Itzultzaileon osasun mentala eta ongizatea

Josu Barambones Zubiria

Eta itzultzaileok psikiatra edo psikologo baten eskuetatik pasatuko bagina, zein litzateke diagnostikoa? Burnout delako sindromeak jota geundeke, akiturik eta gogogabeturik, hau da, erreta, estresaturik lanez lepo egoteagatik eta epeekin ezin buruturik? Antsietatearen zurrunbilo halako baten erdian jira eta bira genbiltzake egin genitzakeen akatsen beldur? Buru-nahasmenduren bat diagnostikatuko ligukete, etsipena, berbarako, adimen artifizialak ekarri duen etorkizun ziurgabea dela eta? Ametsa galaraziko ligukeen kezka edo arduraren bat edirenen ligukete gure burmuinen zirrikiturik sakonenean? Gure autoestimua hondoa jotzear legoke jasotzen ditugun ordainsari eskasengatik eta gure lanak duen oihartzun xumea dela eta?

Horiek guztiak hipotesiak baino ez dira, eta jolas erretoriko gisa ekarri baditut ere, uste dut gure lanbideak badituela berezko zaizkion gaixotasun batzuk. Itzultzea psikologikoki zaila den prozesu mentala da, berekin dakarrena hizkuntza- eta kultura-arazoak konpontzea eta erabakiak etengabe hartzea. Itzulpen lana egiteko adimen instrumentala behar da, hain justu ere beharrezkoak diren trebetasun profesionalak bereganatu eta behar bezala erabiltzeko, baina adimen profesionalaz gain, adimen emozionala ere txit garrantzitsua da, hau da, emozio negatiboak gainditu eta hain positiboak ez diren lan-egoerei aurre egiteko adimena.

Gure lanaren izaera bakartiak ere gure osasun egoera larriagotu dezake. Itzultzea bakardadea da, itzultzailea, idazlea bezala, bakardadera kondenatua dago. Itzulpen lana nork bere gelako edo bulegoko bakardadean egin behar duen lana da, norberak hartu behar ditu erabakiak eta erabaki horien zama pisutsuegia gerta daiteke. Hau idazten ari nintzenarekin batera, Felipe Juaristiren Idia mihian liburuan gure lanbideari aplika dakiokeen pasarte honekin egin dut topo, nahiz eta bera hutsegitearen sentimenduaz ari den (36. or.): “Betiere hautatzea giza ibilbidea bada, hautaketa horrek, maiz, huts egin izanaren egiaztapena ekarriko du berarekin. Ezer gutxi dira askatasuna eta hautamena, azkenean askatasuna eta hautamena erabiliz, hautaketa horren ondorio saihetsezina okerra bada”. Azken baten, aho biko ezpatak dira askatasuna eta hautamena: itzultzaile gisa erabakiak hartzeko dugun askatasun horrexek eroan gaitzake erabaki okerrak hartzera, eta okertzeko dugun aukera horrek, batzuetan gehiegizko ardura izan daitekeenak, estresa sor dezake eta estresa antsietate bihur daiteke. Orobat, izaera bakarti horrek gizartetik isolatu eta errealitatetik aparte bizi izatera bultza gaitzake (guztiarekin ere, nik uste, idazleek baino alkohol eta antsiolitiko gutxiago kontsumitzen dugu, aldian behin arima alderrairen batek edo bestek bizio galgarri horietakoren batean erortzeko tentazioa izan dezakeen arren).

Osasun mentalaren arazoa aspaldi dabilkit ganbaran bueltaka, bereziki egin behar izan ditudan azken enkarguetan itzulpen lana bainoago zuzenketa lana egin behar izan dudalako. Izan ere, makinak itzulitako ikus-entzunezko testu batzuk zuzentzea egokitu zait azken hilabeteotan eta, egia esan, lan mota horrek nire autoestimua gizendu beharrean, ahuldu egin du. Aitortu behar dut halako sentsazio bat ez dudala bizi izan bestelako itzulpenak egin ditudanean: nire hasierako urteetan itzulpen juridikoak eta itzulpen literarioak geroago. Beraz, pentsatzen jarri nintzen ea zer arrazoi egon zitekeen halako sentsazio negatiboak sentitzeko maite dudan lan bat egiten. Pentsamenduen mataza harildu ahala, nire motibazioaren kontra jokatzen duten lau arrazoi aurkitu ditut: posteditatzea, ordainsaria, lan antolakuntza eta itzulgaiarekiko nire interes exkaxa.

Lehenik, nire burua ez dago prestatua postedizio lana egiteko, sorkuntza nahiago du eta, horregatik, nire barnean badago zerbait posteditatzeari uko egiten diona, bereziki baldin badakit makina batek egindako erdipurdiko itzulpen bat zuzendu behar dudala. Halako enkarguen aurrean nire motibazioa oso txikia da eta kontzientea naiz motibazioa txikia izateak baduela eraginik lanaren emaitzan. Bigarrenik, posteditatzeagatiko ordainsaria txikiagoa izateak modu negatiboan eragiten die motibazioari eta itzulpenaren kalitateari, ordu gutxiago eskaintzen diozulako (diodalako) lan mota horri eta norberaren aldez aurretiko jarrera ez delako egokiena lan bati ekiteko. Gainera, buruak kontraesan bat ikusten du hor, oso modu negatiboan jokatzen duena: bezeroen aldetik bikaintasuna eskatzen zaigu egiten ditugun itzulpenekiko, baina ordaina ez da horren bikaina. Hirugarrenik, lan antolakuntzarekin lotutako beste alderdi batzuek ere berebiziko garrantzia dute adimen emozionala zaintzeko orduan. Itzultzaile komunitate bat ondoan duzula jakitea positiboa da oso, baina bezeroekin apenas harremanik izateak ez du asko laguntzen. Ildo horretan esango nuke bezeroen feedbacka izatea noraezekoa dela norberaren lana babestu eta balioesteko. Baina zure bezeroa Indian badago, orduan harremanak behar-beharrezko kasuetara bakarrik mugatzen dira. Ezin ahaztu, baita ere, bezeroarekin harreman zuzena izatea funtsezkoa dela, besteak beste, itzulpenak entregatzeko epeak finkatu eta, behar izatera, luzatzeko, lanaren bolumena adosteko eta lana ordaintzeko. Baina ohartzen zarenean haien makineriaren beste pieza bat baino ez zarela, orduan aurrera ez jarraitzeko gogoa sartzen zaizu. Lan antolakuntzarekin lotua badago beste alderdi bat seko flipatuta, estonatuta naukana: agentzia batzuek itzulpen lan bat eskaintzeko orduan, email masiboak bidaltzen dizkiote hamaika itzultzaileri, eta lehenago erantzuten duenak lortzen du lana, lana egiteko prestatuago egon ala ez edo egokiagoa izan ala ez. Azkena baina ez herrena, itzuli behar dudan testuarekiko dudan konplizitate ezagatik, dela gaiagatik dela produktuaren kalitate zinematografiko kaxkarragatik.

Unibertsitatean itzultzeko trebetasun profesionalak garatzeko adimena lantzen saiatzen gara, eta albo batera uzten ditugu adimen emozionala lantzeko teknikak. Agian egokia litzateke ikasleekin estrategia metakognitiboak ere lantzea lanbideak sor diezaiekeen antsietateari aurre egiten gai izan daitezen. Nire itzultzaile-eskarmentuak diost adimen emozionala adimen instrumentala bezain inportantea dela, osasun mentala eta ongizatea garrantzitsuak direlako itzulpen lanaren kalitatea ziurtatzeko. Gogo-aldarterik hoberenean egotea funtsezkoa da edozein lan ondo egiteko. Azken finean, bi adimenak baitezpadakoak dira itzulpena eraginkortasunez eta bikaintasunez egin ahal izateko, horrela bakarrik aurkituko baititu gure buruak behar dituen atsedena eta sosegua.

