Haur psikiatra bat

Fernando Rey Escalera

Maiz mila tokitan esandako eta idatzitako gai bat ekarri behar dut blogera. Ez da, beraz, oso gauza jakingarria, baina, lehengo egunean gure lantokian aditutako esaldi batek berriz kontua berrituta, hemen aipatzea merezi zuela iruditu zitzaidan, adibidea aski adierazgarria delakoan.

«Haur psikiatra bat» aipatu zuen batek, eta salto moduko zerbait sentitu nuen bularrean. Badakit logika erabiliz gero ez dagoela nahasbiderik. Gizarte honetan adoleszentzia izugarri luzatzen ari den arren, haurtzaroa laburtzen ari den arren, badakit pixka bat pentsatuta ongi ulertu beharko nukeela, baina susmoa dut ez ote den gertatzen hark esan zuena: «beharrik badakidan erdaraz; bestela ez nuke zure euskara ulertuko».

Infantil adjektiboa agertzen den aldiro izen-elkarketaz eta haur hitzaz baliatzeko joera badagoela jakin ezean, ez da berehalakoan harrapatzen; ez nik, behinik behin.

Eta esan diot neure buruari: «bazeudek beste batzuk aise barneratu dituanak. Haurtzain, aurzaia erdaraz ere erabiltzen ditek Nafarroako herri erdaldunetan, atera kontuak». Bai, bai, baina kostatzen zait. Kostatzen zaidan bezala, adibidez, «haur parke bat» irenstea.

Ohitura eta erabilera kontua da segur aski, bi hitzek sortzen duten elkarketa noiz dagoen fosilizatua, bi hitzak noiz dauden oso bat eginak.

Automatismo batzuk lagungarriak izaten dira, baina beste batzuek, jakina, kalte egiten dute. Bitartean nik –eta gehienok nik uste– nahiago dut deklinabide-atzizkiez baliatu. Naturalagoa egiten zait. «Haurrentzako parkea, haurren parkea», edo «haurren psikiatra, psikiatra pediatrikoa…».

Gogoan dut orain dela urte mordoa nola harritu nintzen Euskadi Irratian «kirol berriak» adituta. «Eta, orain, kirol berriak». Zinetan, aldi hartan, azken urteetan sortutako kirolez hitz egin behar zutela uste nuen. Ohitu naiz orain. Beharbada nire buru-zurruntasunak ere badu zerikusia, baina, tira. Nik, oraingoz, nahiago «kiroleko berriak».

Zailtasuna are handiagoa da hitz elkartuetako azkena adjektibo zein izen izan daitekeenean. Hor dugu betiko adibide hori: «Haur saltzaile bat» (‘saltzen lan egiten duen haurra’ / ‘haurrak saltzen dituen pertsona’). Haur saltzailea / haur-saltzailea.

Bakarren batek esaten zidan hori aise konpontzen dela marra erabilita (kirol-berriak, haur-psikiatra), baina elkarketa horiekin ohitu bitartean edo ditxosozko marra hori ahoskatzeko moduren bat asmatu bitartean, ni beste bideren bat bilatzen saiatuko naiz.

Uste okerrak zuzentzen

Koro Garmendia Iartza

Zenbatek eta zenbatek uste dute, oraindik ere, bi hizkuntza erabiltzen dituen ia edonor izan daitekeela itzultzaile. Gure eremuetara etorrita, euskaraz eta gaztelaniaz edota euskaraz eta frantsesez moldatzen den ia edozein aritu daitekeela itzulpenak egiten. Lan txukunak egiten, alegia. Pentsatzen dut lanbidean dabilenak ez duela azalpen gehiegiren beharrik izango uste horren ustelaz konturatzeko; are gutxiago itzulpengintzan urteak daramatzanak, hamaika ikusiko baitzituen denbora horretan, gozoak nahiz gaziak.

Zer esan geniezaieke itzulpengintzaren inguruan halako ikuspegia dutenei? Lehenik eta behin, itzulpenak egiten jakiteak itzulpenak ondo egiten jakitea esan nahi duela. Litekeena da azal-azaletik ikusita gure egitekoak misterio handiegirik ez izatea, baina azalaz bestalde mundu bat dagoela konturatzeko ere ez da ahalegin handiegirik egin behar. Astebete gurekin ematera gonbidatuko bagenitu, bigarren egunerako, iritzia bestelakotuta izango lukete. Dena den, ondora ekarri beharrik izan gabe ere, badugu hainbat argudioren, irudiren eta adibideren bidez buruan duten irudiaren okerra ikusarazteko modurik.

Argudio nagusia, indartsuena, honako hau dela esango nuke: hitzen esanahia ezagutzea ez da nahikoa itzulpenak ondo egiteko. Askotan, hortxe egoten da koska, hitz solte bakoitzaren ordaina ondo jasotzeak ez baitu beti sortzen den esaldia ondo dagoela bermatzen. Hitzak, ordainak eta esanahiak ondo josten jakin behar da. Muina ondo jasotzea eta ondo ematen asmatzea zaila izaten da askotan, baina ezinbestekoa. Eta hortxe ditugu, beti gogoan, joskera, erregistroa, ulergarritasuna, hitzen ordena, galdegaia…

Baten bat konturatuko zen, dena den, «hitz bakoitzaren ordaina ondo jasotzea» horretara iristerako, asko eta askotan, makina bat zalantza eta buruhauste gainditu behar izaten dela bidean…

Ezaz

Patxi Petrirena Altzuguren

Gaurko hizpidea aste honetako zalantza batek eman dit. Erantzun bat badut, ustez, baina datu batek lanbroa egin dit bidean, eta horixe nahi nuke zuekin argitu, tartean beste zertzeladaren bat erantsiz, beste batzuentzat ere argigarri izango delakoan.

Haste-hastetik, beraz, hona zalantza eta nire erantzuna: «ausardia eza bera» ikusi dut testu batean, eta pentsatu: aukeran, «ausardiarik eza» seguruagoa da, eta, bera adjektiboa gehitzekotan, artikulurik gabe joan beharko du ez izenak «ausardiarik ez bera» (ez badugu, jakina, «ausardia falta bera» idatzi nahi).

