“Futura Vecchia”: Rebecca Elson-en hiru poema

Itziar Otegi Aranburu

Amaitzear da urte zaharra, eta hastear urte berria. Beste hainbat bezala, Urtezahar eta Urteberri egunak konbentzio hutsak dira. Urtea esaten diogu gure planetak eguzkiaren inguruan bira eliptiko oso bat egiteko behar duen denborari, baina elipse batek ez du, izatez, ez hasierarik ez bukaerarik. Guk bai, ordea. Horregatik behar ditugu urte berriak, denbora berriak. Biziberritze-ospakizun sinbolikoak dira.

Urte berriari buruzko poema bati tiraka aurkitu nuen Rebecca Elson astronomoa eta poeta. Maria Popovaren The Marginalian webgunearen bitartez izan nuen haren bizitza ezohikoaren berri: Kanadan jaio zen, 1960an; aita geologoa zuen eta iparraldeko laku baten ertzean hazi zen, izarrei begira. Hogeita sei urte zituela, astronomian doktoretza egin ondoren, beka bat lortu zuen Hubble teleskopioak bildutako lehen datuak lantzeko, Princetonen. Hogeita bederatzi urte zituela, sormenezko idazketa irakasten hasi zen Harvarden, ordura arte beretzat gorde zuen literaturarekiko pasioari leku eginez. Garaitsu hartan jakin zuen linfoma mota arraro bat zeukala, eta ez zuela urte berri askorik izango. Hala ere, izarrak nola jaiotzen, bizitzen eta hiltzen diren aztertzen jarraitu zuen, eta poemak idazten. Maileguan jasotako izarren hautsa itzuli zuenean, 39 urte zituela, 56 artikulu zientifiko eta poema-liburu bat utzi zituen, A Responsability to Awe. Hortik hartuak dira hiru poema hauek, argiz eta ilunez beteak, ezinbestean:

Futura vecchia, urte berriaren bezpera

Itzuliz, Lurra bezala,
espazioan puntu berera,
leunki goaz hondamenaren erosora,

sugarretan erreta
saldo bat arrain,
pare bat oilo,
goroldioak hartutako lertxun bat.

Txinparta-ikara batek ekortzen du
lurraren sorbalda iluna,
ezagutzazko dardara bat,
berriz abiatzeko prestaketa,

eta geure burbuila arinak
flotatuz doaz jakin-min mutuan
argiz irakiten dagoen
laku beltzerantz,
hots-txistuka datorren
gau zolirantz.

Hiltzeko beldurraren kontrako antidotoak

Batzuetan, antidoto gisa
hiltzeko beldurraren kontra,
izarrak jaten ditut.

Gau horietan, bizkar gainean etzanda,
izarrak zurrupatzen ditut ilunpe asegarritik,
den-denak neure baitan hartu arte,
piper min eta bizi.

Beste batzuetan, neure burua irabiatu,
eta sortzen dut unibertso bat oraindik gaztea,
oraindik epela odola bezain:

kanpo-espaziorik ez, espazioa soilik,
oraindik ez diren izar guztien argia
jitoan lanbro bizia nola,
eta gu denok, eta den guztia,
dagoeneko hor,
baina formaren mugarik gabe.

Inoiz, aski izaten da
hemen lurrean etzatea
gure arbasoen hezur luzeen ondoan,

eta ibiltzea, zelai harritsuetan bezala,
garezur bazter utzien artean,
guztiak altxor, edo krisalida,
pentsatuz: oskol horiek utzi zituenak
hego argitsuetan egin zuen alde.

Izan bedi argia beti (materia ilunaren bila)

Honengatik irteten gara gau ilunetan, bilatzera
izarrik sotilenak,
ikusten ez diren gauzen seinaleak:

gu moteltzeko.
Unibertsoari galarazteko
abaila etengabean presatu dadin
bere harainditik haratago
akituta eta hotz geratu arte,
azken izarra aienatuta.

Zernahi bihurtzen direla ere,
izan daitezela elemenia bat,
hilezkortasunerako beste,
beti izar bat gu berotzeko.

Izan bitez aski berriz bueltan ekartzeko
bere ertzetatik hona,
gu denok estu-estu elkartu eta sutu dezagun
berpiztearen txinparta bizia.

Urte berri on guztioi.

Poesiaren zuzentasuna edo poesia zuzenak

Eider Beobide Urkizar

Duela egun pare bat miresmenez entzun nuen Juana Dolores idazlea katalanez errezitatzen bere Girgileria poema-liburua (2024, Katakrak, Maider Ramirezek itzulia) eta, ondoren, Hedoi Etxarterekin hizketan, «euskaraz ez dugu ikasi oraindik poemak errezitatzen» bota zidan. Harritu ninduen hasieran, baina funtsean arrazoia duela iruditzen zait: poemak betiko doinu berarekin, pasio urratu ahotsez eta etenaldi behartuez entzuteaz nazkatuta gaude. Faltan botatzen ditugu poemak indarrez eta kontzientziaz irakurtzea, hitz-jarioa eta soltura, nolabaiteko antzezpena… Mejillon Tigre kolektiboa eta poeta gazteak bidea urratzen dabiltzala esango nuke, eta itzultzaileok ezin gara atzean gelditu.

Hori dela eta, poesiaren itzulpenari buruz idatzi nahiko nuke nire lehen artikulua. Rifqa poema-liburua argitaratu ostean, bai kazetariek, bai lagunek edo ingurukoek, denek galdera bera zuten: zer zaila poesia itzultzea, ezta?

Nire erantzuna beti zen oso nahasgarria eta espero ez zutena: bai, beno, depende, ez pentsa… Harrezkero ohartu naiz, poesia itzultzea ―jakina― zaila den arren, galdera ez zihoala hortik, galdera poesia inoiz irakurri ez duen jendearena zela, edo oso poesia ulergaitza irakurri zutenena, edo poesiari izua ziotenena, edo poesia bera zer izan zitekeen ez zekitenena.

Egia esan, nik ere ez dakit zer den poesia. Baina argi dut orain itzultzen nabilen hortz-protesien ikasmateriala baino askoz errazagoa dela itzultzeko ―euskarazko hiztegi teknikoei buruzko hausnarketa beste baterako―, eta errazagoa ez bada, betegarriagoa, ulergarriagoa eta barruragokoa behintzat badela. Baina, esan bezala, poesia itzultzea ez da erraza, eta horri heldu nahi nioke gaur.

Mohammed el-Kurd poeta palestinarraren Rifqa hasi nintzen euskaratzen duela ia urtebete eta GrALean landutako kontuak bihurtu zitzaizkidan egunerokotasun: poesiaren musikaltasuna, esaldien ordena eta genero kontuak, besteak beste. Hiruren inguruan askoz luzeago hitz egin badezaket ere gaur egun, lehen bietan jarri nahiko nuke arreta oraingoan eta doinua hitzean bildu biak.

Aipatzekoa da El-Kurdek berak liburuko poema batzuk errezitatu eta igo zituela musika plataformetara eta oso lotuta dago hori poemen izaerari, guztiek baitute hitz esanetik asko, ahoz gora esateko sortuak batira hainbat eta hainbat. Horrek eragin zuzena izan du nire itzultzeko moduan, poetaren doinu hori lortzen saiatzerako orduan.

Aipatutako doinua itzulpenean islatzeko, jatorrizkoa ―eta egilearen beste testuak― mila bider irakurri eta entzuteaz gain, ezinbestekoa iruditzen zait testuingurua ulertu eta kontuan hartzea: nor ari naiz itzultzen, zein helburu du idazleak eta zein helburu du nire itzulpenak. Garrantzitsua da poetaren ahotsa nolakoa den aztertzea eta hori euskarara nola ekar dezakegun hausnartzea. El-Kurden poesia apurtzailea da, zuzena eta adierazkorra, baina oso ondo neurtzen ditu haren hitzak: ez da gauza bera gatazka eta genozidio eta argi azpimarratzen du hori hautu eta poema guztietan. Haren indarra eta esanahia bildu behar dira musikaltasun handiko poema laburretan; horra hor erronka.

