Hika nork bere buruari / nork bere buruarekin

Xabier Olarra

1.- Barne-bakarrizketa hitanoan

Nire gogoeta honen hasieran Ibon Sarasolak euskal nobelagintza berriaren nondik norakoez arduratzen zenean esandako zerbait dago, alegia, euskaldunok geure buruarekin mintzatzea hitanoan egiten dugunez, hala egin beharko zuketela pertsonaiek ere. Ez dakit Txillardegi eta Saizarbitoriaren nobelagintza liburuxkan idatzi zuen hori edo beste nonbait. Sarean begiratu dut, eta ez dut aurkitzen aipamena (nire ustez oinohar bat zen), baina ez dut uste amets egin dudanik. Uste dut Sarasolak kritikatu egiten zuela Saizarbitoriaren lana, “lege” hori ez betetzeagatik. Baina auskalo, orain dela 50 bat urteko kontuez ari gara, eta ez dago buruaz gehiegi fidatzerik adin honetan. Dena dela, horrelako zerbait zen.

Koldo Mitxelenari, handik urte batzuetara, irakurri nion nork bere buruarekin –barne bakarrizketan– mintzatzean toka egiten genuela euskaldunok gizonezko nahiz emakume izan. Beste modu batera esanda toka zela termino markatu gabea eta noka markatua, eta emakumeari zuzenean mintzatzean bakarrik erabiltzen zela noka. Hori guztia (eta askoz gehiago) modu sistematikoan emana ikusi nahi duenak jo beza Ritxi Lizartzaren Hika egiten ikasteko gidara[1].

Nik ere hala dut gogoan, nire etxean emakumeek –amak eta izebak–, zerbait kontatzen ari zirela, beren baitako komentario bat egiten zutenean: «Nik, nere artean» hasten zena, toka egiten zutela. Esate baterako: «Nik nere artean: Ez diat ba hori egingo…», «Ez nauk ba joango»… eta abar, bien arteko jarduna noka izaten zenean beti. Hori bera egiaztatua dut beste zenbaiten gurasoen erabilerari buruz galdetu izan dudanean. Beraz, gure aurrekoen jokabidea (Gipuzkoa aldean behintzat) hori zen.

Orain dela urte batzuk F. Rey adiskideak haizatu zuen gaia blog honexetan eta izan zen eztabaida bat haren ondoren Iñaki Segurolaren –gutxi bezain aditua, besteak beste, gai honetan– eta Ana Moralesen eta beste zenbaiten artean. Gero itzuliko naiz berriro kontu honetara. Bitartean, nahi adina argibide aurkituko ditu nahi duenak eztabaida horri buruz hemen.

Hori guztia kontuan hartuta, hona zein kontu ditugun hemen argitzeko, edo azaltzeko behintzat.

2.- Hitanodunak eta eta hitanogabeak

Bistan da euskaradun guztiok ez garela hitanodunak.

Ez dago oso argia izan beharrik ohartzeko hitanogabeek zuka egingo diotela bere buruari beren barne-bakarrizketetan. Are gehiago, ez nuke esango hikadunok ere beti hika egiten diogunik. Gauza jakina da badirela eskualde osoak hitanoa aspaldi galdu zutenak. Gero itzuliko naiz kontu honetara. Argibide gehiago nahi duenak hor du Irati Urdalleta Letek joan den otsailean Berrian argitaratutako artikulua hitanoaren osasunaren egoerari buruz:

Izan daiteke ari naun edo ari naiz; izan daiteke esan dinat edo esan dizut. Zuka, noka edo toka. Euskarak berez badu lagunarteko hizkera bat: hitanoa. Alabaina, ez da nagusi: herririk euskaldunenak ditu arnasgune, baina arnasestuka ari da Euskal Herriaren parterik handienean.

Egoera hori –batetik atzerakada eta bestetik halamoduzko erabilera– kontuan izanda, badira hikaren sustatzaile sutsuak eta “berreskuratze” lanean dihardutenak. Lehen ere aipatu nuen Fernando Oiartzun Sagastibeltza, Leitza aldeko hika eta nokari eustearen alde egiten ari dena. Eta sail honetako lehen artikulua idatzi nuenean, izan ziren hainbat komentario, artikulu horretan esaten zirenak hizpide hartuta, Azkoitia aldean hitanoari eusteko egindako lanaren berri ematen zutenak.

Atzerakada atzo goizean hasia ez dela jasota dago, esate baterako, Txomin Agirrek (1864-1920) Kresalari egindako hitzaurrean:

«Beste gauza bat. Danok dakigu iru eratako izketea egiten deutsagula euskaldunok alkarri: i-gaz esaten dana lenengoa, zu-gaz esaten dana bigarrena ta irugarrena berori-gazkoa. Lenengoaren zalea naz, zarrena dalako, ta opa dot bere bizitza luzea; baña antziña il zan Arranondon da orregaitik ezta emen agertuko izketa zar ori»[2]. (azpimarra nirea).