Baina, hara: Hiztegi Batuan, ez sarreraren azpisarreretako bat (azkena) -ik eza dugu, horrelaxe. Horrek informazio argi bat eskaintzen digu, alde batetik: aurreko izena partitiboan joan ohi da egitura horretan; hots, ohikoagoa da «ausardiarik eza» «ausardia eza» baino. Bestetik, ordea, -ik eza azpisarrera horrela ikusita, balirudike -a hori itsatsia edo dela; ez ote luke, bestela, -ik ez agertu behar?

Euskaltzaindiaren Hiztegi oraindik berriak ez digu asko laguntzen, hauxe ageri baitzaigu, azpisarrera guztietan azkena: «-ik eza (Mugatua). Bere agortasun edo haurrik eza aurpegian emanaz. Lanik eza, gauza tristea. Zaldunaren jaramonik eza. Beldurrik ezak salbatu zuen. Euskararen batasunaz edo batasunik ezaz mintzatu beharko dut». Adibide horiek ongi daude, bistan da, baina ez digute batere argitzen zalantza. Zer esan nahi du hiztegi horrek «mugatua» dioenean: beti eza agertu behar duela, ala eza agertzen denean ingurumari sintaktikoak mugatua dela (eta berez ez dela)?

Hurrengo kontsulta, jakina, Orotariko Euskal Hiztegira. Orotarikoan, adierarik ohikoenen ondoren, ez hitzaren izen-balioa ageri da (horixe baita esku artean duguna: ez izena). Izen balioari dagokionez, hiru azpimultzo egiten ditu OEHk:

1. Negativa, rechazo; negación: Lehenbiziko ezean, au premier refus. Bada ez bada, eskatu deixogun; eza beti daukagu.

2. (Precedido de sust. en caso partitivo). Falta de. Bildurrik eza (V, G, AN), la falta de miedo. Bere agortasun edo aurrik-ezean ez geldituaz damu zuen. Batasunik eza.  Erdal itzulpenik ez hori. (Gero, aurreko izena partitiborik gabe ageri den adibide banaka batzuk ageri dira: adibidez, Bere irmetasun eta bildur eza.)

3. Partizipioaren ondoren: Damu dot zure lege santua gorde eza.

Garbi ikusten da ingurumari sintaktikoaren arabera agertuko dela, edo ez, -a artikulua: eza, ezak, ezean, ez hori… Sailik ohikoenean sar daitezkeen adibideak dira «haurrik ezean» eta «itzulpenik ez hori». Hori horrela bada, ez da erraz esplikatzen Hiztegi Batuan eta Euskaltzaindiaren Hiztegian -ik eza izatea azpisarrera, eta ilun gertatzen da bigarren horetako «-ik eza (mugatua)» azalpena. Baliteke niri ihes egin didan zerbait izatea tartean, edo nik ez egoki interpretatu izatea datuak (horregatik diot «hori horrela bada»).

Testuetan, aurkitzen dira, egiazki, zalantzaren erakusgarriak. Ereduzko Prosa Gaur-en (hor ibili naiz bila gehienik, nahiz bilaketa ez den oso erraza kasu honetan), baditugu bi eratako adibideak. Lehenbiziko sail batean, niretzat espero izateko direnak ezarri ditut; bigarrenean, niri bitxi gertatzen zaizkidanak:

  • «jarraitasun-ez berari buruz», «iraun-nahi-ez hori», «bizitzeko gogorik ez hori», «ezertarako gogo-ez hura»…
  • «segurtasun-eza hori», «segurtasun eza handia», «ziurtasun-eza honi», «ahalmen eza honen iturburuak», «xarmarik eza hura», «atxikitasun eza hori», «segida eza batzuk», «arrazoimen-eza politikoa», «bortxakeriarik eza aktiboa»…

Uste dut, betiere, ez izena erabiltzen dugunean aurrekoari partitiboa eranstea dela arruntena eta seguruena, hala erakusten baitute Orotariko Euskal Hiztegiko adibide-kopuruak eta Hiztegi Batuan nahiz Euskaltzaindiaren Hiztegian azpisarrera -ik eza izateak (-a hori zernahi dela ere).

Eratorpen bitxia: ezingabetasuna

Bego Montorio Uribarren

Oraintsu arte, inoiz entzun edo irakurri gabe nengoen hitz hori –ezingabetasuna–, eta, lehendabizikoan, ikaratu egin nintzen; latza egin zitzaidan ezina eta gabezia horrela uztarturik ikustea, non eta fibromialgiaz eta Neke Kronikoko Sindromeaz hitz egiterakoan.

Halako gaixotasun bat dutenek, baita haien gertukoek ere, ondo dakite zer garrantzia izan dezakeen izendapen batek –hainbestekoa non balizko sendabidearen ateak itxi edo zabal ditzakeen–, eta horrexek bultzatu nau ezingabetasunaren kontu horri buelta pare bat ematera, bestela, seguruen, txarto eratorritako asmamentzat jo eta ahaztu egingo bainuen. Bestela esanda, izendapen faltan zegoen errealitate bat izendatzeko eratorpen bitxi baina beharrezkoa ote zen jakin nahi izan dut.

Hasteko, bururatu zait ezingabetasuna baldin badago ezingabeak ere egongo direla; alabaina, euskaraz, ez dut pertsona ezingabe-rik topatu, ez hiztegietan ez beste inon.

Gure Irratiak “Baiona eta ura, lotura ezingabea…” izenburua jarri zion Luzien Etxezarretaren azalpen bati. Etxezarretak ez zuen halako esamolderik ibili, baina, bere esanak entzunik, argi geratzen da Baionaren eta uraren arteko lotura ezinbestekoa, erabatekoa dela.

Hortaz, ezingabea = ezinbestekoa? Behin pertsona batek hala erabili izana ez zait nahikoa argudio sendoa iruditzen hori ondorioztatzeko. Ez hori, ez eta Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleen blog banatan topatutako bi adibide hauek ere: «Kalzioa hezurretan dago,eta yerroa ezingabea da hemoglobinan», eta «Ala ere gerrari dagokionez, erregearen autoritatea ezingabea zen eta erregea herriko erlijioaren ,jaun eta jabe ere bazen».

Bitxia iruditu zait Oiongo eta Idiazabalgo eskolaume batzuek eta Lapurdiko esatari batek «ezin» eta «gabe» esanahi horrekin uztartu izana, baina bitxikeriaz beterik dago mundua. Urrunago joan gabe, xhoseraz –Afrikako hizkuntza niretzat guztiz ezezagun horretan– bada «ezingabe» hitza; sarean ikusi dut, hizkuntza horretako testuetan idatzita, baina ideiarik ere ez dut zer esan nahi duen.