Bestalde, liburu honetako poema batzuetan, zentzuzkoa eta beharrezkoa iruditu zitzaidan zuzentasuna sakrifikatzea poetikotasunaren alde, mezua eta hori adierazteko era baitira garrantzitsuak harentzat eta, ondorioz, zuzentasuna bigarren plano batean zegoela iruditzen zitzaidan. Hausnarketa eta hautu horrek esaldien ordena, hitzak eta egiturak aldatzera edo besteren bat hobestera bultzatu nau, une oro poetikotasuna bilatuz, baina jatorrizkoa errespetatzen saiatuz.

Doinua lortzeko beste puntu garrantzitsu bat itzulpenak ahots goraz irakurtzea dela esango nuke, bai norberarentzat bai norbaiti errezitatuta. Ezinbesteko urratsa da poesiak funtzionatzen duen edo ez ohartzeko, zerbaitek belarrira gaizki ematen duela konturatzeko, erritmoa baduen aztertzeko, errimak jatorrizkoaren melodia jasotzen duen ikusteko… Arnas-neurriak axola du; irakurketa-erritmoa oso kontuan hartzekoa da. Nire kasuan, gainera, lehen aipatu bezala, hitz esana lantzen duen poeta bat itzultzen nenbilen eta, beraz, are garrantzitsuagoa izan da urrats hau. Esango nuke, bestalde, erritmo poetiko hori bilatzeko saiakera nabaritu dela hainbat txokotan egiten ibili garen Honengatik egiten dugu dantza poesia-errezitaldi musikatuetan.

Aipatutakoaz gain, argitaratutako liburuan bertan jatorrizkoa ondoan izateak (ezkerrean jatorrizkoa ingelesez, eskuinean itzulpena euskaraz) badu itzulpenean eraginik ere, jakina. Ikasketetan beti entzuten genuen «ahal bezain hurbil, behar bezain urrun» eta gure helburu nagusia izan ohi da, baina nola urrundu jatorrizkoaren hizkuntza irakurle gehienentzat ulergarria denean eta albo-alboan dagoenean? Ez da erraza poetikotasuna mantentzea jatorrizkotik gehiegi urrundu gabe, baina ezinezkoa da irakurleetako batzuk boligrafo gorria eskuan ez imajinatzea. Ariketa bat egin beharra dago horrelakoetan eta sinetsarazi zeure buruari urruntzeak merezi duela, poema on bat lortzearren bederen.

Poesia itzultzeko ikastaro batean Maialen Berasategiri entzun nion euskaraz partikula iragarleen falta dugula eta ezin dut gehiago bat etorri. Euskaltzaindiak hitz iragarle deitzen dien horiek «komunikazioa errazteko eta mendeko perpaus luze-konplexu mota batzuk hasieratik markatzeko» balio dute, mezua argiago adieraziz eta «testuaren esanaz jabetzeko aukera emanez amaierara iritsi arte egon gabe». Poesian eta, batez ere, poesia itzulpenean oso erabilgarriak dira eta haietako asko behar-beharrezkoak itzulpena uler dadin eta jatorrizkoaren doinua gal ez dezan. Halaber, eta horri lotuta, poesian azken hitzak garrantzi handia du eta, hortaz, modu naturalak bilatu behar dira hitz horrekin amaitu eta poemaren xarmari eta indarrari eusteko.

Azken aldian jende gaztearen artean badago joera gero eta gehiago hurbiltzekoa poesiara: ikusi besterik ez dago sortu berri diren irakurle talde guztiak, Pomada banda gisako proiektuak, Ez gara inor poesia-topaketak, egiten diren poesia-errezitaldiak eta abar. Idazle periferikoen kalitatezko poesiaren egarriz gaude, bai euskaraz idatzia bai euskarara itzulia, horrek emango baitio euskarari doinu propioak sortzeko aukera, baita oraindik gurean landu ez ditugun gai berriak ukitzekoa ere. Beraz, jarrai dezagun itzultzen eta sortzen, bidea urratzeke dago oraindik eta.

Itzultzaileak segitzen du frantsesezko kantua, bai hitzetan eta bai metrikan

Gidor Bilbao Telletxea

Duela urtebeteko Arimen Gauaren inguruan, Bernart Gazteluzarren [Dialoga] ifernuko tromenten gainean aztertu genuen blog honetan, eta erakutsi genuen bizien eta arima kondenatuen arteko elkarrizketa hura frantsesetik euskaratu zuela Gazteluzarrek, frantsesezko XVII. eta XVIII. mendeetako Cantiques spirituels motako kantika-bildumaren batetik hartuta. Esan genuen testuak arrakasta handia izan zuela, eta, aldaketa gehiago edo gutxiagorekin, behin eta berriro berrargitaratu zela XVIII. eta XIX. mendeetako Baionako diozesako (eta Zuberoa herriko) kantika espiritualen bildumetan. Azkenik, aipatu genuen lan polita litzatekeela testu-aldaerak eta doinu-aldaerak aztertzea, Salvat Monhoren bertsioa barne.

Aurten ere Domu Santu egunaren inguruan suertatu zaigu 31 eskutik blogerako idaztea, eta, heriotzari buruzko kantu euskaratuen bila, berriz ere Salvat Monhoren poema-bildumara jotzea deliberatu dugu.

Piarres Lafitteri zor diogu Monhoren eskuizkribuaren argitalpena, 1972an argitaratu baitzuen, Baionako Euskal Museoaren Editions Ikas argitaletxearen zigiluarekin, Poèmes basques de Salvat Monho (1749-1821) liburua, eta, euskarazko itzulpenaren historiaz interesaturik dagoenaren betaurrekoekin irakurtzen baditugu Monhoren bildumako testuak, laster ikusiko dugu, iaz aipaturiko Kreatura damnatua kantikaren bidetik (eta hemen ezin azaldu ditugun Monhoren bildumako beste batzuen bidetik), Omiasaindu egunaren inguruan aipatzeko hautatu dugun Munduko gauzen ez-deustasuna euskarazko kantikaren frantsesezko jatorrizkoa ere XVII. eta XVIII. mendeetako Cantiques spirituels motako kantika-bildumaren batean bilatu behar dela. Monhoren eskuizkribuak ohar oso lagungarria dakar bilaketarako: “Aire huntan: Tout n’est que vanité”.

Vanité des choses du monde kantika Lyonen 1805ean argitaraturiko Recueil de cantiques spirituels avec les airs notés, a l’usage des Maisons d’Éducation Chrétienne liburuan (39.-43. or.) aurkitu dugu lehenengoz (eta gero, etengabe, XXI. mendera arte), baina ziur guk eskura ez dauzkagun bildumetan ere agertua zela lehenago, eta lehenagotik kantatzen zutela eliztarrek. Gainera, Lyongo 1805eko aipatu edizioan 11 ahapaldi daude, baina Marseillan 1806an argitaraturiko Recueil de cantiques spirituels (350.-354. or.) bilduman, ordea, 13 ahapaldi daude, Monhoren sortan bezala.

Kantikaren 13 ahapaldietako lehenengo laurak ikusiko ditugu hemen, gosegarri gisa. Ezkerreko zutabean, Monhoren bildumako testua eman dugu, Lafitteren ediziotik hartuta; baina kontsonante hasperendunak ere markatu ditugu (XIX. mendeko eskuizkribuan dauden moduan), eta puntuazioa aldatu dugu. Frantsesezko testuan, puntuazioa bakarrik aldatu dugu.

Monhoren bilduma
c. 1819-1838  
 Recueil de cantiques…
1805  
MUNDUKO GAUZEN
EZ-DEUSTASUNA

(Aire huntan:
Tout n’est que vanité)  
 VANITÉ DES CHOSES
DU MONDE.


Air Nº 20.
1
Munduko gauzetan,
ez hunen agintzetan,
ez du nihork aurkhitzen
zorion faltsorik baizen.
Beti da gezurti
atheratzen.
Halere, bethi
edireiten
ditu gizonak
fidatu nahi zaizkonak.  