Beraz, sinesgarritasun literarioa da argudio nagusia. Eta Txomin Agirrek esaten badigu Arranondon (Ondarroa) aspaldi hil zela hitanoa, pentsa dezakegu noizko kontuez ari garen, kontuan hartzen badugu 1920an hil zela abade ondarrutarra.

Esango nuke joera hori areagotu besterik ez dela egin XX. mendean zehar, baina horrekin batera hitanoari eusteko “ahalegina” egin dutenak ere ez dira gutxi izan, eta hor ditugu lekuko gisa Lizardi, Lauaxeta eta Orixe, besteak beste. XX. mende hasierako antzerkiari begirada bat ematea ere aski da horretaz konturatzeko.

Lehenago ikusi dugunez, “arnasestuka” baina bizirik da oraindik hitanoa. Eta ez dut dudarik egiten hori duela bere barne-bakarrizketa modu “naturala”, esate baterako, X. Euzkitze bezalako hikadun peto batek. Berriki, bi-bitarako pilota-txapelketan esatari ari zela, pilotari baten –ez naiz oroitzen nor, baina ez du axola– buruan sarturik honelako zerbait esan zuen:

“Aurrera egin duenean, pentsatua izango du: «… horrek (arerioak) eskuinera egingo dik, aurrekoan hara bota baitiot, eta jo dezadan atzera»”.

Esan bezala, seguru aski, automatismoek ezertan funtzionatzen badute, norbere baitako bakarrizketan funtzionatzen dute, eta norbaiten jarduna % handi batean zuka bada, haren barne-bakarrizketa ere zuka izatea ekarriko du horrek. Eta alderantziz. Baina hori neurtzen beti erraza ez den arren, hika/noka erabilera, oraindik behintzat, izan, bada. Ez dakit asko garen. Baina batzuk bai.

3.- Hitanoa barne-bakarrizketan toka ala noka

3.1. Nor bere buruari vs. Nor bere buruarekin

Lehenago aipatu dudan polemika horretan (Iñaki Segurola vs. Ana Morales et aliae) argi bereizten dira hasieratik bi jardun mota: emakumezkoa bere buruari zuzenean mintzo denekoa eta bere buruarekin (bere baitan, bere artean) diharduenekoa. Segurolak lehenbiziko kasuan emakumea aktantea dela dio eta bigarrenean ez.

Lehenbiziko kasu horretan (emakumea bere buruari zuzenean mintzo zaiola, ispilu aurrean ikusiko balu bezala bere burua, esate baterako), garbi dago emakumeak noka egiten diola bere buruari. “Ederra egin dun! Orain dena izugarri zailduko zain!”).

Eztabaida bestelako kasuetako erabileraren deskribapen eta azalpenean dago, alegia, nolakoa izan den eta den molde hori emakume hitanodunen artean, zein diren erabilera “harrigarri” horren sustraiak (emakumeak bere buruarekin toka) eta molde hori alda daitekeen ala ez.

3.2. Iñaki Segurolaren planteamendua

Oso polemika mamitsua izan zen, eta argudio sendoak erabili ziren bi aldeetatik, baina uste dut honela labur daitekeela Iñaki Segurolaren planteamendua:

a) Emakume hitanodunen barne-bakarrizketa toka izan da (eta da, bizi-bizirik baitago, bere inguruan behintzat).

b) Erabilera “harrigarri” horren arrazoiak bilatzea ez da funtsezkoa.

c) Erabilera horren arrazoiak “jakinaren azpikoak dira” (oharkabekoak esan nahi zuela uste dut), eta aldagaitzak beraz, gramatikaren arlokoak baitira, eta ez hiztegikoak.

3.3. Eta honela Ana Moralesen planteamendua (I. Diez de Ultzurrun, B. Arrizabalaga ere horra bil daitezkeela uste dut):

a) Bera ez da hitanoaren erabiltzailea (ez da bere praktikan oinarritzen) baina oso gogorra egiten zaio emakumeak bere buruari toka egiten diola onartzea.

b) Horren azpiko arrazoiak historikoak eta sozialak direla uste du (patriarkatuaren ondorio, labur esanda, berak zuzenean esaten ez badu ere). Blogeko komentarioetan gaia sakonxeago azaltzen da.

c) Anomalia hori alda daiteke, eta adibidetzat jartzen du berak bere jardunean egindako aldaketa xume bat (gaztelaniaz betiere: Uno piensa (inpertsonala) > Una piensa). Bestalde, Moralesek honelakorik esaten ez duen arren, dioenaren ondorio logikoa litzateke jardun hori noka izan daitekeela etorkizunean. (Barkatu gehiegi sinplifikatu edo ondorioetan urrunegi joan banaiz).