Itzultzaile-interpreteak eta euskararen normalizazioa (II)

Lamia Filali-Mouncef Lazkano eta Patricia Jorge Kuartango

Aurreko blog-sarreran proposamena egin genuen euskararen normalizazioaren eta euskararako itzultzaile, zuzentzaile eta interpreteon (IZIon) lanaren arteko intersekzioaz hausnartzeko, eta pentsatzeko ea zein izan beharko litzatekeen gure rola, paradigma hain azkar aldatzen ari zaigun honetan. Hausnarketa horretan murgilduz, gure gaurko proposamena euskararako IZIon lanaren egoerari buruz aritzea da, nola heldu garen honaino eta non gauden labur bat.

Hasteko, euskarara itzultzeko, zuzentzeko eta interpretatzeko lan ordaindu eta profesionala, euskara teknikari lana bezalaxe, 80ko hamarkadan jaio zela pentsa daiteke, normalizazioak bultzada bat hartu zuenean, eta hari esker garatu dira bi lan-motak azken 40 urteotan, zuzenean zein zeharka. Zentzu horretan, ezin da ulertu euskal IZIon lana euskararen normalizaziorik gabe. Herrigintzaren aldarrikapenen eraginez ehundu zen lanbide gisa, eta hari esker soilik mantendu ahalko da eraso erreakzionarioaren aurrean, gure ustez.

Era berean, alderantziz ere hausnarketa antzekoa dela pentsa genezake. Alegia, baieztatu daiteke ezagutzen dugun euskararen normalizazioa, hizkuntzaren biziraupena bermatu duena[1], itzulpengintzarik gabe nekez gertatuko zela[2] [3].

Guztion mingainetan dagoen euskara batua bera sortzeko, testu zaharretan oinarritu ziren, eta haietatik erdiak baino gehiago itzulpen aitortuak ziren [ibid., 109. or.]. Hiztun arruntari heltzen zaizkion lexikografia lan erabilienetakoek eta itzulgailu automatikoek itzulpenak izan dituzte abiapuntu. Belaunaldi oso batentzako jabekuntza-akuilu izan ziren marrazki bizidunak itzulpenak ziren. Agian aztertuena eta partekatuena literatur sistemari egindako ekarpena izan liteke, baina ez dugu uste arlo bakarra denik. Horrez gain, euskaraz dagoen testu-masa ez-informalaren ehuneko handi bat itzulpengintzak sostengatzen duela pentsa daiteke (hots, euskara planek), alde batera utzita gehienbat euskaraz funtzionatzen duten kulturaren, hedabideen eta hezkuntza munduaren eremuak. Izan ere, entitate elebidunetan, hizkuntza-norabidea, ia beti, gaztelaniaz/frantsesez sortzea eta euskaratzera bidaltzea izaten da.

Finean, gure ustez itzulpengintza eta horrekin loturiko lanbideak (IZIak) gako izan dira normalizazio deituriko aldaketa soziala martxan jartzeko, eta oraindik trakzio-indar nahikorik ez duen esparruetan hura sostengatzeko. Itzultzea bera erabilera berri horietara ohitzeko entrenamendua da.

Printzipioz, biziberritzea martxan delarik, espero izatekoa da hiztun komunitatearen itzulpengintzarekiko mendekotasuna pixkanaka murriztea, itzulpen-norabideak gehiago orekatzea, eta hiztunek eurek produzitzea behar dituzten materialak, horretarako erabilera-aukerak izanik. Irakaskuntzan hobekuntza ikus daiteke, euskararen normalizazioari dagokionez hizkuntzaren transmisioan jarri zirelako indarrak. Baina, gure ustez, gainerako erabilera-esparru gehienetan ez da hori gertatzen ari, eta, 40 urteren ondoren, makulu-egoera egonkortzen ari da. IZIak, euskara teknikariak eta euskara batzorde boluntarioak aritu dira esparru horietan biziberritzea sostengatzen, hein handi batean. Pentsa daiteke orain makinek sostengatzea aukera gisa ikusten ari dela jende asko, lanaren eta ekarpenaren ikusezintasuna dela bide, agian.

Horratx, gure ustez, nola heldu garen honaino.

Eta orain, berriz, geldotze-zantzuak daude, egunero bizi ditugu: normalizazioak, emakumeek bezalaxe, kristalezko sabaia du, egiturazko ezintasun eta asimetria bortitzak[4]. Garaiotako adibide pare bat baizik ez aipatzearren, eta administrazioetara mugatuta, nabarmentzekoak dira eskasagoak direla kontratatzen diren itzulpen- eta interpretazio-zerbitzuen lan-baldintzak, itzulgailu automatikoa zabaldu zela itzulpen-politika integralik zein normalizazio-prozesuari nola eragingo zion aurreikusi gabe, etab.

Gure sektorean antzematen ditugun ezinak, hortaz, ez dira gertaera isolatuak: gure iritziz, euskararen normalizazioaren geldotze-fasearen zantzuak dira, eta ikuspegi zabalago batetik, eraso erreakzionario baten sintoma. Geldotze hori galera bihurtu ez dadin, lehen urratsa premiak izendatzea izan liteke, elkarren lana ezagutzea eta balioestea, eta elkarlanean aritzea. Hau da, subjektu pasibo izatetik subjektu aktiboago izatera igarotzea.

Azkenik, garrantzitsua iruditzen zaigu IZIok hizkuntza politika eta plangintzari dagozkion erabaki-esparruetan egotea, bai arlo publikoan zein pribatuan, baita militantzian ere: lan-ildoak finkatzerakoan gure aletxoa jartzeko; egoerei eta ekimenei aurrea hartzeko, gero anabasak konpontzen ibili ordez; gure lana ezagutzera emateko eta duen balioa aitor diezaioten…

1960ko hamarkadako pizkundeak ekarri gaitu hona ―mundu mailako 1968ko olatuak gurean hartu zuen txinpartak[5]―, hori gabe euskara ez baitzen XXI. mendera iritsiko. Euskara kontrakulturarekin lotzen zen[6], etorkizunarekin. Orain geldotze-fasean gaude, eta bi aurrebaldintza behar ei dira horri buelta emateko[1]: egoeraz jabetzea, eta estrategia berriak marrazten hastea. Guk gaurkoan lehenengoari heldu nahi izan diogu, geuretik, eta azken blog-sarrerarako utziko dugu bigarrenari egindako ekarpen xumea.


[1] Goikoetxea, G., & Iurrebaso, I. (2025). Esnatu ala hil. Euskararen oraina eta geroa, diagnostiko baten argitan. Txalaparta.

[2] Belmar, G. (2017). The Role of Translation in the Revitalization Process of Minority Languages: The Case of Basque. Sustainable Multilingualism, 10 (1), 36–54. https://doi.org/10.1515/sm-2017-0002

[3] Mendiguren Bereziartu, X. (1993). Incidencia de la traducción en la normalización lingüística del Euskara. Livius, 4, 107–115.