6a
7a
7b
8b
6c
4b
5c
4b
5d
8d
1
Tout n’est que vanité,
mensonge, fragilité,
dans tous ces objets divers
qu’offre à nos regards l’univers.
Tous ces brillans dehors,
cette pompe,
ces biens, ces trésors,
tout nous trompe,
tout nous éblouit;
mais tout nous échappe et tout fuit.
2
Kanpotan liliak
nola tu iguzkiak
goixtirian zabaltzen,
arratsalderakotz histen;
hala da gizona
ganbiatzen,
haren adina
iragaiten:
sorthu deneko,
han du arrasta hiltzeko.  

6a
7a
7b
8b
6c
4b
5c
4b
5d
8d
2
Telles qu’on voit les fleurs
avec leurs vives couleurs,
éclore, s’épanouir,
se faner, tomber et périr;
tel est des vains attraits
le partage,
tel l’éclat, les traits
du bel âge:
après quelques jours,
perdent leur beauté pour toujours.
3
Mundutar arinek,
ez gazte libertinek,
ez darotet ofritzen
atsegin-jokorik baizen.
Ordean, atsegin
gozo hetan,
pulunpa nadin
guzietan,
ene bihotza
bethi gelditzen da hutsa.  

6a
7a
7b
8b
6c
4d
5c
4d
5e
8e
3
En vain, pour être heureux,
le jeune voluptueux
se plonge dans les douceurs
qu’offrent les mondains séducteurs.
Plus il suit les plaisirs
qui l’enchantent,
et moins ses désirs
se contentent,
le bonheur le fuit
à mesure qu’il le poursuit.
4
Hiltzerat dohanak
zertako tu izanak?
Dire nekez bilduak,
urhe eta zilhar multzoak.
Mundu hunen jabe
beher huntan
izanik ere,
haren tonban
ez da kausitzen
gorphutz ustelkor bat baizen.  

6a
7a
7b
8b
6c
4b
5c
4b
5d
8d
4
Que doivent devenir,
pour l’homme qui doit mourir,
ces biens long-temps ramassés,
cet argent, cet or entassés?
Fût -il du genre humain
seul le maître;
pour lui, tout enfin
cesse d’être;
au jour de son deuil,
il n’a plus à lui qu’un cercueil.

Euskarazkoaren eta frantsesezkoaren artean silaba-kopuruak eta errimak tartekatu ditugu, erakusteko horretan ere itzulpena jatorrizkoaren zordun dela, eta horrek baldintzatzen duela, zalantzarik gabe, itzulpenaren zehaztasuna. Jean Haritxelharrek aztertu zuen Monhoren bildumako metrika, eta, Lauda Sion kantikaz ziharduelarik, hau idatzi zuen: “Salvat Monhok segitzen du latinezko kantua, bai hitzetan eta bai metrikan” (Haritxelhar 2004: 139). Ondo ikusi zuen euskarazkoa latinezko kantika ezagunaren itzulpena dela; aztertzen ari garen kantikaren kasuan, ordea, guk dakigula Monhoren bildumako kantuak aztertu dituzten guztiek bezala, euskaraz sortua balitz bezala aztertu zuen, eta ez itzulpen bezala.

Hortaz, aurrekoa ikusita, esan behar dugu Salvat Monho itzultzaile-lanetan ari zela? Orain, itzulpena dastatu ondoren, filologoaren betaurrekoak janzten baditugu, esan beharko dugu erantzuna ez dela hain erraza. Uste dut Katixa Dolharek arrazoi handia zuela ondoko hau idatzi zuenean: “Lafittek eskaini edizioa tronpagarria da, ustearaz bailiezaguke Monhok obra bat sortu zuela, borobila, koherentea” (Dolhare 2023: 120).

XIX. mendeko kaiera, nonbait 1819-1838 urteen artean osatua, Lafittek edizioa apailatzeko baliatu zuena, Lafitte Funtsean dago orain (LAF-402-017) eta, haren argazkiak aztertu ondoren, Katixaren uste bereko gara: ez dago batere argi zer den Monhorena eta zer ez. Eskuizkribuko hiru kaierek (zeinetarik bi argitaratu baitzituen Lafittek) askotariko bilduma osatzen dute, jatorri bat baino gehiagotarik kopiaturiko poema eta kantuz ondua. Hau ez da toki egokia eskuizkribuan agertzen diren atal guztiak aztertzeko, baina aztertzen ari garen kantika bilatu dugu XVIII. eta XIX. mendeetako Baionako diozesako eta Zuberoa herriko kantika espiritualen bildumetan, eta baita aurkitu ere. Baionako diozesakoetan, 1804ko Cantica izpiritualac bilduman (9.-14. or.) aurkitu dugu lehenengoz. Ez dugu aurkitu lehenagoko 1751, 1775, 1780, 1783 eta 1786koetan, baina XIX. mendean 1820, 1824, 1826, 1827, 1834… eta hogeigarren mendera arteko bildumetan agertu zaigu, izan duen arrakastaren seinale. Zuberoa herriko bildumetan, 1846ko Cantica espiritualac bilduman (37.-40. or.) bakarrik aurkitu dugu.

Hona hemen hiru bertsioak:

   Monhoren bilduma
c. 1819-1838
Baionako diozesako
Cantica izpiritualac
Baiona, 1804
Zuberoa herriko
Cantica espiritualac
Baiona, 1846
   MUNDUKO GAUZEN
EZ-DEUSTASUNA

(Aire huntan:
Tout n’est que vanité)  
MUNDUKO GAUZEN
FUNTS-GABETASUNA

(Aire huntan:
Tout n’est que vanité)
MUNDUKO VANITATEZ




6a
7a
7b
8b
6c
4b
5c
4b
5d
8d
1
Munduko gauzetan,
ez hunen agintzetan,
ez du nihork aurkhitzen
zorion faltsorik baizen.
Beti da gezurti
atheratzen.
Halere, bethi
edireiten
ditu gizonak
fidatu nahi zaizkonak.
1
Ez da mundu huntan,
ez hunen agintzetan,
behin ere aurkhitzen
zorion faltsorik baizen.
Beti da gezurti
atzematen.
Halere, bethi
edireten
ditu gizonak
fidatu nahi zaizkonak.
1
Ezta mündü huntan,
ez hunen xarma orotan,
egiazko plazerik,
inganio faltsü baizik.
Bethi da gezürti
suertatzen.
Halere, bethi
edireiten
dütü gizonak
fidatü nahi zaitzonak.

6a
7a
7b
8b
6c
4b
5c
4b
5d
8d
2
Kanpotan liliak
nola tu iguzkiak
goixtirian zabaltzen,
arratsalderakotz histen;
hala da gizona
ganbiatzen,
haren adina
iragaiten:
sorthu deneko,
han du arrasta hiltzeko.
2
Lore eta liliak
nola tu iguzkiak
goiz-aldean zabaltzen,
arrats berean mudatzen;
hala da gizona
ganbiatzen,
haren adina
da suntsitzen:
jaio deneko,
han du arrasta hiltzeko.
2
Nula beitütü ekhiak
goizan sorthü liliak
goiz berartan zabaltzen,
arrats bereko fanitzen;
hala da gizona
khanbiatzen,
haren adina
igareiten:
sorthü deneko,
han dü mezia hiltzeko.

6a
7a
7b
8b
6c
4d
5c
4d
5e
8e
3
Mundutar arinek,
ez gazte libertinek,
ez darotet ofritzen
atsegin-jokorik baizen.
Ordean, atsegin
gozo hetan,
pulunpa nadin
guzietan,
ene bihotza
bethi gelditzen da hutsa.
3
Mundutar arinek,
ez gazte libertinek,
ez darotet agintzen
atsegin gozorik baizen.
Bainan pulunpatu
banaiz hetan,
ez dut aurkhitu
guzietan
deus funtsezkorik,
deus atsekabez bertzerik.
3
Eztero mündütarrak,
ez liberti gaztiak,
ikhusten mündü huni
hun, plazer, xarma baizi.
Bena behin hetan
bada heltzen,
ez dü güzietan
edireiten
deuz plazer hunik,
deuz phena baizik besterik.

