendapen erdaretan nahiko hedatuak daudenak, eta kolore-izen horiek itzulpenen bitartez ari direla iristen euskarara.

Jakitun gara, noski, konparatzen ari garen bi azpicorpusak desorekatuak direla nolabait. Itzulpenen azpicorpusean biltzen diren 451 obrak munduko literatura guztietako eta historia osoko liburuen artean euskarara ekarriak izateko 2001-2019 bitartean aukeratu diren obrak dira; jatorriz euskaraz sortutako 698ak, aldiz, 19 urte horietan 700.000 hiztuneko komunitate batean sortu diren litratur lanak dira. Bistan da aztergai ditugun literatur testuen erreferentzialtasuna handiagoa edo txikiagoa izateak esplikatzen duela neurri handi batean lexiko aberastasuna handiagoa izatea euskarara itzulitako testuetan euskal idazleek idatzitakoetan baino. Nolanahi ere, arrazoiak direnak direla, guri interesatzen zaiguna da konprobatzea ea alderik baden irakurleei jatorrizko testuen bitartez eta itzulpenen bitartez iristen zaizkien euskaren artean, eta zertan dautzan alde horiek. Eta lexiko-aberastasunari dagokionez, badira zantzuak pentsarazten digutenak itzulpenetan hiztegi aberatsagoa eskaintzen zaiela irakurleei, zenbait eremutan behintzat.

Beste kontu bat da zer iristen den egiaz euskal irakurleen begietara; hau da, zer irakurtzen duten egiaz eta nolako harrera duten euskararako itzulpenek. Baina hori beste eztabaida bat da.

Puntuazio markak itzuli behar dira?

Angel Erro

Erantzun laburrak baietz dio. Puntuazio markak itzuli behar dira (gaztelaniaz hasierako galdera ikurra gehitu, euskaraz kakotx sinpleak bikoitz bihurtu, edo guillemet, alemanezko aipu markak ere berdindu; azken hizkiaren eta puntuazio ikurraren artean frantsesez uzten den espazioa desagerrarazi edo gehitu, nondik nora ari zarenโ€ฆ).

Erantzun ez hain laburra ere baiezkoarekin hasten da, baina berehala sortzen zaizkio bainak. Berez, helburu hizkuntzako puntuazio sistema aplikatzea da jarraitu beharreko iparra, baina zer egin sorburu hizkuntzako idazleak puntuazio sistema pertsonala garatu omen duenean? Ez naizenez plano teorikoan luze irauteko gauza, nire esperientziara joko dut erantzun posibleren baten bila.

Munduko Poesia Kaierak bildumarako itzuli nuen Emily Dickinsonen gidoi luze eta maiuskulak itzulpenean ere gordetzearen tradiziora lerratu nintzen (haien bitartez, aditu batzuen ustea egiazkoa izatera, poetak adierazi nahi izandako zerbait, oso sotila, galaraziko nuelakoan bestela). Ez nago beti ados orduan hartutako erabakiarekin. Kontrako bidea hartzearen aldeko argudio onak ere bazeuden aukeran. Alde batetik, berezkoa zuen, bai, Dickinsonek, puntuazio bitxi hura, baina ez gaurdanik ikusita uste dugun bezainbeste: garaiko tradizio bat hartu eta gainerabili zuen.

Beste bi itzulpen berriagoetan puntuazio markak itzuli ala ez (eta nola) buruan ibiltzeko aukera izan dut. Uxue Apaolazaren ipuinak euskaratu ondoren, zuzentzailearen ohar batek zer pentsa txikia eman dit: โ€œEl traductor ha respetado la puntuaciรณn del texto original, y yo tambiรฉn la he mantenido, salvo en contadas ocasionesโ€. Apaolazak ez ditu Dickinsonen gidoi luzeak eta maiuskulak erabiltzen, baina puntuazioari ematen dion arreta zorrotzak seguruenik eraman nau besteetan baino estuago lotzera haren puntuazio ikurrei (Anjel Lertxundik 2008ko Arnasa galtzen izeneko zutabean erreparatu zion Apaolazak puntu eta koma ikurra erabiltzeko joera ez ohikoari).

Zer pentsa handiagoa eman dit beste kasu batek. Leire Bilbaoren Etxeko urak Aguas madres bihurtzean, egilearen erabakimenean gelditu zen azkenean poemetako batzuek falta duten puntuazioarekin zer egin gaztelaniaz. Esan gabe doa, jatorrizkoan ez dauden puntuazio markak gehitzeak interpretazio bat hobesten duela, balizko anbiguetateak baztertzen dituela (baina zer da bestela itzultzea?). Poesiaren generoan errespetu zaleago jokatu ohi du itzultzaileak, azken buruan ahalik eta elementu gutxienekin saiatu da (onenean) poeta ahalik eta gehiena adierazten. Hitz (edo ikur) bakoitza gogoeta luzearen (edo sen inspiratuaren) emaitza den heinean horrelakoak bere horretan mantentzearen alde egin nuen. Gaztelaniazko editoreak puntuazio markak paratzeko sentitu zuen bulkada edizio irizpide hutsa ala itzulpen osagabearen irudipena ote zen galdetu nion neure buruari.

Euskarazko poesian bada puntuazio ikurrak ez erabiltzearen halako joera bat, ia tradizioa esanen nuke, bertsolari txapelketako bertsoak transkribatzeko moduari ikasia, akaso, eta abangoardiako poesiaren hausturek indartua. Poetek berek ez dute zertan jakin zer den hala idazteko arrazoia, baina itzultzaileak erabaki beharko du modu batera ala bestera eman (jatorrizkoaren irakurleak sentitzen ez duen edo apaldu zaion estrainamenduaz zamatu ala libratu itzulpenaren irakurlea), edo poetari galdetu, bizirik egotera.

Administrazio-testuen zuzenketaz

Maite Imaz Leunda

Edozein itzulpen-lan bukatzean oso komenigarria izaten da zuzentzaile bati pasatzea, lau begik bik baino gehiago ikusten dute beti eta. Administrazio-testuen zuzenketa-lanetan ibiltzen garenok komeriak izaten ditugu, askotan, zeri eman garrantzia eta zer zuzendu erabakitzerakoan. Zenbateraino zuzendu behar dugun erabakitzeko orduan testuaren garrantzia eta, batez ere, daukagun epea hartzen ditugu kontuan.

Lehenengo lana ortografia zuzentzailea eta lexiko- eta terminologia-egiaztatzailea pasatzea izaten da. Ondoren, goitik behera irakurtzeko denborarik ez badaukagu ere, testua osorik dagoela begiratu behar da, jatorrizko testua eta itzulitakoa elkarren ondoan jarrita, eta gauza nabarmenetan jarri arreta: zenbakiak, datakโ€ฆ

Batzuetan testu lagin bat irakurtzea nahikoa izango da testua fidagarria eta dagoen dagoenean argitaratzeko modukoa dela ikusteko. Beste batzuetan irakurketa sakonagoa merezi duela konturatuko gara eta, gutxienez, euskaraz ondo dagoela egiaztatu beharko dugu: gramatikari dagokionez zuzen idatzita dagoela, idazketa-akatsik ez dagoela, erregistroa, estiloa eta terminologia egokiak direla, eta zerbitzuan ezarrita dauzkagun irizpideak betetzen dituela.

Estiloaren gaia kontu handiz ibiltzekoa da. Nire ustez zuzenketak egiterakoan aldatzen den guztiak justifikatuta egon behar du. Eta garbi izan behar da ezezagun egiten zaigun guztia edo guk erabiliko ez genukeena ez dela beti eta nahitaez zuzendu beharrekoa. Izan ere, nahiko denbora ez diogulako eman ikusi ez ditugun akatsak betirako argitaratuta ikustea baino hanka-sartze larriagoa da ausartegi jokatzeagatik zuzenketan laprast egin eta testua zuzendu beharrean okertzea.

Baina, jakina, ondo irakurtzen den testu ulergarria izateak, euskaraz zuzen, egoki eta txukun egoteak, ez digu ziurtatzen itzulpena bera ondo dagoela, jatorrizko testuak eta xede-testuek gauza berbera esaten dutela, xede-testuan jatorrizkoan dagoen guztia azaltzen dela eta xede-testuak ez dioela jatorrizkoak ez dioen ezer. Hori guztia ziurtatzeko jatorrizko testua eta itzulitakoa alderatu beste irtenbiderik ez dugu.

