Donostiako euskara-ikaslearen ikasliburua. Donostia 2016? Ez, Donostia 1728

Gidor Bilbao

Donostia, 1728. Jean François Lhuillier, sortzez frantziarra, Donostiara iritsi da. Donebikendi Martiriaren parrokiatik gertu jarri da bizitzen, fraide dominikoen San Telmo komentutik hurbil. Merkataria da, eta badaki bezeroak limurtzen eta erakartzen. Badaki sorterriko frantsesaz eta ikasitako gaztelaniaz gain euskara ere behar duela donostiarren artean bide berriak zabaltzeko. Euskara ikastea erabaki du. Bezeroekin eta auzokideekin asko ikasten ari da; eskola-ordu batzuk ere izaten ditu astero, baina libururen bat beharko lukeela pentsatu du.

Gogoan du gaztelania ikasten ibili zenekoa, eta orduan erabilitako liburuen antzeko bat nahi luke: bere beharretara moldaturiko hitz-zerrendak (agurrak, zenbakiak, dendako kontuak…), aditz-zerrenda ahalik eta osoenak, irakurgai batzuk, elkarrizketa-eredu batzuk bere eguneroko bizitzarako… Euskaraz ez dutela halakorik ezagutzen esan diote.

Juan Francisco (izena ere aldatu du, donostiarrentzat gertuago agertzeko, 1758an hil arte biziko baita Donostian, sorterrira itzuli gabe) ez da etsitzen dutenetakoa. Joseph Domingo Lubieta 23 urteko gaztea ezagutu du auzoan; Donebikendi Martiriaren parrokiakoa da, bera bezala, eta mutil argia da. Donostian jaioa da; aita (Miguel Lubieta) donostiarra du, eta ama, Josepha Sagues, sortzez Goiazkoa. Ondo idazten eta irakurtzen du gaztelaniaz, eta Manuel Vicente Etxeberri San Telmoko prioraren bidez badu Manuel Larramendiren lanen eta asmoen berri. Orain arte ez du euskaraz idatzi, baina prest dago soldata on baten truke auzokide frantziar iritsi berriarentzat euskara-irakasbidea prestatzeko.

Lubieta gazteak ez du formazio teoriko sakonik, baina trebea da irakurtzen duena hizkuntza batetik bestera aldatzen. Juan Franciscok berak eraman dizkio gaztelania ikastean edo adiskide ingeles bati frantsesarekin laguntzean erabilitako hainbat liburu, eta Lubietak, batetik hau bestetik hura euskaratuaz, 445 orrialde bete ditu frantziarrarentzat:

1-46. orr.: Esamoldeak eta esapideak, elebitan, gaztelaniaz eta euskaraz.
47-48. orr.: Morroia eta nagusiaren arteko etxe-giroko elkarrizketa laburra, elebitan, gaztelaniaz eta euskaraz.
49-220. orr.: Euskarazko aditz-jokoa, gaztelaniazko ordainekin.
221-250. orr.: “Relación de relaciones públicas”, bertsotan idatzitako kontakizuna, elebitan, gaztelaniaz eta euskaraz.
250-303. orr.: Hainbat alorretako hiztegiak: urteko hil-izenak, urtaroak, asteko egunen izenak, orduak, administrazioko eta ejerzituko karguen izenak, musika-tresnak, Elizako karguak, etxea, janariak, ogibideak, materialak, armak, koloreak.
303-378. orr.: Lehenbizi esaldiak, eta gero, mailakaturik, elkarrizketak, hasieran laburrak eta gero luzeagoak.
379-399. orr.: Kristau-ikasbidea, galde-erantzunetan, euskaraz eta gaztelaniaz.
399-437. orr.: Esamoldeak eta esapideak, elebitan, gaztelaniaz eta euskaraz, egoera jakin batzuetarako egokituak: ugazabandrearen etxean, elizan, etxean, hurbilean, laguna ikustean…
437-439. orr.: Euskara ikasteari buruzko elkarrizketa laburra, elebitan, gaztelaniaz eta euskaraz.
441-445. orr.: Zenbakiak.

Juan Franciscok pozik hartu du auzokide gaztearen lana, eta bere izena paratu du eskuratu berri duen koadernoan:

Sirve este librillo para don Juan Francisco de Lullier, comerciante en esta ciudad de San Sebastián, para su enseñanza en la lengua bazcongada. Hecha por Joseph Domingo de Lubieta, vezino de esta dicha ciudad, fecha en ella a 6 de octubre de 1728.

Ausaz zabaldu du orrialde bat, eta bere egunerokotasuneko egoera bat gogorarazten dion elkarrizketa bat aurkitu du, gaztelaniaz eta euskaraz.

Ezkerreko zutabean gaztelaniaz irakurri du:

— ¿Abla v.m. bazquence?
— Lo ablo un poco.
— ¿A mucho tiempo que v.m. aprende?
— He aprendido en dos mezes. /No hago sino empezar. No se aun nada. /Esta lengua es dificultosa.
— Los principios siempre son así. ¿Tiene v.m. buen maestro?
— Sí, señor.
— ¿Cómo se llama?
— Se llama don Fulano. Este lenguaje es mui hermoso. En muchas partes se habla. Es una lengua mui elegante, y es al presente la lengua universal. Pero nunca la aprenderé por la falta de la pronunciación. Estoy desanimado.
— ¿Cuántas lesiones toma v.m. a la semana?
— No tomo sino tres en cada día.
— ¿Quánto da v.m. por mes?
— Doy dos escudos.
— ¿Qué libros lee v.m.?
— El Arte de Fr. Manuel Vizente de Echeverria y de Larramendi. Libros nuevos.
— ¿Aprende v.m. los bervos?
— Sí, señor. Sé ya gran parte de ellos.
— ¿Lee v.m. bien?
— Empiezo un poco.
— ¿Quánto tiempo ha hecho v.m. en la ciudad?
— Dos mezes.
— ¿Que hedad tiene v.m.?
— Tengo quince años.
— ¿Cómo se llama a v.m.?
— Me llamo Fulano.
— Pues Fulano animarse, aprenderá v.m. bien.
— V.m. me anima mucho.
— No se logra nada sin travajo, estoy persuadido de esta verdad. Pues con esto quédese con Dios.
— Beso la mano a v.m.

Eskuineko zutabean, Lubieta gazteak euskaraturikoa:

— Iz eguiten du eusqueras?
— Yz eguiten det pisca vat.
— Dembora azco da icazten duela?
— Ycaci det illavete bian. /Eztet eguiten acicea baicic. Estaquit au batere. /Lenguaxea da dificultosoa.
— Principioac onela dira beti. Du maestro ona?
— Bay, jauna.
— Nola deriza?
— Deriza don Fulano? Lenguaxea da chit ederra. Lecu azcotan iz eguiten da. Da lenguaxe chit elegantea, eta da presentean universala. Baña estet benere ycazico pronunciacioaren faltaz. Nago desanimatua.
— Sembat lesio arcen ditu aztean?
— Estituc yru baicen arcen egunera.
— Sembat ematen du yllean?
— Ematen dituc bi escutu.
— Ser libru lecen ditu?
— Arte Fr. Manuel Vizente Echeverrirena eta Larramendirena. Libru berriac.
— Ycazten ditu bervoac?
— Bay, jauna. Badaquit ya parte azco.
— Lecen du ondo?
— Acicenais pisca vat.
— Sembat dembora eguin du ciudadean?
— Yllabete bi.
— Ser edade du?
— Ditut amavost urte.
— Nola deriza?
— Derizat Fulano.
— Bada, Fulano animatu, ycacico du ondo.
— Berorrec animacenau azco.
— Esta ezer logracen travaxu baga, nago persuadituric eguia onezaz. Bada, onequin gueldi veri Jaincoarequin.
— Escuetan mun eguiten diot.

