Rapa, hitz esana, ahozkotasuna eta kaleko hizkera

Eider Beobide Urkizar

Ez dakit hark idazletzat duen bere burua, ziurrenik ez, baina nire ustez Odei Barroso raperoa da gaur egungo idazle finenetakoa. Haren zutabe[1] bikain batekin hasi nahiko nuke hausnarrean: โ€œHitz berriak behar ditu hiztegiak / mintza daitezela periferiakโ€.

Aurrekoan irratira bidean nindoan Gata Cattanaren poema bat errezitatzera Eider Adeletxekin (Mejillon Tigre kolektiboa) eta poema hura errepasatzen eta hari buruz hizketan ari ginen. Nire itzulpena zen eta Adeletxek moldatu egin zuen hitz esanean ongi funtziona zezan, ahozkotasunetik gertuago egon zedin. Hor hasi ginen euskararen ahozkotasunari eta kaleko hizkerari buruz mintzatzen eta, batzuetan, atsekabetzen nau konturatzeak puntu berean sentitzen ditudala beti inguruko poeta eta idazleak: nola eman euskaraz kaleko hizkera hori, nola lortu erdaretan duen zentzu osoa?

Euskarak badu noski tradizioa eta ahozkotasun handia; hala ere, itzultzaileok gara lehenak ohartzen kaleko edo lagunarteko hizkeran dauden kontuak gurera ekartzean zailtasunak ditugula oraindik. Eta ez naiz irainez eta argotez ari soilik.

Abestira itzuliz, Barroso periferiez ari denean Ipar Euskal Herriaz ari da kasu horretan, baina periferia orori ere zabal dakioke esaldiaren zentzua. Iruditzen zait askotan (eta oraindik!) isilpean daudela hainbat bazterretako kolektiboak eta, haien ahotsa pixkanaka altxatzen ari den arren, belarriak prest izan behar ditugula.

Donostiako Iraqueerle taldean aipatu izan dugu: guk geureak irakurtzea zoragarria da โ€•eta beharrezkoaโ€•, baina jende zisheterosexualak ere liburu horiek irakurtzeko prestutasuna izan beharko lukeela iruditzen zaigu. Hitz berriak sortzeari dagokionez eta gure irakurle taldeari lotuta, onartu beharra dago LGBT kolektiboan gure soziolektoa dugula, eta erraza dela ohartzen ingelesetik zenbat edaten duen. Ez naiz sartuko zergatietan edo โ€œhonakoa egin beharko litzatekeโ€-etan, baina, esan nahi ditugunak adierazteko hitz askoren beharra dagoela sentitzen dugu askotan, eta hor ibili ohi gara malabarak egiten eta hitz berriak itzultzen edo jada baditugun hitzei esanahi berriak ematen; hala nola zerbitzatu (to serve), esleitu (to slay), ama/amatxo izan (to mother), norbait irakurri edo irakurria izan (to read, to be read), tea isuri (to spill the tea) eta abar.

Denok dugu geure hizkera kaletarra, arautik urrunago dagoena eta lotsagabeagoa dena, batez ere klase zehatz batzuetan edota aipaturiko periferietan. Iruditzen zait kaleko hizkera hori, rapa, hitz esana eta ahozkotasuna lotzen dituen zerbait dela kultura, eta jada bagabiltzala sortzen; euskara zikintzen eta kaletar bihurtzen. Hala ere, oraindik badugu zer egina euskara Euskaltzaindiaren kutxatik atera eta erabileraren bide berriak bilatzeari dagokionez, gure kulturak ere behar baititu txoriburukeriak eta hizkera kaletarra. Molda dezagun gure hizkuntza behar beste kalean naturalki erabilia izan dadin.


[1] Ingelesezko bars rapean erabili ohi da kantu bateko hitzen zati bati erreferentzia egiteko, errimatua izaten da eta esanahi bikoitza edo gehiagokoa du askotan.

Euskaldun baten konfesioa

Yasmine Khris Maansri

Aurrekoan, manikeismoa landu genuen klasean. Mise en abyme batean bezala, horrek nire lizeoko klaseetara eraman ninduen, guk manikeismoa zer den ikasten genuelarik. Alde filosofikoa aparte utzita, oroitzen naiz manikeismoa jarrera bezala irakatsi zigula irakasleak. Txuria eta beltza. Lezioak gero balio zigun Bic bolalumarekin eskuetan yin eta yang sinboloa marrazteko. Gero Star Warsen alde argia eta alde iluna. Gero Ekialdeko eta Mendebaldeko Alemaniak. Gero Voltaireren Kandido. Eta geroago, Iran eta Estatu Batuak.

Horixe zen irakasleak transmititu nahi ziguna. Hau da, ona eta txarra โ€•gehiagotan, onak eta txarrakโ€•. Konnotazio politikoekin, askotan; beste batzuetan irakasleak ulertarazi nahi ziguna zen manikeismo neutroa existitzen zela, eta guk, institutuko gure nerabe errebeldian, erantzuten genuen: โ€œkazetaritzak ezin du epela izan, ezin du neutroa izan!โ€. Horrekiko adibide bat bururatu zait, diziplina guzietan deklina daitekeena: dakiena eta ez dakiena. Bitartekorik ez baitu onartzen, esanahiaren arabera.

Polarizazio honen harira, beste adibide bat etorri zitzaidan burura berehala: hizkuntzena, euskararena, nola ez. Murgiltzen garen igerilekua da hizkuntzaren polarizazioa, guztiok bizi(tzen) duguna. Ez da batere berria, ezta ezohikoa ere. Lagunek badakite baina familiak ez; edo aldrebes. Bikotekideak bai baina lankideek ez. Etxean bai, kuadrillarekin ia inoiz ez. Denok etxekoa dugu diglosiaren egoera, Euskal Herria ez baita gehiagorik burbuila bat, badirudien arren (kasu, ez naiz ez historialari, ez soziologo, ezta hemen jaioa, baina hemen bizitako urteek oso argi utzi didate).

Kontua da manikeismoaren muinak ez duela grisik onartzen, eta bi muturren artean ezin da aske oszilatu. โ€œErabaki zure aldea, kamaradaโ€ zioten. Beraz, zure iparrorratza ipar eta hegoen artean dago dantzan. Batzuetan erritmo frenetikoan doa orratza, Whatsappeko mezu batetik (gaztelaniaz) bestera (euskaraz), adibidez. Beste batzuetan mantsoago, asteburua pasatzen duzunean hizkuntza bakar bat erabiliz, astelehenaren estres linguistikoa berriz agurtu arte.

Lur honetako nire egonaldiak beste gauza bat ere argi utzi dit: zenbat eta parametro gehiago pilatu, orduan eta polo gehiagoren artean dardaratzen da orratza.

Hona dator nire konfesioa: oraindaino (Euskal Herrian bizi naizenetik), nire iparra euskara izan da. Euskaldun berri/zaharraren manikeismoan sartu gabe, euskalduntzat jotzen dut neure burua, eta hori nahikoa izan da buru-belarri hizkuntzaren irakaskuntzan urperatzeko, baina batez ere hondoan igeri egiteko. Duela gutxi, baina, lana dela eta, parametro gehiago sartu ziren nire egunerokoan eta orratza mugitzen hasi zitzaidan, puntu kardinal guziak ukituz: mendebalderantz hasi da kulunkatzen (= ingelesez) eta ekialderantz ere bai (= frantsesez). Noizean behin hegoalderantz gutxika. Ados, โ€œdenoi gertatzen zaiguโ€ esanen duzue. Eta nik: โ€œbai, baina zer gertatzen da iparrorratz bat nola irakurtzen den ez badakit?โ€. Galderak berak zorabiatzen nau.

Orain dela gutxi, gomenduriko liburu baten euskarazko itzulpena hasi nintzen irakurtzen, eta ai!, zenbat traba, zenbat eten, zenbat โ€œzer esan nahi zuen hitz honek?โ€, zenbat โ€œuf, ez dut ulertzen hauโ€, zenbat โ€œliburua utziko dutโ€. Bitartean, beste hizkuntzetako dozenaka liburu gehitu ditut nire Goodreads zerrendan. Eta momentu horretan, preseski, etorri zen: errudun sentimendua. Ez denez inoiz bakarrik etortzen, beti ongi lagunduta egiten du bisita: sorgin gurpilarekin batera.

Haien aurkezpena horrelaxe izan zen:

โ€•Kaixo, ni errudun sentimendua naiz: ez baduzu ahaleginik egiten (eta ez baduzu arrakastarik), deserosotasun eta porrot sentipenak izanen dituzu.

โ€•Kaixo! Ni sorgin gurpila naiz: besterik ez, errudun sentimenduarekin bazaude, ba, gomendatuko dizut akaso hoberena dela esfortzurik ez egitea. Horrela, errudun lagunak bisita gehiago eginen dizu.

Bada esaera bat, itzultzaileok askotan entzun duguna: hizkuntzak landareak bezalakoak dira; ureztatzen ez badira, hil egiten dira. Ez naiz hain lorezain txarra, baina negua luzatu da eta landaretza izoztu dit.

Hau ez da mezu bat botila batean, baina orientatzen ikastea gustatuko litzaidake, betiere nire mapa osatzen duten poloak erabiliz, eta batez ere iparra galdu gabe.

Irabaziak eta galerak

Isabel Etxeberria Ramรญrez

Gurasoak erdaldunak ditut. Anaiak eta ni euskaldunak gara. Gaur egungo milaka euskal hiztun bezala, eskolan euskaldundu ginen hirurak. Gure kasuan, ez ikastola batean, euskalduntzeari dagokionez garai hartan ohikoa zen bezala, baizik eta ikastetxe erlijioso batean, Donostian, nire jaiolekuan. Nire hizkuntza-autobiografia mentalki errepasatu, eta konplexuen eta ahalduntzeen segida bat gailentzen da.