6a
7a
7b
8b
6c
4b
5c
4b
5d
8d
4
Hiltzerat dohanak
zertako tu izanak?
Dire nekez bilduak,
urhe eta zilhar multzoak.
Mundu hunen jabe
beher huntan
izanik ere,
haren tonban
ez da kausitzen
gorphutz ustelkor bat baizen.
4
Hil behar gizonak
alfer tu ontasunak,
diru nekez bilduak,
urre eta zilhar multzuak.
Liteken nihoren
behar gabe
mundu beraren
balitz jabe,
hil eta zaio
gathabut bat geldituko.  
4
Hil behar dianak
auher tü huntarzünak,
ürhe eta zilharrak,
eta beste müble ederrak.
Mündia osorik
balü ere,
deuz abantaillarik
hark elüke,
arima gaxua
sekülakoz gal baleza.

Zuberoako herriarentzat moldaturiko bertsioan, badirudi lapurterazkoa izan dela oinarri eta zubererara aldatzean beste moldaketa batzuk ere egin direla (batzuetan errima berria bilatu beharrak eragin du moldaketa, baina beste batzuetan hautu desberdinak egin dira lexikoan, ez ezinbestean euskalkiarekin lotuak). Baina Monhoren bildumako testua eta Baionako diozesako bildumakoa konparatuta, bistan da testu beraren aldaerak direla, aldaketa txiki-txikiekin, eta ez dut ikusten ezer bat bestea baino lehenagokoa edo bat bestearen zordun dela erakusten duenik.

Hortaz, jakintzaren gaurko egoeran, bi hipotesi hauek, behintzat, posible dira:

  1. Salvat Monhok euskaratu zuen frantsesezko kantika, eta horregatik dago Monhoren bilduma deitu dugun eskuizkribuan. Monhoren itzulpena Baionako diozesako kantika-liburuetan bildu zen.
  2. Itzultzaile ezezagun batek euskaratu zuen frantsesezko kantika Baionako diozesako kantika-liburuetarako, eta horietakoren batetik kopiatu zuen Monhok edo Monhoren bilduma deitu dugun eskuizkribuaren kopiatzaileak.

Gaur-gaurkoz, kantu honi dagokionez, izen-abizenekin ezagutzen dugun itzultzaile bakarra Piarres Lafitte bera da, euskaratik frantsesera itzuli baitzituen Monhoren poematzat argitaraturiko guztiak, 1972ko libururako. Hona hemen bigarren ahapaldiaren atzeraitzulpena, frantsesezko jatorrizkoaren eta Monhoren bildumako euskal itzulpenaren ondoan:

Monhoren bilduma
c. 1819-1838
Recueil de cantiques…
1805
Lafitte
1972
2
Kanpotan liliak
nola tu iguzkiak
goixtirian zabaltzen,
arratsalderakotz histen;
hala da gizona
ganbiatzen,
haren adina
iragaiten:
sorthu deneko,
han du arrasta hiltzeko.
2
Telles qu’on voit les fleurs
avec leurs vives couleurs,
éclore, s’épanouir,
se faner, tomber et périr;
tel est des vains attraits
le partage,
tel l’éclat, les traits
du bel âge:
après quelques jours,
perdent leur beauté pour toujours.
2
Comme les fleurs à la campagne
sous l’effet du soleil
s’ouvrent le matin
et sont faneés pour le soir,
ainsi l’homme
change,
son âge
passe;
à peine est-il né
qu’il reçoit son arrêt de mort.

Baten bati kantatzeko gogoa biztu bazaio, hemen entzun dezake frantsesezko kantika, eta gero, horren antzera, organoaren doinuarekin kanta dezake euskarazkoa. Gabriel Lertxundi ikertzaile eta musikariak, Kantikak. Cantiques basques liburuan (1948: 22-23), berak sorturiko melodia berriaren partiturak eman zituen, baina ez dut aurkitu horren grabaziorik eta ez dakit arrakastarik izan ote zuen.

Hitzek hotsa ostatu

Anjel Lertxundi

EZER ITZULTZEN HASI AURRETIK, astiro irakurtzen zuen originala eta azpimarra azkarrak egiten han-hemen; aldian behin, burua liburutik jaso, eta ideiaren edo zalantzaren bat apuntatzen zuen koaderno txiki batean. Irakurketa osoa egin ondoren, atentzioa eman zioten pasarte eta orrialdeetara bueltatzen zen. Ezagutzen ez zituen hitzak hiztegian begiratzen zituen: Apfelkern, sagar-hazia; ezagutzen ez zituen izen geografikoak, aldiz, mapetan: Nitzkydorf, Errumaniako hiri bat. Hotsik gabeko hitzak ziren batzuk eta besteak, irakurketa mentalaren isiltasunak bereganatuak. “Horra beste idazle errumaniar bat alemanez idazten”. Ez zen, ordea gehiegi motibatzen zuen informazioa. Itzultzaile Dontsuak oso berea zuen diziplina: egiten zuen irakurketa beti izaten zen mentala, ez zuen irakurritako hitzik edo esaldirik ozen esaten, isiltasuna zuen lan-giro eta konforta.

Dontsuaren ustez, begien erresuma zen irakurketa, eta mihiak eta belarriek –hotsek– apenas zuten zer eginik bere itzulpenetan, salbu inoiz ­–oso gutxitan­– poesia ere itzuli behar izaten zuenean editoreren bat konformatzeko; baina, halakoetan ere, irakurketa mentala eginez hasten zen lanean, astiro, arkatza eskuan zuela. Ezin, ordea, aurrera segitu irakurtzen zituen pasarteak ondo ulertu gabe ­–poesian sarri gertatzen zitzaion kontua da–, eta laster bezain oharkabean ekiten zion testua ozen irakurtzeari, batez ere poemen parte ilunenetan, ahotsaren laguntzarekin erritmoa eta musikaltasuna ematen saiatuz testuari. Txikitan egiten zuen bezala, gutxi-asko. Baina, ikasketak aurrera, «eguzkirik ez dute leihotan zapiek» irakurri eta “Lizardik zertarako bortxatu behar ote zuen esaldiaren sintaxia?” pentsatzen zuen batxilergoan. «Hitzek, esnatzen badira, ostatu erosoena baztertzen dute» irakurri, eta “Montalek ezin al zuen ulergarriago idatzi?” pasatzen zitzaion burutik unibertsitatean.

Bere dohain poetikoa ez zen, ez ikasle garaian, ez profesionaldu zenean, halako galderak egitera baino urrutiago iristen. Baina bere jarrerak ez zuen deus enfant terrible izateko gogotik, ez zen egoskorkeria: gutxi zekien poesiaz, ez zen bere generoa, iskin egiten zien poesia itzultzeko eskaintzei eta, poesiaren bat itzuli behar izaten zuen apurretan, seguruago sentitzeagatik ekiten zion testua ozenki irakurtzeari, ondo entzuteari. Ez zegoen beste misteriorik, ez zitzaion burutik pasatzen bueltaka ibiltzea irakurketa poetikoa edo intuizioa bezalako espresioen errotan. Hala iruditzen zitzaion, behintzat, Itzultzaile Dontsuari: ez zegoela beste misteriorik. Logikari guztiz arrotza zaion jarduntzat zeukan poesia. Eta poesiarik apenas itzuli izanaren atzean ez zegoen laburbildu dudan motiboa besterik, zeina baitzen irakurketa mentalaren logika errespetatzea. Hizkuntza batetik bestera testu baten berri emateko orduan, zer teknika zorrotzago irakurketa mentala baino? Bertan ez dago entzuten den hotsik, nahasiko gaituen ironiarik, nekez deszifratu daitekeen metaforarik. Hitzak beren biluzian, hori da irakurketa mentalak eskaintzen digun gardentasuna. Irakurketaren funtsa ez al da ba testuak interpretatzen jakitea? Hori irakatsi omen zioten Itzultzaile Dontsuari, originala errespetatzea eta ulergarritasuna oparitzea izan ditu, ia gaur arte, itzulpenaren langa eta helburu. Hotsik gabeko letren eskutik, metodikoa izatea eta zorroztasuna lortzea txanpon bakarra izan dira berarentzat.