Juan Francisco Lullierrek pentsatu du Joseph Domingo Lubieta gazteak aski ondo egin duela eskaturiko lana. Eta adiskide ingeles batek frantsesa ikasteko erabiltzen zuen liburu bateko elkarrizketa gogoratu du, ia hitzez hitz Lubietarenaren berdina:

— Parlez vous Francois?
— Ie parle un peu.
— Y a-t-il long-temps que vous apprenez?
— I’ay appris un mois, deux mois, trois mois, etc.
— Fort peu de temps. Ie ne fais que commencer. Ie ne sçay encore rien. La langue Françoise est fort difficile.
— Les commencemens sont toûjours difficiles. Avez vous un Maître de Langues?
— Ouy, j’en ay un.
— Comment s’appelle-t-il?
— Il s’appelle Monsieur ____.
— Vous prononcez bien.
— La langue Françoise est belle. Tout le Monde parle François. Toutes les personnes de ualité parlent François. C’est une langue fort usitée. C’est à present la langue universelle.  On parle François en toutes les Cours de l’Europe.
— Je n’apprendray jamais. Ie ne prononce pas bien. Ie suis découragé.
— Combien de fois la sémaine apprenez vous?
— Ie n’apprend que trois fois la semaine. I’apprens tous les jours.
— Combien donnez vous par mois?
— Ie donne ____.
— Quel livre lisez vous?
— La Grammaire de Mauger, et les Letres Françoises traduites en Anglois.
— Apprenez vous les Verbes?
— Oüy, j’en sçay dêja une grande partie.
— Lisez vous bien?
— Ie commence un peu.
— Entendez vous ce que vous lisez?
— I’en entens quelque chose. I’entens mieux que je ne parle.
— Quels jours apprenez vous?
— Le Lundy, le Mécredy et le Vendredy. Quelques fois le Mardy, le Iedy, et le Samedy.
— A quelle heure?
— A sept heures du matin.
— C’est une bonne heure.
— C’est la meilleure heure.
— Combien de temps avez vous êté en ville?
— Ie n’y ay esté que deux mois.
— Vous parlerez bien François.
— Quel âge avez vous?
— I’ay quinze ans.
— Comment vous appelez vous?
— Ie m’appelle ____.
— Prenenz courage, vous apprenez bien.
— Vous êtes fort obligeant. Vous m’encouragez.
— On n’a rien sans peine. Si vous prenez de la peine vous apprendrez le François. Ie suis bien convaincu de cete verité.
— Bon soir Monsieur. Ie vous souhaite aussi le bon soir.
— Ie vous baise les mains.

445 orrialde horietan, Lubietak hainbat gauza euskaratu ditu. Juan Franciscok badu zer irakurri, badu zer ikasi.

Politika transbertsala

Maite Imaz Leunda

Orain dela gutxi egin diguten kontsulta baterako proposatu dugun erantzuna da politika transbertsala.

Administrazio-unitate batek berari dagokion jarduera-eremu jakinetik haratago jardunez, beste hainbat eremurengan eragina duten politikak garatzerakoan esaten da politika transbertsala egiten ari dela. Ez da zeharkako (zuzena edo aurrez aurrekoa ez den norabidean, edo zeharbidez egiten den) politika, arloartekoa baizik, Xabier Aristegietak foro honetan bertan adierazi zuenez.

Generoaren gaia dela eta, transversalidad de genero edo transversalització de gènere, katalanez, Cercaterm Kataluniako banku terminologikoaren sarrera honetan ikus daitekeenez, erabiltzen dira ingelesaren gender mainstreaming terminoaren ordain gisa. Gizonen eta emakumeen berdintasuna arlo guztiei dagokien zerbait denez, berdintasunaren aldeko politika arlo guztietan aplikatu beharreko zerbait dela adierazten da transbertsalitatea erabitzen denean.

transversalitat

Hauteskunde-kanpainan zehar partidu batzuk transbertsalak direla edo politika transbertsalak defenditzen dituztela ere entzungo dugu, ezkerraren eta eskuinaren bereizketa tradizionala alde batera utzi, eta bateko zein besteko joerak biltzen dituztela adierazi nahian edo.

Cabe resaltar que la noción de transversal también se emplea en el ámbito de la política. El transversalismo constituye una corriente que propone trascender la división entre derecha e izquierda, apostando por una nueva ideología que busca no vincularse con las ideas políticas preconcebidas.

Un movimiento político transversal, por lo tanto, incorpora tendencias de derecha y de izquierda en su propia plataforma ya que dice defender aquello que es más beneficioso para la sociedad en su totalidad, sin importar el origen ideológico de las propuestas.

http://definicion.de/transversal/#ixzz4B4RLgY2z

Gure ustez alderdi politiko horiek ez dira zeharkakoak, ez arloartekoak ere, transbertsalak baizik.

Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuak ez du transbertsal jasotzen; Elhuyar hiztegiak bai, ekonomia-  eta politika-arloan, zeharkakoren sinonimo gisa, baina, zeharkako anbiguoa gertatzen da, polisemikoa da eta adiera posible bat baino dituenean, ulertzeko arazoak eragin ditzake. Zeharkako politika erabiltzen badugu, zer ari gara esaten?

zeharkako

Biba zuek!

Itziar Diez de Ultzurrun Sagalà

Itzultzaileen jarduna ikusezina dela entzuten da maiz. Geuk ere esaten dugu askotan gure lana ez dela behar bertze aintzatesten. Badira, halere, jendartean gureak baino esku eta jardun ikusezinagoak dituzten lankideak, itzulpen prozesuan giltzarri izanagatik ere produktuaren etiketan hagitz bakanetan agertzen zaizkigunak, beren begien zetabea funtsezkoa zaigun arren lanaren kalitatea goititze aldera, gaizki ulertutakoak onbideratzen dituztelako, korapilo ez-gramatikalak trebeki askatzen, pasarte mordoilotuak ukitu ttiki miragarri batez argiztatzen; esakune zimelei distirarazten dietelako, ezinezko egiturak deseraikitzen, huts egindako akats itsusgarriak samur arrantzatzen… Labur erranda: abilak direlako testuaren krak ñimiño oro aditzen.