Euskarara bueltatuz, ezingabetasuna hitza bilatu eta hiru aipamen baino ez ditut aurkitu, eta, hiruretan, esanahia urrun dago ezinbestekotasunetik.

Kasuetako bat itzulpena da, eta argi dago «incapacidad» esanahiaren ordaintzat erabiltzen dela.:

 «[las mujeres partidarias de la participación tratan] de disimular alguna confusa astronomía de incapacidades y complejos» (Luis Lago, Diario Vasco 1996-4-26)

«Emakumearen parte-hartzearen aldarrikapenaren atzean ezingabetasun eta konplexuak ezkutatzen dira». Luis Lago, Diario Vasco, 1996. urteko apirilaren 26a. (Bidasoako Alardeak: Herria versus Hiria. Gorka Moreno Márquez-Xabier Kerexeta Erro. UEU 2005)

Bigarren aipamena Ekintza zuzena aldizkariko 37. zenbakian aurkitu dut, eta, hor ere, ezintasunaren sinonimo gisa erabili dela esango nuke: «Eta logika komunitarioa kultura politiko zaharrean laukitzeko ezingabetasun hura lazgarriki hedatzen da ezkerra zenaren hondarren artean» .

Azkenerako utzi dut artikulutxo honen abiapuntu izan dudan esaldia; Gipuzkoako Fibromialgia eta Neke Kroniko Sindromearen Elkarteko webgunean irakur daiteke, baita horrekin lotutako bestelako idatzizko material batzuetan ere, erraturik ez banago.

Hona esamoldea, bere testuinguruan:

Neke Kronikoko Sindromea (NKS)
Zer da?
NKS-a gaixotasun organiko fisiopatologiko eta multisistemikoa da. Noizbehinka edo epidemikoa bezala adierazten da. Neke lehergarri eta baliogabetzailea, beste gorabehera batzueei lotuta doazena.
Sintomak
Bere bereizgarri nagusia, atsedenarekin hobetzen ez den ahultasun eta neke hebaingarria da. Ezingabetasun funtzional egoerak sor ditzake. Febrikulak, min orokorra, arazo kognitiboak, lo arazoak, zefaleak eta depresio eta antsietate arazoak dira, besteak beste, bere sintomak.

Horren pareko gaztelaniazko guneak, honela dio:

Síndrome de Fatiga Crónica (SFC)
¿Qué es?
EM/SFC es una enfermedad orgánica fisiopatológica multi-sistémica adquirida que existe tanto en forma esporádica, como epidémica. Fatiga extenuante e invalidante que, además se acompaña de otros trastornos.
Síntomas
La principal característica es el agotamiento y la debilidad extenuante que no cede con el descanso y empeora con la actividad. Acompañado de dolor generalizado, trastornos de concentración y memoria, febrículas, adenopatías múltiples, trastornos del sueño, ansiedad, depresión, etc.

Eta horren ondoren, zer? Bada, ni, ezingabeturik ez, ez dakidalako oraindik zer den, baina ezinean sentitzen naiz. Barruko zerbaitek bultzatzen nau esatera txarto eratorritako asmamena dela, ezertarako behar ez dugun xelebrekeria; baina barruko beste zerbaitek gogoratzen dit nik beharra ez ikusteak hori baino ez duela esan nahi, neuk ez dudala ikusten.

Honaino helduta alferreko bidaia izan dela uste duzuenok, barkatu; behar bada, konjuru bat baino ez da izan, ezina + gabeziaren nolakotasuna inoiz izendatu behar ez izateko.

Hobe beharrez

Iñaki Segurola

Izugarri harritzen nau hobe beharrez ari den jendeak. Sen onaren gainetik sen hobearen eta hoberenaren esanera dabiltzan adimen goitarrak ditut gogoan. Halakoak «herri xehearen» gainetik hegaldatzen dira eta ausardia ederra da hori. Hizkuntzari buruz ari naiz, jakina, zeren adimen goitarrak hortxe nabarmentzen baitira gehienik, hots, herri ezjakinaren inbentua den hizkuntza ontzen eta hobetzen, eta haren jabe egiten.

Hartzen dugu, konparazio batera, Euskaltzaindiaren Hiztegia, begiratzen dugu astelehen hitza, eta ikusiko dugu zein den hitz horren definizioa: «asteko bigarren eguna». Bai, jaun-andereak. Zer uste zenuten ba? Lehena lehena zela? Ez ba: lehena bigarrena da. Ez gure moduko ezjakinentzat, baina bai adimen goitarrentzat eta geure hizkuntzako hitzak berak ezin ozenkiago dioskun hori «gainditzeko» gai eta trebe direnentzat. (Astearteak eta bereziki asteazkenak ere bazituzten beren arazotxoak. Hizkuntza askotan dituzte egun-izenek beren arazotxoak, zeren goietatik ezarritako gauza baita astearen egitura, eta hartara jarri edo moldatu beharrak dakartza arazotxo horiek. Astelehenari segunda-feira esaten diotenek ere etsi egin behar izan dute eta asteko lehen egunaren izentzat irentsi. Zeren astelehenaren lehentasunaren alde ez baitago euskara bakarrik; gure mundu edo errealitate garaikidea bera ere halaxe moldatua dago, eta horixe dago josia hiztunen gogoan edo gogapean ere. Hargatik da ezin miresgarriagoa hobe beharrezko adimen goitarren balentria hau.)

Ez naiz kontutxo historiko-kultural aspergarrietan sartuko. Aski izan bekigu katalanezko Wikipediaren esplikazio xuhurra: El dilluns és el primer dia de la setmana. (…) En alguns països es considera el segon dia de la setmana ja que el principal i primer és el diumenge, per la tradició del cristianisme (euskarazkoarentzat astelehena asteko lehen eguna da eta kito; ofizialki eta akademikoki gezurra dio, beraz). Esanda bezala, hemen eta beste leku askotan, astelehena da asteko lehen eguna edozein ezjakinentzat, jakintsu askorentzat eta euskararentzat berarentzat, baina ez euskarazko lehena izatez bigarrena dela maisukiro erakutsi nahi digutenentzat. Eskertzen dugu haiengandik datorkigun argi infrazuria. Estimatzen dugu hiztun arrunten sentieraren gainetik hegatzeko duten dohain inbidiagarria.

