Yogaz euskaraz II

Estitxu Irisarri Egia

Yoga saioak euskaraz eskaintzen dituen jendea ere malabarista da, erdarazko formazioa eta bibliografia euskaratzeko eta euskaraz eskaintzeko ahalegina sarritan sirsasana (Wikipedian euskarazko sarrera falta zaigu bide batez) baino konplexuagoa izaten baita. Jardun horretan noizbait ibili behar izan dugunok badakigu zenbat denbora eskatzen duen arnasketen, bisualizazioen, asanen azalpenen, meditazioen, filosofiaren, teologiaren eta bestelakoen itzulpenak.

Noski, jarduera eta zeregin horietan beti dira lagungarri euskarazko eta euskaratutako lanak eta gaurkoan eskerrak eman nahi dizkiet yoga euskaraz eskaintzeko abenturan murgildutako guztiei eta batez ere yogaz euskaraz aritzeko aukera ematen diguten irakasleei, idazleei, itzultzaileei, musikariei eta beste hainbati.

Era berean, bilketa-lana eta sintesitxo bat ere ere izan nahi du sarrera honek, batez ere euskaratzeko zailtasuna dutenentzat, iritsi berrientzat edo gaiaz zertxobait gehiago jakin nahi duenarentzat. Bilketa-lan hau Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarean eskuragarri ditugun lanetara mugatuko dut, nahiz eta hainbat argitaletxetan, sareko zenbait webgunetan eta plataforma batzuetan ere aurki ditzakegun bideoak, audioak, blogak, elkarrizketak, artikuluak eta abar.

Baliabideak bilaketa egiteko erabilitako Buda, budismo, erlaxazio, hinduismo, meditazio, yoga hitzen arabera sailkatu ditut zerrenda honetan:

โ‡’ Buda hitza bilatuta:

  • EIZAGIRRE PORTILLO, Jexux (2021). Bizitzeko irrika: Hango eta hemengo ipuinak motxetik hasita, Hernani: Jexux Eizagirre Portillo.
  • RIBEIRO, Joao Ubaldo (2003). Buda zoriontsuen etxea. Karlos Zabala Oiartzabal (itzul.). Tafalla: Txalaparta.
  • HESSE, Hermann (2014). Siddhartha. David Lindemann eta Irati Trebiรฑo (itzul.). Donostia: Erein / Iruรฑea: Igela.
  • DONNELLY Brendan eta FUENTES Beรฑat (2013). Te-uhinak [Soinu-grabazioa]: Music inspired by China field recordings. Soraluze: Gaztelupeko Hotsak. Bildumarako lotura.
  • Zauria (2023). Zauria [Soinu-grabazioa]. Donostia: Bidehuts. Webgunerako lotura.

โ‡’ Budismo idatzita:

  • MAHATHERA, Nyanatiloka (2007). Budaren hitza. Kepa Egiluz eta Iรฑaki Ugalde (itzul.); Joxe Arregi (koord.). Amorebieta-Etxano: Ibaizabal.
  • ORELLA UNZUE, Jose Luis eta VEGA, Iรฑaki (2011). Budismo y respeto: espacios para el respeto (testua euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez omen da). Donostia: Fundacion Respeto.
  • RODRIGUEZ BORNAETXEA, Fernando (2020). Mindfulness: arreta kontzientea, jakinduria lortzeko zuzeneko bidea. Joseba Urteaga eta Joxemi Hernandez (itzul.). Donostia: Baraka.
  • OSABA, Jose Antonio (1997). Tibet: bakea eta askatasuna (1997). HAEEko Itzulpen Zerbitzu Ofiziala.
  • VILLALBA, Dokusho (2008). Zen tradizioko idazki hautatuak. Kepa Egiluz Bergara (itzul.), Joxe Arregi (koord.). Amorebieta-Etxano: Ibaizabal.

โ‡’ Erlaxazio bilatuta:

โ‡’ Hinduismo hitza jarrita:

  • EZKIAGA, Patxi (itzul.); EGILUZ, Kepa (berrik.); ARREGI, Joxe (koord.) (2009). Bhagavad Gita.ย Amorebieta-Etxano: Ibaizabal.
  • PELOT, Mayi (1992). Hinduismoa: monoteismo mila aurpegiduna. Baiona: Maiatz.
  • EZKIAGA, Patxi (itzul.); EGILUZ, Kepa (berrik.); ARREGI, Joxe (koord.) (2010). Upanishad hautatuak. Amorebieta-Etxano: Ibaizabal.

โ‡’ Meditazio idatziz gero:

  • EIZMENDI, Maite (2019). Jabetuz [Soinu-grabazioa].
  • GOIA, Josu (2007). Josu Goiaren filosofia larrugorritan [Soinu-grabazioa]. Berako Udala.
  • LIZARRALDE, Mikel (2011). Meditazio bideratua [Soinu-grabazioa]. Donostia: Rec Records.
  • MORILLO GRANDE, Fernando etaย SANCHO, Susana (2018). Meditazio ipuinak gazteentzat. Irun: Gaumin.
  • MORILLO GRANDE, Fernando etaย SANCHO, Susana (2018). Meditazio ipuinak haurrentzat. Irun: Gaumin.
  • SANCHEZ, Vanessa (2017). ยซMeditazio espresa: oporretan iluminazio bilaยป, 7 haizetara, 100: 18-25.

โ‡’ Yoga bilatuz gero:

  • IGERABIDE, Juan Kruz (2009). Elurra sutan. Irun : Alberdania.
  • Gorputzarekin [Bideoa] (1999). Vitoria-Gasteiz: Artez.
  • GISASOLA ZALDUA, Ana (2015). Indarra zure baitan dago. Roquetas de Mar: Circulo rojo.
  • DEZE, Ulrika (2013). Kika yoga egiten. Aiora Jaka Irizar (itzul.). Donostia: Ttarttalo.
  • EZKIAGA, Patxi (itzul.); EGILUZ, Kepa (berrik.); ARREGI, Joxe (koord.) Patanjaliren Yoga Sutrak (2011). Amorebieta-Etxano: Ibaizabal.
  • ARMENDIA, Jose Luis (2009). Yoga aulkian. Donostia: Hiria. 2009.
  • AGIRRE BEITIA, Roman (2003). Yoga eta erlajazioa. Deba: Debarroko Euskara eta Kirol Zerbitzuak. Sarean eskuragarri.

Sagarra manzana

Anjel Lertxundi

I

Angel Erroren azken liburuaren tituluak (Itzulpena-Traducciรณn) itzulpengintzari buruzko saiakera bat iradoki dio liburu-dendan sartu berri den bezeroari. Liburua zabaldu du. Hitzaurre labur baten ostean, hiru aipu. Lehendabizikoa, euskal tradizioko pieza bat: ยซSagarra, manzana; ikatza, carbรณn; mujer, andria; hombre, gizonยป. Ume kanta erritmiko bat da, bi hizkuntzetako hitzekin osatutako itzulpen xalo, sinple, primitiboa. Hitz arrunten itzulpen-jolas bat.

Bigarren aipua, luzea, W.H. Auden poeta britainiarrarena da; neketsua egin zaio bezeroari, urruti dago sagarra manzanen jostakaritik:

ยซIt is conceivable that a genuine bilingual poet might write what, to him, was the same lyric in two languages, but if someone else were then to make a literal translation of each version into the language of the other, no reader would be able to recognize their connectionยป.

Liburu-dendako bezeroak ez badu Audenen aipua gaizki ulertu: pentsatzekoa da poeta elebidun bat badela gai poema bat bi hizkuntzetan emateko. Baina hirugarren batek bertsio bakoitza itzuliko balu hitzez hitz, ezein irakurle ez litzateke gai izango bien arteko lotura hautemateko.

