Huts txiki bat, poz txiki bat

Oskar Arana Ibabe

Aurtengo Aste Santuan, eguraldia euritsu zela eta atseden hartzeko gogoz etxea hautaturik opor-leku, garai bateko giroa ekarri nahi izan nuen neure baitara, eta gure itzultzaile handiaren Iesus Christen Evangelio Saindua S. Luc-en araura delakoa irakurtzera jarri, Leizarragarena, faksimilezko liburuan. Halako batean, XXIII. kapituluan, 26. eta 27. bertsetetan, hauxe irakurri nuen:

            25. Eta larga ciecén mutinationeagatic eta heriotzeagatic presoindeguian eçarri içan cena, ceinen escatu içan baitziraden: eta eman ciecén Iesus, nahi lutena leguiten.
            26. Eta hura eramaiten çutela, harturic Simon Cyreneano landetaric heldu cen-bat, hari crutzea gainean eçar zieçotẽ Iesusen ondoan eramaiteco.

Pasarte horretan ez da deus txit berezirik, baina ohartu nintzaion hitz bati, eta oker interpretaturik, uste izan nuen aurkikuntza polit eta txiki bat egin nuela, halako poz txiki beranduko bat hauteman nuela, garai batean buru-haustea eman ohi zigun adigai bat dela-eta. Gogoan dut zer lanak izan genituen rural eta campo hitzen ordainak ematen, turismo rural, casa rural eta gisakoak hedatzen ari ziren garaian.

Okerreko interpretazio bat egin nuen uste izanik ezen, ingelesezkoarekin alderaturik, landetarik hori adiera horrekin erabilia zela, hiriaren kontrako kontzeptu gisa. Izan ere, ingelesezkoan begiratu nuen (The New Oxford Annotated Bible, Third Edition, 2001, Oxford University Press), eta hauxe aurkitu:

            25. He released the man they asked for, the one who had been put in prison for insurrection and murder, and he handed Jesus over as they wished.
            26. As they led him away, they seized a man, Simon of Cyrene, who was coming from the country, and they laid the cross on him, and made him carry it behind Jesus.

Gainera, country hitzaren euskarazko adieretan, hauxe aurkitu nuen Morris hiztegian:

country:
5. (hiritik, herritik kanpora)
a. landa; baserri, mendialde, bortu; to go for a walk in the ~ {mendian || bortuan} ibilaldi bat egin
b. [izenen aurrean] ~ bred baserrian hazitako; ~ cousin baserriko lehengusu; ~ life baserriko bizimodu; ~ people baserritarrak

Pentsatu nuen ezen dagoeneko ez zitzaidala hasiera hartan bezain gordintxo gertatuko landa hitzaren adiera hori (guretzat hain konkretua), gerora, gaurko hiztegietan, hain emankorra izan dena. Euskaltzaindiaren Hiztegian:

landa eremu, landa-eremu
iz. Baserri inguruko gune edo eremua, hiriguneari kontrajartzen zaiona.
Industrializazio garaian sortu zen kooperatiba, langileak landa eremuetatik industria-hirietara joan ziren garaian, alegia. Landa eremuetan bizi diren emakume askorentzat ia ezinezkoa da ospitalera garaiz iristea arazoren bat sortzen denean.

landa turismo, landa-turismo
iz. Landa-eremuetan egiten den turismo mota. Landa turismoa bultzatzeko eta hobetzeko. Landa-turismoko etxeak.

landagune
iz. Landa eremuko etxe eta bizilekuen multzo egituratua. Ik. herrigune; hirigune; landa eremu. Herri txikietan eta landaguneetan denek dakite denen berri. Landagunea da Amasa; herrigunea, Villabona; elkarrekin osatzen dute Amasa-Villabona udalerria.

landetxe
iz. Landan eraikitako etxea, bereziki lantzeko lurrez inguratua dena. Ik. basetxe. Landetxe jori bat. Izetako landetxean dago udaldirako.

Gainera, Wikipedian, country hitzaren etimologia xerkatuz, koherentzia hautematen da jatorrizko adiera horren lerrotik, garbi-garbia:

Country:
Etymology: From Middle English contre, contree, contreie, from Old French contree, from Vulgar Latin (terra) contrāta (“(land) lying opposite; (land) spread before”), derived from Latin contra (“against, opposite”). Cognate with Scots kintra.

Eta halaber espainieraz (RAE) contrada hitza:

Contrada.
Del b. lat. contrata ‘región que se extiende delante de uno’.
1. f. desus. Paraje, sitio, lugar.