Beste adibide bat ere badakart gaur. Aspaldian Euskal Telebista deritzan katean lotua egotea tokatu ohi zait igande arratsalde batzuetan, eta gertatzen zaidana da nazkatua nagoela erratari batzuen ahotik lan-erdiak aditzen, deus esaten eta esan nahi ez duen lan-erdiak hori aditzen. (Besterik litzateke lanen erdiak, baina ez da kasua.) Aizkoran ebaki beharrekoen erdiak ebakitzen direlarik esan izan dugu beti erdi-lanak eginak dituela aizkolariak, edo erdi-lanetan dagoela edo dabilela. (Halaxe ikasi nuen mutikotan Azpeitiko zezen-plazan ikusten nituen aizkora-apustuetan.) Bai: erdi-lanak esan izan dugu beti hiztun ezjakinok, erdi-prezioan esan izan dugun bezalaxe. (Euskaltzaindiaren Hiztegi Batua-n badator erdi-lanak egin adibide gisa; Euskaltzaindiaren Hiztegia-n desagertu egin da, oker ez banago.) Etorri zaizkigu, beraz, kate horretako erratariak, gauzak ikaragarri zuzen erraten dituzten erratariak, eta aizkoran ez ezik, pilotan ere hasi zaizkigu lan-erdiak zatar hori erraten. Erratari horiek norbaitek argitu ditu edo beren buruak argitu dituzte, gu betiko ilunpean gelditu garelarik. Erratari horiek ere nik bezalaxe aditu izango dute beti erdi-lanak erraten, zeren, begira nola diren gauzak, erratari horiek neure herritarrak baitira, baina erratari xuxenek ederki dakite beren buruei gogor egiten, eta hizkuntza naturala goragoko «logikaren» baten arabera errendiarazten eta bortxatzen, hobe beharrez betiere. Dohain inbidiagarria da hori ere, ia astelehenaren kasuan baino haundiagokoa, nik erran behar banu.

Zorionekoak hobe beharrez ari diren adimen goitarrak. Zorigaitzekoak gure begi-belarriak.

***

Goiko purrustadatxoa idatzi eta gero jakin dut, Euskaltzaindiaren Hiztegia egiten ari den lantaldeko kideen ahotik, hiztegi horren hurrengo argitaraldian (1) gauza ia segurua dela astelehen hitzaren definizioa ‘asteko lehen eguna’ izango dela, eta (2) orobat dela gauza ia segurua erdi-lanak agertuko dela, baina ez lan-erdiak, edo, agertzekotan, ez dela hobestekotzat emango, zeren, egia izanik ere gaurko euskara idatzizko eta erratarizkoan gehiagotan agertzen dela erdi-lanak baino, ez da gutxiago egia erabilera hori kontsignapeko edo agindupekoa dela nagusiki, hots, «hobe beharrezkoa».

Eta hau hementxe idatzirik gelditzen da jakin dezaten erratari xuxenek eta haien gaineko zuzentzaile eta debekatzaile orojakitunek nondik nora dabilen haizea goi-geruzetan.

Ez ohitzen

Irantzu Epelde Zendoia

Euskaraz eta erdaraz, batera, etortzen diren testu idatzi arrunten euskarazko bertsioek emango didate gaurko sarrerarako hizpidea. Berdin da jatetxe bateko menua, iragarkiren bat, gutun-abisuren bat edo edozein eratako oharra izan. Beti edo ia beti izaten diot halako beldur moduko bat euskarazkoari…

Adibidekoa, esate baterako, gaztelania hutsezko gidaliburua da, nire egoeran dauden (edo egon diren) milaka emakumek goitik behera eta arretaz irakurri dutena, eta, bide batez, guztiz praktikoa eta erabilerraza.

Lastima: sarrerakoa bakarrik dator bi hizkuntzetan.

***

Ama maitea,

Haurdun dagoen emakumea urteetan zaindu dugulako, uste dugu zuen beharrak eta zalantzak ezagutzen ditugula. Aldi hau da agian, zuen bizitzako garrantzitsuena, eta bete-betean gozatu ahal izateko, beharrezkoa da zuen kezka eta estutasun naturalak baretuko dituen informazio on bat izatea.

Gure taldeak, 10 profesional baino gehiagok osatua (ginekologo, emagin, pediatra eta biologoak barne), gida hau landu du zuen ardurak asetzeko.

Ez dago dena hemen. Zaintzen zaituen gure taldeko medikuak jakingo du nola bete geratzen diren hutsuneak.

Gure erlazioak elkarrenganako konfiantza du oinarri. Ez beldurrik izan kezkatzen zaituen edozein zalantza galdetzeko.

Haurdunaldia ez da gaixotasun bat. Presta zaitez beraz gozatzeko eta zure bikoteak zure gutizietan atsegin eman diezazun.

Zure mediku taldea.

***

Apreciada mamá,

A través de muchos años de experiencia en la atención de la mujer embarazada creemos conocer vuestras dudas y necesidades de conocimiento. Esta etapa en vuestra vida es quizás la más importante y para poder gozarla en plenitud, es necesaria una buena información que apacigüe vuestras naturales preocupaciones y angustias.

Nuestro equipo formado por más de diez ginecólogos, matronas, pediatras y biólogas ha elaborado esta guía para satisfacer la mayoría de vuestras inquietudes.

No está todo aquí, el médico de nuestro equipo que te atiende sabrá cubrir los vacíos que naturalmente existen. Nuestra relación se basa en la mutua confianza, no dudes en consultarnos todo aquello que te preocupa.

El embarazo no es una enfermedad, prepárate para disfrutarlo y que tu pareja te complazca en todos tus “antojos”.

Tu equipo médico.

***

Bukaeraz, no comment. Eta… asmatu baietz zein den zeinen itzulpena?

