Ilobak eman zidan ideia. Edo, hobeto, haren euskara-irakasleak. Sukaldeko mahaian eserita aurkitu nuen behin iloba, etxeko lanak egiten. Poema ezagun bat hartu, eta, haren moldea baliatuz, beste bat sortu behar zuten. Oso interesgarria iruditu zitzaidan prozedura, hizkuntzarekin jolasteko bide emankorra, idazketa-lantegietan erabiltzeko aproposa.
Rodariren Fantasiaren gramatikan hizkuntzarekin jolasteko hainbat prozedura biltzen dira. Adibidez, alegiak kalkatzearena. Alegietatik urrun egon arren, Rodarik Joyceren Ulises jartzen du adibide, nola baliatzen duen Homeroren Odisea bere obra eraikitzeko koordinatu fantastikoen sistema konplexu gisa.
Laburragoan, egunotan irakurtzen ari naizen Gracias por la compañía ipuin-bilduman Lorrie Moore estatubatuar idazleak ezusteko atsegina eman dit, erreferentziakotzat daukadan –eta inoiz blog honetan aipatu izan dudan– Nabokov-en Signs and symbols ipuinarekin jolas egiten duen istorio batekin egin baitut topo ezustean: Referencial.
Beste adibide ezagun bat Joe Brainard-en I remember da, 1970ekoa. Molde horri jarraituz, Georges Pérec-ek Je me souviens ondu zuen 1978an. Gurean, Joseba Sarrionandiak Akordatzen sortu zuen 2004an, bide beretik. 2013an, Elearazi blogean, Danele Sarriugartek Akordatzen naiz (I) eta Garazi Arrulak Akordatzen naiz (II) sarrerak idatzi zituzten. Eta duela gutxi, 2022an, Aritz Galarragak Gogoan dut argitaratu du.
Atzera etxeko sukaldearen eskalara itzulita, Jacques Prévert-en poema bat hartu dut nik abiapuntu: “Pour faire le portrait d’un oiseau”, Paroles liburukoa. Susaren webgunean badaude Préverten zenbait poema, Mayak, Joseba Sarrionandiak, Julen Lekuonak edo Koldo Izagirrek euskaratuak, baina hura ez dut aurkitu, eta, behingoagatik, itzulpengintzan sakratua den jatorrizkoarekiko leialtasun-mandamentua bazter utzi eta aske aritzeko agindua eman diot neure buruari. Jolas honetan, jatorrizkoaren formari lotu natzaio, eta zenbait efektu gordetzen saiatu naiz, egokitzapena –edo ordezkapena– baliatuta; alegia, itzulpenetik guztiz urrundu gabe, nolabait.
Rodariren Gramatikan badago beste prozedura interesgarri bat: Zer gertatuko litzateke baldin eta…? Hortik ere joan liteke kontua. Izan ere, auskalo; Prévertek Artze irakurri izan balu, edo Laboa entzun, edo Istanbuleko txori-gizonak ezagutu, agian holako zerbait idatzi izango zukeen…
Maitearen erretratua egiteko margotu lehenik ohe bat goiko izara alde batean tolestuta gonbidapen isilean margotu gero zerbait polita zerbait soila zerbait ederra zerbait erakargarria maitearentzat jarri hurrena oihala leku egokian taberna batean bulego batean edo zinemarako ilaran ezkuta zaitez atzean isilik ezer esan gabe zirkinik egin gabe batzuetan maitea azkar azaltzen da baina litekeena da urteak igarotzea azaltzera deliberatu aurretik ez etsi itxaron itxaron, behar bada, urte luzez maitea arin edo astiro iristeak ez baitu loturarik margoaren azken emaitzarekin
maitea azaltzen denean azaltzen bada gorde isiltasun erabatekoa itxaron ohean sartu arte eta barruan denean margotu artez izterrak oheari lotzen dizkion kate bat eta gero ezabatu banan-banan katebegi guztiak kontu eginez maitearen larruazala ez ukitzeaz margotu ondoren dekoratua burdina forjatuzko oheburu eta guzti zure maitearentzat margotu baita ere zetazko izara berrien usain aratza larruazal estreinakoz laztanduaren ikara errai asetuek botatzen duten hasperena itxaron gero ea maiteak lo hartzen duen maiteak ez badu lo lasai hartzen seinale txarra da margoa txarra den seinale baina lo hartzen badu seinale ona da sina dezakezun seinale orduan, poliki, egiozu maiteari zauri on bat eta haren odol gorriaz idatz ezazu zure izena margoaren bazter batean.
