Helburu estrategikoen estrategikotasunaz

Estitxu Garai Artetxe

Estrategikoa. Horra hor modako hitza. Ildo estrategikoa, erabaki estrategikoa, ekintza estrategikoa, eta abar luze estrategikoa. Ezer ez da aintzat hartzekoa “estrategikoa” ez bada. Ezin ukatu alboan daramanari oihartzun berezia ematen diola, puztu egiten duela.

Estrategikoen artean estrategikoenak, nola ez, “plan estrategikoak” dira. Egunak joan egunak etorri, han-hemengo erakunde eta enpresek eurenak aurkezten dizkigute. Baina, nola jakin plan horiek benetan “estrategikoak” diren ala ez? Abiapuntua helburuak (beno, barkatu, helburu estrategikoak) aztertzea da, horiek esango baitigute planaren mamia zein den.

Herrialde anglosaxoietan, helburu estrategikoen egokitasuna xedatzeko, S.M.A.R.T.[1] akronimoa erabiltzen dute, hau da, honako ezaugarri-zerrenda: Specific (zehatza); Measurable (neurgarria); Achievable (egingarria); Realistic (errealista); Time-bound (denboran mugatua).

Tresna baliagarria iruditzen zaidanez, ADIMEN hitzaren bidez euskarara moldatzeko ahalegina egin dut. Eta, aldez aurretik, jakin ezazue: ingelesezkoa baino hobea da, aldagai gehiago hartzen baititu kontutan. Hori hala da nire iritzi-apalean (alegia, nire iritzien bilduman).

Hemen dituzue helburuek bete beharreko A.D.I.M.E.N ezaugarriak:

  • Argia: Idazketa argia izan behar dute. Formulazio egokiaren bidez lehenengo irakurketan ulertu behar dira helburuen nondik norakoak.
  • Doia: Zehatzak izan behar dira. Ondo adierazi behar dute zer aldatu asmo den, nola, noiz eta non.
  • Ikerketan oinarritua: Egoeraren analisi zorrotza izan behar dute oinarrian, ezinbestekoa da jakitea non gauden eta nora iritsi nahi dugun.
  • Mugatua denboran: Noiztik nora beteko diren zedarritu behar dute. Helburuek ez dute zertan plan estrategikoaren indarraldiarekin bat etorri.
  • Egingarria: Eskura ditugun tresna eta gaitasunen arabera lorgarriak izan behar dute.
  • Neurgarria: Jarraipena egiteko aukera eman behar dute. Gomendagarria da xedea eta onurak kuantifikagarriak izatea.

Azken ezaugarria, neurgarria izatea, funtsezkoa da, eta, oro har, hori da helburu gehienek duten gabezia. Egia da alor batzuetan zenbakietara makurtzea arriskutsua izan daitekeela, baina beste zenbaitetan zenbakiei ihes egitea makurra da. Kuantifikatzeak, onerako eta txarrerako, zera dakar: egindakoa (eta egin gabea) lehen begi-kolpean ikustea.

Gonbitea luzatzen dizuet, hartu edozein plan eta helburuei ADIMEN zerrenda pasa. Emaitzaren arabera, zuek erabakiko duzue bertan azaltzen diren helburuak zer diren: estrategikoak ala itxurakeria estratosferikoak.

[1] Ingelesez SMART hitzak “adimentsua”, “azkarra” esan nahi du, beste adiera batzuen artean.