4.- Barne-bakarrizketaren moldeak literatur itzulpenean

Adibide batzuk baizik ez ditut hona bilduko, artikulu hau gehiegi ez luzatzearren.

Hitanogabeek, bistan da, ez dute hitanoa erabiltzen beren itzulpenetako bakarrizketetan (edo nola erabili jakin arren, zerbaitegatik ez diote egoki iritzi kasu jakin batean erabiltzeari). Eta, ondorioz, eredu neutroan ematen dituzte. Horrela itzuli du, esate baterako, José Ramón Vázquezek Melvilleren Benito Cereno. Eta Delano kapitainaren barne-bakarrizketa mordoxka dago bertan.

Puntu hauek binazkatuz gero, batak bestearen kontrakoa adierazten zutela zirudien nolabait. “Baina orduan, zer?”, pentsatu zuen Delano kapitainak, ontzira hurbiltzen ari zen bere txalupari begira “… orduan, zer? Tira, don Benito oso ontziburu apetatsua da. Baina bera ez da nik ikusi dudan mota horretako lehena; egia da, ordea, berak anitzez gainditzen dituela beste guztiak. Baina herri gisa” jarraitu zuen bere ameskizunetan galdua, “espainiar hauek xelebreak dira denak; espainiar hitzak berak badu soinu bitxi bat, halako konspiratzaile, Guy Fawkes-en kutsu zerbait. Eta hala ere, egingo nuke espainiarrak, erabat hartuta, Duxburyko edonor bezain jende jatorra direla. A, ederki! Hemen da Rover azkenean”. (Benito Cereno, H. Melville, 69. or.).

Juan Garzia Garmendiak, berriz, bi moldeak erabili zituen Melvilleren Bartlebyren itzulpen ospetsuan. Esan dut lehenago ere hitanodunok ez dugula beti erabiltzen hitanoa barne-bakarrizketan, eta honela ageri da Bartlebyren nagusiarenetan:

«Ez dut inolako kalterik egiten –egin nuen neure artean–; ez naiz ari inolako jakin-min bihozgaberi gustua ematen; bestetik, nirea da idazmahaia, eta orobat haren edukia; ez da ausarkeria, beraz, barrua mia dezadan[3]». (Bartleby, 51-2 or.).

Testu horretan bertan, aurrerago, pertsonaia berak honela dihardu bere baitan:

«Zer egin behar dut? –esan nuen orduan neure kolkorako, jaka azken botoiraino lotuz–. Zer egin behar dut? Zer dagokit egitea? Zer dio kontzientziak egin behar nukeela gizon, edo, hobeki esanda, fantasma honekin? Gainetik kendu, horra nik zer egin behar dudan; eta berak, berriz, alde egin. Nola ordea? Ezin botako duk, gizaseme gaixo, zurbil, oldargabe… ezin botako duk atetik kanpora halako izaki babesgabea. Ezin belztuko duk heure ohora halako krudelkeriarekin. Ez ez diat egingo, ezin nezakek egin halakorik. Lehenago utziko niokek hortxe bizi eta hiltzen, eta gero gorpuzkiak ere bertan horma-arteratu. Zer egingo duk, orduan?». (Ibidem, 75).

5.- Molly Bloomen barne-bakarrizketa

Literaturaren historiako barne-bakarrizketarik ospetsuenari ekin nionean, ez zen egun bateko lana izan Mollyk bere buruarekin nola jardun behar zuen erabakitzea, eta nolabaiteko azalpenak eman nituen Ulises liburuaren hitzaurrean nire erabakiaz:

Azkenik, beste bi hitz Molly Bloomen bakarrizketari buruz. Hor ere, bakarrizketa denez, alokutiboa erabili dut, baina, kasu horretan, Mollyk noka egiten dio bere buruari, nik hala erabakita. (Ulises, hitzaurrea, 9. or.).

Hitzaurrean azaltzen nuenez, egoera horretan toka jardun balu Molly Bloomek, senarrari ari zitzaiola emango zuen, eta barne-bakarrizketa lo zegoen senarrarekiko jarduna bihurtuko zen. Eta hori ez zitzaidan egokia iruditu. Kinka horretan, erabaki nuen Mollyri noka mintzaraztea zela hoberena. Usadioaren transgresio txiki bat, Segurolak, seguru asko, onartuko ez zidana. Baina honela argitaratu zen:

Bai izan ere honek ez zinan egin halakorik lehenago City Arms hoteleko garaietatik gosaria ohera ekarrarazi arrautza pare bat bestek zerbitzatzeko erregea balitz bezala gaixo-ahotsarekin dena itxura hutsa txoratua zeukala uste zuen Riordan atso haren aurrean interesantearena egiteko (…) neri bere ajeak kontatzean kontua eta xaborra franko politika eta lurrikarak eta munduaren azkena utzigun aurrena pixka batean dibertitzen emakumea (Ulises, 735. or., ia 50 orrialdeko monologoaren hasiera).