Aste honetan bete dira 9 urte Pedro Lemebel idazle eta aktibista maritxu txiletarra hil zela. Doala hemendik gure omenaldia haren manifestuaren itzulpen saiakerarekin. Nire berezitasunetik mintzo naiz poema (edo) 1986koa da, eta, Pinocheten diktadurapean, ezkerreko zenbait agintarik egin zuten bilera klandestino batean performatu zuen.
Ez naiz Pasolini kontu eske Ez naiz Ginsberg Kubatik kanporatua Ez naiz poetaz mozorrotutako marituxa Ez dut mozorroen beharrik Hauxe da nire aurpegia Nire berezitasunetik mintzo naiz Naizen hau defendatzen dut Eta ez naiz hain berezia Justiziak niri bost Eta dantza demokratiko honi susmoa hartu diot Baina ez etorri niri proletarioen kontuekin Pobrea eta maritxua izatea okerragoa delako Garratza izan beharra dago jasan ahal izateko Izkinako matxitoak pikutara bidaltzea da Semeari hanka okertu egiten zaiolako gorroto zaituen aita bat da Gaixo zaudenean garbitasunak zaharkitutako amaren esku lehorrak altzoan Ohitura txarrak direla eta Zoritxarra dela eta Diktaduraren moduan Diktadura baino okerrago diktadura amaitu egiten baita eta demokrazia datorrelako eta atzetik dator sozialismoa Eta orduan? Zer egingo duzue gurekin lagun? Txirikordak fardoetan lotuko al dizkiguzue Kubako ihesdun etxe batera bidean? Inora ere ez doan tren batean sartuko gaituzue Ibañez generalaren ontzian bezala igerian ikasi genuen horretan bezala baina bakar bat ere ez ginen kostara iritsi eta horregatik itzali zituen Valparaisok bere argi gorriak Horregatik carambako etxeek eskaini zieten malko beltz bat karramarroek jandako ogi pusketei Giza Eskubideen Batzordeak urte hura ez du gogoan horrexegatik lagun honako galdera hau Existitzen al da oraindik propaganda erreakzionarioaren Siberiako trena? Nire ahotsa goxoegi bihurtzen denean Zuen begi ninietatik pasatzen den tren hura Eta zuk? Zer egingo duzu haurrak gineneko oroitzapen horrekin Cartagenako oporraldian elkarrekin masturbatzen eta jolasten ginenean? Zuri beltzean izango al da etorkizuna? Gaueko eta lan egunetako denbora anbiguotasunik gabe? Ez al da maritxuren bat egongo izkinaren batean gizon berriaren etorkizuna kolokan jartzen? Utziko al diguzue hegaztiak brodatzen herri libre honen banderan? Fusila zuri utziko dizut odol hotzekoa zarenez Eta ez da beldurra beldurrik ez dut jada labanak zorroztu baititut ibili naizen sexu sotoetan Eta ez ezazu sentitu eraso egiten ari natzaizunik gauza hauetaz mintzo banaiz eta hankartea begiratzen badizut ez naiz hipokrita Ez al dizute emakumeen bularrek begirada jaitsarazten? Ez al duzu uste mendian bakarrik zerbait okurrituko zitzaigula? Nahiz eta gero nire burua gorroto dudan zure moral iraultzailea usteltzeagatik Bizitza homosexualizatuko ote den beldur zara? Ez naiz ari sartzeaz eta ateratzeaz eta ateratzeaz eta sartzeaz bakarrik Goxotasunaz ari naiz lagun Zuk ez dakizu zenbat kostatzen den maitasuna topatzea baldintza hauetan Zuk ez dakizu legenar honen zama eramatea zer den Jendea ez da hurbiltzen Jendeak ulertu egiten du eta dio: Maritxua da baina ongi idazten du Maritxua da baina lagun ona da Super-ongi-dago-dena Ni ez naiz dena ongi dago horietakoa Mundua onartzen dut Dena halako ongi egoteko eskatu gabe Baina berdin egiten dute irri Irrien orbanak ditut bizkarrean Ipurdietan pentsatzen dudala uste duzu eta CNIren lehenengo torturekin dena askatuko nuela Ez dakizu gizontasuna ez nuela sekula kuarteletan ikasi Nire gizontasuna gauak erakutsi zidan zutoin baten atzean Harrotzen zaituen gizontasun hori erregimentuan sartu zizun militar hiltzaile batek boterean diren horietako batek Nire gizontasuna ez nuen alderdian jaso irriz ukatu baitzidaten askotan Nire gizontasuna urte gogor haietan parte hartzen ikasi nuen eta nire marikoi ahotsaz barre egin zuten oihu egiten nuenean: Eta eroriko da, eta eroriko da Eta gizon batek bezala oihu egiten baduzu ere ez duzu joaterik lortu Nire gizontasuna mozala izan zen Ez zen izan estadiora joan