Eratorpen bitxia: ezingabetasuna

Bego Montorio Uribarren

Oraintsu arte, inoiz entzun edo irakurri gabe nengoen hitz hori –ezingabetasuna–, eta, lehendabizikoan, ikaratu egin nintzen; latza egin zitzaidan ezina eta gabezia horrela uztarturik ikustea, non eta fibromialgiaz eta Neke Kronikoko Sindromeaz hitz egiterakoan.

Halako gaixotasun bat dutenek, baita haien gertukoek ere, ondo dakite zer garrantzia izan dezakeen izendapen batek –hainbestekoa non balizko sendabidearen ateak itxi edo zabal ditzakeen–, eta horrexek bultzatu nau ezingabetasunaren kontu horri buelta pare bat ematera, bestela, seguruen, txarto eratorritako asmamentzat jo eta ahaztu egingo bainuen. Bestela esanda, izendapen faltan zegoen errealitate bat izendatzeko eratorpen bitxi baina beharrezkoa ote zen jakin nahi izan dut.

Hasteko, bururatu zait ezingabetasuna baldin badago ezingabeak ere egongo direla; alabaina, euskaraz, ez dut pertsona ezingabe-rik topatu, ez hiztegietan ez beste inon.

Gure Irratiak “Baiona eta ura, lotura ezingabea…” izenburua jarri zion Luzien Etxezarretaren azalpen bati. Etxezarretak ez zuen halako esamolderik ibili, baina, bere esanak entzunik, argi geratzen da Baionaren eta uraren arteko lotura ezinbestekoa, erabatekoa dela.

Hortaz, ezingabea = ezinbestekoa? Behin pertsona batek hala erabili izana ez zait nahikoa argudio sendoa iruditzen hori ondorioztatzeko. Ez hori, ez eta Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleen blog banatan topatutako bi adibide hauek ere: «Kalzioa hezurretan dago,eta yerroa ezingabea da hemoglobinan», eta «Ala ere gerrari dagokionez, erregearen autoritatea ezingabea zen eta erregea herriko erlijioaren ,jaun eta jabe ere bazen».

Bitxia iruditu zait Oiongo eta Idiazabalgo eskolaume batzuek eta Lapurdiko esatari batek «ezin» eta «gabe» esanahi horrekin uztartu izana, baina bitxikeriaz beterik dago mundua. Urrunago joan gabe, xhoseraz –Afrikako hizkuntza niretzat guztiz ezezagun horretan– bada «ezingabe» hitza; sarean ikusi dut, hizkuntza horretako testuetan idatzita, baina ideiarik ere ez dut zer esan nahi duen.

Euskarara bueltatuz, ezingabetasuna hitza bilatu eta hiru aipamen baino ez ditut aurkitu, eta, hiruretan, esanahia urrun dago ezinbestekotasunetik.

Kasuetako bat itzulpena da, eta argi dago «incapacidad» esanahiaren ordaintzat erabiltzen dela.:

 «[las mujeres partidarias de la participación tratan] de disimular alguna confusa astronomía de incapacidades y complejos» (Luis Lago, Diario Vasco 1996-4-26)

«Emakumearen parte-hartzearen aldarrikapenaren atzean ezingabetasun eta konplexuak ezkutatzen dira». Luis Lago, Diario Vasco, 1996. urteko apirilaren 26a. (Bidasoako Alardeak: Herria versus Hiria. Gorka Moreno Márquez-Xabier Kerexeta Erro. UEU 2005)

Bigarren aipamena Ekintza zuzena aldizkariko 37. zenbakian aurkitu dut, eta, hor ere, ezintasunaren sinonimo gisa erabili dela esango nuke: «Eta logika komunitarioa kultura politiko zaharrean laukitzeko ezingabetasun hura lazgarriki hedatzen da ezkerra zenaren hondarren artean» .

Azkenerako utzi dut artikulutxo honen abiapuntu izan dudan esaldia; Gipuzkoako Fibromialgia eta Neke Kroniko Sindromearen Elkarteko webgunean irakur daiteke, baita horrekin lotutako bestelako idatzizko material batzuetan ere, erraturik ez banago.

Hona esamoldea, bere testuinguruan:

Neke Kronikoko Sindromea (NKS)
Zer da?
NKS-a gaixotasun organiko fisiopatologiko eta multisistemikoa da. Noizbehinka edo epidemikoa bezala adierazten da. Neke lehergarri eta baliogabetzailea, beste gorabehera batzueei lotuta doazena.
Sintomak
Bere bereizgarri nagusia, atsedenarekin hobetzen ez den ahultasun eta neke hebaingarria da. Ezingabetasun funtzional egoerak sor ditzake. Febrikulak, min orokorra, arazo kognitiboak, lo arazoak, zefaleak eta depresio eta antsietate arazoak dira, besteak beste, bere sintomak.

Horren pareko gaztelaniazko guneak, honela dio:

Síndrome de Fatiga Crónica (SFC)
¿Qué es?
EM/SFC es una enfermedad orgánica fisiopatológica multi-sistémica adquirida que existe tanto en forma esporádica, como epidémica. Fatiga extenuante e invalidante que, además se acompaña de otros trastornos.
Síntomas
La principal característica es el agotamiento y la debilidad extenuante que no cede con el descanso y empeora con la actividad. Acompañado de dolor generalizado, trastornos de concentración y memoria, febrículas, adenopatías múltiples, trastornos del sueño, ansiedad, depresión, etc.

Eta horren ondoren, zer? Bada, ni, ezingabeturik ez, ez dakidalako oraindik zer den, baina ezinean sentitzen naiz. Barruko zerbaitek bultzatzen nau esatera txarto eratorritako asmamena dela, ezertarako behar ez dugun xelebrekeria; baina barruko beste zerbaitek gogoratzen dit nik beharra ez ikusteak hori baino ez duela esan nahi, neuk ez dudala ikusten.

Honaino helduta alferreko bidaia izan dela uste duzuenok, barkatu; behar bada, konjuru bat baino ez da izan, ezina + gabeziaren nolakotasuna inoiz izendatu behar ez izateko.

One Reply to “”

  1. Hara! Patxiren haur psikiatra eta kirol berriak irakurri, behin eta berriz, behin eta berriro, bat eta beste, eta psikiatra den haurra eta softbol bezalako kirol sortu edo etorri berriak besterik ezin irakurri ostean, ezingabetasun honena gehitxo zait egun bakar baterako; ni ezingabe ez naiz sentitzen, ezindurik baizik horrelako hizkuntzarekin; beharbada xhoseraz errazago molda ninteke; hizkuntzalaritzasoziogramatikasintaxizko azterketa sakonetan ez naiz sartuko demontrezko hitz hori zer izan daitekeen erabakitzeko, baina irakurle arrunt gisa, nik erabiltzen dudan hizkuntzan, ezinik ez lukeen norbait liteke ezingabe eta ezingabetasuna ezinik ez ukatearen tasuna; ez da nire kasua eta ez nuke nahi euskaraz mintzatu ahal izateko, karriketan, gramatika eta bestelako azterketarako gailu bat aldean karreatzen han-hemenka ibili beharrean gertatu. Antolatuko digute, beharbada halako aplikazioren bat sakelakorako, baina neuk, sakelakorik ere ez ukan eta ezingabetasun egoerara iritsi ezinik, xhosara pasa beharko ote?
    Bakartxo

    Atsegin dut

Utzi iruzkina