Administrazioko testuak ez dira beregainak izaten; beti izaten dira beste arau batzuei egindako aipamenak. Dekretu batean lege izenak azaltzen zaizkigu, ebazpen, akordio edo agindu batek dekretu edo lege bat izaten du oinarrian, eta ediktu nahiz iragarkietan ere aurretik itzulita dauden lege edo arauak aipatzen dira. Aipuak etengabeak izan daitezke eta neurri handiagoan edo txikiagoan ager daitezke dokumentu osoan zehar. Batzuetan oinarrian dauden arauen artikulu osoak dira hitzez hitz azaltzen direnak.

Nik asko erreparatzen diot administrazio-testuetan koherentziari; Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA) argitaratzekoak diren testuetan bereziki. Dagoeneko itzulita dauden arauak aipatzen direnean ondo kopiatuta dauden ziurtatzeko, zein aldizkaritan argitaratu ziren topatu eta iturrira jo beste aukerarik ez dago. Eta aipamena iturrian argitaratu zen bezalaxe ez badago, zuzendu egin behar da, ez kopiatzeko arrazoi sendoren bat dagoenean izan ezik. Jatorrizko itzulpenean akatsen bat egotea edo itzulpena zaharkituta egotea izan daitezke aldatzeko edo zuzentzeko arrazoi sendoak, baina lehendik emanda dagoena ondo baldin badago dagoen bezala utzi behar da.

โ€œcuando hay que citar un pasaje publicado en el Diario Oficial, la traducciรณn automรกtica tiene exactamente el mismo valor que la traducciรณn humana, a saber, ninguno. Todo traductor de esta casa sabe que, en un caso asรญ, su primer deber es NO traducir, sino ir a buscar el acto citado y copiarlo letra por letraโ€

 Traducir con/como mรกquinas. PAULA รLVAREZ. Comisiรณn Europea (Punto y coma, 170.zk. 2021)

Lehendik itzulita dagoena berrerabili beharrean itzultzaile automatiko neuronalera jotzeak ekar dezakeen arriskuaz ohartuta, Europako Batzordearen webgunean argi eta garbi adierazten dute eTranslation ez dela erabili behar Europar Batasuneko legedia itzultzeko, horrelakoetan benetako bertsioetara jo behar dela eta benetako bertsioak eskuragarri daudela haien webgunean.

Egokitu izan zaizkit iruzkinez betetako itzulpenak, iturrietako loturak ipinita eta iturriak aldatu badira zergatik aldatu diren azalduta dituztenak. Eskertzekoa da zuzentzaileari lanak horrela erraztea. Aldiz, iruzkinik ez eta iturrian dagoen itzulpena ez dela kontuan hartu ikusten dudanetan, pentsatzen dut itzultzaileak besterik gabe onartu duela memoriak eman diona, iturrian benetan dagoena horixe ote den ziurtatu gabe. Baina memoriak emandakoa iturrian dagoena izanda ere gerta daiteke itzultzaileak aldatu izana. Nire ustez hori ez da egin behar, lehen esan bezala, aldatzeko arrazoi sendorik ez baldin badago behintzat. Ondo dagoena aldatzen ibiltzeak ez du itzulpena hobetzen, anabasa sortzen baizik.

Terminologia-lanetan ibili nintzen garaian Dudanet bidez jasotzen genituen kontsulta batzuen oinarrian koherentzia-faltak zeuden; Eusko Jaurlaritzako teknikariak izaten ziren, Eusko Jaurlaritzako itzulpenen datu-base elebidunera sartzeko aukera daukatenez, bertara jo terminoak eta hitzak kontsultatzera eta maizegi ikusten zutenak termino baterako ordain bat baino gehiago azaltzen zirela. Orduan Dudanetera jotzen zuten egokia zein zen edo guk zein erabiltzen genuen galdetzeko. Ez dakit gaur egun joera berberarekin jarraitzen duten ala Itzultzaile automatiko neuronalera jotzen duten zalantzak argitzeko.

Hona azken aldian sarri samar zuzentzen dudan dekretu baten aipamena:

DECRETO 18/2020, de 6 de septiembre, del Lehendakari, de creaciรณn, supresiรณn y modificaciรณn de los Departamentos de la Administraciรณn de la Comunidad Autรณnoma del Paรญs Vasco y de determinaciรณn de funciones y รกreas de actuaciรณn de los mismos

18/2020 DEKRETUA, irailaren 6koa, lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta horien sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena.

(EHAA: 2020-09-07)

Txikikeria izan daiteke, baina niri iturriak errespetatzea garrantzitsua iruditzen zaidanez, zuzendu egiten dut beti. Aurretik izan zen dekretuan, aurreko legegintzaldian, horien agertzen da:

DECRETO 24/2016, de 26 de noviembre, del Lehendakari, de creaciรณn, supresiรณn y modificaciรณn de los Departamentos de la Administraciรณn de la Comunidad Autรณnoma del Paรญs Vasco y de determinaciรณn de funciones y รกreas de actuaciรณn de los mismos.

24/2016 DEKRETUA, azaroaren 26koa, Lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena.

(EHAA: 2016-11-26)

Badirudi 2020ko dekretua argitaratu behar zutenean itzultzaileak egokiago iritzi ziola horien zegoen tokian sail bakoitzaren ipintzeari. Ez dakit, ordea, gure itzulpen-memorietan 2016ko ordaina bakarrik dagoen jasota eta, zenbakiak modu automatikoan aldatzen dituenez, horixe den proposatzen duten forma bakarra. Itzultzaile neuronalak ere dekretu zaharreneko forma proposatzen du dekretu baterako zein besterako.

24/2016 DEKRETUA, azaroaren 26koa, Lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena.

18/2020 DEKRETUA, irailaren 6koa, Lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena

Itzultzaile juridiko-administratiboa (euskalsarea.eus)

Izenberritzeaz

Itziar Otegi Aranburu

Gure niak baldintzatuta daude, eta, gainera, hil egiten dira.Egunero zertxobait aldatuta esnatzen gara, eta bezperan ginen pertsona hilda dago (โ€ฆ). Are, gerta liteke atsegin ez izatea gure ni zaharrak, erabili eta botatzekoak diren gure arbaso horiek.

Self-consciousness, John Updike.

Kontzeptu berri bat ezagutu dut duela gutxi, eta jakin-mina piztu dit: dead name. Literalki, โ€œizen hilaโ€. Ingelesez, pertsona trans batek trantsizioa egin aurretik zuen izena adierazten du dead name terminoak.

Oxford hiztegiak jasotzen du Twitterren begiztatu zuela lehen aldiz, 2010ean. 2013an, aditz gisako erabilera atzeman zuen, deadnaming, edo to deadname. Alegia, pertsona trans bat izendatzea trantsizioa egin aurretik zuen izena erabiliz, dela oharkabean, dela asmo txarrez.

Kontuak berebiziko garrantzia du, eragin zuzena baitu pertsonaren ongizatean eta osasunean. Pertsona trans batzuek โ€“ez denekโ€“ legez aldatzen dute izena trantsizioa egitean, baina hala ere oztopoak izan ohi dituzte, burokratikoak, administratiboak edo bestelakoak, izen berria normaltasunez erabili ahal izateko. Deadnaming egitea transfobiaren aurpegietako bat izan daiteke, indarkeria mota bat. Insultar por nombre muerto, irakurri dut artikulu batean.

Bilaketa egin dut datu-base terminologikoetan. Euskaltermen eta IATEn ez dut aurkitu, baina Termiumen bai, eta Termcaten.

Termiumen ikasi dut frantsesez morinom esaten dela dead name, eta ekintza, morinommer:

Dรฉsigner par son prรฉnom dโ€™รฉtat-civil de naissance (morinom), une personne qui en a changรฉ depuis. S’utilise pour les personnes trans.

Quand quelquโ€™un te mรฉgenre ou teย morinommeย cโ€™est comme si toutes ces cicatrices รฉtaient vives. Je ferais la vaisselle tous les jours si รงa me protรฉgeait dโ€™รชtre mรฉgenrรฉe.โ€”ย (Sophie Labelle,ย Assignรฉe garรงon, webcomic, page #132). Dictionnaire, Lalanguefranรงaise.com

Espainolerako, nombre impuesto proposatzen du Termiumek, eta utilizar el nombre impuesto.