Lehen Hezkuntza (OHO-EGB) B ereduan egin nuen, erdaldunak nagusi ginen ikastalde batean. Kontuak gaizki ateratzen ez bazaizkit, 10-15 izango ziren etxetik euskara zekartenak 80 haur inguruk osatutako 1975eko kinta hartan. Esan beharrik ez dago euskara guretzat irakasleekin hitz egiteko tresna baino ez zela garai hartan, topiko guztiekin bat eginez, eta โ€œitxeginโ€ ere hala moduz hitz egiten genuela. Txepetxen motibazioa-erabilera-ezagutza hartatik, ezagutzak eman zion hasiera nire ibilbideari, nik hala ez eskatu ez erabaki gabe, eta motibazioa agertu zen handik gutxira, oso modu lausoan bada ere. Ez dut gogoan irakasleek euskara maita genezan sermoirik botatzen zigutenik, baina bai โ€œTxoria txoriโ€, โ€œBizkaia maiteโ€ edo โ€œEuskal Herrian euskarazโ€ jarri eta ikasarazten zigutela, eta guk, edo nik bai behintzat, halako emozio estetiko bat sentitzen nuela kanta haiek entzutean, sumarazten zidana bazela hor nonbait mundu oso bat, niretzat ezezaguna, erakargarria zitzaidana eta neure egin nahi nuena.

Lehen lilura hark bazuen lotsatik ere, noski. Eider Rodriguezen Eraikuntzarako materiala liburuko pasarte batean bezalaxe, badut nik halako oroitzapen lauso bat, nola amak akuilatuta aitonarekin bizpahiru esaldi trukatu nituen inoiz euskaraz โ€•lau aiton-amonen artean euskaldun bakarraโ€•, eta zer frustragarriak gertatu zitzaizkidan inkomunikazio une haiek. Erraz irudika dezaket orain Mugiroko gizon gogor haren harridura deseroso baina aldi berean โ€•pentsatu nahi dutโ€• harrotasun puntu batez zipriztindua, biloba berarenetik hain urrun zegoen euskara trakets hartan lotsa-lotsa eginda mintzatzen entzutean.

BUPen nabarmen aldatzen zen gelako paisaia soziolinguistikoa gure ikastetxean. Ordura arte nagusiki Donostiako Loiola, Martutene eta Amara auzoetako haurrez betetako ikasgela haietara, ama hizkuntza euskara zuten gaztetxoak iritsi ohi ziren batxilergoa egitera, Astigarraga, Andoain, Oiartzun eta Hondarribitik, besteak beste. Gure ikaskide berriek โ€œona doโ€ eta โ€œbakizu ze?โ€ esaten zuten, eta euskaraz mintzo ziren euren artean, natural. Guretzat mundu berri bati begiak zabaltzea izan zen hura. Esan nahiko nuke Txepetxen triadako hirugarrena, erabilera, orduan iritsi zela nire bizitzara, baina gezurretan arituko nintzateke. Ez dut gogoan gu, erdaldunok, lagunartean euskaraz egiten hasi ginenik garai hartan. Bestela esanda, Andoaingo, Oiartzungo eta Hondarribiko gure lagun berri haiek erdarara pasatzen ziren gurekin hitz egiteko. Horratx ifrentzua.

Denbora luzez konplexuz beteta bizi izan nuen nire erdipurdikotasun linguistikoa, eta lotsatu egiten ninduen nire pedigri falta agerian geratzeak. Nire ikaskide euskaldunen mundu erreferentziala ezezaguna zitzaidan: nik ez nuen anaia zaharragoen zintetan Hertzainak entzuten, eta sekula joan gabea nintzen Kilometroak-era, are gutxiago Herri Urratsera edo Durangoko Azokara. Aurrerago, jada unibertsitatean, Euskal Filologiako nire ikaskideen arteko solasaldiren batean euskaldunok hain gustuko ditugun erakustaldi dialektal horietako bat sortzen zenean โ€•โ€œgure etxean di-da esaten daโ€, โ€œa, ba gurean ti-taโ€, โ€œgurean betidanik di-dauโ€…โ€• niri mahai azpian ezkutatzeko gogoa sartzen zitzaidan. Eta ondo grabatua dut oroimenean zeinen ezdeusa sentitu nintzen Ahozko Literatura ikasgaiko eskola batean, bertsolarien artean ahotsak zer funtzio jokatzen duen ilustratu nahian Joan Mari Lekuona โ€œEgaรฑak honelaโ€ eta โ€œLizasok honelaโ€ bata eta bestea imitatzen hasi zenean eta nire inguruan ikaskide guztiak dibertiturik buruarekin baiezkoa egiten sumatu nituenean; nik, noski, justu-justuan bainekien bertsolariak zirela, eta ez besterik.

Gaur egun euskaraz bizi naiz. Euskaldunberri/euskaldunzahar etiketak aspaldi samar ahaztu nituen, eta konplexu gutxi dut jada (horretan adinak ere lagunduko zuen ziurrenik). Euskal Filologia bukatuta, euskarari lotuak izan dira eduki ditudan ia lan guztiak, irakaskuntzan, itzulpengintzan zein liburugintzan. UEMAn dagoen udalerri batean bizi naiz, azken urte hauetan asko erdaldundu den arren Donostia nire jaioterria baino euskaldunagoa den herri batean. Bikotekide bizkaitarra dut, arnasgunetzat jotzen den herri batekoa, eta gure bi semeek, nik ez bezala, euskara eta euskal mundua jaso dute etxean zuzenean. Gure etxeko hizkuntza euskara da. Nola aldatu diren gauzak, kamarada.

Edo beharbada ez horrenbeste. Gure bi semeak erdarara pasatzen dira etxetik euskara ez dakarten beren lagunekin ari direnean, eta tarteka baita beraien artean ere. Horretaz idatzi nuen duela urtebete pasatxo, blog honetan bertan, nik espero baino erreakzio handiagoa sorrarazi zuen artikulu batean โ€•norberaren ahuleziak aitortzea bezalakorik ez dago arrakalarik gabeko bizitzak dituztenen aholkuen iman bihurtzekoโ€•. Batzuek hala ulertu ez bazuten ere, kezkatu eta amorratu egiten nauen kontua delako idatzi nuen testu hura, noski, inork ez baititu bere bizitzako ordutxo batzuk ematen munta gutxikoa iruditzen zaion gai bati buruzko ideiak buruan antolatzen eta paperean jartzen (ez naiz oraindik hedonismoari emanda bizi, baina alferreko masokismoa behintzat nahiko kontrolpean dut aspalditxotik).

Eta, hala ere, aitortu behar dut semeak noiz edo noiz gazteleraz mintzo direla-eta edo bizi naizen herria oso denbora gutxian nabarmen erdalduntzen ari dela-eta arranguratzen naizenean/garenean, deabrutxo baten ahotsa entzuten dudala ezinbestean, belarrira ezti xuxurlatzen didana: โ€œtira, erdaldunagoak zineten zu eta zure ingurua haien adineanโ€. Nire bizitzan dena izan baita irabaztea, euskarari dagokionez. Aho txikiarekin esaten dut esan berri dudana, ez baitut nahi inork ulertzea garrantzia kendu nahi diedala azken urte hauetako datuei. Baina ausartu nahi dut ikusarazten euskara ikasi dugunontzat ez dela erraza izaten batzuetan, edo niretzat behintzat ez dela erraza izaten, irabazi indibiduala eta galera kolektiboa bereiz mantentzea. Eta euskararen auzian kontzientziazioari eta aktibazioari dagokionez kontuan hartu beharreko faktore bat dela esango nuke. Euskara irabazi dugunok beharbada ez dugu berdin hautematen arriskua.

Nork nori zor

Manu Lรณpez Gaseni

Aurreko batean euskal hizkera literarioaz idatzi nuen testuaren jarraipena izan nahi du gaurko honek. Jarraipena edo, akaso, hizkera literarioaren beste ikuspegi bat, estilo deritzogun haren azpimultzo bati erreparatzeko.

Euskal itzultzaileok harro-harro darabilgu Anjel Lertxundi totem moduan, gutaz eta gure lanaz ez gutxi idatzi duelako, belarria goxatu digulako, gure jardueratik zenbat ikasi duen xehe-xehe azaldu duelako, idazleek itzultzaileoi zenbat zor diguten behin eta berriz esan duelako.

Idazleek asko ikasi omen dute itzultzaileengandik. Oso ondo. Galtzerdiari buelta eman diezaiogun orain, galdera moduan: Eta itzultzaileek zer/zenbat ikasi dute idazleengandik? (Onar dezagun gaurkoz idazle deitura autore adieran, amaigabeko zehaztasun metalinguistikotan ez galtzeko).

Sarritan iradoki da itzultzaile literarioa, neurri batean behintzat, idazle edo sortzaile ere izan beharra, segur aski adierazi nahian, hizkuntzaren mekanismoak ondo ezaguturik, ohiko errutina denotatibotik ateratzen gaituzten diskurtso gogo-altxagarriak sortzeko gai izan beharko lukeela, baita bere itzulpenetan ere. Anbiguoa, badakit. Eta, horretarako, ezinbestekoa da literatura-tradizioa ezagutzea. Tradizio klasikoa eta tradizio garaikidea, eta haietan dauden hizkuntza-perlak barkatu, eta hizkuntza-bitxiak, urriagoak, gogoan hartzea.

