Izenburuak eta genero markak

Bego Montorio Uribarren

Hitz pare bat, izen bat, esaldi izatera heltzen ez diren enuntziatu motzak izan ohi dira izenburuak —literatur lanen izenburuez ari naiz—; eta, beren laburrean, esanahi, oihartzun eta erreferentzia askoren biltzaile. Gauza handia da izenburu on bat, egilea ezagutu ere egin gabe liburua irakurtzera bultza baitezake, edo, kontrara, obra osoa bazterrean uztera. Ondo dakite hori dena idazleek eta editoreek; ondo dakigu itzultzaileok zein neketsua izan daitekeen horren ordain egokia ematea beste hizkuntza batean.

Zailtasun ugari eta askotarikoak topa ditzakegu izenburuak euskaratzerakoan, eta, gaurkoan, horietako bati heldu nahi diot: nola euskaratu jatorriz genero marka (maskulinoa/femeninoa) duten izenburuak? Badakit mataza oso korapilatsu baten haria baino ez dela, izenburuetatik askoz haratago doan kontua, baina, gaia labur aurkezteko modua eskaintzen duenez, eutsi egingo diot.

Bilaketa ez erabat zehatza egin dut Literatur itzulpenen katalogoan, eta jatorrizko testuan gizonezko marka duten hamaika izenburu aurkitu ditut (Pedro y el capitán; L’étranger; El amigo de la muerte; Il Compagno; El buscón; The hunter; El capitán Alatriste; El licenciado Vidriera; Le neveu de Rameau; El amante; El amante liberal), eta beste zazpi, femeninoaren markarekin (La chantatrice chauve; La gitanilla; La romana; La vagabonde; La herbolera; La española inglesa; La petite fille de Monsieur Linh). Lagin txiki bat baino ez da, beste asko aurkituko baikenituzke poema eta ipuinen izenburuei begiratu bat emanez gero, baina joera batzuk antzemateko balio duelakoan nago.

Nola eman dira izenburu horiek euskaraz? Gorde al dira genero markak? Noiz bai, noiz ez? Hona erantzunak.

Jatorrizkoan maskulinoaren marka duten kasu guzti-guztietan, euskaraz ez dago inolako genero markarik: Rameauren iloba, gurean, neska zein mutila izan daiteke liburua irakurri ezean; Amorante eskuzabalaren sexua irakurleak berak erabaki dezake, izenburuari erreparatuta.

Bestelako aukera batzuk ere egon litezke, baina, oro har, zeharo onargarria deritzot baliatutako itzulpen estrategia horri.

Eta, zer gertatu da jatorrizkoaren genero marka femeninoa izan denean? Bada, kasu horietan, ia inork ez du estrategia hori erabili. Aipatu izenburuetako bakar batean —Linh jaunaren biloba— eutsi zaio joera inklusiboari, eta, beste haren ilobarekin bezala, bilobarekin ere ez dakigu neska edo mutila den; liburu barrukoa irakurri arte, jakina.

Gainerako guztietan, genero marka femeninoa ezarri dute itzultzaileek, artez edo moldez, xede testuan; dela «emakume» edo antzeko hitzen bat sartuta (Erromako emakumea; Ijito nexka; Espainiar andere ingelesa; Emakumezko abeslari burusoila), dela izen propioak erabilita (La vagabonde – Mari alderrai; La herbolera – Kattalin). Esan beharra dago Ionescoren obrari izena ematen dion eta inon agertzen ez den chantatrice hori, lehen edizioan, «abeslaria» baino ez zela, eta duela gutxiko edizio zuzenduan (Urrezko Biblioteka bilduman) bilakatu dela «emakumezko abeslaria».

Lagina txikia da, badakit; obra bakoitzaren baitan bilatu behar da arrazoia, badakit.

Eta, hala ere, ukaezina da euskarak berezkoa ez duen arau bat agertzen dutela adibide horiek: erdal maskulinoak (argi eta garbi generikoa ez den kasuetan) ez omen du markarik behar euskarazkoan; erdal femeninoak, ordea, bai, horrek marka behar omen du. Durasen maitalea gizon txinatar gazte bat dela dudarik ez zaio geldituko obra irakurtzen duenari, izenburuan «Maitalea» baino agertu ez arren; zergatik da, orduan, hain garrantzitsua Moraviaren erromatarra emakumezkoa dela izenburuan bertan agertzea?; irakurri ahala jakingo dugu Adrianaz ari dela.

Itzulpenetan antzemandakoak dira horiek, baina seguru nago ez dela bakarrik itzultzaileon kontua, neurri handi batean gure artean hedaturik dauden erabilera eta jokamoldeak islatu baino ez baitugu egiten. Hain hedatuak non egon badaudela konturatu ere ez garen egiten, ez itzultzaileak ezta hiztun arruntak ere.

Niri gutxienik, zer pentsa eman dit.

