Euskaraholic nago gaur

Koldo Biguri Otxoa de Eribe

Euskararen inguruan pizten diren eztabaidetatik tiraka, gure psikologia linguistiko kolektiboari buruzko hausnarbide interesgarriak atera daitezke batzuetan. Itzul posta-zerrendatik aterako dut oraingoan adibidea.

Arestian, norbaitek eztabaidaren plazara atera du nola eman daitekeen euskaraz halako hitz bat –nahiko ohikoa edo arrunta erdaraz ari garenean, baina ez dut esango zein den, irakurlearen arreta ez desbideratzeko–, eta beste norbaitek euskal ordain bat proposatu du. Hirugarren batek, ordea, euskaraz hitz hori ez dela existitzen dio geroago, eta laugarren batek, aldiz, aurrekoari arrapostu dio hitz horrek 16.000 sarreratik gora dituela Googlen eta, beraz, ezin dela esan existitzen ez denik. Eztabaida berehala lerratu da, ez hasierako esaldiaren itzulpena eskaintzera, ezpada proposatutako hitz horren onargarritasun edo onartezintasunera: batzuentzat, euskal hiztegi arauemaileetan edo historikoetan jasota ez dagoenez, ez da onargarria; besteentzat, existitzen eta erabiltzen denez, ea zergatik ezin den onartu galdetu dute; eta beste batzuk eztabaidan hasi dira ea hitza ondo eratuta dagoen ala ez, eta ondo eratuta ez dagoela diotenek ebatzi dute ezin dela onartu, erdararekiko morrontzatik ateratako kalko txar bat delakoan. Azkenik, beste batzuek hitz proposatua erabilia dela onartu arren, erabilera hori okerra eta baztertzekoa dela ebatzi dute, badela euskara jatorrean bestelako hitz edo ordain zuzenagorik.

Askorentzat, baita bizitzaren beste alor batzuentzat txit anarkoagoak diren askorentzat ere, elite linguistikoak (hizkuntzalari, itzultzaile, zuzentzaile eta irakasleek) erabakitzen eta finkatzen dituen hizkuntza-arauak guztiz zurrunak dira, ezinbestez bete beharrekoak, trafiko-arauak baino zorrotzago. Nire ustez, hizkuntzaren beraren berezko izaeraren kontra doa hori: hizkuntza guztietan, baita gurean ere, beti erabili dira eta kanonera igaro dira hainbat prozedura lehenago existitzen ez zirenak, baita aurretiazko arauen eta kanonen kontra sartutakoak ere; erabileran baitago gakoa. Euskaraz hain zorrotz diren askok arazorik ez dute gaztelaniaz (edo ingelesez), familia monoparental esateko, «parent» horrek gaztelaniaz sustrai zuzenik ez badu ere, zuzenean ingelesetik baitator; edo externalizar erabiltzeko, gaizki osatuta badago ere, gaztelaniaz «external» hitza existitzen ez baita. Eta makina bat adibide ipin litezke, baina ez daukat lekurik hemen. Une batetik aurrera, arazo gehiegirik gabe hasten dira hitz eta esamolde horiek zabaltzen eta, gaztelaniazko elite linguistikoaren ahaleginak ahalegin, bolo-bolo erabiltzen, baita hiztegietan azkenik onartuak izateraino ere –normalean urte batzuk igaro ondoren–. Ingelesez inork ez du arazorik selfie edo workaholic bezalako hitz «gaizki eratuak» erabiltzeko, eta hitz horiek esportatu ere egiten ditu ingelesak, askoz ere dinamikoagoa eta askeagoa baita.

Honelako eztabaidetan ez naiz sartzen esaten nork duen arrazoia nire ustez, ez baitut uste inork duenik arrazoia eta, batez ere, beti jasotzen duzulako masaileko mordo bat ezker-eskuin, alde batera edo bestera makurtzen bazara; batez ere, ez da puntu hori orain interesatzen zaidana, eta bai, berriz, eztabaidan erabilitako argudioek gure psikologia linguistikoaz bistarazten dutena.

