Berri

Xabier Aristegieta Okiñena

Oraindik ere berria dugu urtea, eta horrek aukera aproposa eskaintzen du berri adjektiboaren esanahiari buruzko hausnarketa bat plazaratzeko.

Izan ere, iruditzen zait azken urteotan euskal itzultzaileok halako goganbehar batez tratatzen ari garela berri. Esate baterako, legebiltzar batek lege berri bat egin badu, horretaz informatzean legea egin du edo beste lege bat egin du idazteko joera nagusitzen ari zaigu. Ez dut ezer esaldi horien kontra, jakina, baina badaukat, bai, lege berri bat egin du erabili ezinaren kontra. Edo demagun lege bat aldatzeko prozesuan gaztelaniaz baliatzen den enmienda de adición de un nuevo artículo/apartado/párrafo espresioa: euskaraz, artikulu/idatz-zati/lerrokada bat (ez berri bat) gehitzeko zuzenketa idazteko joera daukagulakoan nago.

Lege bat –etxe bat edo auto bat nola– berria izan ahalko ez balitz bezala. Edo artikulu bat.

Ziurgabetasun handia dago berriren erabileraren inguruan. Nire inpresioa da ezen, huts ez egitearren, nahiago izaten dela, badaezpada ere, berri ez erabili eta kito.

Nire ustez, ziurgabetasun horretara eraman gaitu han-hemendik berriri buruz adierazi izan diren iritzi edo gidalerroen interpretazio dezente muturreratu batek.

Eskueran ditut HAEEren Zalantza-dantza eta EIMA bildumako Kalko okerrak, Juan Garziarena. Lehenak hauxe dio berriri buruz, gaitzespenez, 17. orrialdean:

“Hala ere, badirudi beste adiera bat hasi dela zabaltzen. Gertakari batzuen zerrendan zerbait eransten dela adierazteko erabiltzen dugu [berri], beste bat erabili beharrean. Adiera berri [sic] hori okerra eta tradizio gabea da”.

Eta gaitzesgarri gisa adibideok aipatzen ditu: *garaipen berri bat lortu, *gol berri bat sartu, *eraso berri bat jasan.

Bestetik, Juan Garzia-EIMAk *kolpe berri bat, *korner berri bat, *aukera berri bat, *tanto berri bat, *euri berriak eta *ariketa berria jasotzen dituzte okerreko erabileratzat (34-35. orrialdeak). Esaten dutenez, “berri izenondoak zahar izenondoaren antonimo izan behar du, beti izan den moduan”. Kolpe eta ariketari buruz ametitzen dute berri erabili ahal izatea, baina “lehengoa ez bezalakoa” esanahiarekin, eta ez “beste bat” adierazteko. HAEEk ere aukera hori onartzen du proposamen hitzarekin.

Ez nago nahitaez desados ikuspegi horiekin, nahiz eta berrirako baztertzen den adiera hori zeharo hedatuta dagoen gure inguruko hizkuntza askotan. Problemarik gabe hedatuta, esango nuke.

Baina kontua da ezen, irizpide hori praktikan jartzerakoan, gehienbat berri baztertzera jotzen dela, baita jatortzat hartzen den adiera (berri=lehengoa ez bezalakoa) guztiz posiblea den kasu askotan ere. Alegia, gehiegikeriaz aplikaturiko irizpide bihurtu da.

Beharrezkoa da, horrenbestez, orientabide zehatzagoak ezartzea, berriren esanahi gaitzetsia argiago eta garbiago zedarritzeko. Eta horrek ezinbestean ekarriko du berriren erabilerari ate asko eta asko irekitzea.

1.- Hasteko, iruditzen zait gaztelaniazko nuevo adjektiboa izenaren ezkerretara mugitzen den guztietan ez dela haren esanahia kalifikaziotik kuantifikaziora (edo haren enfasira) aldatzen, Juan Garzia-EIMAk diotenetik bestelakorik ondoriozta badaiteke ere. Hots, nahiz eta egia den un nuevo ataque ez dela un ataque nuevo, baizik eta un ataque más, edo un nuevo gol ez dela gol berri bat, baizik eta beste gol bat (gehiago), komeni da horrelakoetan euskaratzaileak ez dezan automatismoz jo berri baztertzera. X ha comenzado una nueva vida en Londres adibidean, edo nueva cocina vasca delakoan, edo gaur egun bolo-bolo dabiltzan las nuevas tecnologías aipatzean, uste dut argi dagoela helburu nagusia kalifikazioa dela; hots, nolakotasun bat adieraztea: denboraren iragatean orainetik hurbilago dagoenak daukana, orainetik urrunago dagoenaren aldean. Adjektiboa, ikusi dugunez, izenaren ezkerrean agertuta ere.