Eta hemen dago, azkenean, estiloaren kontua. Ez baitira asko estilo edo ahots propio nabarmen bat garatzea lortu duten idazleak. Gutxi batzuk belaunaldi bakoitzean, eta batzuetan ez dira belaunaldi-burutzat hartu ohi direnak, nire iritzian (eta horrek esan nahi du estiloaren aurretik beste ezaugarri asko diratekeela kanonak ezartzeko orduan; baina gai hori, kanonarena, beste baterako utziko dut). Bestalde, estilo baten jabe izatea ez da ona berez, gerta baitaiteke, iritziak iritzi, urliaren estiloa zoragarria izatea, eta sandiarena, berriz, pairaezina.

Zertara datorren hau? Bateko eta besteko hari-muturrak lotuta, irudikatu nahi nuke itzulgaia irakurri eta bere baitan, adibidez, zera esango lukeen itzultzaile bat: Testu honen tankera ikusita, euskaraz primeran geratuko litzateke Koldo Izagirreren estiloan emanda, eta halaxe euskaratuko dut.

Oraindik orain argitaratutako Anjel Lertxundi: idazlea eta obra izeneko azterketa/omenaldi liburuan, zera dio Idoia Santamarรญak: โ€œNik, berriz, itzultzaile gisa, behar-beharrezkoa dut berrogeita hamar urtez estiloa lantzen aritu den idazle baten begirada eta ekarria. Kanpoko ahotsak euskarara ekartzeko, beharrezkoa dut sortzaile horren lana, ikusi eta ikasi behar dut nola erabiltzen duen hizkuntza (โ€ฆ) adierazi nahi duena adierazteko, nik ere tresna hori bera erabili behar baitut aldiro kanpoko ahots eta paisaia berri bat gurera ekartzekoโ€ (Zabalondo & Gurrutxaga, ed., 2024: 130).

Estilo-ereduaren aukera ezin da egin jatorrizko testua kontuan hartu gabe. Ez alferrik, idazle-lanbidetik bereizteko, itzultzailea sarea babes lan egiten duen orekari bat dela dio metafora maiztuak. Idazlea eta itzultzailea, biak sortzaile. Hala ere, estiloari dagokionez, รฑabardura garrantzitsu bat egin behar da: Idazleak estilo propio bat bilatu beharko luke, baina itzultzaileak debekatua du estilo propiorik izatea.

Metaforako sarea baldin bada jatorrizko testuaren egitura, pasarte-banaketa, esaldien antolaera, esamoldeak eta hitzak, haiek guztiak euskal estilo baliokide batera aldatu beharko lituzke itzultzaileak, eta horretarako euskal idazleen estiloen katalogoa du eskura. Itzultzaileak eta idazleak, biek dute jauzi bereziki zail batean trapeziotik erortzeko arriskua, baina askoz handiagoa da, noski, idazlearen erorikoa (eta hobe luke estiloz eramatea).

Magialaria ere balia liteke itzultzailearen jarduna irudikatzeko. Hizkuntza bateko berbak erakutsi, zapiaren azpian ostendu, hagaxka magikoaz jo, eta beste hizkuntza batekoak agerrarazi, ikusleen pozerako. Eta magorik arrakastatsuena, trukea nabaritu gabe eta era estilotsuan jokatzen dakiena. Emankorra, zirkuko jarduera-saila; literaturaren inguruko eragile guztiak ere bertan irudika litezke (esleipena, nahieran): lehoi-hezleak, clown jakintsua eta clown memeloak, indartsu bibotedunak, sabeliztuna, su-irensleaโ€ฆ Artearen komedia, zahar ahaltsu, pierrot eta arlekin guztiekin.

Idazlea eta itzultzailea, eta bien artean, estiloa. Hauxe idatzi zuen Anjel Lertxundik Itzuliz usu begiak saiakeran (190. or.): โ€œEdozein hizkuntzatako idazle-belaunaldi bat, baita hizkuntzarik hegemonikoenean ere, ezin da erregistro, gai eta giro guztietara heldu. Are gutxiago euskaraz. Baina idazleok uste duguna baino bide luzeagoa egin dezakegu estiloaren aldetik euskarara ekarritako ispiluetan begiratutaโ€.

Itzultzaileok balakatuta sentitzen gara Lertxundiren diskurtsoarekin, baina, funtsean, ondo dakigu laudamen horiek, neurri handi batean, estiloaren maisu batek, etorkor, guraso batek bere umeari nola, bigarren graduko testugileei emandako adorea direla.

Eta hau guztia, Bรถll eta Azpirozen hitzetan esateko, pailazo baten aburuak.

Zuzentzaileak, funtsezko kate-begia

Ane Garmendia Alberdi

Gaurkoan zuzentzaileei gorazarre egin nahi nieke. Zeharka bada ere, solasaldi eta elkarrizketetan beti aipatu izan dut zuzentzaileek gure lanbidearen katean daukaten garrantzia. Asko hitz egiten da itzultzaileon ikusezintasunaz, baina, egiari zor, badago lanbide bat are ikusezinagoa dena: zuzentzailearena. Ikusezina eta, zoritxarrez, plataforma eta telebista batzuetan desagertzen ari dena.

Bai bikoizketaren alorrean, bai azpidatzienean, funtsezko kate-begia da, literaturan, administrazioan eta bestelako alorretan bezalaxe. Hori ondo baino hobeto dakigu itzultzaileok. Guk egindako itzulpen-lana txukundu, orraztu eta egindako akatsak konpontzen ditu zuzentzaileak. Sarri, guk ikusten ez ditugun gauzak ikusten ditu, lau begik bik baino hobeto ikusten dutelako, argi dago, eta begirada fresko batekin aztertzen dutelako guk itzulitakoa.

Baina ikus-entzunezko itzulpenetan gero eta ohikoagoa den egoera bati ere aurre egin behar dio zuzentzaileak. Askotan, lan bera itzultzaile bat baino gehiagoren artean banatzen da. Oso ohikoa da atal ugari dituzten telesailetan, premia izaten baitute produktua merkatura ateratzeko, izan telebista linealera, izan online plataformetara. Telesail bat bi edo hiru itzultzaileren artean banatzen bada, pentsa zer-nolako lana egin behar duen zuzentzaileak behin betiko produktuak terminologia eta estilo aldetik, besteak beste, koherentzia izan dezan.

Bada, azkenaldian joera ikus-entzunezkoen kate horretatik zuzentzaileak kentzea da. Joera kezkagarria, benetan. Galera hau bereziki nabarmena da azpidatzien kasuan. Azpidatziak itzultzaileak bidali bezala iritsiko zaizkio ikus-entzuleari. Itzultzaileak akats bat egiten badu (eta egingo du, gizakia delako), zuzenean pantailan agertuko da. Bikoizketaren kasuan, zuzendaria eta aktoreak daude tartean, eta haiek zuzen lezakete akats bat edo beste, ohartzen badira, baina azpidatzietan ez dago hori zuzen lezakeen bitartekaririk.

Zuzentzailea kentzearen emaitza kalitate txarreko produktu bat da. Batzuetan, jendeak protestatu ondoren, edukia kendu eta zuzendu egiten dute. Baina, jakina, horretarako beharrezkoa da jendeak protesta egitea. Nik mundu guztiari esaten diot, mesedez, plataformaren batean akatsen bat ikusten badu, plataformak berak eskaintzen dituen bideetatik hari jakinarazteko. Oso erraza da, ez da asko kostatzen. Jakin behar dute ez gaudela prest horrelako akatsak onartzeko.ย Baina, tamalez, esango nuke ikus-entzuleak akats horietara, hau da, behar bezalako garrantzia eman ez zaien azpidatzi horietara, ohitzen ari direla, eta gero eta gutxiago direla protesta egiteko prest daudenak, alferkeriagatik, axolagabekeriagatik edo, besterik gabe, horrelako akatsak barneratu dituztelako eta garrantzirik ematen ez dietelako. Auskalo.

Nik, aurrerantzean ere, zuzentzailearen lanbidea aldarrikatzen jarraituko dut, temati, itzultzailearen lanari atxikita doan lanbide gisa, itzulpenaren katearen funtsezko kate-begi gisa.

Mendi, baso, oihan…

Oskar Arana Ibabe

Horra hiru hitz: Euskaltzaindiaren Hiztegian, esanahi bat baino gehiago dute hirurek (baldin eta baso hitzaren definizioan puntu eta komatik aurrerako zatiari autonomia moduko bat aitortzen badiogu). Eta, hiruren artean ere, sinonimia-joko zail samar bat ageri dute, Euskaltzaindiaren Hiztegitik ondoriozta daitekeena baino zailagoa, nire usterako:

Mendi:

1 iz. Inguruko eremutik nabarmen goratzen den lur zatia.

2 iz. Mendialdea. (mendialde: Mendia dagoen edo mendiak dauden aldea; eskualde menditsua.)
Baso:

1 iz.ย Batez ere zuhaitzez betetako lurraldea; gizakiak lantzen ez duen eremua.
.
.
.

.
Oihan:

1 iz. Basoa, zuhaitzez jantziriko lur eremua.

2 Baso guztiz handia eta basatia.
.
  • mendi izan daiteke: 1 iz. Inguruko eremutik nabarmen goratzen den lur zatia. Edo 2 iz. Mendialdea. Hau da, Mendia dagoen edo mendiak dauden aldea; eskualde menditsua.
  • Eta, baso, berriz, honela definitzen du: Batez ere zuhaitzez betetako lurraldea; gizakiak lantzen ez duen eremua.
  • Eta, oihan, bestalde, honela: 1 iz. Basoa, zuhaitzez jantziriko lur eremua. Eta 2 iz. Baso guztiz handia eta basatia.