eta Colo Cologatik ukabilka aritzea Futbola ezkutuko beste homosexualitatea da boxeoaren, politikaren eta ardoaren moduan Nire gizontasuna izan zen burlak irenstea amorrua jatea mundu guztia ez hiltzeko Nire gizontasuna da desberdina naizela onartzea Koldarra izatea askoz gogorragoa da Nik ez dut beste masaila jartzen Ipurdia jartzen dut lagun Eta hori da nire mendekua Nire gizontasunak lasai espero du matxoak zahar bihurtuko diren eguna honezkero alderdian ezkerrak txirikordatzen duelako bere ipurdi zimela parlamentuan Nire gizontasuna zaila izan zen horrexegatik ez naiz tren honetan igoko jakin gabe nora doan Ni ez naiz marxismoagatik aldatuko hainbestetan ukatu ninduen horrengatik Ez dut aldatzeko beharrik Zu baino iraultzaileagoa naiz Ez naiz aldatuko soilik pobreak ta aberatsak direla eta Ez nintzen atzo jaio kapitalismoa bidezkoa ez delako ere ez New Yorken maritxuek elkar musukatzen dute kalean Baina parte hori zuretzat utziko dut hain interesekoa baitzaizu iraultza guztiz usteldu ez dadin Mezu hau zuretzat Ez da nigatik Ni zaharra naiz eta zure utopia, etorkizuneko belaunaldientzat Asko dira hego bat hautsirik jaioko diren umeak Eta nik hegan egin dezaten nahi dut lagun zure iraultzak eman diezaien zeru gorri zati bat hegan egin dezaten
Hemen bertan idatzi nuen artikuluaren harira, Susa argitaletxeko Josu Landak Lur bat zure minari liburuaren ale bat bidali zidan etxera eta alaitu zidan arratsaldea. Liburua berriz irakurtzen ari nintzen bitartean Altsasuko supermekatu handi baten parkinera joan zitzaizkidan burua eta bihotza. Bertan zeuden, nire zain, Joakin Balentzia eta Joxemigel Bidador. Elkarrekin joan ginen Loiuko aireportura, biderik luzeenetik. Joxemigelek maite zituen biderik luzeenak, eta harrezkero handik joaten naiz ni ere hegaldi bat hartu behar dudan bakoitzean. Galizian egon ginen egun batzuetan euskal idazle talde bat, paisaiari buruzko Galeusca batean. Loiutik Mondoñedora joan zitzaikidan bihotza eta burua. Bertan eman zuen Xabier Gantzarainek hitzaldi bat: Maitetasunaren koordenadak. Hitzaldi zoragarri hartan, bestek beste, Lur bat zure minari liburua aipatu zuen. Izan ere, bere etxean hainbestetan entzundako maitetasun hitza aipatzen zen liburu hartan. Bakardade linguistikoaz aritu zen, hiltzera kondenatuta dauden hitzez, eta liburu hartako poemetako bat irakurri zigun:
Koordenadak
Almitza hazten den lekuetan bizi gintezke Inoren saihetseko burdinen artean sartu eta itotakoei arnasa nola hozten zaien ikasi Ibaiko sunda dute begiok eskuok urriko zeru bat bezala aldatzen gara Berariaz dagoz aireportuak gugandik hain urrin laino itsuaz haruntzago Ibaiko sunda du saminak ere, ibaitu egiten da oroimena zauriak ibaitu Eta bakeak urpetu gabeko lurrotan elkar maitatzera egiten dugu Alboan zaitudan egiaztatu koordenadak berritu Eta atzokoan loak non lotu gintuen idazten dut Idazten dizut jakitearren arrotz ez garen lekuan atzerritar garen Urondoan pausatu garen orea lotan bezala ala abantean igaro gehiengoz bozkatu galernen peko Erbeste ederra dateke zure bihotza urre gorrizko kaserna Baina lurmendatu ezinezko talaiak ditu gure maitetasunak Baimendu gabeko eremuak ahora ekartzeko gaitzak diren izenak Haitzen gandorrak bezalakoak jitoak daramanarentzat Orduan libre ez garela aitortzen diogu elkarri Zerbait hiltzen zaigula barruan eta bizi ez gintezkeen herriak habitatzen ditugu
Jose Luis Otamendi: Lur bat zure minari (Susa, 1995)
Azaldu ezin dudan bulkada baten ondorioz erabili izan dut maitetasun hitza nire liburuetan; erabili ditut polderra zein almitza —edo albitza—, denak ere Lur bat zure minari liburutik ateratakoak. Gantzarainek hitzaldi hartan aitortu zigun maite duena erakusteko idazten duela, eta maita dezaten ere bai. Eta beharbada idazten ari garenean eta erabiliko ditugun hitzak hautatzen ditugunean gure unibertso literarioaren koordenadak ezarri nahian ari gara, maite dugunagatik maite gaituztelako gu ere.