[4] «2021eko Inkesta Soziolinguistikoa oinarritzat hartuta, honakoak dira erabilera-aukerak:

  • Bost harremanetik lauk erdarazkoak izan behar dute, mintzakide batek behintzat ez dakielako euskaraz: erlazioen % 80.
  • Kontrakoa, harremana derrigor euskaraz izan beharreko ehunekoa ezdeusa da erabat: % 1.
  • Tartean, euskara eta erdara aukeran leudekeen egoerak, bostetik bat: % 19.

Horra, beraz, euskararen erabileraren bi mugak: gutxienez % 1, gehienez % 20. Goiko muga hori gainditzeko, bi baldintza hauetako bat beharko litzateke: erdaldunek euskara ikastea, edo euskaldunak elkarrengana gehiago biltzea, harreman-sareak linguistikoki trinkotzea. […] Bi kopuru horien artean, hau da erabilera aitortuaren batez besteko datua, iturri berberaren arabera: % 17. Hots, erabilera askoz gertuago dago goiko muga posibletik, behekotik baino» (Iurrebaso & Goikoetxea, 2025: 84-85).

[5] Atutxa Ordeñana, I. (2022). Barbaroak eta zibilizatuak. Euskal gatazken eskuliburu materialista. Txalaparta.

[6] Beitia Zabala, I. (2025). Euskararen normalizazio prozesuaren azterketa: Lautadako Kuadrillako kasua. EHU.

Teknologia eta magia

Itziar Otegi Aranburu

Arthur C. Clark zientzia-fikzioko idazleak hiru “lege” eman omen zituen bere bizian. Hirugarrena da ezagunena: Behar bezain aurreratua den teknologia oro magiatik bereizezina da.

Nago adimen artifizial izendapen badaezpadako horren atzean dagoen teknologia, edo teknologia multzoa, sarritan parekatzen dela magiarekin, nolabait magiaren parekotzat aurkezten ―edo hartzen― dela. Izenak berak iradoki nahi luke halako zerbait, gizakiak sortua dela, artifizialki, baina giza esku-hartzerik gabe dabilela, bere kasa. Itzulpen automatiko izendapenak ere hori ematen du aditzera: automatikoki funtzionatzen duela, botoi bati emanda.

Eta, egia esan, hala dirudi. Botoi bati eman, edo agindu batzuk, eta hortxe azaltzen da, magiaz bezala, testu bat, edo irudi bat, edo itzulpen bat, lehen ezer ez zegoen tokian. Istant batean abiapuntutik helmugara iritsi bagina bezala da, baina bidean batere nekatu gabe. Hori egiten baitigu adimen artifizialak, bidea aurreztu, edo bidea ebatsi, nola begiratzen den.

Automatikotzat jotzen den horretan, baina, ezinbestekoak dira giza eskua eta adimena, fase guztietan, hasi hastapenean garatzen hasi ahal izateko beharrezkoa duen input ―jakintza eta lan kolektibo metatu― guztiarekin, eta buka ematen duen output horren gainbegiratze eta zuzenketarekin, tartean ahaztu gabe programatzaile, garatzaile eta beste diziplina askotako adituen adimena, eskarmentua eta lana, nahiz eta batzuek, eskujokari eta ilusionistek beren trikimailuak nola, ezkutatu egin nahi lituzketen tartean diren beste esku guztien eginak, erabiltzaile oharkabeari sentiarazteko botoiari ematen dionean makinak egiten duena magia dela.

Botoi bati ematea erraza den arren, magiatik gutxi du kontuak. Mark Coeckelbergh-ek, Ética de la inteligencia artificial[1] liburuan, honako hau dio datuen zientziaz eta deep learning edo ikasketa sakonaz ari delarik:

Los errores siempre son posibles, y la elección humana, el conocimiento y la interpretación son cruciales. Los humanos son necesarios para interpretar de manera significativa y dirigir la tecnología hacia la búsqueda de diferentes factores y relaciones. Como subraya Boden (2016), la IA carece de nuestra comprensión de la relevancia. Se debería añadir que también carece de entendimiento, experiencia, sensibilidad y sabiduría. Este es un buen argumento en defensa de la idea de que en teoría y en principio deben estar involucrados los humanos. Pero también existe un argumento empírico a favor de la inclusión humana: en la práctica, los humanos están involucrados. Sin los programadores ni los científicos de datos, la tecnología, simplemente, no funciona. Además, la experiencia humana y la de la IA a menudo se combinan, por ejemplo, cuando un médico acepta una terapia contra el cáncer sugerida por una IA, pero también por su experiencia y su intuición de especialista.

Aurrerago, ahanzturan utzi ohi diren beste langile batzuk aipatzen ditu, hala nola adimen artifizialak funtzionatzeko beharrezkoak dituen ―eta gutxitan bistaratzen diren― euskarri fisikoak egiteko mineralak erauzten dituztenak, hondakin elektronikoez arduratzen direnak, edo adimen artifiziala trebatzen dutenak; besteak beste, “mehatzetako langileak, itsas garraiolariak edo klikaren langileak, datu multzoak etiketatzen dituztenak”. Esaldi biribil batekin ixten du auzia egileak: “Si se deja fuera la intervención humana, las cosas pueden salir mal, carecer de sentido, o simplemente, resultar ridículas”.

Itzulpenaren arlora etorrita, erraz arrazoitu daiteke gauzak antzera direla hor ere: itzulpen automatizatua gainbegiratze eta zuzenketarik gabe ematen denean, esaterako, gauzak gaizki atera daitezke, zentzugabeak izan, edo, besterik gabe, barregarriak. Ez noa adibideak jarrita anekdotan erortzera. Ez dago beharrik, egunero ikusten dugu, nork bere lanean, eta askotan hitz egin da horretaz blog honetan. Berriki, adibidez, Maite Imazek[2] ITZULBIDE tresnari buruz idatzi zuen, zeina Osakidetzan mediku-txostenak euskaratik gaztelaniara itzultzeko erabiliko den batez ere. Honela amaitzen zuen Maite Imazek bere testua:

Pentsatzen dut medikuntzako profesional euskaldunek euskaraz sortutako txosten klinikoak ez dituztela besterik gabe euskara hutsez gordeko ordenagailuan; hori egin aurretik emango diotela botoiari eta ziurtatuko dutela gaztelaniara egindako itzulpena zuzena dela, geroago etor daitekeen mediku erdaldunak uler dezan.

Maite Imazek ziurtatze-lan horretan oinarritzen zuen bere konfiantza ITZULBIDEren segurtasunean:

Euskaraz sortzen dugunok gaztelaniaratzeko itzultzaile automatiko neuronalak erabiltzen ditugunean ez gara botoi bati sakatuta konformatzen; zuzendu edo posteditatu egiten dugu. (…) ziurtatuko dugu testu biek gauza bera esaten dutela, jatorrizkoan esaten den guztia esaten dela itzulpenean, eta itzulpenean ez dela jatorrizkoan azaltzen ez denik esaten.

Nik neuk irudipena dut, itzulpen automatizatuaz hitz egiten denean, iristen den mezua ez dela izaten “Tresna ona da, baina itzulpen egokiak eta desegokiak tartekatzen ditu; hau da, itzulpen onen tartean batzuk akastunak dira, eta, horrenbestez, giza gainbegiraketa ezinbestekoa da”. Iristen den mezua da automatikoki lan egiten duen makina beregain bat dela, edo, kasurik onenean, nahikoa dela esku-hartze minimo bat. Kontua ez da hutsala, horratik; inplikazio sakonak ditu.