Beraz, hiru hitz eta bost esanahi, Euskaltzaindiaren Hiztegian. Haien arabera, baso eta oihan sinonimo beteak, beren adieretako batean: โ€œBatez ere zuhaitzez betetako lurraldeaโ€ / โ€œZuhaitzez jantziriko lur eremuaโ€. Baso hitzak, ordea, bigarren zatian, puntu eta komatik aurrera, badu adiera zabalago bat: โ€œgizakiak lantzen ez duen eremuaโ€.

Jo dezagun Euskal Hiztegi Historiko-Etimologikora, ea zer dioen baso sarreran:

baso (xi. m.: SMig [esquiasso atairia (< –baso)];[7] basa– 1025: SMillรกn [Bassahuri]). โ–  Hitz beregain bezala, hegoaldean bakarrik erabiltzen da historikoki (salbuespenak Etx. Ziburukoaren adibide bat eta LuzErrem dira; cf. halaber basotar Etx. Sarakoagan). Basa- garai eta eremu guztietan aurkitzen da elkartuetako aurreneko osagai moduan (leku-izenak barne), eta horrek hitzaren noizbaiteko orokortasuna frogatzen du.[8]

โ€˜Oihanโ€™ eta โ€˜mendi-aldeโ€™ esanahiekin agertzen da eskuarki (โ€˜mortuโ€™ gisa ere erabili izan da: Mburu, Ubill, AgirAstโ€ฆ). Pentsa liteke โ€”nahiz ez den aukera bakarraโ€” bazukeela lehenagotik esanahi zabalago bat: โ€˜leku jendegabe, kanpo, bazter-lekuโ€™ moduko zerbait izan zitekeen (gehi โ€˜landu/landatu gabea, basatia, arautu gabeaโ€ฆโ€™; cf. basa-dun elkartuek hartzen dituzten esanahiak,[9] eta, besteak beste, baso/etxe [OihAtsot basoillo/etxoillo; cf. GaribAtsot etxera orduan basora] eta basa-/giza- [zar. basazalke/gizazalke] oposizioak); eremu batzuetan โ€˜mendi-aldeโ€™ esanahiarekin eta beste batzuetan โ€˜oihanโ€™ esanahiarekin finkatuko zen gerora.

Baso hitzarentzat, beraz, Euskal Hiztegi Historiko-Etimologikoan, hiru esanahi ere bereizten dira: 1. oihana, batetik; 2. mendi-aldea, bestetik; eta, lehenagotik esanahi zabalago bat zukeena 3. leku jendegabe, kanpo, bazter-leku moduko zerbait, landu edo landatu gabea, basatia, arautu gabea. Gaurko Euskaltzaindiaren Hiztegian, 1. eta 3. definizioak jaso dira definizio bakar batean. Ostera, 2. definizioa, mendi-alde esanahikoa, ez. Nire ustea da jaso beharko lukeela, eta 3 definizio eman, gaurko erabileraren arabera. Saiatuko naiz aurrerago hori frogatzen, eta, halaber, hiru hitz horien artean era daitezkeen sinonimien jokoa mamitsuagoa dela lehen koadro horretan baino.

Mendi hitzak ez du sarrerarik Euskal Hiztegi Historiko-Etimologikoan. Orotariko Euskal Hiztegian, hau dio lehenengo lerroetan:

mendi.

Etim.ย Para su origen en unย *mentiย y su posible relaciรณn con lat.ย mons,ย v.ย SHLVย I 53.

Onom.:ย In uilla etenim que uocitaturย Mendicoaย (100). Arzam 341.ย Garcia deย Mendicoaย (1350). Ib. 341. v. tbn. mรกs ejs.ย ib.ย 340, 341, 342.ย (gral.; Lcc, Volt 96, Mic 8r, SP, Urt V 224, Htย VocGr, Lar,ย VP,ย Aรฑ, Lecl, Archย VocGrย ,ย VocBNย , Gรจze, Dv,ย VocBย , Zamย Vocย ),ย mindiย (AN-5vill,ย BN-mix)ย Ref.:ย VocPirย 117; Bon-Ond 138; A;ย EIย 198; Lh; Lrq; Izย Alsย ,ย Rย 293 y 310,ย Ulz, UrrAnz, ArOรฑ; Satrย VocPย (baso); Etxbaย Eib; Echaideย Navย 40s, 318s; Holmerย ApuntV;ย EAELย 462; Elexpย Berg.
Monte, montaรฑa; terreno natural.

Hasteko, nabarmentzekoa da terreno natural esapidearen ordaintzat ematen dela lerro horretan, eta, adibide hauetan, adiera horren arabera erabilia dela segur:

  • “Monte”ย VPย 59r. “Mendian bizi,ย morar en el campo”ย 
  • Ezeban iรฑok esangoย mendian iaio taย mendian azia zanik.ย Agย ALย 61.
  • Mendia utzi eta hirian / zer ote zeie gertatzen?ย Etchamย 228.ย Baserriak bizia eman-da, /ย mendiak ninduan azi.ย Lekย E
  • Mendian yaio taย mendian bizi diran basa-eizeak.ย Zaitย Sofย 170.
  • Basoan edoย mendian gazte nagi asko baiรฑo gogorrago aritzen zen.ย Etx
  • Mendian bizi ezin diranak / sallean datoz kalera.ย Basarriย 129.
  • Euskera zarrakย mendian dauka / lenengo bere jarleku.ย BEnbย NereAย 115.

Adibide horietan guztietan, nekez jo daiteke lehen adierakoa dela erabilera (1 iz. Inguruko eremutik nabarmen goratzen den lur zatia.), eta atera daiteke ez dela ere mendialde adierakoa, beste zerbait baizik, alegia, terreno natural delako hori dela, edo basoren definizioaren bigarren zatiaren araberakoa, ยทgizakiak lantzen ez duen eremuaโ€, eta, beraz, basoren sinonimoa. Hara, hortik ere, mendi hitzak, baso berak bezala, hiru adiera behar nire iritziko, eta ez berezituak, hiztegi orokorrekoak baizik, Euskaltzaindiaren Hiztegian. Hona nola: 1 iz. Inguruko eremutik nabarmen goratzen den lur zatia.
2 iz. Mendialdea. (mendialde: Mendia dagoen edo mendiak dauden aldea; eskualde menditsua.) eta 3 iz. Gizakiak lantzen ez duen eremua.

Harrigarria, laugarren bat ere ukanen luke, zenbait eskualdetan, nahiz eta hedaduraren murritza dela-eta ez izan Hiztegi Orokorrean jasotzekoa. Jakitekoa da, ordea, ezen, Duvoisinek ematen duen berriaren arabera:

“Dans quelques localitรฉs de la Haute-Navarre, mendi se dit pour bois, forรชt. ร€ Osinaga, on donne ร  la fois les deux significations” Dv.
Iratiko, itsasua beรฑo aundiagoko mendiaren ostuak. (AN-gulina). Orreaga 54 (66 y 70 (AN-5vill) mendi; 46 (AN-araq), 58 (AN-ulz) baso, 50 (AN-larr), 62 (AN-5vill), 90 (AN-erro) y 94 (AN-arce) oian).

Nafarroa Garaiko zenbait herritan, hala, mendi esaten ziotela basoari edo oihanari (bois, forรชt).

Argigarria nola Inozenzio Munita apaiz eta Aramako erretoreak 1952. urtean eman zuen argitara Gure Mendi ta Oianak. Zuaizti berriak antolatu eta lengoak zaintzeko zuzenbide batzuek liburua. Lehenengo atalean bertan aurkitzen du bere burua behartua terminoak bereiztera, eta mendi-zugatzak eta baratz-zugatzak bereizten ditu. Eta pasarte horretan bertan, aurreraxeago, bi termino horien sinonimo bana ematen ditu: โ€œEmen, ordea, ez noakizu baratz-zugatzaz, igali edo frutu zugatzaz ezer esatera (โ€ฆ). Nik baso-zugatzaz bakarrik zerbait esango dizutet emenโ€ (lehenxeago mendi-zugatz deitu die). Beraz, ohartuta dago Inozenzio Munita baso eta mendi sinonimo beteak direla erabilera horretan.

Eta horregatik dira berdintzekoak, mendebaldeko euskalkietan aisa baliatzen diren basoko botak eta basoko bizikletak erdialdeko mendiko botak eta mendiko bizikletak. Areago, gure etxean, Anboto tontorrera joatea ere basora joatea zen, haitzak eta ahuntzak baino ez diren lekura. Ezin jakin, ordea, adiera horretan gizakiak lantzen ez duen eremuan tontorrak ere badirelako, ala lur goratua edo tontorra hitzen sinonimo betetzat jotzen zutelako erabiltzaileek. Nago bigarren hipotesi hori ez dela egia.

Argigarria, orobat, mendi-lan, mendiko lan sarrerak orotarikoan, basolan hitzaren pare-parekotzat jotzeko modukoak izatea:

MENDI-LAN (gral.), MENDIKO LAN. Ref.: A; Lh. “Trabajo de afuera, y mรกs generalmente trabajo campestre” A. Kemen emaztekia orobat trabajatan da, nola gizakia, mendi lanetan. Mdg 137 (v. tbn. 132). Balle kontra ezdaiteke xin emaztekirik serbutxatra; ezbaidakiei mendiko lanetarik. Ib. 137. Mendi-lanetan asko dabiltzanak badakite zuaitzaren luzera oker aundi gabe artzen. Munita 150 (v. tbn. 85). Orduan ekartzen ziran / garo-mordoska obiak. // Jendiak gogoz egiten zuan / orduan mendiko lana. Uzt Sas 80.