Azken lurra
Inondik errenditzen ez den ura da gure maitetasuna Zoratu egiten da Hegazkinak islatzen ditu Teilapeak iluntzen akorduetara amarratuta Egitate mingarri anitz eman da ontzat Etxeratze hitsen durundioa inongoa izatekotan Eta minbizia aukeran Zein erdi arotatik zein bestiariotatik irten du gure maitetasunak Itutez jota hiltzeko ginoan den zeruak
Geure burua beste etsairik onesten ez duen lurra Jendea batera bizitzen maitasun froga beraren hegian Minutu berean lurmutur berean Gure maitetasunak ez daki Ez daki hegan Ez da kalatxori Darabiltzan orratzek bestelako iparrak dituzte xerka Itsasgorak ekarriko ez dizkigun iheslariak Itsasbeheran utziko ez dugun edertasuna Hau da agin ziezaguketen azken zerua Ez dago inor ebakuatzerik Hildakoak ohean direla abandonatu ditugu etxeak Hipermerkatuetako aparkalekuak dauzkagu igandeetan elkar maitatzeko Hegazkinak teilapeak eta itoak estu amarratuta Zu ez zaitut abandonatuko Azken ordutan ez da bonbarik lehertu baina ez da heldu bakea
Jose Luis Otamendi: Lur bat zure minari (Susa, 1995)
XVIII. mendeko Zuberoa herriko eta Baionako diozesako kantika espiritualen harrobiak, iturriak eta jatorrizkoak bilatzean iritsi nintzen Bernart Gazteluzarren Egia katolikak (1686) liburuko “Ifernua” atalera, zehazkiago bizien eta arimen arteko elkarrizketara: Dialoga tromenta beren gainean, hain zuzen [Dialoga] ifernuko tromenten gainean, edo, beste era batean esanik, infernuko tormentu, tortura eta estirei buruzko elkarrizketara.
Elkarrizketa horretan, bizirik dagoen batek infernuan diren bekatari kondenatuei galdetzen die zer zigor ari diren pairatzen. Lehenengo ahalpaldian galdera generikoa dago, eta bigarren ahapaldian bekatari kondenatu guztien erantzun generikoa. Gero, bekatari bakoitzari banan-banan galdetzen dio: mundanoari, plazeretarat emanari, arnegariari, mendekatzaileari, gaizki-erraileari, abariziosari, gormantari, bonaxeretan (oturuntza-orritsetan) dabilanari, konpainia goxoetan ibili denari, penitentzia egin gabe heriotzeraino luzatu duenari eta koleratsuari. Errepika bera da galdegite guztien amaiera (“Erraguk, erraguk: / zer pena sofritzen duk?”), eta arrapostuetan, bekatari bakoitzak bere zigorra deskribatu ondoren, denek amaitzen dute aholku berarekin: “Hela! Hela! / Segi ez gaitzatzula!”.
Testuak arrakasta handia izan zuen, eta, aldaketa gehiago edo gutxiagorekin, behin eta berriro berrargitaratu zen XVIII. eta XIX. mendeetako Baionako diozesako (eta Zuberoa herriko) kantika espiritualen bildumetan, kantatu ere eten gabe kantatu den seinale. Lehenengo lerroaren bidez ezagutzen da (Kreatura damnatua) eta are XX. mende-hasierako euskal kantutegi nagusietan ere agertzen da (Aita Donostiaren kantutegian, adibidez, 1918an Arnegiko lekaimeei entzuna), edo Bertsolaritzaren Doinutegian, partiturekin eta doinuen grabazioarekin. Lan polita da testu-aldaerak eta doinu-aldaerak aztertzea (Salvat Monhoren bertsioa barne).