Egia esan, ortodoxiaren mugetan mantenduz noka egiteko soluzioa ere begien aurrean neukan, Fernando adiskideak bere artikuluan emana, baina orduan ez nintzen horretaz ohartu: transgresio txiki bat eginez, eta ia testua aldatu gabe, aski nuen Molly bere buruari ari zela markatzea lehenbiziko esalditik, honela gutxi gorabehera:

Bai Molly izan ere honek ez zinan egin halakorik lehenago City Arms hoteleko garaietatik gosaria ohera ekarrarazi arrautza pare bat bestek zerbitzatzeko erregea balitz bezala (Ulises, 735. or.).

Eta holaxe, hitz bakar batekin konponduko nuen «arazoa». Beraz, oraingo irakurleak aski du bakarrizketaren hasieran komarik gabeko bokatibo hori sartzea. Bazen beste irtenbide bat ere: hitanokeriak alde batera utzita dena zuka eta neutroan ematea, esate baterako. Hori irudituko zitzaion hoberena, noski, Irati Jimenezi, honelakoak esaten baititu Begiak zabalduko zaizkizue, bere saiakerako Kontuz hitanoarekin, azpiatalean:

“(…) Euskaldun gehienok –ia guztiok ez esatearren– zuka egiten dugulako. Logikoena zer litzateke, beraz? Ba kontrakoa egiteko motibo justifikaturik eta sinesgarririk ezean gure liburuetako pertsonaiek zuka hitz egitea, jendeak hitz egiten duen moduan, alegia”[4].

Bai, begiak ez ezik aho zabalik ere gelditu gara hori eta gisa horretako beste zenbait argudio irakurtzean. «Honek jo ziguk/n adarra!», aditzen diet Segurolari, Euskitzeri eta Molly Bloomi.

Aipatu saiakeran esaten direnei erantzuteko beste hiru artikulu beharko nituzke gutxienez, baina hori datorren urterako utzi beharko.


[1] Hika egiten ikasteko gida, R. Lizartza, Baigorri argitaletxea, Bilbo, 2009.

[2] «Kresala», Domingo Agirre, Arantzazuko frantziskotar argitaldaria, Oñati, 1967.

[3] Bartleby eskribatzailea, Herman Melville/Juan Garzia Garmendia, Erein, Donostia, 2016.

[4] Begiak zabalduko zaizkizue, Irati Jiménez, Elkar, Donostia, 2021 (82. or. eta hur.).

12 Replies to “Hika nork bere buruari / nork bere buruarekin”

  1. Eskerrik asko, Xabier, artikulu jakingarriagatik. Zalantza bat gelditu zaidak (hitanoa erabili beharko diat, ezta?): “Beraz, oraingo irakurleak aski du bakarrizketaren hasieran komarik gabeko bokatibo hori sartzea” idatzi duk. Zergatik behar luke/du komarik gabekoa? Bokatiboa diskurtsotik aparteko zerbait duk, eta koma artean ematen diagu, berdin diola bokatiboan ageri dena zein den, kanpoko bat edo norbera (“Ederra egin dun, neska, oraingoan!”, “neska” hori hizketan ari dena bera izanda ere). Alegia, zergatik ez honela (“Molly” koma artean jarrita?): “Bai, Molly, izan ere honek ez zinan egin halakorik”.

    Atsegin dut

    1. Molly Bloom, puntuazio markarik gabe ordu luzez bere buruarekin hizketan zekien emakumea.

      Erantzun erraza dik hire galderak, Alfontso. Zergatik bokatibo komarik gabea? Mollyren barne-bakarrizketa OSOA KOMARIK ETA GAINERAKO PUNTUAZIO-MARKARIK GABEKOA DELAKO (50 orrialde). Beraz, hika-noka zuzentasun eztabaidagarriaren alde jokatzeagatik, ezin episodio osoaren batasuna “desitxuratu”. Bistan da berez hala beharko lukeela, bokatibo guztiek hala behar dutela testu “normaletan”. Beraz, transgresio bikoitza egin beharko nian: batetik, testuan ez dagoen bokatibo hori sartu –Molly bere buruarekin ari beharrean BERE BURUARI ari dela adierazteko– eta gainera koma artean jarri. Balizko kontuez ari gaituk, Ulisesen bertsio zuzenduaren argitalpena ere ez bainuen baliatu horretarako. Eta honezkero kontu horrek ez dik konponbiderik, ez baita hirugarren bertsiorik izango, non eta ez dudan jartzen sarean bertsio zuzendua berzuzenketa xume hori sartuz emendatuta. Eta Mollyren monologo ospetsuaz eta hark izan dituen itzulpenez oroituz, gogoan diat nonbait irakurri dudala frantsesezko itzulpena prestatzen ari zirela (1929an edo argitaratua ), Auguste Morel itzultzaileak monologoaren testu osoa puntuazio eta guzti prestatu zuela!!!!. Uste diat Joyceren biraoen oihartzuna Nôtre Damen eta Paris osoan adituko dela oraindik, belarria adi jarriz gero. Baina azkenean jatorrizkoan bezala argitaratu zuan frantsesezko itzulpen hori (beste gainerako hizkuntzetan bezala). Gaurkoz aski, nik uste.