Hara hor, โ€œzuhaitzaren luzera oker haundi gabe hartzeaโ€ eta โ€œgaro-mordoska hobeakโ€ ekartzea jendeak, zeren eta, dirudienez, โ€œJendeak gogoz egiten zuen/orduan mendiko lanaโ€. Litekeena da, ordea, basolan adiera estuagokoa izatea, ez hartzea zuhaitzekin egiten zen lanaz bestekorik, โ€œgaro-mordoskakโ€ ekartzea bezalakoak, alegia.

Hori dela eta, mendi hitzaren definizioan, baso hitzaren definizio osoa ere bere horretan ere sar daiteke. Esan nahi dut, zuhaitzari dagokion eremua izan daitekeenez, guztiz pareka daitezke hitz biak, ez landatu gabeko lur eremu izan daitezkeen aldetik bakarrik, eta sinonimia bikoitza ukan, hartara, ez bakoitza. Aipatu dugu mendi-lan eta basolan guztiz pareka daitezkeela, eta are basomutil eta mendiko mutil ere.

Halaxe, Bizkaiko Batzar Nagusien Mendiei eta Babespeko Naturguneen Administrazinoari buruzko ekainaren 2ko 1994/3. Foru Arauaren 6. artikuluan ematen den kontzeptuaren arabera, zuhaiztunak edo zuhaitz gabeak izan daitezke baso edo mendiak.

Artรญculo 6
Concepto . 1. Se entenderรก por monte o รกrea forestal a los efectos de la presente Norma Foral, lo siguiente: a) Los terrenos rรบsticos en los que vegeten o puedan vegetar, espontรกneamente o previa siembra o plantaciรณn, especies o comunidades forestales, sean arbรณreas, arbustivas, de matorral o herbรกceas. b) Los terrenos incultivados o yermos situados en los lรญmites de los montes o รกreas forestales que sean necesarios para la protecciรณn de รฉstas, asรญ como aquellos otros que aรบn habiendo esta- do sometidos a cultivo agrรญcola, constituyan enclaves en los montes o รกreas forestales cuyo cultivo se haya abandonado por un plazo superior a tres aรฑos. c) Igualmente, son terrenos forestales aquellas superficies agrรญcolas que hallรกndose ubicadas en el interior de los montes o รกreas forestales o en los lรญmites de รฉstas, tengan una extensiรณn inferior a la unidad mรญnima de cultivo. d) Cualesquiera terrenos rรบsticos que como consecuencia de sus caracterรญsticas o situaciรณn fueran incluidos por el Departamento de Agricultura dentro de los proyectos de reforestaciรณn, protecciรณn y correcciรณn de la erosiรณn, mejora paisajรญstica del entorno o cualesquiera otras actuaciones de carรกcter silvรญcola. e) Se consideran tambiรฉn montes los prados y pastizales de regeneraciรณn natural, las pistas y caminos forestales y, en general, las superficies ocupadas por las infraestructuras forestales. 2. Se considerarรกn como terrenos forestales temporales los terrenos agrรญcolas que, conforme a los antecedentes catastrales disponibles, hayan tenido un uso agrรญcola en el pasado y circunstancialmente sean objeto de explotaciรณn selvรญcola. Nรบmero 2 del artรญculo 6 redactado por el artรญculo 2 de la Norma Foralย 3/2007, de 20 de marzo, de modificaciรณn de la Norma Foral 3/1994, de 2 de junio, de Montes y Administraciรณn de Espacios Naturales Protegidos (ยซB.O.B.ยป 28 marzo). Vigencia: 18 abril 2007 3. No se reputarรกn montes a efectos de esta Norma Foral los terrenos que, formando parte de una explotaciรณn agropecuaria y sin estar cubiertos apreciablemente con especies de carรกcter forestal, resultaren necesarios para atender al sostenimiento de la propia explotaciรณn.
6. Artikulua
Kontzeptua 1. Honako Foru Arau honen ondoreetarako, jarraian azaltzen dan hau joko da mendi edo basotzat: a) Bai berez, bai aurretiaz erein edo landatu egin diralako hazi diran baso espezieak edo multzoak daukazan landalurra, bardin dala espezie horreek arbolak, zuhaiskak, sastrakak edo bedarrak izan.ย b) Mendien edo basoen mugetan dagozan landu bako lurrak edo lantzarrak, horreek aitatu mendia edo basoa babesteko beharrezkoak diranean; atal honetan sartzen dira nekazaritzarako lantzen diran lurrak izan arren mendien edo basoen barruan dagozan barrendegiak, landalurrok hiru urtetan behintzat bertan behera itzita dagozanean. c) Era berean, basogintzaren alorreko lursailak izango dira mendien edo basoen barruan edo horreen mugetan dagozan nekazaritza-landalurrak, beti be aitatu sail horreek lanketearen gitxienezko unitatea baino txikiagoak diranean. d) Nekazaritza Sailak, ezaugarriak edo kokapena kontutan hartuta, birlandaketa, higadurearen kontrako babesa eta neurri zuzentzaileak, inguruaren paisaiaren hobekuntza edo oihangintzagaz zerikusirik daukan edozein egitasmoren barruan sartuko leukezan landalur guztiak.ย e) Berezko birloratze prozesuan dagozan zelaiak eta larreak, pistak eta basabideak eta, orokorrean, basogintzari lotuta dagozan azpiegiturak hartzen dabezan sailak be menditzat joko dira.ย 2. Aldi baterako baso lursailtzat hartuko dira iraganean nekazal erabilera izandako lurrak โ€” eskuragarri dauden katastroko aurrekariekin bat etorrizโ€” eta une jakin batean baso ustiapenerako erabiltzen direnak. 3/2007 Foru Arauaren, martxoaren 20koaren, 2. artikuluak idatzitako 6. artikuluaren 2. zenbakia, Mendiei eta Babespeko Naturaguneen Administrazioari buruzko ekainaren 2ko 3/1994 Foru Araua aldatzen duena (ยซBAOยป martxoak 28). Indarraldia: 2007ko apirilak 18 3. Foru Arau honen ondoreetarako, ez dira basotzat joko nekazaritzaren alorreko ustiapena izan arren basogintzan erabili leikezan espezieetako ale askorik ez dauken lursailak, zugatz horreek ustiapenaren beraren iraupenari eusteko beharrezkoak diranean.ย 

Oihan, Euskaltzaindiaren Hiztegian, ematen zaion lehen adieran, baso-ren sinonimo bete-betea da. Eta, erabileraz, gaur mendebaldeko euskaretan ezezaguna, baina ez garai batean, mendebaldeko toponimiak eta deiturek salatzen digutenez: oiharbide, ojanguren, oyanederra>oรฑederra eta antzekoak ez zaizkigu arrotz Euskal Herriko mendenbaldean ere. Eta, berak ere, hara, hartzen du mendi adiera ekialdeko eskualde batzuetan, hala baitio, antza, Duvoisinek berak, Aezkoa eta Zaraitzu ibarrei buruz: (cf. Duv: โ€œdans une partie de la Haute-Navarre, oian signifie montagne et boisโ€). Mendia eta basoa izan zitekeen, antza, eskualde horietan, oihan. Berriz ere, hedadura murritzak eragozten bide dio Hiztegi Orokorrean jasoa izatea. Baina jakingarria, nolanahi den ere.

Eta, beraz, nik honela osatuko nuke hiru hitz horien arteko erlazio-taula:

Mendi:

1 iz. Inguruko eremutik nabarmen goratzen den lur zatia.

2 iz. Mendialdea. (mendialde: Mendia dagoen edo mendiak dauden aldea; eskualde menditsua.)

3 iz. Gizakiak lantzen ez duen eremua (zuhaiztuna edo zuhaitzik gabea)
Baso:

1 iz.ย Batez ere zuhaitzez betetako lurraldea;

2 iz. Mendialdea. (mendialde: Mendia dagoen edo mendiak dauden aldea; eskualde menditsua.)

3 iz. Gizakiak lantzen ez duen eremua. (zuhaiztuna edo zuhaitzik gabea)
.
Oihan:

1 iz. Basoa, zuhaitzez jantziriko lur eremua.

2 iz. Baso guztiz handia eta basatia.
.
.
.
.
.

Foru-arau horretan, ostera, kirrinkatxo bat geratuko litzateke, hiztegi espezializatuaren bidez osatzekoa: izan ere, lehenengo letran, โ€œBai berez, bai aurretiaz erein edo landatu egin diralakoโ€ฆโ€ dioenez, ez zaio ondo egokitzen gure taulako 3. adiera (Gizakiak lantzen ez duen eremua) baitio. Eta, beraz, laugarren adiera bat emanez (basogintza erabil-eremuaren markarekin) aurkituko genioke konponbidea.

Osterantzean, aitortu behar dut ezen ikerketatxoa egin ostean begiratu dudala foru arau horren 6. artikuluko definizioa, eta nola iritzio diodan oso egokia, basogintzaren eremuko definizio horren koskatxo hori gorabehera. Zehaztasun txit handiz emana, duela jada 31 urte!!

Betiko erronkei begirada berriak

Amaia Lersundi Pรฉrez

Askotan tokatu izan zait nazioartean euskal hezkuntza sistemaz hitz egitea, eta normalean, Euskal Herriko egoera ezagutzen ez dutenei bitxia egiten zaie gure hezkuntza sisteman dugun egoera linguistikoa, eta batzuetan zaila ere egiten zaie ulertzea. EAEko derrigorrezko hezkuntzan eskolatze hizkuntza nagusia euskara da, eta ikasle guztiek hiru hizkuntza ikasi behar dituzte gutxienez: euskara, gaztelania eta atzerriko hizkuntza bat, kasu gehienetan ingelesa izaten dena.