ITZULBIDEren kasuan, adibidez, pentsatzekoa da Osakidetzak izango duela protokoloren bat tresnaren erabilerari buruz, ezarrita egongo direla moduak, prozedurak, denbora gehigarriak eta abar, zeren, bestela, ITZULBIDEren erabilera ―erabilera zuzena― mediku euskaldunen prestasunaren esku uztea litzateke. Erantzukizunaren galdera ere sortzen da; alegia, norena litzatekeen erantzukizuna itzulpen akastun baten ondorioz okerren bat gertatuko balitz, eta aldatzen ote den erantzukizun hori, eta zer zentzutan, medikuak itzulpena bere horretan emanez gero, besterik gabe botoiari sakatuta, edo, aitzitik, gainbegiratuta, gainbegiratzeko ardura hartuta.

Gorago eman dudan Mark Coeckelberghen aipu horretan bada esapide deigarri bat: dirigir la tecnología. Los humanos son necesarios para (…) dirigir la tecnología (…). Auzia, azken batean, horixe da: nork daukan eskutik kontua, gizakiak ala makinak. Nork gidatzen duen nor. Makina gizakiaren tresna ote den, edo gizakia makinaren tresna. Irudi luke azken horretarantz goazela; izan ere, joera da teknologiaren ―makinaren― garapen itxuraz agorrezina goratzea, eta gizakiaren ―langilearen― esku-hartzea minimizatzea, eta debaluatzea.

Jakin nahi nuke nola izango ote ziren gauzak orain baldin eta, hasieratik bertatik, gauzak beste modu batean egin izan balira. Hasieratik aitortu izan balitz ―ondorio guztietarako― adimen artifiziala ez zela sortu ere egin izango guztion ekarpena gabe, giza jakituria metatuaren zordun dela, gizakiaren lan adimentsua eta gogorra dagoela haren fase guztietan; hutsetik sortutako zerbait ez, baizik eta lan kolektibo itzel baten ondorio dela, eta, horrenbestez, teknologia horren onurak ere kolektiboa izan behar duela, guztion mesederako.

Inolaz ere ez langileen kalterako.


[1] Coeckelbergh, M. (2021). Ética de la inteligencia artificial. Cátedra: Madril.

[2] Imaz, M. (2025). “Euskaraz sortutakoa gaztelaniara itzultzeko itzultzaile automatiko neuronala”. 31 eskutik bloga.

IZIen eta euskararen garapen jasangarria

Amaia Astobiza Uriarte

Duela hirurogei eta koska urte, gure amari zeharo zirrimarratu zitzaion auzo-eskolan ikasi eta mojetan dotoretutako idazkera, hainbeste takigrafiatu nahi izan baitzuen hain denbora gutxian, gaztetxoa izanda ere idazkari-lanetarako hautagairik onena zela erakutsi nahian. Jada ez gaude 1960ko hamarkada hartan, baina orain ere halatsu gabiltza hizkuntzarekin, aurrez tentuz ikasi eta ekinaren ekinez edertutakoa lipar batean narrasten, adimen artifizialeko tresnen bidez tarte txiki-txikian hainbeste testu sortu ahal izateak eragindako lilurak itsututa eta edukiaren nolakotasunarekiko kezka lan ondo eginaren eta errentagarritasunaren arteko zirrikitu beti lausoetan galduta. Eta ez, ez naiz ari soilik itzulpenez; kasu honetan, jatorrizko testuak ere zaku berean sartzen dira, edo aldamenekoan.

Izan ere, hortxe ari dira azken belaunaldiko AAk lehen belaunaldietako AAek sortutako testu eta itzulpenekin beren buruari jaten ematen (autofagia… selektiboa ala ez-selektiboa?) eta elikatze-kate hori behin eta berriro errepikatzen. Eta, itxura batean, inor gutxiri axola zaio makinok hala elikatuta gero eta lexiko pobreagoa eta gero eta sintaxi gutxi gorabeheragokoagoa eta gero eta adierazpen-gaitasun gutxiagoko edukiak —hizkuntzak— sortzen ditugula eta eduki/hizkuntza kamustu horiek izango direla laster, adibidez, gai potoloen inguruan erabakitzeko erabiliko ditugun argudioen eta diskurtsoen oinarri.

Egoera horren aurrean, itzultzaileak, zuzentzaileak eta interpreteak (IZI) ere kezkatuta daude, gaude, noski, AArekin, ez bakarrik lanpostuak dantzan eta langileak larrugorri jartzen dituelako, beste sektore batzuetan bezala, baizik eta baita hizkuntzaren kalitatea —eta, beraz, bihar-etziko euskara eta haren plaza guztietarako erabilgarritasuna— kolokan jartzen duelako ere.

Arretatsuak gara oso IZIok: hizkuntzaren zehaztasunaz, zuzentasunaz eta egokitasunaz arduratzen gara, eta, lan-baldintza prekarioek horretarako marjina-izpi bat uzten badigute, baita aberastasunaz eta dotoreziaz ere, ez soilik hizkuntzari zor zaion errespetuagatik, baita testuen hartzaile diren herritarrei, bezeroei, pazienteei… zor zaienagatik ere. Baina, hara, ez omen da hori merkatuak (ente oteitzar hori, abstraktua bezain pisuzkoa) behar duena, ezta merkatuak nahi duena ere. [Ohartxo bat marjinan, eskultorea aipatu dugunez: Oteizak esaten zuen, gutxi gorabehera, aurrera begira baina atzerantz zebilela idazten zuela, hau da, erroak oinarri, abangoardia helburu; beharbada buelta pare bat eman behar genioke ideia horri]

Zer nahi du merkatuak? Edukien Aroan, kontsumo azkarreko testuak eta horien itzulpenak nahi ditu, behin ikusi eta betiko ahaztekoak. Eta, jakina, edukiak efimeroak badira, bost axola merkatuari hizkuntza ere halakoxea bada, behin erabili eta botatzekoa. Euskararekiko —edo hizkuntzekiko— zinezko begirunerik edo engaiamendurik ez duen enpresa edo erakunde batean, finantzetako nork egingo du paseko testu horien kalitatearen alde? Administrazio publikoek ere egiten ez badute (eta hori beste IZI batzuek azaldu dezakezue nik baino hobeto), nola egingo dute errentagarritasun ekonomikoari soilik begiratzen diotenek?

Itzul gaitezen AA-makinetara. Kalteak kalte, jada ez ditu (ia) inork zalantzan jartzen haien abantaila askotarikoak. Behin hori onartuta, zer da hobe, gure ekonomiaren eta gure hizkuntzaren ikuspegitik: etxean garatzea ala kanpotik ekartzea? Guk bultzatzea erabilera arduratsua (hizkuntzaren kalitatea zainduz) ala dena balizko autorregulazioaren esku uztea (eta gora orotariko kamustasuna)? Eta guk eta guretik eta guretzat egin nahi badugu, nola egingo dugu?

Gehienok jakingo duzue: garapen jasangarrirako 17 helburuei beste bat gehitu zitzaien, hemezortzigarrena: Hizkuntza eta Kultura Aniztasuna. Horren barruan, 17 konpromiso, 102 ekimen, 188 jarduera daude zehaztuta, eta tira, ez naiz hasi banan-banan begiratzen, baina pentsatzekoa da horietakoren batean zerbait esango dela euskararen kalitateaz (zeren bestela ez dakit zer mordoilokeria espero dugun «kontserbatzea, kudeatzea eta transmititzea» edo «zabaltzea suspertze-bidean dauden eremuetara»). Bada, ondo letorkiguke horiei arretaz begiratzea, iruditzen baitzait hor badagoela erakunde publikoetara kontu eske joateko aski oinarri. Kontuak, ez bakarrik hizkuntzaren kalitatearen eta haren etorkizun jasangarri eta duinaren erantzukizunaren ingurukoak, baita bestelakoak ere; alegia, IZIon lan- eta bizi-baldintzei zuzenean eragiten dietenak: ekonomikoak.