โ€ฆizen hila, izen esleitua, izen inposatua, izen hilaz iraindu, izen inposatuaz deitu, izen inposatua erabiliโ€ฆ

Termcaten informazio gehiago dago:

โ€ฆ jaiotizena, bataio-izena, ponte-izena, izen ohiaโ€ฆ

Katalanez, beraz, hiru ordain proposatzen dituzte: exnom, nom mort, eta nom de naixement. Interesgarriak dira Termcatek eaten dituen definizioak eta oharrak:

Definition: Nom amb quรจ era anomenada una persona transgรจnere abans d’adoptar el seu nom sentit.

Note
โ€ข 1. La denominaciรณย nom mortย รฉs una forma connotada, que mostra la voluntat de separar-se de la identitat assignada a la persona en nรฉixer. Les formesย exnomย iย nom de naixement, en canvi, sรณn de registre mรฉs neutre. La formaย nom de naixementย (i igualment la forma paralยทlela en altres llengรผes) รฉs prรฒpia sobretot de contextos formals i pot utilitzar-se, mรฉs enllร  de l’ร mbit de la transidentitat, per a designar, en general, el nom amb quรจ s’inscriu oficialment una persona en nรฉixer.

โ€ข 2. Generalment, l’exnom no es correspon amb la identitat de gรจnere de la persona que decideix fer el canvi.

* Letra lodiak nik jarriak dira.

Nom mort forma konnotatutzat jotzen dute, beraz, eta exnom eta nom de naixement, neutroagotzat.

Are konnotatuagoak dira RAEk eta Fundรฉuk proposaturiko necrรณnimo, necronombre edo innombre ordainak. Hauxe dio Fundรฉuk erantzun batean:

El anglicismo deadname se usa para referirse al nombre de nacimiento de una persona trans que ya no utiliza. En espaรฑol se emplean alternativas como necrรณnimo, necronombre, innombre o, como indica la RAE en su cuenta de Twitter, nombre muerto y nombre de nacimiento/antiguo/anterior.

De estas opciones, necrรณnimo es la mayoritaria en el uso, y, como se seรฑala en esta misma cuenta acadรฉmica, aunque ya se utiliza para designar el nombre de alguien que pertenecรญa a una persona muerta, estรก bien formado y puede fรกcilmente ampliar su significado.

Hain zuzen ere konnotazio horiengatik, dead name kontzeptuak baditu aurkariak. Ohikoa den bezala, norberaren bizipenaren araberakoa da terminoari buruzko iritzia. Pertsona trans batzuek atzean utzi nahi dute aurreko identitatea, eta begi onez ikusten dute dead name kontzeptua. Beste batzuek, ordea, aurrekoaren gainean eraikitako identitate gisa ulertzen dute berria, eta ez dute aurreko hura ahazteko beharrik.

โ€œA mรญ me cabrea eso de โ€˜nombre muertoโ€™. No nacemos de nuevo cuando hacemos la transiciรณn, simplemente evolucionamos. Preferirรญa algo como โ€˜nombre pasadoโ€™โ€. Mar Llop, El Paรญs (2023/03/26).

Bestalde, transitua egindako pertsonen senide edo lagunen bizipenak ere aintzat hartu beharrekoak dira, eta litekeena da dead name edo necrรณnimo bezain termino markatuak egokiak izatea haien esperientzia adierazteko, zenbait kasutan.

โ€ฆ hil-izena, nekronimoa, izen abandonatua, izen atzean utzia, izen iragana, izen zaharkitua, izen gaitzetsia, izen arbuiatua โ€ฆ

Termcateko definizioan ageri den nom sentit horretatik, batzuek nombre sentido hobesten dute, gรฉnero sentido ere esaten baita. Ingelesez ere, batzuek chosen name edo preferred name hobesten dituzte, baina esapide horiek aditzera ematen dute nolabait โ€œhautazkoaโ€ dela izen bat edo bestea erabiltzea.

โ€ฆ izen sentitua, izen hautatua, izen hobetsia, izen onetsiaโ€ฆ

Estatuko trans lege berrian, otsailaren 28ko 4/2023 Legean, ez dut gisa horretako terminorik aurkitu. Ageri dira nombre registral, nuevo nombre propio, principio de libre elecciรณn del nombre propio eta abar, baina ez nombre muerto edo nombre sentido edo antzekorik.

โ€ฆerregistroaren araberako izena, izen berezi berria, izen berezia askatasunez hautatu ahal izatearen printzipioaโ€ฆ

Euskaraz ez dut ordainik aurkitu, eta kontsulta egin dut pertsona transen Euskal Herriko elkarte batzuetan. Jakin dut deadname erabiltzen dutela, euskaraz zein gaztelaniaz. Naizen adingabe transexualen familien elkartean erantzun hau eman didate:

Gazte transexual gehienekย dead nameย esaten dute euskaraz eta gaztelaniaz hitz egiten dutenean. Hala ere, batzuetanย izen zaharraย esaten dute, edo, kaleko hizkuntzan,ย lehengo izena.ย Azalpena emateko aukera dagoenean,ย jaiotzean jarritako izenaย esaten dugu.ย Nombre sentidoย niri ez zait gustatzen; izatekotanย nombreย izango litzateke, trantsitua egin ostean (izen aldaketa egon bada) bestea ez delako dagoeneko “existitzen”.

โ€ฆ jaiotzean jarritako izena, lehengo izena, izen zaharra, izen berria hartu, izenberritu โ€ฆ

Euskaraz ordainen bat proposatzera jarrita, interesgarria litzateke aukerak biltzea kontzeptu horiek adierazteko, modu neutroagoan edo konnotatuagoan, norberaren esperientziaren arabera. Arrazoibidean zehar proposatutakoak bilduz:

โ€ฆ izen hila, izen esleitua, izen inposatua โ€ฆ

โ€ฆ jaiotizena, bataio-izena, ponte-izena, izen ohia โ€ฆ

โ€ฆ hil izena, nekronimoa, izen abandonatua, izen atzean utzia, izen iragana, izen zaharkitua, izen gaitzetsia, izen arbuiatuaโ€ฆ

โ€ฆ izen sentitua, izen hautatua, izen hobetsia, izen onetsiaโ€ฆ

โ€ฆ erregistroaren araberako izena, izen berezi berria, izen berezia askatasunez hautatu ahal izatearen printzipioaโ€ฆ

โ€ฆ jaiotzean jarritako izena, lehengo izena, izen zaharra โ€ฆ

โ€ฆ izen hilaz izendatu, izen hilaz iraindu, izen inposatuaz deitu, izen inposatua erabili, izen berria hartu, izenberritu โ€ฆ

Erabilera neutro baterako, proposa liteke izen zaharrari izen ohia esatea, katalanen bidetik, eta izen berriari izen, besterik gabe, Naizen elkartean adierazitako iritzia aintzat hartuta.

Bestetik, arriskuak hartzea den arren, beste bide bat ere proposatu liteke, bi izenak kontrajartzea beharrezkoa litzatekeen testuinguru baterako: izen ezetsia eta izen onetsia.

Erabilerak aginduko du, beti bezala. Aukerak eskura jartzea izan da sarrera labur honen helburua.

โ€ฆ izen gardenez ikusi, izen biziaz ezagutuโ€ฆ

Esadazu zure izena

Poesiaren egunaren karietarat

Itziar Diez de Ultzurrun Sagalร 

Jakin nuenean blogaren bigarren bizialdi honetako egutegian martxoaren 20a egokitua zitzaidala lehen testua argitaratzeko, gogoratu nuen martxoaren 21a dela Poesiaren Nazioarteko Eguna โ€“ene! lehenbiziko letrek larriz behar dute? xehez?โ€“, eta, hortaz, otu zitzaidan ez zela aukera txarra poesia itzultzeari buruzko zeozer apailatzen saiatzea, nahiz eta jakin badakidan ez dudala tresneria teoriko nahikorik itzulpen alor berezi horri buruzko gogoeta mamitsurik egiteko, argi dudan gauza bakarra baita olerkiak itzultzean konturatzen dela bat, inoiz baino argiago, zein diren norberaren ahulgune linguistiko-estetiko-musikalak.