      Atsegin dut

      1. Nire azken pheredikia hitanoaz (aurtengoz).
        Ereduzko prosa gaur baliatuz hitanozaleen (edo hitanisten, I. Jimenezek deitzen digun bezala) zerrenda bat egiten ari nintzela, Elizen arteko Bibliatik hartutako perla batekin topo egin dut. Makinari galdetu diot ea datu-base horretan dauden liburuetatik zeinetan agertzen den “dinat” adizkia. Bertan 16 itzultzaile eta 32 idazle ageri dira. Ez dut zerrenda hemen jarriko, baina nahi duenak aski du galderatxo hori egitea. Hitanozaleen adibideetatik bada pasarte bat, zeharo harritu nauena (kus 16. atala hor behean). Luzetxoa da, baina istorio aski polita, non ikusten baita, besteak beste, Jainkoa ez zela (garai hartan, eta kasu batzuetan) bereziki itxia gizaki-emakumeon arteko harreman finkoei zegokienez. Barkatu, pasartea luzetxo egiten bazaizue.

        Agar eta Ismael
        8 Isaak handitzen ari zen. Bularra kendu zioten egunean, Abrahamek otordu bikaina antolatu zuen.
        9 Ohartu zen Sara, Agar egiptoarragandik Abrahamek izandako semea bere seme Isaakekin ari zela jostatzen.
        10 Eta honela esan zion Abrahami: «Bidal itzazu etxetik mirabea eta beronen semea. Honek ez baitu oinordeko izan behar nire seme Isaakekin batera!»
        11 Biziki atsekabetu zen Abraham, Ismael ere bere seme baitzuen. 12 Baina Jainkoak esan zion: «Ez zaitez atsekabe zeure mirabe eta mutikoagatik. Egiozu jaramon Sarak esaten dizun guztiari, Isaaken bidez izango baitituzu ondorengoak.
        13 Baina zeure mirabearen seme horren bidez ere herri handi bat sorraraziko dut, hori ere zeure seme duzulako».
        14 Abrahamek, goizean goiz jaiki, ogia eta zahato bat ur hartu eta Agarri ezarri zizkion bizkarrean. Hala, haurrarekin batera igorri egin zuen etxetik. Abiatu zen, bada, Agar, eta Beer-Xeb eremuan noragabe ibili zen. 15 Zahatoko ura ahitu zitzaionean, zuhaitz baten azpian utzi zuen haurra 16 eta, urrutiraturik, aurrez aurre eseri zitzaion ehunen bat metrora. Honela zioen berekiko: «Ez dinat neure semea hiltzen ikusi nahi». Ama eseria zegoelarik, negarrez hasi zen haurra ozenki.
        17 Aditu zuen Jainkoak mutikoaren ahotsa, eta Jainkoaren aingeruak dei egin zion zerutik Agarri, esanez: «Zer duzu, Agar? Ez izan beldur, aditu baitu Jainkoak hor duzun mutikoaren ahotsa. 18 Ea, hartzazu berriro mutikoa eta ez utzi eskutik, herri handi baten aita bihurtuko baitut».
        19 Orduan, Jainkoak ur-putzu bat ikusarazi zion Agarri. Honek zahatoa urez bete eta edaten eman zion mutikoari.
        20-21 Jainkoa lagun izan zuen mutikoak; hau handituz joan zen eta Parango eremuan bizi izan zen. Arkulari trebe bihurtu zen. Amak emakume egiptoar bat eman zion emaztetzat.
        (Biblia, Askoren artean, Has 21, 8-21)

        Molly Bloomek bazuen aitzindari bat: Abrahamen emazte ez-ofiziala, Agar mirabea. Edo Bibliaren itzultzaile jakinen bat, ez dakigu sotanaduna ala prakaduna. Mordoa izan zen, Dionisio Amundarainez aparte. Baina Agar mirabearen baitan hain barneraino sartu zen itzultzaileak garatu samarra izango zuen alde femeninoa, antza (ez dut uste itzultzaile horien artean emakume askorik zegoenik, ez bat bakarra ba ote zen ere). Habituak ez omen du egiten monja, baina zerbaiten eragina badu, dirudienez.
        « Ulertzeko gauza denak uler beza ». Lukas, 8, 8