Liburuaren atariko hirugarren aipua Antonio Casado da Rocha errenteriar filosofo eta poetaren Esku ezkerraz liburutik hartua da (Utriusque Vasconiae, 2011). Aratza da, ez du glosa baten premiarik.

ยซZorionekoak laugarren hizkuntza ikasten ari zaretenok,
poesia zer den ikasi baituzue.
Zorionekoak hirugarren hizkuntza ikasten ari zaretenok,
elebidunak baitzarete.
Zorionekoak elebidunok,
mundua izendatzeko bi maneretan partaide baitzarete.
Baina zorigaitza zuei, elebakarrak; zuentzako kalteยป.

Liburuaren izenburuak โ€•Itzulpena-Traducciรณnโ€• itzulpenari buruzko tratatu baten aurrean gaudela ematen du bete-betean. Baina Errok atarian emandako hiru aipuetako poesiari buruzko erreferentziak dira muina. Eta liburuaren egilea poeta bat da, bezeroak ezagutzen du haren poetika, ezagutzen ditu Erroren esperimentu poetiko batzuk: bi urte eskas dira bezeroak Erroren Poema liburu bat โ€•irakurtzeko jarraibideakโ€• azpimarrez eta oharrez bete zuela. Beste hiruzpalau urte dira Antonio Casado da Rocharen Ezker eskuaz poema liburua irakurri zuela, eta ganoraz bezain gustuz irakurri zuela Errok idatzitako hitzaurrea ere.

Bezeroak liburua erosi du.

II

Liburuaren izenburuak eta atariko hiru aipuek Angel Erroren lanaren nondik norakoa iradokitzen dute, baita pista lanbrotuak barreiatu ere. Irakurlearen arreta erakartzeko baliabideak dira: Itzulpena-Traducciรณn ez da inondik ere itzulpengintzari buruzko tesi edo ikerlanakademiko bat, ezta kale-baleko saiakera bat ere. Angel Erroren Itzulpena-Traducciรณn testua idazle elebidun baten tractatus poetiko bat da bete-betean, hausnarketa eta aktibitate artistiko bat bi hizkuntzen edo gehiagoren arteko harreman eta zurrunbilo beti berrituen igeriketan, garrantzi betea emanez poesiaren eta itzulpenaren arteko harremanari. Elebitasunari etekin estetikoa atera dion hizkuntza bat izan da euskara tradizionalki (sagarra-manzana da adibiderik xume bitxiena), eta, hortik abiaturik, formula desberdinak baliatuta, oso da interesgarria elebitasunaren kontzientziak estetikan eragin ditzakeen planteamenduez, bide-gurutzeez, lorpenez eta bide berriez hausnartzea.

Demagun lehendabiziko poema; ezker orrialdekoak Ispilua du izena, Espejo du eskuinekoak. Bi poemen abiapuntua eta muina โ€•argia eta irudiak islatzen dituen kristal-klasearen efektu bisualaโ€• berdinak dira bi hizkuntzetan, baina desberdina da poetak atera dien etekina hizkuntza batean zein bestean. Ispilua gaztelaniaz emana dago; Espejo, euskaraz. Gaztelaniazko testua zorrotz trinkoa da; euskarazkoa, aldiz, konkretuagoa. Irakurleak gai berari buruzko bi poema desberdin irakurri ditu, euskaraz bata, gaztelaniaz bestea. Gozamen poetikoa jasotzeaz gainera, ondorio bat baino gehiago atera dezake elebitasunaren talaiatik, itzulpengintzaren errealitate desberdinetatik, hizkuntza ahulenaren flakietatik, hizkuntza nagusiaren estetikak hizkuntza menostuetan eragiten duen diglosiatik, Errok hainbat poemetan jariatzen duen ironiatik. Bi poemek berdina zuten muina, baina desberdina da emaitza, bi poemen arteko antza ez dago sortutako testuetan, haien abiapuntuan baizik: poetaren intuizio bakarra bi testu desberdinetan emantzipatu da.

Hurrengo bi orrialdeetan ere, halatsu: ezker orriko poemak Caos personal du izena, Kaosaren eragina eskuinekoak. Humus beretik sortuak eta giro berdintsukoak dira bi hizkuntzetan emandako bi poemak. Hurbil daude elkarrengandik.

Gainerako poema bikoitzak ere ezker-eskuin doaz parez pare, gai interesgarri bat ardatz hartuta โ€•bakardadea, heriotza, sufrimendua, maitasuna, galera, ustekabeaโ€ฆโ€•, baina bi hizkuntzetan eta garapen desberdinekin. Bi orri, bi poema. Salbuespen bat kenduta, ordea, liburuaren nahiko hasieran: ezkerreko orrian Nada izenburua daraman poema Patria, verdad, arte, poesรญa hitzekin hasten da eta lau lerro ditu; euskarazko bertsioak, ordea, bi orri oso hartzen ditu eta hamalau silabako berrogeita lau bertso-lerro, eta Aberria, egia, ertia, poesia du izena. Luzeran oso desberdinak izateaz gainera โ€•liburuaren diseinu beti bera eteterainoโ€•, edukiek ez dute elkarren ageriko antzik. Erroren bapateko sorpresa horietako bat da ironiaren eskutik, irakurlea errutinatik ateratzera beharturik izenburuetatik hasita: Nada dio batek, Aberria, egia, ertia, poesia besteak.

Hortik aurrera, pixkanaka-pixkanaka, ezker-eskuineko orrialdeetan dauden bi poemak urruntzen joango dira, ez beti eta ez erabat, elkarrengandik; urrundu edo desberdindu egingo dira izenburuak, urrundu edukiak ere, eta luzerak, eta keinuak, baina askotan dago elkarren arteko loturaren bat: gaia, tonua, giroa, ironia, memoria literarioarekin lotutako espresioren batโ€ฆ

Eta III

Material guztia hiru atal nagusitan banatua dago. Itzulpena izenekoan, euskaraz daude ezkerreko orrian, gaztelaniaz eskuinekoan. Traducciรณn izenekoan, alderantziz: gaztelaniaz lehendabizi, euskaraz gero. Hirugarren atalean, berriro euskaraz lehendabizi eta gazteleraz gero, baina izenburuak beste hizkuntza batzuetan daude, elebitasunetik aniztasunera garamatzate italierak, latinak, frantsesak, portugesak, ingelesak, beste kultura batzuetako leihoak zabalduzโ€ฆ

Nekez imajina daiteke itzulpenik gabeko mundurik. Nekez imajina daiteke poeta euskaldun berrien esperientzia estetikorik gabeko (Gabriel Aresti, Mari Luz Esteban, Angel Erro, Antonio Casado da Rochaโ€ฆ) euskal lurralde poetikorik.

Amorrazio istorio bat

Uxue Rey Gorraiz

Jaiegunak astearen zer egunetan egokitzen diren, eta Iruรฑean betiere, esana da zubia bainoago akueduktua sortzen dutela abendu hasierako opor egunek. Bereziki halakoetan, kolpez desagertzen dira kazetariontzako deialdiak. Astebetez-edo, apenas izaten da deus agendan: ez prentsaurrekorik, ezta bestelako aurkezpenik ere. Eta, ondotik ere, ez pentsa, kostata jartzen da hiria berriz martxan โ€•zerbaitengatik da ezaguna esamolde hau: ยซLan gutxiago egiten duzu iruindar batek abenduan baino!ยปโ€•. Edonola ere, itzuli itzultzen da lanerako sasoia, jakina.

Espero bezala, ailegatu zaizu deialdi bat emailera. Egiari zor, ordurako eginak zenituen zenbait kalkulu, eta espero zenezakeen aste horretantxe deituko zutela prentsaurreko horretara. Eta, zertan ezkutatu: espero bezala, mezua erdara hutsez dago idatzia. Kurioski, aipagai duten egitasmoaren izena da euskarazko hitz bakar-bakarra emailean. Nafarroako Gobernuak antolatutako ekimena da.