Beste toki askotan ez bezala, gure eskolatze hizkuntza nagusia hizkuntza gutxitua da, eta badakigunez, hizkuntza hegemoniko batekin diglosia egoeran bizi da. Horrek hainbat eszenatokiren aurrean jartzen gaitu. Batetik, etxeko hizkuntza euskara duten ikasleek haien lehenengo hizkuntzan egiten dute ikaste-prozesu osoa. Euskara lehenengo hizkuntza ez duten ikasleek, aldiz, murgiltze ereduan ikasten dute. Egoera horretan dauden ikasle batzuentzat euskara hizkuntza akademikoa edo eskolako hizkuntza besterik ez da, eskolaz kanpo tokirik ez duena. Hala ere, etxetik euskara ez dakarten beste ikasle batzuentzat murgiltze eredua arrakastatsua da, eta euskaraz bizitzera ere iristen dira.

Badaude beste herrialde batetik etortzen diren ikasleak ere, zeinentzat euskara eta gaztelania haien hirugarren eta laugarren hizkuntzak izan daitezkeen. Azken urteetan, Euskal Herriko hezkuntza sisteman, eta baita munduko beste herrialdeetako hezkuntza sistemetan ere, kultura eta hizkuntza aniztasunek nabarmen egin dute gora. Igoera hau are nabarmenagoa izango da datozen urteetan.

Orain arte, ez zaigu batere erraza egin curriculumeko hiru hizkuntzak modu koordinatu batean irakastea eta euskara ardatz duen eleaniztasuna praktikan jartzea. Gero eta gehiago dira eskoletan elkarrekin bizi diren hizkuntzak, eta gizarte benetan inklusibo eta eredugarria izan nahi badugu, hizkuntza horiek guztiak errespetatu eta kontuan hartu behar ditugu. Erronka potolo baten aurrean gaude, eta hezkuntza komunitate osoaren ardura da erronka horri behar bezala erantzutea.

Bide eta hausnarketa berriak irekitzeko garaia dela uste dut. Zer eta nola egingo dugu gure hezkuntza sisteman daukagun hizkuntza aniztasunari erantzuteko? Nola bermatuko dugu kulturartekotasuna geure kultura mantenduz eta zainduz? Nola indartu geure hizkuntza besteen hizkuntzak baztertu edo gutxietsi gabe?

Mila dira burura datozkidan galderak. Hasieran esan dut batzuetan nazioartean zaila egiten dela gure hezkuntza sisteman bizi dugun egoera linguistikoa ulertzea, baina barrutik ere ez da erraza teorikoki hain barneratuta ditugun zenbait ideia praktikara eramatea. Herrialde batzuek eredutzat dute Euskal Herria, baina guk ere badugu zer ikasi besteengandik; esaterako, ikasi beharko genuke hezkuntza komunitatean sortzen diren testuinguru eta errealitate eleaniztunetan nola jokatu, betiere, noski, euskarari kalterik egin gabe. Eskola batzuetan lan handia egiten ari dira bide honetan, eta azken urteotan elkarbizitzan asko laguntzen duten hainbat praktika on abiatu dituzte. Horiek bai eredugarriak!

Aurrez aurre, justizia

Asier Larrinaga Larrazabal

Orain dela egun batzuk, beste epai bat gehiago ezagutu dugu Administrazioan sartzeko ezarrita dauden hizkuntza-eskakizunen aurka, oraingo kasuan Bizkaiko Foru Aldundiaren lan-eskaintza publiko batekin lotuta. Argudioak euskal lurraldeetan diharduten auzitegiek erabili ohi dituztenak dira. Bi argudio dira, biak ala biak zeharo gezurrezkoak.

1. argudioa: ยซEuskara-eskakizunek gaztelania-hiztunak baztertzen dituzteยป. Irmoki ezeztatzen dut. Jakitea eta izatea ez dira gauza bera. Soldata publikoa duen langilea izateko euskara jakin dadin eskatzea da, inongo alderik gabe, matematika jakin dadin eskatzea bezalakoa, edo bularraldeko kirurgia jakin dadin, edo autoa gidatzen, edo kasuan-kasuan dagokiona. Euskara jakin ezean, nahikoa da ikasturte akademiko bat (9 hil) B2 maila erdiesteko. Euskara jakiteko eskakizuna ez da parekatu behar, ezelan ere, Barakaldon jaioa izateko baldintzarekin, ile-horia izateko baldintzarekin, ezkertia izateko baldintzarekin edo zeliakoa izateko baldintzarekin. Egoera hainbeste zitaldu da, ezen, Antsoainen oposizioetara aurkezten banaiz, ingelesa jakitea merezimendua izango baita, baina euskara jakitea bidegabekeria.

Funtzio publikoan lan egitea zerbitzu bat da, ez eskubide bat, eta pertsonarik prestatuenak hautatzea eskatzen du. Kontua ez da inor diskriminatzea bere izateagatik, baizik eta merituak aitortzea badauzkanari.

2. argudioa: ยซAdministrazioak euskarazko zerbitzua eman dezan, ez da beharrezkoa plaza guztietan hizkuntza dakiten pertsonak aritzeaยป. Errealitateak berak gezurtatzen du argudio hau. Lehenago edo geroago, Administraziora euskaraz jotzen duen euskaldunak bere bizipenen artean izango du zain geratu behar izatea (ordu erdi baino gehiago batzuetan) “indigena”rekin komunika daitekeen baten bat aurki dezaten arte. Hori bada diskriminazioa. Diskriminatu egiten naute, eta askoz tratu txarragoa eman, nire hizkuntza-eskubideak erabiltzen saiatzeagatik.

Eta arazo bakarra ez da ez dugula bigarren mailako arretarik nahi. Gure nahia bada, era berean, euskara ulergarri, kalitate oneko eta zainduan egotea formularioak, liburuxkak, legeak, gidaliburuak, iragarkiak eta Administrazioak helarazten dizkigun gainerako testu guztiak, idatziak zein ahozkoak. Hori lortzeko modu bakarra da administrazioak euskaraz funtzionatzea; nekez lortuko da administrazioari azken orduan gogora etorrita testua euskaratu egin behar dela argitaratu aurretik, berdin dio Google Translator bidez, nire lehengusuari eskatuz, ยซBermeokoa baitaยป, edo erakundeko itzultzailearen eguneko ekoizpen-kuotari gaineratuz.

Nolanahi ere den, arrazoizkoa iruditzen zait hizkuntza-eskakizuna duten plazen kopurua eta esleitutako eskakizun-mailak eurak esparru bakoitzeko errealitate soziolinguistikora egokitzea. Horixe bera exiji dakioke Justizia Administrazioari, ildo horretan ezer ere egin ez duena. Alderantziz, ez da arraroa justizia oldarkor agertzea euskararen aurka bere epaietan. Gogoan dut Gasteizko Administrazio-auzietarako Epaitegiak 2021ean emandako hura, honelako “perlak” jasotzen zituena: ยซAdministrazioak ahaztu bide du euskarak bosgarren posizioa duela munduko hizkuntzarik zailenen artean (zerrenda batzuetan lehenengo ere agertzen da)ยป.

Aner Uriarte Bilboko epaile dekanoak egindako adierazpenek, Teleberrin jasoak, berretsi egiten dute ez dagoela ez egitasmo ez borondate instituzionalik, eta pertsona bakoitzaren ekimenaren esku uzten dela dena. Euro bat jokatuko dut, Uriartek piztu dituen espektatiben aurka, ezetz egin 2025ean epaiketa bat ere oso-osorik euskaraz.

Konfiantza dut, ordea, euskal administrazioetako zerbitzu juridikoek jakingo dutela zelan indargabetu euskararen normalizazioaren aurkako mehatxu hau, zeina baita, azken batean, gure herriaren normalizazio sozialaren aurkako mehatxu bat.

โ€•

Jatorrizkoa Deian argitaratua: https://www.deia.eus/opinion/columnistas/2025/01/21/justicia-hemos-topado-9178384.html

Adimen artifiziala euskaraz

Maite Imaz Leunda

Common Voice Mozilla Fundazioak (kode irekiko Mozilla proiektuaren arduradun den irabazi asmorik gabeko erakundeak) abiarazitako lankidetza-proiektua da, ahots-grabaziozko datu-base libre bat sortzeko, horrekin kode irekiko ahots ezagutzailea (speech-to-text motorra) lortzeko hainbat hizkuntzatan. Boluntarioek mikrofono batekin grabatzen dituzte esaldiak eta grabazioak beste erabiltzaile batzuek berrikusten dituzte. Transkribatutako esaldiak ahotsezko datu-base batean jasotzen dira, jabari publikozko lizentziapean. Lizentzia horrek ziurtatzen du edozein garatzailek datu-basea erabil dezakeela ahotsetik testurako aplikazioetarako, mugarik edo kosturik gabe.

Euskarari dagokionez, Librezale euskara informatikaren munduan bultzatzea helburu duen lantaldea hasi zen sustapena ematen eta grabazioak egiten. Geroago Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako Sailburuordetzak bultzada ematea erabaki zuen eta hainbat urrats egin ziren 2023an; egitasmoaren aurkezpen publikoa egin zen Tabakaleran eta horren inguruko hainbat publizitate egitasmo: spota komunikabideetan, Euskal Irrati Telebistako Gaitu-eguna, Grabazio maratoia hiriburuetan eta hainbat herritan, erronka bideratu zen ahotsak biltzeko proiektua bultzatzeko.