        Atsegin dut

  2. Eskerrik asko, Xabier. Afera horren aurrean nola joka dezakegun adibideen bidez erakusteagatik. Idazleak Izena erabiltzen badu, garbi dago kontua. Dena dela, ni neurez ez naiz idazlea, eta ez dezaket deus handirik adierazi, argi gutxi sor dezaket literatura sormen-itzulpen kontuetan. Barkatu, beraz, ausardia.
    Bidenabar, artikuluan egiten den bereizketari dagokionez, hau da, bere buruari zuzenean eta bere buruarekin (bere baitan, bere artean), niri zaila egiten zait hori ulertzea: urteak daramatzat Leitzan emakumeekin hitanoa lantzen, eta inoiz ez dut bereizketa horrenik sumatu hiztunengan egoera erreal batean. Beti eta beti toka jaso diet emakumezko hiztun naturalei (elebakarrak izanak haurtzaro-gaztarotan). Haiek aldiero eta sistematikoki horrela darabilte erregistroa. Konparazio baterako; «nire baitan nik; nik e in behar dit ba!!«, Nik neure buaruri esan nion; «Gu sagastibeltzatarrak gattok! bizkorrak gattok!» Hala, adibide horietan hiztuna ez al da ari bere buruari zuzenean esaten berak ere egin dezakeela besteek egin badute? eta bizkorra dela eta harro egoteko? Beharbada oker egonen naiz baina harrigarria egiten zait bereizketa hori hiztun horiengan inoiz ez aditua. Eta nire irudiz gehiago da gaur egungo asmakizuna euskararen izaeraren baitako ezaugarria baino. Honetaraz gero, jakin nahiko nuke oraindaino beste herrietan-eta horrelako bereizketa adibiderik ba ote den bildurik era naturalean.

    Atsegin dut

    1. Eta nik hipotesitzat jarritako kasua, norbera ispiluaren aurrean bere buruari zuzenean mintzatzea, hona hemen egiaztatua Lauaxetaren antzerki batean. Hor zuzenean HIKA dihartu pertsonaia nagusietako batek, baina neutroan BERE ISPILUKO IRUDIARI MINTZATZEAN. Baina baliagarria dela uste dut, adibide gisa:

      Asarre aldija
      Lauaxetaren antzerkitik hartutako zati bat
      (…)
      IKER: (Basu bete uregaz) Anderea ez dago ondo eta ikeraldirik ezyako atsegin.
      IBON: Zeer? Astokillo ori! Ardura andirik ez daust orregaitik. Azkenengo ordaiña artu arte enaz emendik joango. Ementxe egongo naz, egunetan, illetan, urteetan bearbada. Adarra joterik niri ez. Niri yanzki baltzakaz, sispuruakaz eta malkoakaz? Ezta… Ezta.
      (Leiorantza elduta sarataka) Anton, zaldiak askatu egizak. Luzaro egon bear yoaguk emen eta. Oiua emon egiek len bai len, eta ez gitxikan. (Areto erdian paraten da) Ondo enago. Gau guztian lorik egin barik nago ta andratxu onek odoldu nau. Ardo kopatxo batek osatuko al nau… (Otska) Mutil!
      IKER: Zer aginduten dau jaunak?
      IBON: Ardao kopatxo bat ekark. (Iker doa) Ene bada, nekaturik nago! (Ispillura) Eta lerdena naz gero! Autsez beterik, oskiak basaz loituta, aurpegia ostera, garbi baño loiago dodala, galtauz beterik buruko uleak dodazala, ederto etorri naz. Alargun orreri lapurra nazala irudituko yakon. Areto baten olan agertzea, ez da asikera ona izango, baña tira… Ezkongai eran enaz etorri, zorrak kobratzera baño. Neugaitik edozer nazala uste badau bere, eztaust ardura andirik. Or konpon Mari Anton.
      IKER: (Eltzen da) Olakorik artzeko ez daukola eskubiderik esan gura dautsat, iñoren etxean dagolako…
      IBON: Zer? Zer?
      IKER: Ezerez… esan gura izan dot…
      IBON: Astotxar orrek berba egiteko adorea daukok? Agoa zabalduten badok neuk… (Ikerrek arin urteten dau) Agure zar lotsabakoa. Granujea! Bestelako astoa da orixe! Neuri berba egiten bildur barik paraten ezta ba? Gorrotoak itoten nau. Aurrean jarten danari burua birrinduko dautsot! (Edaten dau eta ots dagi) Mutil, beste kopatxo bat.