2.- Are gehiago: “gertakari batzuen zerrendan zerbait eransten dela” –HAEEk dioenez– adierazten denetan ere, esango nuke kasu gehienetan jo daitekeela izenari aurreratutako nuevo adjektiboak eutsi egiten diola kalifikaziozko esanahiari (hau da, “zahar izenondoaren antonimo” edo “lehengoa ez bezalakoa”renari, Juan Garzia-EIMAk dioten bezala), kuantifikazio- eta kalifikazio-kutsuak gehienetan bateragarriak izaten baitira. Halako moldez non nuevoren esanahia otro/a (más) + diferente bailitzateke; hau da, berri = beste bat + lehengoa ez bezalakoa. Adibidez:

  • Han aparecido nuevas grietas en la ladera derecha del embalse de Yesa.
  • Proponemos añadir un nuevo artículo a la ley X.
  • Un nuevo modelo de Estado.
  • Se han aprobado unos nuevos antivirales para el tratamiento de la hepatitis C .
  • Se recoge una nueva infracción grave en el artículo X.
  • Gobierno y agentes sociales pactan una nueva ayuda para parados de larga duración.
  • Creación de dos nuevas tarifas 7 y 8.
  • Incluir en el orden del día del mencionado Pleno los siguientes nuevos puntos.
  • El nuevo presidente.
  • El Gobierno va a desarrollar nuevas medidas para generar empleo.
  • La agencia elaborará una nueva propuesta.

Horrela, ba, lehengoa ez bezalakotzat ere (ere, diot) ulertua izateko modua eskaintzen duen aldetik, ez dut arrazoirik ikusten euskaraz berri adjektiboa ezin erabiltzeko:

  • Hitzarmen berri bat sinatu dute (ez bakarrik beste hitzarmen bat, baizik eta lehenagokoez bestelakoa; adibidez, baldintza berriak –lehen zeudenak ez bezalakoak– jasotzen dituena).
  • Hegaldi berriak Loiutik A Coruña, Alacant eta Boloniara (hegaldi gehiago ez ezik, bestelakoak ere, beste leku batzuetarakoak baitira).
  • Argitaratzen diren deialdi berriak (lehenagokoen aldean desberdinak izan daitezke).
  • X sarien aurtengo edizioan, kategoria berri bat gehitu diete ohikoei.
  • Protestaren antolatzaileek “urrats berriak” iragarri dituzte (Berriaren azalean, 2013ko urriaren 6an): ordura arteko urratsak ez bezalakoak.
  • Lagun berriak egin ditu (lagun berriak ez dira “beste” lagun soil batzuk, baizik eta norberaren bizitzan aspaldiko lagunak baino geroago agertu direnak).
  • Ikasle berriak.
  • “San Josek, alegia bere festa handikiroago ospa zedin, hiru nobizio berri ekarri zituela egun hartan Loiolara” (Patxi Altuna, Orixek Jesusen Lagundian emaniko urteak (1907-1923), in Orixe Mendeurrena (1888-1988), IV. Hitzaldiak, arg. Eusko Jaurlaritza eta Etor Argitaletxea, 46. or.).
  • Administrazio Kontseilu berria aukeratu du Bilbo Basketek (Berria, 2014ko maiatzaren 6koa).
  • Lanpostu berriak.
  • Inkognita berria.
  • Estrategia berria.
  • Pasahitz berria.
  • Googlen bilaketa bat egitean, emaitza-zerrendaren amaieran honako ohar hau agertu zait: «Jaso “X” bilaketaren emaitza berrien jakinarazpenak. Sortu alerta». Alegia, ez bakarrik emaitza gehiagoren jakinarazpenak, baizik eta, aurrera begira, denboran zehar sortzen joaten diren –eta, beraz, berri diren– emaitzenak ere.

3.- Nola zorroztu genezake, orduan, euskararako bazterturiko (baztertzekotan) berri hori identifikatzeko irizpidea?

Giltzarria da, nire ustez, ziurtatzea kasuko nuevo/a adjektiboak ez duela kalifikatzaile-arrastorik gordetzen, zeren eta, gordetzen badu, zantzu horri beti heldu ahalko baitzaio berri erabiltzearen aldeko erabakia zilegitzeko.

Noiz ez du kalifikatzaile-arrastorik gordetzen? “Gertakari batzuen zerrendan zerbait eransten dela adierazteko” erabiltzen dugunean (HAEEk dioen bezala)? Goiko adibide ugaritan ikusi dugunez, horrelako kasu askotan eutsi egiten dio kalifikatzaile-arrastoari; beraz, irizpide hori ez da asegarria. Izenaren aurrean doanean, Juan Garzia-EIMAk dioten bezala? Ez beti, adibide berberek erakusten digutenez.

Nik ikusten dudan moduan, gakoa da esatariak, kasuko berbaldian, segida edo multzo bateko ale bereizgabetzat trata dezala nuevo/a adjektibodun substantiboa, eta ez berariazko nolakotasunez jantzitako aletzat. Kasu horretan legoke, baina horretantxe soilik, kalifikatzaile-arrasto guztiez gabeturik nuevo/a. Ezinbestean, interpretazio hori kasuan kasuko substantiboaren eta testuinguruaren baitan egonen da.