6 Replies to “Izenburuak eta genero markak”

  1. Bego: uste dinat erantzuna ematea tokatzen zaidala, “Erromako emakumea” nik euskaratu nuelako. Eta gogoratu nahi dinat aspaldi esana dagoen zerbait: ikertzailearen begiradak aldarazi egiten duela ikergaiaren izaera. Alegia, geologo batek Michelangeloren Daviden estatuan Carrarako marmola baino zerbait gehiago ikusten duela artelan horretan. Moraviaren liburuaren titulua erabakitzeko orduan, niretzat generoak ez zuen inolako garrantzirik izan: “Erromatarra” ipintzea pentsatu ninan, hain zuzen genero ikuspegia kontuan hartzeagatik; baina oso izenburu geza eta gatzgabea iruditu zitzaidanan, ezer gutxi esaten zidana, literaturtasun gutxikoa, nahi badun, edo okerrago: peplum baten istorioa edo halako zerbaiten izenburua zirudinan. Aldiz, nire subjektibotasun linguistiko literarioari galde eginda, hara non iruditu zitzaidan “Erromako emakumea” besterik gabe politagoa zela, iradokitze-indar handiagokoa. Arrazoi estetikoa, beraz.
    Michelangeloren lanak Carrarako marmolez eginda egoten jarraitzen duela, hala ere? Noski! Baina ez dezagun hor harri puska bat besterik ikus, horretxen bila goazelako.
    Besarkada literario bat!

    Atsegin dut

  2. Eskerrik asko hire azalpenengatik, Koldo. Artikulua idazterakoan, argi nian kasu bakoitzak izango zituela bere arrazoiak, eta nire asmoa ez zuan izenburu horien egokitasuna edo egokitasun eza zalantzatan jartzea, ondo baitakit izenburu bat aukeratzerakoan soinua, luze-laburra, iradokitzeko gaitasuna eta beste elementu asko hartu behar direla kontuan. Nolanahi ere, gehiegizko txiripa iruditu zitzaidaan, eta iruditzen zaidak, bide inklusiboa erabiltzeko erabateko adostasuna marka maskulinoen kasuan, eta kontrakoa gertatzea femininoa denean.
    Nola begiratzen zaion? Jakina. Baina lagun txorizale batekin ikasi nuen moduan, begiratua ohitu egin behar duk aurrean dagoena ikusteko: ur bazter berera ari gintuan biok begira, eta hark “hara, murgil bat”, hara “ahate eztakit zelako bat”; non, baina? galdetzen nioan nik etengabe, belarrak eta adarrak besterik ikusten ez nuela… harik eta txoriak hegan ikusi arte. Nola begiratzen zaion, jakina.
    Beste besarkada literario bat hiretzat!

    Atsegin dut

  3. Nola begiratzen zaion, jakina. Hortxe gakoa, zertaz konturatzen -jabetzen, hiztegietako lehen bi adieretan- garen ikusteko eta ikasteko. Eta, begiraden zer-nolakoez zertxobait gehiago ikusteko, interesgarria litzateke jakitea genero marka femeninoaren alde egin zuten itzultzaileak gizonezkoak edo emakumezkoak ziren.

    Atsegin dut

    1. Orain ez dauzkat datuak eskura, baina badakit femininoa euskaraz batere markarik gabe eman zuena emakumezkoa zela; bestela, txarto gogoratzen ez badut, denetik zegoen.

      Atsegin dut

  4. Nire ustez, Bego, hein batean behintzat hor atzean dagoena zera da: maskulinoa neutrotzat hartzen dugula, eta femeninoa, berriz, markatutzat. Askotan gertatzen zaigu, eta ez gara ohartu ere egiten, gizonezko izan edo emakumezko izan. Orain dela gutxi, nik neuk ere «huts egite» horretan harrapatu dut neure burua: haur literaturako lan baten izenburua itzuli behar nuen, A heroine… hasten zena. Heroi bakarrik jartzea ez zitzaidan aski iruditzen, pentsatzen nuen gehienok mutiko heroi bat imajinatuko genuela; nire heroia, ordea, neska zen. Izenburua A hero… hasi izan balitz, bi aldiz pentsatu gabe heroi itzuli izango nuen, aparteko kezkarik gabe. Gero konturatu nintzen, batetik, heroi, euskaraz, bientzat dela (inklusiboa, zuk diozun bezala), eta, bestetik, ez zuela askorik inporta, ezen, nire liburuan, izenburuaren azpian, neskato bat ageri baitzen marraztuta.

    Atsegin dut

    1. Erabat ados, Itziar. Eta “ohartu ere egin gabe” hori da gehien kezkatzen nauena, guztiz eztabaidagarria den maskulinoa neutroa/femeninoa markatua bereizketa hori ez ikusteraino barneraturik dugula.

      Atsegin dut

Utzi iruzkina