Bultzadaren ondorioz, boluntarioen kopuruak goraldia izan zuen, baina geroztik geldi samar dago. Gaur egun 10.000 hiztunetik gora daude erregistratuta eta 665 ordu grabatuta. Ekimenaren berri etengabe eman beharra dago jendeak ekarpenak egin ditzan. Ahots asko eta askotarikoak behar dira, adin tarte, genero eta mota guztietakoak. Milaka ahots behar dira eta milaka grabazio ordu euskaraz.

Kode irekiko ahots ezagutzailea librea izatean, edonork, hemengo eragileek zein beste enpresa teknologiko handiek, erabili ahal izango du garapenak egiteko.

Adimen artifizialak ekar ditzakeen abantailak handiak dira. Euskal Herrian badira adimen artifiziala eta euskara jorratzen ari diren ikertzaileak; esaterako, ahozko desgaitasuna duten pertsonen komunikazioa erraztuko duten sintesi-teknologien garapenean, ahots pertsonalizatuen sintesia lortzeko; edo ahotsaren transkripzio automatiko elebidunak egingo dituen tresnak garatzen, ahozko jarduna bi hizkuntzatan egiten den kasuetarako; edo euskara ikasten ari direnentzako txatbotak, ikasleek makinekin euskarazko elkarrizketak eduki ahal izan ditzaten.

Adimen artifizialaren arriskuak ere nabarmenak dira, ordea, modu desegokian erabiliz gero. Itzultzaileen eta interpreteen lana arriskuan egon daiteke itzultzaile automatiko neuronalak eta transkribatzaile automatikoak lagungarri gisa erabili beharrean profesionalen lana ordezkatzeko erabiltzen badira. Behin eta berriz esan beharra dago teknologia berrien egitekoa ez dela soilik euskara ikusgarriago egitea eta zabaltzea, kalitatezko euskara erabiltzea eta zabaltzea baizik.

Baina bada erabilera desegokiarena baino arrisku handiagoa: adimen artifizialean euskara ez sartzea eta ingurune digitaletik kanpo geratzea, alegia. Adimen artifizialaren kontrako ahotsak entzuten dira esanez hizkuntza gutxituak babestu egin behar direla. Baina adimen artifizialari uko egitea eta adimen artifizialetik kanpo gelditzea ez da euskara babestea. Orain dela hamarkada batzuk ere baziren euskara batuaren kontra zeudenak euskalkiak babestu behar omen zirelako, baina euskara batua sortu ezean euskarak berak bizirik irautea zen jokoan zegoena.

Teknologia digitaletan ingelesa eta beste hizkuntza nagusi batzuk izaten ari diren bilakaera azkarra baldintza beretan egin ezin duten hizkuntzek desagertze digitalerako zorian eta arrisku larrian egon daitezke. Hizkuntza digitaletan dauden ezberdintasunak mehatxu larria dira hizkuntza-aniztasunarentzat.

Gaur egungo egoerari begira, irtenbide digital aurreratuetarako behar den euskararen corpus digitala oso txikia da. Euskarazko corpus digitala izatea estrategikoa da hizkuntza-eredu eta aplikazio digital aurreratuak garatzeko ezinbesteko abiapuntua delako, eta datuak estrategikoak dira teknologia garatzeko.

Adimen Artifiziala hemen daukagu eta euskaraz egiten ez badu euskal hiztunek beste hizkuntza batzuetara joko dute. Hizkuntza gutxitu batek bere egiten ez duen esparrua inguruko hizkuntza hegemonikoek bereganatzen dute.

Eusebio Etxalarkoa, Raemaekers antibelizistaren bihurtzailea

Gidor Bilbao Telletxea

Koldo Eleizalde bergararrak Piarres Broussain hazpandarrari 1916-10-14an idatziriko gutun batek (Charritton 1986: 347) eraman nau 1916an Londresen euskaraz argitaraturiko liburu baten itzultzailearen aztarnak miatzera. Gutun horretan, โ€Raemaekersโ€™en idaztiaโ€ aipatzen da:

Gazteiz (Vitoria), 1916 – Urrilla – 14’ะฐn

ยซCercle d’Etudes euskariennesยปko Lendakari yaunari

Agur, ene yauna: Bidali didazun Raemaekers’en idaztia atsegiรฑik bizienaz artu izan dut, eta beratzaz eskarrik aunitz bai-damazkizut. Ezaguna nuen Raemaekers’en egipen eder ori, ta maitasunez begiratua, Alkartuen aldekoa naizelako, gudu ikarakor untan, eta batez ere, Belgika gaxo ta goitiarraren alde-aldekoa. Nire ustez beintzat (eta uste zuzena dela deritzat) euzkeldun zintzo guziok ะlkartuen aldekoak izateko bearpe estuan gaude, errien azkatasuna Alkartuok aldezten dutelako. Orregatik bada, gudua asi zanetik una, gure periodiku ยซEuzkadiยปn Alkartuen aldez aunitz gauza ipiรฑi bai-ditugu, ta Kaiser gaiztoaren arrokeri ta ankertasuna adierazten.

Atsegin aundia izan zait Raemaekers’en idazkunak euskeraz ikustea: aunegatik ere txalo ta eskar aunitz irabazi dizkizute.

Betor bai, lenbaitlen bakea: ez baรฑa bake errena, zuzendasunean ezarritako bakea baizik, eta Kaiser gaiztoaren anduste ta almena ausi ondoren! Eta gora Alkartuak eta euren aldez diraden gogo zintzo guziak!

Yainkoak onetsi bizaitza, ta agindu nai dezakezun ainbat zure aizkide ta zerbitzari den

…………..Eleizalde’tar Koldobika’ri

Ikusten denez, Hego Euskal Herriko Eleizaldek (gogoratu Espainia neutrala zela Lehen Mundu Gerran) konplizitate kutsuz aipatzen dio Hazparneko alkate Broussaini (198 hazpandar hil bide ziren Gerra Handian, horietatik 120 lehenengo hiru urteetan, 1914-1915-1916an, gutunaren data baino lehen) aliatuen aldeko hautu garbia, eta โ€œzuzentasunean ezarritako bakeaโ€ desio duela jakinarazten dio.

Zorionez, Louis Raemaekesen liburu horren euskarazko bertsioaren gorabeherak zehaztasunez arakatu eta bikaintasunez azaldu zituen 2012an Ismael Manterola Ispizua irakasleak, euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez: Raemaekersen marrazkiak: britaniar propaganda Espainian eta Euskal Herrian Lehen Mundu Gerran.

Manterolaren liburuan ikasi genuen Louis Raemaekers (1869-1956) holandarrak gerrari buruzko 1.300 lan marraztu zituela, eta ordura arte marrazkilari batek inoiz izandako arrakastarik handiena lortu zuela.

1915-1916-1917an, hainbat erakusketa antolatu ziren Estatu Batuetan Raemaekersen marrazkiak erakusteko publiko zabalari eta, jakina, iritzi publikoan eragiteko. Erakusketetan, katalogoak eta marrazki-bildumak saldu ziren, eta azkenik, 1916-1917an, The โ€œLand & Waterโ€ edition of Raemaekersโ€™ cartoons argitaratu zen, atalka (Manterola 2012: 116-124). Bilduma horretan, koloretan zeuden Raemaekersen marrazkiak, eta bakoitzaren ezkerreko orrialdean orrialde bateko testua zegoen, idazle ezagunen bati eskatua; marrazki bakoitzaren azpian, testu laburtxo bat (hitz batzuk, lerro bat, lerro batzuk…).

1916an, Hodder & Stoughton argitaletxeak Raemaekers cartoons liburuxka merkea argitaratu zuen ingelesez (Manterola 2012: 100). Orrialde bakoitzean marrazki bakarra zegoen, zuri-beltzean, eta azpian testu labur bana (beti โ€œLand & Waterโ€ ediziokoan marrazki bakoitzari zegokionaren oso antzekoa, baina ez beti berdin-berdina) eta hori izan zen, hain zuzen, munduan zehar hainbat hizkuntzatara itzultzeko erabili zen jatorrizkoa, besteak beste gaztelaniazko Cartones de Raemaekers (bigarren edizioan, izenburuan, el cรฉlebre artista holandรฉs gehituta), katalanezko Cartrons de Raemaekers, famรณs artista holandรจs eta euskarazko Raemaekers Olandi’ar margolari antzetsu erostiaren Marku-ostoak bertsioen oinarria. Denak argitaratu ziren Londresen, National Press Agency Limited argitaldarian, Wellington House gerrako propagandarako bulego britainiarrak eta Foreign Office kanpo-arazoetako ministerioak sustaturik.

Ismael Manterolaren liburuaren bidez jakin dugu (Manterola 2012: 126-127) gaztelaniazko testuaren itzultzailea Fernando Arteaga Pereira (1851-1934) izan zela, hain zuzen Oxfordeko Unibertsitateko espainiera-irakaslea, idazlea eta ikertzaile katedraduna.

Euskarazko itzulpena ere ez dago sinaturik, baina Ismael Manterolak (2012: 148-153) aurkitu ditu garai hartako Wellington Houseko eta Foreign Officeko gutunak zeinetan argi esaten baita โ€œReverend Father Echalar of the Colegio de Lecรกroz, Navarreโ€ izan zela itzultzailea eta hark berak zuzendu zituela inprentako probak. Itzulpen-akatsen batek iradokitzen duenez, oso litekeena da euskal itzulpenarentzat zubi-testua gaztelaniazko itzulpena izatea (Manterola 2012: 151).

