Hasiera

Elixabete Perez Gaztelu

Blog honetatik kanpoko beste kontu bat zela medio, uda honetan (berriz ere) Koldo Mitxelenaren euskal gutunekin egin dut topo; zehatz esan, Patri Urkizuk 2004an editatu eta Errenteriako Udal Artxiboaren Bilduma aldizkariko 18. alean argitaratu zituen 236 gutunekin.

Ikasturte berriaren hasiera hau ere nolabait bideratu behar eta bururatu zait hizpide hartzea errenteriarraren gutunon hasiera, hain justu.

Puntuazio-markak direla eta, atentzioa eman dit hasierako diosalaren ondoren gehien-gehienetan koma darabilela (Adib. «Ene adiskidea,») eta bi puntuak, berriz, arrunt gutxitan: 6 gutunetan («Ene adiskidea:»). Puntua 5 gutunetan erabili du («Ene adiskideak.») eta gutun batean ez du puntuazio-ikurrik bat ere erabili («Adiskide»).

Gutunaren norentzakoari zuzentzeko sei hitz darabiltza batez ere Mitxelena igorleak: Adiskide oso maiz (94 gutunetan): «Adiskide», «Adiskide hori», «Adiskide maitea»…  moduko sintagmetan. Behin ere ez da baliatzen adiskidek oso gertukoa bai, baina kide erabatekoa ez duen lagun hitzaz (OEH: Lagunak, euskaraz, ez dira nahi eta ez adiskide, eta adiskideak, batez ere politika arloan, ez dira lagun nahi eta ez. MEIG VIII 32.).

Agur da 39 gutunen hasiera (gehienak «Agur(,) adiskide» modukoak dira). Esan beharrik ez dago ez duela gutunik hasi Mitxelenak berariaz gaitzetsi zuen «nonahiko» Kaixo erabilita (OEH: [Orduko jendea] txunditurik geldituko zen, esaterako, entzun izan balu Kaixo! dela nonnahi, nornahirekin erabiltzen den euskal diosala. MEIG VII 32.).

Ene genitiboa 46 gutun-hasieratan ikusi dugu («Ene adiskide(a)(hori)»…), eta Nere 9tan («Nere (adiskide(a)) (jaun)»…). Jaun 20 gutunetako lehen hitza da («Jaun(a) (adiskide ori)»…). And(e)re erabiltzeko aukerarik ia ez dauka gutunotan; Teresa Urrestarazu («Ene adiskide ori» esaka agurtzen du) ez beste gutun-hartzaile guztiak gizasemeak (edo erakundeak) dira eta. Euskaltzale hitza 14tan darabil («Euskaltzale begiko ori», «Euskaltzale biotzeko ori», «Euskaltzale maite ori»…). Hirutan besterik ez du gutunaren norentzakoaren izena edo deitura zehaztu: «Irigoyen adiskidea», «Joxe Mari adiskidea», «San Martin adiskidea».

Ildo beretik, «Adiskide maitea» eta «Ene adiskide (h)ori» esapide osoak (sintagmak) darabiltza maizenik (hogeita hemezortzina gutunetan) hasieretan.

Azkenerako utzi dut han eta hemen inoiz atera izan den gaia: bokatiboaren erabilerarena. Bestela esan, nola zuzentzen zaion hartzaileari gutunen hasieran Mitxelena, sintagma determinatua edo determinatu gabea erabilita.

Gutun-bilduma honetan, behinik behin, gehienetan determinatzaile sintagma darabil Mitxelenak hasierako adierazpidean (bokatiboa darabilen 223 gutunetatik 151tan). Kopuruan antzera darabiltza erakusledunak ((h)ori da beti) (77tan): «(Ene) (Agur) adiskide (biotzeko) ori», eta artikuludunak (74tan): «Adiskide (maitea) (biotzekoa)», «Ene adiskidea» (beti artikuluduna darabil, «Ene jaun eta adiskide» geroxeago aipatuko dugunean izan ezik), «Jauna(k)» (hau ere beti artikulua duela darabil)…

Determinatzaile gabeaz baliatzen da 72 gutunetan: 33tan «Adiskide» da hasiera, 17tan «Agur(,) adiskide» eta, hemen sartzea badago, 18tan «Agur» hutsa. Bitan besterik ez du zehaztu Agur diosalaren ondoren determinatzaile sintagma: «Agur, aita Mujika», «Agur, euskaltzale ori». Ondoko hasierako esapideok (sintagmok) ere artikulurik gabe darabiltza: «Adiskide maite»,  «Aspaldiko adiskide», «Ene jaun eta adiskide» eta «Nere adiskide» (adibide bana dute).

Pertsona arteko harremanak hitzez hasteko moduak, genero epistolarrak berak (erregistro formaleko paperezkoak, lagunarteko erregistroko Internet bidezko berriagoak…) hemen lardaskatu dugunerako baino askoz gehiagorako ematen dute, jakina, baina gaurkoa hemen utzi beharko, hasierako kontuetan.