  • Adibidez, beste gol bat, eta ez *gol berri bat (gol horretatik interesatzen zaigun gauza bakarra gol hori sartu dutela denean, eta ez gola sartzeko modu zehatza); beste aukera bat, eta ez *aukera berri bat (hots, aukera bat gehiago; lehen aukera batzuk izan dira, eta orain beste bat, eta ez zaigu axolakoa aukera bakoitzak ezaugarri propioak dituen ala ez, baldintza berekiak eskaintzen dituen ala ez). Gol bat gehiago sartu du / aukera bat gehiago sortu zaio: kasuko alearen (gola, aukera) metaketa baizik ez zaigu interesatzen.
  • Joan ohi naizen supermerkatuko bozgorailuetan orain dela gutxi mezu hau aditu nuen, bezero dezente zegoen-eta: kutxa berria irekiko dugu irteeran. Mezuaren helburua ez zen nolakotasun zehatzak zituen kutxa bat –besteak ez bezalakoa– irekiko zutela jakinaraztea, baizik eta, besterik gabe, kasuko substantiboaren (kutxa) beste unitate bat gehiago eskuragarri jarriko zutela iragartzea. Horregatik, nire iritziz lekuz kanpo zegoen hor kutxa berri, eta beste kutxa bat esan beharko zuketen.
  • El equipo de gobierno ha solicitado al Gobierno de Navarra una nueva prórroga del período de carencia esaldia ulertzen baldin badugu besterik gabe le ha solicitado otra prórroga gisa, beste luzapen bat euskaratuko genuke; baina bestelako baldintzetan eskainitako luzapen gisa ulertzeko arrazoirik balego, zilegi ikusten dut luzapen berri bat itzultzea.
  • Se trata de un nuevo brote de legionela: legionella-agerpen bat gehiago, besterik gabe? Ala lehengoek ez bezalako ezaugarriak dituen bat, eta, hortaz, agerpen berri bat?
  • Literatura Unibertsaleko izenburu berriak: nik ulertzen dudan moduan, ez dira beste izenburu batzuk soilik, baizik eta argitaratu berriak direnak; kontrajarriak, alde horretatik, aspaldi argitaratuei.
  • Deberá realizarse un nuevo cálculo: zer esan nahi du? Besterik gabe, berriro kalkulatu behar dela, ala beste modu batean kalkulatu behar dela?
  • Nueva búsqueda (webgune bateko laukitxo batean): informazio gehiagorik ematen ez zaigun bitartean, beste bilaketa bat esan nahi duela ulertu beharrean gaude.
  • En 2013 se diagnosticaron 44 nuevas infecciones por VIH: printzipioz, euskaraz naturalena dirudi beste 44 infekzio esateak. Halere, ezin ukatuzkoa iruditzen zait infekzio berriak (orain dela gutxi gertatuak) eta infekzio zaharrak (aspaldikoak) kontrajarpena ere egin ahal izatea. Euskaldun berri / euskaldun zahar bezalakoa.
  • Las autoridades temen una nueva noche de disturbios en Ferguson: zentzutasunak beste gau bat (gehiago) itzultzea agintzen du, hain zuzen ere gau hori gau-zerrenda bateko ale bereizgabetzat hartzen baita, aurreko gauen berdina (hots, istiluduna), eta ez aparteko gautzat.

Ikusten denez, maiz bi aukerak, beste bat eta berri, izaten dira posible substantibo berarekin; beraz, kontua ez da balizko bi zerrenda egitea (beste batekin doazen substantiboena eta berrirekin doazenena): esatariak kasuan-kasuan hartutako ikuspuntua argitzeko ahalegina egin behar da eta, horren arabera, beste bat edo berri erabili.

**********

Nolanahi ere, eta adierazitako guztia adierazi ondoren, komenigarria iruditzen zait arlo honetako “akatsen” garrantzia erlatibizatzea: batetik, jorratu duguna ez delako ulergarritasun-problema bat, baizik eta hizkuntza-jatortasunari dagokion bat (eta, “jatortasun”-kontuetan, niri behintzat eszeptizismo-argitxo bat piztu ohi zait, ezinbestean); bestetik, gure inguruko hizkuntzetan beste bat / berri bereizketa hori ez egiteak ez duelako buruhauste handirik sortzen, aipagai izan dugun argudio bera erabil lezaketen arren.

Azken batean, argudioak argudio, ez al dugu, ba, biziberritu eta indarberritu esaten, eta ez bizigehiagotu edo indargehiagotu? Euskaraz ere berrik ustez baino ibilbide luzeagoa duen seinale.

Otsailaren 5ean, Santa Ageda:
Zorion etxe hontako denoi,
oles egitera gatoz,
aterik ate ohitura zaharra
aurten berritzeko asmoz…

Utzi iruzkina