      Atsegin dut

  3. Artikuluan aipatzen diren bi barne-bakarrizketa modu horiei buruz (hika eta alokutiboa deitzen die, hurrenez hurren, Fernando Sagastibeltzak) hau idatzi nuen:
    Lehenbiziko kasu horretan (emakumea bere buruari zuzenean mintzo zaiola, ispilu aurrean ikusiko balu bezala bere burua, esate baterako), garbi dago emakumeak noka egiten diola bere buruari. “Ederra egin dun! Orain dena izugarri zailduko zain!”).
    Fernando Sagastibeltzari ez zaio iruditzen modu naturala, alegia, emakumeak ez diola bere buruari horrela egiten –bere buruarekin zuzenean, aktante gisa–, barne-bakarrizketa benetakoak beste modu batekoak direla (berak bere libururako bildutako testigantzetan ageri denez). Gehiegixko esatea iruditzen zait. Nire ustez, bata zein bestea dira naturalak, nahiz eta ikertzaileak bildu dituen adibideak era batekoak bakarrik izan.
    Goiko adibidean aipatutako bi esaldi horiek bi modu hauetara eman litezke, eta hiztunak hautatzen du nola eman, baina berez biak dira naturalak:
    1.- Ederra egin dun, neska! Orain dena izugarri zailduko zain! (hika, emakumea ispilu aurrean bere buruari zuzenean ari zaiola)
    2.- Ederra egin diat! Orain dena izugarri zailduko zaidak! (alokutiboan, bere artean, bere baitan, inori espresuki ari ez zaiola)
    Bi modu horiek gauza bera esaten dute, baina bi modu desberdin dira, bakoitza bere lege gramatikalekin.
    Horrez gain, agian XXI. mende bukaerako emakumeek edo XXII.ekoek (ez dut esperantza handirik, baina gerta liteke) Molly Bloomen ereduari atxikirik beste hau erabiliko dute:
    3.- Ederra egin dinat! Orain dena izugarri zailduko zaidan! (bere baitako jarduna  bere buruari zuzenduz)
    Nork bere buruari zuzenean hitz egitea ez zait egiten Sagastibeltzari bezain arrotza. Esate baterako nire aldamenean maiz izaten dudan batek esaten ditu honelakoak: Baina, baina zer habil, motel! Horrela ez daukak segitzerik! (bere buruari ari dela, are bere izena esanez): Burutik egina hago, Mikel!).
    Ez, ez dira asmaketa teorikoak. Jardunak modu askotakoak dira. Eta hori ere hikaren erabilera naturala da. Segurola adituak garbi zeukan. Eta nik ere bai. Teorian amama batek bere bilobari berorika ere egin diezaioke, Irati Jimenezek nire artikuluan aipatutako liburuan kontatzen duenez. Eta praktikan hala egiten omen zioten berari (txantxetan), “printzesarena” egiten hasten zenean.
    Molly Bloomen monologoan nik egin nuena, bai, asmaketa izan zen (edo ausarkeria, nahiago baduzu) baina, esan bezala, aski nuen bokatibo bat hor sartzea arazo hori konpontzeko. Jende klase asko gaude munduan –are gure mundu txikian–, baina Iturriaga bertsolari bizkaitarrak bere lehenbiziko nobelan esaten zuen gizonezkook goizean egiten omen dugun lehenbiziko gauza dela gure hankartekoari diosala egin eta harekin elkarrizketan hastea. Ez dakit hika, zuka ala berorika egiten dion berak. Hori norberaren hautua izango da, noski.

    Atsegin dut

    1. Oso-oso interesgarria eta ongi garatua hau ere, Olarra, hireak ohi bezala. Bereziki eragiten didan gaia duk. Urte batzuk bazeramatzaat nobela bat ontzen (honezkero ona behar likek!), eta niretzat pentsaezina lukek pertsonaia adinkideen arteko (ez soilik baina) elkarrizketak hika ez izatea.

      Emakumeen bi bakarrizketa-moduen bereizketari egoki zeritzoat, izan bai baitira, baina, egiari zor, Fernandoren ukazioak ematen zidak zer pentsa neuri ere.

      Azkenik, uste diat naturalena litzatekeela gizartea aldatzen ari den heinean aldatzea emakumeek beren buruari toka egiteko ohitura ere. Hik dioan moduan, XXII. mendeko euskaldunak nekez irudika zitzakeat hika, baina joerak alda litezkek baldinba!

      Atsegin dut

      1. Nere itxaropen bakarra IAn zegok. XXII. mendean, nik uste, gizakume eta emakume guztiek (eta are ez-binario, trans eta gainerakoek) izango ditek Google-translator moduko bat (belarri barnean txertatua edo sakelakotik seinalea hara bidaltzen duena), edozein hizkuntzatatik sartzen dena norberak nahi duenera itzuliko diona.
        Hori lehenbiziko fase batean. Bigarrenean, IAk bilatuko dik zein behar duen erantzuna eta hiztunari –ahots metalikoz edo bere ahots propioaz– esanaraziko ziok. Huskeria bat izango duk holako baliabide ahaltsuarentzat ZUKA esana HIKA txukun-txukunean edo tokian tokikoan (are aspaldi ahaztua dutenen ondarrutarrenean).
        Hortik etorri beharko dik hitanoaren salbazioak (eta are euskararenak). Baina horretarako ere, oraingoz, IA elikatu beharra zegok, eta hor sartu beharko litizketek gu guztion itzulpenak, hire balizko nobela eta beste ezein elikagai. Beraz, guk gure garaiko eginkizunak beharko ditiagu bete, eta gero gerokoak.
        Ongi izan.