Akatsak Zuritzen I: Leku kanpozkoak

Borja Ariztimuño Lopez

Badira ia hiru urte Asier Larrinagak -zko atzizkiaren defentsa egin zuela EIZIEren webgunean, zehazki hitz elkartuetako lehen osagaia sintaktikoki «askatzeko» bide emankortzat. Idazkitxo honen muinera baino lehen, dasadan[1] artikulu hura guztiz interesgarria gertatu zitzaidala, eta hainbat galdera eta hausnarketa eragin zizkidala. Beste atzizki batzuetara (-ren, -ko, -z) ere zabaldu liteke eztabaida hori (amaraunean zehar ugariak dira halakoak), eta esango nuke -zko baino jatorragoa dela -ko hutsa hainbatetan (edota -ren, batzuetan), esaterako Asier Larrinagak dakartzan Mitxelenaren «fonetikazko lege» edo «linguistikazko teoria» bezalakoen kasuan.

Harira joanez, garbi dago -zko bi atzizki batzetik datorrena (erdietsi duen gramatikalizazio-maila altua gorabehera), eta batek (instrumentalak) ematen diola «esanahia», eta besteak (erlazio-atzizkiak[2]) kategoria sintaktikoa aldarazten eta beregainago egiten. Adiera ezberdinak (oinezko, ustezko, urrezko…), hain zuzen ere, instrumentalaren beraren balio edo erabilera ezberdinei lotuak daude, oro har.

Gaur egun berdin esan dezakegu badut egurrez egina den jostailu bat edo, mendeko aditza isildurik, badut egurrezko jostailu bat, baina ez badut jostailu bat egurrez. Testu zaharrenetan, ordea, oraindik -zko erabat gramatikalizatu gabeko etsenpluak aurki ditzakegu, zeinetan, aditza isilduta ere, ez den -ko atzizkiaren beharrik (grafia gaurkotuaz ematen ditut):[3]

«Sandailia» testu zaharrean:

Sandailiak ateak ditu zirarrez, / nola zirarrez da ala zendalez (‘zilarrezkoak’, ‘zendalezkoak’).

Refranes y Sentencias errefrau bilduman:

Arotzaren etsea zotzes (‘zotzezkoa’), zotzes bere gaitxes. / La casa del carpintero de palillos, y los palillos también los peores.

Lazarragaren eskuizkribuan:

Askotan, zu bazina pedernala, eta ni banintz atxez! (‘haitzezkoa’).

Mahaira datorrenean, barriz, baba zigorrez saldea (‘baba txigorrezko’).

Esku batean nekarrela kaltzaidu utsez errodela (‘altzairu hutsezko’).

Oihenarten atsotitzetan:

Eztoela latsara, gatzez duena oinzolara (‘gatzezkoa’). / N’aille à laver la lessive qui a les pieds faits de sel. / Que no vaya al lavadero quien de sal tiene la planta del pie.

Horien ondoan, Lazarragak, esaterako, badakartza orobat arkaan barriz erraz dafinket / malla finezko kotea (‘arkan berriz ipiniko dut, ziurrenik, sare-begi finezko kota’) bezalakoak, non instrumentalak ez duen aditz nagusiarekin zerikusirik.[4] Azken batean, gainerako kasuei -ko eransteko baldintza berberaren aurrean gaude; adibidez: opari bat norbaitentzat erosi edo ekar daiteke, baina ez norbaitentzat galdu, eta horrexegatik esan dezakegu, ñabardurak ñabardura, opari bat erosi dut Mikelentzat nahiz Mikelentzako oparia erosi dut, opari bat nekarren zuretzat nahiz zuretzako oparia nekarren, baina ez **opari bat galdu dut Mikelentzat, eta bai, ordea, Mikelentzako (den) oparia galdu dut (isilean beste aditz «egoki» bat badelako, izan adibide horretan).

Esan bezala, baina, zerezko aski gramatikalizatua dago egun. Arrazoi bat erabilera-maiztasuna dateke (absolutua zein erlatiboa; ez dut neurtu, dena den), horrek eragin handia izaten baitu halako prozesuetan.

Baina, zertako kontu linguistiko (edo linguistikazko kontu) horiek guztiak? Bada, aurrekoan, telebistako saio batean honako hau entzun nuelako:

Perejil egindazko krema (to eta no!)

Esaldia ulerterraza, akatsa kasik ulertzekoa. Batetik, pentsa liteke lehengai adierako instrumentala egin edo eremu semantiko horretako aditz batekin agertzen dela gehienetan, eta horrek ekar lezake nolabait [X-z egin] osagai bakar bereizezintzat hartua izatea, gutxi gorabehera hitz egin, antzeman eta abarren modura. Jakina da, bestetik, euskaraz kasu-atzizkia sintagma osoaren atzealdeari itsasten diogula, eta, horrez gain, -zko atzizki konposatuaren beraren arrakastaren eraginaz, perejilezko banatu behar izatekotan -zko oso-osorik erauzi eta atzera eramatea ez bide da hain harrigarria,[5] perejil-egindazko moduko munstro maitagarri bat sortuz.[6]

Areago, badugu euskaran bertan horren antzeko (tira, axaletik bada ere) beste aldaketa historiko bat: norbait-en moldeko izenordain zehaztugabeen garapena.[7] Jatorrian bi elementuz osatuak ziren eta lehendabizikoa deklinatzen zen beti (nork bait, nori bait, zertaz bait…), euskara batuan leku-denborazko oinarrizko kasuek gordetzen duten egitura bera (nonbait, norabait, noizbait…). Behin osagai biak bakarrean gramatikalizaturik, kasua kanporatu egin zen, batzuetan bikoiztuta, gehienetan oinarrizko forma utziz lehendabiziko zatian: nor-bait-ek, nor-bait-i (lekukotua dago noribaiti ere), zer-bait-etaz, alde batetik, eta nonbaiten, norabaitera/nonbaitera eta abar, bestetik.[8] Hortaz, zer pentsatu zukeen norkbait zioen euskaldun hark gazte axolagabe baten ahotik norbaitek bezalako itxuragabekeria bat entzutean?


[1] Aizue, esan esaten badut, zergatik esan behar dut derradan? Cf. Lazarragaren «oi, lenaengo abantajea / dasadan, zaoz exilik».

[2] J. I. Hualde eta J. Ortiz de Urbinaren A Grammar of Basque liburuko terminologian, relational.

[3] Lazarragaren eskuizkribuaren ediziotik hartutakoak dira adibideok.

Joseba A. Lakarrak gogorarazi dit Azkuek bildutako «Aldaztorrearen balada»n ere badela halako adibide pare bat, «Sandailia»koak gogorarazten dituena: Aldaztorreak ateak ditu letuez, / ango plater-pitxeruak zidarrez.