Heldu da eguna, joan zara prentsaurrekora, puntual, eta pozik agurtu duzu aspaldi ikusi gabea zenuen lankide hura โ€•irrati kazetaria da beraโ€•. ยซNolatan zu hemen?ยป, galdetu diozu harrituta, eta laster batean eman dizu aurreko hilabeteetan izandako aldaketen berri, eta kontatu kulturan arituko dela aurrerantzean, aldi baterako behintzat, zu bezalaxe.

Elkarren ondoan eseri zarete. Ziztuan, hurbildu zaizue eskuetan karpeta bat daukan gizona โ€•komunikazio arduraduna?โ€•, eta, behin konprobatuta kazetariak zaretela, prentsa ohar bana eman dizue. Segidan, betiko moduan, diagonalean irakurri duzu entregatu berri dizun testua, eta, hara, ohartu zara jaso duzuna gaztelaniazko bertsioa dela. ยซEuskarazkoa emanen, faborez?ยป, eskatu diozu, atsegin, eta, atseginez, edukazio handiz erantzun dizu hark ezetz. Sentitzen duela baina astirik ez dutela izan euskarazkoa inprimatzeko, baina bidaliko dizula emailez gero. ยซAdosยป.

Hasi da prentsaurrekoa. Hiru hizlari dira mikrofonoen parean, eta franko poztu zara erreparatu diozunean ertzetako batean eserita dagoenari. Haren aurpegiera ezaguna egin zaizu, eta oroitu duzu udan egitasmo berberak antolatutako agerraldi hartan zeure atzean izan zela eserita, eta ondotik izan zenuela halako hizketaldi atsegin bat harekin, eta euskaraz egin zenutela biek. Are gehiago: gogoratu duzu harexek nabarmendu zizula egitasmoaren aurtengo aldian partaide gehien-gehienak direla euskaldunak. Eta, pentsa zer inozokeria, baina orduan aski motibo sentitu dituzu zera esateko zeure kolkorako: ยซPrentsaurrekoa izan daiteke, bada, elebidunaยป.

ยซEgun onยป, ahoskatu ditu lehenbiziko hitzak Nafarroako Gobernuko ordezkariak, euskaraz, eta luze aritu da tartarrean erdaraz gero. Eta, gidalerroren batean idatzia balitz bezala, berdin-berdin egin dute besteek ere. Gaztelania hutsez egin dute agerraldia segidan, oso-osorik, ondotik jakin badugu ere hizlarietako bakarra ez, baizik eta bi direla euskaldunak. Hori gutxi balitz, bertan entzule ziren zenbait herritarri ere eman diete hitza, batera edo bestera badutelako loturarik egitasmoarekin, eta haien ahoetatik ere ez da atera euskarazko hitzik batere. Ohartarazpena: inork pentsa lezake areto hartan apenas zela euskaldunik; eta bazen, bai.

Pasea da kasik ordubete. Berez, prentsaurrekoa bukatu bezain laster egin nahi zenuke alde, lanak aurreratzen hasteko, baina, derrepentean, gogoratu duzu oraindik ondoan duzula irratiko lankidea, formal-formal. Eta, zuk agian ez duzu aparteko premiarik, moldatu zintezke horrela ere, baina nola demontre moldatuko da bera euskarazko hitzik grabatu gabe?

ยซยฟLos periodistas tienen alguna pregunta?ยป. Eta altxatu du eskua lankideak, argitzeko ยซeuskaraz erantzutekoยป galdera pare bat nahi liekeela egin. Ez zaituztet gehiegi nekatu nahi, laburbilduko dizuet ordutik aurrera gertatutakoa: hizlariek ederki eman zituzten kazetariak eskatutako esplikazioak, baina, egiari zor, haiek hizketan hasi eta berehala hasi nintzen ni zenbaiten urduritasuna sumatzen. Hona hemen errematea: bigarren galdera egiteko imintzioa egin zuen kazetariak, eta ordura arte ikusia ez nuen gizon bat hurbildu zen gugana โ€•arduraren bat bazuenโ€•, bizi-bizi, eta hau esan zigun ahapeka โ€•horrela oroitzen dut behinik behinโ€•: ยซAizue, zergatik ez dizkiezue galdera horiek geroxeago egiten, banan-banan haiengana hurbilduta? Ez dakit komeni den orain prentsaurrekoa gehiago luzatzea, jendea zain izateaโ€ฆยป.

Esanen nizueke ez nik ez nire lankideak ez genuela gogorik borrokarako. Horregatik eman genuela amore. Baina gauza bat da esandakoari men egitea eta beste bat horrez gain konforme plantak egitea. Horregatik, bai, gizon horrek ยซaginduยป eta berehala bukatu zen ofizialki prentsaurrekoa, ordubeteko gaztelaniazko hizketaldiaren ondotik euskarak ez zezan enbarazurik egin. Baina esan nien, jakina. Esan nien ez zitzaidala normala iruditzen, batetik, gaztelania hutsean aritzea, are euskarazko hedabideetako kazetariak direnean aretoan. Bestalde, esan nien โ€•ezin izan nion gogoari eutsiโ€• euskarazko prentsa oharrik inprimatzeko astirik ez edukitzea ere ez zitzaidala txukuna iruditzen. Haren erantzuna, hitzez hitz: ยซGutxi daramazu ofizio honetan, ezta? Halako asko falta zaizkizu, neska!ยป.

Funtsean, halako amorrazio batek bultzatutako kontakizuna da hau. Eta aitortuko dizuet nik ere badakidala ez dela hau kasu bakarra, eta, are gehiago, gizon horrek gogorarazi gabe ere badakit zientoka aldiz gertatuko zaidala aurrerantzean ere. Gainera, lehendik ere haserretu naiz halakoekin. Hori bai: euskararekiko utzikeriak haserretu egiten nau, baina harrokeriakโ€ฆ horrek sutan jartzen nau. Izatez, joan dira asteak ordutik, eta ez zait kostatzen onartzea biharamunean izan nintzela agerraldi hartan zenetako bati idaztekotan barkamena eskatzeko, akaso une batean zakar aritu nintzelako. Tira, azkenean ez nuen eman pausoa. Metxa laburrekoa naiz, baina haiek piztu zuten sua.

Eta hau guztia zertarako kontatu zuei? Bueno, behintzat bistara izan dadin euskarazko hedabideetako kazetariok izaten ditugun traben adibide bat gehiago. Gainera, hau berdin gertatzen da izan Iruรฑean, izan Donostian edo izan Bilbon โ€•badaezpadaโ€•.

Eta itzulpengintzari loturik, zer gehiago esan? Bada, kontatuko dizuet, euskarazko prentsa oharrik banatu ez zidatenez gero, eta presak estututa, hala moduzko itzulpen bat egin nuela egun hartan. Eta egunkariko zuzentzaileei esker plazaratu zela artikulua txukun gero. Haien laguntzarik gabe oraindik ere ez nekike Rada ez, baizik eta Arrada dela Nafarroako herriaren euskarazko deitura. Eta berdin Oteizarekin: Oteitza omen.

Interpreteak eta orekariak

Claudia Torralba Rubinos

2023ko sarrera batean, Maitane Uriartek interpretazioaz gutxi dakien edonori otu dakiokeen galdera bati erantzun zion: Zer gertatzen da interpretearenย burmuinean? Neurozientziara metafora ulergarri eta gozagarrien bidez hurbilduta, azaldu zigun interpreteen burmuinek orkestra sinfonikoetako zuzendariek bezala funtzionatzen dutela, eremu askoren jarduera koordinatu behar dutelako, aldi berean jotzen duten musikariak koordinatu behar diren bezala.

