Pierre Urte

Iñigo Roque Eguzkitza

Ezer gutxi dakigu Pierre Urteren bizitzari buruz, nahiz azkenaldian hari buruzko lanak ugaritu diren, eta non eta noiz hil zen ere ez dakigu seguru: Juan María de Olaizolak dio Ipar Amerikan zendu zela, 1717an hara joan ondoren, baina, Patri Urkizuren arabera (Pierre d´Urteren hiztegia: Londres 1715), 1719an Londresen ezkondu zen, Castle Street-eko kapera frantsesean (huraxe da haren bizitzari buruzko azken datua); M.A. Llewelyn-en esanetan, bere garaian sorlekura itzuli zela zabaldu zen arren, ziur aski Ingalaterran bertan hil zen. Haren bizitzari buruz baditugu zenbait xehetasun, askorik ez. Donibane Lohizunen jaioa (1664), kaputxinoa izan zen, baina laster Erreformaren bidetik abiatu zen. Orduko higanot askok bezala erbesterako bidea hartu behar izan zuen, ordea, Nantesko Ediktua bertan behera utziz gero (1685). Urte Ingalaterran gerizatu zen. Han apaiztu zen, Eliza Anglikanoaren barruan, eta euskarazko zenbait lan ondu zituen: gramatika bat, hiztegi bat, eta Bibliako Hasiera osoaren eta Irteeraren pasarte batzuen itzulpena.

Guk itzulpen horri erreparatuko diogu. Gainerako lanak bezala, itzulpena ez zen argitaratu Urteren bizialdian, eta luzaroan Shirburn gazteluko liburutegian gordeta egon zen, Oxford aldean. Galesezko zenbait eskuizkribu ere biltzen zituen Shirburneko bibliotekak, eta pentsatzekoa da eskuizkribua han egoteak zerikusia izango zuela denbora hartan euskara hizkuntza zeltikoen ahaide zelako ustearekin. Ez dakigu zehazki noiz egin zuen lana, edizioaren arabera data bat edo beste aipatzen baita: c. 1700 (1. argit.) eta c. 1715 (2. argit.).

Hala ere, XIX. mendean itzulpenak bi argitaraldi izan zituen: lehenbizikoa M.A. Llewelyn Thomas-ek apailatu zuen, 1894an, eta Claredon Press-ek argitaratu; bigarrena, E.S. Dodgson euskalari ezagunaren ardurapean, Londresko Trinitarian Bible Society-k argitaratu zuen 1898an (Etorkia baizik ez zen jaso orduan). Lehenbiziko edizioak, bigarrenak ez bezala, badu aurkezpen baliotsu bat, editoreak erantsitako atarikoa («Introduction»).

Itzulpenari buruzko zenbait ohar argigarri egin zituen sarrera horretan Llewelyn-ek. Esaterako, hari esker badakigu Genevako Biblia erabili zuela sorburu-testu gisa itzultzaileak, hango hutsak ere beretu baitzituen; seguruenik, gainera, 1588ko bertsioa erabiliko zuen.

Interesgarria da, halaber, edizioaren prestatzaileak testuaren harreraz eginiko azterketa xumea. Batetik, herritar arrunten artean zabaldu zuen kopia bat, laguntzaile batzuen bitartez, haien iritziaren berri izateko. Iritziok harrigarri bezain zintzoak izan ziren: berek ere egin zezaketela («I could have done as well myself»), mailegu gehiegi erabiltzen dituela euskaratzaileak (hori dela kontu, hizkuntza zokoratuen garbizaletasunaz gogoeta jakingarri bat eransten du Llewelyn-ek) eta testua ederki ulertzen dela (ia berrehun urte igaroak baziren ere). Adituen iritziek berretsiko zuten herritar arruntek aipaturiko ulergarritasun hori (van Eys, Larrieu, Webster).