[4] Gainerakoetan (salbu eta Lazarragaren eskuizkribuko azken adibidean) aditz nagusia, agerian nahiz ezkutuan, izan edo ukan da (eta, akaso, egin): zilarrez ukan, zotzez [izan], haitzez izan, baba txigorrez [ukan/egin?], gatzez ukan.

[5] Googlen bilatuz egindazko ez ezik, eginizko, osatutazko eta betetazko ere agertzen dira, esate baterako; ez da halabeharrez aditz horiekin gertatzen akats hau, aipatutako zio semantiko eta maiztasunezkoak kontuan hartuta.

[6] Cf. partizipio mota beraren gainean eratu ohi diren bestelako bidutziak, hala nola inon irakurritako «Matutano kakahuete labean egindak», «galderak aurreko prozesuetatik ateratak izan direla», eta abarren abarra.

[7] Horien jatorriaz ikus Ricardo Etxepareren artikulua.

[8] Adibide gehiagoko azterketa sakonago bat Javier Etxagibelen artikuluan.

Konparazio finduak

Xabier Aristegieta Okiñena

1.- Euskaraz darabiltzagun konparazio-perpausik ohikoenetan, bi konparagai ezberdin egoten dira (beheko adibideetan, A eta B), eta horiek alderdi zehatz bati dagokionez (maila, zenbatasuna edo modua, EGLU-Ven arabera) konparatuak dira.

Konparazio-perpausetako egiturarik arruntenetako batzuk hauek dira:

(1)   A, B baino handiagoa da
(2)  
A, B bezain handia da
(3)  
Ak Bk adina diru dauka
(4)  
Ak Bk baino diru gehiago dauka

Har dezagun, adibidez, 3. konparazioa: Ak Bk adina diru dauka. Hor, Euskaltzaindiari jarraituz,[1] bi perpaus daude:

Perpaus nagusia: Ak X diru dauka
Perpaus txertatua: Bk X diru dauka

Euskaltzaindiak dio bi perpausek “egitura paraleloa izan behar dutela konparazioa bideratuko bada”[2]. Eta geroago[3]:

…bi perpaus paralelo horietan, maiz, errepikatzen diren osagaiak izango dira. Kasu horretan perpaus txertatukoak isilpean utziko dira.

Osagaiak errepikatzen ez badira, kontrastean jarri behar dira, eta, horrenbestez, perpaus txertatukoak ere agerian egongo dira.

Hori horrela, aukeratu dugun adibidean osagaiak errepikatzen direnez (diru, dauka), perpaus txertatukoak ezabatu egiten dira.

Horrelakoak dira euskarazko testuetan aurkitzen ditugun konparazio-perpaus gehienak. Baina ez noa horietaz hitz egitera.

2.- Zenbat eta ugariagoak izan konparazio-perpausetako perpaus nagusiak eta txertatuak desberdin dituzten eta, horrenbestez, agerian utzi beharrekoak diren osagaiak, orduan eta konplikatuago bihurtzen dira konparazio-perpaus horiek. Has gaitezen adibide batzuk ikusten:

  • …dice con una sonrisa de medio lado, característica de quien ha roto tantos platos como palabras ha escrito.(EL PAÍS, 2013ko abenduaren 13koa)

Goiko konparazioan, elementuak hauexek dira:

Perpaus nagusia: norbaitek X plater puskatu ditu
Perpaus txertatua: norbaitek X hitz idatzi ditu

Ikusten denez, errepikatzen den osagai bakarra subjektua da: aditzak ezberdinak dira, eta osagarri zuzenak ere bai (haien kopurua berbera izan arren). Horrek esan nahi du konparazioan jaso behar ditugula errepikatzen ez diren elementu guztiak. Itzulpen proposatu bat: hitzak idatzi dituen adina plater puskatu dituen norbaiten irribarrez…

Beste adibide bat:

  • La lista de despilfarros es tan larga como nulas las responsabilidades políticas asumidas por la gestión de RTVV (EL PAÍS, 2013ko azaroaren 10ekoa)

Esaldiko elementuak:

Perpaus nagusia: Zarrastelkeria-zerrenda X luzea da
Perpaus txertatua: RTVVren kudeaketaren ondorioz onarturiko erantzukizun politikoak X ezerezak dira

Kasu honetan errepikatzen den osagaia aditza da. Itzulpen bat izan liteke: Zarrastelkeria-zerrenda da RTVVren kudeaketaren ondorioz onarturiko erantzukizun politikoak ezerezak diren bezain luzea. Baldar-kutsuko itzulpena da, eta gainera, elementu errepikatua (“izan” aditza), teorian ezaba zitekeena, agertzea komeni da, ulergarritasunari laguntzeko.

Beste aukera bat izan liteke euskarazko “bata nolakoa… bestea halakoa” egituraren tankerako bat erabiltzea: RTVVren kudeaketaren ondorioz onarturiko erantzukizun politikoak nolako ezerezak, halako luzea da zarrastelkeria-zerrenda. Tira, baliteke.

EGLU-Ven[4] adibide bakan hau aurkitu dut:

  • Gogoa azkar bezain bixta xorrotx zuen oraino lauetan hogoi urtetan (J. Etchepare, Buruchkak, 160)…

Horri jarraikiz suertatuko litzaigukeen konparazioa: RTVVren kudeaketaren ondorioz onarturiko erantzukizun politikoak ezerez bezain zarrastelkeria-zerrenda luzea da. Perpaus nagusia atzeratuegi, nire ustez.

Azkenik, eredu erromanikoari helduz, honela gelditzen zaigu: Zarrastelkeria-zerrenda hain luzea da nola ezerezak baitira RTVVren kudeaketaren ondorioz onarturiko erantzukizun politikoak. Ez dakit zuei zein gustatuko zaizuen gehien, baina niri, behintzat, azken horixe iruditzen zait asegarrien.