Konplexuak eta eskekoaren sindromea gainetik astintzeko, betiko adibidea ekarriko dut, hain baita agerikoa. Automobilgintzaren sektoreak aurrera egiten badu ez da sinmás auto asko saltzen direlako, baizik eta gobernuek sektore hori zuzenean diruz injektatzen dutelako; urtero dirutza ikaragarria erabiltzen dutelako enpresak nazioartekotzen eta legeak haien beharretara makurtzen; eta baita, noski, tarteka-tarteka herritarroi ere dirua ematen digutelako autoak erosteko, ez zintzo portatu garelako, baizik eta negozioari eutsi behar zaiolako eta Europatik datozen ingurumen-legeak bete behar direlako. Eta ondo dago hori guztia, horretarako ordaintzen baititugu zergak; besteak beste, gizarteak osotasunean baliabide berekin (zurrut) eta abiadura ber bakarrean (dobla zurrut) aurrera egiteko, gizakion eta planetaren jasangarritasuna bermatzen ahalegintzeko eta herritarren bizitza prekarioak apur bat bizigarriago egiteko.

Baina zergak denok ordaintzen ditugunez gero, industria erraldoi horretatik kanpo geratzen garen sektoreok eta langileok ere gure aldeko ahalegin bera eskatu behar genieke administrariei. Eta eskatu behar genieke, baita, herritarron dirutxoak eta Administrazioaren ahaleginak ekitatiboagoki banatzeko eta dibertsifikatzeko gure sektoreko autonomo, enpresa eta erakundeen artean; izan ere, ez da ezinbestekoa —ezta bidezkoa ere— dena fabrika traktore handien eta haien morrontzako tailer txiki apurjaleen logikara makurtzea.

Beraz: nik etsiak jo gabeko teknikarien saldo bat jarriko nuke 18. GJHko konpromisoak lan-orritik harago eramaten eta (besteak beste) IZI sektorea eta euskara hauspotzen, bata ito eta bestea asmatiko kroniko bihurtu aurretik.

Noizko euskarazko itzulpengintzaren liburu zuria?

Josu Barambones Zubiria

Foro hau baliatu nahi dut aspaldion buruan jira-biraka dabilkidan kezka bat zuekin guztiekin partekatzeko. Adimen artifiziala itzulpenen fluxuan sartzearekin batera itzulpen automatikoak berebiziko bilakaera izan du eta gero eta itzulpen hobeak eskaintzen ditu, ez bakarrik hizkuntza hegemonikoen artean, baita euskaratik eta euskarara egiten diren itzulpenetan ere.

Teknologia berriek ekarritako aldaketek guztiz eraldatu dituzte itzulpengintzaren industria eta merkatua: adimen artifizialari esker itzulpenak segundo gutxi batzuetan eta eraginkortasunez egiten dira; kostuak izugarri gutxitzen ditu, enpresek, bereziki enpresa txikiek, ez baitute itzultzaile profesionalik kontratu behar; eta, azkenik, adimen artifizialeko tresnak une oro daude eskura, 7 egunez eta 24 orduz.

Horren ondorioz, gero eta tarifa baxuagoak ordaintzen dira, eta itzultzaile askok lanbidea utzi eta beste lanbide batzuen bila joan behar izan dute, eta utzi ez duten asko pentsatzen hasita daude lanbidea aldatzeaz.

Aurreko irailaren 24an, EIZIEko barne postan mezu-truke bat egon zen itzultzaile lanpostu baten karietara. Enpresa batek testuak itzuli, hainbat argitalpenen hizkuntza zuzentasuna berrikusi eta interpretazio lanak egiteko itzulzaile-interprete bat behar zuen. Egunean sei orduko lanaldia eskaintzen zuten eta horren truke lanbidearteko gutxieneko soldata baino apur bat gehiago (zehatzago, ia 8.000 euro gehiago urtean, 14 ordainsari aintzat harturik). Lankide batzuei ez zitzaien oso egokia iruditu EIZIEk horrelako eskaintza “exkaxak” argitaratzea, elkarteak euskal itzultzaileen lan baldintzak hobetzen saiatu beharko lukeelako. Horren aurrean, beste lankide batek erantzun zuen esanez eskaintza hori diruaren ikuspegitik txarra izanagatik ere, ez garela konturatzen zein den gure lanbidearen egungo egoera, eta hau gaineratu zuen: “Itzulpen neuronalaren ondorioz, batez ere, egoerak nabarmen egin du okerrera, lankide asko lanik gabe daude, askok eta askok ezin dute hilaren amaierara heldu… Baldintzak asko okertu dira gehienontzat, duela urte batzuk kobratzen genuenaren erdia kobratzen dugu… Hori da egoera, autonomoontzat behintzat”.

Nik neuk ere horrelako egoerak ezagutu izan ditut eta orain dela gutxi gertatutako kasu bat baino ez dut aipatuko. Ikus-entzunezkoen industrian punta-puntako enpresa batek minutuko 1,50 euro ordaintzen du itzulpen automatikoarekin egindako euskarazko azpidatziak posteditatzeagatik, hau da, azpidatziak hutsetik euskaratzeagatik minutuko ordaintzen duena baino 2,50 euro gutxiago. Horiek horrela, 60 minutuko serie bat euskaratzeagatik, kasu, 240 ordaintzen du; aitzitik, euskarara automatikoki itzulitako serie bera posteditatzeagatik 90 euro.

Teknologiak itzultzaileen arlo ekonomikoan duen eraginaz harago, itzultzaileek lan egiteko moduan ere aldaketa dexente ekarri ditu. Esango nuke arlo jakin batzuk alde batera utzita, hala nola itzulpen literarioa eta bikoizketarako itzulpen-egokitzapena (nahiz eta hemen ere gauzak aldatzen hasi diren), nik ikasi nuen bezala edo nire aurrekoek ikasi zuten bezala itzultzea desagertzear dagoela, jada desagertu ez bada.

Eta hori egunero ikusten dut unibertsitateko eskoletan: ikasleek ez dute dagoeneko itzultzen, DeepLek edo beste itzultzaile automatiko batek egiten die lan nekoso hori; ikasleek, kasurik onenean ere, zuzenketa txiki batzuk baino ez dituzte egiten. Paradigma berri horren aurrean irakaskuntzan dihardugun askok geure buruari egiten diogun galdera hau da: itzultzaileak izateko prestatu beharrean, posteditoreak izateko prestatu behar ditugu?

Nik ez dut uste itzultzaileon lanbidea desagertuko denik, baina bizirik jarraituko badu, garai berrietara egokitu beharra du. Gure sektorea krisian dago, baina ez dugu inongo daturik jakiteko benetan noraino iristen den krisia euskarazko itzulpengintzan. 2025ean Europa mailan egin den ikerketa baten arabera, lau itzultzaile freelancetik bat pentsatzen hasi da bere lanbidea uztea. Eta itzulpen-agentziek aitortzen dute % 33ko jaitsiera izan dutela beren jarduera profesionalean eta % 20koa fakturazioan.