Gaurko sarrera honetan ere interpreteek koordinatu behar dituzten jarduerez arituko naiz, baina interpretazioaren ikasketetan aski ezaguna den Orekarien Sokaren hipotesitik abiatuta. Hipotesiaren egilea Daniel Gile da, eta Maria Arrutik ekarri zuen euskarara Basic concepts and Models for Interpreter and Translator Training liburuaren euskarazko itzulpenean (Oinarrizko kontzeptuak eta ereduak interpreteen eta itzultzaileen trebakuntzarako)[1].

Abiapuntua oso sinplea da: gizakion prozesatze-gaitasuna mugatua da. Denoi gertatzen zaigu, multiataza izan nahi dugun arren, muga bat, tope bat daukagula. Momentu batean, โ€œitxaron, mesedezโ€ esan eta esku artean daukaguna utzi behar dugu beste zerbaiti kasu egin ahal izateko.

Interpreteen burmuinak ere berdin-berdin funtzionatzen du. Kontua da interpretatzea jarduera kognitibo konplexua dela, eta, ondorioz, Orekarien Sokaren hipotesiaren arabera, interpreteek beti egin behar dutela lan beren gaitasunaren % 100etik gertu. Hau da, daukaten arreta eta energia guztia bideratu behar dute interpretatzeko egin behar dituzten ataza ezberdinetara (entzutea eta prozesatzea, ulertzea, ekoizteaโ€ฆ). Ondorioz, atazetako batek hasiera batean esleitutakoa baino energia edo arreta gehiago eskatzen badu, falta den energia hori beste ataza bati kendu behar zaio. Beste hitz batzuetan, Gilek (2018 [2009]: 182[2]) azaltzen du โ€œprozesatze-gaitasunaren horniduraren eta eskariaren artean etengabeko tentsio kognitiboaโ€ dagoela.

Zentzu horretan, estres eta exijentzia kognitibo handiko lana da interpretazioa, eta ez dago erlaxatzerik. Oso nekagarria da, eta horregatik txandakatzen dira interpreteak kabinan 20 edo 30 minutuero. Gizakiak diren neurrian, muga fisiko eta intelektualak dauzkate. Prozesatze-gaitasunaren muga gainditzen bada โ€“metafora bat da, muga hori, definizioz, ezin baita gaindituโ€“, saturazio edo porrot kognitiboa gertatzen da, eta interpreteak ezin du itzultzen jarraitu. Muturreko eta salbuespeneko egoera da hori interprete arituen kasuan, baina ohikoa da hasiberrien lehen saiakeretan. Inoiz bizi izan duenak badaki zeri buruz ari naizen.

Imajina dezagun orain soka baten gainetik doan orekari edo ekilibrista bat. Haizeak ezkerraldetik jotzen badu, eskuinalderantz egin beharko du indarra, ezkerretik datorkion bultzada hori orekatzeko. Alabaina, aldi berean, aurrera egiten jarraitu behar du, gehiegi makurtu gabe, aurrean edo atzean pisu gehiegi jarri gabe, besoak gehiegi mugitu gabe. Etengabean ibili behar du oreka bila, ematen duen โ€“eta ematen ez duenโ€“ urrats bakoitzean. Zerbaitek huts egiten badu, lurrera joango da berandu baino lehenago. Hori bera gertatzen zaie interpreteei ere: egin behar dituzten atazen arteko oreka mantentzen saiatu behar dute etengabe, oreka hori hautsi egiten bada, erori egiten direlako. Game over. Beldurra ematen du, ezta? Arrisku handiko jarduera intelektualtzat har liteke interpretazioa, beti egiten delako amildegiaren ertzean. Ez dakit interpreteek eta orekariek zer gehiago izango duten komunean, baina adrenalinarekiko zaletasuna behintzat ezinbestekoa iruditzen zait kasu bietan.


[1] Gile, D. (2018). Oinarrizko kontzeptuak eta ereduak interpreteen eta itzultzaileen trebakuntzarako. Bilbo: UPV/EHU. [Itzulpena. Jatorrizkoa: Gile, D. (2009). Basic concepts and models for interpreter and translator training]. Amsterdam/Filadelfia: John Benjamins.

[2] Idem.

Poetak atzerrieraz

Angel Erro

Lagun artista batek azkenaldian zoratuta omen daukan poeta albaniar edo montenegroar bat gomendatu dit, bulgariarra beharbada. Nik berehala ondorioztatu dut haren obra leitzeko gomendatzen ari zitzaidala, zehazkiago berak irakurriko zion poema liburu zehatza. Ohar mentala hartu nuen, gauzak gogoratzeko eta berandu gabe ahanzteko bide ekologikoena baita. Bere unean egiaztatu nuenez, poeta atzerritar horrek ez du libururik euskaraz, eta gaztelaniaz bakarra dauka. Beraz, nire laguna itzulpen bat aholkatzen ari zitzaidan berez.

Ez ohi dugu kontuan hartzen: egileen izena metodo sailkatzaile hutsa da, haren obra osatzen duten liburu guztiak azpian erraz hartzeko erabiltzen duguna; liburu horien itzulpen guztiak ere barnean hartzen dituela ahantzi ohi dugu.

*

W. H. Audenek ingelesezko poetak (hots, ingelesezko poeten obra; hots, ingelesezko poeten obra osatzen duten liburuak) baino irakurtzen ez zituela โ€“hots, itzulitakorik ezโ€“ sinetsita nengoen, baina gaizki gogoratuko nuen, ez baitut aipu zehatza inon aurkitu. Edonola, horrelakorik nekez esan ahal izanen luke euskal poeta batek, oso unibertso poetiko estua duelako salaketa bereganatu nahiko ez balu behintzat.

Audenek idatzitakoen artean aurkitu dudan gertukoena Kavafisen poemen (ingelesezko) itzulpen baterako idatzitako testuan dago, poeta alexandriarrak berarengan izandako eragina hizpide:

Greziera modernoaren oinarrizko ezagutzarik ere ez dudanez gero, Kavafisen lana ingelesezko eta frantsesezko itzulpenen bidez baino ez dut jaso ahal izan. Horrek harritu eta neurri batean txunditu egiten nau. Poesia idazten duten guztiek bezala, beti pentsatu izan dut prosaren eta poesiaren arteko funtsezko aldea dela prosa itzuli ahal dela, eta poesia, berriz, ez. Baina norbaitek itzulpenetan baino irakurri ez duen poeta baten eragina jaso ahal badu, sinesmen hori berraztertu beharra dago.

Aurrerago, ematen du itzulgarritasuna poesia mota jakin batera mugatzen duela: โ€œNekez itzuli ahal izanen da poeta guztiz liriko bat, solasean gabe kantuan aritzen den batโ€. Kavafis itzulpenean eragozpenik gabe irakurri ahal izatea, beti zerbait galduko dugula onartuta ere (โ€œhiztegian zein sintaxian egiten duen greziera garbizale eta demotikoaren arteko nahasturaโ€), poesia molde gehienbat narratiboaren ondorioa litzateke nolabait.

Seguruenik hitz hauetatik ondorioztatuko nuen, nire gogoan hitz biribilagoekin gogoratzen banuen ere, Audenek jatorriz ingelesez sortzen duten egileen poesia baino ez zuela irakurtzen. Agian hizkuntza hegemoniko batean aritzen den batek esan ahal lukeen adierazpentzat nituelako funtsean.

Zorionez besteok ezin dugu holakorik esan.

*

Zorionez? Ezin dugu?

Orain gutxi Susa argitaletxeko Munduko Poesia Kaierak bildumaren 50. zenbakia ospatzeko, hildako poeten lana baino ez euskaratzeko irizpideari aurka egin eta oraindik hil gabeko poeten antologia txiki bat atera da, zeinean 39 itzultzailek parte hartu duten (dugun), bakoitzak bere gustuko poeta (baten poema) bat hautatu eta euskaraz emanda. Alea jaso dudanean arreta deitu dit gaztelaniaz jarduten duten poetek bertan duten presentzia altuak. Nik neuk kopuru hori handiagotzen dut itzultzeko aukeratu dudan poetarekin. Beraz, ez nuke nahi hau inolako gaitzespentzat ulertaraztea nahi. Barruan darabilzkigun mekanismoen nolakoa ulertzeko saiakera hutsa da. Eta gutaz zerbait esaten du, ez derrigorrez txarra.