Baina, zergatik aipatu dugu Bernart Gazteluzar itzultzailea? Guk dakigula, Piarres Lafittek (1974ko “Notes sur la poésie chez Bernard Gasteluçar” artikuluan) aztertu zituen nolabaiteko zehaztasunez Gazteluzarrek latinetik euskaraturiko testuak, baina frantsesezko iturri posibleez Julien Vinsonen bibliografia handiko ohartxo hau baino ez dugu aurkitu:
… un autre Noël avec le refrain erraguçu, Maria qui rappelle le fameux cantique or, nous dites, Maria. (Vinson 1888, 39. sarrera).
Vinsonek dioenean frantsesezko kantika gogorarazten diola, ez zaio arrazorik falta, izan ere Gazteluzarren Kanta zagun guziok (Erraguzu, Maria) testua frantsesezko Or, nous dites, Marie kantika ezagunaren euskarazko itzulpena baita. Kasu honetan ere, XVIII. eta XIX. mendeetako kantika espiritualen bildumetan ikusten dugu urteetan zehar iraun duela eta, airea aipatzen denean, honela aipatzen dela: “Aire hunen gainean: Or nous dites Marie… edo ô ma tendre musette, etc.” (ikusi, adibidez, Kantiko izpiritualak, 1783ko argitaraldian, 67. orrialdean). Grabazio berrietan ere entzun dezakegu, hala frantsesez nola euskaraz.
Bizien eta arima kondenatuen arteko elkarrizketa ere frantsesetik euskaratu zuen Gazteluzarrek eta, dirudienez, harrobi bertsutik hartu zuen, hain zuzen frantsesezko XVII. eta XVIII. mendeetako Cantiques spirituels motako kantika-bildumaren batetik. Bernard Dompnier ikertzaileak “Les cantiques dans la pastorale missionaire en France au XVIIe siècle” artikuluan dioenez, gutxienez 1676tik ezagutzen da Soupirs des âmes damnées kantika arrakastatsua, gero Malheureuses créatures kantika-hasiera edo incipitaren bidez ezagutua. Generoak berak eskatzen du hala frantsesezkoan nola euskarazkoan hainbat aldaera sortzea urteen joan-etorrian, hala testuetan nola doinuetan, eta ez dugu aurkitu oso-osorik Gazteluzarren testuaren parez pare ipintzeko moduko frantsesezko bertsiorik; baina XVIII. eta XIX. mendeetako hiru kantika-bildumatako bertsioekin (1760ko bilduma bat, beste bat 1867koa, eta hirugarrena 1829koa), 28 ahapalditatik 20ren parean ipintzeko moduko testu frantsesak aurkitu ditugu. Hemen luzeegi geratuko litzateke testu osoa eta soilik 10 estrofa aukeratu ditugu:
LES VIVANTS. Malheureuses créatures, esprits réprouvés de Dieu ! Que d’éternelles tortures, puniront en ces bas lieux ? Dites-nous, dites-nous : quels tourments endurez-vous ?
Galdegitea. Kreatura damnatua, Jainkoak ahantzia! Zer da hire ifernua? Zer dolore handia? Erraguk, erraguk: zer pena sofritzen duk?
LES DAMNÉS. Pourquoi nous faire répondre ? C’est augmenter nos douleurs, c’est nous-mêmes nous confondre de raconter nos malheurs. Hélas ! Hélas ! Mortels ne nous suivez pas.
Errepusta. Zer aiphatuko darotzut? Erratez naiz penatzen. Berriz erraten baditut, berriz naiz tromentatzen. Hela! Hela! Segi ez gaitzatzula!
LES VIVANTS. Vains adorateurs du monde ! Où sont toutes vos grandeurs, et la gloire que l’on fonde sur l’éclat des faux honneurs ? Dites-nous, dites-nous : quels tourments endurez-vous ?
Galdegitea. Mundanoari. Mundano liluratua! Non da hire gloria? Non ponpa haizez hantua? Non ohore handia? Erraguk, erraguk: zer pena sofritzen duk?