        Atsegin dut

  4. “Ederra ein don oiñ be, Kontxita!”, naturala ez bada, neure amaz beste egin beharko nuke oraintxe.

    Atsegin dut

  5. Xabier, Arranondo dela eta, hangoxea dut ama.
    Esate baterako, gure aitita Carmelo XX. mende hasieran jaioa zen, eta ez nion sekula hitanozko formarik entzun (ezta beste inori ere Ondarroan). Amari inoiz galdetuta, beti esan izan dit sekula ez duela hitanorik entzun herrian (forma iharturen bat izan ezik: «izorrai!»).
    Beste alde batetik, gogoan dut txikitako eszena bat baduena zerikusirik horrekin: aitita sofan jarrita, telebista ikusten; ni, haren ondoan. Izeko sartzen da, Carmeloren erraina, eta galdetzen dio, «zer nahi dau berorrek afaltzeko?», normal-normal. Uste dut lehenengo aldia izan zela ni berorrek horretaz ohartu nintzena. Gero, gehiagotan ere entzun nuen etxe hartan. Esango nuke gaur egun guztiz galduta dagoela. Oraingo ondarrutarrek esango dizute nik baino hobeto.

    Atsegin dut

    1. Bai, hala da. Ez dut ezagutu ondarrutarrik hika egiten duenik. Ez orain dela 50 urte Arantzazun, ez orain Iruñean, non badugun ondarrutar ospetsu bat aspaldidanik bertan bizi dena.
      Berorika egitearena ere galdutzat eman daitekeela uste dut, nahiz eta nik ere ezagutu dudan baten bat apaizari berorika egiten ziona.
      Dena dela, oraindik badira literaturan (eta bereziki itzulpenean) sistema hori baliatzen dutenak. Ikus Hamlet, Altxor Uhartea, eta Boligorriak berriki Argian zioenez Dragoi-bola marrazki bizidunak. Hizkuntzak aldatuz doaz (edo desagertuz). Bai gurea ere.

      Atsegin dut

  6. Zorionak artikuluagatik, Xabier.

    1.- Arranondo/Ondarroa aipatzen duk, eta hangoa orokortu, nolabait: «Atzerakada atzo goizean hasia ez dela jasota dago, esate baterako, Txomin Agirrek (1864-1920) Kresalari egindako hitzaurrean:»

    Kontrakoa uste diat. Salbuespenak salbuespen, atzerakada atzo goizekoa dela, alegia. Eskualdez eskualdez egiten ari diren ikerketatxoetan, lagun, senide, lankideei galdezka, ondorio nagusia duk «guk ez, baina osaba-izebek, aitona-amonek… haiek bai egiten zuten». Nire intuizioa duk belaunaldi batean eten handia egon dela.

    2.- Arranondotarrek ere ikas dezakete hitanoa, eta eurena bihurtu, sentitu. Jakina, horrek beste baldintza soziologiko batzuk, beste gizarte-eredu bat, beste komunikabide-politika bat eta abar eskatzen ditu.

    3.- Hitanoari sarritan egozten zaizkion eragozpenak euskarari berari aplikatu ohi zaizkion aurreiritziak dira. Hau da, sinesgarritasuna, ohitura-falta… Xabier Lasa idazle nafarrari (Ura ez baita beti gardena) galdetu zioten lehengoan: «Nobela bat Erriberan, eta guardia zibilak euskaraz jarri dituzu?!» «Jakina, nobela “errealista” idatzi banu, denak erdaraz jarriko nituen.»

    4.- Utzidazue literaturatik aldetzen… Hitanoaren plaza, jokaleku nagusia, ahozkoa da, gaur egun. Eta iskin egiten diogu horri. Hiru erregeen mahaia deitzen da irrati-saioa; mikrofonoaren bueltan 3-4 kazetari, hitz eta pitz, oso tonu informalean, elkarri zirika maiz. Zergatik ez diote elkarri hitanoan egiten? Ez dutelako erregistroa menderatzen? Hanka sartuko duten beldurragatik? Saiatu ezean, ez dugu aurrera egingo. Ohitu beharko genuke elkarrizketa asimetrikoak izaten (bata hitanoan, bestea ez).

    Kazetariekin gauza bitxi bat gertatzen da. Nahiz eta haien artean hitanoa ez erabili, hirugarren baten esana, pentsakizuna… (askotan erdarazkoa) hitanoz kontatzen dute.

    5.- Aurrekoarekin loturik, ez dago oso urrutira joan beharrik eredu interesgarriak aurkitzeko. Xiberoko Botzan, oker ez banago, elkarrizketetan hitanoa baliatzen dute usaian.

    Atsegin dut

Utzi iruzkina