MPKrena bezalako eskaintza datorrenean, gustuko poema jakin bat eskaintzearekin batera, egile bat(ekiko dugun lotura edo eragina) aldarrikatzeko aukera moduan ere hartu ohi dugu, ahal bada ze irakurle fin garen jendaurrean erakusteko aukera emanen diguna. Beste norbaiten lan labur bat euskaraz emateko aukerarekin batera geure burua saldu ahal badugu, hainbat hobe. Gauza bera egiten dute, ez pentsa, beste norbaiten lanaren hitzaurrea idazteko eskatzen dioten idazleek ere.

Beste garai batean bataz besteko euskal egileak (bere erdara partikularretik) ahalik eta hizkuntza urrunagoan โ€“albanieraz, montenegroeraz edo bulgarieraz, esaterakoโ€“ idazten duen poeta bilatuko/aholkatuko lukeelako susmo agian oinarririk gabeak hartu nau. Susako Askoren artean bildumak erakusten du ez dela hala. Hautatutako poemen heren bat, hain zuzen, 39tik 13, itzultzaileek โ€œberezkoaโ€ duten erdaratik itzuli dute (dugu): 12 gaztelaniatik, 1 frantsesetik.

Agian beste paradigma batean gaude. Zorionez. Dagoeneko ez diogu geure erdarei ezikusia egiten, existitzen ez direlako fikzioarekin euskarari (edo geure buruari) mesede egiten diogulakoan. Audenez ere oroitu naiz, Audenen ustezko errezeloez. Ez poesia itzuli daitekeen (jakina baita baietz). Bizitza aldatu(ko) digun poeta atzerrieraz irakurtzerik ote dugun. Nire lagun artistak argi dauka baietz. Nik ere bai, suposatzen dut.

Adimen artifiziala: interpreteen akabera ote?

Maitane Uriarte Atxikallende

Denok dakigu adimen artifizialaren eta oro har teknologiaren bilakaerarekin lanpostu batzuk desagertuko direla. Tira, beharbada desagertu-desagertu ez, baina funtzio horiek pertsonek bete ordez, makinek egingo dituzte, denborarekin. Terminator-en garaiak iritsi bitartean, askoren artean beldurra da nagusi, eta interpreteak ez gara salbuespena.

Interpreteok askotan galdetu izan diogu geure buruari adimen artifizialak lana kenduko ote digun eta apokalipsia noiz iritsiko zaigun. Beteranoek beraiek ikusiko ez dutela diote, baina gazteoi tokatuko zaigula. Bien bitartean, adimen artifizialarekin egindako saiakerei adi gabiltza, emaitzak nolakoak diren ikusten eta, batez ere, bezeroen gogobetetasunari erreparatzen. Izan ere, niretzat hortxe dago koska: bezeroak adimen artifizialak emandako itzulpenarekin konformatzen direnean eta patriketatik sos gutxiago kentzen dizkiela ikusten dutenean, orduan etorriko da hezur-haragizko interprete askoren akabera. Nik ez diot adimen artifizialak egindako itzulpenak txarrak direnik, ez horixe, baina ez du kasuen % 100ean funtzionatzen. Aldibereko interpretazioaren kasuan, adimen artifizialak itzulpenak egiten ditu baina ez du jatorrizko bertsioaren รฑabardura oro giza burmuinak bezala interpretatzen. Zer egingo du adimen artifizialak hizlariak esaldiak bukatu gabe uzten dituen guztietan, metaforak eta hitz-jokoak agertzen direnean, esaldiak luzeak direnean eta xede-hizkuntzan elementuak josteko aldez aurreko jakintza behar denean? Eta niretzat berebizikoa den zerbait: zer gertatuko da hizlariak emozioak transmititzen dituenean edo hartzaileekin konektatu nahi duenean? Pantaila batean agertuko da itzulpena, eta, kasurik onenean, ahots robotiko batek emango du itzulpena, Monegroseko basamortua baino lauagoa den ahots batek. Agur emozioak transmititzearen eta kultura zein errealitate desberdinetako jendea konektatzearen magiari. Hala ere, arestian esandakora bueltatuz, bezeroa horrekin konformatzen bada, batez ere merkeago ateratzen zaiolakoโ€ฆ bost axola aldibereko interpretazioaren magia.

Momentuz, gauza batekin kontsolatuko naiz. Aldibereko interpretazio-kasuetarako adimen artifiziala hizkuntza handiekin elikatzen ari dira gehienbat, eta euskararekin emaitza โ€œonargarriakโ€ ikusi arte denbora luzea igaroko dela esango nuke. Interpreteok saiakerei adi gabiltza, eta, behin, adimen artifizialarekin gaztelaniatik euskarara eskainitako interpretazio-zerbitzu baten argazkiak bidali zizkiguten. Gure iritzi zintzoa ezagutu nahi? โ€œTierra trรกgame, hau auzo-lotsaโ€. Edo tira, makina hark pantailan erakutsiko lukeen bezala, โ€œLurra irents nazazu, esto es vergรผenza de barrioโ€. Hortxe utziko dut. Eta ez diot nik bakarrik, areto hartan zeuden euskal hiztunak ere amorru bizian atera omen baitziren.

Itzuli beharreko testu idatzien eta interpretatu beharreko ahozko ekoizpenaren arteko aldea begien bistakoa den bezalaxe, adimen artifizialak baterako eta besterako suposa lezakeen arriskua ere halakoa da. Gehienetan, testu idatziak ondo idatzita egoten dira eta, beraz, errazagoa da horiek adimen artifizialarekin itzuli eta emaitza onargarria โ€“eta batzuetan, oso onaโ€“ ematea; ahozko ekoizpenaren kasuan, berriz, jatorrizkoa ez da perfektua izaten โ€“inork ez duelako idazten duen bezala hitz egitenโ€“ eta, gainera, interpreteok sarritan esan ohi dugu euskal hizlari askori erretorika-eskolak falta zaizkiola. Ahozko ekoizpenaren kasuan, adimen artifizialik onena ere zora daitekeela esango nuke, eta horri arestian adierazitako emozioen transmisioaren afera gehitu behar zaio.

Laburbilduz, momentuz interpretazioaren kasuan eta batez ere euskarazko interpretazioaren kasuan salbatzen garela esango nuke, baina denborak erakutsiko digu lurrak irentsiko gaituen ala ez.

Tren batera igotzeko aukerarik gabe

Iรฑigo Satrustegi Andrรฉs

Gure irakurle taldean, momentuz behintzat, itzulpenak irakurtzeko apustua egin dugu aurten. Baditugu irakurzale porrokatuak, euskaraz irakurtzen ohituta ez daudenak, edo, are, ohiko irakurleak ez direnak ere. Gutxika, baina ari gara. Orain arte itzulpen berriekin (edo berrituekin) ibili gara eskuartean: Koaderno handia, Emakume izoztua, Familiako lexikoa eta Ene herri txikia. Hasi gara otsailetik aurrerako liburuak aukeratzen eta jo dut, nola ez, Nor da Norrera, baita irakurri nahiko nituzkeenen zerrenda luze horretara. Azkenik badut aukera, edo aitzakia, nondik begiratzen dugun, nire kabuz irakurriko ez nituzkeen liburu batzuei heltzeko. Zeren irakurketara ere iritsi baitzaigu FOMOa (Fear of missing out, zerbait galtzeko beldurra, alegia). Irakurri nahi ditugu nobedadeak, opera primak, euskal literaturako lanak, klasikoak, gomendioak, itzulpenak, kanpoko literaturetako lanak, jatorrizkoak, itzulpenak, poesia, eleberriak, saiakera, hibridoak, esperimentalak, direnak eta ez direnak. Baina hori beste baterako utziko dugu.