Izan ere, bereziki interesgarria iruditzen zait proposatutako euskal ordaina existitzen ez zela zioenaren erantzuna, psikologikoki duen esanahiagatik, eta gure hizkuntzarentzat dituen ondorioengatik. Izan ere, barne-muineraino sartua dugu euskararen arauketa, arauketa etengabea, hipernormatibismoa deituko nukeen puntu bateraino: euskararen elite linguistikoak erabaki edo adostutako arauetan onartuta ez dagoena ez da existitzen eta, okerrago dena, ezin da existitu (urrun dago euskal esaera zaharrak dioena, «izena duenak izana du»; horren ordez, «arauek onartzen dutenak du izana» dugu orain iparrorratz). Eta pase foralak ez du balio hemen.

Ez dut ukatuko, noski, euskarak, beste edozein hizkuntzak bezalaxe, arauketarik behar duenik, trafikoak ere behar duen bezala; baina hipernormatibismoan erortzeak dituen ondorioez ere hausnartu beharko genuke. Eta horrexetara nator: 31 eskutik honetan bertan arestian norbaitek ateratako beste kezka batekin lotuz, ondo egingo genuke pentsatzen jarriko bagina ea euskarari gainera leporatu diogun arauketa ugari horrek ez ote digun nolabaiteko indar-atorra estu bat soineratzen, ez ote dion erabiltzaileari muga eta betebehar zorrotz gehiegi ezartzen; erabiltzeko deserosotasuna eta nekea, alegia. Hizlari arruntari segurtasunik eza eragiten dio: erabili ote dezaket ala ez hitz hau? Ondo ala gaizki dago? Euskaraz hala da ala ez? Eta, okerrago dena, honelakoetan adostasuna erraza eta automatikoa ez denez, denetariko iritziak iritsiko zaizkio, bazterrak areago nahasteko.

Gero, kexatzen gara, gazte euskaldun askok erdarara jotzen dutelako; baina, pentsatzen jarri ote gara erdaran ez ote duten aurkitzen gazte horiek euskaran aurkitzen ez duten erabilera-askatasuna, hizkuntza patxadaz eta lasai erabiltzeko erosotasuna, sorbalda gainean euskaltzain deabrutxo bat izan gabe esanez «132. araua hautsi duzu, txo!», «hori gaizki esanda zagok euskaraz, hi», «ergatiboa ahaztu zaizu, neska!» edo «aizan, hitz hori ez dun existitzen!».

Asko kexatzen gara gure gizarteak berak, erakunde publikoek eta beti besteek euskaldunoi euskaraz bizi ahal izateko jartzen dizkiguten edo kentzen ez dizkiguten oztopoengatik, eta oztopo horiek ukaezinak dira, existitzen dira; baina euskararen barruan ere, euskalgintzaren barruan bertan ere badira, nire ustez, jokamolde edo joera batzuk askoz gutxiagotan aipatzen direnak euskararen erabilera urriari buruzko azalpenetan, eta, zinez uste dut, ikertu behintzat egin beharko lirateke, honako galderaren bidetik: euskara gustura erabiltzeko askatasuna gehiegi mugatzen duen barne-faktorerik ere ez ote dago? Euskarari jartzen dizkiogun etengabeko arau eta pedigri-baldintza horiek ez al dira inoiz hiztun euskaldunarentzat astunegiak, euskararen beraren kalterako?

Ezin baita ahaztu, gero, ustezko hipernormatibismo horrek psikologikoaz haraindiko ondorioak ere badituela: arauak betetzen direla ziurtatzen duen epaile-gudaloste oso bat daukagu gainera, gaitasun-agiriak eman edo ukatzeko, arauak betetzen ez dituenari txartel gorria ateratzeko; hiritar euskaldunarentzat oztopo-lasterketa bat da euskara ikastea eta euskaldun agiriduna izatea, eta beste oztopo-lasterketa amaigabe bat da euskara «ondo» erabiltzea. Kaiola baten itxura gehiegi ez al du horrek edozein gazterentzat? Guk geuk hobe beharrez egiten dugun zerbaitek ez al du albo-ondorio kaltegarririk ere euskararen beraren bilakabidean, haren «normalizazioan», haren erabileran?

Barka hainbeste galdera ekartzeagatik: apur bat euskaraholic nago gaur!