Lantokian eta lantokitik kanpo izan ditudan zuzentzaileek elkarlanerako aldartez erakutsi dizkidate beti nire testuen ahulguneak, eta begirunez proposatu hobekizunak, testuaren mesedetan beti eta nagusikeriarik gabe. Lanetik kanpo, eskuzabaltasun hutsez eman didate laguntza, denok urri dugun aisialdiari puska ederrak lapurtuz adiskidearen itzulpena orraztearren, esker ona ordain bakar. Eta, hori guztia aski ez dela, haien orrazketa begirunetsuek apala izaten ere erakutsi didate, ulertu baitut haien zuzenkizunak ez direla nire hutsak eta akatsak nabarmenarazten dituzten mehatxuak, anitz ikasteko balio didaten aukerak baizik.

Maite ditut zuzentzaileak, lanekoak eta lanetik kanpokoak. Magia egiten dute sarri beren bolaluma gorria dantzatzean: hitz hau hara eraman, bertze sintagma hori hona, ordain honen ordez bertzea, aditza aurreratu, adjektiboa ezabatu eta testuingururako aproposagoa den sinonimoa txertatu, eta hortxe dago zuk orduak jira batera eta bira bertzera ibili arren ezin asmatu izan zenuen esaldi baliokide perfektua.

Gehiegikeria emanen du apika, baina benetan diot maite ditudala maite zuzentzaileak, eta iruditzen zaidala jasotzen ez duten aintzatespena zor diegula, nik behintzat ez nukeelako ezer argitara emanen lankide horien laguntzaren bermea izan ezean. Horregatik, bihoakie hemendik nire esker ona, ozen baina gordean, jakin baitakit umilak direla eta ez agertu zaleak: mila esker eta biba zuek!

Rita Joe eta poesia mikmaka

Aiora Jaka Irizar

Nire mintzoa galdu nuen

Nire mintzoa galdu nuen
Zuek kendu zenidaten mintzoa.
Neskatila bat nintzela
Shubenacadie eskolan.

Erauzi egin zenidaten:
Zuek bezala mintzatzen naiz
Zuek bezala pentsatzen dut
Zuek bezala sortzen dut
Nire hitzaren inguruko balada katramilatsua.

Bi eratan mintzo naiz
Bi erak ditut hitz egiten
Zuen era boteretsuagoa da.

Nire eskua emeki eskaini eta galdetzen dut,
Utzidazue nire mintzoa aurkitzen
Neure buruaz mintzo nakizuen.

Poema labur bezain argia, zuzen bezain gogorra, Ipar Amerikako hainbat eta hainbat herri eta hizkuntzaren patu tristearen isla. Egilea, Rita Joe (1932-2007), mikmaka[1] zen, Kanada ekialdeko Whycocomogh herrian jaioa, Eskozia Berria probintzian.

Mikmak hizkuntza, aurreko nire artikuluetan aipatu izan dudan cria bezala, hizkuntza algonkina da; 11.000 hiztun inguru ditu gaur egun, eta Kanada ekialdeko probintzietan hitz egiten da. Orain dela bospasei mende, euskal arrantzaleak lurralde hauetara balea bila etorri zirenean, hizkera berezi bat asmatu zuten mikmakekin komunikatzeko: algonkin-euskara pidgina. Mikmakek mende luzez eutsi zioten beren hizkuntzari, baina europarrak haien lurraldeak konkistatzen eta menperatzen joan ahala, mikmak hizkuntza bere lurraldea eta hiztunak galtzen joan zen, batez ere XX. mendeko barnetegi edo «eskola erresidentzialen» eraginez. Kanadako gobernuak finantzatutako eta eliza kristauek kudeatutako eskola haien helburua argia bezain krudela zen: haur amerindiarrak beren familia eta kulturetatik erauzi eta Kanadako kultura anglosaxoira asimilatzea. Xede hori lortzeko moduak, berriz, ezin ankerragoak: beren hizkuntza erabiltzeko debekuak, gehiegikeria fisiko eta sexualak, zigorrak… Mendebetean, 150.000 ume inguru pasa ziren eskola erresidentzialetatik, eta horietatik 6.000 inguruk galdu zuen bizia barnetegi haietan.

Kanadako azken eskola erresidentziala 1996an itxi zen; gaur egun bizirik dauden amerindiar asko eta asko eskola haietatik paseak dira, beraz. Rita Joe mikmakak berak ere, esaterako, poema honetan aipatzen duen Shubenacadie eskola erresidentzialean ikasi zuen. Eskola hartan ikasi zuen ingelesez idazten, eta eskola hartan “ahaztu” zuen mikmakez hitz egiten, gaur egungo idazle amerindiar gehientsuenek bezala.

Horixe da, beraz, literatura amerindiarren paradoxa tristea: apenas dagoen hizkuntza amerindiarretan idazten duen idazlerik. Idazten dakiten amerindiarrak ingelesez eskolatuak izan dira, eta ia ahaztua dute beren jatorrizko hizkuntza. Oraindik beren hizkuntza ondo mantentzen duten amerindiar gehienak, aldiz, ez dira eskolatuak izan, eta ez dakite (beren hizkuntzan) idazten eta irakurtzen. Ia ezinezkoa da, beraz, amerindiar hizkuntzetan idatzitako literatura aurkitzea. Zentzu horretan, aipagarria da Rita Joeren ahalegina: bere lehen liburuan —Poems of Rita Joe (1978)—, mikmak hizkuntzara itzulita argitaratu zituen poemetako batzuk. Adibide moduan, hementxe eskaintzen dizkizuet bi, mikmakez eta euskaraz[2]. Lehenengoak argi islatzen ditu ume amerindiarrek eskola erresidentzialetan bizi izandako beldur eta umilazioak:

1

2

Azkenik, Rita Joeren beste poema bat, ingelesa eta mikmaka nahasiz idatzirikoa. Euskarara itzuli ditut ingelesezko zatiak, eta gainerakoak mikmakez utzi. Honelakoa ote zen garai bateko algonkin-euskara pidgina?

Indiar mintzoa

Jiktek
Dena dago bare.
Isiltasuna da nagusi.
Tepknuset
ilargia
Hilabete bat.
Nemi’k
Ikusten dut.

Oso antzina.

Nmis
nire ahizpa.
maja’sit
badoa.
Nmis, nire ahizpa
Nutaq, entzuten dut
Wena, nor?
Nekm, hura, bera, haiek.

Oso antzina.

Api, gezi bat
Teken, zein?
Ji’nm nemi’k
Gizona ikusten dut.
Kwitn, kanoa bat
App kinu’tmui, irakats iezadazu berriro
Lnui’simk, indiar mintzoa.

Oso antzina.