Agian gaztea naizelako, berandu irakurzaletu naizelako, edo baliabideak ez direlako egokienak, baina iaz iritsi nintzen Carverrera. Bai, 2024an. Ez dakit zenbatetan jo dudan Susaren webgunera Harkaitz Canok itzulitako poema haietako batzuk errepasatzera. Kontua da badaramadala denboraldi bat Carverren ipuinak irakurtzeko gogoz, eta orain, aukera/aitzakia dudanean, ezin momentu egokiagoa nire zerrendatik haren lanetako bat tatxatzeko.

Katedrala eta Zertaz ari garen maitasunaz ari garenean. Halaxe txibatu dit NdNk. 1993 eta 2003, hurrenez hurren. Uff izan da lehenengo pentsamendua. Susmoa izan dut hasieratik. Baina joan naiz Nafarroako liburutegien sareko katalogora, eta orduan bai, uff egin dut bigarrenez, etsi moduan. Katedrala: 3 ale; liburutegi nagusia, Tafalla eta Leitza. Zertaz ari garenโ€ฆ: 4 ale; Euskarabidea, Noain, Lesaka eta Doneztebe. Klubean gutxi garen arren, ez dira nahiko. Beste bide bat probatzera joan naiz orduan, Katakraken, Elkarren eta Txalapartaren webguneetan: zero patatero. Agortuta, edo agertu ere ez. Azken bala bat baino ez zait okurritu, eta EIZIEko telefonoa markatuta, Aranek erantzun dit. Laguntza eske nabilela, eta ea haiek badakiten alerik geratzen ote den stockean, ea kasualitatez haiek baduten zerbait. Baina keba. Aspaldiko lanak direla, saldu zirela denak eta argitaletxeek ez dutela berritu stocka. ยซUrrezko Bildumarako apuntatuko dut, badelako falta den horietako batยป, Aranek. Eskertuta, baina zapuztuta erantzunarekin.

Egiaz, nahi banu, irakur nezake. Eskatuko nuke auzoko liburutegian Tafallatik edo Doneztebetik ekar diezadaten haren liburuetako bat. Eta, gogoei eutsi ezin badiet, hala egiten bukatu beharko dut. Baina ez da hori kontua. Irakurle taldeak dira, hein batean, literaturaren gaur egungo transmisio bide bakarrak. Pentsamendua sozializatzeko, partekatzeko, bakarrik iritsiko ez ginatekeen toki horietara heltzeko txartelak. Eta, dirudienez, Carverren mundura heltzeko trena orain dela hamarkada batzuk pasa zen. Ni artean jaio gabe nintzenean, edo 6 urte nituenean. Gure irakurle taldeko batzuk euskaldunak ez zirenean. Militantzia politikoa edo porroak nahiago zituztenean.

Jakina, baditugu orain 30 urte ez zituzten beste ehunka aukera. Baliozkoak eta onak gainera. Baina, jo. Bada esanguratsua. Asko dio adibide sinple honek (honekin topo egin baitut, baina jarriko banintz, beste batzuk ere topatuko nituzke) gure hizkuntzaren normalizazio ezaz eta literatur sistemaren egoeraz. Ez naiz jarriko eskatzen argitaletxeei berritu ditzaten Carverren tituluak. Eskatu ez, baina iradoki bai. Ba hori, hamarkada batzuk pasatu direla, bere garaian saldu omen zela, eta agian apustu txiki bat eginda, portada txukun batekin (ejemโ€ฆ guk ez dugu epaitzen liburu bat haren azalarengatik, baina irakurle askok bai)… Ez dakit zer gehiago esan. Horixe ba.

Bonus track edo datu esanguratsu batzuk.

  • Nafarroako liburutegi publikoen sarean 99 liburutegi daude. Carverren narratibako lanak zazpitan baino ez daude.
  • Nafarroan, Katedrala 9 lagunek hartu dute liburutegitik 31 urtean. Zertaz ari garenโ€ฆ, 4 lagunek 21 urtean.
  • EAEko liburutegi publikoen sarean 286 liburutegi daude. Katedrala 145 liburutegitan dago. Zertaz ari garenโ€ฆ, 164 liburutegitan.
  • EAEn, Katedrala 138 lagunek hartu dute 31 urtean. Zertaz ari garenโ€ฆ, 404 lagunek 21 urtean.
  • La casa del libro-ko webgunean, bigarren eskuko liburuak erosteko aukera dago. Katedralaren ale batek 20 โ‚ฌ balio du, Zertaz ari garenโ€ฆ liburuaren ale batek 190 โ‚ฌ.

Agian datuok ere badira berritu ez izanaren arrazoi.

Ez aitarik, ez etxerik

Castillo Suarez

Ez dakit nola hasi nintzen poemak idazten, gurasoen etxean poema liburu bakarra zegoelako: Gabriel Arestiren Harri eta herri. Ez galdetu zergatik, baina Susak edizio berria plazaratu zuenean aitari oparitu nion nirea, eta han dago, ez dakit zehazki non, baina asmorik ere ez dut haren bila joateko bere tokia hura delako. Non hobeki, aitaren etxean baino.

Nire aitaren etxea

Nire aitaren etxea
defendituko dut.
Otsoen kontra,
sikatearen kontra,
lukurreriaren kontra,
justiziaren kontra,
defenditu
eginen dut
nire aitaren etxea.
Galduko ditut
aziendak,
soloak,
pinudiak;
galduko ditut
korrituak,
errentak,
interesak,
baina nire aitaren etxea defendituko dut.
Harmak kenduko dizkidate,
eta eskuarekin defendituko dut
nire aitaren etxea;
eskuak ebakiko dizkidate,
eta besoarekin defendituko dut
nire aitaren etxea;
besorik gabe,
sorbaldik gabe,
bularrik gabe
utziko naute,
eta arimarekin defendituko dut
nire aitaren etxea.
Ni hilen naiz,
nire arima galduko da,
nire askazia galduko da,
baina nire aitaren etxeak
iraunen du
zutik.

Gabriel Aresti
Harri eta herri (Susa, 2000)

Duela urte batzuk Itxaro Bordak bere poema liburu bat oparitu zidan: Zure hatzaren galtzeko. Bordak badu bertute bat, eta badaki bere liburuetatik zein gustatuko zaidan eta zein ez, eta berdin gisan oparitzen dizkit. Liburu hartatik poema bat kateatu zitzaidan buruan; hona:

Herria non grata III

Ez dakizu zergatik gutariko bakoitzak
Automutilatzea duen amets
Haragi puska odoltsua
Bihurtzeraino
Aitaren etxea zutik
……..Iraun dezan.
……..Harrizko herriko
Olerkari kuttunaren
Hitzak
Hautematean
Egoeraren ankerraz
Jabetzen zara.

Ez duzu etxerik
Nahi
Ez duzu aitarik
Nahi
Zer egin marrakatzen
Dizuten
……..Hilotz ibiltariez
Lepo zaude.

……..Euskalmeten agiria
Aski duzu
Goizeko seietan
Haizeak nondik
……..Nora
……..Ufatuko duen
……..Jakiteko.

Ez duzu etxerik
Nahi
Ez duzu aitarik
Nahiโ€ฆ

Itxaro Borda
Zure hartzaren galtzeko (Elkar, 2014)

Berriki Arestiren poemaren beste aldaera bat ezagutu dut, Yolanda Castaรฑo poeta galiziarrenarena. Krakovian geunden, poesia jaialdi batean, eta aretoan zegoen euskaldun bakarra nintzenez, oparitu egin zidan irakurketa.