Urteak aurrera, gero eta zurrunagoak izan dira Itzultzaile Dontsuaren lanak. Hotzagoak. Ohi bezala, kultura desberdinetatik ­–mundu-ikuskera ugarietatik­– zetozen haren itzulpenak, ez dute lan egiteko modua aldatu, baina, urteak aurrera eta pitinka-pitinka, grazia triste halako bat omen darie haren lanei, ez omen dute garai bateko pozik. Konturatzen hasita zeuden bere ingurukoak, konturatzen hasiak bere itzulpenen irakurle batzuk ere. Baina inork esaten ez txintik ere.

Eta premiarik ere ez.

EDADEAK EZ OMEN DU BARKATZEN, eta Itzultzaile Dontsua hasita dagoenez entzumena galtzen, horri egozten zion azken aldiko itzulpenen hoztasuna. Mentalki irakurtzen segitu zuen ia gaur arte, baina testu askok ez zuen garai batean izango zukeen gorputzik eta bizitzarik, kostatu egiten zitzaion isilik irakurritakoak lehen kolpean ulertzea, lagunen jardunak segitzea. Gero eta bakartiago sentitzen zen, penaren edo pozaren soinurik iristen ez zitzaion kapsula batean.

Bada urtebete ozenki hasi zelan irakurtzen, txikitan egiten zuen bezala gutxi-asko, hitzei eta esaldiei musika eta erritmoa emanez. “Euria ari zuen” irakurtze soiletik, euria ari duela sentitzera pasatu da. Ohartzen hasita dago gardenago prozesatzen duela testua; kolorea dariola zehaztasunari eta badariola mugimendua ere. Bizi osoan burutik pasatu ez zitzaiona ari zaio gertatzen: inoiz entzun ez zituen txoriak ari zaizkio kantari bere baitako baso zerratuan; zapiek eguzkia dute leihoetan; irakurketan entzundako hitzek berritasuna dute ostatu eta ez errutina.

Urtegi bat hezetasuna besterik ez zegoen tokian

Castillo Suarez

Cesanteseko portuan ezagutu nuen Marta Eloy Cichocka poeta eta argazkilari poloniarra, Galizian. Handik txalupa txiki batean joan ginen San Simoneko uhartera astebete pasatzera. Maletak utzi eta irla arakatzera joan behar genuela esan zidan. Niri beldurra sortzen zidan itsaso beltzak, isiltasunak, ezezaguna den guztiak. Marta hizlaria zen, irekia, ausarta seguruena nik gertu edukitzeko aukeratuko ez nuen pertsona bat urduri jartzen ninduelako; baina berak aukeratu nuen ni, eta nahita edo nahi gabe, uste dut betiko adiskide bat egin nuela ustekabean. Irlan hainbat poeta, sukaldari bat, zerbitzari bat eta segurtasunerako langile bat geunden. Hori izanen zen astebeterako nire unibertsoa. Gure eginkizuna, elkarren poemak itzultzea gaztelania zubi-hizkuntza hartuta. Tartean ginen Poloniatik Marta Eloy Cichocka bera, Suitzatik Jessica Zuan, Errumaniatik Corina Oproae, Estoniatik Kai Aareleid, Euskal Herritik ni neu eta Galiziatik Xabier Cordal, eta dena koordinatzen Yolanda Castaño poeta galiziarra. Aldez aurretik poemak itzulita geneuzkan, eta astebete horretan zuzenketak egitea zen gure eginkizuna; hori eta zalantzak erantzutea. Nik Fernando Reyren itzulpenak helarazi nizkien gainerako poetei aldez aurretik. Alde horretatik, lasai nengoen Reyren itzulpenekin noranahi joan zaitezkeelako. Nire testuak zuzentzea tokatu zitzaidanean, saiatu nintzen ahalik eta hobekien erantzuten galderak, baina Cichocka ez zegoen inoiz konforme. Neronek itzultzea eskatu zidan, itzultzaile automatikoak erabiltzen zituen, galderak egiten zituen etengabe. Une batez hezetasuna hitzean geratu ginen. “Nik urtegi bat ikusten dut hemen” bota zuen. Kontatzen hasi nintzen orduan Nafarroan Itoizko urtegia egin zutela duela hainbat urte, eta jende asko haurtzaroko paisaiarik gabe geratu zela. Tokien doluaz aritu ginen. Paisaia sentimentalaren garrantziaz. Kontatu nien behin maitatu nuela gizon bat, gortinarik ez zuela leihoetan dermio osoa zelako berea. Su hartu zuela bere jaiotetxeak eta etxe berria egin behar izan zuela. Baietz esan nion, urtegia zegoela poema horretan, ezkutuan. Izan ere, batzuetan bizi izandako lekuaren parte bihurtu garela ematen du. Edo beharbada gutako bakoitza leku bat da beste batendako.

Elur malutak

Castillo Suarez

Behin batean Alemanian egon nintzen astebetez itzulpengintza tailer batean. Plana ezin aproposagoa zen: Edenkobenen egotea astebetez sortzaileendako egoitza batean, mahasti artean. Nirekin batera Yolanda Castaño (galizieraz idazten duena), Rosa Berbel (gazteleraz), Maria Josep Escrivá (katalanez) eta Mario Martín Gijon (gazteleraz) aritu ziren. Nire lana izan zen astebetez nire poemak itzuli zituzten itzultzaileei laguntza eta aholkua ematea. Ezagutzen ez nuen sistema bat erabili zuten itzulpenetarako: lehendabizi bi itzultzailek (Raquel Pacheco Aguilar eta Lisa Schwesinger) testuak hartu zituzten eta modu gordinean itzuli, nolabait esateko literaturatasunari erreparatu gabe, soilik edukiari begiratuta. Itzultzaileek ez zekiten euskaraz, eta gaztelania erabili zuten zubi hizkuntza, kasu honetan, Fernando Reyren itzulpenak. Ondotik sei itzultzailek, aldi berean poetak zirenak (Alexandru Bulucz, Mara Genschel, Agnieszka Lessmann, Àxel Sanjosé, Tom Schulz eta Katja Lange-Müller), beste buelta bat eman zieten testuei, eta bakoitzak bere bertsioa egin zuen. Egun bakoitzean poeta batekin egon nintzen, eta ingelesez moldatzen ginen gure artean. Hala ere, batzuetan zaila egiten zitzaidan azalpenak ingelesez ematea. Horretarako beste bi itzultzaile genituen. Itzulpengintza ikasleak ziren, alemaniarrak, gaztelaniaz bazekitenak. Guztira 14 lagun aritu ginen poemak itzultzen, horiek guztiak Hans Tillen gidaritzapean.

Itzulitakoen artean bazen bi lerroko poema bat:

Elur maluta
Badira elur maluten gisakoak diren pertsonak.
Ederrak, hotzak, gu ukitutakoan desagertzen direnak.

Eta hona hemen bi itzulpen, erabat desberdinak:

Schneeflocken
Es gibt Schneiende, leicht und ganz flockig
warm und kalt, die uns berühren, die fortgeweht werden.
(Tom Schulz)

Schneeflocken
Manche Menschen sind wie Schneeflocken.
Schön und kalt. Sobald sie uns berühren, verschwinden sie.
(Agniszka Lessmann)

Harrigarria zen horren emaitza desberdinak atera izana. Eta politagoa izan zena, zeinen desberdin irakurtzen zituzten. Izan ere, nork bere interpretazioa egin zuen. Eta horixe da literaturak duen gauzarik ederrenetakoa, elur malutek ez dutela berdin gisan irintzen gure bihotza alegia.

Julien Vinson itzultzailea (1843-1926) eta Prokrustesen oheak

Gidor Bilbao Telletxea

Euskalari orok daki Julien Vinsonek euskal bibliografiari buruzko lan erraldoi oraindik erabili beharrekoa idatzi zuela, hain zuzen Essai d’une bibliographie de la langue basque (1891, 1898) ospetsua. Wikipedian hizkuntzalari moduan aurkezten da (ez bakarrik euskarazkoan, baita frantsesezkoan, katalanezkoan eta ingelesezkoan ere), eta zehazten da Indiako hizkuntzak (bereziki tamilera) eta euskara landu zituela. Eta esango nuke antropologiaren eta etnografiaren alorrean eginiko lana ere aitortzen zaiola (Julio Urkixok 1927an argitaraturiko ohar nekrologikoan eta Auñamendi Entziklopedian, behintzat). Georges Lacombek, 1927an Gure Herria aldizkarian argitaraturiko ohar nekrologikoan, azpimarratzen du Julien Vinsonek askotariko lanak idatzi zituela, askotariko alorretan: historia, folklorea, literatura, antropologia, bibliografia, filologia eta linguistika zerrendatzen ditu, askotarikotasunaren berri emateko.