LES DAMNÉS. Ah ! Cette gloire est passée, comme un songe de la nuit, qui trompant notre pensée à notre réveil s’enfuit. Hélas ! Hélas ! Mortels ne nous suivez pas.
Errepusta. Ah! Joan da gloria hura, xizmizta bat bezala, arriberan nola hura, eta nola itzala. Hela! Hela! Segi ez gaitzatzula!
[…]
[…]
DEMANDE. Que vous reste-t-il, avares, de cet argent, de cet or, et de tous ces meubles rares qui faisaient votre trésor ? Dites-nous, dites-nous : quels tourments endurez-vous ?
Galdegitea. Abariziosari. Aberats gaxto gosea! Non da hire zilharra? Non tresora? Non urrea? Non da muble ederra? Erraguk, erraguk: zer pena sofritzen duk?
RÉPONSE. Une éternelle indigence est le déplorable fruit que notre avare opulence pour jamais nous a produit. Hélas ! Hélas ! Mortels ne nous suivez pas.
Errepusta. Ah! Kharrezko leze huntan dire gustiak urthu, eta ni su-elementan hekin balsan funditu. Hela! Hela! Segi ez gaitzatzula!
[…]
[…]
A tous les Damnés. Dans ce gouffre épouvantable, dans ce séjour plein d’horreur, des tourments dont vous accable le courroux d’ un Dieu vengeur, dites-nous, dites-nous : quel est le plus grand de tous ?
Galdegitea. Damnatu gustiei kolpe batez. Finean, hor ifernuan, zein da min handiena? Pena horien lekhuan, zein pena kruelena? Erraguk, erraguk: zer pena sofritzen duk?
Réponse. Le tourment le plus horrible n’est pas le tourment du feu ; Il en est un plus terrible : c’ est de ne voir jamais Dieu !
Errepusta. Esparantza ez izaten hemendik ilkhitzekotz; bethi suak berreturen, supean bizitzekotz!
Plazer labur batengatik, harturik bihotzean, khea bezala zelarik, erre behar supean. Hela! Hela! Segi ez gaitzatzula!
Esan dugun moduan, Gazteluzarren ahapaldi guztiek ez dute ondoan frantsesezko iturri posiblea; hori izan daiteke Gazteluzarrek berak asmatu duelako euskaraz, edo guk ez dugulako aurkitu frantsesezko iturri egokia. Nolanahi ere, uste dut zalantzarik ez uzteko moduan erakutsi dugula Gazteluzar frantsesezko testua euskaratzen ari dela, izan itzulpen zehatza edo izan parafrasi laxoa.
Testuari begira jardun dugu orain arte, baina bistan da orain badakigula zerbait gehiago Gazteluzarrek hitzaurrean doinuari buruz idatzirikoa behar bezala ulertzeko:
Ezen nola plazer hartzen baitute itsasoan latinez Elizako himnoen kantatzeaz, atsegin gehiago izanen dutela himno beren ezkaraz errateaz, aire berean ezkaraz ematen tut; eta gainerako bersuen airea komunzki gustiek badakite (Gazteluzar 1686: 12).
Esango nuke batetik latinetik euskaratuak eta bestetik frantsesetik euskaratuak bereizten ari dela; latinezkoak latinezkoaren aireaz kantatzeko moldatu ditu, eta “gainerako bersuen airea”, komunzki guztiek badakitena, frantsesezko kantiken bidez ikasitakoa izango da, ezta? Gazteluzarrek uste du irakurleak identifikatuko duela Kreatura damnatua berria Malheureuses créatures arrakastatsuaren bertsio gisa. Irakurle-kantariak nola jakingo luke, bestela, zein aire dagokion 8a / 7b / 8a / 7b / 6c (4c) / 7c egiturako estrofa bati? Orain badakigu egitura metriko hori ez dela, Lafittek (1974: 258) iradoki zuenaren kontra, erabat berria eta Gazteluzarrek asmatua, baizik eta frantsesetik euskarari ekarria.
Bide batez: goian aipatu ditudan kantutegietako partituretatik abiatuta, askotan grabatu da euskarazko Kreatura damnatua, baina ez dut aurkitu grabaziorik online, arimen gauean entzun dezazuen. Frantsesezkoa entzuten ari zaretela euskarazkoaren letra irakurri eta zeuek kantatu nahi baduzue, hemen duzue frantsesezko L’enfer, entzuteko moduan; bestela, Bertsolaritzaren Doinutegiko ereduaz baliatuta ere kantatu dezakezue, jakina.