__________

[1] Euskarazko ortografiaz idatzi dut «mikmak» hitza. Beste hizkuntzetan, forma bat baino gehiago erabiltzen dira: Mi’kmaq, Micmac, Mi’kmaw, L’nu…

[2] Tranpa egingo dut, Joseba Sarrionandiak «poesia primitiboa» itzultzean egin ohi zuen bezala: itzulpena egiteko erabilitako zubi-hizkuntza erakutsi beharrean, hizkuntza amerindiarrez idatzitako poemak erakutsi ohi zituen bere euskal itzulpenen ondoan, hizkuntza txikiei ikusgarritasuna emateko eta hizkuntza handien presentzia nonahikoa nolabait apaltzeko, ziurrenik. Rita Joeren poema hauen ingelesezko bertsioak ikusi nahi dituenak —kasu honetan, ingelesezko bertsioak originalak dira, ez zubi-testuak, mikmakezko bertsioak ingelesetik itzuliak izan direla baitirudi—, liburu honetara jo dezake: Armstrong, Jeannette C. & Grauer, Lally (arg.) (2001). Native Poetry in Canada – A Contemporary Anthology, Peterborough: Broadview Press.

Hankaz gora (II)

Estitxu Irisarri Egia

(…)

Lagun hurkoa engainatzeko artea, iruzurgileek arduragabeak kaleetan zehar ehizatzen praktikatzen dutena, gorenera iristen da politikari arrakastatsu batzuek beren talentua lantzen dutenean. Munduaren aldirietan, estatuburuek beren lurraldeetako saldoak eta arrastakinak saltzen dituzte likidazio prezioan sasoia bukatuta, hirietako aldirietan gaizkileek beren lapurretetako altxorra prezio arbuiagarrian saltzen duten bezala.

Loria militarra erdiesten duten krimenengatik kondekoratutako jeneralek eskala handian nola, halako lana egiten dute hiltzeko alokatzen diren pistolariek. Erasotzaileek, bazterretan zain, ordenagailu bidez jendetzari den-dena ebasten dioten espekulatzaile handiek emandako zorte-kolpeen artisau-bertsioak diren atzaparkadak jotzen dituzte. Natura eta giza eskubideak era bortitzenean bortxatzen dituzten bortxatzaileak ez doaz inoiz preso. Haiek dituzte kartzeletako giltzak. Den bezalako munduan, alderantzizko munduan, bake unibertsala zaintzen duten lurraldeak beste lurraldeei arma gehien fabrikatzen eta saltzen dietenak dira; banku arriskutsuenak narkodolar gehien garbitzen dituztenak dira eta lapurtutako diru gehien gordetzen dutenak; industriarik arrakastatsuenak planeta gehien pozoitzen dutenak dira; eta ingurugiroaren salbazioa ingurugiroa bera suntsitzen duten enpresen negoziorik bikainena da. Inpunitatea eta zoriona jende gehien ahalik eta denbora laburrenean hiltzen dutenek merezi dute, lanik txikienarekin ahalik eta diru gehien irabazten dutenek eta kosturik txikienean ahalik eta naturaren zatirik handiena sarraskitzen dutenek.

Oinez ibiltzea arriskua da eta arnastea lorpena da alderantzizko munduko hirietan. Beharraren preso ez dena beldurraren preso da: batzuek ez dute lorik egiten ez dituzten gauzek eragindako antsietateagatik, eta beste batzuek ez dute lorik egiten dituzten gauzak galtzeak sortzen dien izuagatik. Alderantzizko munduak lagun hurkoa etsai moduan ikusteko entrenatzen gaitu eta ez promesa moduan ikusteko, bakardadera mugatzen gaitu eta droga kimikoekin eta lagun zibernetikoekin kontsolatzen gaitu. Gosez, beldurrez edo aspertasunez hiltzera kondenaturik gaude, bala galduren batek ez badigu existentzia laburtzen.

Askatasun hori, zorigaiztoko mehatxu horien artean aukeratzeko askatasuna, gure askatasun posible bakarra izango al da? Alderantzizko munduak errealitatea jasaten irakasten digu, aldatzen irakatsi ordez; iragana ahazten, entzuten irakatsi ordez, eta etorkizuna onartzen, imajinatzen irakatsi ordez: horrela egiten du krimena, eta horrela gomendatzen du. Bere eskolan, krimen-eskolan, nahitaezkoak dira inpotentzia-, amnesia- eta etsipen-eskolak. Baina ikusia dago ez dagoela desgraziarik gabeko graziarik ez ifrentzurik gabeko aurkirik ez bere arnasa bilatzen ez duen etsipenik. Ez eta kontraeskolarik gabeko eskolarik ere.

Zenbat hitz ditu euskarak?

Alfontso Mujika

Noizean behin, galdera hori plazaratzen da. Borondate onarekin egindako galdera izaten da, baina galdera inozoa da. Bere horretan erantzun zehatzik ez duen galdera da, baina hor tematuko zaizkizu.

Gaztelaniak eta frantsesak baino askoz gutxiago? jarraituko dute.

Ez dago jakiterik erantzuten baduzu, berehala esango dizute: Begiratu hiztegian. Han jarriko du.

Eta hor hasi behar duzu azaltzen badirela hiztegi mota asko, hiztegiek ez dituztela hitz guztiak jasotzen, badirela hitz asko jada erabiltzen ez direnak eta badirela… Azkenean, kopuru bat eman beharko diezu, lasai utziko badituzu.

Lasai uzteaz gainera pozik ere utzi nahi badituzu, datu hau eman diezaiekezu:

Orotariko Euskal Hiztegiak (OEH) 125.000 sarrera ditu.

Baina zintzo jokatu nahi baduzu, zerbait gehiago ere esan beharko diezu. OEHn sarrera diren hitz asko eta asko (Zenbat? Erdiak, beharbada) sarrera baten aldaera grafikoak dira. Euskararen grafia-batasuna bart gaueko kontua denez, normala da hitz batek aldaera asko izatea. Adibidez, OEHko sarrera hauek guztiak ez dira benetako sarrerak, sarrera baten aldaerak baizik:

aldaerak

Beraz, baliteke OEHn dauden benetako sarrerak 70.000ra ere ez iristea, garai guztietako eta euskalki guztietako hitzak izan arren. Baina, bestalde, OEHn ageri diren hitzak 1970eko hamarkada arteko testuetatik jasotakoak besterik ez dira. Azken berrogei urteotan, euskara idatziaren historiako aurreko guztietan baino askoz gehiago idatzi da, eta, jakina, askoz hitz gehiago erabili dira eta erabiltzen dira.

Gatozen gaur egungo lanetara. Euskaltzaindiaren Hiztegi Batua etengabe handitzen ari da, amaitu gabeko proiektua baita; azken bertsioa aurtengoa da, eta 37.874 sarrera ditu (benetako sarrerak; hau da, azpisarrerak kontuan hartu gabe. Adibidez: abade sarrera da, baina abade egin, abade-etxe eta abade nagusi azpisarrerak dira).

Har dezagun hiztegi elebidun moderno handi bat. Adibidez, Elhuyar hiztegi elebiduna (euskara/gaztelania). Azken edizioak 90.000 sarrera inguru ditu; erdiak inguru, euskarazko sarrerak: 45.000. Eta izen bereziak kenduta, euskarazko 42.000 hitz arrunt inguru izango ditu.

Eta 42.000 sarrera asko dira? Gutxi dira? Begiratu dezagun auzo-hizkuntzetara.