Baina ez dut inon ikusi haren itzultzaile-lana aintzat hartu denik, hark eginiko itzulpen-lan batzuk aipatzen diren arren. Frantsesezko Wikipedian dagokion sarreran, bada Traductions atala, eta hiru itzulpen-lan aipatzen dira:

Hemen, euskaratik frantsesera eginiko itzulpenak aipatu nahi ditut: Le folk-lore du Pays Basque (1883) izen laburrarekin ezagutu ohi den liburuaz ari naiz, izan ere, funtsean, budisten eta djainisten elezaharrez osaturiko bilduman tamilerarekin bezalatsu, liburu honetan ere euskaraz bilduriko elezaharren, ipuinen, kantuen, asmakizunen, atsotitzen, koplen, pastoral-zatien… eta oro har ahozko literaturako adierazpen orotarikoen itzulpenak dauzkagu.

Esanguratsua da zein bildumatan argitaratu zen liburua: Les littératures populaires de toutes les nations. Traditions, légendes, contes, chansons, proverbes, devinettes, superstitions bildumako 15. liburukia da. Bilduma osoko izenburuak begiratzen baditugu, ikusiko dugu Euskal Herrikoak baino lehenago argitaratuak zirela Bretainiakoak, Antzinako Egiptokoak, Gaskoiniakoak, Korsikakoak, Pikardiakoak, Maurizio Uhartekoak… eta frantsesez bilduak ez direnean, beti jartzen zaiola arreta berezia itzulpenari eta itzulpena egiteko moduari.

Julien Vinsonek ere, bere hitzaurrean, beste ezertaz baino lehen, eta beste kontu batzuei buruz baino suhartasun kartsuagoz, itzulpenaz dihardu: “J’ai naturellement traduit directement sur le texte basque” (XIV. orr.). Zuzenean jatorrizkotik (kasu honetan euskaratik) itzuli ahal izatea ezinbestekoa dela uste du, eta funtsezkoa iruditzen zaio zehaztasuna. Ez ditu onartzen ez parafrasiak ―“les traductions fournies à M. Cerquand par ses collecteurs sont trop souvent de déporables paraphrases” (XIV. orr.)―, ez moldaketa edo egokitzapenak ―“Une traduction, pour être exacte, ne saurait être une adaptation, un arrangement” (XXXIV. orr.)―.

Pasarte luzetxoago bat ekarriko dut osorik:

J’ai traduit en effet, suivant mon habitude, aussi littéralement que possible; j’ai cherché à serrer le texte de près et, dans les poésies, à conserver les divisions originales. Je n’ai jamais admis le systéme qui consiste à habiller d’un français académique et guindé des pensées exprimées dans des langues étrangeres; à jeter sur le lit de Procuste du beau langage les productions nées au delà du Rhin, Des Alpes, ou des Pyrénées (XXXIII. orr.).

Ahalik eta modurik literalenean itzuli duela dio, jatorrizko testuari gertutik jarraitu diola, eta poemetan jatorrizko zatiketak gordetzen saiatu dela. Horretarako, ezinbestekoa iruditzen zaio uko egitea frantses apain eta akademikoari, ahozko literaturako testuen itzulpenetan frantses hori erabiltzea Prokrustesen ohea erabiltzea bezalatsu baita: luzeegia behar gabe laburtzea. Prokrustesen mitoaren Antzinateko bertsioetan, Gaio Julio Higinorenean (K.a. 64 – K.o. 17) adibidez, Prokrustesek bi ohe zituen:

Procrusten Neptuni filium. Ad hunc hospes cum venisset, si longior esset, minori lecto proposito reliquam corporis partem praecidebat; sin autem brevior statura erat, lecto longiori dato incudibus suppositis extendebat eum, usque dum lecti longitudinem aequaret. Hunc interfecit. (Hyg. Fabulae, XVIII, 3)

Prokrustes Neptunoren semea hil zuen [Teseok]. Prokrustesengana ostatu-hartzaileren bat iristen zenean, handia bazen, ohe laburra eskaintzen zion, eta kanpoan geratzen zitzaion gorputz-zatia mozten zion; altuera txikikoa bazen, ordea, ohe luzea eskaintzen zion eta ingudeen pisuaz tiraka eginda luzatzen zuen, ohearen luzera berdindu arte.

Dirudienez, zehaztasunaren izenean, Julien Vinson gehiago amorratzen zuen luzea laburtzeak laburregia behar gabe luzatzeak baino. Nolanahi ere, gure ustez, bildumaren helburuetarako, itzulpen onak egin zituen. Hona hemen bat, ia-ia ausaz hautatua (Vinson 1883: 209-210):

Kuku! miku!
Chorijak sasian umiak ditu!
Sagusarrak jango al ditu!
Sagusarra alkate:
Marijak bai gura leuke!
Coucou! Couvée!
L’oiseau a ses petits dans le buison!
La chauve-souris pourra les manger!
La chauve-souris est alcalde:
Maria le voudrait bien, oui!

Eta beste hau ez da ausaz hautatua, nik gaztetan (ikasle-garaian, o tempora!, o mores!) irakurritako Vinsonen lehenengo itzulpena baita. Jean Mekol Garindainekoak idatziriko Edipa pastoralaren 1793ko eskuizkribuaren edizioa prestatzen ari nintzen, eta hara non aurkitu nuen Azken Pheredikia Vinsonek frantsesera itzulia. Lehenengo bost bertsetak kopiatuko ditut hemen, euskarazko jatorrizkoak nire ediziotik hartuta, eta frantsesezkoak Vinsonen itzulpenetik (Vinson 1883: 338):

Haur duciela, populia,
goure trageria finitcen,
ceren eta niq beiteriot
coroua eçarten.
 
Badugu eçagutcia
etciratela satisfactu
eta suget miraculous haur
eztugula ounxa representatu.
 
Icoussy ducie pheça haur
miraculus cella cargaturiq,
sugurky merechy beiçukian
gu beno atur hoberiq.
 
Icoussy ducie erregue Laya
semiaq noula cian erho,
eta hanty landan
ama ezpoussatu guero.
 
Suittan hirour haur
amareky eguin cian,
eta bere beguiaq idoky
hilceko desertian.
Voici que vous avez, peuple,
notre tragédie terminée;
et je vais, moi, lui
mettre la couronne.
 
J’ai la connaissance
que vous n’êtes pas satisfaits,
et que ce sujet merveilleux
nous n’avons pas le bien représenté.
 
Vous avez vu que cette pièce
est chargée de merveilles;
sûrement elle aurait mérité
des acteurs meilleurs que nous.
 
Vous avez vu le roi Laius,
comment son fils l’a tué,
et en suite de cela
qu’il a épousé sa mère.
 
Puis trois enfants
il a fait avec sa mère,
et il s’est tiré les yeux
pour mourir dans le désert.

Halako itzulpenez osaturiko ia laurehun orrialdeko liburua idatzi duen gizona itzultzailea ere bada, ezta?

Kaierik ez duten bi ale

Fernando Rey Escalera

Estimatzekoa, eskertzekoa eta goraipatzekoa da Munduko Poesia Kaierak proiektua, eta, nola ez, haren bultzatzaileak.

Proiektuak, gutxienez, balio handiko bi osagai ditu: hari esker, batetik, munduko poeta handien obra irakurtzeko aukera ematen zaigu, pixkana-pixkana kanoneko poeta aunitzen poema sorta ederrak itzultzen ari baitira euskarara; bestetik, itzultzaile eskarmentudun zein hasiberri askori atea ireki zaie errekonozimendua duen idazle baten obra ekartzeko euskarara.

