Gidor Bilbao Telletxea
XVIII. mendeko Zuberoa herriko eta Baionako diozesako kantika espiritualen harrobiak, iturriak eta jatorrizkoak bilatzean iritsi nintzen Bernart Gazteluzarren Egia katolikak (1686) liburuko “Ifernua” atalera, zehazkiago bizien eta arimen arteko elkarrizketara: Dialoga tromenta beren gainean, hain zuzen [Dialoga] ifernuko tromenten gainean, edo, beste era batean esanik, infernuko tormentu, tortura eta estirei buruzko elkarrizketara.
Elkarrizketa horretan, bizirik dagoen batek infernuan diren bekatari kondenatuei galdetzen die zer zigor ari diren pairatzen. Lehenengo ahalpaldian galdera generikoa dago, eta bigarren ahapaldian bekatari kondenatu guztien erantzun generikoa. Gero, bekatari bakoitzari banan-banan galdetzen dio: mundanoari, plazeretarat emanari, arnegariari, mendekatzaileari, gaizki-erraileari, abariziosari, gormantari, bonaxeretan (oturuntza-orritsetan) dabilanari, konpainia goxoetan ibili denari, penitentzia egin gabe heriotzeraino luzatu duenari eta koleratsuari. Errepika bera da galdegite guztien amaiera (“Erraguk, erraguk: / zer pena sofritzen duk?”), eta arrapostuetan, bekatari bakoitzak bere zigorra deskribatu ondoren, denek amaitzen dute aholku berarekin: “Hela! Hela! / Segi ez gaitzatzula!”.
Testuak arrakasta handia izan zuen, eta, aldaketa gehiago edo gutxiagorekin, behin eta berriro berrargitaratu zen XVIII. eta XIX. mendeetako Baionako diozesako (eta Zuberoa herriko) kantika espiritualen bildumetan, kantatu ere eten gabe kantatu den seinale. Lehenengo lerroaren bidez ezagutzen da (Kreatura damnatua) eta are XX. mende-hasierako euskal kantutegi nagusietan ere agertzen da (Aita Donostiaren kantutegian, adibidez, 1918an Arnegiko lekaimeei entzuna), edo Bertsolaritzaren Doinutegian, partiturekin eta doinuen grabazioarekin. Lan polita da testu-aldaerak eta doinu-aldaerak aztertzea (Salvat Monhoren bertsioa barne).
Baina, zergatik aipatu dugu Bernart Gazteluzar itzultzailea? Guk dakigula, Piarres Lafittek (1974ko “Notes sur la poésie chez Bernard Gasteluçar” artikuluan) aztertu zituen nolabaiteko zehaztasunez Gazteluzarrek latinetik euskaraturiko testuak, baina frantsesezko iturri posibleez Julien Vinsonen bibliografia handiko ohartxo hau baino ez dugu aurkitu:
| … un autre Noël avec le refrain erraguçu, Maria qui rappelle le fameux cantique or, nous dites, Maria. (Vinson 1888, 39. sarrera). |
Vinsonek dioenean frantsesezko kantika gogorarazten diola, ez zaio arrazorik falta, izan ere Gazteluzarren Kanta zagun guziok (Erraguzu, Maria) testua frantsesezko Or, nous dites, Marie kantika ezagunaren euskarazko itzulpena baita. Kasu honetan ere, XVIII. eta XIX. mendeetako kantika espiritualen bildumetan ikusten dugu urteetan zehar iraun duela eta, airea aipatzen denean, honela aipatzen dela: “Aire hunen gainean: Or nous dites Marie… edo ô ma tendre musette, etc.” (ikusi, adibidez, Kantiko izpiritualak, 1783ko argitaraldian, 67. orrialdean). Grabazio berrietan ere entzun dezakegu, hala frantsesez nola euskaraz.
Bizien eta arima kondenatuen arteko elkarrizketa ere frantsesetik euskaratu zuen Gazteluzarrek eta, dirudienez, harrobi bertsutik hartu zuen, hain zuzen frantsesezko XVII. eta XVIII. mendeetako Cantiques spirituels motako kantika-bildumaren batetik. Bernard Dompnier ikertzaileak “Les cantiques dans la pastorale missionaire en France au XVIIe siècle” artikuluan dioenez, gutxienez 1676tik ezagutzen da Soupirs des âmes damnées kantika arrakastatsua, gero Malheureuses créatures kantika-hasiera edo incipitaren bidez ezagutua. Generoak berak eskatzen du hala frantsesezkoan nola euskarazkoan hainbat aldaera sortzea urteen joan-etorrian, hala testuetan nola doinuetan, eta ez dugu aurkitu oso-osorik Gazteluzarren testuaren parez pare ipintzeko moduko frantsesezko bertsiorik; baina XVIII. eta XIX. mendeetako hiru kantika-bildumatako bertsioekin (1760ko bilduma bat, beste bat 1867koa, eta hirugarrena 1829koa), 28 ahapalditatik 20ren parean ipintzeko moduko testu frantsesak aurkitu ditugu. Hemen luzeegi geratuko litzateke testu osoa eta soilik 10 estrofa aukeratu ditugu:
| LES VIVANTS. Malheureuses créatures, esprits réprouvés de Dieu ! Que d’éternelles tortures, puniront en ces bas lieux ? Dites-nous, dites-nous : quels tourments endurez-vous ? | Galdegitea. Kreatura damnatua, Jainkoak ahantzia! Zer da hire ifernua? Zer dolore handia? Erraguk, erraguk: zer pena sofritzen duk? |
