Santi Leoné
Proba egin nuen, baina ez dut frogarik (bai, nahita hasi dut horrela artikulua, proba eta froga elkarrengandik hurbil paratzeko): ez naiz oroitzen noiz egin nuen, ezta zein itzultzaile automatikotan ere. Badakit aski famatu zela sortu zelarik, mundu guziak ―tira, mundu gehienak― erraten baitzuen arras ongi funtzionatzen zuela, eta segur aski horregatik berretsi nahi izan nuen hala ote zen. Baina, berriz diot, ez dut nire probaren frogarik, eta, hortaz, zilegi da testu honen irakurleek pentsatzea anekdota asmatu dudala; zilegi bekit niri honelako arrapostua ematea balizko irakurle sinesgogor horri: se non è vero, è ben trovato.
Nolanahi den ere, kontua da itzultzaile famatu hartan ondoko hitz hauek sartu nituela (edo, nahiago baduzu, irakurle mesfidati hori, artikulu hau idazte aldera hitz hauek sartu nituela asmatzea erabaki dudala): “Maritxu nora zoaz, eder galant hori?”, eta itzultzaile automatiko hark honela bihurtu zidala esaldia: “¿A dónde vas maricón, guapo, guapo?”.
Kontatutakoa geratu zela sinetsi ala ez, uste dut mezua aski argi dagoela: denok ditugu ―ditukegu idaztekotan egon naiz, baina ez nuke gure hizkuntza zaila are gehiago zaildu nahi― horrelako anekdotak edo istorioak; memorian anitz bilatu gabe ere, aise ematen ahalko genuke itzultzaile automatikoek edo adimen artifizialak egindako akats edo itzulpen traketsen berri. Diseinatzaileek ere salatu dute adimen artifizialaren bidez sorturiko irudietan ohikoa dela ―edo ez dela arraroa bederen― jendeak hiru beso edo neurriz kanpoko hortz kopurua izatea.
Akats horiek guziak salatzea ongi dago, bistan dena, baina, azken buruan, argudio teknikoak dira. Beraz, denborak aitzinera egin ahala, segur aski teknikak berak konponduko dituen kontuak, aintzat hartzen badugu, bertzalde, adimen artifiziala ikasteko eta hobetzeko gauza dela. Argudio teknikoek iraungitze data dute.
Itzulpengintzari eta bertzenazko giza jarduerei dagokionez, iruzur handi bat dago adimen artifizialaren abiapuntuan, nire ustez. Errana ziguten adimen artifizialak ez zuela lanposturik galtzea ekarriko, baina halaber errana ziguten ―koherentzia faltari inolako beldurrik izan gabe― lanposturik galtzekotan, lan mekanikoetako postuak galduko liratekeela eta horri esker gizakiok astia izanen genukeela zeregin sortzaileago eta asegarriagoak egiteko. Alta bada, gaur egun diseinatzaileak eta itzultzaileak ikusten ditut kezkaturik adimen artifizialaren ondorioak direla-eta; alegia, bi langile multzo, zeinen lana ez baita preseski mekanikoa.
Beharbada apokaliptiko paratzen ari naiz, baina ez zait batere kostatzen irudikatzea mundu bat, zeinean adimen artifiziala arduratzen baita liburuak sortzeaz, liburuak itzultzeaz eta liburuen kritika egiteaz. Panorama horretara daraman bidea ongi hasia dago, nire ustez: problema ez baita noizbait adimen artifizialak itzultzaileak ―edo diseinatzaileak, edo idazleak…― ez-beharrezkotzat joko dituela, problema da dagoenako badela horrelako jendilajea erredundantetzat eta ez-desiragarritzat jotzen duenik.
Itzulpengintza giza jarduera gisa aldarrikatu beharko genuke, gizaki egiten gaituzten jardueretako bat gisa. Makina batek itzulpen perfektuen eta aitzakiarik gabeena eginda ere, akats larria litzateke itzulpengintza haren esku uztea. Azken batean, arrunt ikuspuntu murrizgarria da pentsatzea itzulpen baten maila teknikoa dela itzulpen batean jokoan dagoen gauza bakarra. Nire ustez, hizkuntzekin zerikusia dutena makinen esku uztea lehen pausoa bertzerik ez da giza sorkuntza eta hari loturiko kritika-gaitasuna gugandik ebasteko eta gu lan mekanikoetara kondenatzeko. Errana diguten horren kontrakoa egiteko, hain zuzen ere.