Niri ere egin zidaten eskaintza, eta, une hartan, baiezkoa esanik ere, itxoiteko esan nion Maialen Berasategiri, bestelako lanak bainituen esku artean, eta burua kezkaz aski betea.

Dena dela, Maialenek asmatu egin zuen eskaintza eginez, aspaldikoa baitut gustuko poemak euskarara ekartzeko zaletasuna.

Berriki, EIZIEk eskaini eta Maialenek berak martxoaren 12an gidatutako ikastaro batean, poemen itzulpen prozesuaz aritu ginen, gakoez, zailtasunez, erronkez. Eta gogoa piztu zitzaidan berriz. Ez diot heldu inongo lani, baina ohartua naiz aleka-aleka poema asko ditudala euskaratuak, noizbait neure barreneko zerbait ukitzen duten poemak itzultzeko bulkada sentitzen baitut tarteka.

Hemen dira haietako bi. Jatorrizkoa ere hemen da, inork konparaziorik (edo kritikarik edo hobetzeko proposamenik) egin nahi badu ere. Lehenbizikoa Bertalicia Peralta panamarrarena da, “La única mujer” izenekoa. Bigarrena, Eduardo Galeanorena da, eta “Nosotros” du izena.

LA ÚNICA MUJER
Bertalicia Peralta
 
La única mujer que puede ser
es la que sabe que el sol para su vida empieza ahora
la que no derrama lágrimas sino dardos para
sembrar la alambrada de su territorio
la que no comete ruegos
la que opina y levanta su cabeza y agita su cuerpo
y es tierna sin vergüenza y dura sin odios
la que desaprende el alfabeto de la sumisión
y camina erguida
la que no le teme a la soledad porque siempre ha estado sola
la que deja pasar los alaridos grotescos de la violencia
y la ejecuta con gracia
la que se libera en el amor pleno
la que ama
la única mujer que puede ser la única
es la que dolorida y limpia decide por sí misma
salir de su prehistoria.
 
 
EMAKUME GUZTIZKOA
 
Emakume honek baizik ez du iristen izana:
ongi dakiena orain ateratzen ari dela bere bizitzarako eguzkia;
malkorik isurtzen ez duena,
baizik eta bere lurraldearen hesia ereiteko azkonak;
erreguka ari ez dena;
bere iritzia esan eta, burua tentetuz eta bere gorputza inarrosiz,
lotsarik gabe goxoa dena eta, aldi berean, gogorra gorrotorik gabe;
mendekotasunaren alfabetoa desikasi
eta tente dabilena;
bakardadeari beldurrik ez diona beti egon delako bakarrik;
indarkeriaren uhuriei iskintxo egin
eta xarmaz bortizkeria suntsitzen duena;
maitasun bete-betekoan askatasuna erdiesten duena;
maite duena.
Emakume bat baizik ez daiteke izan emakume guztizkoa:
minberaturik ere, aratz, aske erabakitzen duena
bere historiaurretik ateratzea.

___

NOSOTROS
Eduardo Galeano
 
Nosotros
tenemos la alegría de nuestras alegrías.
Y también tenemos
la alegría de nuestros dolores.
Porque no nos interesa la vida indolora
que la civilización del consumo
vende en los supermercados.
Y estamos orgullosos
del precio de tanto dolor
que por tanto amor pagamos.
Nosotros
tenemos la alegría de nuestros errores,
tropezones que muestran la pasión
de andar y el amor al camino,
tenemos la alegría de nuestras derrotas.
Porque la lucha
por la justicia y la belleza
valen la pena también cuando se pierde.
Y sobre todo tenemos
la alegría de nuestras esperanzas
en plena moda del desencanto,
cuando el desencanto se ha convertido
en artículo de consumo masivo y universal.
Nosotros
seguimos creyendo
en los asombrosos poderes
del abrazo humano.
 
 
GUK
 
Guk
geure pozen poza daukagu.
Bai eta gure minen poza ere.
Ez zaigulako interesatzen
kontsumoaren zibilizazioak
supermerkatuetan saltzen duen
bizitza oinazegabea.
Eta harro gaude
hainbesteko maitasunagatik
ordaintzen dugun
min handiaren prezioaz.
Guk
gure okerren poza dugu,
estropezu horiek
ibiltzeko grinaren eta
bideari diogun maitasunaren
adierazgarri direlako.
Gure porroten poza dugu,
justiziaren eta edertasunaren
aldeko borrokak
merezi duelako frakasatuta ere.
Eta, desilusioa puri-purian dagoen garaian,
desilusioa jende guztiaren
kontsumo-gai bihurtu den honetan,
gure esperantzen poza dugu batez ere.
Guk
gizon-emakumeen besarkadaren
ahalmen harrigarrietan
jarraitzen dugu sinesten.

“Maitearen erretratua egiteko” (Itzulpen desleial bat)

Itziar Otegi Aranburu

Ilobak eman zidan ideia. Edo, hobeto, haren euskara-irakasleak. Sukaldeko mahaian eserita aurkitu nuen behin iloba, etxeko lanak egiten. Poema ezagun bat hartu, eta, haren moldea baliatuz, beste bat sortu behar zuten. Oso interesgarria iruditu zitzaidan prozedura, hizkuntzarekin jolasteko bide emankorra, idazketa-lantegietan erabiltzeko aproposa.

Rodariren Fantasiaren gramatikan hizkuntzarekin jolasteko hainbat prozedura biltzen dira. Adibidez, alegiak kalkatzearena. Alegietatik urrun egon arren, Rodarik Joyceren Ulises jartzen du adibide, nola baliatzen duen Homeroren Odisea bere obra eraikitzeko koordinatu fantastikoen sistema konplexu gisa.

Laburragoan, egunotan irakurtzen ari naizen Gracias por la compañía ipuin-bilduman Lorrie Moore estatubatuar idazleak ezusteko atsegina eman dit, erreferentziakotzat daukadan –eta inoiz blog honetan aipatu izan dudan– Nabokov-en Signs and symbols ipuinarekin jolas egiten duen istorio batekin egin baitut topo ezustean: Referencial.

Beste adibide ezagun bat Joe Brainard-en I remember da, 1970ekoa. Molde horri jarraituz, Georges Pérec-ek Je me souviens ondu zuen 1978an. Gurean, Joseba Sarrionandiak Akordatzen sortu zuen 2004an, bide beretik. 2013an, Elearazi blogean, Danele Sarriugartek Akordatzen naiz (I) eta Garazi Arrulak Akordatzen naiz (II) sarrerak idatzi zituzten. Eta duela gutxi, 2022an, Aritz Galarragak Gogoan dut argitaratu du.

Atzera etxeko sukaldearen eskalara itzulita, Jacques Prévert-en poema bat hartu dut nik abiapuntu: “Pour faire le portrait d’un oiseau”, Paroles liburukoa. Susaren webgunean badaude Préverten zenbait poema, Mayak, Joseba Sarrionandiak, Julen Lekuonak edo Koldo Izagirrek euskaratuak, baina hura ez dut aurkitu, eta, behingoagatik, itzulpengintzan sakratua den jatorrizkoarekiko leialtasun-mandamentua bazter utzi eta aske aritzeko agindua eman diot neure buruari. Jolas honetan, jatorrizkoaren formari lotu natzaio, eta zenbait efektu gordetzen saiatu naiz, egokitzapena –edo ordezkapena– baliatuta; alegia, itzulpenetik guztiz urrundu gabe, nolabait.