Frantsesez, Dictionnaire de l’Académie française obraren 9. argitalpenak 60.000 sarrera izango ditu amaitzen denean (“resservir” sarreran zihoan 2016ko apirilean). 8. argitalpena 1935ean argitaratu zen, 35.000 sarrerarekin. Hala ere, hiztegi berezia da, ez baitu gaur egungo benetako frantsesa islatzen. Frantsesezko hiztegi deskribatzaile erabilienak Le Petit Robert eta Le Petit Larousse dira. Lehenengoak 60.000 sarrera ditu, eta bigarrenak 59.000.

Gaztelaniaz, erreferentzia nagusia DRAE da, Espainiako akademiaren hiztegia. Azken edizioak 93.111 sarrera ditu; haietatik, 30.000 sarrera inguru amerikanismoak dira.

Eta beste hizkuntza batzuetan? Oxford English Dictionary obrak, adibidez, 300.000 sarreratik gora ditu. Eta nederlanderazko Woordenboek der Nederlandsche Taal obrak, berriz, 450.000 inguru. Baina hiztegi historikoak dira biak, hau da, ez dira gaur egungo ingelesaren edo nederlanderaren benetako isla, garai guztietako hitzak baitituzte.

Itzul gaitezen euskarara. Euskarak zenbat hitz dituen jakiteko modu bat hiztegiei erreparatzea da, baina, gaur egun, bada beste aukera bat: corpusak. Corpusek testu-masa handiak jasotzen dituzte eta informatikoki lematizatzen dituzte (adibidez, testuetan ageri diren etxea, etxean, etxetik… hitzetatik lema bakarra ateratzen da: etxe). Baina, lema ontzat emateko, hiztegi batekin konparatu behar dira hitz guztiak (hiztegietan, lemak dira sarrera); hau da, corpusak bere hiztegiarekin kontrastatu behar ditu lema horiek guztiak (adibidez, aurreko adibideko etxe benetako lema bat dela jakiteko, bere hiztegiarekin kontrastatu behar du corpusak, eta hiztegi horrek esango dio etxe badela euskal hitz bat. Baina fein hitza aurkitzen badu, kontrastatzean, hiztegiak esan behar dio hori ez dela euskal hitza).

Zer gertatzen da, ordea, kontrasterako hiztegian ez dagoen hitz horrekin? Sinplifikatuz, corpusgileak hiru aukera nagusi ditu: automatikoki baztertu, automatikoki onartu edo banan-banan aztertu eta kasu bakoitzean erabaki (azken aukera hori garestia da, jakina).

Hori alde batera utzita, pentsatu behar da corpusak zenbat eta handiagoak izan hainbat lema gehiago lortuko dituela. Hala da, baina corpus baten hitz-kopuruaren eta lema-kopuruaren arteko erlazioa ez da lineala, asintotikoa baizik: corpusetan, zenbat eta hitz gehiago izan, hainbat txikiagoa da lema-kopurua / corpuseko hitz-kopurua ratioa; hau da, gero eta hitz gehiago behar dira lema berri bat aurkitzeko. Adibidez, egun bateko Berria egunkaria hartu eta hitz guztiak (H1) aterako bagenitu, L1 lema (L1 hitz desberdin, alegia) lortuko genituzke corpus horretatik. Hurrengo eguneko Berria egunkaria berriro hustuko bagenu (H2 hitz), L2 lema lortuko genituzke. Bi egunetako Berriarekin osatutako corpusak egun bakarreko corpusak halako bi hitz izango luke (H1 + H2), baina lema-kopurua ez litzateke L1 + L2 izango, lema asko eta asko errepikatuta egongo liratekeelako.

asintotaNolanahi ere, corpusek (orekatuak badira eta informatikoki ondo tratatuta badaude) aski ongi eman dezakete hizkuntza baten hitz-kopuruaren berri.

Gaur egungo euskararen bi corpusik handienak Elhuyar Fundazioaren corpus elebakarra (CE) (124.625.420 testu-hitz) eta EHUren Egungo Testuen Corpusa (ETC) dira (269.200.000 testu-hitz).

CE corpusak 78.475 lema ditu[1], baina, izen bereziak kenduta, 75.000 lema inguru izango ditu. Eta kontrastatutako lemak dira guztiak; hau da, kontrasterako erabilitako hiztegian ez daudenak baztertuta daude.

ETC corpusak 91.884 lema ditu. Ez dakit nolakoak diren corpus horren tripak, baina benetako lemak edo lema «homologagarriak» gutxiago dira. Izan ere, corpus horrek lematzat hartzen dituen hitz batzuk nekez onar litezke euskal hiztegi batean.

Adibidez, badare (badaude / bada ere behar lukeen tokian), newspeak, fein, chinchorro, shave, whiteout, caballero, cuatrolatas, abecedario, acidophilum

Beste batzuk, berriz, badira euskal hitzak, nahiz nekez sartuko liratekeen sarrera gisa euskal hiztegi batean, hala nola abadegarrizko, abailgarrikiro, abuztukotasun, adamkume, abalhartzaile (abal sarreraren azpisarrera litzateke)…

Eta badira beste asko euskara batuaren grafia betetzen ez dutenak; hau da, lema bakarra behar luketenak bi edo hiru lema gisa agertzen dira. Adibidez: abeltzantza, abeltzaintza, abelzaintza; abantxu, abantzu, abantsu; aberatstasun, aberastazun, aberastasun; aberasgarri, aberatsgarri; abelzain, abeltzain; abelzaingo, abeltzaingo; aberaspide, aberasbide; abandono, abandonu; abangoardia, abanguardia; abangoardismo, abanguardismo, abangoardista, abanguardista; aberaska, abaraska; abaniko, abaniku; abaor, ababor; abantailgarri, abantailagarri…  Ez dakit zenbat diren halakoak, baina garbi dago lemak ateratzeko iragazkia ez dagoela behar bezain doitua (euskara batuaren lemak atera nahi badira, behintzat).

Horren ondorioz, 91.884 lema horiek ez dira denak benetako lema. Gainera, gorago azaldutako erlazio asintotikoaren arabera, Elhuyarren CE corpusak, bere 125 milioi hitzekin, 75.000 lema inguru baditu, EHUren ETC corpusak, bere 270 milioi hitzekin, 75.000 lema baino gehiago izan behar ditu, bai, baina ez % 22,5 gehiago.

Konklusioa. Esan genezake, bekatu handirik egin gabe, gaur egungo euskarak 80.000 hitz (lema) inguru dituela. Hala ere, hasieran esan bezala, galdera bezain eskasa izan daiteke erantzuna.

Beste kontu bat da zenbat hitz erabiltzen ditugun egunerokoan. Batzuek aski dute 1.000 hitzekin; hiztun alfabetatu batek 3.000-4.000 erabiltzen ditu, nonbait. Eta ezagutu? Kultura jasoko euskaldun alfabetatu batek 20.000 hitz ezagut ditzake, edo 25.000, oso «berbafiloa» bada (oraintxe asmatu dut hitz hori; ea noiz ikusten dugun corpusetan).