Nire gurasoen etxea

Ez dut nire gurasoen etxea defendatuko.
Ez otsoen kontra, ez sikatearen kontra, ez lukurreriaren kontra.
Izan ere, errekaldeko hiri baten zabalgunean jaio nintzen,
gainera, ez zen haiena ere, eta saldu behar izan zuten.
Inoiz ez nuen aziendarik izan, ez sororik, ez pinudirik,
daukadan lur guztia plastikozko loreontzi batean daukat.
Errentak, maileguak eta kuotak ordaindu behar izanen ditut,
baina ez dut nire gurasoen etxea defendatuko.
Espekulatzaileen araberako balioa izanen du,
garai batean bost ginen tokian bederatzi ikasle egonen dira.
Klan bat izatearen ainguraz askatuko naiz,
odolaren loturaz eta jabetzaren botereaz
eta ez dut nire aitaren etxea defendatuko,
haien oinatzak entzunen ditut alokairuan egonen diren tokietan.
Umetokiaren eta familiaren artean loturarik balego,
porlanezko pareta horren kontra jaurti beharko litzateke.
Denda bat irekiko dute bestearen atzetik ni joanez geroztik,
mailegua kenduko digute, airetik kaleratuko gaituzte,
baina gure memoriak orrialde hauetan eginen du igeri.
Izan ginenetik asko ez da galduko
baina ez dut jaio gineneko etxea defendatuko,
egun bere zimenduak galduan saltzen dituena
orduko 1,65 euroko aparkaleku baten gisara.

Jatorrizkoa:
Yolanda Castaรฑo
โ€œA casa dos meus paisโ€
Materia (Visor, 2023)
Itzultzailea: Castillo Suรกrez

โ€œFutura Vecchiaโ€: Rebecca Elson-en hiru poema

Itziar Otegi Aranburu

Amaitzear da urte zaharra, eta hastear urte berria. Beste hainbat bezala, Urtezahar eta Urteberri egunak konbentzio hutsak dira. Urtea esaten diogu gure planetak eguzkiaren inguruan bira eliptiko oso bat egiteko behar duen denborari, baina elipse batek ez du, izatez, ez hasierarik ez bukaerarik. Guk bai, ordea. Horregatik behar ditugu urte berriak, denbora berriak. Biziberritze-ospakizun sinbolikoak dira.

Urte berriari buruzko poema bati tiraka aurkitu nuen Rebecca Elson astronomoa eta poeta. Maria Popovaren The Marginalian webgunearen bitartez izan nuen haren bizitza ezohikoaren berri: Kanadan jaio zen, 1960an; aita geologoa zuen eta iparraldeko laku baten ertzean hazi zen, izarrei begira. Hogeita sei urte zituela, astronomian doktoretza egin ondoren, beka bat lortu zuen Hubble teleskopioak bildutako lehen datuak lantzeko, Princetonen. Hogeita bederatzi urte zituela, sormenezko idazketa irakasten hasi zen Harvarden, ordura arte beretzat gorde zuen literaturarekiko pasioari leku eginez. Garaitsu hartan jakin zuen linfoma mota arraro bat zeukala, eta ez zuela urte berri askorik izango. Hala ere, izarrak nola jaiotzen, bizitzen eta hiltzen diren aztertzen jarraitu zuen, eta poemak idazten. Maileguan jasotako izarren hautsa itzuli zuenean, 39 urte zituela, 56ย artikulu zientifiko eta poema-liburu bat utzi zituen, A Responsability to Awe. Hortik hartuak dira hiru poema hauek, argiz eta ilunez beteak, ezinbestean:

Futura vecchia, urte berriaren bezpera

Itzuliz, Lurra bezala,
espazioan puntu berera,
leunki goaz hondamenaren erosora,

sugarretan erreta
saldo bat arrain,
pare bat oilo,
goroldioak hartutako lertxun bat.

Txinparta-ikara batek ekortzen du
lurraren sorbalda iluna,
ezagutzazko dardara bat,
berriz abiatzeko prestaketa,

eta geure burbuila arinak
flotatuz doaz jakin-min mutuan
argiz irakiten dagoen
laku beltzerantz,
hots-txistuka datorren
gau zolirantz.

Hiltzeko beldurraren kontrako antidotoak

Batzuetan, antidoto gisa
hiltzeko beldurraren kontra,
izarrak jaten ditut.

Gau horietan, bizkar gainean etzanda,
izarrak zurrupatzen ditut ilunpe asegarritik,
den-denak neure baitan hartu arte,
piper min eta bizi.

Beste batzuetan, neure burua irabiatu,
eta sortzen dut unibertso bat oraindik gaztea,
oraindik epela odola bezain:

kanpo-espaziorik ez, espazioa soilik,
oraindik ez diren izar guztien argia
jitoan lanbro bizia nola,
eta gu denok, eta den guztia,
dagoeneko hor,
baina formaren mugarik gabe.

Inoiz, aski izaten da
hemen lurrean etzatea
gure arbasoen hezur luzeen ondoan,

eta ibiltzea, zelai harritsuetan bezala,
garezur bazter utzien artean,
guztiak altxor, edo krisalida,
pentsatuz: oskol horiek utzi zituenak
hego argitsuetan egin zuen alde.

Izan bedi argia beti (materia ilunaren bila)

Honengatik irteten gara gau ilunetan, bilatzera
izarrik sotilenak,
ikusten ez diren gauzen seinaleak:

gu moteltzeko.
Unibertsoari galarazteko
abaila etengabean presatu dadin
bere harainditik haratago
akituta eta hotz geratu arte,
azken izarra aienatuta.

Zernahi bihurtzen direla ere,
izan daitezela elemenia bat,
hilezkortasunerako beste,
beti izar bat gu berotzeko.

Izan bitez aski berriz bueltan ekartzeko
bere ertzetatik hona,
gu denok estu-estu elkartu eta sutu dezagun
berpiztearen txinparta bizia.

Urte berri on guztioi.

Hitanoak literaturan lekurik ba ote? (eta 2)

Xabier Olarra

Aurreko artikuluan Begiak irekiko zaizkizue liburuan hitanoaren erabilera murrizteari buruz ematen diren argudioetako bati erantzun nion, eta orain liburu horren atalean dauden besteei saiatuko naiz erantzuten.

Literaturan hitanoa oso kasu jakinetan baizik ez erabiltzeko liburu horretan egiten den gomendioaren arrazoiak honela laburbildu daitezke:

1.- Ia inork ez omen du erabiltzen.
2.- Hitanoa kakofonikoa omen da.
3.- Euskaldun berrien nazio librearekin dugun zor itzelak hitanoa literaturatik baztertzera eraman behar omen gaitu.
4.- Gizarte feministago baterantz begira jarri beharrean, kontrako norabidera begira jartzen omen gaitu.

1.- Ia inork ez du erabiltzen.

Aurreko artikuluan adierazi nuen โ€“ez oso modu dotorean, antzaโ€” erabiltzaile-kopuruarena ez zitzaidala iruditzen erabakigarria (nahiz eta kontuan hartzekoa den, dudarik gabe). Garbi dago errealitate berberaren aurrean jarrera kontrajarriak har daitezkeela, eta han eta hemen โ€œhitanoa arnasestukaโ€ ikusten duten hainbatek justu kontrako jarrera hartu dute edo hartzen ari dira: hango eta hemengo hitanoaren formak (bizirik daudenak edo erdi hilean) bildu, idatziz jaso, ikastaroak antolatu, eta bizirik irauten lagundu. Esate baterako, Txantreako Euskaldunon biltokin hil honetan bertan dago antolatua hitanoari buruzko ikastaro teoriko-praktikoa, nahi duenarentzat irekia.

2.- Hitanoa kakofonikoa omen da.

Kakofonia eta eufonia erabat subjektiboak direla uste dut, hizkuntzen soinuaz ari garela.

Batzuei italiera hizkuntza ยซdolceยปa iruditzen zaie, eta alemana, berriz, gozakaitza. Eta zer esan arabierari buruz? Txakur-hizkera iruditzen zaie batzuei (soinu gutural horiek zaunka iruditzen zaizkie, nonbait).