Baina, itzultzaileak zuhurra izan behar baitu eta interpretazioak beti berretsi eta ziurtatu, Elizen Arteko Biblian ikusi nuen ez zela hori adiera (zabala, abstraktua, hainbeste buru-hauste eman ziguna), ezpaze:

            25. haiek eskatzen zutena —matxinada eta giza hilketagatik kartzelan zegoena— askatu eta Jesus beren esku utzi zien.
            26. Jesus gurutziltzatzera zeramatela, sorotik etxera zihoan bat, Simon Zirenekoa, hartu zuten eta gurutzea leporatu zioten, Jesusen ondotik eraman zezan.

Zapuztu nintzen, zapuztu, baina ez nuen etsi, eta Orotarikoan begiratu ea baliatua ote duen euskarak beste hitzik (gure baserri hain ezagunaz beste) kontzeptu hori emateko, eta, hara, definizioetako testuen artean campo hitzaren bilaketa eginik, zer kausitu:

Larre:
(Opuesto a ‘ciudad’). Campo. Cf. larre-herri.
Gure jaunak larrerat ereman zituela bere haurrak. HU Zez 72.

Edo:

LARRE-LARREAN. En medio del campo, en una zona totalmente rural.
 Larre-larrean bizi dezu erretore. Ldi IL 40.
LARRE-LARREENEAN. En la zona más rústica, rural.
Larre-larreenean billa zazute baserritarrik basaziena. Ldi IL 66.

Eta hara zaputzaldia eztitu, eta aurkikuntza ustezko handiaren lekuan, onddo ttipi polit bat kausitu, noizbait, nonbait, nolabait baliatu nahiko nukeena testuren batean, nahiz eta Euskaltzaindiaren Hiztegian ez izan sarrerarik adiera horrekin (ulertzekoa denez…, Orotarikoan horren agerraldi gutxi izanik. Bada, gainera, Larrekoetxe izeneko auzo bat Lasarte udalerrian, Euskaltzaindiaren EODAk dioenez. Agian ez nahikoa norbaiti casa de campo esateko baliatu ahal dela iradokitzeko…).

Beraz, arratsalde euritsu batean antzinako testuetan barnaturik, sasitza txiki eta estu batean sartu, eta onddo txiki zaporetsu batekin atera.

Horixe izaten baitu euriak…

3 Replies to “Huts txiki bat, poz txiki bat”

  1. Asko gozatu dut zure esplorazio lexikoekin, Oskar. Gainera, Lizardiren olerki bat gogorarazi didate: «Baiña nik, izkuntza larrekoa, / nai aunat ere noranaikoa: / yakite-egoek igoa; / soiña zaar, berri gogoa; / azal orizta, muin betirakoa.»

    Zarauztarrak ‘larre’ adjektibo bihurtu zuen, “rústico” edo horrelako zer edo zer adierazteko.

    Atsegin dut

  2. Oso artikulu polita, Oskar. Eskerrik asko.

    Ezin izan naiz geratu begiratu gabe ea Leizarragak erabili bide zituen Bibliaren frantsesezko itzulpen kalbinistetan zein hitz dagokion Leizarragaren landetarik horri. Hona hemen 26. bertsetaren hasiera: Et comme ilz le menoyent, ilz prindrent un certain Simon Cyrenien, qui venoit des champs.

    Hortaz, Leizarragarentzat, fr. champ : eusk. landa.

    Eta frantsesaren Akademiaren hiztegian, champ izenaren lehenengo adiera hau da: I. Terrain situé à la campagne: 1. Pièce de terre cultivable, hain zuzen Elizen Arteko Bibliaren euskarazko itzulpeneko soro.

    Gero, frantsesez ere bigarren adiera da zuk sasi artean aurkitu duzun onddo zaporetsuarekin euskaraz emateko modukoa: 2. (Par extension. Surtout au pluriel.) L’ensemble des terres, labourées ou non, situées hors des agglomérations.

    Eskerrik asko, Oskar. Ni ere ahaleginduko naiz gure hizkuntza noranahikoan lantzean behin larrekoak txertatzen.

    Atsegin dut

  3. Eskerrik asko, Asier; eskerrik asko Gidor.

    Zalantzan nintzen ea interesgarri gertatzen ote diren artikuluok, eta zuen iruzkinek adore ematen dute jardun poztxikigarri honetan jarraitzeko.

    Eskerrik asko frantsesezko aipuagatik ere.

    Hala ere, bai, harrigarria country horren erabilera…adiera horrekin ez dut ikusi maizenik erabiltzen ditudan hiztegietan.

    Eta, finean, landa hark bide oparoa egin du harrezkero, eta pozgarria da, eta hedapen semantiko lagungarria da. Orotarikoak, baina, beti ematen ditu poz txiki horiek. Harrigarri zait gaurko baliabideok gabe zer informazio oparoa ematen duen.

    Atsegin dut

Utzi iruzkina