Zenbat hitz ditu euskarak? Asko, zuk nahi dituzun guztiak, maitea.

_________________

[1] Eskerrik asko Elhuyarreko Hizkuntza Teknologien Saileko Iker Manterolari, emandako informazioagatik.

Svetlana Aleksievitx, Txernobylgo ahotsak VI

miel a. elustondo

Ez genuen handik alde egin nahi. Gizonak guztiz edanda zeuden, autoei ematen zieten beren burua. Alderdi nagusiko buruzagiak etxerik etxe zebiltzan, jendeari joateko erreguka. Aginduak: «Ez eraman zeuen gauzarik».

Inork ez digu gehiago adarrik joko, ez gara inora joango. Ez dago dendarik, ez ospitalerik. Ezta elektrizitaterik ere. Keroseno lanpararen ondoan eta ilargipean jartzen gara. Eta gustatzen zaigu! Etxean gaudelako.

Poliziak garrasika ari ziren. Autoetan zetozen, eta gu basoan barrena joaten ginen korrika. Alemanengandik ihes egiten genuen moduan. Behin, fiskalarekin etorri ziren, purrustaka eta haserre, gu 10. artikuluaren azpian jartzera zihoazela. Esan ere nuen: «Utzi horiei niri urtebeteko kartzela ematen. Zigorra bete eta honaxe itzuliko naiz». Beraien lana garrasi egitea da, gurea, isilik egotea. Domina dut –uztabiltzailerik onena izana nintzen etxaldean–, eta bera 10. artikuluan ari da ni izutu nahian.

Halako kazetari batek esan zuen ez ginela etxera itzuli, besterik gabe, ehunka urte atzera joan ginela baizik. Mailua erabiltzen genuen uzta biltzeko, eta igitaia segarako. Asfaltoan bertan jotzen genuen garia.

Unean bertan itzaltzen genuen irratia. Batere albisterik ez dakigu, baina bizitza baketsua da. Ez gara haserretzen. Jendea etortzen da eta kontuak kontatzen dizkigu: gerra da leku guztietan. Eta horrekin batera, esaten digute sozialismoa bukatu dela eta kapitalismoaren azpian bizi garela. Eta berriro datorrela tsarra. Egia da?

Umeak hazten ari dira denak, uztara itzultzeko. Horixe da. Nork berea nahi du. Poliziak itzultzen utziko duen jendearen zerrenda dauka, baina hemezortzi urtez azpiko umeek ezin dute. Jendea itzultzen da eta oso pozik daude beraien etxe aurrean daudelako. Beraien lorategian, sagarrondoaren alboan. Lehenengo, hilerrira joango dira negar egitera, eta familiaren hilobietara. Han ere negar egingo dute, eta errezatu. Kandelak uzten dituzte. Beraien hesietan katigatzen dituzte. Edo hilerriaren hesi txikietan. Inoiz, girlanda bat ere utzi dute etxean. Eskuoihal zuria atean. Emakume zaharrak otoitza irakurtzen du: «Anai-arrebak! Izan pazientzia!».

Jendeak arrautzak, opilak eta zernahi eramaten du hilerrira. Nor bere familiarekin jartzen da. Hots egiten diete: «Arrebatxo, zu ikustera etorria naiz. Etorri bazkaltzera». Edo: «Ama, amatxo maitea. Aita, aitta maitea». Zeruko arimei hots egiten diete, behera datozen. Urte hartan hilak izan dituztenek negar egiten dute, eta aspaldi hilak dituztenek, ez. Hitz egiten dute, eta oroitzen. Errezatu egiten dute denek. Eta errezatzen ez dakitenek ere, errezatu egiten dute.

Literatur kritikaria eta itzultzailea lankide

Karlos del Olmo

Ezin ukatuzkoa da nazioan nazioko edo tokian tokiko literaturak garatzean harreman dialektiko halako bat sortzen dela sormenezko eta itzulpen bidezko literaturen artean, bai eta literatur kritikak, orain artekoan, beregainki, sormenezkoari erreparatu diola ere. Baina hori bezain egia handia da gero eta areago kontsideratzen ari direla literatur sistemen barne antolamendutik globalizatzeraino doazen bideak eta moduak. Mota horretako ikerlanek bestelako dimentsio bat hartzen dute hegemoniko ez diren hizkuntza eta kulturen literatur ekoizpenari gagozkiola, zertan esanik ez.

Hermes Salceda-ren arabera, «itzulpena irakurketa baten idazketa da», eta kontuan izanez gero kritika literarioaren eginkizunetako bat testuak irakurtzen eta ulertzen laguntzeko bidaide izatean datzala, harrigarri samarra gertatzen da ikustea zenbateraino bizi diren elkarren ondoan elkarren albiste handirik izan gabe. Objektuak partekatzen dituzte, baina oso bestelako begirakuneak izaten dituzte.

Literatura (sormenezkoa nahiz itzulia) kritikarik gabe ere bizi liteke. Kritikak, berriz, bizimodu txarra duke jorratu beharreko lehengairik gabe (Borges zenak, beharbada, literatur kritikari ideal bat irudika zezakeen, kritika bakarrean liburu guztien gainean —izandakoak, direnak eta izango direnak— argi egiteko gauza dena, are idazleen edo liburuen beharrik ez izateraino ere). Halere, elkarren beharrekoak dira kritika eta sormena (itzulpena), sinbiosian jardun behar izaten dute, batez ere ikusita itzulpengintzaren «herria» ez dela eremu homogeneo bat: itzultzaileak, argitaratzaileak, idazleak, ikasleak, irakasleak, kritikariak eta ikertzaileak hainbat auzotan edo baserritan bizi izaten dira, eta askotan, ez dute elkar hartzen ia ezertan ere, auzolan gaitza izaten dute. Erdigunea ez ezik, zenbait aldiri ere baditu herri horrek: argitaletxeak, unibertsitatea, ikastetxeak, profesionalen elkarteak, hedabideak, irakurleak, dendak, irakurle klubak…

Errelatoez berba egitea puri-purian dago, alegia, historia bera (?) kontatzeko ikuspegi eta modu elkarren ezberdinez. Eta literatur kritikak literaturaren historia eraikitzeko lehengaian lagundu nahi badu, errelato anitz horietan ezinbestean jaso beharko du literatura itzuliaren gainekoa ere. Kritikariak testuaren gaineko galdera egokia egiten asmatu behar du… eta erantzun bat baino gehiago izan daitekeela onartu ere (itzultzaileak ongi ohi daki jatorrizko esaldia ordaintzeko modu on eta egoki bat baino gehiago egongo dela…). Gauza da, neurri batean, kanonak finkatzeko nahian, kritika totalitario ere bihur daitekeela, eta, sarri ere sarri, testu itzulia ez dela izaten totalitarismoaren laguna.

