Itzulpen-lana errazteko baliabideak: Elhuyar Hiztegiaren erabilera aurreratua eta mahaigaineko itzultzailea

Amaia Astobiza Uriarte

Elhuyarreko kide eta langile naizen bezainbeste naiz Elhuyarren produktu eta zerbitzuen erabiltzaile. Alabaina, etxekoa izan arren, oraindik ere badira bulegoko eta etxeko lanetan barneratuta ez dauzkadan hainbat kontu. Horien artean, Elhuyar Hiztegiak webguneak eskaintzen dituen funtzio askotarikoak eta mahaigaineko itzultzailea.

Lehenarekin hasiko gara. Izan ere, onlineko hiztegien ohiko —edo jada ia tradiziozko— erabileraz gain, baditu beste zenbait funtzionalitate, eguneroko lana asko errazten dutenak. Gure informatikariek haietako bat integratzen duten aldiro, pozarren hartzen dugu bulegoan. Baina gero, lehen bi asteetan-edo erabili ezean, hortxe geratzen da, uda-amaieran erositako izozki-makina armairu-hondoan nola.

Beraz, funtzionalitate horietako batzuk nabarmenduko ditut, batez ere itzulpen-lanetan lagungarriak izan daitezkeenak. Azken-azkena da nik orain gehien erabili eta estimatzen dudana, eta, egia esan, ernegu apur bat ere ematen dit, lehenago barneratu eta neure egin ez dudalako.

Adibideak

Lehenik eta behin, hiztegi-sarreren adibideak aipatu nahi ditut. Aski agerian daude, sarrerari dagokion informazio-atalaren amaieran, eta gehienetan erraz ohartzen gara haietaz; halere, adiera, lexia eta lokuzioen zerrenda luzea bada, adibideak urruntxo azaltzen dira, eta ez gara haietaraino jaisten, batez ere gure kontsultaren erantzuna gorago aurkitu badugu. Bada, berba hauek irakurtzen ari zarela, hartu tarte bat eta bilatu begi hitza hiztegian. Euskara-gaztelania atalean, 12 adiera, 28 lexia eta 50 lokuzioren ondoren, hor behean adibideak ikusiko dituzu, guztiak ere Elhuyarren Dabilena web-corpusen ataritik ekarriak (hurrengo batean begiratuko diogu horri).

Hurrena, beste hiztegi batzuk kontsultatzeko aukera nabarmendu nahi nuke. Funtzionalitate hori interfazearen ezkerreko zutabean aurkituko duzue, hiztegi-unitateen azpian. Baina, ohartuko zaretenez, ez da beti agertzen; soilik azalduko da baldin eta bilatutako hitza edo hiztegi-sarrera baliabide espezializatu hauetako batean edo gehiagotan jasota badago: Zientzia eta Teknologia Hiztegia, Laneki Hiztegia, Trengintza Hiztegia, Automobilgintza Hiztegia, Zurgintza Hiztegia.

Adibidez, gaur hitza bilatzen badugu, ezin izango gara zuzenean joan beste ezein hiztegitara, hitz hori ez baitago jasota hiztegi terminologiko espezializatuetan. Ostera, mahai, argi edo zelula ama bilatzen badugu, beste hiztegi batzuk ere kontsultatu ahal izango ditugu, eta, kasuren batean, informazio entziklopedikoa ere jasoko dugu.

Gainera, bilatutako hitza Elhuyar Hiztegian ez dagoenean ere, gainerako hiztegietara jotzeko aukera ematen digu. Esate batera, demagun caudalímetro kontsultatu nahi dugula; Elhuyar Hiztegian ez da sarrera, baina bai hiru hiztegi espezializatutan:

Beste hiztegi batzuetan bilatzeko funtzionalitatea sei hizkuntza-konbinazioetan dago erabilgarri: eu-es, eu-fr, eu-en, es-eu, fr-eu, en-eu.

Itzulpen-memoriak

Gaurkoz, hortxe utziko ditugu adibideei buruzkoak. Zutabe berean, azken lerroan, Idazlagun dugu. Hor klik eginez gero, lau baliabide hauek erabili ahal izango dituzue: Itzulpen-memoriak, Zenbakiak testuz idatzi, Datak eta orduak testuz idatzi eta Deklinabidea.