Krisiaren aurrean neurriak hartzen hasteko, hemengo datuak ezagutu behar ditugu. Eta horretarako uste dut baitezpadakoa dela txosten zehatz bat egitea, euskarazko itzulpengintzaren lanbidearen egungo erradiografia osatu bat, lanbidearen argi-itzalak ezagutzeko. Eta horretarako, nik uste, elkartea da organorik egokiena halako lana gidatu eta zuzentzeko, itzulpengintzan jarduten duten itzulpen-agentzia, enpresa eta profesional guztien ezinbesteko laguntzarekin, unibertsitateko ikasle-irakasleak ahaztu gabe. Foro hau ez da egokiena txostenaren nondik-norakoak xehe-xehe azaltzeko, baina gorago aipatu ikerketak argi uzten du zein izan daitezkeen aztertu beharreko ildo nagusiak eta eredu moduan erabil daitekeela uste dut.

Urte asko kostatu da itzultzaile-interpreteon lanbideak aitormena lortzea eta gizarte barruan merezi duen izena eta entzutea lortzea. Ez dezagun jende askoren ahaleginari esker lortutako guztia di-da batean pikutara bidali.

Interpretea hizlari bihurtu zenekoa

Claudia Torralba Rubinos

Blog honetan askotariko sarrerak idatzi ditut interpretazioari buruz, eta pentsatu dut aurtengo azkena abagune polita izan zitekeela autokritika pixka bat ere egiteko.

Izan ere, maizago egoten naiz kabinan oholtzan baino, baina beste aldean egotea ere tokatu izan zait behin baino gehiagotan. Beti da garrantzitsua interpreteari dokumentazioa (aurkezpena, eskema, irakurriko den testua…) garaiz helaraztea. Behin eta berriz defendatu dut plaza honetan eta beste batzuetan, eta beti defendatuko dut. Eta txintxoa izan naiz hizlari izatea tokatu izan zaidanetan, eta eskatutako epean bidali ditut materialak.

Hala ere, doktorego-tesia defendatu nuenean sentitu nuen lehen aldiz interpreteari materialak bidaltzeko presioa. Presio desatsegina, bide batez. Nazioarteko doktorego-tesia egin nuen, eta euskaraz eta ingelesez defendatu. Horregatik, interpretea izan nuen epaimahaikideei euskarazko pasarteak itzultzeko.

Aste gogorra izan zen: urduritasuna, lana, emozioak gora eta behera… Ez neukan asmorik ―ez denborarik, egia esan― aurkezpena idatziz prestatzeko. Momentuan inprobisatu nahi nuen. «Ez dut idatzizko testurik irakurriko, eta, beraz, interpreteak ez du arazorik izango nire ahozko jardun inprobisatuari jarraitzeko. Aurkezpena prestatu, interpreteari denboraz bidali, eta listo». Izan ere, aurretik bidaliak nizkion tesia bera (400 orrialdetik gora) eta tesiaren laburpena ere ―horrelakorik pentsatzea ere…―.

Asmatu duzue, bai. Idatzizko testua prestatu behar izan nuen. Nire hasierako asmoaren eta egutegiaren kontra. Erlojupekoan. Eta agobiatu eta estresatu egin nintzen lan “gehigarri” hori egin behar izateagatik. Amorru apur bat ere eman zidan, aitortzen dut. Lehen aldiz, hizlari batzuek sentitzen dutena sentitu nuen.

Bekatua aitortuta, hiru ideia, labur-labur, hesiaren alde banatik:

1.- Proiektatzen den aurkezpenak ahozkoaren osagarri izan behar du, eta, beraz, ez da komeni diapositibetan ahoz esango dena idaztea. Hartzaileak badaki irakurtzen, eta beste zerbait espero du hizlariarengandik.

Bai, baina… interpretea ez da igarlea, eta ez du magiarik egiten. Nola aurreikusiko du zer esango duzun ez baduzu idazten? Nola jakingo du zer ezkutatzen den zuretzat erabat ilustratzailea den irudi baten atzean ez badiozu esplikatzen? Batzuetan, posible du esango den hori aurreratzea, gaia ezaguna badu eta prestaketarako material eta denbora nahikoa izan badu, baina doktorego-tesi baten defentsan? Hobe da ez arriskatzea. Hizlariaren beraren interesak zaintzeko eta babesteko modua da ahoz esango direnak idatziz eskatzea, interpretearen itzulpenaren kalitatea eta zehaztasuna ziurtatzeko bermea.

2.- Hizlaria da aditua gaian, eta kapaz da gai horri buruz luze, zabal eta zehatz hitz egiteko, denbora-tarte luze batez. Izan ere, urteak eman ditu dena delako gaia ahoz zein idatziz jorratzen.

Bai, eta, horrexegatik, hain zuzen, esango duen horren gaineko ahalik eta xehetasun gehien eman behar dizkio interpreteari, interpreteak ez baitu inoiz jakingo hizlariak adina gaiari buruz. Ezin ahantz daiteke oso testu-genero espezializatuaz ari garela, eta, beraz, orokorragoak edo dibulgatiboagoak diren testu-generoetan baino gehiago “lagundu” behar zaiola interpreteari ezagutza espezializatu hori ahalik eta azkarren eta ondoen barneratzen.

3.- Horrelako hitzordu garrantzitsu baten atarian, entsegua programatu genuen interpretearekin ―eta eskerrak!―. Espero ez nuen lana eman zidan testua aurrean neukala, izugarrizko mendekotasuna sentitu nuen idatzita zegoen horrekiko. Irakurri egin behar nuela sentitzen nuen, eta begiak etengabe joaten zitzaizkidan paperera. Oso gaizki atera zitzaidan, inoiz baino okerrago. Sinestezina zirudien.

Interpretea erabat funtsezkoa izan zen entsegu horretan aurkezpenaren ahulguneak identifikatu eta azalpenetan gako izango ziren aldaketak egiteko. Bere lana ondo egiteaz ez ezik, neure ekoizpena hobetzeaz ere arduratu zen. Hark emandako feedbackari esker, aurkezpena oso ondo atera zitzaidan, testua bazter utzita.

Eta testua bazter utzita ere, interpretea eta biok sinbiosi-egoera batera iritsi ginen, non berak bazekien nik zer eta nola esango nuen eta nik banekien berak nola itzuliko zuen. Sorpresarik gabe, ezustekorik gabe. Lehen esan dut interpreteek ez dutela magiarik egiten, baina hark magia egitea lortu zuen, modu adeitsuan, eskuzabaltasunez. Elkarlanean aritu ginen. Nik “interpretearentzat” egin beharreko lana “niretzat” egindako lan bihurtu zen. Amorrua amaigabeko esker on bilakatuta. Mila esker berriro ere, Idoia. Esperientzia horri esker, badakit bestaldean zer sentitzen den, baita sentimendu horiek enpatiaz nola bideratu ere, alde batean zein bestean egon.

Azkenean esperientziak berak erakusten digu testuliburuek esaten dutena: interpreteak hizlarien lagunak dira, eta ez etsaiak.

Euskarazko interpreteak jopuntuan

Maitane Uriarte Atxikallende

Duela urtebete pasatxo, Espainiako kongresuan estatuko hizkuntza koofizialetan aritzeko aukera eskaintzen hasi zirenean, euskararekin lan egiten dugun interpreteok poz handiz hartu genuen lan-aukera berria. Betidanik funtsezko eskubidea izan behar zukeen hori errealitate bihurtu zen azkenean, eta aurrerantzean Madrilen gure beharra izango zutelakoan, antolatzen hasi ginen.