6 Replies to “Euskaraholic nago gaur”

  1. Parafraseatuz:
    Gero, kexatzen gara, gazte gaztelaniadun askok ingelesera jotzen dutelako; baina, pentsatzen jarri ote gara ingelesean ez ote duten aurkitzen gazte horiek gaztelanian aurkitzen ez duten erabilera-askatasuna, hizkuntza patxadaz eta lasai erabiltzeko erosotasuna, sorbalda gainean RAEren akademiko deabrutxo bat izan gabe esanez «”heliotransportado” idatzita, RAEren ortografia hautsi duzu, txo!», «”con motivo a” gaizki esanda zagok gaztelaniaz, hi», «”comics” idaztean, tildea ahaztu zaizu, neska!» edo «aizan, “rompido” ez dun existitzen!».

    Barka, Koldo, aurreko txantxa inozo hori. Zure artikulua interesgarria iruditu zait, gogoeta pizteko. Niri ere atentzioa ematen didate, batzuetan, Itzulisteko eztabaidek. Beste kontu bat da (beste eztabaida bat) beste muturrak, “laissez faire, laissez passer” delakoak, zer ondorio izango lituzkeen normalizazioan, gauden egoeran gaudela, edo beste mutur horrek gazte euskaldunak euskarari atxikitzea ekarriko ote lukeen, baina hori gehitxo da astelehen-goiz baterako. Izan egun ona.

    Atsegin dut

  2. Hainbat erpin ditu gai honek. Ez da erraza gaiari heltzea alderdi eta adibide ugari aintzat hartu gabe. Oro har esango nuke muturretan daudela amildegiak:

    Gehiegizko zurruntasunak hiztunak uxa ditzake, eta uxatzen ditu euskararen kasuan. Bat nator zurekin, guztiz beharrezkoa da horren inguruko gogoeta lehenbailehen abiatzea. Areago gogoan dugunean euskararen inguruko irakaskuntzak akats (edo ustezko akats) horietan jartzen duela maiz arreta nagusia. Askotan susmoa dut euskararen egitura linguistikoaren inguruan hitz egiten denean akatsak direla ia gai bakarra.

    Gehiegizko malgutasunak, ostera, beste arrisku bat ere badakar: ‘araurik gabeko aldakortasuna’ du esapide tekniko, eta ohikoa da hizkuntza gutxituek dituzten sintomen zerrendetan. Ez da sintoma kezkagarria hizkuntzari begirari kalte egiten diolako; bai, ordea, agerian uzten duelako errutina diskurtsiboak sendotzeko dinamikan zerbaitek huts egiten duela, erabilera ez dela nahikoa berezko sendotze hori bermatzeko.

    Gogoeta guztietan bezala, galderak dira abiapuntu. Horra zure idatziak ekarri dizkidan beste pare bat: Edozein atzizki, hitz edo egitura erabiltzeko askatasuna izateak errazten du komunikazioa? eta erraztuko luke euskararen erabilera?

    Atsegin dut

  3. Barkatu, baina nik planteatutako eztabaidagaiari uste dut ezin diozuela kontrajarri beste muturra, alegia, zer kalte dakarren arauketarik ezak; bi aukera horiek kontrajartzeak nire gogoetagaia baliogabetzeko baino ez du balio (agian ez zaigulako interesatzen), eta ez horri buruz gogoetatzeko. Bide batez, eta ondo ulertu ez bazait ere, ni ez naiz inola ere defenditzen ari beste mutur hori. Eta, nolanahi ere, nire planteamenduari ahulunea bilatzeko, biek ipini duzue beren gizartean erabat sustraituta, normalduta dauden hizkuntzak (gaztelaniadunek edo ingelesdunek ez dute hizkuntza aldatzen euren arauen zurruntasunagatik); baina gauza bera esan ote dezakegu euskaldun (agin -berri, agian -zahar) zenbaiti buruz? Horra nik plazaratzen dudan eztabadaidagaia.

    Atsegin dut

    1. Arrazoia duzu, Koldo. Agian zure lehen paragrafo luze horiek eta azken egunotan foro honetan izandako beste eztabaida batzuek lerratu naute nire erantzunean.
      Baina bai, interesatzen zait, zalantzarik gabe, proposatzen duzun gogoeta.

      ‘Hipernormatibismo’ hori bai, badago, eskolan eta unibertsitatean bai behintzat. Horren besoak luzeak dira gainera; eta nire ustez ere, guztiz kaltegarriak. Gaur egun, gainera, laguntzaile berria du hipernormatibismoak. Hiperjatorrismoak laguntzen dio, bion helburua euskararen ‘kalitatea’ omen dela.