Nolanahi ere, handik puska batera, Antonio Machadoren olerki aski famatu baten bi bertso-lerrorik ospetsuenak itzuli beharra suertatu zitzaidan hitz lauz idatziriko testu batean, eta pentsatu nuen ezen, olerkiak itzulsortzeaz ikuspegi teorikotik idatzi beharrean, hobe nuela poema labur hori bera osorik itzuli eta itzulpenean agerturiko koskez eta sumaturiko ezinez mintzatzea gaur hemen.

Horiek horrela, poemarekin itzuljostetan hasia nintzela, bazterrak harrotu zituen Roald Dahlen liburuen hizkera desegokia berrikusteko ekimen batek. Hasteko eta bat, bururatu zitzaidan beldurgarriena ez ote zen liburu araztuak irakurriko dituztenek pentsatzea moldaturiko bertsio horiek direla jatorrizkoak eta ez ote ditugun galduko lanak idatzi zireneko testuingurua eta orduko ajeak ulertzeko gakoak eta, horrekin batera, egungo zauri eta gatazka aunitzen sustraietara eramaten ahal gaituzten arrastoak, nondik heldu garen jabetzeko argiak; beldurgarriena ez ote den garai batean normalduriko estigmez mintzatzeko aukera galtzea, baina tira, pentsatu nuen gero, gaztelaniaz irakurtzen duten askok ere uste dute Margaret Atwooden jatorrizko bertsioa irakurtzen ari direla Salamandran El cuento de la criada gaztelania batuan irakurtzen ari direnean…

Nolanahi ere, hasteko eta bi, neure baitako itzultzailea โ€œles belles infidรจlesโ€ deituriko itzulpenez gogoratu zen. Dakizuenez, hala deitu ziren testu klasikoak Frantziako XVII. mendeko literatura-modetara eta gizarte-balioetara moldatuz taxutu ziren itzulpenak; eta kontua da ezen, bi fenomenoen arteko loturez hausnarrean ari nintzela, esamolde horren jatorri sexistaz ohartu nintzela, hots, emakume eder desleialen klixea zegoela oinarrian, segur aski garaiko jakintsuek jakin bazekitelako emakumea ezin dela aldi berean ederra eta leiala izan, egungo jakintsu erdaldunek aski ongi dakiten bezala sendagilea ezin dela izan aldi berean mediku ona eta euskalduna…

Baina ez ote nintzen nire asmoaz desbideratzen ninduten ibiak iragaten ari, zeren nik Machadoren poema itzuli bat ekarri nahi nuen gaur hona. Horrenbestez, Dahlen aferaz eta haren ertz politikoez ez kezkatzea erabaki nuen eta Poesiaren Nazioarteko Egunari nire aletxoa ekarri eta pentsatu nuen horretarako ez ikusia egin behar niela nire xedeaz aldenduko ninduten albisteei, esate baterako, itzulpena jardun politikoa ere badela ikusarazi digun eraso bati, zeinaren bitartez Katakrakek argitaratu eta Amaia Astobizak itzulitako Puta zikinak liburuaren hainbat ale hondatu baitzituzten Baionan otsail bukaeran, noiz eta gure alaba Nagore Tolosak euskaraturiko Fahrenheit 451 irakurtzen hasi baitzen…

Baina, zer diren gauzak, liburu debekatu, araztu, hondatu eta erreen bila sarean hasi, eta jakin dut Machadoren lan batzuk ere debekatu zirela Espainiako Gerra Zibilaren ondoren, ez zutela bakarrik poeta erbesteratu, haren hitzak ere desagerrarazi nahi izan zituztela… Azken batean, pentsatu dut hondarrean, hitzak ere ekintzak baitira. Eta sigi-saga nahasi samar honetan igaro ditudan ibietan barrena nire bigarren asmora itzultzea erabaki dut eta olerki baten itzulpena ekartzea gaur hona Poesiaren Nazioarteko Egunaren karietarat: ibiliz egiten baitira bideak, eta itzulinguruz eta itzuliz, zabaltzen.

Hona hemen, beraz, nire itzulpen saioa:

Caminante, son tus huellas
el camino y nada mรกs;
Caminante, no hay camino,
se hace camino al andar.
Al andar se hace el camino,
y al volver la vista atrรกs
se ve la senda que nunca
se ha de volver a pisar.
Caminante no hay camino
sino estelas en la mar.
Ibiltari, zure oinatzak
dira bidea, hori da dena;
ibiltari, biderik ez da,
ibiliz da egiten bidea.
Bidea ibiliz da egiten,
eta atzera begiratzean
han da ikusten sekula berriz
zapalduko ez dugun xendra,
Ibiltari, biderik ez da
soilik itsasoan uberak.

Joan Perez Lazarragako, itzulpena eta puntuazioa

Gidor Bilbao Telletxea

Joan Perez Lazarragako (c. 1547-1605) arabarraren poema bat erabili ohi dut Euskal Hizkuntzalaritza eta Filologiako masterreko ikasleei erakusteko zein inportantea den, filologoaren lanean, testua ondo ulertzea eta puntuazio egokia hautatzea. Ikasle-taldean, Euskal Ikasketetako gradua ikasitakoak eta Itzulpengintza eta Interpretazioko gradua ikasitakoak izan ohi dira sarri eta, gehienetan, Euskal Ikasketetatik datozen filologo gazteek errazago ulertu ohi dute testua, eta Itzulpengintzatik datozenek era egokiagoan hautatu ohi dute, nire gusturako, puntuazioa.

Ariketa egiten hasteko, eskuizkribuaren argazkia ikusten dugu. Hurrengo urratsean, testuaren transkripzioa eman ohi diet, baina hemen pausu bat jango dut eta erakutsiko dizuet transkripzio hori gaurko grafiara aldatuta (baina <h> gabe) eta hitzen banaketak gaurko erara moldatuta, puntuaziorik gabe, ikus dezazuen zer ulertzen duzuen eta puntuazioa zelan antolatuko zenuketen (soluzioa beherago dago, baina ahalegindu han begiratu gabe irakurtzen hau):

ย ย ย ย ย ย ย ย ย  canciรณn

iragarri oi ez nagizun
jentil honbrea bildur nax
eurk ekusirik nola zarean
neskea bildurrago nax

nola andraen bildur zara
aek baga onik ez badozu
aen obraen oita bildur nax
zure bere bai badagizu
ez dot egingo gauza gaxtorik
oi ez dasazun bildur nax
neurk ekusirik nola zarean
neskea bildurrago nax

zerren diozu sekretorik
oi andraetan ez dala
zerren kausea begiratzaka
ifinten daue obratan
faltaduko jatzulako
zenzuna goganbear nax
neurk ekusirik nola zarean
neskea bildurrago nax

andraetan diskreziorik
ez dala uste al dozu
bai baia dauen zenzutxo ori
gaxki daroae giadu
oita bildurrak ikara nabil
ez dakit neurau nor naxan
neurk ikusirik nola zarean
neskea bildurrago nax

ย ย ย ย ย ย ย ย ย  fin

Ez da testu erraza eta editoreei asko kostatu zitzaigun ulertzea. Saio bat, bi eta hiru baino gehiagotan jardun genuen, orain bistakoa iruditzen zaigun zerbait ikusi gabe: neskaren eta โ€œjentil honbreaโ€ren arteko elkarrizketa da, eta solaskide bakoitzari bina lerro dagozkio, txandaka. Ezaugarri horrek, jakina, goitik behera baldintzatzen du puntuazioa:

ย ย ย ย ย ย ย ย ย  Canciรณn

โ€”Iragarri oi ez nagizun,
jentil honbrea, bildur nax.
โ€”Neurk ekusirik nola zarean,
neskea, bildurrago nax.

โ€”Nola andraen bildur zara,
aek baga onik ez badozu?
โ€”Aen obraen oita bildur nax;
zure bere bai, badagizu.
โ€”Ez dot egingo gauza gaxtorik,
oi ez dasazun โ€œbildur naxโ€.
โ€”Neurk ekusirik nola zarean,
neskea, bildurrago nax.

โ€”Zerren diozu sekretorik
oi andraetan ez dala?
โ€”Zerren kausea begiratzaka
ifinten daue obratan.
โ€”Faltaduko jatzulako
zenzuna goganbear nax.
โ€”Neurk ekusirik nola zarean,
neskea, bildurrago nax.