Alabaina, espero ez genuen zerbait ere gertatu zitzaigun: hizkuntza-koofizialetako interpretazio-zerbitzua martxan jartzea garesti atera behar zen, eta alderdi politiko batzuetako kideei ez zitzaien ideia gustatu. Eskubidea zen, bai, baina dirua tartean dagoenean… eskubidea pribilegio-zantzuz mozorrotzen dute batzuek. Hedabideetan segituan agertu ziren interpretazio-zerbitzuaren kostuari buruzko artikuluak eta irratian elkarrizketak egiteko ere deitu gintuzten, guri zein gainerako hizkuntza koofizialetan diharduten lankideei, eta kasu batzuetan hedabideen asmoa ez zen informazio fidagarria ematea, kontua gehiago nahastea baizik. Horixe pentsatu nuen nik, behintzat. Interpreteak garesti ateratzen ginela, diru publikoz ordaindu beharreko kostua handiegia zela, gauza garrantzitsuagoak ordaindu beharra zegoela… Eskubidea pribilegio bihurtuta, beste behin.

Behin interpretazio-zerbitzua martxan jarrita, alderdi politiko batzuek uko egin zioten entzungailuak janzteari eta, beste behin, arma politiko bihurtu zuten interpretazioa, Espainiako gobernuaren eta beste alderdi politiko batzuen aurka egiteko. Eta gu, erdi-erdian.

Esan beharra dut interpretea aitzakia modura erabiltzearen kontu hori ez dela berria, erakunde publikoetan sentitu izan baitugu noiz edo noiz. Udal bateko osoko bilkuran, esate baterako, politikari bat izugarrizko astakeriak esaten hasi zen, eta nik, ba, horiek ere itzuli behar. Itzulpena eman ostean, mezuaren hartzaile ziren gainerako politikariak zeharo asaldatu ziren eta izugarrizko iskanbila sortu zen. Politikariari erantzun ziotenean, lehenengo horrek berak horrelakorik esan ez zuela eta interpreteak gaizki itzuli zuela esan zuen. Imajinatu nire aurpegia, kabinan. Negargura, amorrua… nik ere ez dakit momentu horretan sentitutakoa deskribatzen.

Denborarekin gertatu izan zaizkit antzekoak, eta amorrua ematen dit, bai, baina horrelakoetarako badakit saioak grabatu egiten direla eta jatorrizko hizkuntzan esandakoa jasota geratzen dela, interpretearen lana zalantzan jartzen dutenerako.

Interpreteok bitartekari xume gisa dugu geure burua, eta, euskararen kasuan, hizkuntza-eskubidea bermatzeko eragile gara, baina ikusi duzue batzuentzat konfrontaziorako tresna baliagarria garela, hots, arma politiko baliagarria.

KonformismoAA

Ane Garmendia Alberdi

Azkenaldian, asko hitz egiten da adimen artifizialaz. Blog honetan ere zenbait bider jorratu den gaia da, hainbat ikuspegitatik. Nik aukera hau baliatu nahi nuke nire kezka nagusia azaltzeko. Egiari zor, adimen artifizialak berak baino gehiago kezkatzen nau gizakion ergelkeriak, axolagabekeriak eta denaz paso egiteko daukagun gaitasunak. Arriskutsua dena ez da adimen artifiziala, baizik eta gizakiak tresna hori erabiltzeko modua.

Duela urte asko, ikus-entzunezkoen munduan fansubs delakoak agertu ziren. Fansub hitza fan eta subtitled hitzen laburketa da, hau da, zaleek baimenik gabe eta irabazi asmorik gabe edo doan egindako azpidatziak dira. Hasieran, animea japonieratik beste hizkuntza batzuetara itzultzeko erabili ziren Estatu Batuetan, baina laster hedatu ziren Europara eta Asiara, baita beste hizkuntza-konbinazio batzuetara ere. Doan zirelako eta eskuragarri zeudelako, jende asko hasi zen horrelako edukiak ikusten eta enpresa batzuk ere azpidazle afizionatuen lana erabiltzen hasi ziren itzultzaile profesionalen kostua eta epeak murrizteko. Ez dago misterio handirik. Azpidatzi batzuk ondo eginda egongo ziren, ziurrenik, baina asko akatsez beteta zeuden: akats linguistikoak eta azpidatzien ezaugarri teknikoei buruzkoak. Nik azpidatzi kaskar batzuk ikusi eta pentsatu nuen hura ezin zezakeela inork irentsi. Nork ikusiko zuen hain gaizki itzuli eta azpidatzitako telesail bat? Bada, lagun batzuekin gaiari buruz hizketan, konturatu nintzen beste batzuek ez zutela halako exijentzia maila eta bost axola zitzaiela azpidatzien kalitatea. “Esaten dutena gutxi gorabehera ulertzen bada, ni konforme. Eta gainera doan da”. Benetan, flipatuta gelditu nintzen. Ezin nuen ulertu. Orain barre egiten diot garai hartako Aneri. Gaixoa.

Eta fansubek ibilitako antzeko bidetik doa adimen artifizial sortzailea ere ikus-entzunezkoen alorrean. Askori berdin zaio jasotzen ari dena txukuna den ala ez; akats ortografikoak dituen ala ez; azpidatziak karakterez beteta daudelako irakurtezinak diren ala ez. Jende asko doakotasunera eta berehalakotasunera harpidetuta dago. Dena den, badago argi izpirik iluntasunean. Duela urte batzuk polemika galanta sortu zen Squid Game (Txibiaren jokoa) telesail hegokorearraren azpidatzi automatikoak zirela-eta. Antza, Netflixek koreeratik ingelesera itzuli zuen automatikoki, eta jarraian ingelesetik beste hizkuntza batzuetara, hori ere automatikoki. Protesta ugari egon zen, zalaparta handia, eta uste dut azkenean Netflixek azpidatzi horiek kendu behar izan zituela. Gora protesta.

Zoritxarrez, esango nuke euskararentzat egoera are larriagoa eta kezkagarriagoa dela. Sarri sentitu dut euskarara egindako itzulpenak izapide hutsa izan direla. Hemengo enpresa askok jatorrizko testua gaztelaniaz sortu eta euskarara itzultzeko itzulpen automatikoa erabiltzeak, hautu zehatz horrek, argi erakusten du ia inposatutako tramite bat dela beraientzat eta bost axola zaiela itzulpenaren kalitatea.  Axola ez zaizun zerbaitetan sosak gastatzea zaila da, jakina. Eta orain adimen artifiziala harribitxi gisa ikusten dute askok. Izapidea arin eta doan egiten duena. Ikus-entzunezkoen alorra ez da salbuespena eta egin dira eta egingo dira saiakerak edukien itzulpena ahalik eta gehien automatizatzeko. Hortxe egon behar dugu guk, erne, emaitzak aztertzeko eta euskarazko edukien kalitatea eta kopurua aldarrikatzeko. Eta horregatik tematzen naiz ni protesta egitearen kontuarekin.  Batzuetan alferrik izango da. Euskarazko eduki baten kritikak ez du sortuko Squid Game telesailak eragindako eztabaida, baina ez gaitezen konformistak izan eta egin dezagun protesta gure hizkuntza-eskubideen alde.

Maritxu nora zoaz adimen artifizial horrekin?

Santi Leoné

Proba egin nuen, baina ez dut frogarik (bai, nahita hasi dut horrela artikulua, proba eta froga elkarrengandik hurbil paratzeko): ez naiz oroitzen noiz egin nuen, ezta zein itzultzaile automatikotan ere. Badakit aski famatu zela sortu zelarik, mundu guziak ―tira, mundu gehienak― erraten baitzuen arras ongi funtzionatzen zuela, eta segur aski horregatik berretsi nahi izan nuen hala ote zen. Baina, berriz diot, ez dut nire probaren frogarik, eta, hortaz, zilegi da testu honen irakurleek pentsatzea anekdota asmatu dudala; zilegi bekit niri honelako arrapostua ematea balizko irakurle sinesgogor horri: se non è vero, è ben trovato.