Rodariren Gramatikan badago beste prozedura interesgarri bat: Zer gertatuko litzateke baldin eta…? Hortik ere joan liteke kontua. Izan ere, auskalo; Prévertek Artze irakurri izan balu, edo Laboa entzun, edo Istanbuleko txori-gizonak ezagutu, agian holako zerbait idatzi izango zukeen…

Maitearen erretratua egiteko
margotu lehenik ohe bat
goiko izara alde batean tolestuta
gonbidapen isilean
margotu gero
zerbait polita
zerbait soila
zerbait ederra
zerbait erakargarria maitearentzat
jarri hurrena oihala leku egokian
taberna batean
bulego batean
edo zinemarako ilaran
ezkuta zaitez atzean isilik
ezer esan gabe
zirkinik egin gabe
batzuetan maitea azkar azaltzen da
baina litekeena da urteak igarotzea
azaltzera deliberatu aurretik
ez etsi
itxaron
itxaron, behar bada, urte luzez
maitea arin edo astiro iristeak
ez baitu loturarik
margoaren azken emaitzarekin
 
maitea azaltzen denean
azaltzen bada
gorde isiltasun erabatekoa
itxaron ohean sartu arte
eta barruan denean
margotu artez izterrak oheari lotzen dizkion kate bat
eta gero
ezabatu banan-banan katebegi guztiak
kontu eginez maitearen larruazala ez ukitzeaz
margotu ondoren dekoratua
burdina forjatuzko oheburu eta guzti
zure maitearentzat
margotu baita ere zetazko izara berrien usain aratza
larruazal estreinakoz laztanduaren ikara
errai asetuek botatzen duten hasperena
itxaron gero ea maiteak lo hartzen duen
maiteak ez badu lo lasai hartzen
seinale txarra da
margoa txarra den seinale
baina lo hartzen badu seinale ona da
sina dezakezun seinale
orduan, poliki, egiozu maiteari zauri on bat
eta haren odol gorriaz
idatz ezazu zure izena margoaren bazter batean.

Pedro Lemebelen omenez

Iñigo Satrustegi Andrés

Aste honetan bete dira 9 urte Pedro Lemebel idazle eta aktibista maritxu txiletarra hil zela. Doala hemendik gure omenaldia haren manifestuaren itzulpen saiakerarekin. Nire berezitasunetik mintzo naiz poema (edo) 1986koa da, eta, Pinocheten diktadurapean, ezkerreko zenbait agintarik egin zuten bilera klandestino batean performatu zuen.

Esteka honetan duzue jatorrizko bertsioa.

Ez naiz Pasolini kontu eske
Ez naiz Ginsberg Kubatik kanporatua
Ez naiz poetaz mozorrotutako marituxa
Ez dut mozorroen beharrik
Hauxe da nire aurpegia
Nire berezitasunetik mintzo naiz
Naizen hau defendatzen dut
Eta ez naiz hain berezia
Justiziak niri bost
Eta dantza demokratiko honi susmoa hartu diot
Baina ez etorri niri proletarioen kontuekin
Pobrea eta maritxua izatea okerragoa delako
Garratza izan beharra dago jasan ahal izateko
Izkinako matxitoak pikutara bidaltzea da
Semeari hanka okertu egiten zaiolako
gorroto zaituen aita bat da
Gaixo zaudenean
garbitasunak zaharkitutako
amaren esku lehorrak altzoan
Ohitura txarrak direla eta
Zoritxarra dela eta
Diktaduraren moduan
Diktadura baino okerrago
diktadura amaitu egiten baita
eta demokrazia datorrelako
eta atzetik dator sozialismoa
Eta orduan?
Zer egingo duzue gurekin lagun?
Txirikordak fardoetan lotuko al dizkiguzue
Kubako ihesdun etxe batera bidean?
Inora ere ez doan tren batean sartuko gaituzue
Ibañez generalaren ontzian bezala
igerian ikasi genuen horretan bezala
baina bakar bat ere ez ginen kostara iritsi
eta horregatik itzali zituen Valparaisok bere argi gorriak
Horregatik carambako etxeek
eskaini zieten malko beltz bat
karramarroek jandako ogi pusketei
Giza Eskubideen Batzordeak urte hura
ez du gogoan
horrexegatik lagun honako galdera hau
Existitzen al da oraindik propaganda erreakzionarioaren Siberiako trena?
Nire ahotsa goxoegi bihurtzen denean
Zuen begi ninietatik pasatzen den tren hura
Eta zuk?
Zer egingo duzu haurrak gineneko oroitzapen horrekin
Cartagenako oporraldian
elkarrekin masturbatzen eta jolasten ginenean?
Zuri beltzean izango al da etorkizuna?
Gaueko eta lan egunetako denbora
anbiguotasunik gabe?
Ez al da maritxuren bat egongo izkinaren batean
gizon berriaren etorkizuna kolokan jartzen?
Utziko al diguzue hegaztiak brodatzen
herri libre honen banderan?
Fusila zuri utziko dizut
odol hotzekoa zarenez
Eta ez da beldurra
beldurrik ez dut jada
labanak zorroztu baititut
ibili naizen sexu sotoetan
Eta ez ezazu sentitu eraso egiten ari natzaizunik
gauza hauetaz mintzo banaiz
eta hankartea begiratzen badizut
ez naiz hipokrita
Ez al dizute emakumeen bularrek
begirada jaitsarazten?
Ez al duzu uste
mendian bakarrik
zerbait okurrituko zitzaigula?
Nahiz eta gero nire burua gorroto dudan
zure moral iraultzailea usteltzeagatik
Bizitza homosexualizatuko ote den beldur zara?
Ez naiz ari sartzeaz eta ateratzeaz
eta ateratzeaz eta sartzeaz bakarrik
Goxotasunaz ari naiz lagun
Zuk ez dakizu
zenbat kostatzen den maitasuna topatzea
baldintza hauetan
Zuk ez dakizu
legenar honen zama eramatea zer den
Jendea ez da hurbiltzen
Jendeak ulertu egiten du eta dio:
Maritxua da baina ongi idazten du
Maritxua da baina lagun ona da
Super-ongi-dago-dena
Ni ez naiz dena ongi dago horietakoa
Mundua onartzen dut
Dena halako ongi egoteko eskatu gabe
Baina berdin egiten dute irri
Irrien orbanak ditut bizkarrean
Ipurdietan pentsatzen dudala uste duzu
eta CNIren lehenengo torturekin
dena askatuko nuela
Ez dakizu gizontasuna
ez nuela sekula kuarteletan ikasi
Nire gizontasuna gauak erakutsi zidan
zutoin baten atzean
Harrotzen zaituen gizontasun hori
erregimentuan sartu zizun
militar hiltzaile batek
boterean diren horietako batek
Nire gizontasuna ez nuen alderdian jaso
irriz ukatu baitzidaten
askotan
Nire gizontasuna urte gogor haietan
parte hartzen ikasi nuen
eta nire marikoi ahotsaz barre egin zuten
oihu egiten nuenean: Eta eroriko da, eta eroriko da
Eta gizon batek bezala oihu egiten baduzu ere
ez duzu joaterik lortu
Nire gizontasuna mozala izan zen
Ez zen izan estadiora joan
eta Colo Cologatik ukabilka aritzea
Futbola ezkutuko beste homosexualitatea da
boxeoaren, politikaren eta ardoaren moduan
Nire gizontasuna izan zen burlak irenstea
amorrua jatea mundu guztia ez hiltzeko
Nire gizontasuna da desberdina naizela onartzea
Koldarra izatea askoz gogorragoa da
Nik ez dut beste masaila jartzen
Ipurdia jartzen dut lagun
Eta hori da nire mendekua
Nire gizontasunak lasai espero du
matxoak zahar bihurtuko diren eguna
honezkero alderdian
ezkerrak txirikordatzen duelako bere ipurdi zimela
parlamentuan
Nire gizontasuna zaila izan zen
horrexegatik ez naiz tren honetan igoko
jakin gabe nora doan
Ni ez naiz marxismoagatik aldatuko
hainbestetan ukatu ninduen horrengatik
Ez dut aldatzeko beharrik
Zu baino iraultzaileagoa naiz
Ez naiz aldatuko soilik
pobreak ta aberatsak direla eta
Ez nintzen atzo jaio
kapitalismoa bidezkoa ez delako ere ez
New Yorken maritxuek elkar musukatzen dute kalean
Baina parte hori zuretzat utziko dut
hain interesekoa baitzaizu
iraultza guztiz usteldu ez dadin
Mezu hau zuretzat
Ez da nigatik
Ni zaharra naiz
eta zure utopia, etorkizuneko belaunaldientzat
Asko dira hego bat hautsirik
jaioko diren umeak
Eta nik hegan egin dezaten nahi dut lagun
zure iraultzak
eman diezaien zeru gorri zati bat
hegan egin dezaten