 Orain arte landu dugun adibidearen ildokoa da beste hau:

  • Bien es verdad que desde hace dos años los móviles de Nokia eran tan europeos como americanos los de Apple,… (EL PAÍS, 2013ko irailaren 8koa)

Baina konparazioak oraindik gehiago konplexutzen joan daitezke, halako moduz non gerta baitaiteke perpaus bakoitzean orain arte ikusi ditugun hiru elementuetatik (subjektua, aditza, kasuko osagarria) beste perpausekoarekin bakarra ere bat ez etortzea, asmatutako adibide honetan ikus daitekeenez:

  • Pedro compró tantas botellas como goles metió Antonio

Alabaina, eta harrigarria izan badaiteke ere, konparazio horrek ez du euskaraz hainbeste arazorik sortzen: Antoniok zenbat gol sartu, hainbeste botila erosi zituen Pedrok. Itxuraz behintzat, zeren eta lehenbiziko partean aditz laguntzailea ez agertzeak lausotu egiten baitu aditzaren ekintza egiazki gauzatu izanari buruzko ulermena. Nolanahi ere, eredu erromanikoa ere geratuko litzaiguke.

3.- Ezin aipatu gabe utzi konparazio konplexu samar hauek ingelesezko testuetan duten agerpen oparoa.

  • To be a king and wear a crown is a thing more glorious to them that see it than it is pleasant to them that bear it[5]

Dena den, bereziki maiz agertzen dira jarraian jasotzen ditudan adibideak bezalakoak, eta zalantza sortzen zait ez ote duten azpikategoria bereizi bat osatuko, orain arte aipaturikoez bestelakoa, zenbatasunaren eta moduaren artekoa: heinarena. Ikus ditzagun:

  • To adapt what Poincaré said of science: history is built up with facts, as a house is from stones; but a collection of facts is no more history than a heap of stones is a house.[6]
  • …the charting of a strait or the crossing of a mountain range cannot be isolated from its consequences, any more than the invention of the steam engine or the discovery of penicillin can be treated as technical matters, without consequences for the human race.[7]
  • In fact these half-dozen or so texts give no more idea of what the 70,000 or so works in the field represent than six pebbles will tell you what Chesil Beach looks like[8]
  • They would no more use their predecessors’ work than a modern astronomer would use Galileo’s feeble (but history-making) telescope for present-day history-making research[9]
  • I don’t believe that the readers who enjoy these stories care who actually does the typing, any more than they care whether Mr Kipling actually bakes his own cakes[10]
  • Life does not cease to be funny when people die any more than it ceases to be serious when people laugh[11]

Ingelesez sinpletasun harrigarriz ematen diren esaldiak guztiak ere, euskaratzean izerdi batzuk botatzeko modua ematen dutenak, tamalez.

4.- Gaurkoan aztertu ditudan konparazioen abantaila da haien bidez lortzen den zehaztapen-mailak testugileari modua ematen diola testu horri distira guztiz berezia emateko, testu-hartzaileari loturaren bat izan zezaketela burutik pasa ere egingo ez litzaiokeen elementuen artean zeharo ustekabekoak diren erlazioak argipera ekarriz. Horregatik, zinez konparazio “finduak” diren konparazio hauek sintaxi landuaren gailurretako bat iruditzen zaizkit. Desabantaila da, euskararen kasuan, erronka sintaktikoak ekartzen dituztela, ikusi dugunez. Eta horren erakusgarritzat jotzen dut tankera horretako konparazioen agerpena hain urria izatea euskaraz. Esate baterako, konparazio-perpausei EGLU-Vek eskaintzen dizkien 150 orrialde baino gehiagoetan, eskukada bat adibide baino gehiagorik ez dut aurkitu aipatzen ari naizen perpausenak.


[1] EGLU-V, 285. orrialdea
[2] Ibid., 285. orrialdea
[3] Ibid.,, 286. orrialdea
[4] 322. orrialdea
[5] Elisabet I.a Ingalaterrakoa, The Golden Speech, 1601eko azaroaren 30ekoa
[6] Peter Whitfield, Mapping the World: a History of Exploration
[7] Ibid.
[8] John Sutherland, 50 Literature Ideas You Really Need to Know
[9] Ibid.
[10] Ibid.
[11] George Bernard Shaw, The Doctor’s Dilemma

Oi, gu hemen, bidean galduak…

Alfontso Mujika Etxeberria

 1997. urtea zen. Ibon Sarasolaren Euskara batuaren ajeak liburua kaleratu zen orduan. Hartan, besteak beste, hau irakur daiteke (errieta-tonuarekin irakurtzekoa da, nik uste):

amankomun. Komun mozorrotzeko sartu zuten amankomun euskara batuan. Ez dut ulertzen komun-en aurkako gurutzada hau: klasikoek, Leizarragak eta Axularrek esaterako, erabiltzen dute, eta orobat Mitxelena bezalako idazle txukun eta arretatsuek. Bestalde latin hizkuntzetan eta ingelesez normala da. Hortaz, komun, euskara batuan sartu ditugun hitz asko eta asko baino askoz txukunagoa da. Amankomun-ek, aldiz, ez du inongo lekukotasunik ez testuetan ez hiztegietan. A. Totorikak dioenez (ik. OEH), Arratian ahoz, lurrek amankomun dabilgus gisako joskeretan erabiltzen omen da, hots, adizlagun gisa, hasierako -a erdarazkoak —a mano-ko berak— salatzen duenez. Euskara batuan, lasai-lasai, adjektibo bihurtu genuen, lur amankomunak bezalako joskerak asmatuz, eta hortaz, adizlagunerako, amankomunean atera genuen jator-jator, euskaraz “batera, elkarrekin” esaten denaren ordez. Euskara batuan askotan gertatzen zaigunaren ildotik, amankomun zaleek “txarraren” ordez okerragoaren alde egiten dute. Sasitik berrora goaz, Iparraldean esaten den bezala.

Arrazoi  garbiak dira, ezta?

Testu hori 1997an argitaratu zen. Ordurako, abian zen Euskaltzaindiaren Hiztegi Batua. Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuaren lehen itzulia 2.000. urtean argitaratu zen, baina, 1995etik, zatika argitaratzen hasia zen. 1995ean bertan, adibidez, 44. araua (Hiztegi Batua “a-alkohol”) eta 46. araua (Hiztegi Batua “almendra-arratsalde”) argitaratu ziren. Azken arau horretan, hau ageri da:

amankomun* e. komun

Hala ageri zen orduan, 1995ean, Euskara batuaren ajeak liburua argitaratu aurretik, eta hala ageri da gaur egun ere, 2014an, Hiztegi Batuaren onlineko bertsioan. “*” izartxoaren eta “e.” horren esanahiari buruz, honela dio Hiztegi Batuak:

e. erabil: aurreko (edo sarrerako) forma izartxoz markatu da: Euskaltzaindiaren ustez, baztertzekoa da (ez derrigor forma okerra), eta ondotik ematen dena da ordezko egokia.