| LES DAMNÉS. Pourquoi nous faire répondre ? C’est augmenter nos douleurs, c’est nous-mêmes nous confondre de raconter nos malheurs. Hélas ! Hélas ! Mortels ne nous suivez pas. | Errepusta. Zer aiphatuko darotzut? Erratez naiz penatzen. Berriz erraten baditut, berriz naiz tromentatzen. Hela! Hela! Segi ez gaitzatzula! |
| LES VIVANTS. Vains adorateurs du monde ! Où sont toutes vos grandeurs, et la gloire que l’on fonde sur l’éclat des faux honneurs ? Dites-nous, dites-nous : quels tourments endurez-vous ? | Galdegitea. Mundanoari. Mundano liluratua! Non da hire gloria? Non ponpa haizez hantua? Non ohore handia? Erraguk, erraguk: zer pena sofritzen duk? |
| LES DAMNÉS. Ah ! Cette gloire est passée, comme un songe de la nuit, qui trompant notre pensée à notre réveil s’enfuit. Hélas ! Hélas ! Mortels ne nous suivez pas. | Errepusta. Ah! Joan da gloria hura, xizmizta bat bezala, arriberan nola hura, eta nola itzala. Hela! Hela! Segi ez gaitzatzula! |
| […] | […] |
| DEMANDE. Que vous reste-t-il, avares, de cet argent, de cet or, et de tous ces meubles rares qui faisaient votre trésor ? Dites-nous, dites-nous : quels tourments endurez-vous ? | Galdegitea. Abariziosari. Aberats gaxto gosea! Non da hire zilharra? Non tresora? Non urrea? Non da muble ederra? Erraguk, erraguk: zer pena sofritzen duk? |
| RÉPONSE. Une éternelle indigence est le déplorable fruit que notre avare opulence pour jamais nous a produit. Hélas ! Hélas ! Mortels ne nous suivez pas. | Errepusta. Ah! Kharrezko leze huntan dire gustiak urthu, eta ni su-elementan hekin balsan funditu. Hela! Hela! Segi ez gaitzatzula! |
| […] | […] |
| A tous les Damnés. Dans ce gouffre épouvantable, dans ce séjour plein d’horreur, des tourments dont vous accable le courroux d’ un Dieu vengeur, dites-nous, dites-nous : quel est le plus grand de tous ? | Galdegitea. Damnatu gustiei kolpe batez. Finean, hor ifernuan, zein da min handiena? Pena horien lekhuan, zein pena kruelena? Erraguk, erraguk: zer pena sofritzen duk? |
| Réponse. Le tourment le plus horrible n’est pas le tourment du feu ; Il en est un plus terrible : c’ est de ne voir jamais Dieu ! | Errepusta. Esparantza ez izaten hemendik ilkhitzekotz; bethi suak berreturen, supean bizitzekotz! |
| Bethi-ere zer denbora, bethi suzko lezean! Elementak bethi paira, bethi finik gabean! | |
| Plazer labur batengatik, harturik bihotzean, khea bezala zelarik, erre behar supean. Hela! Hela! Segi ez gaitzatzula! |
Esan dugun moduan, Gazteluzarren ahapaldi guztiek ez dute ondoan frantsesezko iturri posiblea; hori izan daiteke Gazteluzarrek berak asmatu duelako euskaraz, edo guk ez dugulako aurkitu frantsesezko iturri egokia. Nolanahi ere, uste dut zalantzarik ez uzteko moduan erakutsi dugula Gazteluzar frantsesezko testua euskaratzen ari dela, izan itzulpen zehatza edo izan parafrasi laxoa.
Testuari begira jardun dugu orain arte, baina bistan da orain badakigula zerbait gehiago Gazteluzarrek hitzaurrean doinuari buruz idatzirikoa behar bezala ulertzeko:
| Ezen nola plazer hartzen baitute itsasoan latinez Elizako himnoen kantatzeaz, atsegin gehiago izanen dutela himno beren ezkaraz errateaz, aire berean ezkaraz ematen tut; eta gainerako bersuen airea komunzki gustiek badakite (Gazteluzar 1686: 12). |
Esango nuke batetik latinetik euskaratuak eta bestetik frantsesetik euskaratuak bereizten ari dela; latinezkoak latinezkoaren aireaz kantatzeko moldatu ditu, eta “gainerako bersuen airea”, komunzki guztiek badakitena, frantsesezko kantiken bidez ikasitakoa izango da, ezta? Gazteluzarrek uste du irakurleak identifikatuko duela Kreatura damnatua berria Malheureuses créatures arrakastatsuaren bertsio gisa. Irakurle-kantariak nola jakingo luke, bestela, zein aire dagokion 8a / 7b / 8a / 7b / 6c (4c) / 7c egiturako estrofa bati? Orain badakigu egitura metriko hori ez dela, Lafittek (1974: 258) iradoki zuenaren kontra, erabat berria eta Gazteluzarrek asmatua, baizik eta frantsesetik euskarari ekarria.
Bide batez: goian aipatu ditudan kantutegietako partituretatik abiatuta, askotan grabatu da euskarazko Kreatura damnatua, baina ez dut aurkitu grabaziorik online, arimen gauean entzun dezazuen. Frantsesezkoa entzuten ari zaretela euskarazkoaren letra irakurri eta zeuek kantatu nahi baduzue, hemen duzue frantsesezko L’enfer, entzuteko moduan; bestela, Bertsolaritzaren Doinutegiko ereduaz baliatuta ere kantatu dezakezue, jakina.