      Lehen, eta orain, euskara ‘zuzena’ erabili nahi dute erabiltzaile askok; normaren arabera egin nahiak bultzatua, eta ,sarritan, egiteko inposizioak behartuta ere. Azken horren ondorioak, ikertzeko gai gakoak dira, zuk diozun bezala. Nik larriak direla susmatzen dut.

      Baina azken urteotan, euskara erabiltzean ‘Jator’ ere buruan izan behar dute erabiltzaileek. Ez dakit ‘kalitate-irizpide’ berri horrek zerbait onuragarri ekarri dion kalitatearen eztabaidari. Esperientziak esaten dit askoren zalantzak eta ziurtasun falta areagotzen dituen mamu berria baino ez dela, eta erabilera eremu pribatu zein publikoan duela gainera eragina. Hiztun gazteen erabilera, eta bereziki erabilera eza, aztertzean guztiz kontuan hartzeko irizpidea da.

      ‘Zuzena’ termino labainkorra da askotan. Akademiaren arauez ari garela gutxiago, egitura baten zuzentasun gramatikalez ari garenean nire ustez askotan. Baina ‘Jatorra’, oraindik labainkorragoa da. Hizkuntzalaritzaren terminoetan ez dakit zein den haren baliokidea, ezta baliokiderik duen ere. Irizpide soziolinguistikoetan, agian ‘erabileran errotua’? baina, zein erabileratan? ‘jatorraren pedigria’ duten hiztun horien erabileran errotua?

      Zerbait ziurra da: jatorrismo berri horrek ‘benetako euskaldunen’ eta ‘betekoak ez direnen’ arteko muga zedarritzen du eta azken talde horretan daudenak beste taldera pasatzeko ezintasuna hanpatzen du: jatorraren pedigria ezin da lortu, berezkoa duzu ala ez.

      Arazoaren beso luzeek, bestalde, zuk elitetzat dituzunak ere harrapatzen dituzte. Hizkuntzalari askok behintzat sufritzen ditugu hiper horien ondorioak. Hasteko, ‘hizkuntzalaria berdin arauemailea/zuzentzailea’ ulertzen duelako erabiltzaile arruntak, eta txarragoa dena, gaur egun euskararen garapen diskurtsiboan ardura nagusia duten aditu erabiltzaile askok ere: zientzian, artean edo kazetaritzan adituak diren horiek, adibidez. Hizkuntzalarien aurrean dituzten susmo txarrak sendotu dira, eta horrek nabarmenki oztopatzen du garapen horrek ezinbesteko duen hizkuntzalariaren eta adituaren arteko elkarlana.

      Hizkuntzalaritzaren irizpideak ere ahultzen eta, maiz, baliogabetzen dituzte hiper bi horiek. ‘Euskararen tradizio diskurtsiboa’ kontuan hartzen duten irizpideei, adibidez, oso mesfidati begiratzen die gaur egun erabiltzaileak.Irizpide horrek egun zentzurik ez duela proposatzen duenik ere badago.

      Kalteak, beraz, asko eta askotarikoak dira, eta oso beharrezkoa da horren inguruko gogoeta serioa. Eskertzekoa da, Koldo, horretarako eman duzun urratsa.

      Atsegin dut

  4. Koldo, ez egiozu beste bueltarik eman, bete-betean asmatu duzu.

    Alfontso, Agurtzane, bi mehatxu handiren artean nabigatzen du gaur egun euskarak, purismoa batetik, populismoa bestetik. Eskila eta Karibdis.

    Purismoaren ordezkaria, gaur egun, Koldok “hipernormatibismoa” deitzen duen hori da. Populismoarena, aldiz, blog honetan bertan neuk hiperjatorrismoa deitu izan dudana delakoan nago.

    Biak dira funestoak euskararen garapenerako. Biak.

    Atsegin dut

  5. Nahi dut esan ze dudala iracurri gustura dioena Koldoc. Eta esango nuque ere ze zehar commentario osoa sentitu naizela concordante.

    Euscaldunoc darabilgun euscara -mendean mendecoa, sasoian sasoicoa- da admisible eta eguiazcoa socialqui. Nire aldetic zorionac plazara ekartea gatic hau gai determinante eta transcendental hau.

    Atsegin dut

Utzi iruzkina