Kritikak jakinduria sortzen du, itzulpengintzak, oroz gain, praktika, jatorrizkoa emateko trebezia eta senezko jokabide batzuk, mudakorrak haiek denboraren joanean. Kritikak, aldez edo moldez, testua historia bihurtzen du; itzulpenak, aitzitik, etorkizun berriak, unibertso paraleloak eransten dizkio jatorrizkoari, bidea ebakitzen die irakurketa modu berriei, kritikak halako maiteak dituen taxonomietatik urrun. Itzulpenari testua interesatzen zaio alderdi dinamiko batetik, efektu estetikoak sortzen dituen aldetik: kritikariak dena delako efektuaren zergatikoa jakin nahiko du, efektu hori sortzeko modua interesatuko zaio itzultzaileari, xede testuan birsortzeko orientabidea bilatuko du. Eta eremu horretan, oso interesgarri gerta daiteke kritikariaren eta itzultzailearen arteko elkarrekikotasuna. Kritikaren interesekoa da jatorrizko testuaren zentzua (bakarra ote?) finkatzea edo zehazten jakitea; itzultzailearen interesa, kontrara, jatorrizko testu literarioaren anbiguotasunei diren-direnean eustearen bidetik eta desafiotik joango da.

Literatur ikerlanen ikuspegitik, itzulpena idazketaren teoria eta praktika halako bat da: ez du literaturaz teorizatzea helburu itzultzaileak, baina irakurketaren praktika bat behar du, testuan gertatzen diren idazte eragiketen berri emango badu. Idazteko praktikan ere jardun behar du itzultzaileak, irakurtzean hauteman dituen egiturak birsortu ahal izateko.

Zer eman diezaiokete elkarri kritikariek eta itzultzaileek? Literatur teoriak itzultzaileari esan diezaioke zein berezitasun duen testu idazkuntza jakin batek. Hortaz, jakinduria filologikoa baino, irakurketa prozedura batzuk eman diezazkioke, testu bakoitzaren idazketa prozedura berezietara hurbiltzeko lagungarri. Itzultzaileak, ordainez, testua irakurketa berrietara eramango du, dinamikotasuna erantsiko dio testuari; kritikak, dena dela haren joera, testua finkatzea izaten baitu helburu nagusi, zelan edo halan.

Ezin ukatuzkoa da literatur ikasketek eta kritikek beti begiratu izan diotela halako mespretxu aire batez itzulpenari, praktika subsidiariotzat jota, lehenari bigarrenaren informatzailea izatea dagokiolakoan, itzultzaileari berridazle eta idazle adituaren eginkizuna ia aitortu gabe. Alde horretatik baino ez da ulertzen, sarritan, itzulpenaren kritika ustezko itzulpen akatsen katalogo bihurtzea. Baina elkarlan ederra egin dezakete literatur kritikariek eta itzultzaileek, elkarri testu literarioa hobeto ulertzeko jakinduriak emanda, testu baten estiloak sortzen dituen itzulpen zailtasunek bide berriak eman dizkioketelako kritikariei, eta kritikak azterturiko eta sailkaturiko estilo ezaugarriek nabarmen erraz diezaiokete eginkizuna itzultzaileari.

Azkeneko urteotan, Meschonnic-ek eta Steiner-ek ebakitako bidetik, eta Itamar Even-Zohar-en polisistemaren teoriari esker, itzulpenari bestela begiratzen hasi da kritika. Adibidez, Even Zoharrek itzulpengintzari buruz egindako ikerketen arabera, kulturen barneko arauen ondorio izan daitezke jatorrizko testuen eta itzulitakoen arteko aldeak. Hala, itzulpengintza ikasketa filologikoetan bazterreko arlo izatetik harreman interkulturalen ikerketarako gune muntadunak izatera igaro da. Itzulpena errenta da sistema literarioen funtzionamendua eta bilakabidea aztertzeko jokoan.

Ondorio soziopolitikoak ere baditu ikerlerro horrek: kultur praktikak planifikatzearen ingurukoak —itzulpen politika ere barruan dela—. Hala, bestelako garrantzia hartzen du gutxiengoek eta gehiengoek errekurtso kulturalak kontrolatzeko elkarren aurka duten borrokak, bai eta erdigune eta periferia direnen arteko erlazio arazoek ere.

Ildo horretatik, ikerketaren xedea ez litzateke testua, produktu kulturaltzat hartuta, kultural osagai jakin horien ekoizpena baldintzatzen duten kultur eredu dinamikoak baizik. Guztiarekin ere, oraindik nagusi izaten dira sorburu kulturatik xede kulturara doan ikuspegia, eta ez alderantzikoa, bestela esanda, itzulpenek kultura hartzaileak aberasteko moduari erreparatzen diote batez ere ikertzaileek. Itzulerako bidea ez da hain ohikoa, baina iraultza moduko bat sor lezake itzulpena sorburu kulturako irakurbideak berritu eta aberasteko baliabidetzat hartzen duen teoriak. Itzulpen kritika molde berri bat litzateke hori, eta itzulpenaren epaiketa zorrotza egitetik jatorrizkoaren eta itzuliaren arteko distantzian jatorrizko testuaren alde ezkutuak ageriago jartzera pasa liteke. Horren kasu paradigmatiko bat genuke polisistema frantsesarena: berbeta horretara itzulitako literatura errusiarrak ospea erantsi zion jatorrizkoari, bai eta beste hizkuntzetara itzulia izateko bidean jarri ere. Aldi berean, polisistema frantsesa aberatsago bihurtu zen.

Hortaz, ikergai berriak sor daitezke: testua aukeratzeko metodoa; itzultzailearen editoreak edo mezenak aukeraketa horretan izan duen eginkizuna; itzultzaileak testu itzulian erabilitako irizpideak, eta xede sistemak testu itzuliari eginiko harrera. Onartuz gero testuak ez daudela hutsean zintzilik edo isolaturik eta badagoela mugakizun testual eta estratestual balbe bat, bestela esanda, badirela itzuliaren erabakiak nolabait baldintzatzen dituzten manipulazio prozesu batzuk, oso bestelako ikuspegia zabaltzen da itzultzaileen eta kritikarien edo ikertzaileen arteko elkarlanerako. Koldo Mitxelenak esan bezala: «besterena nuen neuregana».

Tren-tren 3: Euskotren trena edo itzultzaileon menpekotasuna

Bakartxo Arrizabalaga Labrousse       

Tren-tren zer izan zitekeen galdetu nuen Tren-tren 1 artikuluan; hiru erantzun jaso nituela adierazi nuen Tren-tren 2an, hiru arrapostuetan balizko hitz hori bakoitzak bere gisara ulertzen zuela azalduz.

Nire hiru mintzakideon erantzunak ikusiz, egiaztatu nuen (zientifikotasunaren mailetara heldu nahi gabe, noski, lagin eta istorio horiek tarteko) ene buruarekin nerabilena, hau da, tren-tren hori ez zela –momentuz– ezer euskaraz edo, bestela esanda, euskaldunontzat.

Baina horra orain hor balizko ez den tren-tren horren nire ia eguneroko bizipen pizua: «Euskotren trena».