Oraingo honetan esperimentu moduko bat planteatu dut. Olatz Azpirotz Larzabal idazle iruindarrari bere poemetako bat bidaltzeko eskatu nion. Profil ezberdineko hiru lagunek poema horren gaztelerazko itzulpena egin behar izan dute, gero, beste hiru lagunek atzera berriz euskaratzeko. Esperimentu honen helburu nagusia zen bide horretan guztian zehar geratutako fenomenoen ñabardurak identifikatzea eta bakoitzaren estrategiak aztertzea.
Artikulu honetarako lagundu nautenen izenak amaieran emango dizkizuet, baina ideia bat egin dezazuen, hauexek beren profilak: itzultzaile eta literaturzaleak, itzultzaileak, literaturzaleak.
Goazen bada, lehenik eta behin, Olatzen poemarekin: ZEIGARNIK. Kontuz, izan ere, gertatu zaigu hitz-joko baten gisan identifikatu izana, baina kontrara, Ziegarnik psikologiaren alorreko fenomeno baten izena da. Ikus Wikipediako orria (ingeleraz).
ZEIGARNIK
Erabaki ditugun patuak zirkuluan eserita guri begira daude.
Ez gara libratu.
Eskuinean lohiak amiltzen jarraitzen du.
Ezkerrean arnasa hartzen dabiltzan hitzek aratz batera eraman nazakete.
Torlojurik gabeko makina zirkular bat. Eztanda bat. Hezurrak giharretara itsatsiak eta
Hitzak odolarekin idazten ditugu eta odolari esker biziberritzen dira horrela, seguruenik bizitzeko eta hiltzeko beste modurik eman nahi ez diegulako.
Olatz Azpirotz Lartzabal
A itzultzailea
ZEIGARNIK Todos los destinos que escogimos nos observan sentados en círculo. No nos hemos librado. El lodo sigue precipitándose a nuestra derecha. Las palabras que respiran a la izquierda me llevarán a un lugar puro. Una máquina redonda sin tornillos. Una explosión. Mis huesos se pegan a los músculos y las gotas de sudor que se clavan en los pelos del sobaco intentando evitar el salto. Escribimos las palabras con sangre para que resuciten gracias a ella, seguramente porque no les hemos enseñado otra manera de vivir y de morir.
B itzultzailea
ZEIGARNIK Los destinos que hemos decidido están sentados en círculo mirándonos. No nos hemos librado. A la derecha el fango sigue desplomándose. Las palabras que andan respirando a la izquierda pueden conducirme a una pureza. Una máquina circular sin tornillos. Una explosión. Huesos pegados a los músculos y gotas de sudor clavadas en los pelos del calcetín tratando de evitar el salto. Escribimos las palabras con sangre y así se reviven gracias a la sangre, probablemente para vivir y morir porque no les queremos dar otra manera.
C itzultzailea
ZEIGARNIK Los destinos acordados nos miran sentados en círculo. No nos hemos librado. A la derecha el fango sigue precipitándose. A la izquierda palabras que respiran podrían conducirme a un claro. Una máquina redonda y sin tornillos. Una explosión. Músculos pegados a los huesos y gotas de sudor aferrándose a los pelos del sobaco para evitar la caída. Escribimos palabras con sangre y gracias a la sangre así renacen, seguramente porque no queremos darles otras maneras de vivir y de morir.
Jakina da itzultzaile bakoitzak bere estiloa duela, eta hemen dugu horren adibide bat. Azter ditzagun kontu aipagarri batzuk:
A itzultzailea:
o Hitzak odolarekin idazten ditugu/eta odolari esker biziberritzen dira horrela Bertso-lerro horietan sintaxia zertxo bait aldatu du (juntagailua ezabatu eta helburuzko menpeko perpausa bihurtu du). Gainera, odola hitzaren errepikapena saiheste aldera izenordain baliokidea erabili du: Escribimos palabras con sangre/ para que resuciten gracias a ella
o Beste aldaketa nabarmen bat, poemaren amaieran proposatzen duena. Ebakidurak erabat aldatu ditu, eta beste efektu bat lortu du: Seguruenik bizitzeko eta hiltzeko/beste modurik/eman nahi ez diegulako. Seguramente/ porque no les hemos enseñado otra manera/ de vivir y de morir.