Entzun Atxagak hika egin zuen poema hau, eta ea kakofoniarik sumatzen duzuen.

Eta arabierari buruzko aurreiritzi fonetiko horiek funts handirik ez dutela egiaztatu nahi duenakรง entzun ditzala Fairuz libanoarraren bi kanta hauek: Li Beirut eta Aatini al Nay wa ghanni.

Alderantziz, italiera oso ยซdolceยปa izango da, baina inguruko hizkuntza guztietan nahiko hitz goxoz esaten duguna:

euskaragaztelaniaingelesafrantsesaalemana
zeru-urdinazul cielosky bluebleu cielHimmelblau

azzurro da italieraz, arabierazko ุฃุฒุฑู‚ (‘adzraqโ€™-en ahaidea, antza). Kasu honetan italierazko hitza iruditzen zait โ€œgozakaitzenaโ€ niri, baina italiar gehienentzat beste edozein hitz bezain atsegina irudituko zaie.

Baina horrek balio al digu ezertarako hizkuntza bateko soinuen eufonia edo kakofoniari dagokionez? Nire ustez ez behintzat.

Bestalde, hots gogor, ilun, zakar eta gozakaitzek ere izan lezakete beren lekua, bereziki poesian, horrelakoak direnean adierazi nahi diren sentipenak. Hona, esate baterako, nola indartzen zuen fonetikoki Virgiliok, Eneidako XI. liburuaren Epilogoan, Errutuloen triskantzak eragiten ziona:

quadrupedumque putrem cursu quatit ungula campum.
lau-hankakoen apatxek lautada idorra astintzen zuten arrapaladan
(holako zerbait, gutxi gorabehera)

Beraz, atal honi amaiera emateko hau besterik ez dut esango, hitanoa ez zaidala batere kakofonikoa iruditzen eta bere lekua izan lezakeela literaturan.

3.- Euskaldun berrien nazio librearekin dugun zor itzelak literaturatik hitanoa baztertzera eraman behar omen gaitu.

Ez diot inolako garrantzirik kendu nahi euskaldun berriek egin duten (eta egiten ari diren) ahaleginari eta oro har egin duten ekarpenari. Eta ez litzaidake batere inportako Euskal Herriko erdaldun guztiek euskaraz ikasi izanaren ondorioz hitanoa gauza bitxi eta arkaiko bihurtu eta desagertuko balitz, baina denok dakigu hori ez dela gertatuko. Hala dio aspaldiko esaera zahar batek: โ€œBalizko oleak burdiarik ezโ€: La herrerรญa de si fuese no hace fierro (Refranes y Sentencias, 15.). Euskarak denok behar gaitu, euskaldun berriak eta euskaldun zahar eta gazteak.

Baina zorrak aipatzen hasiz gero, zor handiagoa dut nik nire amarekin, hika egiten baitzidan (berari bere amak bezala), eta nire bizitzako momentu erabakigarri batean (soldaduska bai baina karrera bukatu gabea nuela) hau esan baitzidan: โ€œKarrera hori bukatzak!โ€ (Agian kakofonikoa, baina niretzat behintzat onuragarria, horren ondorioz karrera bukatuta hasi bainintzen euskara irakasten (eta hobeto ikasten), hain zuzen ere, Bilboko erdalerrian, eta geroago Institutuko irakasle izateko oposizioetan elkartu bainintzen, besteak beste, Patri Urkizu eta Mikel Arregi adiskideekin, zeinekin hika egin izan baitut beti). Eta zor handiagoa dut oraindik, besteak beste, Patri Urkizu zendu berriarekin (Gazte Lurrean bego!), hari esker ezagutu bainuen Jon Mirande eta etxean zeuzkan igela aldizkari azal berdedun ziklostilatuaren aleak, eta gerora argitaratu baikenituen liburu banatan berak haren ipuinak eta nik haren poemak 1984an (Bejondeiala, Patri!).

Horrekin hau besterik ez dut esan nahi: bagarela batzuk hitanoa modu naturalean jaso eta erabiltzen dugunak. Zer esan nahi du horrek, ama-semeen arteko elkarrizketak nire itzulpenetan beti hika izango direla? Ez, baizik eta hika ere izan daitezkeela, hori besterik ez, eta beste hainbat faktore kontuan hartuta erregistro bat ala bestea erabil dezakedala. Eta ez dudala ikusten literaturan (eta ezta ere itzulpenetan) hitanoa baztertzeko inolako premiarik.

Ni ere ez nago irakurleari gehigarrizko zailtasunak jartzearen alde. Horregatik, adibidez, ez dut idatziko โ€œegin ziezaioketean/nanโ€ (nahiz eta gauzak mutur horretaraino eramanda, behin โ€œziezaioketenโ€ zer den deszifratzen dakienak ez duen arazo handirik izango โ€œziezaioketenโ€-en hitanozko formak direla ohartzeko). Segur aski, โ€œegin ahal ziotean/nanโ€ idatziko nuke, nahiz eta ahalerazko adizki trinko arruntenak erabiltzearen aldekoa naizen.

4.- Gizarte feministago baterantz begira jarri beharrean, kontrako norabidera begira jartzen omen gaitu.

Hori ematen du Jimenezek hitanoaren erabileraren kontra daukan arrazoi nagusitzat. โ€œBinarioa da, hasteko. Generoaren espektroan bi aukera ematen dizkigu, zatiketa bat egiten du. Horrez gain, behartu egiten gaitu generoaz etengabe ohartzen gaituen modu batez hitz egitera, gizon/emakume egitera eta ez parekide, lagun. Beste pertsona baten generoaz etengabe ohartzen gaituen modu batez hitz egitera edo asumitzera garamatza, horrek pertsona transexualentzat eta ez-binarioentzat ekar ditzakeen arazo guztiekin. Hitanoa kalean ze gutxi erabiltzen den kontuan izanda, pena izango litzateke literaturan hitanistak izatea, feministak beharreanโ€ (Ibidem, 87, beltza nirea).

Hasteko, nik behintzat parekide sentitzen ditut bai nirekin hika hitz egiten dutenak eta bai zuka hitz egiten dutenak. Ez ditut gutxiagokotzat hartzen hika erabiltzen ez dutenak, ez naiz horregatik gehiago sentitzen, egoerara moldatzen naiz, eta kito.

Bestalde, ez dut uste, praktikan, hitanoa binarioa izateak arazo berezirik sortzen duenik. Izan ere, norberak aise hauta lezake solaskideari nola mintzatu, haren nahia kontuan hartuta: toka, noka (eta are โ€œxokaโ€, Iruรฑa aldean sortu berria den ez-binarioentzako hizkera alternatiboa). Edo zuka, noski, beste bide horiek norbaiti problemaren bat sortzen badiote.

Baina ba al dago โ€œhitanismoaโ€ eta feminismoa horrela kontrajarri beharrik? Nik ez dut ikusten. Esate baterako, zer kalte egin zion feminismoari Gabriel Arestik Adela Ibaberi bere poema idaztean hika erabili zuenean?

Adela Ibabe nor izan zen eta nola eta zergatik hil zen jakin nahi duenak, jo beza hona.

Eta gehiegi luzatu den eztabaida honi amaiera emateko, esango dut Jimenezen gomendioa erdizka jarraitzeko asmotan naizela. Erdizka besterik ez. Izan ere, bere argumentazioaren ondorio gisa hau esaten baitigu:

โ€œErabili hitanoa kalean edo lagun artean nahi duzuen guztietan, eta ahaztu literaturan, ez bada kolore apur bat emateko, modu kirurgikoan, forma petrifikatuetan eta justifikatuta dagoeneanโ€.

Bai, kalean edo lagunartean erabiltzen jarraituko dut, eta baita literaturan ere, komeni dela edo egokia dela iruditzen zaidan guztietan.