Gaztelaniaz idazten duen iragarki egileak komunikazioa, eragin lasterra, inpresio bat xerkatzen du eta horretarako ez du dudarik egiten gaztelania modu bizi eta jostarian erabiltzeko; hala gertatzen da «Ven en Euskotren» (Papá ven en tren) edo «Pásate a Euskotren» esamoldeetan, beste hainbat eta hainbat produktutako iragarki anitzetan gertatzen den bezala. Bestela da gaztelaniaz sortu joko horiek euskaraz eman behar direnean. Zeren esan beharrik ez da, noski, iragarkia ez da, ia inoiz, euskaraz sortzen. Jostaria izatea gaztelaniazko sortzaileari dagokio eta gero, bigarren egiteko bezala eta maiz baino maizago, bigarren mailako bezala, euskarazko ordaina edo ordain modukoa bilatzen zaio gaztelaniazkoari. Iragarkia asmatzean bilatzen ziren bezeroekiko harreman arin haiek, bezeroa zuzen eta laster jo nahi hura, ez da jadanik lehen-lehen asmoa; beste betebehar batzuk gailentzen zaizkio lehen asmo horri, bezeroarekiko harreman horiek batzuetan guztiz itotzeraino, tren-tren honetan bezala. Gramatikalkeria ageri da hor. Begiak erakarri nahi zituen molde jostakina itzulpena agindu eta ordainduko duenaren menpean eta jatorrizko hizkuntzaren menpean den itzultzailearen betebehar ilun bihurtu ohi da eta horrek zama gehiegi ekartzen dio testuari komunikazio zereginetan arin gertatzeko.

Baina zein trenetan zebiltzan gure zaharrak, euskotren trenean ala euskotrenean?

Gure oraingo euskal trenbidea ez zaio jadanik lehengo trenbide zaharrari jarraitzen; euskotren trenbide bilakatu da edo Y-trenbide noragabeko.

Jatorrizko hizkuntza nagusira itzuliz: el tren, el euskotren y la Y griega vasca.

Hori bai, «los vascos» orain «euskotren»  omen da eta «el vascuence» «el euskera». Beharrik gaztelania euskara ikasten ari den!

Batuak bereiziko gaitu

Iñaki Segurola

Gure hiriburuetako batean gertatu da. Bertako seme bat, nere laguna, aspaldian ezbaika-moduan ibili da emakume batekin, harreman baten luzakizun edo deskontuko denboran bezala. Nere laguna libertate haundi xamarrean ibili da, eta emakumea, aldiz, zain bezala, ea besteak ze joera aterako, eta zirt-edo-zart egin nahian eta ezinean. Nere lagunak egiten duen euskara bakarra batua edo batu-antzekoa da, eta emakumea, berriz, herri koskor batekoa da eta erdara bigarren hizkuntza moduan bizi izan duena beti (nere modutsukoa, horretan). Zer gertatu da? Emakumeak, esan ohi den bezala, beste bat ezagutu duela, eta gustatu, eta laketu, eta maitemindu eta horiek denak gertatu, eta zer egin du? ba, nere lagunari despeida eman… eta hizkuntza aldatu, alajaina! Eta hauxe da ixtorio hau hona ekartzeko daukadan arrazoia, jakina.

Beren arteko hitzezko jardunean emakumeak bere herriko hizkeran hitzegin dio nere lagunari, baina oraingo honetan batuan esan dio esan beharrekoa, eta uaxapetik adierazi dio, gainera, zein den egoera berria. Harritu da zeharo gure gizona, eta pentsatu du ez zela benetan ariko emakumea, ez baitzen hura haren ohizko mintzatzeko modua[1], baina kontua zen oso benetan eta izugarri benetan ari zela, eta benetan ez ezik, «serio eta beltz» ari zela, guk esan ohi dugun moduan. Ez zituen emakumeak sobera zaindu manerak, hala pentsa daiteke, baina ez: manerak ongi zainduak zeuden nonbait; beren arteko aferak nola iragan ziren ikusirik eta sentiturik, despeida edo etenaren berri berariaz eman dio gizonari izan litekeen erarik hotz, motz eta lehorrenean; hau da: batuan eta uaxapetik.

Gure ixtorio honetan batuak etena adierazten du: bukatu dira nere igurtziak eta larrua; ez naiz zure aurrean gehiago erantziko; ez dizut emango oraindainoko gauzarik, eta bereziki edo guri hemen axola digun alderditik, ez dizut erakutsiko eta ez dizut emango nere benetako hizkuntzarik ere. Emakume honentzat, nere modukoentzat eta beste bakarren batzuentzat, batua eutsitasuna eta estalitasuna da, eta jantzitasuna ere bai: hizkuntza jantzia, hots, erantziaren kontrakoa; hizkuntza jasoa, hots, beheko zeren kontrakoa.

Desamodiozko ixtorio honetan bezala, uste dut esan daitekeela batua guretzat (euskarak gaurdaino bizirik iraun duen herrietako jendearentzat) etenaren hizkuntza dela; herriaren eta herriko hizkuntza baztertu eta Akademiaren eta Akademiakoa besarkatzea eten haundi xamarra da, inondik ere, eta erdi-ontzat jo baldin badugu (eta erabili ere egiten badugu, adibidez, hau bezalako tokietan), hori da etenik serioena eta beltzena erdara delako guretzat, eta batua gaitzerdi moduan hartzen dugulako, eta txarragoak ontzen duelako txarra. Gure gogo edo sentipentsaeran, euskarazko herri batean jaiotako batek hizkuntzaren aldetik egin dezakeen bekatu itsusiena da bere umeari erdaraz egitea, baina horren ondoren dagoen itsuskeriarik latzena da umeari batuan egitea. Etorkizun xerio baten izenean egin izan da eta egiten da gure artean umeari erdara hutsa edo batu hutsa opa izate hori; hau da: ez herriaren hizkuntza, baizik-eta Estatuarena (erdara) edo Akademiarena (batua).

Nere andre-lagunari[2] egin diot galde ea nola emango lidakeen berak gure artekoaren balizko etenaren berri «aldebakarrekoa», eta erantzun dit berak ere batuan egingo lukeela, eta gainera zuka. Esan beharra daukat guk ez genuela egin gure herrietan gehienek egin izan duten bidea edo mudantza, hots, elkarrekiko asuntoa mamitze edo sendotzearekin batera hika egitetik zuka egitera pasatzea. Batuan egitearekin gertatzen den modu samarrean, zukako hizketak binakako asuntoaren seriotasuna adierazi edo salatuko luke gure herri-giroan.

Euskaraz egitea ez zen gauza serioa. Gaur, batuari eta zuka orokortuari eskerrak, gauza oso serioa izan daiteke, eta da.

Biziari seriotasuna eta belztasuna kendu nahia egongo da beharbada guk batuarekin daukagun harreman neurotiko maite-gorrotozko honetan.

_____________

[1] Bere herriko hizkeratik batura koska haundi xamarra dago, zeren gure emakumea —esan egin beharko dugu— Bizkaiko Txorierrikoa baita.

[2] «Neska» edo «neska-laguna» deitzea arinegia egiten zait, eta «andrea», berriz, astunegia edo serioegia. Horregatik «andre-laguna».