Artezki

Castillo Suarez

Batzuetan tokiek, pertsonek eta uneek bat egiten dute modu magikoan. Lagun batekin geratu naiz hazi batzuk oparitu nahi dizkiodalako, eta Artzibarrera joango dela bizitzera esan dit. 20 biztanleko herri batera. Han landatuko ditu Sakanako haziak. Etxean zer falta duen esateko, eta bisitan joango natzaiola esan diot, 20 urte direla ez naizela joaten Artzibarrera. 20 urte –ez gehiago, ez gutxiago– igaro dira Artozkira joan nintzela nire poema liburu bat eramatera handik egun batzuetara bota zuten etxe batetik zintzilikatzeko. 20 urte Itoizko urtegia egiteko Artozki eta beste hainbat herri bota zituztela. Etxera joan naiz, eta berriz ikusi ditut Maddi Barberren dokumentalak: 592 metroz goiti eta Urpean lurra. Ez dago egun horretako irudirik. Nire argazkietan bila aritu naiz, ea Artozkira joan nintzeneko argazkiak ba ote ditudan, baina ez ditut aurkitu. Interneten ere ez. Artozki + Itoitz + liburuak sakatu, eta ez zait argazkirik ageri. Ez dakit nola bilatu. Ez dakit sarean ote dauden irudi horiek. Baina bizitzak bila ari zarena ematen dizu batzuetan, eta argitaletxe bateko buletin batean izen bat azaldu zait: Artezki. Ez nuen ekimenaren izena gogoratzen. Izen horrekin deia egin zieten artistei  artelanak Artozkin uzteko. Artezki sakatu dut bilatzailean eta hiztegiaren definizioa besterik ez da heldu: 1) Trebeki, trebetasunez. 2) Zuzenki. Nik normalean erabiltzen ez dudan hitz bat. Buletinean hainbat argazki daude, tartean Jose Luis Otamendiren Lur bat zure minari  liburuaren ale bat. Beharbada nik eraman nuen Artzibarrera ez dudalako liburu hori etxean aurkitzen. Maite ditudan liburuak galtzen ditut eta erabiliko ez ditudan hitzak irabazten ditut abiadura berean.