Auzolanaz

Amaia Lasheras Perez

Azken boladan, artista pare bati aditu diet maiz jotzen dutela haiengana herri-ekitaldiren batean parte har dezaten, baina musu-truk. Horietako batek zioen karpa eta aulkiak eramaten dituen enpresari ordaindu eginen ziotela, baina berarentzat ez zegoela dirurik. Ziur naiz zuei guziei noizbait eskatu dizuetela testutxoren (edo testu luzeeeeeren) bat musu-truk itzuli edo zuzen dezazuen horrelako ekitaldi baterako. Ni, behintzat, zuzentzaile-itzultzaile “ofiziala” naiz herriko elkarte batean baino gehiagotan. Eta aitortu behar dut gustura aritzen naizela, eta, are gehiago, pozten naizela elkarte horietan euskarazko testuen kalitatea aintzat hartzen dutelako.

Ez dut bertze herrialdeetako egoera ezagutzen eta ez dakit auzolanaren kontzeptua existitzen ote den Euskal Herritik kanpora (pentsatzen dut baietz), baina, gure inguruan, arlo askotan, sendo dago. Herri honetan, boluntarioei esker, ehunka elkarte aritzen dira lanean egunero denon bizitza hobetzeko: erretiratuen elkarteak, kulturaren eta kirolaren arlokoak, hezkuntzarekin lotutakoak, gurasoenak, emakumeenak, euskararen aldekoak… Horrelako erakunde batean aritzeko aukera izan dutenek ongi baino hobeki dakite zenbateko lana egin behar den horiek aitzinera ateratzeko, zenbat mesede eskatu behar diren, zenbat ordu eta buruko min…

Hala ere, balantzan jarriz gero, nik uste dut gehienei horrelako elkarteek eman dieten satisfakzioak gainditu egin duela egindako ahalegina. Badirudi besteei laguntza emateak zoriontsuago egiten gaituela, eta adituek, besteak beste, honako arrazoi hauek aipatzen dituzte hori azaltzeko: balio izatearen sentsazioa eta autoestimua handitzea, esker ona jasotzea, hazkunde pertsonala sustatzea eta elkarri laguntzea gizakiaren eboluziorako nahitaezko gertatu izana. Bai, horrela uler daitezke hainbat lagunek guregatik egiten dituzten sakrifizioak.

Orain dela urte batzuk, herritar batek herri-erakunde bateko lehendakaria izateko proposamena jaso zuen. Jakin bazekien ez zela lehen hautagaia izan, eta beste zenbaitek ezetz erran eta gero jo zutela berarengana. Hasieran, berak ere ez zuen “gonbidapena” onartu. Baina, etxera joan eta luze pentsatu eta gero, ondorio batera ailegatu zen: “Norbaitek hartu beharko du ardura, ezta? Denok ezetz erraten badugu, gure proiektuak ezin izanen du aitzinera egin”. Bertigo handiak jota, baiezkoa eman zuen azkenean.

Handik egun batzuetara, kontu bitxia gertatu zitzaion. Kalean, elkarteko kide bat hurbildu zitzaion eta zorionak eman zizkion karguarengatik. Harrituta begiratu eta honela erantzun zion: “Zorionak? Eskerrik asko erran nahiko duzu, ezta?”. Argi dago elkartekide hark asmo onenarekin zoriondu zuela, baina, segur aski, ez zen ohartu kargu horrek nolako ardura, lana, kritikak, buruko minak, etsipena eta abar ekarriko zituen berekin.

Beraz, lerro hauen bidez, eskerrik beroenak eman nahi dizkiet orain arte EIZIE zuzentzeko ardura beren gain hartu duten Zuzendaritza Batzorde guzietako kideei, eta, une honetan, bereziki, gure elkartearen gidaritza hartu berri duen taldeari. Biba zuek eta gora auzolana!

Eta zorionak guri, jakina, inguruan zu bezalako jendea izateagatik! Izan ere, zuek zuen denbora librean denon interesen alde lan egiten duzuen bitartean, gainerakook tarteka herri-ekitaldietarako testuren bat zuzendu besterik ez dugu eginen.

P.D.: Zorionak EIZIEko Zuzendaritza Batzordeko kide berriei, alegia, “zori (zorte) on”!

Utzi iruzkina