Oraingo honetan, lehena baino ez dut aipatuko. Atal horretan, publikoki eskuragarri dauden itzulpen-memoriak kontsultatu daitezke, euskaratik edo gaztelaniatik abiatuta.

Hiztegiak kontsultatzeko mahaigaineko aplikazioa

Hasieran esan dudanez, amaierarako utzi dut nire azken adikzioa: hiztegirako lasterbidea; hau da, edozein programatan gaudela ere hiztegia zuzenean kontsultatzeko aukera ematen duen tekla-konbinazioa. Tresna hori erabiltzeko, lehenik eta behin hiztegien mahaigaineko aplikazioa deskargatu eta instalatu behar da. Behin hori eginda, erraz erabiltzen da: kurtsorearekin hitza hautatu, eta bi agindu hauek segidan sakatu behar dira: [Ctrl + C] eta [Ctrl + zuriune-barra]. Zure alboan banengo, honela azalduko nizuke: sakatu Ctrl, eta, hori sakatuta daukazula, sakatu lehenengo C eta gero zuriune-barra. Hala, leiho berri bat irekiko da, ohikoa baino txikiagoa, eta hitz horrekin lotuta Elhuyar hiztegietan dagoen informazioa ikusi ahal izango duzu. Aplikaziotik irteteko, nik [Esc] botoia sakatzeko ohitura hartu du, baina [Ctrl + zuriune-barra] konbinazioa ere erabil daiteke.

Mac OS sistema eragilearen kasuan, bilaketa egiteko, tekla-konbinazio hauek erabili behar dira: [Cmd (⌘) + C] eta [Cmd (⌘)+ B] (edo, bestela esanda: sakatu Cmd, eta, hori sakatuta daukazula, sakatu lehenengo C eta gero B). Eta, aplikaziotik irteteko: [Cmd (⌘)+ B] edo [Esc].

Esan bezala, funtzionalitate hori ez da berria, iaz jarri genuen martxan. Baina, dena delakoagatik, une hartan ez nion kasu handirik egin, eta gero guztiz ahaztu zitzaidan, berriki lankide batek gogorarazi didan arte. Prozesua automatizatzea lortu dudanetik, askoz erosoago ari naiz lanean.

Mahaigaineko itzultzailea

Horrekin batera, Elia itzultzaile automatikoarekin erabil daitekeen beste funtzionalitate baten berri eman nahi dizuet. Agian entzungo zenuten noizbait, eta beharbada mahaigainean instalatu ere bai, baina igual, apika… proba pare bat egin ondoren erabiltzeari utzi, eta orain ahaztuxe duzue zuen garuneko txokoren batean. Bada, hemen sartzen bazarete, mahaigaineko itzultzailea deskargatu eta instalatu ahal izango duzue, berdin Windows, Linux ed Mac OS sistemetarako. Behin martxan jarrita, testua itzuli eta ordezkatzeko modua izango duzue. Horretarako, lehenik, aukeratu kurtsorearekin itzuli nahi duzun testua edo testu-zatia. Ondoren, erabili tekla-konbinazio hau: [Ctrl + C] eta [Ctrl + C] (hau da, Ctrl tekla sakatuta daukazula, sakatu bi aldiz C tekla). Elia aplikazioa irekiko da, eta, zuzenean, aukeratutako testuaren itzulpena emango dizu.

Itzulitako testu hori jatorrizko testuaren ordez txertatzeko, erabili tekla-konbinazio hau: [Ctrl + V] eta [Ctrl + V]. Funtzio honek kontsultarako ere balio du; hau da, beharbada ez dugu testua ordezkatu nahi, baina Eliak nola itzultzen duen ikus nahi dugu. Horri guztiari buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, hemen duzue aplikazioaren eskuliburua.

Agur t’erdi

Agurrerako, bonus track: Elhuyar Hiztegiko sarrera guztietan, edukiari buruzko iruzkinak egiteko aukera duzue, eta, hitzen bat aurkitzen ez baduzue, hiztegiratzeko proposamena egin dezakezue. Hartara, guztion artean, hiztegia hobetzen eta behar berrietara egokitzen jarraituko dugu.