Tu est un autre

Iñaki Iñurrieta Labaien

Lagunartean gaude Lorea eta biok, eta halako batean nik esaten badut “Loreak diozun hori ondo iruditzen zait”, esaldi hori guztiz arrunta egingo zaie bai Loreari bai beste solaskideei. Horretan nengoen ni behintzat, harik eta orain hurrengoan Loreak berak esan zidan arte bitxia egiten zitzaiola “Loreak” eta “diozun” horrela elkartzea.

Egia da egoera ez zela lagunarteko solasa; aurrez aurrekoa, esan nahi dut. Foro batean ari ginen. Alegia, idatziz, nor bere ordenagailutik, elkarren aurrean egon gabe, ezta une berean ere. Solaskideok nahi genuenean sar gintezkeen foroan, besteek aurrez idatzitakoak irakurri, eta, nahi bagenuen, erantzun egin genezakeen.

Beharbada, horrexegatik egin zitzaion arraroa Loreari. Niri arrunta iruditzen zait, baina ikusten dut foroan ez dela erabiltzen “Loreak diozun hori” bezalakorik; beraz, hain arrunta ere ez da izango. Pentsatzen jarri naiz zergatik, eta aurkitu dudan azalpena da ezen esaldi hori, berez, beste komunikazio-egoera bati dagokiola: bi solaskide baino gehiago eta aurrez aurre gaudeneko egoerari. Lagunartean bezala.

Lagunarteko elkarrizketan, hainbat lagun ari gara leku eta une berean. Ni zurekin, zurekin eta zurekin ari naiz, eta, horregatik, hitza hartzen badut, komeniko zait zehaztea zu nor zaren kasuan-kasuan. Hori deikia erabiliz egin nezake, “Lorea, zuk diozun hori ondo iruditzen zait”. Hau da, Lorea eta biok baizik ez bageunde bezala jardun nezake. Ez da hala, ordea, gehiago gaude, eta beste solaskideok ere integratu nahi zaituztet neure esaldian, une horretan besteok ere, nirekin solasean ari zaretenok, zu baitzarete, eta zuei diotsuek Loreak dioena ondo iruditzen zaidala, baina Lorea bera ere kanpoan –hirugarren pertsonan– utzi gabe, Lorea ere zu baita, eta orduan batura edo integrazio hori egiten dut:

“Lorea, zuk diozun hori” + “Loreak dioen hori” = “Loreak diozun hori…”.

Orain dela urte gutxi batzuk arte, aurrez aurre ez izatera, edo telefonoz edo gutun bidez komunikatzen ginen normalean. Bi egoera horietan, solasa biren artekoa izan ohi zen: ni eta zu, zu eta ni ari ginen elkarrekin solasean. Batetik, gutunaren komunikazio-eskema, biren artekoa baina diferitua, eta bakarkakoa: igorleak eta hartzaileak aldi eta alde banatan idazten eta irakurtzen dute gutuna. Bestetik, telefono bidezkoa, une berean gara solaskide ni eta zu, zu eta ni, aurrez aurre egon gabe, elkar ikusi edo ukitu gabe.

Estrukturalisten ezaugarri-oposizioen bidez defini daitezke komunikazio-egoera horiek: lagunartean / buruz buru; aurrez aurre / alde banatan; idatziz / ahoz; aldi berean / aldi banatan…

Orain, Interneten aroan, beste komunikazio-egoera batzuk agertu dira, tartekoak, hibridoak, esandako ezaugarri horiek desberdin konbinatzen dituztenak: foroa, chata, Skype… Komunikazio-egoerok aldatu ahala, hizkuntzan ere nabari dira aldaketak, oharkabeko lerratzeak… “Loreak diozun hori” bezalakoak.

Foroan, esate batera, lagunartean bezala ari gara, baina ez gaude aurrez aurre, ez gaude aldi berean, eta idatziz ari gara, ez ahoz. Chat batean ere lagunartean bezala ari gara, eta gainera aldi berean, baina ez aurrez aurre, eta idatziz. Skypen, berriz, lagunartean, aurrez aurre, ahoz eta aldi berean…

Elkar ukitzea falta zaigu, baina horrek ere ez du luze joko. Ez zaigu hainbeste falta Her filmeko egoerara iristeko. Ikusi duzue? Protagonistak birtualki jotzen du larrua, birtualki maitemintzen da… Norekin? Nortaz? Nor da zu, ni, gu…?

2 Replies to “Tu est un autre”

  1. Foro batean, “Lorea, zuk diozun hori” esatea/idaztea (jakinik foro horretan Loreaz gainera beste batzuk ere badirela) normala iruditzen zait, bai eta, foro horretan, “Loreak dioen hori” esatea/idaztea ere (jakinik foro horretan beste batzuez gainera Lorea ere badela). Baina foro horretan “Loreak diozun hori” entzun edo irakurriko banu, ulertezina gertatuko litzaidake.
    Alegia, foro ere baden blog honetan “Iñakiri bururatu zaizun hori” idaztea (jakinik Iñakik eta beste batzuek irakurriko dutela) ezinezkoa iruditzen zait. Hala ere, hizkuntza esperimentatzekoa ere bada eta, nagoen ixilik.

    Atsegin dut

    1. Hizketa modu hori ez da nik asmatua, ez da esperimentala, beste batzuen ahotan entzun dut. Ziur asko, leku batzuetan erabiltzen da eta beste batzuetan ez. Esate baterako, tabernan gaude, eta kaja duenak ez badaki zer hartu nahi dudan, niretzat oso galdera normala litzateke: “Iñakik zer hartu behar duk?”
      Bide horretatik, foro ere baden blog honetara jota: “blog honetan ‘Iñakiri bururatu zaizun hori’ idaztea (jakinik Iñakik eta beste batzuek irakurriko dutela) ezinezkoa iruditzen zait”, idatzi duzu. Niri, ezinezkoa gabe, hori bezain naturala egiten zait beste hau: “blog honetan ‘Iñakiri bururatu zaizun hori’ idaztea (jakinik Iñakik eta beste batzuek irakurriko duzuela) normala iruditzen zait”.

      Atsegin dut

Utzi iruzkina