โ€”Andraetan diskreziorik
ez dala uste al dozu?
โ€”Bai, baia dauen zenzutxo ori
gaxki daroae giadu.
โ€”Oita bildurrak ikara nabil,
ez dakit neurau nor naxan.
โ€”Neurk ikusirik nola zarean,
neskea, bildurrago nax.

ย ย ย ย ย ย ย ย ย  Fin

Horrelaxe argitaratu genuen 2010ean, Lazarragaren testuen edizioaren gure lehenengo zirriborroan, eta esan genuen errepika (โ€œNeurk ikusirik nola zarean, / neskea, bildurrago naxโ€) maite-solasaren barruan sartzea ohikoa dela gaztelaniazko herri-poesian. Gero, 2013an, Jesรบs Antonio Cidek seinalatu zuen neska-mutil gazteen arteko maitasun-elkarrizketa bizi eta are zorrotzak ohikoak direla galegozko parrafeo edo enchoiada deituriko kopla-sortetan ere, Lazarragaren poema honetan bezalatsu.

Baina ikerketan jarraitu genuen, eta 2020an, Lazarraga Eskuizkribuaren edizioa eta azterketa I: Sarrera, gramatika, hiztegia eta adizkitegia eta Lazarraga Eskuizkribuaren edizioa eta azterketa II: Testua argitaratu genituenean, bagenekien Lazarraga itzultzaile-lanetan ari zela, neurri handi batean, esku artean dugun poema idatzi zuenean.

Izan ere, badakigu Joan Timoneda valentziarrak 1556an paratu zuela Cancionero llamado Flor de Enamorados, sacado de diversos auctores. Agora nuevamente por muy lindo orden compilado bilduma, ordura arte ahoz, kopia eskuizkribatuen bidez, edo plegu solteen bidez zabalduriko poema liriko eta liriko-narratiboak biltzen zituena. โ€œAquรญ comienรงan villancicos y canciones a modo de diรกlogo pastoril, sobre diversos acaesciminetos de amoresโ€ izenburu esanguratsua daukan atalean aurkitu genuen Lazarragak euskaratu (edo gutxienez bertsionatu) duen poema (hemen 1626ko ediziotik hartua, gure puntuazioarekin):ย 

ย ย ย ย ย ย ย ย ย  Otra

โ€”Carillo, temo en estremo
no publiques mi querer.
โ€”Zagala, de ti me temo
en pensar queres muger.

โ€”ยฟCรณmo temes de mugeres
si por ellas vida cobras?
โ€”Temo de sus falsas obras,
y de ti, si las hizieres.
โ€”No harรฉ, mas ยกhay! que quemo
si descubres mi valer.
โ€” Zagala, de ti me temo
en pensar queres muger.

โ€”Dรญme: ยฟfirmeza y secreto
en mugeres no hazen pausa?
โ€”No, pues que sin mirar la causa
ponen por obra el efeto.
โ€”Carillo, en recelo temo
que no te falte saber.
โ€” Zagala, de ti me temo
en pensar queres muger.

โ€”ยฟPiensas que saber no han
las mugeres, buen zagal?
โ€”Sรญ, mas despidiรฉndolo en mal
como Eva con Adรกn.
โ€”Carillo, dexa el estremo
en tu fe dicha y que temer.
โ€” Zagala, de ti me temo
en pensar queres muger.

ย ย ย ย ย ย ย ย ย  Fin

Carillo eta Zagala artzain-izen tipikoak dira gaztelaniazko jatorrizkoan artzainen arteko elkarrizketa dela adierazten duten elementu bakarrak, baina Lazarragak, bere euskarazko bertsioan, horiek ezabatu eta jentil honbrea eta neskea generikoak erabili ditu, besterik gabe. Badira aldaketa gehiago ere, baina bat bakarra seinalatuko dut. Neskaren azken bertso-lerroetan, gaztelaniazko testua zaila da ulertzen eta editoreek aldaketak sartu dituzte, seguruenik textus corruptus โ€˜testu ustelaโ€™ delako:

1562ko edizioan: โ€œCarillo dexa lโ€™estremo / en tu fe di hay que temerโ€
1573ko edizioan: โ€œCarillo dexa el estremo / en tu fe cicha y que temerโ€
1626ko edizioan: โ€œCarillo dexa el estremo / en tu fe dicha y que temerโ€

Lazarragak ez du izan arazorik. Jatorrizkoa utzi eta bertso-lerro berriak sortu ditu:

โ€”Oita bildurrak ikara nabil,
ez dakit neurau nor naxan.

Bide batez, Eztebe Materraren beldurrez ikhara nabilala berbera.

BASKISKA estrategia-plana

Iรฑigo Satrustegi Andrรฉs

Demagun, itzulpen-ikasketak bukatu berritan, itzulpenak egiten hasi nahi duzula (meloi bat hemen: zenbatek erabaki dugu bide honetatik segitzea, tarteka egiten badugu ere? Eta, batez ere, zergatik hain gutxi?). Demagun, unibertsitateko enplegu-zerbitzutik lan-eskaintza bat jasotzen duzula nazioarteko enpresa ezagun batean aritzeko. Demagun sarrera-proba bat egiten duzula, eta enpresa horrentzat doako itzulpen bat egiten duzula. Demagun baldintza kaskarrak onartzea erabakitzen duzula (horretaz ere mintzatuko gara aurrerago, nahi baduzue). Eta demagun zure bezeroaren bezero nagusia zera dela, altzari suediarrak egiten dituen kate erraldoi bat, adibide gisara baino ez, e? Zer atera liteke gaizki? A, bai: altzari suediarrak muntatzeko ez bezala, euskarara itzultzeko jarraibiderik ez dagoela. Arrazoiak arrazoi testuek euskaraz egon behar dute, baina ez dira kontuan hartzen hizkuntzaren konplexutasunak eta zirrikituak, amaierako produktuaren (itzulpenaren) kaltetan.

Baina lasai. Heldu da BASKISKA estrategia-plana, altzari suediarren edozein katek azalduko lukeen erara. Pausoz pauso, eta pieza guztiak zorro txiki batean bildurik. Euskararen prestigioa, euskal hiztunen hizkuntza-eskubideak, itzultzaileen lanaren erraztea eta itzulpenen kalitatea bermatzen lagunduko dizun gomendio sorta.

1.- Euskara hizkuntza bat da. Eta hizkuntza guztien modura, ezaugarri bereziak ditu. Sintaxia, morfologia edota lexikoa ere bai asko aldendu daitezke jatorrizko hizkuntzatik. Beraz, har itzazu kontuan ezaugarriok, bereziki testuak euskaraz irakurtzeko sortu ez direnean.

Esan gabe doa hizkuntza bat baino gehiago ere badela euskara, eta hiztun-komunitateak berezko erreferentziak, iruditegiak, hizkera-ohiturak, esamoldeak eta abar dituela. Hori dela eta, ez izan zurrunak eta eman itzultzaileei malgutasuna testuen izaera moldatu dezaten, edukiak (mezua) aldatu gabe, jakina.

2.- Osatu ezazu estilo liburu on bat. Bai, itzultzaileen zalantzak argitzeko horietako bat. Hartu itzazu itzultzaileak, hizkuntzalariak, filologoak, eta prestatu dezatela euskarri modura erabiltzeko gidaliburu bat (epe luzerako inbertsio bat da finean). Ongi dago irizpide gisa hizkera friendly-a eta informala erabili behar direla adieraztea. Ongi dago Euskaltzaindiaren arauak errespetatu behar direla esatea. Baina, ez al dira jarraibide orokorregiak?

Pentsa webgune bateko produktu berrien katalogoa dela itzuli beharrekoa. Zer errotuluk daramate zer puntuazio? Zeren arabera adostuko dute itzultzaile guztiek modern rustic kitchen euskaratzeko ordaina? Eta nola helarazi hori? Eta egokia ez bada batek erabilitakoa? Sinonimo guztien artean zein aukeratu altzari bakoitzarentzat? Zer estrategia jarraitu beharko dute OIKIA enpresaren izena โ€”argi gera bedi aliritzira asmatutako izena dela, hemen ez diogula inori publizitate txarrik egin nahiโ€” eta haren zerbitzuen izenak aldaezinak badira, hau da, ezin bazaie kasu-markarik gehitu? Nola egin behar da blue hitz soltearen lokalizazioa? Mugagabean? Absolutibo mugatu singularrean? Baina gero blue-ri gehitzen badiote curtains makina teknologiko magiko baten bitartez?