Eusebio Eltzaurdia Zubieta (Etxalar 1874 โ€“ Lekaroz 1956) fraide kaputxinoa, Eusebio Etxalarkoa (berak, euskaraz, โ€œfr. Eusebi Etxelarkoaโ€ erabiltzen zuen), idazle, irakasle eta euskalari moduan agertzen da Santi Onaindiaren Euskal Literatura IIn (Onaindia 1974: 399-401). Pello Apezetxeak, 2007ko artikulu batean, haren gaztelaniazko euskalaritza-lanen zerrenda osoagoa eskaintzen du, eta azpimarratzen du 1919an hautatu zutela euskaltzain urgazle, hain zuzen Euskaltzaindiaren sorreran. Ez du aipatzen Nafarroako eta Lapurdiko herrietako gutxienez 23 berriemailerekin egin zituela elkarrizketak Erizkizundi Irukoitzaren galdetegi dialektologikoa betetzeko. Euskaraz argitaraturiko lanik ez da agertzen, baina bai Julio Urkixori euskaraz idatziriko hamar gutunen berri zehatza. Euskaltzaindiaren Artxiboan beste bi gutun ere badira Eusebio Etxalarkoak euskaraz idatziak: batean euskaltzain urgazle izateko izendapena onartzen du (1919ko azaroan), eta bestean Resurreccion Maria Azkueri idazten dio -aizun / -izun eta -tegi atzizkiez (1925-12-20an).

Ez Onaindiak ez Apezetxeak ezin zuten aipatu Eusebio Etxalarkoak britainiarrentzat eginiko itzulpen-lana, artean egiletza ezkutukoa zelakoโ€ฆ edo ia-ia ezkutukoa. Ismael Manterolak erakutsi duenez (2012: 151-60), Edward Spencer Dodgson euskalariak, jakinminez eta neurri batean miresmenez, zuzenean galdetu zion Foreign Officeko Stephen Gaseleeri zein zen itzultzailea, itzulpena โ€œgood but not quite classicalโ€ iruditzen baitzitzaion. Dogdsonek, nonbait, War Officeko zerbitzuekin kolaboratzen zuen, behar zutenean euskarazko testu susmagarriak ingelesera itzuliz (โ€œโ€ฆ the suspicious letters which I was called up twice from Oxford to the War Office to interpret in June 1915โ€), eta ez zioten ukatu itzultzailea zein zen jakitea.

Julio Urkixok, ordea, โ€œEstado actual de los estudios relativos a la lengua vascaโ€ hitzaldia eman zuenean Oรฑatin, Euskal Ikasketen Lehen Biltzarrean, 1918-09-03an, eta 1919an argitaratu zuenean, ez zekien nork egin zuen Raemaekersen liburuaren euskal bertsioa, hain zuzen euskararen arazo bere ustez larrienaren adibide moduan hautaturikoa (Urkixo 1919: 420-421):

Entre estos problemas de orden prรกctico, los que parecen mรกs urgentes son el de la unificaciรณn ortogrรกfica y el de los neologismos. (โ€ฆ) Mรกs difรญcil es conseguir un acuerdo en lo que se refiere al segundo problema, o sea el del lรฉxico.

En esta materia se observan dos tendencias: la de los que siguen a Arana Goiri (uno de los vascos que mรกs se han preocupado por el resurgimiento de la lengua), el cual preconiza en sus escritos el abandono de todos los vocablos que el euskera ha tomado del latรญn o de las lenguas neo-latinas, y la de los que pretendemos que deben respetarse, a falta de vocablos genuinamente vascos, aquellos que se han asimilado a nuestra lengua mediante una evoluciรณn fonรฉtica o semรกntica.

Los escritos de algunos vizcainos no los entendemos mรกs que dos docenas de iniciados, y algรบn folleto existe (Raemaekers Olandi’ar margolari antzetsu erostiaren Marku-ostoak, Londres, National Press Agency Limited, 1916) que, a pesar de ser de propaganda, no lo comprende, sin previa explicaciรณn, mรกs que su propio autor.

Hortaz, Urkixok salatzen duen akatsa neologismoen gehiegikeria da, testu ulertezinak sorrarazten dituelakoan. Izenburua bera aski esanguratsua da Eusebio Etxalarkoaren jokabidea erakusteko: marku-osto hitz berriak ez dakit โ€˜marko-hosto, markodun orria, binetaโ€™ ala beste zerbait adierazi nahi duen, eta ez dut beste inon aurkitu; edo erosti oso bakan erabili da, beti herosti forman, pentsatzeko moduan Eusebio Etxalarkoak berak sortu duela, erots izenari (zeina Erroman Berakoaren 1909ko Euzkel-iztegitxuan ageri baita, โ€˜ruido que produce el pedriscoโ€™ esanahiarekin) -ti atzizkia erantsita.

Izan ere, euskal ondareko hitzei atzizkiak erantsiz hitz berriak sortzea da Eusebio Etxalarkoak berak defendatzen duen bidea, Julio Urkixori 1918-12-02an idatziriko gutunean. Aipaturiko mintzaldiaren argitalpena irakurri ondoren idatzi zion, esan gabe bera zela Raemaekersen liburua euskaratu zuena, baina itzultzailearen jokamoldea defendatuz:

โ€ฆ maiteago zaizkigu euskal iriรฑa erdal zaiakin nasten eztituzten irazkiak (idazkiak). (โ€ฆ) Nola egin erdal nazkagarrira itzuli gabe? Ateka txar orretan naski ibilli zen Raemaekersโ€™en bigurkina (el traductor) [Oin oharrean: Erdaratik uskarara bigurtu erraiten dute nire errian, orratik bigurtzaile, bigurkina ez guziz berriak.], baรฑo oroitzak lagundu ziolarik, ateri zen nolerebait ala ala, euskal itzak atzekien bidez orniturik. (โ€ฆ) Egin ote zuen ongi? Gogoz bedere baietz uste dut; egiรฑa ez ain errazki gelditurik ere. (โ€ฆ) Orrelaxe ein zuen naski arek, eta atsein eman zioten gudurako mugan zeuden eskualdun gazte gaixoei. Zioten bi bider argitara ateri zutela liburuxka ori.

Neologismoen erabilera bada Eusebio Etxalarkoaren itzulpenaren ezaugarri bat, baina aipatu beharrekoa da orobat nafar euskalkiaren kolorea. Hona hemen pasarte batzuk:

THE SHIELDS OF Rร–SSELAERE
โ€œIt is proved that the rules and usuages of war were frequently broken. Particularly by the using of curtains, including women and children, as a shield for advancing forces exposed to fireโ€. Report of Lord Bryceโ€™s Committee on German outrages.
LOS ESCUDOS DE Rร–SSELAERE
โ€œEstรก probado que las reglas y los usos de la guerra fueron frecuentemente quebrantados. Particularmente por el empleo de paisanos, inclusos mujeres y niรฑos, como escudo de las fuerzas que avanzaban expuestas al fuegoโ€. Informe de la Comisiรณn de Lord Bryce acerca de las atrocidades alemanas.
ROSSELAEREโ€™KO GERIZAPETAN
โ€œAgeri da gudurako eredu eta oiturak autsiak izan zirela maiz-maiz, ipiรฑirik sarri nekazariak, baita ere emakumeak eta aurrak, oldarkiรฑen gerizaperako, zioazilarik aitziรฑera suarontzโ€. Lord Bryceโ€™ren Biltzarreko agerkizuna alemaniarren sarraski izigarriaz. [3. or.]
.
SEDUCTION
Germany to Belgium: โ€œArenโ€™t I a lovable fellow?โ€.
.
SEDUCCIร“N
Alemania a Bรฉlgica: โ€œยฟNo es verdad que soy un muchacho muy digno de ser amado?โ€. [5. or.]
EL-ERRAXKIZUNA
Alemaniak Belgikari: โ€œEztun ikusten mutil on-goxo naunala? Maite nazaken geroโ€ฆโ€. [9. or.]
.
SIYMPATHY
โ€œIf I catch you looking so sad again, Iโ€™ll send you to Germany after your fatherโ€.
SIMPATรA
โ€œSi te cojo otra vez con una cara tan triste, te mandarรฉ a Alemania como a tu padreโ€.
MAITAGARRIKI
โ€œArpatzen baaut olako aurpegi illuรฑez, igorriko aut Alemaniara ire aita bezalaxeโ€. [11. or.]
.
GERMANYโ€™S VICTIMS
โ€œWe find many well-established cases of the slaughter of โ€ฆ quite small childrenโ€. Report of Lord Bryceโ€™s Committee on German atrocities.
.
LAS VรCTIMAS DE ALEMANIA
โ€œEncontramos muchos casos bien probados de asesinatos de โ€ฆ niรฑos muy pequeรฑosโ€. Informe de la Comisiรณn de Lord Bryce acerca de las atrocidades alemanas.
ALEMANIARREN OPAGEIAK
โ€œEdireรฑ tugu aunitzetan aur taill-taillak eraill zituztela egizโ€. Lord Bryceโ€™ren Biltzarreko agerkizuna alemaniarren sarraski izigarriez. [12. or.]
.
.

Duela mende bat idatzi eta bihurturiko hitzak irakurtzean, ezin naiz geratu Israelgo estatua Palestinan egiten ari den sarraski izugarria salatu gabe, eta ezin dut aurkitu Koldo Eleizalde bergarar bermeotartuarenak baino esaldi egokiagorik amaitzeko: โ€œBetor bai, lenbaitlen bakea: ez baรฑa bake errena, zuzendasunean ezarritako bakea baizikโ€.