Beraz, badira 18 urte Euskaltzaindiak erabaki zuela amankomun hitza baztertzekoa zela euskara batuaren hiztegitik. Geroago, Euskaltzaindiak hiztegi definiziodunari osatzeari ekin zion, eta, 2012an, Euskaltzaindiaren hiztegia argitaratu zen. Honela dio hiztegi horren atarikoak:

2000. urtean argitaratu zuen Euskaltzaindiak Hiztegi Batua. Hogei bat mila hitzeko hitz zerrenda zen, hitz horien ortografia batua adierazten zuena batez ere. Esku artean duzun liburu hau 20.000 hitz haiei dagokien “hiztegi osoa” da, hots, haietako hitz bakoitza adierez, definizioz eta adibidez hornitzen duena.

(…) Paratu ditugun adibideak, noski, estandarraren eskakizunei egokitu dira: ez du irakurleak adibideetan aurkituko ez hiztegi sarreretan agertzen ez den hitzik, ezta ere Euskaltzaindiak onartzen ez duen formarik.

Atariko horren 4. puntuak (Hitz baztertuak eta ez-hobetsiak) honela dio:

Hiztegi Batuan e. markaz agertzen ziren hitzei dagokienez, Euskaltzaindiak horiek baztertzen jarraitzen du, baina baztertze formula leunduz, hots, erabilera debekatzetik ez erabiltzea gomendatzera pasatuz.

Horregatik, Hiztegi Batuan izartxoz eta “e.” markaz ageri ziren sarrerak oharreztatuta ageri dira Euskaltzaindiaren hiztegian. Hona hemen adibide batzuk (nahi beste adibide jar daitezke):

Hiztegi Batua Euskaltzaindiaren hiztegia
abiadore* e. pilotu; hegazkinlari abiadore iz. [Oharra: Euskaltzaindiak, abiadore-k euskara idatzian izan duen erabilera kontuan harturik, hitz hori ez erabiltzea gomendatzen du; ik. pilotu eta hegazkinlari].
abots* e. ahots abots iz. [Oharra: Euskaltzaindiak, abots-ek euskara idatzian izan duen erabilera kontuan harturik, forma hori ez erabiltzea gomendatzen du; ik. ahots].
agiriko* e. ageriko agiriko izlag. [Oharra: Euskaltzaindiak, agiriko-k euskara idatzian izan duen erabilera kontuan harturik, forma hori ez erabiltzea gomendatzen du; ik. ageriko].

Beraz, amankomun sarreran ere horrelako zerbait espero izatekoa da, ezta? Hona hemen:

Hiztegi Batua Euskaltzaindiaren hiztegia
amankomun* e. komun amankomun izond. Komuna. Amankomunean egingo dute lana.

Zer da, jakinarazi gabeko irizpide-aldaketa bat? Laprastada bat? Ez da kasu bakarra. A letrako sarreretan, badira beste bi:

Hiztegi Batua Euskaltzaindiaren hiztegia
abarrots* e. harrabots abarrots iz. Harrabotsa.
ainitz* e. anitz ainitz zenbtz. Anitz.

Zoritxarrez, Euskaltzaindiaren hiztegia, Hiztegi Batuak ez bezala, oraingoz ezin da kontsultatu edo deskargatu Euskaltzaindiaren webgunean. Bi hiztegien arteko alderaketa, beraz, eskuz egin behar da. A letrako sarrerek 82 orrialde hartzen dituzte Euskaltzaindiaren hiztegian, eta Hiztegi Batuarekiko 3 desadostasun aurkitu ditut. Ez dakit A letrara mugatzen den fenomenoa den, ala hiztegi osoan agertzen ote diren horrelakoak. Kontuan izanik hiztegiak 864 sarrera dituela, A letrako emaitza estrapolatuz gero, 30 sarrera izan litezke.

Bati baino gehiagori huskeria irudituko zaio, baina niri ez: harrigarri baino harrigarriagoa iruditzen zait Euskaltzaindiak, batetik, amankomun, abarrots eta ainitz baztertzekoak direla esatea, eta, bestetik, amankomun nahiz komun, abarrots nahiz harrabots eta anitz nahiz ainitz idatz dezakegula esatea.

Ulertzen duzu orain izenburuaren zergatia?

Idatziaren kulturaren gainbehera (I)

Asier Larrinaga Larrazabal

Paradoxikoki, ikus-entzunezkoen aroan, hitz idatzia bilakatu da komunikazioaren funts eta harroin, dela Twitter, dela WhatsApp, dela gogoan izan dezakezuen beste edozein plataforma, kanal edo euskarri. Telebistan bertan, gero eta gehiago idazten da pantailan. Paradoxikoki —beste paradoxa bat!—, idatzietan, gero eta gutxiago zaintzen dira komunikazioa bermatzeko betekizunak: kode partekatua, testuaren antolaketa… Niretzat, idatziaren kultura gainbehera dago.

Beharbada, konturatuta egongo zarete orain etiketek agintzen dutela idatzietan, hizkuntza-senaren eta beste ezeren gainetik agindu ere. Honetan, beste moda askotan bezala, ingelesak ezarri du bere legea; ezin dut bestela azaldu zenbat ugaritu diren «Korrika 2013», «Gabonak 2013» («Kilometroak 2014»-ren webgunean irakurria) eta antzeko idazkunak.

Euskal Telebistan ere, behin baino gehiagotan itzuri zaizkigu horrelakoak.

Aurrekontuak

Baina, idazkunetatik kanpo, zer? Etiketa politok deklinaturik funtzionatu behar dute testu arruntetan, eta orduan datoz koplak: «Jende asko bildu zen Korrika 2013n» (?)…

Gure zoritxarrerako, «2014ko aurrekontuak» edo «2013ko Korrika» berez-berezkoen aurka, eskutik helduta datoz, alde batetik, aspaldiko «Montreal’ 76» haren ingeles leinua eta, beste alde batetik, de preposizio espainolaren elisioa, bulgarismo izatetik hizkera jasoan naturalizazio-agiria eskuratzera igaro dena (1).

____________________________________________
(1) Lapesa, Rafael (1981). Historia de la lengua española. Madrid: Editorial Gredos, 469. or.