3.- Baliabideez ari garela, lanerako tresna funtzionalak โ€”eta ikuspegi kapitalistatik begiratuta, produktiboak ere baiโ€” ezinbestekoak dira. Inbertitu I+Gan, adimen artifizialean itzultzaileei lana errazteko, errepikapenak eskuz sartu behar ez ditzaten, edo egin ez ditzaten aldaketak banan-banan.

4.- Kontuan izan itzulpen automatikoen postedizioa eta itzulpen arrunten zuzenketa ez direla gauza bera. Ez dela berdina testuak etengabe egokitzea (edota zuzentzea) eta akatsak, erratak eta beste bilatzea. Eta horrenbestez, ezin direla berdin pagatu.

5.- Sortu komunikazio-kanal bat, sare bat. Euskarara itzultzen dutenek baliabide ugari dituzten arren, komeniko litzateke bezero berarentzat aritzen diren itzultzaileak โ€”eta zuzentzaileak!!โ€” harremanetan egotea. Nahiko bakartia da berez itzulpengintzaren jarduna, baina egon beharko da tresnaren bat edo formula magikoren bat Datuen Babeserako Legearekin bateragarria dena, Itzultzaile001ek eta Itzultzaile002k elkarri lagundu diezaioten.

Era berean, lagungarria da Itzultzaile001ek egindako itzulpena zuzendu duen Zuzentzaile005ek nolabaiteko feedback-a ematea, modu friendly-an betiere, etorkizuneko itzulpenen kalitatearen hobe beharrez.

Korapilatsu, gantzatsu eta hartzatxoa

Fernando Rey Escalera

Iruditzen zait ona dela gure blog honetan lan luze eta mamitsuak eta ttantta besterik ez diren kontuak tartekatzea. Nik, bederen, azterketa lan mardulak eskertzen ditudan bezalaxe, eskertzen ditut kontu arinagoak ere.

Lexikoa da gaia oraingoan: itzulpen lanean eta irakurle naizenean ere zer pentsatua eman didaten hiru hitz.

Aspaldi ohartu nintzen Euskaltzaindiak โ€œkorapilatsuโ€ erabaki zuela eta ez โ€œkorapilotsuโ€, eta, egia esan, ez dut sekula ulertu zergatik. Ez da kritika inola ere. Are gehiago: ez dakit oharkabean edo ohartuki hartutako erabakia den, salbuespena ote den eta zer oinarri duen erabakiak. Halakoetan, nik, besterik gabe, onartu egiten ditut, nik baino gehiago dakitenek erabaki dutela pentsatuta, baina hona hemen nire zalantza, adituren batek argituko duen esperantzan.

-TSU atzizkiarekin sortutako hitz eratorriak asko dira. Oso atzizki emankorra eta bizia da, eta beste asko ere sortuko dira premiak bultzatuta. Agerikoa denez โ€“hor behean duzue zerrenda bat; Euskaltzaindiaren Hiztegitik atera ditut hitzak, ez den-denak betiereโ€“, izenondoak sortzen dituen atzizkia da, gehientsuenetan izena oinarri hartuta: izena + -tsu atzizkia. Badira, dena dela, izenondoa edo adberbioa oinarri duten hitzak ere.

Izenaren azken letra edozein izanik ere, bat ere aldaketarik gabe eransten zaio atzizkia. Errepasatu ditut denak, eta azken letra edozein bokal izan, edo kontsonante bat izan, bere hola sortzen da hitz eratorria. Hemen duzue zerrenda. Balio izan dit, bidenabar, aski ezezagun diren (nituen) hitz batzuk nire neurona-sarera sartzeko.

A letraz bukatutako hitzak
abantailatsu, adiskidetsu, adoretsu, ahalketsu, ahaltsu, aldapatsu, aldartetsu, apetatsu, arantzatsu, arduratsu, arrakastatsu, arretatsu, bateratsu, bezalatsu, burrunbatsu, dardaratsu, distiratsu, dudatsu, espatsu, ezkabiatsu, ezkatatsu, galernatsu, gatazkatsu, halatsu, harmoniatsu, hedatsu, holatsu, irrikatsu, jaieratsu, jakinguratsu, kakatsu, katramilatsu, kezkatsu, koleratsu, larderiatsu, likatsu, lingirdatsu, loriatsu, mainatsu, malenkoniatsu, maleziatsu, nahaspilatsu, nolatsu, noratsu, patxadatsu, premiatsu, setatsu, tematsu, tirabiratsu, txeratsu, txinpartatsu, zaratatsu, zarpatsu, zeremoniatsu, zingiratsu.
E letraz bukatutako hitzak
adoretsu, antzetsu, artetsu, atsekabetsu, azukretsu, baketsu, baretsu, barretsu, bertutetsu, bibotetsu, bihurgunetsu, boteretsu, burupetsu, entzutetsu, esnetsu, galbidetsu, gerizpetsu, gizabidetsu, haizetsu, hareatsu, haserretsu, herabetsu, hezetsu, iletsu, ilunpetsu, irribarretsu, jendetsu, karitatetsu, ketsu, kidetsu, koipetsu, leizetsu, lerdetsu, loretsu, neketsu, oinazetsu, ospetsu, paretsu, sufretsu, urretsu, urtetsu, zaporetsu, zornetsu.
I letraz bukatutako hitzak
abegitsu, argitsu, arraitsu, arranditsu, ausarditsu, berritsu, beteritsu, bihitsu, dirdaitsu, durunditsu, egonarritsu, eguzkitsu, erditsu, errukitsu, euritsu, garaitsu, garrantzitsu, haragitsu, harritsu, hazteritsu, hodeitsu, irritsu, izpitsu, izurritsu, lohitsu, mamitsu, menditsu, mintsu, mukitsu, neurritsu, ogitsu, orritsu, pozoitsu, sasoitsu, tantaitsu, trumoitsu, tuparritsu, ugaritsu, zorritsu.
O letraz bukatutako hitzak
anbiziotsu, animotsu, arazotsu, arrapotsu, artifiziotsu, asmotsu, baliotsu, berrotsu, bilotsu, biziotsu, bozkariotsu, errotsu, gogotsu, goroldiotsu, harotsu, heriotsu, hostotsu, kiriotsu, korapilatsu, laidotsu, lainotsu, lanbrotsu, misteriotsu, nolakotsu, oliotsu, oparotsu, porotsu, prestigiotsu, zurrunbilotsu.
U letraz bukatutako hitzak
arriskutsu, burutsu, errespetutsu, gandutsu, hanpurutsu, istilutsu, jeinutsu, kopurutsu, pisutsu, sutsu, urguilutsu.
Kontsonantez bukatutako hitzak
adartsu, adimentsu, adintsu, amultsu, bakartsu, behartsu, berdintsu, betantsu, bilgortsu, bizartsu, bulartsu, berdintsu, ekaiztsu, elurtsu, gartsu, gehientsu, gizentsu, heintsu, igualtsu, irintsu, itxaropentsu, itzaltsu, izartsu, izurtsu, jakintsu, kartsu, kedartsu, kementsu, legartsu, malkartsu, noiztsu, odoltsu, nontsu, nortsu, oraintsu, pikortsu, pindartsu, ugertsu, urintsu, urrintsu, urtsu, usaintsu, zenbatsu, zertsu.

Zerrenda horretan, nire ustez, arautik ateratzen den hitz bat bakarra dugu: โ€œkorapilatsuโ€.

Orotariko Euskal Hiztegiko adibideetan biak ageri dira, โ€œkorapilatsuโ€ eta โ€œkorapilotsuโ€. Nolanahi ere, adibide gehienetan โ€œkorapilotsuโ€ dago. Horregatik iruditzen zait are bitxiagoa โ€œkorapilatsuโ€ erabaki eta zabaldu izana.