Llewelyn-ek gaineratzen du iritzi horiek Sarako herritarren artean jaso zirela eta, beharbada, Sarako mintzaira Donibane Lohitzunekoa baino «garbiagoa» izateak izango zuela eragina horietan. Gainera, bazekien, Vinson-ek esanda, Donibane aldean frantsesetiko eta gaztelaniatiko maileguak erabiltzen zirela txitean-pitean, eta, noski, itzulpenean ere ez dira halakoak falta: «Ekarri beharco dut nic sin falta hire sémeä hi ilki içatu aiçen herrira» (Hs XXIV, 5). Urte, esan gabe doa, ez zen uste horretakoa izan, Sarako eta Donibane Lohizuneko mintzairak maila berean ezarri baitzituen bere Gramatikaren atarikoan:

De Toute la Cantabrie françoise où l’on parle le meilleur basque c’est dans la prouince de Labour, qu‘on nomme Laphurdi, et surtout a St. Jean de Luz et a Sara deux paroisses de cette prouince distantes de deux petites lieus l’une de l’autre c’est ce que tout le monde auou unanimemt en ce païs la.

Hala ere, Donibane-Ziburuko hizkeraren aldera bazen halako mesfidantza bat XIX. menderako, Julio Urkixok ezin hobeto erakutsi zuenez artikulu batean («El vascuence de San Juan de Luz»):

Al dar cuenta en Euskaleriaren Alde (Julio, 1922) de la aparición del estudio de Hugo Schuchardt, Zur Kenntnis des Baskischen von Sare (Labourd), hable de la rivalidad que, desde tiempo inmemorial, ha existido entre Sara y San Juan de Luz, respecto a la pureza y excelencias de su vascuence respectivo.

Protestanteen kerua zuten hitzek ere eragingo zuten arbuiorik edo mesfidantzarik euskaldun katolikoen artean; esaterako, Jainkoaren partez, askotan Eternala aipatzen da (tarteka Iainco Eternala ere bai).

Atarikoan, orobat, zenbait arkaismoz dihardu paratzaileak: ozar (txakur handia), ordurako ahantzia, eta txahal (behi helduaren adieran). Interesgarri dira, bestalde, itzultzaileak zenbait pasarte itzuli gabe utzi zituela (ez dezagun ahaztu eskuizkribua burutu gabe zegoela, ez zegoela inprimategirako gertu). Horien hiru adibide ematen ditu sarreragileak:

In Genesis xxx. 37 he does not attempt to translate «green poplar and hazel»; in Exodus v. 12 he leaves blank the word for «stubble», and in Exodus ix. 32 he does not give the word for «rye». He was not a countryman, but the native of a small seaport full of fishermen and sailors.

Azalpena bitxi samarra da, itsas herrietan barnealdekoetan bezain arrunt izango baitziren zurzuriak, hurritzak, uztondoak edo zekalea. Lehenbiziko edizioan, beraz, hutsuneak bere horretan geratu ziren, puntu etenez nabarmendurik. 1899koan, ordea, osaturik agertu ziren hutsuneok: «zur-churi eta urritz» (Hs XXX, 37). Kontuan izan Oxfordeko edizioa aditu eta hizkuntza-ikasleentzat moldatu zela, eta bigarrena Euskal Herrian bertan berri ona zabaltzeko.

Beste horrenbeste gertatu zen akatsekin: lehenbiziko edizioan ez ziren arteztu. Izan ere, Llewelynek bi akats harrigarri aipatzen ditu, biak ala biak frantsesezko testua gaizki interpretatzearen ondorioak:

  • «Bañan emaztebat ethorri içan çen herrira» (Hs XII, 10). STko famine, ez zen, ordea, emaztea, gosea baizik. Bigarren edizioan: «Bañan gossete haündi bat ethorri içan çen herrira».

  • Antzeko nahaste bat agertu zen aurreko kapituluan (Hs XI, 31) belle fille gardena alaba edertzat hartzen denean (bigarren edizioan, erraña), eta antzera kapitulu batzuk aurrerago (HS XVI, 14) serfs orkhaitz direnean, mutil izan beharrean (bigarren edizioan bezala).

Leizarragaren lana ere aipu du Llewelyn-ek, esanez literatura-hizkuntza estandarizatzeko aukera bikaina izan zela baina ez zuela arrakastarik izan. Horren harira, William Morgan galestar apezpikuaren itzulpenarekin (1588) parekatzen du beskoiztarraren ahalegina, arrakastarik izanez gero izan zitekeenaren ispilu eta mirail.

Testua ohartukiago aztertzea mereziko luke, baina esan dezagun, lehen ikusian, bizitasun handikoa dela, eta gaurko irakurlearentzat ere atsegingarria.

Utzi iruzkina