Nolanahi den ere, kontua da itzultzaile famatu hartan ondoko hitz hauek sartu nituela (edo, nahiago baduzu, irakurle mesfidati hori, artikulu hau idazte aldera hitz hauek sartu nituela asmatzea erabaki dudala): “Maritxu nora zoaz, eder galant hori?”, eta itzultzaile automatiko hark honela bihurtu zidala esaldia: “¿A dónde vas maricón, guapo, guapo?”.

Kontatutakoa geratu zela sinetsi ala ez, uste dut mezua aski argi dagoela: denok ditugu ―ditukegu idaztekotan egon naiz, baina ez nuke gure hizkuntza zaila are gehiago zaildu nahi― horrelako anekdotak edo istorioak; memorian anitz bilatu gabe ere, aise ematen ahalko genuke itzultzaile automatikoek edo adimen artifizialak egindako akats edo itzulpen traketsen berri. Diseinatzaileek ere salatu dute adimen artifizialaren bidez sorturiko irudietan ohikoa dela ―edo ez dela arraroa bederen― jendeak hiru beso edo neurriz kanpoko hortz kopurua izatea.

Akats horiek guziak salatzea ongi dago, bistan dena, baina, azken buruan, argudio teknikoak dira. Beraz, denborak aitzinera egin ahala, segur aski teknikak berak konponduko dituen kontuak, aintzat hartzen badugu, bertzalde, adimen artifiziala ikasteko eta hobetzeko gauza dela. Argudio teknikoek iraungitze data dute.

Itzulpengintzari eta bertzenazko giza jarduerei dagokionez, iruzur handi bat dago adimen artifizialaren abiapuntuan, nire ustez. Errana ziguten adimen artifizialak ez zuela lanposturik galtzea ekarriko, baina halaber errana ziguten ―koherentzia faltari inolako beldurrik izan gabe― lanposturik galtzekotan, lan mekanikoetako postuak galduko liratekeela eta horri esker gizakiok astia izanen genukeela zeregin sortzaileago eta asegarriagoak egiteko. Alta bada, gaur egun diseinatzaileak eta itzultzaileak ikusten ditut kezkaturik adimen artifizialaren ondorioak direla-eta; alegia, bi langile multzo, zeinen lana ez baita preseski mekanikoa.

Beharbada apokaliptiko paratzen ari naiz, baina ez zait batere kostatzen irudikatzea mundu bat, zeinean adimen artifiziala arduratzen baita liburuak sortzeaz, liburuak itzultzeaz eta liburuen kritika egiteaz. Panorama horretara daraman bidea ongi hasia dago, nire ustez: problema ez baita noizbait adimen artifizialak itzultzaileak ―edo diseinatzaileak, edo idazleak…― ez-beharrezkotzat joko dituela, problema da dagoenako badela horrelako jendilajea erredundantetzat eta ez-desiragarritzat jotzen duenik.

Itzulpengintza giza jarduera gisa aldarrikatu beharko genuke, gizaki egiten gaituzten jardueretako bat gisa. Makina batek itzulpen perfektuen eta aitzakiarik gabeena eginda ere, akats larria litzateke itzulpengintza haren esku uztea. Azken batean, arrunt ikuspuntu murrizgarria da pentsatzea itzulpen baten maila teknikoa dela itzulpen batean jokoan dagoen gauza bakarra. Nire ustez, hizkuntzekin zerikusia dutena makinen esku uztea lehen pausoa bertzerik ez da giza sorkuntza eta hari loturiko kritika-gaitasuna gugandik ebasteko eta gu lan mekanikoetara kondenatzeko. Errana diguten horren kontrakoa egiteko, hain zuzen ere.

Zuzentzaileak, funtsezko kate-begia

Ane Garmendia Alberdi

Gaurkoan zuzentzaileei gorazarre egin nahi nieke. Zeharka bada ere, solasaldi eta elkarrizketetan beti aipatu izan dut zuzentzaileek gure lanbidearen katean daukaten garrantzia. Asko hitz egiten da itzultzaileon ikusezintasunaz, baina, egiari zor, badago lanbide bat are ikusezinagoa dena: zuzentzailearena. Ikusezina eta, zoritxarrez, plataforma eta telebista batzuetan desagertzen ari dena.

Bai bikoizketaren alorrean, bai azpidatzienean, funtsezko kate-begia da, literaturan, administrazioan eta bestelako alorretan bezalaxe. Hori ondo baino hobeto dakigu itzultzaileok. Guk egindako itzulpen-lana txukundu, orraztu eta egindako akatsak konpontzen ditu zuzentzaileak. Sarri, guk ikusten ez ditugun gauzak ikusten ditu, lau begik bik baino hobeto ikusten dutelako, argi dago, eta begirada fresko batekin aztertzen dutelako guk itzulitakoa.

Baina ikus-entzunezko itzulpenetan gero eta ohikoagoa den egoera bati ere aurre egin behar dio zuzentzaileak. Askotan, lan bera itzultzaile bat baino gehiagoren artean banatzen da. Oso ohikoa da atal ugari dituzten telesailetan, premia izaten baitute produktua merkatura ateratzeko, izan telebista linealera, izan online plataformetara. Telesail bat bi edo hiru itzultzaileren artean banatzen bada, pentsa zer-nolako lana egin behar duen zuzentzaileak behin betiko produktuak terminologia eta estilo aldetik, besteak beste, koherentzia izan dezan.

Bada, azkenaldian joera ikus-entzunezkoen kate horretatik zuzentzaileak kentzea da. Joera kezkagarria, benetan. Galera hau bereziki nabarmena da azpidatzien kasuan. Azpidatziak itzultzaileak bidali bezala iritsiko zaizkio ikus-entzuleari. Itzultzaileak akats bat egiten badu (eta egingo du, gizakia delako), zuzenean pantailan agertuko da. Bikoizketaren kasuan, zuzendaria eta aktoreak daude tartean, eta haiek zuzen lezakete akats bat edo beste, ohartzen badira, baina azpidatzietan ez dago hori zuzen lezakeen bitartekaririk.

Zuzentzailea kentzearen emaitza kalitate txarreko produktu bat da. Batzuetan, jendeak protestatu ondoren, edukia kendu eta zuzendu egiten dute. Baina, jakina, horretarako beharrezkoa da jendeak protesta egitea. Nik mundu guztiari esaten diot, mesedez, plataformaren batean akatsen bat ikusten badu, plataformak berak eskaintzen dituen bideetatik hari jakinarazteko. Oso erraza da, ez da asko kostatzen. Jakin behar dute ez gaudela prest horrelako akatsak onartzeko. Baina, tamalez, esango nuke ikus-entzuleak akats horietara, hau da, behar bezalako garrantzia eman ez zaien azpidatzi horietara, ohitzen ari direla, eta gero eta gutxiago direla protesta egiteko prest daudenak, alferkeriagatik, axolagabekeriagatik edo, besterik gabe, horrelako akatsak barneratu dituztelako eta garrantzirik ematen ez dietelako. Auskalo.

Nik, aurrerantzean ere, zuzentzailearen lanbidea aldarrikatzen jarraituko dut, temati, itzultzailearen lanari atxikita doan lanbide gisa, itzulpenaren katearen funtsezko kate-begi gisa.