Ederki dakit hizkuntza salbuespenez betea egoten dela, baina ikusirik Orotariko Euskal Hiztegiak zer dioen, ez dut ulertzen zergatik erabaki den horrela.

korapilatsu.
♦ (H; -illa- Lar, Aรฑ, H), orapilatsu (-illa- Aรฑ), korapilotsu (Urt IV 404), orapilotsu, koropilatsu (T-L), koropilotsu (AN, L, BN ap. A ; Dv).
Nudoso; (fig.) lioso, complicado. โ€œCentrosus, korapillotsua, korapilloz betheaโ€ Urt IV 404. โ€œHari korapillatsua, fil plein de nล“udsโ€ H. โ€œCompliquรฉ, difficile ร  comprendreโ€ T-L.
โ• Ebitatzera haritu naiz frasa modorrotsu eta korapillotsuak. Gy XII. Poesia bardikoaren arau oso korapilatsuak. Mde Pr 233. Argitasun biziz ainbeste gai korapilotsu nik askatzea. Or Aitork 99. Fray Luisen […] giroari bagagozkio, ondo korapillotsu dala esan bear. Gazt MusIx 68 (61 orapillatsu y 71 orapillotsu). Gertatzen zaizkigu arazoak istilu orapilatsuagoetan. MEIG VI 170. En DFrec hay 3 ejs. de korapilatsu y 7 de korapilotsu.
โ–  koropilotsu (Dvโ†’A). (Ref. a personas). โ€œAu fig. Gizon koropilotsu, se dit d’un individu rusรฉ qui a toujours des rรฉserves cachรฉes dans les engagements qu’il se propose d’รฉluderโ€ Dv. โ€œAstutoโ€ A.

Badago beste hitz bat, nire eskemetatik pixka bat ateratzen dena.

โ€œGantzatsuโ€ hitza da. โ€œGantzโ€ izanik hitza, โ€œganztsuโ€ behar luke, โ€œekaiztsuโ€ den bezala. Errazagoa da โ€œgantzatsuโ€ esaten, jakina, eta erabilera hori izan bada, aurrera, baina agerikoa da hitz hau ere hitzak sortzeko ohiko bidetik ateratzen dela.

Kasu honetan, dena dela, Orotarikoan adibide bakar bat dago, eta โ€œgantzatsuโ€ da. Beharbada, horregatik erabaki da horrela.

gantzatsu.
♦ (Larโ†’H, Bera).
โ€œUntoso, untuosoโ€ Lar. โ€œGrasโ€ H. โ€œPingรผe, craso, untoso, mantecosoโ€ Bera.
โ• Lur mami, apatz eta gantzatsuan. Eguzk GizAuz 52.

Eta lexikoarekin loturiko artikulutxo hau bukatzeko, aspaldi buruan ibili zaidan hitz bat komentatuko dut: โ€œhartzatxoโ€.

Google-n ikusi besterik ez dago zenbat zabaldu den. Produktu askotan ageri da izena, umeentzako ipuin frankotan idatzi da horrela, baina, nik dakidala, hiztegi gehienetan ez dago. Hartz izanik izena, ez luke โ€œhartzatxoโ€ behar, jakina. Hitza ez dago ongi sortua.

Hitz honekiko problema lotuxeagoa dago itzulpenarekin, eta bistan da gaztelaniaren โ€œositoโ€ hitza dagoela problemaren jatorrian. Frantsesez โ€œnounoursโ€ esaten omen da.

Hor dugu โ€œharzkumeโ€ edo โ€œhartzumeโ€, ongi sortuak biak, nahiz eta ez dauden hiztegi askotan (Orotarikoan โ€œhartzumeโ€ eta โ€œhartz-umeโ€ ageri da). Ez bata ez bestea ez daude Euskaltzaindiaren Hiztegian. Baina hitz egokiak dira biak ala biak. Dena dela, nik nekez esanen nuen โ€œgure alabari harzkume bat oparitu dioguโ€ alabaren zaintza kenduko ziguten beldurrez. Ez dakit nire kontua ote den, baina, โ€œharzkumeโ€ bat esanda, nik bizirik dagoen hartz txiki bat ikusten dut.

Horregatik, itzulpen ona egiteko hain beharrezkoa den goiburuari segituz โ€“ahal bezain hurbil, baina behar bezain urrunโ€“, โ€œhartz-panpina oparitu dioguโ€ esanen nuke.

Badakit kasu horretarako soluzioa dela, eta ez kasu guztietarakoa, baina hor dago nire proposamena: pelutxearen kasurako, bederen, balio digu. Edo onartu beharko genuke arautik kanpo dagoen โ€œhartzatxoโ€ hitza?

Nil igitur mors est (I)

Xabier Olarra

Joan den abenduaren 28an Jon Miranderen heriotzaren 50. urteurrena bete zen. Haren poema esanguratsuenetako bat da, hain zuzen ere, goian dagoen izenburua duena. Haren heriotzatik hamar bat urtera hasi nintzen haren poemen bilduma bat prestatzen, 1984an argia ikusi zuena, Ene jainko-eidol zaharra, Lur izenburuarekin.

Nil Igitur mors est poemaren izenburua Lukrezioren De Rerum Natura, III, 830etik hartua da, non laburbiltzen baitu poeta latindarrak heriotzari buruz Epikuro filosofoak erakusten zuena, esaldi honetan:

Nil igitur mors est ad nos neque pertinet hilum
quandoquidem natura animi mortalis habetur.

Heriotza ez da, beraz, ezer eta ez dagokigu ezertan,
arimaren izaera hilkorra dela uste baitugu[1].

Epikuroren arrazoibidea honako hau zen, Markos Zapiainek Gauzen izaeraz liburuaren kritikan laburbiltzen digunaren arabera:

โ€œHortaz, atomo konbinazio aldakor bat gara gu; hiltzean, osatzen gaituzten atomoak disolbatu egingo dira; eta, gero, beste batzuekin nahasturik, bestelako gorputzak eratu. Ni naizelarik, ez da heriotzarik; heriotza datorrenerako, ni ez naiz izango: ez dugu zertan larritu[2]โ€.

Beldurrak eta larritasunak, beraz, ez du zentzurik. Eta Lukreziok, ideia horri are oinarri sendoagoa eman nahian, argi eta garbi adierazten zuen arima hilkorra zela, eta, beraz, ez zela existitzen, ez greziarrek sinesten zuten Hadesik, ez erromatarrek sinesten zituzten azpimunduko Akeronte ibairik ez arimak beste mundura eramaten zituen Karonte txaluparirik.

Hala ere, arrazoibideak arrazoibide, bistan da heriotzari diogun beldurra ez dela inola ere desagertu. Baina badirudi Mirandek Lukrezioren edo Epikuroren ikuspegia bereganatua zuela, bizi zelarik honelakoak idatzi baitzituen bere poemetan:

ERESI
Aineza gal bizia goiz batez…
Ainendi hil gazterikan, nihaur…

Badirudi bere heriotzaz frogatu zuela bereganatua zuela Epikuroren filosofia.

Lukrezioren poemak gutxi gorabehera 15 mende eman zituen โ€œgaldutaโ€ harik eta Poggio Bracciolini eskribauak Alemaniako monasterio batean aurkitu zuen arte. De Rerum Natura poema luzean agertzen den mundu-ikuskerak Errenazimendutik aurrera literaturan eta artearen hainbat adarretan izan duen garrantziaz gehiago jakin nahi duenak jo beza Stephen Greenblatt The Swerve: How the World Became Modern saiakerara.

Baina orain arimaren hilkortasun/hilezkortasunaren kontuari helduko diogu, eta ikus dezagun nola eman zuen gaztelaniaz, XIX. mendean, Josรฉ Marchena abateak[3]:

La muerte nada es, ni nos importa,
Puesto que es de mortal naturaleza[4]:

Aurreko bertsoetan arimaz ari baita, ulertu beharra dago arima dela hilkortzat jotzen dena, Amurizaren (eta egin diren itzulpen ia guztietan) garbi dagoen bezala. Hala ere, kontuz ibili beharra dago, honelakoren bat ere aurki baitaiteke: โ€œNada es la muerte y nada nos importa desde que se considera inmortal la naturaleza del almaโ€ (De la naturaleza de las cosas, Lukrezio, Carola Tognettiren itzulpena, Greenbooks editore, 2021). Ez dakigu nondik nora agertu den Lukrezioren eta Epikuroren dotrina osoa hankazgoratzen duen itzulpen hori, baina badirudi ez duela balio daukan prezioa (0,94 โ‚ฌ) ere (dohainik ere eskura daiteke).