B itzultzailea:
o Deigarria da B itzultzaileak galtzarpe-ri emaniko itzulpenak: calcetín. Egiazki, Euskaltzaindiak galtzarbe ordaina da onartzen duena, eta akaso, horregatik, edo, gaizki irakurri/interpretatu duelako.
o Amaierari, honek ere, beste forma bat eman dio, kasu honetan literalagoa, lerroz-lerrokoa: Seguruenik bizitzeko eta hiltzeko/beste modurik/eman nahi ez diegulako. Probablemente para vivir y morir/porque no les queremos dar/otra manera
C itzultzailea:
o Egiturari (sintaxia eta joskera) dagokionez libreen jokatu duen itzultzailea da. Esango nuke erritmoa emate aldera bi proposamen nabarmenenak honako hauek direla:
Eskuinean lohiak amiltzen jarraitzen du./Ezkerrean arnasa hartzen dabiltzan hitzek aratz batera eraman nazakete.
A la derecha el fango sigue precipitándose./A la izquierda palabras que respiran podrían conducirme a un claro.
(Espazioaren garrantzia aurrera ekarri du ezkerraren kasuan)
Torlojurik gabeko makina zirkular bat. Esaldia berriz, honela ekarri du: Una máquina circular y sin tornillos.
(Juntagailua sartzeko beharra izan omen du)
o Esanguratsua, halaber, zeri itsaste zaion zer interpretatzea. Olatzek dio: hezurrak giharretara. C-k, berriz, musculos pegados a los huesos (alderantziz, alegia).
D itzultzailea
ZEIGARNIK Hautatu genituen patu guztiak begira ditugu biribilean eserita. Ez gara libratu. Lohiak amiltzen jarraitzen du gure eskuinean. Ezkerrean arnasten duten hitzek leku aratz batera eramango naute. Makina biribil bat torlojurik gabea. Eztanda bat. Nire hezurrak giharrei itsasten zaizkie eta jauzia saihestu nahian besapeko ileetan iltzatzen diren izerdi-tantei. Hitzak odolez idazten ditugu haiei esker berpitz daitezen, ziurrenik ez diegulako irakatsi beste modurik bizitzeko eta hiltzeko.
E itzultzailea
ZEIGARNIK Aukeratu ditugun helmugak biribilean jarrita daude. Ez gara libratu. Eskuinean lokatza erori egiten da. Ezkerrean arnasa hartzen ari diren hitzek araztasun batera eraman naute. Torlojurik gabeko makina zirkularra. Leherketa bat. Muskuluei itsatsitako hezurrak eta izerdi-tantak, galtzerdiaren ileetan iltzatuak, jauzia saihesteko. Hitzak odolez idazten ditugu eta odolari esker bizi dira, seguru asko, bizitzeko eta hiltzeko besterik ez diegulako eman nahi.
F itzultzailea
ZEIGARNIK Hitzartutako helmugek eserita begiratzen gaituzte biribilean. Ez gara libratu. Eskuinean lokatzak jarioan darrai. Ezkerrean arnasten duten hitzek argigune batera eraman nintzakete. Makina biribila eta torlojurik gabea. Eztanda. Hezurrei itsatsitako giharrak eta izerdi tantak eroria saihestearren besapeko ileei eutsiz. Hitzak odolez idazten ditugu eta odolari esker horrela berpizten dira, ziurrenik ez diegulako eman nahi beste modurik jaiotzeko eta hiltzeko.
Bigarren itzulpen sorta honekin ez naiz gehiegi luzatuko uste dudalako erabat baldintzatutako itzulpenak direla. Hau da, gaztelerara pasatzean hartutako erabakien araberako itzulpenak dira. Hala ere, uste dut interesgarria dela aztertzea zein salto gertatu diren euskara-gaztelera-euskara bide horretan. Baina hori irakurleoi utziko dizuedan lana da.
Heldu da unea ezagutzeko nortzuk izan diren gure laguntzaileak. Agian baten batek somatuko zuen, eta, begi zorrotzenek ere ikusiko dute zein poemetan, baina 6 itzultzaileetako 2 ez dira gizaki. Hain justu, Eusko Jaurlaritzaren Itzultzaile Neuronalak eta Elhuyarren Elia itzultzaile automatikoak egindako itzulpenak dira. Beste laurak Ibai Sarasua, Ainara Ieregi, Sarai Robles eta Ane Garcíaren eskuetatik pasatutako testuak ditugu (bi itzultzaile literaturzale eta bi literaturzale), eskerrik asko!