Amelia Pérez Conde
Irlandako Galway hirian lagun talde handia ostegunero biltzen da The Crane tabernan, ipuinak entzutera. Saioak Celtic Tales du izena, eta helduentzako ipuinak dira. Ipuin-kontalaria eskoziar irlandarra da, eta Rab Fulton deitzen da. Ipuinak kontatzeaz gain, idazlea ere da; beraz, ahozko istorioak hizkuntza idatzira itzultzeari buruz ere galdetu diogu.
AMELIA PÉREZ: Celtic Tales saioetan istorioak, ipuinak eta kondairak kontatzen dituzu, eta saio bakoitzean ezberdinak dira. Nolatan dakizu hainbeste istorio eta ipuin?
RAB FULTON: Iturburuen konbinazioa da. Nire familiako guztiok istorioak kontatzen zituzten. Emakumeak eta gizonak etxean biltzen ziren, eta, erre eta edan bitartean, istorioak kontatzen zituzten arratsalde edo gau osoan, eta abestu ere egiten zuten. Horrez gain, liburutegiei, herriko kulturari, zinemari eta telebistari esker jaso nituen. Gero, nire kabuz, istorio bakoitza osatzen duten askotariko istorioak, tradizioak eta eraginak ere ikertu ditut.
AP: Ikerketa hori oinarri hartzen al duzu, ahoz entzun duzun istorio bat idazten duzunean?
RB: Ahozko istoriotik ahalik eta gutxien urruntzen saiatzen naiz, batez ere, istorio zehatz batzuk direnean. Horrelako istorio bat idazten ari naiz gaur egun. Amak kontatu zidan, eta amaren herrian bizi zen emakume bitxi bati buruzkoa da. Herriko biztanleak emakume horren beldur zeuden, baina beste batzuetan aholku eskatzen zioten, bereziki, medikuek eta apaizek konpondu ezin zituzten gaiei buruz. Geroago jakin dut emakume horren eta Cailleach jainkosaren arteko loturak daudela. Hala ere, nire ikerketa akademikoak istorioetan eraginik ez izaten saiatzen naiz, nahiz eta istorioek nire ikerketa akademikoan eragin handia izan. (Barre egin du)
AP: Nola sentitzen zara istorio bat kontatu bitartean? Eta idatzi bitartean?
RB: Kasu bietan istorioaren paisaiatik ibiltzen naiz. Entzuleen zein irakurleen irudimenean istorio hori sortu nahi dut. Istorioa ez da existitzen paisaiarik gabe, paisaia istorioaren aingura da. Ahozko emanaldietan istorioa entzuleekin batera sortzen da elkarrizketa batean, baina nik argi jakin behar dut non nagoen eta nondik ibiltzen ari naizen. Istorioa idazten dudanean, ordea, nire barruko ahotsekin ari naiz hizketan, baina ibilaldi luzeagoak egin ditzaket, eta arreta handiagoa jar dezaket xehetasunetan. Dena den, idatzizko istorioak ozenki ere irakurtzen ditut. Ahoan gozo sentitzen ez badira, paperean ere ez dira eroso sentituko.
AP: Istorio osoa jarraian idazten duzu?
RB: Ez, pixkanaka idazten dut. Txakurra buelta bat ematera ateratzen dudanean, bazkaria prestatzen dudanean, hau da, nire eguneroko ekintzak egin bitartean, istorioa imajinatzen dut, eta batzuetan irudiak ere egiten ditut. Egunkari bat daukat, eta nire istorio gehienak bertan hasten dira. Egunkarian oso libre sentitzen naiz, askatasun osoz idazten dut. Gero, egunkariko ideia batzuk gehiago lantzen ditut, eta lehen zirriborroa egiten hasten naiz.
AP: Istorioak idaztean ez al dago hitzetan galtzeko arriskurik?
RB: Bai, baina dibertigarria da. (Barre egin du). Olerkiak sortzeko erabiltzen ditudan teknikak batzuetan istorioak idazteko ere erabiltzen ditut. Hitzen soinuari, oihartzunari eta beste hitz batzuekiko loturei erreparatzen diet. Dena den, garrantzitsuena istorioa da. Istorioak funtzionatu behar du.
AP: Badirudi istorioak gero eta jende gehiagori interesatzen zaizkiola. Zeuk ere hori uste duzu?
RB: Istorioak betidanik kontatu dira. Idatzizko literatura hedatu aurretik, kultura ahoz zabaltzen zen. Ahozko tradiziotik datozen istorioetan dena kondentsatuta dago. Istorio horiek gure orainaldiarekin konektatzen gaituzte, baina baita iraganarekin ere, eta aurrera egiten jarraituko dute beste pertsona batek kontatuko dituelako. Transmisio eta konexio horrek aurrera egingo du, eta bidetik aurkikuntza berriak egingo ditugu. Pertsona guztiek parteka dezaketen une miragarria sortzen dute istorioek.