Josรฉ Marchenari buruz Menรฉndez y Pelayok idatzitako liburuan ederki egurtzen bazuen ere idazlea bera, franko goresten zituen haren itzulpen batzuk, Moliรจreren bi komediarenak, esate baterao. Bistan da ez dela ahuntzaren gauerdiko eztula  Lukrezioren liburu osoa endekasilabo zurietan ematea. Oraindik ere haren bertsioa  argitaratzen eta erabiltzen dute Venezuela bolibarzalean, nahiz eta Espainian egin diren itzulpen egokiagoak, are edukiaz gain (Marchenak bezala) neurria eta erritmoa ere ekarri dutenak, hala nola Garcรญa Calvorena, edo hitz-lauz, berriz, besteak beste, Eduard Valentรญ i Fiolena. Azken hori famatzen du Jordi Fibla[5] itzultzaile laureatuak. Hala ere ez du gaitzesten Josรฉ Marchenarena eta garbi dio itzulpen hori irakurtzea merezi duela: ยซEn definitiva, a la pregunta de si vale la pena leer la traducciรณn del poema de Lucrecio que hizo Josรฉ Marchena en su juventud, respondo que sรญ, y lo mismo digo de la obra que Menรฉndez Pelayo, en sus antรญpodas ideolรณgicas, escribiรณ sobre รฉlยป.

Ikusten dugu De rerum natura gaztelaniaz bietara irakurtzeko aukera dugula. Euskaraz, oraingoz, hitz lauz bakarrik daukagu. Klasikoak bilduman agertu zenez (Testu filosofikoen bilduma), logikoa ere bada, nolabait. Baina ez da ahaztu behar Lukreziorena poema luze bat dela (5.000 bertsotik gora). Uste dut Amurizak, pixka bat saiatuz gero, hitz neurtuz ere eman zezakeela.

Horrela, Markos Zapiainek Lukreziori buruz dioskunez:

Eta zergatik erabili ote zuen Lukreziok poesia, Epikuroren doktrina Memmio eskaintza-hartzaileari eta oro har edozein irakurleri helarazteko? Liburuan bertan dioenez, medikuak sendabelar eta botika mingotsa eztiz nahasten duen bezala, umeak har dezan, halaxe eman digu Lukreziok Epikuroren doktrina filosofiko lehorra poesiaren eztiaz adierazia, Memmioren eta gainerako irakurleon burmuinera atseginez igaroaraztearren.

Klasikoen estimazioa garaiotan hain urria den arren, ea hitz lauzko itzultzaileak berak hartzen duen poema bikain hau modu irensgarriagoan ekartzeko nekea. Lanaren erdia-edo egina dauka.

Honek guztiak, dena dela, beste kontu bat jartzen digu hausnarketarako: Nola itzuli behar dira hitz neurtuz eta lege jakin batzuen arabera sortuak diren poemak, hitz lauz ala hitz neurtuz?  Baina hori, jakina, saiakera oso baterako gaia da, eta hurrengo baterako utziko dut.


[1] Gauzen izaeraz, Lukrezio, Xabier Amurizaren itzulpena, Klasikoak S.A., Bilbo, 2001.

[2] https://kritikak.armiarma.eus/?p=620

[3]  Elizgizona izan gabe abate izengoitia zuen idazle eta itzultzaile interesgarri honi buruz, ikus https://eu.wikipedia.org/wiki/Jos%C3%A9_Marchena

[4] https://www.cervantesvirtual.com/obra-visor/de-la-naturaleza-de-las-cosas-poema-en-seis-cantos–0/html/ff0be64e-82b1-11df-acc7-002185ce6064_3.html#I_0_

http://www.traduccionliteraria.org/1611/art/montes.htm

[5] https://vasoscomunicantes.ace-traductores.org/2022/02/25/vale-la-pena-leer-la-traduccion-de-marchena-jordi-fibla/

Hastapenak

Maitane Uriarte Atxikallende

Etxean sarritan esan izan didate gure ibilbide profesionalean zehar ez ditugula gure hastapenak inoiz ahaztu behar. Lanbidean umiltasuna inoiz ez galtzeko modua zela uste nuen nik, baina denborarekin ulertu dut oroitzapen horiek eguneroko lanaren magia ikusten laguntzen didatela nire ametsetako lanbide honetan.

2010eko maiatzean sartu nintzen lehen aldiz interpretazio-kabina batean. EHUko Letren Fakultateko kabinetako batean izan nuen lehenengo kontaktua nire egungo lanbidearekin, ate irekien jardunaldi batean. Ez dizuet gezurrik esango: magia ez zen kabinara sartze hutsarekin jaio. Kabinako aulkian eseri, kontsolako botoi guztiak ukitu eta mikroa ondo jarri ostean nire ahotik atera zen galderarekin hasi zen nire historia: โ€œInterneteko hitzaldiren bat jartzerik izango al zenukete?โ€. Ez dakit nondik atera nuen galdera hura egiteko ausardia eta are gutxiago Angela Merkelen hitzaldi bat interpretatzekoaโ€ฆ Kontua da zerbaitetarako behintzat balio izan zuela, hitzaldi hura interpretatzean sentitutako adrenalinak eta gogobetetasunak markatu baitzuten nire bidearen hasiera.

Hamahiru urte igaro dira Itzulpengintza eta Interpretazioko Gradua hasi nuenetik eta oraindik gogoan ditut Gasteizko abenturak, ostegunetakoak barne. Unibertsitate garaia ez omen da inoiz ahaztenโ€ฆ eta irakasteaz gain ilusioz bete eta bultzada eman ziguten irakasleak ere ez. Hain zuzen ere, irakasten duenarekiko pasioa transmititzen dakien, lanbidearen alde on zein txarrez hitz egitera ausartzen den eta noizbehinka gupidarik gabe zuzentzen gaituen irakaslea da gerora beti gogoratzen duguna. Bere garaian ez ginen konturatzen baina irakasle batzuen zorroztasunaren atzean etorkizuneko profesionalak prestatzeko erantzukizuna zegoen. Euskal interpretazioaren etorkizuna behar bezala bermatzeko arduraren pisua zeramaten sorbalda gainean, guk momentuan bertan ikusten jakin ez arren.

Unibertsitate โ€œofizialaโ€ hasiera baino ez zela eta benetako ikasketak โ€œkaleko unibertsitateanโ€ egingo nituela ere esaten zidaten etxean. Zorionez, unibertsitatean interprete profesionalak izan genituen irakasle eta haiei esker nabarmen aurreratu genituen kaleko unibertsitatean egin beharreko ikasketak. Gradua bukatu ostean ere trebatzen jarraitzera animatu gintuzten, zuzenean lehoietara jaurti eta enkargu errealak onartzera animatu ordez:  haiekin kabina mutua egitera joan, gure kabuz praktikatzen eta gure burua ebaluatzen jarraitu, masterren bat eginโ€ฆ Bere garaian gureganako konfiantza falta zela pentsatuko genuen agian, baina beste behin, etorkizuneko interprete profesionalak behar bezala prestatzeko erantzukizuna zegoen guzti haren atzean, hots, haien etorkizuneko kabinakideak ondo prestatzekoa. Denborarekin, pazientziaz eta gogor lan eginda iritsi naiz nire irakasle izandako haien kabinakide izatera eta niri ere tokatu izan zait etorkizuneko interpreteak prestatzeko ardura hartzea. Tira, ardura baino gehiago, ohorea izan da. Izan ere, nire ustez ez dago zirkulua nolabait ixteko modu politagorik.

Denborarekin gailentzen dira irakasle fin haiek etorkizuneko interpretazio profesionalari egindako ekarpena eta gugan utzitako marka. Nire ustez, marka hori ez ahaztean datza lanbide ororen magia, interpretazio-lanaren egunerokotasunean zein enkargurik berezienetan ez baitago atzera begiratu eta gure hastapenak gogoratzeak emandakoa baino bultzada handiagorik, lanbidearekiko ilusioa eta umiltasuna inoiz ez galtzeko eta, beharbada, gu geu ere etorkizuneko interprete profesionalak prestatzera animatzeko.

Lanbide zoragarri hau zintzotasunez eta pazientziaz irakatsi zenidaten irakasle eta lankide guztiei eskainia.